Alternatibak Greziako herriaren garaipena ospatu du beldurraren propaganda eta Troikaren austerizidioaren aurrean

Syrizak Grezian izandako garaipena ospatzen dugu Alternatibatik, hauteskundeetako garaipen arrunt batetik haratago doalako. Greziako herriaren garaipena da hau, Europako Banku Zentralaren, Europako Batzordearen eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean, herritarrei bizkarra emanda botere finantzariek  sortutako erakunde ilunen aurrean. Troikaren boterearen kontra altxatzen den ezkerraren lorpena da, eliteen menpe dauden alderdiak gainditu dituena.

Atzoko emaitzek ezkerreko fronte zabal bat jarriko dute gobernuan, demokraziaren eta herriaren burujabetzaren alde, Greziaren alde, egiten duen blokearena. Herritarren duintasuna eta bestelako eredu sozioekonomiko baterako bidea egin nahi duen apustua da, benetan bidezkoa eta jasangarria izango dena.

Syrizak Troikaren presioen gainetik irabazi du, Berlin eta Bruselatik jaurti duten propaganda beldurgarriaren gainetik. Oker uste zuten austerizidioaren bidez dagoeneko pobreziara kondenatu duten herria are gehiago pobretzera kondenatzearekin mehatxatu zezaketenik. Merkatuek ez dute kontuan izan ezer galtzerik ez duenak inolako beldurrik ez duela.

Garaipena lortu duten arren, Greziako herriaren bidea leuna izango ez dela badakigu; kontraesanez eta oztopoz josita egongo da. Baina hala eta guztiz ere, barneko amorruari beldurrari eta etsipenari aurre egingo dion ilusioaren eta itxaropenaren bidea ere izanen da. Euskal Herriko emakume zein gizon ezkertiarrok barneratu beharreko ikasbidea da hau, ezkerretik burujabetza osoaren eta aldaketa politiko eta sozialaren alde apustu egin nahi dugunontzat ikasbidea.

Alternatibaren Koordinakunde Nazionala 

David Pina “Justifikaziorik gabeko 6 hilabetetako atzerapena da. PPko gobernuaren ezgaitasunarekin bukatu behar dugu berehala”

Alternatibako kide eta EHBilduren Gasteizko zinegotzi David Pinak PPko Gobernuak Zabalganako auzoa alde batera utzi duela salatu du, TUVISAko 10. linea martxoa arte atzeratzearen erabaki hartu duelako. Atzo egindako elkarte publikoaren kontseiluan erabat argi geratu zen, Salburua eta Adurtza auzoei ere mesede egiten dien zerbitzuak urte erdiko atzerapena daramala.

“Gobernuak ez du atzerapena justifikatu. Auzokideok ez dugu honelako egoera merezi. PPren utzikeriarekin bukatu behar dugu berehala”, aldarrikatu du kontseilaria, eta gure zinegotzia den David Pinak. “Kontseilariek margotzeko, zenbait plataforma mugitzeko eta biniloak jartzeko urte erdia daramatela esateak, sakonki kezkatzen gaitu”, gehitu du. Pinak nabarmendu du uztailak 24ko kontseiluan, EH Bilduk, linearen ezartzearen inguruan galdetu eta gero, Idoia Garmendia lehendakariak, Administrazio Kontseiluak adostutakoa martxan jartzea erabaki zuen “interesatuek atzerapen gehiago ez pairatzeko helburuarekin”. Urriaren 2an, Garmendiak koalizioaren kontseilariei erantzun zien beste behin ere. Berak esandakoaren arabera, Zabalganako “arazo larria”ren aurrean, gakoa, ahalik eta azkarren, zerbitzurik onena ematea da. “Marotoren gobernuarentzat, herritarren larrialdiak konpontzeko 6 hilabete behar dira. Aldiz, Corte Inglesentzat jarri den zebra bidea 2 astetan ireki zuten”, komentatu du Pinak.

“Egokipen lanak bukatuta daudela ziurtatzen dute Bide Publikotik. PPren Gobernu ezgaia epeak nahita luzatzen dabil, eta ondorioak herritarrek ordaintzen dituzte, onartezina da. L10a berehala abian jartzeko exijitzen diogu”, eskatu du Pinak.

Diana Urrea “Hassannak errefuxiatu politiko gisa hartzeko baldintza guztiak betetzen ditu eta Marokora itzultzekotan bere bizitza arriskuan egongo da”

Alternatibako kide eta EHBilduren parlamentari Diana Urreak, Espainiako Barne Ministroari Hassanna Aalia Saharako aktibistari babes eskubidea emateko proposatu du Estatutik alde egiteko Madrilek 15 egun eman dizkionean. Legebiltzarrak haintzat hartu du proposamena.

Mendebaldeko Saharan jaio eta 2011n Euskal Herrira iritsi zen Hassana Aalia gaztea, Marokotik ihes eginez. Orain espainiar Gobernuak 15 egun eman dizkio Estatutik alde egiteko, babes eskubidea ukatu baitio, nahiz eta baldintza legal guztiak betetzen dituen eta bere sorterrira itzultzekotan bere bizitza arriskuan egongo den. Bere egoera larriaz asaldaturik, Bakea eta Askatasuna Mendebaldeko Saharan Taldeartekoa presaz bildu da gaur Legebiltzarrean, EH Bilduk hala eskatu ostean, eta koalizioaren proposamena aintzat hartuz, Espainiako Barne Ministerioari eskatu dio Hassanna Aaliari dagokion babes politiko eskubidea onartu dezala, “Marokora itzuliko balitz, bizi osoko espetxe zigorra bete beharko lukeelako, saharar herriaren eskubideen alde modu baketsuan aritzeagatik”, Diana Urreak ohartarazi duenez. Gasteizko Taldeartekoak bilera ere eskatuko dio Fernandez Diaz Barne ministroari, Aaliaren eskubideen alde egiteko.

EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu duenez, Hasssanna Aaliak Marokoko Armadak bortizki desegin zuen Gdeim Izik erresistentzia kanpaldi baketsuan parte hartu zuen 2010ean, eta 2013an bizi osoko zigorra ezarri zion horregatik epaitegi militar batek. Nazioarteko erakundeek bidegabekeria hori salatu dute, epaiketak bidezkotzat hartu ahal izateko bete beharreko gutxieneko baldintzak bete ez zituelako, akusazio faltsuak eta torturak tartean. Espainiar Gobernuak berak onartu du Aaliak modu baketsuan egin duela saharar herriaren eskubide demokratikoen alde eta, beraz, babes eskubidea emateko baldintzak betetzen dituela. Hala eta guztiz ere, babes eskubidea ukatu zion hilaren 19an eta 15 egun eman zizkion Estatutik alde egiteko, erabaki horrek bere bizitza arrisku larrian jartzen duela jakin arren. Diana Urrearen iritziz, “horrelakoetan ohikoa denez, Hasssanna Aaliaren kasuan ere espainiar Gobernuaren jokaera nazkagarria da, babes eskubidea ukatzen diolako Marokok haren giza eskubideak urratuko dituela dakien arren”.

Bizkaia sozial eta justuagoa ahalik eta azkarren eraikitzeko ezinbestekoa den lan taldea aurkeztu dugu

EH Bilduren Bizkaiko hauteskunde programaren prestaketa lanak dinamizatuko duten pertsonak jendaurrean aurkeztu nahi ditugu. Nire ondoan dauden gizon-emakumeak izango dira gure programaren oinarriak jartzeaz gainera, Bizkaiko herritarren eta eragileen ekarpenak eta iritziak bideratuko dituztenak. Lantalde honen egitekoa izango da Bizkaian aldaketa ahalik eta azkarren gauzatzeko gizartean dagoen ilusioa, ezagutza eta ideia zaparrada jasotzea eta bideratzea.

Gure programa ez da bulego ilunetan egingo. Gure programa herritar eta eragileekin partekatuko dugu. Herritarren eta eragileen iritziak eta ekarpenak funtsezkoak izango dira gure programaren edukietan.

Herritarren interesak defendatu nahi baditugu, lehendabizi haien iritziak, beharrak eta ideiak zeintzuk diren lehen eskutik entzun behar ditugu. Hori da gure eredua; hori da gure estiloa. Bizkaitar guztientzat eta bizkaitar guztien interesak defendatzeko gaude politikan. Instituzioak gutxi batzuen interesen mesedetan jartzeko gehiegi irauten ari den garai ilun horri amaiera jartzen hasi behar gara berandu baino lehen. Bizkaiak eta bizkaitarrek behar dute eta merezi dute.

Datorren astean hasita, Bizkaiko eragile sozial, ekonomiko eta kulturalekin gure hausnarketak tartekatu eta haien iritziak entzuteko asmoa du talde honek. Puntuz puntu eraiki nahi dugu Bizkaia barria, eragile zein norbanakoen ekarpenak ezinbestekoak izango ditugu. Datorren astetik hasita eta hurrengo hilabeteetan konpromisoak hartzera goaz.

Bizkaiko EH Bilduren lantalde motoreko kideak

Josu Unanue Astoreka – Diputatu nagusirako hautagaia

Bermeon jaioa orain 56 urte. Arrantzale eta kontserberetako langile familikoa, Arrasaten “Matrizegintza – injekzioa eta trokelgintza” (Plastikoak) ikasi eta Fagor Garagarza eta Alecoop koperatibetan lan egin ostean arrantzale ibili zen urtetan atunontzietan, engrasadore eta makinista lanetan. Tartean Bermeo eta Pasaiako nautika eskoletan itsasontziko mekanikaria eta hotz teknikari ikasketak burutu zituen.

1985ean itsasoa utzi eta GIB/Hiesa zeukala eta urte biko bizia eman zioten, ikasketekin jarraitu eta Hiesaren kontrako dinamika eta eragile ezberdinen baitan buru belarri aritu da 1986. urtetik aurrrera, Bizkaiko Hiesaren aurkako herritar batzordean, BEDAEn, 1988an Txo-Hiesa sortzen lagundu zuen eta 1992an T-4. Hitzaldiak eman izan ditu eta iritzi artikuluak idatzi ere.

2000. urtetik aurrera Gernikako Lanbide ekimenak zentroan dago lanean eta LABeko delegatua izan da lau urtez. 2011Ko udal hauteskundeetan Bermeoko Bilduko zerrendetan aurkeztu zen eta Bermeoko alkateorde izan da ordutik. Udaletxean besteak beste Gizarte Ongizateko Udal Patronatuko lehendakari, Antolakuntza eta Euskerako zinegotzi arduraduna eta Langileria eta Partehartze Batzordeetako kidea ere bada.

Arantza Urkaregi – Politika sozialetarako arduraduna

Donostian jaioa, 60 urte. Matematika eta Estatistika Doktorea, UPV/EHUko irakaslea Zientzia eta Teknologia Fakultatean. Ikasle garaian, Frankoren aurkako borrokan hasita, arlo ezberdinetako borrokalaria. Mugimendu feministan, Bizkaiko Emakumeen Asanbladako kidea izanda; sindikalgintzan, STEE-EILASeko kidea eta delegatua UPV/EHUn. Bilboko zinegotzia Euskal Herritarrok-ekin (1999 – 2003).

Batzarkidea izan ez arren, Bizkaiko Batzar Nagusietako lan hurbiletik jarraitu du azken bi legegintzaldietan (ANV eta Bildurekin), Ogasun eta Gizarte Ekintza lan-taldeen partaidea izan baita.

Asier Vega – Ogasuna, fiskalitatea eta ingurumena

Mungian jaioa 1980. urtean. Ingurumen-Kimikako Goi-Mailako Teknikaria eta Uraren Kudeaketa Integralean espezializatua.

EH Bildu taldeko batzarkidea Bizkaiko Batzar Nagusietan 2011 urtetik, non bozeramaile ordea izateaz aparte; Ingurumena, Nekazaritza, Sustapen ekonomikoa eta Ogasuneko batzordeetako kidea da. Alternatiba alderdiaren Bizkaiko bozeramailea ere bada eta alderdi bereko Ekologia eta Elikadura Burujabetza mahaiko dinamizatzailea.

David Cobos Sarraoa – Natur Baliabideen arduraduna

1975an jaioa Elorrion, betidanik Atxondon bizitzen. Zuzenbide Lizentziatura Donostian, Trenton (Italia) eta Coimbran (Portugal) egin bitartean Ikasle Abertzaleak-eko militante izandakoa.

Hainbat sektoretan lan eskarmentuduna: ostalaritzan (EHn eta Galesen), industriako behargin moduan, banka-zuzenbideko teknikari lez (EHn eta Italian), arlo komertzialean eta Lan-Zuzenbidean abokatu moduan aritua LAB sindikatuan 2007 urtera arte. 2007-2011 Legegintzaldian Atxondoko alkate EAE-ANVren eskutik.

Ezkonduta eta hiru seme-alabaren aita. Azkeneko urteetan Elorrioko Txintxirri ikastolako artezkaritza kontseiluko kide eta, militante moduan, Fracking EZ eta AHT Gelditu taldeetan lanean.

Oiakue Azpiri Robles – Politika feministetarako arduraduna

1972 urtean jaioa eta Arrigorriagako herritarra. Soziologian lizentziatua eta etorkinak eta hezkuntzan gradu-ondoa. Urteetan Jendarte Hezitzaile lanak burutu ditu Astialdi Eskola eta?Gobernuz Kanpoko Erakundeetan. Arrigorriagan 1999-2003 zinegotzia izan zen, 18/98 makroepaiketan epaitu zuten eta egun EH Bilduko Politika Feministako arduraduna da.

Aitor Torre Urresti – Mugikortasuna eta garraioa

1975ean Bilbon jaioa. Lanbidez mekaniko, lan ugari egin ditu Gasteizen, Tuteran eta Bizkaibusen. Musika zalea eta Ekhi Txanpona eta Hika Ateneo bezalako proiektuetan parte-hartzailea.

2007tik Bizkaibuseko LAB ordezkaria. 2011tik Bizkaiko Batzarkidea, lanean, batez ere, mugikortasun eta azpiegitura alorrean, Bizkaian zein Euskal Herrian.

Meritxell Elgezabal – Kulturgintza eta euskara arduraduna

1976ean Galdakaon jaioa, Arte Ederretan lizentziatu eta espezialitatea diseinu grafikoan egin zuen. Arlo bereko masterra ere dauka eta argazkilaritzan aditua ez ezik, errealizazio eta edizio prozesuak ere menperatzen ditu.

Diseinu grafikoaren munduan ibili da lanean eta eskarmentu handia dauka komunikazio eta kultura alorrean. Lanean aritu bitartean, Galdakaoko udalean zinegotzi ibili da hainbat legegintzaldiz, gaur egun EH Bilduren zinegotzi izanik. Egun, 2013tik Udalbiltzan Nazio Gobernuko kidea ere bada.

Mikel Kormenzana Okeranza

Urduñan 1975an jaio. Baserritarra eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Nekazaritza Ingeniaritza ikasketak egindakoa (1994-1999). Ikasketak amaitu zituenetik baserria agroekologiaren bidetik bideratzen eta bere nekazaritza proiektu pertsonala aurrera eramatearekin batera, EHNE sindikatuan izan du militantzia.

Hasiera batean EHNE konfederazioan proiektu ezberdinak aurrera eramaten, eta 2004tik 2010ra EHNE bizkaiko lehendakari moduan sektorea dinamizatzen, aliantzak eraikitzen eta sektoreko proiektu estrategikoak bultzatzen exekutiba-kideekin batera, nekasarea, lankidetzarako proiektuak, baserritarren erakundeen arteko elkartrukeak, formakuntza….

Arlo lokalean urduñako abeltzainen elkarteko zuzendaritzan ibilitakoa da eta bertan urduñako herri garapeneko proiektuan parte hartze aktiboa izan du, elikadura burujabetzaren bidea Urduñako transizioa pausuz pausu eraikitzen.

Pello Otxandiano – Lurralde garapena eta enplegua

31 urteko otxandioarra. Telekomunikazioetan doktorea. Tokiko garapen esperientzietan aritua.

EHBildu Bizkaia

Bilbon Emakumeen Etxea martxan jartzea proposatu dugu parte-hartze sozial eta politikoa bultzatzeko

Alternatibako kide eta EHbilduren Bilboko zinegotzi Ana Etxartek azpimarratu duenez, Emakumeen Etxea “debate eta hausnarketarako topagune bat izango da mugimendu feministarentzat, emakume taldeentzat eta norbanako gisa parte hartu nahi duten emakume guztientzat”. Halaber, zinegotziak proposatu du Bilboko emakumeen Jabetze Eskola Emakumeen Etxean kokatzea, bertan ekintza eta ikastaroen bitartez kontzientzia-hartzeko prozesuak abiatuko direlarik.

EHBildu udal taldeak Bilbon Emakumeen Etxearen proiektua martxan jartzea proposatu du, emakumeen parte-hartze sozial eta politikoa bultzatzeko. Urtarrilaren 29an ohiko udalbatzan eztabaidatuko den proposamen honetan koalizio soberanistak proposatuko du Emakumeen Etxean Bilboko emakumeen Jabetze Eskola kokatzea.

“Proiektu hau Udala, mugimendu feminista eta emakumeen taldeen lan komunaren ondorioa izango da eta egikaritzeko aurrekontua izan beharko du”, adierazi du Etxartek.

Etxe honen bitartez, Bilboko Udalak Emakunderen IV planean aurkitzen zen proposamen bat gauzatuko du eta Jabetze eskola edota Emakumeen Etxea duten Udal sare bateko kide izango litzateke. Basauri, Getxo, Ermua ,Ondarroa, Abadiño, Durango, Elorrio, Sestao, Erandio, Donostia, Arrasate, Eibar, Zarautz, Errenteria, etab. sare horretako kide dira.

Etxarteren aburuz, hainbat udalerriek Jabetze eskola edota Emakumeen Etxea bezalako ekimenak martxan jarri izana “ekimen honen arrakastaren seinale da eta Bilbo ezin da atzean gelditu”.

Irakurri ehbildu.eus webgunean

X