Kargu publikoek jasotako ikuskizun eta kontzertuetarako sarrerak herritarren artean zozketatzea eskatu dugu

Koalizioak, beste behin ere, BBK Liverako jasotako 4 zinegotzientzako 16 bonoak eta eguneko 18 sarrerak banatuko ditu

EH Bilduk beste behin eskatu du kargu publikoek dohan jasotako sarrerak herritarren artean zozketatzea. Koalizioaren ustez, zinegotziek ez lukete sarrera horiek erabili behar “herritarrak ordezkatzeagatik pribilejio bat” dela uste baitu.

Hau ez da, batzuk esaten duten moduan, erakundeen ordezkaritzarekin zerikusirik. Hori alkateak eta dagokion zinegotziak egin dezakete, betiere izen eta abizena daramaten sarrerekin. Guk salatzen duguna oso desberdina da. BBK Liverako ehun gonbidapen baino gehiago jaso ditugu udalean. Gure taldea 4 zinegotzik osatzen dugu eta 16 bono eta eguneko 18 sarrera  jaso ditugu. Pertsona batek jaialdian erabili ditzakeen baino askoz ere sarrera gehiago dira horiek. Jakin beharko genuke nork erabiltzen dituen sarrera horiek guztiak. Horrek ez dauka zerikusirik erakundeen ordezkaritzarekin”, salatu du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak.

Irailean egindako proposamena

Ia orain dela urtebete EH Bilduk salaketa bera egin zuen. Irailean koalizioak, erakundeenganako konfiantza hobetzeko asmoz, proposatu zuen horrelako gonbidapenak herritarren artean zozketatzea. Gobernua osatzen duten alderdiek, EAJk eta PSEk, ezetza eman zioten proposamenari PPrekin batera.

Erantzun hori jaso arren EH Bilduk hasieratik erakutsitako jarrera berdinari eutsiko dio eta jasotako gonbidapenak herritarren artean zozketatuko ditu.

Fatuarte: “Emakumeak gero eta txiroagoak dira, eta euren bizi baldintzak gero eta gogorragoak dira”

Krisi ekonomikoak eragin latzak izan ditu gizartearen sektore guztietan baina eragina latza izan da, batez ere, emakumeengan. Epe luzeko langabetuen artean emakumezkoak gizonezkoak baino gehiago dira eta, aldi berean, kobratzen duten pentsioa baxuagoa da. Faktore bi horiei beste batzuk gehitu behar zaizkie, esaterako, mendekotasunean eta umeei zuzendutako gizarte zerbitzuetako laguntzetan izandako murrizketak. Izan ere, askotan lan horiek emakumeak egiten bukatzen ditu”, salatu du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak Bilboko azken Osoko Bilkuran. Egoera horri irtenbide bat bilatzeko asmoz EH Bilduk plan bat martxan jartzea proposatu eta aho batez onartu da.

Krisialdi ekonomikoaren ondorioak herritarren zati handi batentzat kaltegarriak izan dira, baina datuek diotenez, emakumeek are ondorio larriagoak pairatu dituzte. Egun emakumeak gero eta txiroagoak dira eta euren bizi baldintzak gero eta gogorragoak dira: epe luzeko langabetuen artean emakumeak gizonezkoak baino gehiago dira; emakumeen bataz besteko pentsioa txikiagoa da gizonena baino; haur-eskola eskaintza murritzagatik eta mendekotasunean zein umeei edo familiei bideratutako gizarte zerbitzuetan egin diren murrizketen ondorioz, zaintza lanak emakumeen esku gelditzen dira. Ondorioz, emakumeek aukera eskasagoak dituzte lan merkatuan eta txirotasun egoeran murgiltzeko aukerak gero eta handiagoak dira, batez ere familia monomarentalen kasuan.

Jakin badakigu emakumeen txirotasunak lan merkatuan ondorioak izatez gain, etxebizitza alorrean, osasunean, hezkuntzan eta euren parte hartze sozial zein politikoan ere ondorioak dituela. Gainera, ezin dugu ahaztu, krisialdi ekonomikoa indarkeria matxistaren ondorio zuzena ez bada ere, honek areagotu egiten duela, zalantzarik gabe. Guzti honengatik emakumeen txirotasunari aurre egitea lehentasunezkoa izan beharko litzateke.

Prozesua berdintasun sailetik zuzendu beharko litzateke, baina era berean ezinbestekoa izango da udaleko beste hainbat sailekin batera lan egitea eta baita gizarte eragileekin ere zein oposizioko udal taldeena ere.

EH Bildu Bilbo

Gure dolumina Yolanda Rojas Venezuelako Bilboko kontsularen heriotzaren aurrean

“Venezuela aurrera”, Alternatiba kide duen Iraultza Bolivartarrarekiko Euskal Elkartasun Plataformak, Yolanda Rojas Urbina-ren, Venezuelako Errepublika Bolibartarraren Bilboko Kontsul Orokorraren heriotza dela eta, bere atsekabetze sakonena, adierazi nahi du. Familiari eta Koltsulatuko talde guztiari gure doluminak adieraztearekin batera.

Yolanda-k fisikoki soilik utzi gaitu. Bere oroimena gure buru eta bihotzetan mantenduko da. Bere lan ona, bere espiritu askea, bere adeitasun bereziki berezia. Hutsik gabeko diplomatikaria soilik ez, une zailenetan lehen lerroan beti egon dena joan da. Yolanda, ororen gainetik, Iraultzaile bat izan da. Justizia sozialean eta pertsonen duintasunean oinarritutako mundu hobe baten aldeko borrokalari nekaezina izan da. Proiektu sozialistan sinetsi izan zuen beti, Hugo Chávez Komandantearen legatuari jarraitu zion eta fidela izan zen, momentu oro, Iraultza Bolibartarrarekiko.

“Venezuela aurrera” mugimenduko hainbat eta hainbat lagunentzat eta berau osatzen duten 29 eragile, alderdi eta sindikatuentzako, Yolanda diplomatika bat baino gehiago izan da. Lagun bat izan zen beti.

Bere heriotzaren aurrean, Markos komandanteordearen esaldi bat gogoratu nahi dugu, gure ustetan Yolanda ezinegokiako definitzen duena: “Askatasuna egunsentia bezalakoa da, lotan goiza iritsi zai itxaroten dutenak daude. Baina iratzarri eta gaua oinez igarotzen dutenak ere badaude”.

EH Bilduren oharra

EH Bilduko militanteok Bilbon Venezuelako kontsul Yolanda Rojasen heriotzak sortutako atsekabea azaldu nahi dugu. Era berean, gure elkartasuna eta dolumina adierazi nahi diogu familiari eta kontsulatuko talde osoari.

Bera ezagutu eta berarekin lan egiteko aukera izan dugun EH Bilduko kide guztiok beti maitasunez gogoratuko dugu.

Yolandak, beti diplomazia zorrotzenetik, maitasuna eta errespetua erakutsi zion beste herritar bat bezala hartu zuen Euskal Herriari.  Berak bezala, mundu hobe bat eraikitzearen utopia partekatzen dugun milaka Euskal Herritarren gogoan izango da beti.  Agur eta ohore Yolanda!

Alba Fatuarte: “Egun gazte batek duen soldataren bikoitza beharko luke etxebizitza baten alokairua ordaintzeko”

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak koalizioak proposatutako Alokairua Ordaintzeko Udal Laguntza Plana aurkeztu du. Bilboko gazte birekin batera, hauek etxebizitza baten alokairua ordaintzeko dituzten arazoetaz hitz egin du. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, gazteen langabezia tasak bikoiztu egiten du populazio osoarena.

Bilbo egoera horren adibide argia da. Gaur egun ia 8.000 gazte langabezian daude eta lan egiten dutenen artean prekarietatea da nagusi. Egoera horretan, eta kontuan izanda etxebizitzara bideratu beharreko soldataren zatia gehienez %30eko izatea gomendatzen dela, gazte batek egun duen soldataren bikoitza beharko luke etxebizitza libre bat alokatu ahal izateko. Izan ere, etxebizitza alokairuaren batezbesteko prezioa 925 eurokoa da.

Alokairua Ordaintzeko Udal Laguntza Programa

Egoera horren aurrean, eta beste udalerri batzuetan egin den bezala, Bilboko Udalak gazteriaren emantzipazio prozesuak bultzatzea helburu dituzten politikak abian jartzea proposatzen du EH Bilduk.

Jakin badakigu hau ez dela soluzio bakarra eta behin betikoa gazteen emantzipazio arazoekin amaitzeko. Beste neurri askoren artean, ezinbestekoak dira zerga sistema eta aurrekontuen berregituraketa; etxebizitza eskubide subjektiboaren defentsa; etxebizitza babestuak soilik alokairukoak izateko politikak; etxebizitza hutsak behar sozialetara bideratzeko politikak” esan du Alba Fatuarte zinegotziak.

Diru-laguntza zuzenak eskainiko dituen programa bat martxan jartzea behin-behineko abagune neurri bat dela uste dugu, baina era berean, guztiz beharrezkoa eta urgentziazkoa, egungo egoera sozioekonomikoa dela eta, gazteentzat ia ezinezkoa delako euren kabuz eta laguntzarik gabe emantzipatzea”, adierazi du Fatuartek.

EH Bildu Bilbo

X