Euskararen Eguna: ospatzeko, salatzeko eta aldarrikatzeko eguna.

“Gaurkoa, Euskararen Nazioarteko Eguna, ospatzeko, salatzeko eta aldarrikatzeko eguna da”. Hala hasi du bere hitzartzea Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek abenduaren 3ko ospakizun honen harira.

Ospatzeko, euskararen gizarte eragileek, euskaltzaleek eta erakunde publikoek lan eskerga egin dutelako euskararen normalizazioan azken hamarkadetan eta hizkuntza asko ez bezala bizirik iritsi delako gaur egunera. Ospatzeko, euskaltzaleek eta euskalgintzak egunero  euskararen aldeko konpromisoari eusten diotelako; eta bihar ere, konpromisoarekin jarraitzeko prest daudelako. Baina ospakizunak neurriz egin behar dira, jakitun garelako, euskara bizirik egon arren, osasunetik urrun dagoela.

Gaurkoa salatzeko eguna ere bada, hizkuntza eskubideen urraketak betikotzen ari diren bitartean, hainbat instituzioetako arduradun politikoek konpromiso eta seriotasun falta erakusten dutelako, arauak ez betetzeak zigorrik ez ekartzea onartzen dutenean.

Bilbon bereziki, ospatzeko ezer gutxi dugu gaurkoan. Egia da, inoizko udal gobernu euskaldunena dugula, alkatea barne. Hau positiboa dela deritzogu, Udal gobernuaren barne zein kanpo jardueran euskararekiko begirunea gero eta sendoagoa dela ikusten dugulako. Tamalez, jarrera hori ez doa bat euskarak Bilbon behar duen bultzadarekin. Horixe da EH Bilduko kideok ondorioztatzen duguna, joan den astean onartutako Udal aurrekontuak aztertuta. Izan ere, Bilboko Udalaren diru sarrerak %4 igoko badira ere, Euskara sailak ia 250.000 euroko murrizketa izango du 2016an, eta kopuru hori are handiagoa izango zen, ez balitz onartu EH Bilduk aurkeztutako emendakin bat, zeinari esker 50.000€ gehiago bideratuko diren euskararen erabilera sustatzeko.  Gobernuak ez zituen onartu, ordea, Udal talde honek egindako beste hainbat proposamen, saltokiak euskalduntzeko, euskararen arnasguneak sustatzeko,  euskarazko komunikabideak bultzatzeko, udalaren webgunea .eus domeinura igarotzeko, ezta euskara ikasteko diru-laguntzekin lotutako 5 proposamen ere.

Edonola ere, baliabide ekonomikoez gain, Udalak badauka beste hainbat tresna, Hizkuntza Politika eraginkor eta ausartaren bidez Bilbo euskaldunaren bidea bultzatzeko. Adibide bat euskararen udal ordenantza da. EH Bildutik urteak daramatzagu ordenantza horren beharra aldarrikatzen, berebizikoa delako arlo juridiko, politiko eta administratiboan euskarari dagokion estatusa lehenbailehen bermatzea. Ikasturte honetan hain zuzen ere, hainbat salaketa egin behar izan ditugu espazio publikoan antolatutako ekitaldietan euskaldunon hizkuntza eskubideak etengabe urratzen direlako. Ordenantzarik gabe euskaldunok babesgabe gelditzen gara gure hirian; Udalak hala erabaki duelako. Horrelako momentutan, gure eskubideak zapaltzen dituztenean, alegia, oso zaila izaten da batzuek aldarrikatzen duten #poziktibity jarrera delakoa mantentzea. Argi dago euskaldunok euskara beldurrik gabe erabili behar dugula, baina, hori ezinezkoa da trabaz beteriko hiri batean: beldurra baino etsipena da.

Udal Gobernu honen etorkizuneko hirian euskara ez dago kontenplaturik: ez dago hizkuntzaren erabilera edota transmisiorako plangintza argirik, ezta ezagutza eta irakaskuntza sustatzeko ere: euskalduntze eta alfabetatzearen doakotasun unibertsalerako urratsak eman beharrean, euskara ikasteko diru-laguntza partida bere horretan mantentzea erabaki da eta gainera Bilbotar gehienek ez dute dirulaguntza hauek eskatzeko aukera ere. Oztopo horiek guztiek euskaldunon bizi kalitatea mugatu baino ez digute egiten.

EH Bildun konpromiso zehatzak nahi ditugu mahai gainean. Non dago duela urtebete Udal Gobernuak bultzatutako “Euskararen Bilbo” akordioa?… ahaztuta dagoeneko! Jakin badakigu, Euskara Saileko arduradunek publikoki hala adierazi dutelako, Euskararen Aholku Batzordea laster sortuko dela, baina egun ez dakigu nola gorpuztuko den: ez dago argi nortzuek osatuko duten ezta zeintzuk izango diren bere funtzioak. Gure iritziz, instituzioak euskalgintzarekin esku-hartze zuzena izateko espazioa izan beharko litzateke batzorde hori; barne zein kanpo planei jarraipena egiteaz gain, edukiz hornituko dituen erabakigunea; eta ez beste sail batzuetan gertatzen den bezala, sei hilean behin argazki bat egiteko bilduko den gune informatzaile soila. Euskararen normalizazioan aurrera egiteko, gobernu honek parte hartze aktiboaren bidean bidelagun aurkituko gaitu beti; baina argi utzi nahi dugu ez diogula zilegitasunik emango Udalaren irudia zuritzeko baino sortutako espazio bati.

Behin eta berriro diogu hitzetatik konpromisoetara igarotzeko momentua dela. Eh Bildu Bilbo-n ondorengo dekalogoa gure egin dugu:

Euskara Dekalogoa

EHBildu Bilbo

Alba Fatuarte: “Iberdrolaren jokabidea ez da batere eredugarria”

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotziak gogoratu du Iberdrola argiaren prezioa manipulatzeagaitik zigortua izan dela. Eztabaida Udalbatzarrera eramango du EH Bilduk.

Iberdrola multinazionalari Bilboko Udalak emandako titulua bertan behera uzteko eskatu du EH Bilduk. Koalizioak eskari hori beste behin egiten du azken orduetan ezagutu den albistearen harira.

Izan ere, Lehiakortasunerako Batzordeak 25 milioi euroko isuna ezarri dio multinazionalari argiaren prezioa manipulatzeagatik. Batzorde horren arabera, Iberdrolak eskaintza murriztu zuen 2013. urteko gabonetan prezioak gora egin zezan. Jarrera hori multinazionalari emandako titulua eta aipamena bertan behera uzteko nahikoa dela uste du koalizioak.

torre-iberdrola-bilbao

Udalak 2011an Bilbotar Ospetsua titulua eman zion Iberdrolari. Aipamen hori bilbotarren izenaren, irudiaren eta interesen alde agerian jokatu duen pertsona eta erakundeei ematen zaie. “Eta herritarrek ordaindu beharreko argiaren prezioa manipulatzea ez da batere eredugarria”, salatu du Alba Fatuarte zinegotziak.

Multinazionalaren etika berriz ere ezbaian

Ez da lehen aldia Iberdrola enpresaren jokabidea eztabaidagarria dela. 2009 eta 2010 urteetan, pizgarri fiskalen aitzakipean, ez zuten Sozietateen Gainerko Zergarik ordaindu. “Urte horietan 5.700 milioi euroko irabaziak izan zituen multinazionalak. Beraz, nahiz eta legala izan, Iberdrolaren jokabidea ez da batere  eredugarria” esan du Fatuartek.

EH Bildu Bilbo

Fatuarte: “Lapurtu dizkiguten kaleak eta erlojuaren ordu guztiak bizi nahi ditugu. Askatasunez bizi ere, kalea eta gauak gureak baitira”

Gure kide eta Euskal Herria Bilduko Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek azaroaren 25 emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako egunaren harira eginiko irakurketa udalak Alondegian antolatutako ekitaldian:

Hiriaren erdia ez omen da guretzat; espaloien erdia; kaleen erdia; eta batek daki, arnasteko airearen erdia ere ez ote dugun ukatua.

Bilboko mapa ikusi eta, guretzako, gune beltzak eta zonalde debekatuak ageri dira nonahi.

Erlojuaren erdia ere ez; denboraren erdia, gaua, ukatu baitigute. Beldurgarriena da maite zaituen horrek jartzen dizkizula mugak. Beldurgarria. Maite zaituenak askatasuna mugatzen badizu, zer ez du  egingo min egin nahi dizunak?

Izan ere, inork daki non azalduko zaizun otsoa, eta ezjakintasun horrek beldurtuta bizitzera kondenatzen gaitu.

Baina aski da esateko garaia dugu.

Hiri osoa nahi dugu; bizitza osoa. Auzo zein kale guztiak nahi ditugu; lapurtu dizkiguten argiztatu gabeko izkinak eta erlojuaren ordu guztiak bizi nahi ditugu. Askatasunez bizi ere.

Eskubide guztiak dituzten pertsona horien modura bizi nahi dugu; kalea eta gaua gureak baitira.

https://pbs.twimg.com/media/CUmGil8WwAA5L59.jpg

Alba Fatuarte: “Prekarietate egoeran daude zaintzan aritzen diren pertsonak”

Gure kide eta EH Bildu Bildoko zinegotzi Alba Fatuarteren hitzartzea azken udalbatzan, Veronica del Carmen langilearen heriotzaren harira, paperik izan gabe baldintza txarretan lan egiten zuen etxean hil baitzen eta, horregatik, Udal gobernuari Osalan erakundearen ikerketa eskatzeko proposamena eraman du koalizioak.

Veronica del Carmen, Nikaraguan jaiotako 28 urteko langile Bilbotarra bere lanpostuan (Derion) hil zen urriaren 13an. Pertsona nagusi bat zaintzen lan egiten zuen eta haren etxean hil zen. Baina egoera irregularrean zegoenez, gertakari hauek ez dira ikertu. Hori dela eta, EH Bilduk eskaera zehatza eraman du gaurko Osoko Bilkurara: Osalan-i beharrezko ikerketak egiteko eskatzea, eta beharrezkoa izanez gero, arlo judizialean neurriak hartzea ahalbidetzea. EAJ, PSOE eta PP batu dira proposamena atzera botatzeko.

Veronica del Carmen, Nikaraguan jaiotako 28 urteko langilea, azken 4 urteetan Bilbon bizi izan zen, urriaren 13an, Derion hil zen egunera arte. Pertsona nagusi bat zaintzen lan egiten zuen eta haren etxean hil zen. Baina egoera irregularrean zegoenez, gertakari hauek ez dira ikertu.

Kasuak izandako oihartzun ezak erakusten du zer nolako prekarietate egoeran dauden zaintzan aritzen diren pertsonak, hala nola, egun indarrean dagoen Atzerritarren Legeak dituen ondorioak. Lege horrek emakumeen eskubideak urratzen ditu. Veronicak bezala, euskal gizartearentzat ezinbestekoak diren zerbitzuak eskaintzen dituzten emakumeen eskubideak urratzen ditu lege horrek.

Veronica kontratu gabe ari zen lanean eta baldintzak oso gogorrak ziren: atsedenerako denbora ez zitzaion bermatzen, ezta ere medikuen zerbitzua jasotzeko eskubidea.

Beharrezkoa da langileen osasun eta segurtasun neurriak bermatzea eta horretarako, enpresen eta administrazioen konpromiso handiagoa behar da.

Etxeko langileen kolektiboaren lan baldintzek ez dituzte osasun fisikoa eta emozionala bermatzen. Beste pertsona batzuk zaintzen duena zaintzea ez da aurreikusten. Hori langile horiek duten babes ezaren ondorioa da.

EH Bildu Bilbo

X