Hizkuntza Eskolaren eskaera handitzeko konpromisorik ez Bilboko Udalean

Gure kide eta EH Bildu Bildoko zinegotzi Alba Fatuarteren hitzartzea azken udalbatzan, Hizkuntza Eskola publikoetan euskara ikasteko plaza kopurua handitu beharraren inguruan.

Hizkuntza Eskola Ofizialen datuak aztertuz gero, argi eta garbi ikusiko dugu eskaintza oro har ez dela eskabideak asetzeko nahikoa, ez Bilbon, ezta beste herrietako eskoletan ere. Bilboko kasuan, 2015/2016 ikasturteko matrikulazio datuen arabera, 17.128 eskabide jaso ziren eta soilik 7.112 eskaintzen ziren. Hau da, 10.000 lagun inguru plazarik gabe gelditu dira Bilboko Hizkuntza Eskolan azken ikasturtean eta hauetatik 1.500 lagun ziren euskara ikasteko eskabidea egin eta plazarik gabe gelditu zirenak. Gaurko Osoko Bilkuran, Udalberrik proposatuta Hizkuntza Eskola handitzeko eskaera jorratu da eta hitz politikak baino ez dira atera gobernuaren aldetik, inolako konpromisorik gabekoak.

Datuak aztertzen baditugu, ikusten da hau hizkuntzeta guztietan ere gertatzen dela. Gainera, euskararen kasuan, kontuan izan behar dugu Bilbon euskaltegien sare zabal bat dagoela, nahiz eta oraindik auzo batzuetan, Otxarkoagan esaterako, bilbotarrek euskara ikasteko aukerarik ez duten. Edonola ere, eta Hizkuntza Eskola Ofizialera itzulita, agerikoa da, bai euskaraz eta bai beste hizkuntzatan ere, eskaintza ez dela nahikoa.

Horregatik harritu egiten gaitu gobernuak aurkeztutako emendakinean irakurtzea Jaurlaritzarekin kolaboratuko duzuela eskaintzaren egokitzapenaren inguruan, HORI BEHARREZKOA IZANGO BALITZ. Hau da, ez duzue sikiera onartzen eskaintza handitzea beharrezkoa dela eta gainera ez duzue inongo konpromisorik hartzen Jaurlaritzari eskaintza handitzea eskatzeko.

Eta nire harridurarekin jarrituz, beste kontu bat alderdi sozialistari dagokionez. Zuek  gobernuko kide moduan, proposamena babesten duzue, baina kontua da, oposizioan zaudetenean askoz ere exigenteagoak zaretela gai honekin. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusietan, EHBilduren botuekin batera bi proposamen onartu dira, bata 2014an eta bestea aurten bertan, 2016ko ekainean, non Jaurlaritzari zuzenean eskatzen zaion Hizkuntza Eskola Ofizialen eskaintza handitzea, ahalik eta eskaera gehien asetze aldera. Beraz, eskatuko genizueke behintzat, gobernuan zaudetenean oposizioan bezain zorrotzak izatea zuen eskakizunekin, ze oposiziotik gauzak eskatzea ez da hain zaila; benetako erronka dator kudeatzeko ardura duzunean, horri eustea.

Edonola ere, harritzen ez nauena emendakin honen konpromiso falta itzela da. Eta ez nau harritzen, zeren EHBilduko Legebiltzarreko taldeak galdera bat egin du gai honen inguruan duela sei hilabete eskas, eta Cristina Uriarte, jarduneko sailburuak sinatutako erantzunaren arabera, Jaurlaritzak oraingoz ez du inongo asmorik eskaintza zabaltzeko.

Amaitzeko esatea EH Bilduk Hizkuntza Eskola Ofizialen beharra aldarrikatzen duela, zerbitzu publiko hau indartu behar dela uste duela, eta emendakin honetan ordea udal gobernuaren konpromiso falta besterik ez dugu ikusten. Abstentzioa izango da beraz gure bozka.

EH Bildu Bilbo

EAJk eta PSOEk ontzat eman dute Guggenheimeko hezitzaileen kaleratzea lan baldintza duinak eskatzeagatik

EAJk eta PSOEk ontzat eman dute gaurko Osoko Bilkuran Guggenheim-ek hezitzaileak kaleratzeko hartutako erabakia. Hau da, ontzat eman dute 18 langile kaleratzea eta 6 lanpostu deuseztatzea. Aipatutako hiru alderdiek argi utzi dute Udalbatzarrean langileen kontrako euren jarrera EH Bilduk, Udalberrik eta Goazenek batera gai honen inguruan aurkeztutako mozioaren aurrean. Hona hemen Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioaren Bilboko zinegotziaren hitzartzearen zati bat:

 

 

Hau izan da EAJk, PSOEk eta PPk atzera bota duten mozioa:

Bilboko Udaleko Udalbatzarrak Guggenheim Bilbao Museoko hezkuntza departamentuko zerbitzuak eskaintzeko beharrezkoak diren lanpostuak mantentzearen alde egiten du. Halaber, museoak langileak zuzenean kontratatuz gero, lanpoltsa publikoen bidez izatea eskatzen du, Museoko zuzendaritza organoetan parte hartzen duten Administrazioetan langileak kontratatzeko kontuan izaten diren irizpide eta berme berdinekin.

Bilboko Udalbatzarrak uko egiten dio Guggenhiem Bilbao Museoak hartutako erabakiari. Alegia, euren eskubideak defendatzen dituzten langileak langabe uztea, 18 lanpostu suntsitu nahi izatea eta kontrataziorako kontrol publikorik gabeko lanpoltsa bat erabiltzea, orai arte zerbitzua eman duten pertsonei itxia dagoena eta lan-kategoria ezberdin baten hautaketa prozesu batetik sortua.

Helburu horrekin, Udalbatzarrak Alkateari eskatzen dio Guggenheim Museoko dagozkion organoetan ondorengoa defendatzea:

  • Orain arte Manpower enpresak eskaini dituen hezkuntza zerbitzu guztiak bere horretan mantentzea.
  • Museoak langileak zuzenean kontratatzea erabakiz gero, egun Museoko Hezkuntza Departamentuan zerbitzuak eskaintzen dituzten langile guztien subrogazioa ziurtatzea, gutxienez egun betetzen duten lanaldiak mantenduz eta langileek egindako eskakizunak kontuan izanez, bisitak prestatzeko behar dituzten orduak lan deboratzat aitortuz.
  • Zerbitzu hauek eskaintzeko, kontratazio berri bat lizitatzea aukeratuz gero, egungo lanpostu guztiak mantentzea eta plantillak eskatutako hobekuntzak bermatuko dituen baldintzen plegu baten bitartez izatea.
  • Lan-poltsak lan kategorien arabera osatzea, publizitate, berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioen araberakoak, Bilboko Udalean, bizkaiko Foru Aldunndian edota Eusko Jaurlaritzako lan poltsak osatzen diren bezalako gardentasun publikoan oinarritutako berme eta prozedura beretsuekin, eta hiru instituzietako teknikariek parte hartuko duten hautaketa epaimahai baten bidez.

Kontratatzerakoan, kategoria horretarako zehazki osatuak ez diren lan poltsak ez erabiltzea.

EH Bildu Bilbo

Antuan, beti gogoan

Joan den irailaren 26an Antonio Campon Andrada, Antuan, Alternatibako Bilboko asanbladako militantea hil zitzaigun. Industria garaian langile borrokaren ikur bilakatu zen Euskaldunan aritu zen lanean. Eraldatze industrialaren ondorioz eman ziren borroka handien aurretik ere, Antuan EMK Euskadiko Mugimendu Komunistatik oso hurbil egon zen, Peseto, Pelos eta bestelako kideekin Arangoitiko taldea osatzen zuen. Auzoan bizi izan zen zendu arte. Euskaldunako borroka osoan ekintzaile handia izan zen.

Lantegia ixtean, aldendu egin zen mugimendutik, borrokan bidaide izandakoen adiskide izaten jarraitu arren. Ondoren, Ezker Batuan sartu zen, beranduago Alternatibaren sorrerarekin bat egiteko, euskal ezkerraren eraldaketa eta bat egitea bilatzen zuen alderdiarekin Euskal Herria Bildu koalizioa osatu zela; Arangoitiko beste kide batzuekin egin zuen urratsa, Juen Puertorekin kasu. Aspaldiko borroketan bidaide izandakoak topatu zituen hemen, Gorripideako lagunak Alternatibarekin bat egin zutenean, Iñaki Markiegiren moduan, bere garaian EMKn ibilitakoak.

Antuan, zauden tokian zaudela, zuregana joko dugu berriz Arangoitin Errepublikaren eguneko bazkaria antolatzeko. Zu agurtzera kide asko joan ginenekoan lore sortan jarri genuenez, beti gogoan izango zaitugu.

Fatuarte: “Aburtok azaldu beharko du zergatik nahiago zuen zezen plazan egon, herritarrak erasoen kontra kalean ziren bitartean”

“Herritarren partehartzeak azken lau hamarkadetan landutako jai eredu arrakastatsu bati erantzuten dio. Hala ere, badago zer hobetu”, adierazi du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak.

 EH Bilduk modu baikorrean baloratu du aurtengo Aste Nagusia. “Argi dago herritarren partehartzea eta doakotasuna oinarritzat duen eredu hau arrakastatsua dela. Hori poztekoa da”, azpimarratu du Alba Fatuarte zinegotziak.

Beste behin jaien bultzatzaileak diren Bilboko Konpartsak zoriondu behar ditugu haiek baitira Aste Nagusia munduan bakarra egiten dutenak. Aurten ere argi geratu da jaien batzorde mixtoa, non Udalak eta konpartsek elkarlanean diharduten, eredu egokia dela”.

Hala ere, badago zer hobetu:

  • Beste behin ere eraso sexistak izan dira, baina baita erantzuna. Hori dela eta Bilboko Konpartsak eta herritarrak zoriondu nahi ditugu emandako erantzun azkarragatik. Batez ere Bilboko mugimendu feminista. Lehen egunetik gai izan dira erasoen aurrean autodefentsa feministaren garrantzia erakusteko, emakume brigadak, manifestazioak eta ostiral gauean jaietan ordu beteko geldialdia antolatzeko. Izan ere, jaietan, urte guztian gertatzen den bezala, gizartean instalatutako matxismoa ageri da. Emakumeen kontrako erasoen bitartez bere aurpegi latzena erakusten digun indarkeria, alegia. Hala ere, jaietan izandako elkarretaratze guztietan alkatea egon ez izana kezkagarritzat jotzen du EH Bilduk. Jai batzorde mixtoak adostutako protokoloaren arabera antolatutako hiru elkarrateratzetik bitan ez da egon. “Aburto jaunak gizarteari azaldu beharko lioke zergatik zuen nahiago zezen plazan egon Juan Karlos Borboiarekin, ehundaka herritar Arriagan plazan batzen ziren bitartean. Gizarte erdiaren eskubideak, alegia emakumeen eskubideak, defendatzen zituzten herritarrak”, salatu du Fatuartek. Horretaz gain, Udalak, beste erakundeak bezala, berdintasun politika baten aldeko apustu serioa egin behar du desberdintasunekin bukatzeko eta ez bakarrik egoera horrek dakartzan ondorioei aurre egiteko. Hurrengo aurrekontua, esaterako, aukera paregabea izango da emakumeenganako konpromiso hori erakusteko.
  • Udalak azpiegitura publikoetan zezenketak bultzatzen jarraitzen du. Nahiz eta gero eta gehiago izan kontra dauden herritarrak, beste behin Aste Nagusian 9 zezenketa egin dira. Diru pubikoz (Udalak 40.000 euro gastatzen ditu sarreretan EAJ, PSOE, PP eta jubilatuen elkarteen artean banatzeko) babestutako eta bultzatutako zezenketak izan dira. Gaur publiko egin diren datuek erakusten dute gero eta jende gutxiago doala zezen plazara eta hori da Juan Mari Aburtok ikusi nahi ez duen errealitatea. Gogoratu behar da zezen plazaren jabetzaren erdia Udalarena dela eta aurreko urtean 150.000 euroko galerak izan zituela. Hirugarren urtez galerak izango ditu. Eta hirugarren urtez alkateak zalantzak baditu jar dezala beste hautesontzi bat irailaren 25ean eta galde dezala ea herritarrak zezenketak nahi dituzten. Eztabaida kalean dago.

descarga (2)

  • Alkatea protagonismo bila: Aburtori kostatu egiten zaio ulertzea herritarrak eta konpartsak direla jaietako protagonistak beste hiru ikonorekin batera. Hau da, Mari Jaia, Pregoilaria eta Txupinera. Agian hauteskunde batzuen hurbiltasunagatik duen protagonismo nahiak oposizioko taldeekin izandako jarrera azal dezake: barraken irekieran edo bilbainaden sarietan oposizioa alde batera utzi ditu.
  • Meza katoliko instituzionalak: abuztuaren 5ean Alkatetzak ekitaldi instituzionalen aurrerapen bat bidali zuen. Horien artean abuztuaren 15 eta 16rako mezak zeuden, Mari Jaiak erlijioarekin zerikusia izango balu bezala. Beste behin ere, gobernuak erakutsitako izaera erlijiosoa salatu behar dugu.
  • Harrera: Udalak antolatutako harrerak herritarrei arrotz egiten zaizkien ekitaldiak dira, batez ere osteguan alkateak egindakoa. Arriagan egiten denaren inguruan EH Bilduk honako proposamena egiten du: gonbidapen kopuru bat herritarren artean zozketatuak izatea. Horretaz gain, koalizioak modu publikoan galdetzen du ea zer dela eta aurten Euskaltel bezalako enpresa pribatu batek harrerara joateko gonbidapenak zozketatu dituen.

Azkenik EH Bilduk Gisèle Fellik eta Patxo Telleriak Txupinera eta Pregoilari bezala, hurrenez hurren, egindako lana eskertu nahi du. Orain Aste Nagusiaren historiaren parte dira. Eta horrek pozten gaitu.

EH Bildu Bilbo

EH Bilduren oinarri sozialak Bizkaiko zerrenda bozkatzeko aukera izango du datozen uztailaren 28 eta 29an

Aste honetan iragarri bezala, Hauteskunde Autonomikoetarako Bizkaiko zerrendaburua eta zerrendakideak izateko EH Bilduko oinarri sozialak proposamenak egiteko aukera du uztailaren 27arte. Egun horretan, Bizkaiko mahai politikoak, bai bere proposamena, eta baita, proposatuak izaten ari diren pertsonekin egin beharreko kontrastea gauzatu ondoren, herrietatik jasotako proposamenak helaraziko dizkio militantziari.

Uztailaren 28 eta 29 bitartean, hau erabaki berria, EH Bilduren oinarri sozialak aukera izango du bozkatzeko dauden proposamenen artean. Bozketa hori aurrera eramateko, bide hauek erabiliko ditugu:

  • Bizkaiko EH Bilgunean (Buenos Aires, 2, Bilbo) eta koalizioko alderdien Bilboko egoitzetan, uztailaren 28an, 10:00etatik 19:00rarte, eta 29an, 10:00etatik 15:00rarte.
  • bizkaia@ehbildu.eus bidez jasoko duzuen inkesta baten erantzunez.
  • EH Bilduren Komunitatearen bitartez “Bizkaiko zerrenda” izena daukan taldean bozkatuz. Horretarako, Komunitatean erregistratuta egotea beharrezkoa da. http://ehbildu.eus/es/komunitatea-zabalik
  • eta whatsapp eta telegram 638522871 telefonora bidalitako mezuen bitartez.

Eh Bildu Bizkaia

X