EH Bilduk bat egiten du gazte auzipetuen aldeko ‘Asteburu laranjarekin’ eta igandean Gernikako ekitaldian izango da

Irailaren 22an 28 euskal gazteren kontrako epaiketa hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, Segi erakundeko kideak izatea leporatuta. Enegarren aldiz, militantzia politikoan aritzea delitu bakarra duten gazteek kartzela zigorrei aurre egin beharko diete. Euskal Herria Bildutik, berriz ere, euskal herritarren kontrako – bereziki gazteen kontrako- epai politikoen amaiera exijitzen dugu. Gizarteak ozen adierazi du, behin eta berriro, gatazka gainditu eta pertsona guztien eskubide guztiak bermatuko dituen Euskal Herria eraiki nahi duela; eta bide horretan, hamar egun barru hasiko denaren moduko epaiketa politiko guztiak lekuz kanpo daude.

Egoera larri honetan dauden gazteekin elkartasunean, gaurtik igandera “Asteburu laranja” deritzonaren baitan dozenaka ekitaldi antolatu dira Euskal Herriko hainbat auzo, herri eta hiriburuetan. EH Bilduk gure kaleetan izango diren elkartasun uholdeekin bat egin nahi dugu eta, horregatik, herritarrei beren eremuko ekitaldietarako joateko deia egiten die.

Horrez gain, koalizioko ordezkariak ere kalean izango dira, tokiko ekimenetan zein igandean Gernikako Astra kultur zentroan egingo den ekitaldi nazionalean parte hartzeko. Han izango dira, besteak beste, Maribi Ugarteburu, Diana Urrea eta Arri Zulaika EH Bilduko Gasteizeko legebiltzarkideak, koalizioko beste kideekin batera, Jon Salaberria kasu.

EHBildu

Kutxabank publikoari eusteko proposamen erreala dago mahai gainean

Dakizuen bezala, EHBildutik hilabeteak egin ditugu Kutxabanken kontrol sozial eta publikoa berma daitekeela aldarrikatzen eta horretarako urratsak emateko exijitzen, modu horretara gu guztionak diren kutxa publikoen eta Kutxabanken pribatizazioa saihesteko. Denbora honetan guztian ezezkoak baino ez ditugu jaso; hori ezinezkoa zela erantzun digute beti, legeak bestelakoa agintzen duela argudiatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta egindako txosten juridikoak, ordea, agerian utzi du badaudela alternatiba errealak hiru herrialdetako kutxak izaera publikoa izaten jarraitzeko. Hau da, EHBildutik hainbeste denboran esan eta aldarrikatu duguna posible da.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta egindako txosten juridikoak agerian uzten duena eta euskal jendarteari eskaintzen dion aukera ezin da bazterrean utzi. Kutxak euskal instituzioen eta euskal herritarren ekimenaren eta lanaren fruituak dira. Kutxak eta Kutxabank gaur egun diren finantza-erakunde baliagarriak eta bideragarriak badira, euskal jendarte osoaren inplikazioa eta borondatea egon delako da. Jabego publikoa eta izaera soziala izanda lortu dute kutxek eta Kutxabankek orain direna izatea.

EAJk, PPk eta PSEk (eta CCOO) baina, bestelako asmoak dituzte Kutxabankentzat. Pairatzen ari garen krisi ekonomikoa aitzakia bezala hartuta eta Europako Batasunetik datorren aginpide batean ezkutatuta, Kutxabanken jabegoa esku pribatuen esku utzi nahi dute. Horren ondorioak erabat kaltegarriak eta tamalgarriak dira euskal jendartearentzat: gure herriaren ekonomiaren egonkortasunerako funtsezkoa den tresna da Kutxabank, baina bere kontrol publikoa izatearen bermea galduko dugu eta, horrekin batera, bere izaera soziala eta jendarteari egin diezaiokeen ekarpena ere kolokan geratzen da.

Kutxabank pribatizatzea beste aukerarik ez zegoela esaten aritu diren EAJ, PP eta PSE gezurretan aritu direla demostratu du Gipuzkoako Foru Aldundiak eskatuta egindako txosten juridikoak. Posible da Kutxabanken jabetza publikoa izatea, posible da bere izaera soziala mantentzea, posible da euskal gizarteak eta euskal ekonomiak bere etorkizunerako funtsezkoaduen finantza-tresna mantentzea. Posible da. Borondate politikoa baino ez da behar.

Horregatik, beren jarrera aldatzera eta Kutxabanken pribatizazioa gelditzeko dei zuzena egin nahi diegu EAJri, PPri eta PSEri (eta CCOOri). Frogatu egin da Kutxabank publikoa izaten jarraitzeko berme legal serio eta fidagarriak daudela. Alternatiba mahai gainean dago, eta gauzagarria da. Lege aldetik, jada, ez dago aitzakiarik. EAJri, PPri eta PSEri dagokie orain erabakia hartzea. Edo izaera sozial eta jabego publikoa bermatua izango duen Kutxabanken alde egiten dute, edo euskal gizartearen ondarean den Kutxabank finantza-oligarkien  esku uzten dute.

Zentzu horretan, interpelazio zuzena egin nahi diogu EAJri. Euskal Herria, euskal nazioa, egunez eguneko jardunarekin eraikitzen da. Euskal Herria egunero hartzen diren erabaki xume zein handiekin eraikitzen da. Euskal ekonomiak eta euskal herritarron orainak eta etorkizunak finantza-erakunde indartsua izatea eskatzen dute, kontrol publikoa bermatua izango duena, herritarren eta euskal ekonomiaren interesak lehenetsiko dituena eta ez gutxi batzuen interes ezkutuak… Euskal Herriak eta euskal jendarteak Kutxabank publikoa nahi du eta behar du; etxegabetzerik burutuko ez duen Kutxabak publikoa, IRPH bezalako indize maltzurrik aplikatuko ez duen Kutxabank publikoa, herri honen ehun produktiboan inbertituko duena, enpresa eta kooperatiba txiki eta ertainak lagunduz, erakunde publikoen egitasmoak lagunduz…

Aitzakia legal guztiak alboratuta, EAJren esku dago euskal nazioaren eraikuntzan beste urrats garrantzitsu bat ematea. Borondate politikoa badu eta herritarron interesa pertsona gutxi batzuen interesen gainetik jartzea erabakitzen badu, ondoan izango du EHBildu. Parez pare zabaldu zaigun aukerak merezi duela uste dugu.

Denbora agortu da: Hondarribiko alkateak gaur bertan bere dimisioa aurkeztu behar du

Lehenik eta behin, zoriondu nahi dugu Jaizkibel konpainia. Hondarribian eta Euskal Herri osoan emakumeen eskubideen aldeko ikurra zarete. Segi lanean, alarde bakarra eta parekidea gero eta gertuago dago zuen urteetako zuen lana eta konpromisoari esker. Herri honen historian leku bat duzue irabazita.

Aldiz, amorru handiz ikusi dugu aurten berriro ere Jaizkibel konpainiaren aurkako plastiko beltzak agertu direla eta hori onartezina da. Urte asko pasatu dira eta Eusko Jaurlaritzak eta Hondarribiko udalak alardearen gatazka konpontzeko ez dutela inongo borondaterik konprobatzeko tartea izan dugu batzuk eta besteek. Bereziki larria da Hondarribiko alkatearen jarrera, eta de fakto bere karguan jarraitzeko indargabetua geratu da. Beraz, Hondarribiko alkateak gaur bertan bere dimisioa aurkeztu behar du. Aitor Kerejeta alkateak Jaizkibel konpainiari egiten dion mespretxua gero eta argiagoa da. Emakumeen bazterketaren ikurra bihurtu da Kerejeta eta gatazka betikotzeko arduradun nagusian bilakatu da.

EH bildutik salatu behar dugu aurten EAJren zenbait kargu publikok alarde baztertzailearen aldeko jarrera argia agertu dutela. Aitor Kerejeta alkateaz gain, Eider Mendoza batzarkideak eta Kristina Uriarte Sailburuak bere babes osoa adierazi diote Alarde matxistari eta bizkarra eman diote Alarde parekideari.

  • Eider Mendoza gaur egun Batzar Nagusietako lehendakaria da, funtzioetan, eta gaur ez du alarde mixtoa babestu, eta normaltzat jo du alarde baztertzailea existitzea.
  • Jakina da ere Kristina Uriarte Kultura sailburuan zein alardearen aldekoa den eta aurten Alarde baztertzaileari bere babes osoa adierazi dio publikoki.
  • Eusko Jaurlaritzak aurten ere ez du legea betearazi. Hamar urte pasatu dira Berdintasunaren legea onartu zenetik eta ez du ezer egin Hondarribiko alardearen gatazka konpontzeko. Gainera, plastiko beltzen aurrean Ertzaintzaren pasibotasunak alarde matxistaren aldeko keinu bat bezala ikusten dute alarde matxistaren aldekoek.

EH Bilduren iritziz, gure instituzioetan horrelako jarrerek ez dute lekurik izan behar eta hiru kargu publiko hauei, Kerejeta, Mendoza eta Uriarteri, irtenbide bakarra geratzen zaie: edo publikoki emakumeen parte hartzearen alde egiten dute edo berehala bere dimisioa aurkeztu beharko dute.

Alderdi politikoei dagokienez, Gipuzkoako EAJ eta PSEri Hondarribian jarreraz aldatzeko denbora agortu zaio. Egoera honek ezin du gehiago iraun. Hondarribitik kanpo emakumearen berdintasuna aldarrikatzen dute baino bertan bazterketaren aldeko eragile sutsuenak dira. Markel Olanok, Egibarrek eta Arriolak etxeko lanak egin behar dituzte eta emakumeen bazterketa defendatzen duten bere kargu publikoak kanporatu behar dituzte.

EH Bilduren iritziz, posible da gatazka konpontzea eta jaia berdintasunean ospatzea. Baina horretako erakunde guztiek norabide egokian lan egin behar dute. Emakunde, Ararteko eta Diputazioak egin bezala, udalak ere bere aldetik lan egin behar du. Gipuzkoan bertan esperientzia desberdinak daude eta horrelako gatazkak konpondu daitezkeela adierazten digute. Donostian, Tolosan eta EH Bildu gobernatzen ari den herri guztietan horren alde ari gara lanean eta emaitzak hor daude.

Emakumeak eremu publikoan baztertzearen ziren garaiak betirako pasatzen ari dira Gipuzkoa osoan. Hondarribian eta Irunen ere laster horrela izango dela ziur gaude eta horretarako ari gara lanean. Hondarribiko populazioaren gehiengoak gatazka konpontzea nahi du eta emakumeen presentzia ziurtatzea nahi du. Hori da bidea eta ziur gaude denon artean lortuko dugula.

EHBildu Gipuzkoa

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xaf1/v/t1.0-9/10363842_939931589357491_7788036189047025826_n.jpg?oh=226eb0a6ea9a582c7782e8f51dd672f1&oe=548DB7F5&__gda__=1419749188_1d9d0656a0798725bfd75a40d74f6503

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/v/t1.0-9/10635780_939931642690819_9212621135115522829_n.jpg?oh=48ea02a04b79a7aee7c51c1a4def61fd&oe=5487E3F9&__gda__=1418605861_a3a827ce696e7d2bd573d6532b769a8c

https://scontent-a-mxp.xx.fbcdn.net/hphotos-xfa1/v/t1.0-9/10614392_939931706024146_6480879954909799583_n.jpg?oh=ee49ff82427ed442db7ec4747c92f89e&oe=54CE0969

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/v/t1.0-9/10689567_939931722690811_8126581789878556358_n.jpg?oh=1f5f85b952b6ae2309625da44ceaea05&oe=549380C6&__gda__=1418216527_0249bd510329a3fb33d786c88cd90083

https://scontent-a-mxp.xx.fbcdn.net/hphotos-xaf1/v/t1.0-9/10626650_939931596024157_885298966056105342_n.jpg?oh=d068700a714e3d9e1fa1f0613b985d96&oe=54824D8C

https://scontent-b-mxp.xx.fbcdn.net/hphotos-xfp1/v/t1.0-9/10458156_939931802690803_6381362475919783672_n.jpg?oh=8357094daa2cb03d38fb87cf13d827e5&oe=54964389

https://scontent-a-mxp.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/v/t1.0-9/10153953_939931832690800_7572166121847837779_n.jpg?oh=1fc901370644653f9864237c0d24bcbd&oe=54990EC4

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/v/t1.0-9/10527819_939931926024124_1155934589670856706_n.jpg?oh=7a4fd60c4a50b8688fb0f01b5be1250f&oe=549C7566&__gda__=1419945228_241aa5b57c9b849ea740496fa870eeaa

https://scontent-b-mxp.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/v/t1.0-9/10626620_939931996024117_989098003606422630_n.jpg?oh=b8140249001dac0ac6b0169e2676c141&oe=548F5DA1

https://scontent-a-mxp.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/v/t1.0-9/10641220_939932079357442_1091106014455494626_n.jpg?oh=57fea865c01a58765f2a835da40d0484&oe=548E3EE9

https://scontent-b-mxp.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/v/t1.0-9/10696425_939932099357440_2014697540412944086_n.jpg?oh=f43854c6d0967b83e65be9fa6861cc11&oe=548DDAB5

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/v/t1.0-9/10429373_939932179357432_7903186029429668509_n.jpg?oh=d69bbcb637cc347ca78d4ceabbc738cb&oe=549F45FB&__gda__=1419411345_e996f6debd74f6eef3d5839b2f80cb80

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/v/t1.0-9/10606304_939932169357433_4405481878381461002_n.jpg?oh=784f08d225ac3e43bfc3d8e5e474e4ab&oe=548BECB4&__gda__=1419324477_8427ccbedb5c70d9cf02042275315b3e

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/v/t1.0-9/10698538_939932379357412_8882333061319517490_n.jpg?oh=e9ddb6033cb5800ca46127fd9e8f00e1&oe=54A572EF&__gda__=1418164019_0cc403075cf848dec4427e3f8bceae89

Alardea: Ezer berririk ez. Ala bai?

Laura Gomez – Gizpuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Zuzendari Nagusia

Hondarribiko Udalbatzak, EAJ, PP eta H1! alderdien babesarekin, duela gutxi eskatu dio Jaizkibel konpainia mistoari bere estrategiaren inguruko hausnarketa sakon bat egiteko eta, horrez gain, bere babes osoa erakutsi dio alarde pribatuari, hondarribiar gehienak horren aldekoak direla argudiatuz. Aldi berean, Hondarribiko alkateak eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, biak EAJkoak, Alarde Fundazioaren lokal berriaren inaugurazioan izan dira, eta horrek garbi uzten du desfile pribatuari ematen diotela babesa. Emakunde, Arartekoa eta Gipuzkoako Foru Aldundia bezalako erakundeek egindako adierazpenek, non udalei eskatzen baitzitzaien erantzukizunez jokatzeko 20 urtez iraun duen gizarte gatazkari konponbideak bilatzeko, Alarde Fundazioaren erantzun haserrea eragin zuten, berriz ere.

Beraz, pentsa liteke hainbesteko mugimenduan ez dagoela ezer berririk. Edo bai. Susmoa daukat oraingoan aldea dela mugimendu horiek, hain zuzen ere, ezer ez aldatzea nahiko lukeenarentzat gauzak lekuz aldatzen ari direla imajinatzeak sortzen duen urduritasunaren ondorio direla. Eta badute urduri egoteko arrazoia, hiru erakunde (Gipuzkoako Foru Aldundia, Arartekoa eta Emakunde), lehenengo aldiz, elkar hartuta ari baitira lanean konponbideak bilatzen eta aho batez eskatzen udalek ere haiekin bat egin dezatela. Eta Eusko Jaurlaritzak duela gutxi egindako azterketa soziologiko batek erakusten duelako hainbeste aldarrikatzen dituzten gizarte gehiengo horiek jada ez direla beraiek dioten bezalakoak: hondarribiarren %72k gatazkarentzako konponbideak eskatzen dituzte, %84k adierazten dute oraingo jaiak tristura, lotsa, gogaitasuna eta haserrea sorrarazten dizkiela, eta %43k formularen bat nahi dute emakumeek parte hartzeko aukera izan dezaten, baina ez orain bezala. 

Egoera berri horren aurrean, Hondarribiko Udalaren eta Alarde Fundazioaren erantzunak zahar usaina dauka. Antzua, frustragarria eta oso mingarria izan dela frogatuta dagoen eta, gainera, onartezina eta arduragabea den jarrerarekin jarraitzen du Udalak: hots, Alardea bezalako topaketa kolektiboko gune nagusi bat pribatizatzea funtsezkoa den berdintasun eskubidearen betetzea saihesteko; hain zuzen ere, eskubide hori betetzea basakerian ez bizitzeko gizarte talde modura hartu ditugun akordioetako bat da. Alarde Fundazioak, hasteko, biktimizatu egiten du bere burua erakundeek bultzatutako lintxamenduaz hitz eginez, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat arazo nagusia ez baita Alarde Fundazioa izeneko antolakuntza pribatua, Udalaren jarrera baizik. Eta, bigarrenik, gezurra esatea erabakitzen du Jaizkibel konpainia pasatzen denean protestak egiteko estrategian inolako erantzukizunik ez duela esatean. Urteak daramatzate ekintzak antolatzen berdintasunezko partaidetza defendatzen dutenak ahultzeko eta iritzia azaldu ez dutenak hertsatzeko; hala, haien isiltasuna aprobetxatzen dute gehienen babesa dutela aldarrikatzeko.

Beraz, zertan gara gatazka honen konponketari dagokionez? Ez dauzkagu konponbideak, baina bai bide horretan gidari izan behar ditugun zenbait elementu eta printzipio.

Erakundeen arteko elkarlana ezinbestekoa da, Alardearen auzia agendan sartu baita herrialde mailako arazo gisa; horrelako beste gizarte gatazka bat berriz gertatzea ekidingo duten irakaspenak ateratzeko aukera ematen digulako; eta helburu bakarra konponbideak bilatzea izatea ahalbidetzen digulako, gatazkaren inguruan dauden alderdikeriak gainditzea eta arma moduan ez erabiltzea lortzeko.

Udalak dira egoera hori aldatzeko gakoa. Adorea behar dute gizarte gatazka bat dagoela aitortzeko, ahots guztiak entzuteko —ez baita gehiengoentzat gobernatzen, gizarte osoarentzat baizik— eta zintzotasunez konponbideen bilaketan inplikatzeko. Beti esan diegu ondoan izango gaituztela laguntzeko, erakunde publiko gisa legitimizatzen gaituenaz arduratzea erabakiz gero: arazo kolektiboak konpontzea.

Konponbide-bilaketak taldean baretasunez eztabaidatzeko gai izan behar du, Alardearen eta haren kuestionamendu kritikoaren inguruko tabuak apurtzeko. Baina eztabaida horietan ezin da ahaztu jaiak errituak direla, elkarrekin bizitzeko hartu dugun erabakia eta adostutako kontratu bati jarraituz bizitzeko sinatu dugun ituna irudikatzen dituztenak. Beraz, herritarren zati batek ezin ditu modu pribatuan zehaztu jaiak eta ezin du adostutakoa ez errespetatu. Horrenbestez, edozein konponbidek eskatuko du jaiak publikoak eta berdintasunezkoak izatea, akordioaren eta adostasunaren bitartez elkarrekin bizitzea aukeratu dugunontzat bizitzeko eta gozatzeko moduko jaiak izatea, gehiengoen edo gutxiengoen mendean jarri gabe.

Alternatibak alarde parekidea babestuko du Hondarribian eta Urkulluri Berdintasun Legea urratzen baimentzeari uzteko exijitu dio

Alternatibako bozeramaile Diana Urreak herritarrei dei egin die hurrengo irailaren 8an, berriro ere, “Hondarribiko kaleetara irten daitezela, urtetik urtera, alardean emakumeen bazterketarik gabeko jai libreen alde borroka egiten duten guztiak babestera”. Urreak “Hondarribiko eta Irungo ehunka emakume eta gizonen merezimendua eta esfortzua” gailendu du “atsedenik gabe eta indarra biziaz eskubideak konkistatzen jarraitzen dutelako, konplexurik gabe emakumeen eskubideak urratzen dituzten hainbat instituzioei aurre eginez”.

Aldi berean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “Urkulluren gobernuak Hondarribiko eta Irungo udalei erakusten dien konplizitatea” deitoratu du, “alarde sexisten zerbitzura baliabide publikoak bideratzen dituenean, berdintasunerako oinarrizko eskubidearen urraketa baimenduz”. Zentzu horretan, exekutiba jeltzalea bere konpromisoa erakusten duen “pauso ausartak ematera” premiatu du “bi herrietako alkateak legea betetzera behartzea adibidez, Hondarribian urtero Berdintasunerako Legea urtero urratzen baita”.

Azkenik, Alternatibatik bere babes osoa agertu nahi izan diote Jaizkibel konpainiari, hala nola, kale nagusian gora laguntzen duten pertsona guztiei ere, “gatazkaren konponbidean instituzioei aurrea hartu dietela erakusten dutelako”. Bukatzeko, “eskubideak ez bozkatu, ez negoziatu; eskubideak irabazi egiten direla” aldarrikatu dute, horregatik, euskal jendarte osoari eskubideak konkistatzen jarraitzera dei egin diote “Euskal Herriko jai eta tradizio guztietan emakumeen parte-hartzea defendatuz”. 

X