PNVk errealitatea mozorrotzen du oinarrizko zerbitzu publikoetan murrizketak egiteko

Urkullu lehendakariarekin bihar izan behar dugun bileraren aurretik, EH Bilduk bere posizionamendua zein den argi utzi nahi du jendaurrean.

Jaurlaritzarako aurrekontuen diseinua eta negoziazioa oso testuinguru berezian gertatzen ari da. Alde batetik, egoera politiko berria dugu Euskal Herrian. 16 hilabete joan dira ETA erakundeak indarkeriaren erabilerari behin betiko uko egiten ziola iragarri zuenetik eta horrek bakegintzarako eta normalizazio politikorako atea parez pare zabaldu zuenetik. Baina aldebakarreko urrats horrek ez du erantzun baikorrik izan estatuen aldetik.

Bestetik, Espainiako estatuan bizi duten egoera politiko nahasiak kezka eragiten digu. PPren gobernuak hasiera-hasieratik ekin zion bere aspaldiko ametsak gauzatzeari eta berzentralizazio prozesua abian jarri zuen, herri gisa geratzen zaigun burujabetza apurra deuseztatuz. Era berean, ustelkeria kasuek printzipio demokratiko eskasetan ere atzerapausoak emateko aukera zabaldu dute. Horiekin guztiekin aurrera egiteko koartada perfektua dute Espainiako sektore eskuindarrek. Izan ere, egoera ekonomikoa oso larria da, langabezia tasak egoera dramatikoak eragiten ari dira, eta horren aitzakian, eraso neoliberal basatiak egiten ari dira. Aurtengo perspektibak ere oso kezkagarriak dira.

Testuinguru horretan, EH Bildutik argi daukagu herri gisa erantzun beharko geniokeela egoera honi, Madrildik datorkigun eraso zentralizatzaile eta neoliberalari. Eta etorriko direnak, ate joka baititugu erreforma laboral berria, LOMCE, Udalak, kutxak… Baina EAJn ez dugu sumatzen horretarako asmorik, ezta gutxiago ere. Hala, kezka handiz hartzen dugu EAJren epeltasuna.

Honen guztiaren aurrean planto egin beharra dago, bai murrizketetan eta baita herri gisa garatzeko atzerapausoa suposatzen duen kasuetan. Eta horixe izango da Urkullu jaunari eramango diogun mezu nagusia. EH Bilduk ez du inolaz ere onartuko murrizketarik hezkuntza eta osasun arloetan. Herri gisa zein herritar gisa dugun etorkizuna baldintzatuko duten neurri murriztailerik ez dugu onartuko. Azken egunetan agerian utzi duen bezala, errealitatea mozorrotzeko eta oinarrizko zerbitzuetan ezkutuko murrizketak gauzatzeko asmoa badu EAJk, EH Bildu ez da konplizea izango.

Era berean, krisi honetara ekarri gaituzten politikak ezin direla errepikatu azpimarratuko diogu UrkuLlurri. Baina hemen ere kezkaz begiratzen diogu EAJren azken asteetako jardun politikoari, Europan murrizketen bidea inork baino hobeto sakondu duen PP bidelagun hartua duelako akordioak gauzatzerako orduan.

Herri honek emergentzia plan bat behar duela uste dugu EH Bildutik. Lau herrialdeetako instituzio guztien arteko elkarlana beharrezkoa da, eta guk horren aldeko apustua egiten dugu. Emergentzia planak atal ezberdinak izan beharko lituzke. Administrazio publikoetarako diru-sarrerei dagokionez, estabilitate legearen aplikazio propioaren alde egin beharko litzateke, kanpoko neurri eta aginduekiko menpekotasunik gabekoa; zerga politika ausarta ere eskatzen dugu, orain arte ez zaigulako horrelakorik aurkeztu; Kutxabankek bestelako jarrera izan beharko luke, eta bertako ekonomia lagundu eta berpizteko funtsezko tresna izan beharko litzateke. Gastuei dagokionean, eredu berri bat eraikitzeko inbertsioak ezinbestekoak direla deritzogu, esparru laboral propioa edukitzera begirakoak, lan banaketa justua eta solidarioa bermatuko dutenak, sektore estrategikoak finkatu eta bultzatuko dituztenak. Baina horretarako, ezinbestekoa ikusten dugu obra faraoniko guzti-guztiak gelditzea, eta horko dirua politika sozialak eta zerbitzu publikoak bermatzeko erabiltzea.

Ideia eta proposamen horiek guztiak zehaztasunez jasotzen dituen dokumentua helarazi genion bere garaian EAJri, baina oraindik ez dugu erantzunik ere jaso.

Amaitzeko, baina garrantzi berdinarekin, gatazkaren eta bere ondorioen konponbide integralerako urratsak emateko deia egiten diogu EAJri. Bide horretan urratsak emateko eskatuko diogu Urkulluri eta bere gobernuari. Halaber, gure herriaren erabakitzeko eskubidea gauzatzeko urratsak ere eskatuko dizkiogu, herri honen gehiengo handi batek behin eta berriro hala exijitu duelako.

Alternatibak ustelkeriaren aurkako protestetan parte hartzera deitu du

Alternatibaren Bilboko Asanbladako bozeramaile Iagoba Itxasok mugimendu sozial, sindikal edota politiko orok egunotan argitara emandako ustelkeria kasu larri guztiak salatzeko deitzen dituzten protesta guztiekin bat egitera deitu du, “PP eta Mariano Raxoiren gobernua tartean sartuta daudela frogatutako kasuak, egunero murrizketak sufritzen dituzten herritarren haserrea areagotzen dituztenak, boteretsuenen alde bakarrik gobernatzen duen buruzagien kasta izateaz gain, haien jardunean aberastu eta inolako konplexurik gabe pribilegioaz gozatzen dutenak modu ez zilegi, eta askotan ere, legeztutako moduetan”.  

Ildo honetatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak “tamalez ohikoak” diren hainbat kasu salatu ditu, “kargu politikoetan egondako batzuentzat dauden ate birakariak, bere garaian administrazioen laguntza eskuratu zuten enpresen lehendakaritzetan edota administrazio kontseiluetan eserlekua ematen diena; herritarren diruaren lepotik angulak jateari normala deritzon agintari ohiena edota alderdi politiko jakin batzuek jasotzen dituzten dohaintza anonimo eskandalagarriak”. Hala, Itxasok nabarmendu ditu duela gutxi argitara eman diren datuak PPk eta PNVk 1993 eta 2011 urte bitartean jasotako dohaintzen gainean, hurrenez hurren 28 eta 18 milioi euro jaso zituztela: “eta esan beharra dago PNV dela, alde nabarmenaz, igorle ezagunik gabe diru gehien jaso duen alderdia bere ekintza eremuko biztanleria aintzat hartuta”.

Egoera honen aurrean, Alternatibatik ustelkeriaren aurkako protesta guztietan parte hartzeko deia berretsi dute, gaur arratsaldean, 19:00etatik aurrera Bilbon herritar talde batek antolatu duena kasu, Moyua plazan izango da, Espainiako gobernuaren ordezkaritzaren eraikinaren aurrean, “Estatua ustelduta dago, bagoaz” lemapean.

EH Bilduren ekimena onartuta, Eusko Jaurlaritzak Lurralde Antolamendua berraztertuko du

2010ean gobernu sozialistak Lurralde Antolaketarako Artezpideen berrikusketa hasi zuen. Berrikusketa hori gelditzeko eskaera egin dio gaur Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari, EH Bilduk aurkeztu duen ekimenari kasu egin eta EAJrekin batera egin duen erdibideko zuzenketa onartuta. Horrela, bi puntu dituen erdibidekoan Jaurlaritzari eskatu zaio 2010ean hasitako berrikusketa bertan behera utz dezala, eta horren ordez, berria abiatu dezala. Berrikusketa horrek oinarrian izan beharko lituzke “gaur egungo testuinguru ekonomikoa, soziala, ingurumenekoa, genero ikuspegia, kulturala eta paisajisitikoa”, eta guzti hori “herritarren parte hartze zabalarekin egin beharko lizateke”.

Oskar Matute legebiltzarkideak defendatu du EH Bilduren ekimena Eusko Legebiltzarrean eta lurralde antolaketaren arloan gaiak duen garrantzia azpimarratu du: “eztabaida hau sakonera berezia duen eztabaida politikoa da, erabaki hauen ondorioz erabakitzen dugulako zer nolako lurralde banaketa gura dugun, non eta nola ezartzen ditugun ekipamendu eta azpiegieturak, interes jakinen arabera. Alde batetik, interes monetaristak eta merkatuenak ditugu; bestetik, herritarrak berdintasunez tratatzen dituen pertsona arrunten interesak”.

Horrela, “PSEk artezpideak aldatzeko erabili zituen oinarri kapitalista eta desarrollistak albo batera utziko ditugu”. “Hemendik aurrera, EH Bilduk defendatuko du abiatuko den berridazketa irizpide jakinen arabera egin dadila: eskualdeen garapen orekatua bilatzea, lurraren erabilera anitza eta optimizatua izatea, pertsonen arteko elkartasuna sustatzea, ingurumenarekiko iraunkorra izatea eta gizon-emakumeen arteko berdintasuna bermatzea”, gaineratu du Matutek.

AHTa finantza ez dezala exijitzen diogu Jaurlaritzari, eta dirutza hori oinarrizko zerbitzu publikoak bermatzeko erabil dezala

Oskar Matuteren hitzetan, “EAJk iruzur egiten dio euskal gizarteari 350 milioi euro inora ez doan tren batera bideratu nahi dituelako, Hezkuntza, Osasun eta gizarte politiketan murrizketak iragartzen dituen bitartean”.

Egungo krisi garai larri honetan edozein gobernuren lehentasunak oinarrizko zerbitzu sozialak bermatzea izan behar duela eta aurrekontu publikoak helburu horretara bideratu behar dituela jabeturik, EH Bilduk funtsezko irizpide horri jarrai diezaiola exijituko dio Eusko Jaurlaritzari Legebiltzarrean eta, horren ildotik, Abiadura Handiko Trena finantzatzeari utz diezaiola eta horretarako erabiltzen ari den dirutza zerbitzu publikoak bermatzeko erabil dezala eskatuko du legez besteko proposamen baten bitartez.

Ingurumen sailburuak eta Sustapen ministroak atzo Madrilen izandako bileran AHTri beste bultzada bat ematea adostu eta gero, Oskar Matute legebiltzarkideak “euskal gizarteari iruzur egitea” egotzi dio Jaurlaritzari, “aurten AHT finantzatzeko 350 milioi euro gastatu nahi dituelako, oinarrizko zerbitzuetarako dirurik ez dagoela dioen bitartean”. EH Bilduren ordezkariaren esanetan, “hainbeste pertsona hain gaizki pasatzen ari den honetan onartezina da inora ez doan tren batean dirutza hori inbertitzea eta aldi berean Erkorekak eta gainontzeko sailburuek Hezkuntzan, Osasunean eta gizarte politiketan murrizketak iragartzea, dirurik omen ez dagoelako. Argi dago dirua egon badagoela, baina EAJk lehentasuna ematen dio AHT ordaintzeari eta enpresa handi batzuk aberasteari, euskal gizarteak behar-beharrezko dituen zerbitzu publikoak bermatzeari baino”.

Mas, Urkullu, Raxoi eta Borboidarren trena

Aitor Miguel Quintana – Alternatiba Araba

Orain dela gutxi, Espainiako Erresumako egunkarietako azalak morboz beteriko argazkiarekin bete ziren Mariano Raxoi, Sustapen ministroa, Borboidarren oinordekoa eta Kataluniako lehendakaria Artur Mas elkartzen zituena Madril-Paris Abiadura Handiko trenbidearen azken zatiaren inaugurazioan.

Bazen ere tentsioz beteriko argazkia, Kataluniako subiranotasunaren gatazka biziaren ikuspuntutik begiratuz gero. Kataluniako subiranistak eta herritarren zein haien lurraldeen askatasunaren gainetik estatuaren erabakiak ezartzen dituztenak aurrez aurre.

Argazki honek sorrarazi zuen norgehiagoka sentsazioa, seguru aski, ez zen guztiek eta neurri berean partekatua izan. Subiranotasunari beste ikuspuntu batetik begiratzen diogunok, erosotasunez bidaiatzen zuten lau pertsona ikusten genituen. Lau buruzagi, banatzen dituzten ustezko gerra mediatikoen gainetik, komunean dutenarengatik askoz ere batuagoak ziruditenak.  Horrexegatik, haien arteko identitate desberdintasunak alde batera utzita, ezin gusturago ageri ziren Abiadura Handian elkarrekin bidaiatzen.

Batzuentzat subiranotasun nazionala epe laburrerako lanabesa baino ez da, ez bada herri guztien subiranotasun osoa lortzeko erabiltzen. Subiranotasun nazionala gutxirako balio digu betiko eredu sozioekonomikoa berregiteko erabiltzen badugu.

Abiadura Handian eta zubien bitartez herrien oso gainetik bidaiatzen duten bitartean ez dugu Raxoi eta Masen arteko funtsezko desberdintasunik ikusten. Ez dugu desberdintasunik ikusten, biek egoeraren araberako krisialdia bizi dugula esaten dutelako, krisi sistematikoa bizi dugula ukatuz. Gainera, biek murrizketetan eta makro-proiektuetan oinarritutako bide berdinak erabiltzen dituzte, haien ospea handitzeko eta gutxi batzuen onuraren alde.

Abiadura Handiko Trena bezalako proiektuak aldez aurretik higikortasun ikerketak egin gabe eta beren eragin ekonomikoa aztertu gabe sustatu izan dira. Ezta ingurumenean eragina duten ekintzetan gidatu beharreko ardura printzipioen arabera egin ere, herrialdeen baliabide ekonomikoak hamarkada luzeetan galzorian ipintzen dituztenak.

Mariano, Mas, Urkullu eta enparauak dira eredu sozioekonomiko berdinaren buruzagiak, AHTaren, Supersurraren, errausteko makro labeen eta frackingaren gainean eraikitzen dutena. Primitibo izatea leporatu digute garapen modu honen kontra egin dugunoi. Oraindik ere, gizajale deitzen digute Elikadura Burujabetzaz ari garenean. Baina kontua da gaur egun, eta 20 urteko ustiapenaren ostean, AHTren kontuak ez zaizkiola ateratzen Espainiako estatuari. Ezta Bizkaiari Supersurrarekin. Arabako akuiferoak ere kutsatu behar al ditugu Frackinga ez dela bidea frogatzeko?

Eredu desegoki eta zibilizazio gaixotu batek bakarrik zuzentzen ditu bere baliabide gehienak arrakasta bermerik gabeko proiektuetara, izaera alternatiboa duten aitzakiarekin, osasuna eta hezkuntza bezalako ezinbesteko oinarri sozialak deseginez.

Subiranotasun nazionala da, hartara, desberdintzen gaituen eta berezko zentzua duen tresna bakarra, internazionalista eta solidarioa, herrialdeen subiranotasun osorako trantsizioa bermatuko duen ereduaren aldaketa. 

http://alternatiba.net/old-files/El-Principe-Felipe–Mariano-Rajoy–Artur-Mas-y-Ana-Pastor-en-el-viaje-Barcelona-Girona.jpg

Alternatibak Urkulluri exijitu dio AHT ordaintzeari utz diezaiola oinarrizko eskubide sozialak bermatu ahal izateko

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Iñigo Urkulluri exijitu dio gaur lehendakariak berak dioen bezala “larrialdiko egoeraren aurrean bagaude, Abiadura Handiko Trenerako diru publikoa bideratzeari utz diezaiola, EAEko biztanleen oinarrizko eskubide eta zerbitzu sozialak blindatu ahal izateko”. Eskaera egin du Ana Oregik sailburuak Ana Pastor Espainiako Sustapen ministroarekin AHTari buruz hitz egiteko gaur egin behar duten bileraren harira.

Bilera honen aurrean, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak Urkulluren gobernuko Ingurumen eta Lurralde Politikako arduradun Oregiri eskatu dio “mahai gainean jarritako datu guztiak euskal gizartearekin partekatzeko: epeak, azpiegitura honekiko dituzten konpromiso zein asmoak, Burgos eta Gasteiz arteko ibilbidearen bilakaera eta gainerakoak”.

Bestaldetik, Matutek salatu du Eusko Jaurlaritzak hurrengo aurrekontuetan 1.200 milioi euroko murrizketak iragarri arren AHTerako finantziazioaren eutsi diola, gerora berreskuratu daitekeen aurrerapen gisa izan arren, “bide okerretik doazela berrestetik haratago doa, izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren bizi baldintzek okerrera egingo dutela baieztatu ere egiten dute, 350 milioi euro bideratzen baitituzte inolako errentagarritasun sozialik eta bideragarritasun bermerik gabeko azpiegitura baterako”.

Azkenik, Alternatibatik nabarmendu egin nahi izan dute “une honetan obren exekuzioek enpresei baino ez dietela mesede egiten, euskal gizartean pobrezia zabaltzen den bitartean; eta AHT 2018rako martxan egoteak, horrekiko zalantza handiak dauden arren, zertan hobetuko du langabezian eta eskubide sozialik gabe dauden herritarren bizitza?” Horrexegatik, Matutek galdegin dio lehendakariari aitor dezala “AHT beste garai bateko jokabide megalomanoei erantzuten dien proiektua dela” eta eskatu dio “pertsonen bizitza duinak ardatz hartuta gobernatzeko, eta ez porlana eta ingurumenaren suntsipenerako”.

Asier Vegari elkarrizketa Herri Irratiko “Es posible” irratsaioan

Alternatibako Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak salatu zituen atzo Herri Irratiko “Es posible” irratsaioan, pasa den urtarrilak 25ean Eusko Jaurlaritzak Sestaoko hiru bizilagunen kontra bultzatutako bost administrazio zigor eta bi epaiketa prozesuak, herriko kolektibo batek langabezia hazkundearen ondorioz eskualdean dagoen egoera larria eta pobrezia salatzeko Lanbideko bulegoaren aurrean eta barruan egindako  protestaren ostean. Vegak “herritar eskaerei pertsonen neurrira egindako irtenbide politikoekin eta ez errepresio poliziala eta zigorrekin erantzutera” premiatu du. Bestaldetik, Bizkaiko batzarkideak murrizketen aurkako protesta sozialetan parte hartzen dutenen kontrako mehatxu administratiboekin bukatzea eskatu eta justizia sozialaren borrokarekiko duen elkartasuna berretsi nahi izan du.

Zerga iruzurra eta legezko iruzurra

Asier Vega – Bizkaiko EHBilduko batzarkidea

“Bizkaian magnate gutxi dago”. Hauxe izan zen PNVk erabilitako aitzakia 2008an Ondarea Zerga ezabatzeko. Gezurra zen bere garaian eta gezurra da gaur egun ere. Orduan zein gaur egunean, Bizkaiko magnateek, izan badirela eta hain urriak ez direnak, ordaindu beharrekoa baino zerga gutxiago ordaintzen dute, horretarako aukera eman zaielako oraindik ere.

PNVk fiskalitateaz diharduenean eta mundu guztia kontent mantentzeko asmoz, gauza bat esan eta aldi berean, kontrakoa baieztatzeko gaitasun ikaragarria dauka. Hori dela eta, harrokeriaz amestu eta esan dezake egun batean Ondare Zergari dagokionean Bilduri ezkerretik aurrea hartu diola eta, handik gutxira, errenta altuenei PFEZa %45tik %46ra igotzeari uko egiten dio bildu beharreko diru kopurua urriegia izango dela argudiatuz. Antza, Bilbao jaunarentzat diru xehea da hiru milioi euroko bilketa.

Diskurtso bikoitz honen aurrean, askoz argigarriagoa deritzogu Ahaldun Nagusiaren alderdiko buruaren azalpenei kasu egiteari; Iñigo Urkulluk oso argi utzi zuen: “gehiago irabazten dutenek gehiago ordaindu behar izatea demagogia hutsa da”. Argudio errepikakor eta, beraz, intentzioen salatari izanik, jakin badakigu ez zela lapsus-ik izan bere hitzetan.

Bizkaiko Aldundiaren 2013ko aurrekontua aztertzean agerian gelditzen den lehenengo gauza, pentsamendu neoliberal honek dakartzan diru sarrera gabezia da, beti ere, enpresaburu eta dirudunen mesederako. Honen adibiderik onena, Aldundiak aurten enpresarioei barkatuko dizkien 207 milioi euroak ditugu, gehienbat eraginik gabeko kenkari eta diru-laguntza bidegabeetan oinarritutakoak.

Aurrekontuek islatzen duen beste adibide bat, zerga ezkutuak Ondare Zergarengan duen eragina da. Bizkaiko Ogasunak egun indargabetuta dagoen eta soilik 2011 eta 2012 bitartean indarrean egon zen zerga honen ondorioa kalkulatu du. Aberatsenei 43 milioi euro barkatu dizkie, zergaren izaera injustua eta atzerakoia agerian utziz.

PNVren aurreko urteetako zerga erreformak desegitea beharrezkoa da, horietako bakoitzean Bizkaiko ogasunak dirua biltzeko ahalmena galdu duelako. Zerbitzu sozialak bermatu eta gizartea eraldatzeko balioko digun bilketa nahikoa izateko Foru-Arauak aldatu beharra dago. Ez dezagun ahaztu fiskalitateak bide oso desberdinetatik arazo berdinak jorratzeko ahalmena daukala. Etxebizitza alorrean adibidez, zerga politikak bigarren etxebizitza erosi nahi dutenen mesedetara egin daitezke, aspaldi egiten zen bezala, edo ostera, hutsik dauden etxebizitzak Ondasun Higiezinen Zerga igota alokairura bideratzeko erabili daitezke.

Gehiago irabazten edo gehien dutenei presio fiskala areagotzea ez dago PNVren lehentasunen artean. Horren ordez, Iruarrizaga-Bilbao tandemak bi ildoetako zergak eskaintzen dizkigu. Ildo batetik, soldatapeko arruntak doaz, zergak automatikoki ordaintzen dituztenak; beste ildotik, aldiz, zergadun bereziak daude, Ogasunari gutxiago ordaintzeko moduen artean kartara aukeratu dezaketenak: aurrezki errentak %20an edo PFEZan elite mailako kirolarientzako errenta irregularrak, enpresetako mozkinak kalkulatzeko modua, kenkari kopuru izugarriak, Sozietate Zergaren gaineko erregimen bereziak edota zerga ezkutua edota enpresen Ondarearen Zergaren gaineko aberastasuna ezkutatzea. Iruzur fiskalari aurrea egitea bezain garrantzitsua da legezko iruzur honekin bukatzea. Eta egitekotan, noski, magnateren bat haserretuko da…

X