Fatuarte: “Udalak badaki hirian puntu beltz berriak sortzen direla eta ez du ezer egin aurre egiteko”

Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuarteren hitzartzea azken udalbatzan indarkeria matxistaren harira eta udal gobernuak haren kontra egiteko borondate faltaren inguruan.

Udalberrik proposatuta eraso matxistei nola aurre egin galderaren inguruan eztabaidatu dugu gaurko Osoko Bilkuran. Udalbatzan entzundakoa oso interesgarria eta beharrezkoa izan da, baina EH Bildurentzat are garrantzitsuagoa plan eta helburu haiek aurrekontu partida zehatzetara eta egutegi konkretu batera lotuta egotea, plan hauek kajoi batean ahaztuta gelditu ez daitezen.

Adibide bat ematearren, uste dugu oso argigarria dela 2010ean landutako Hiri debekatuaren Maparen kasua. 2012an  EH Bildutik Mapa hori burutzeko plangintza bat eskatu genuenean, hau da, planean agertzen ziren ondorioak eta gomendioak aplikatzeko egutegi batera lotutako baliabideak zehaztea eskatu genuenean, PNVren eta PPren ezezkoa jaso genuen Udalbatzar honetan bertan.

Plan hori egin zenetik 5 urte igaro dira, eta joan den astean sexu eraso bat gertatu zen, plan horretan bertan zehazki aipatzen den zonalde eta kale batean (Hermogenes Rojo Kalea). Eta ez hori bakarrik, Udal honek jakin badaki hiri honetan puntu beltz berriak sortzen ari direla, adibidez Isozaki dorretan, eta ez du ezer egin arazo honi aurre egiteko. Eta zerbait egitekotan, gehienetan izaten da erasoak gertatu ondoren; adibidez Iturribide eta Zabalbide arteko kasuan bezala. Puntu hori identifikatuta zegoen aspalditik, emakumeen elkarteek eta mugimendu feministatik ere puntu hori behin baino gehiagotan salatu zuten, baina Udalarentzat ez zen lehentasun bat izan, han sexu eraso bat gertatu zen arte.

Orduan guk ikusten duguna da Udal honek oso intentzio onak adierazten dituela, baina gero, asmo hoiek ez direla lehentasunetan bihurtzen, ez zaizkielako baliabideak bideratzen. Orduan, txostengintza egitea oso ondo dago, baina goazen interbentzio eta egitasmo errealetan gehiago inbertitzera, mesedez.

EH Bilbu Bilbo

Fatuarte: “Iragarki hauetan emakumeen balore intelektualak ukatu egiten dira soilik bere itxura fisikoarekin arduratuta dagoenaren irudia sustatuz”

Emakumeen duintasunaren aurkako estereotipo sexistak sustatzen dituzten hainbat publizitate kanpaina Bilbao Ekintzak diruz lagunduta egotea salatu eta, egoera hori errepikatu ez dadin, zenbait proposamen aurkeztu ditu Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek.

Astebeteko epean, EH Bilduko udal taldeak izaera sexista duten bi publizitate kanpaina salatu behar izan ditu, biak Bilboko Udalak diruz lagunduta, Bilbao Ekintzaren bidez.

Bi kanpaina hauetan argi azalarazten da publizitatean gehien erabilitako estereotipoetako bat: Emakume Modeloarena, alegia. “Emakume hau objektu eder baten itxurapean aurkezten digute, bere ardura bakarra polita izan eta bere burua nabarmentzea delarik. Iragarki hauetan emakumeen balore intelektualak ukatu egiten dira soilik bere itxura fisikoarekin arduratuta dagoenaren irudia sustatuz. Iragarki hauek sinestarazi nahi dute gizartean arrakasta izateko emakumea ederra izan behar dela. Ez dezagun ahaztu horrelako mezuek gazteengan osasun psikiko eta fisiko ugari eragiten dituztela. Horra, adibidez, anorexia edo bulimia. Horretaz gain, irudi hori errealitatetik urrun dago eta emakumeekiko errespetu falta itzela azaleratzen dute”, salatu du Alba Fatuarte zinegotziak.

“EH Bilduk Santutxu Stock kanpaina salatu ostean, hau bertan behera geratu zen. Egun gutxira Bilbao Shopping Night kanpainaren berri izan genuen eta gure salaketaren harira antolatzaileei Begira Dekalogoa igorri zitzaien mezu elektroniko bitartez. Kasu honetan kanpainari eutsi zioten. Horrek agerian uzten du egoerak erantzun integral bat eskatzen duela”, gaineratu du Fatuartek.

EH Bilduk beti defendatuko du gure hiriaren merkatari txikien jarduera sustatzeko kanpainak diruz laguntzeko beharra, baina inoiz ez kanpaina horiek estereotipo sexistetan oinarritzen badira. Izan ere, Berdintasun Legea betearazi behar duenak ezin die horrelako kanpainei sostengurik eman.

Guzti honengatik uste dugu arazo honi eman beharreko erantzuna, ez dela soilik kontrolaren bidetik etorriko: pedagogia, azterketa eta jarraipen lanetik baizik. Soilik horrela ziurtatu ahal izango dugu emakumeen duintasunaren aurka doazen publizitate kanpaina sexistarik berriro ez argitaratzea.

Ildo horretatik abiatuta, mozioa aurkeztu dugu, urriaren 29an izango den Udalbatzarrean eztabaidatu dadin. Proposamenean gobernu batzordeari agintzen diogu Udalak diruz lagundutako publizitate kanpainen jarraipen eta analisia gauzatzeko lan plangintza bat abian jartzea eta hauetan sexismoaren erabilera antzemateko eta eragozteko tresnak artikulatzea. Bestetik, iragarki hauen kudeaketaz arduratuko diren entitate eta enpresei zuzendutako aholkularitza programa bat martxan jartzea proposatzen da. Azkenik, publizitate sexistarekin zerikusia duten salaketak jasotzeko tresnak abian jartzea ere berebizikoa dela uste dugu. Proposamen eta neurri guzti hauen helburua estereotipo sexistak sustatzen dituzten kanpainak edota emakumeen duintasunaren aurkako irudiak diru publikoz ez ordaintzea da.

EHBildu Bilbo

EAJ eta PSEk herritarren ekimenei ezarritako betoa salatu du EH Bilduk

EH Bilduko Udal Taldeak EAJ eta PSEk Uribarriko Gure Etxea bizilagun elkarteari ezarritako betoa salatu du. Elkarte horrek ekimen bat aurkeztu du urriko Udalbatzak jorratu dezan. Gobernua osatzen duten alderdi biek bidea eten diote herritarren ekimen horri.

Erabaki harrigarria kontuan izanda ezezkoa beste ekimen bat onartu ostean gertatu baita. Izan ere, Iradokizun eta Erreklamazioen Batzordeak aho batez onartu du beste ekimen bat. Hain zuzen ere, Kaleratzerik Ez! desjabetzeen aurkako plataformak aurkeztutakoa.

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak uste du EAJ eta PSEk “batean kale, bestean bale” jarrerari eusten diotela. “Beto honek erakusten du gobernuaren hitzaren balio eza. Aurreko ostiralean parte hartzeari buruz esandako guztia ezerezean geratu da. Horrelako jarrerarekin EAJk eta PSEk herritarren parte hartzea mespresatzen dutela erakutsi dute”.

EH Bilduk berriz ere argi uzten du herritarrek egindako proposamen guztiak Udalbatzan eztabaidatuak eta bozkatuak izan behar direla, inolako salbuespenik gabe.

EH Bilduren baitan gure kide Alba Fatuartek salatutako kanpaina sexista bertan behera geratu da

Aurreko astean Santutxun egindako kanpaina sexista salatu zuen Alternatibako kide eta EHBilduko zinegotzi Alba Fatuartek. Kanpaina bertan behera geratu da.

Joan den astean Santutxuko merkataritza sustatzeko kanpaina sexista baten berri izan genuen. Irudian maniki itxurako hainbat emakume agertzen ziren. Arropa erostea ardura bakarra duen pertsona bat bezala irudikatzen zuten emakumea. Oso larritzat jo genuen horrelako kanpaina bat abiaraztea eta salatu egin genuen.

Hala ere, are larriagoa iruditu zitzaigun kanpaina horrek Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuela jakiteak. Izan ere, Berdintasun Legea betearazi behar duenak ezin ditu horrelako iragarkiak babestu.

Santutxu

Salaketa horren ondorioz kanpaina bertan behera uztea erabaki dute. Horretaz gain, ematen dituzten diru-laguntza guztietan berdintasunarekin zerikusia duten klausulak indartuko dituzte.

EHBildu Bilbo

Fatuarte: “TTIP onartzeko, atzeko atetik, ezkutuan eta isilean, gai honi buruzko eztabaida publikoa ahalik eta gutxien ematea nahi da”

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziaren hitzak AEBen eta Europako Batasunaren arteko TTIP merkataritza askerako akordioaren inguruan Bilboko Udaleko azken udalbatzan.

Noski, TTIP onartzeko, atzeko atetik, ezkutuan eta isilean, gai honi buruzko eztabaida publikoa ahalik eta gutxien ematea nahi da. Edo nahiko lukete batzuek. Ze, zirriborroak aztertu ahal izateko europarlamentarioek pasa behar izan dituztenak, erabat lotsagarriak dira. Lotsagarriak baina adierazgarriak.

Egia esan harrigarria da ikustea PNV eta PSOEk gardentasuna bermatzeko beharra azpimarratzea. Izan ere, hor izan dira Josu Juaristi EHbilduko ordezkaria, baina baita Izquierda Unida eta Podemoseko europarlementarioak ere, prozesu honen gardentasun ezari aurre egiten; eman dieten tartetxoa aprobetxatzen. Gogoratu dezagun bi ordu besterik ez zitzaizkiela testu sekretu bat ikuskatzeko. Horrela ulertzen al du Europako Batasunak gara dezaketela herritarren ordezkariek beren lana?

Baten batek esango du gai hauek Udalbatzar hontatik urrun geratzen direla. Ezin okerrago egon. Europako Batasuna eta Amerikako Estatu Batuen arteko itun honen ondorioak biziki nabarituko lirateke hemen, eta beste erakunde askoren lanean. Zertarako arituko gara gu hemen enpresek bete behar dituzten irizpideez, langileen bizi baldintzez, kontratazio publikoen baldintzez, tokiko garapenaz, nekazaritza eta elikaduraren kalitateaz, geure hizkuntzaren garapenaz, etab. gero Europar Batasunak praktikan gure eskumen guztiak kentzen badizkigu? Onartuko al dugu, permitituko duzue, merkatuaren lege gordin hutsak hori guztia arautzea? Gure burujabetza, Madrilen eta Bruselaren eskuetan uzteaz gain, orain ere Washingtonen esku utziko dugu?

EH Bildu Bilbo

X