Hizkuntza, generoa eta deserosotasuna

Garabideko lagunei esker, berriki aukera izan dut hizkuntza gutxituetako komunitateetako emakumeen topaketa batean parte hartzeko. Benetan interesgarria, izenburutik hasita ere: “Ahalduntzen: Hizkuntza eta generoa”.

Helburua, hizkuntza biziberritzeak emakumeen ahalduntzeari egin diezaiokeen ekarpenari buruzko gakoak identifikatu, gogoeta partekatuak sustatu eta zapalkuntzaren irakurketa anitzetatik, elkarlanerako bideak eta ikuspuntu anitzak elkarlotzea.  

Kontua da, Yukatango maia, Kaqchikel, Nasa, Kitxua eta beste hamaika hizkuntza komunitateetako emakume ekintzaileen hitzak erne entzuten nengoela, konturatu nintzela guztiok zerbait genuela komunean: hizkuntza gutxituez eta dominazio harremanez ari ginen etengabe. Eta ideia horrek duela hilabete eskas Bilboko Udalbatzan izandako liskarraekarri zidan gogora, hain zuzen ere, hizkuntza eta botere harremanekin guztiz lotuta zegoena. Orduan baino argiago ikusten dut orain.

Udalbatza hartan, EH Bilduren izenean euskararen ordenantza eratzeko proposamena aurkezten ari nintzela, Arkaitz Zarragak, udaltzain batekin izandako ika-mikaren harira egindako salaketa gogora ekarri nuen. Euskaldunon hizkuntza eskubideak egunero urratzen direla azaltzeko adibide bat izan zen. Izan ere, gertaera jakin bat izanik, Arkaitzi gertatutakoa ez da egoera isolatua, euskal hiztunok pairatzen dugun menderakuntza egoeraren ondorioa baizik.

Baina Bilboko Udaleko arduradunak ez zeuden prest Arkaitzen hitza sinisteko eta, are gehiago, bere eskubideak urratu egin direla salatu duen herritar baten aurka egitea erabaki zuten: alkatearekin hasita, eta noski, gaztelaniaz, boterearen hizkuntzan. Udalbatzan berak bakarrik dauka hitza emateko eta kentzeko ahalmena, eta bide batez, eztabaidak nahiera mozteko, akusazioak egiteko, gezurrak esateko eta funtsean, egia borobila zein den erabakitzeko ahalmena… Alkateak bere boterea eztabaidak moderatzeko erabili beharrean, tamalez, besteak zapaltzeko erabiltzen du sarri Udalbatzarrean, gehienetan udal gobernuko kideak argudio politikoen faltan daudenean. Hiru urte hauetan askotan ikusi ditut horrelako jarrerak, eta ondo dakit horrek sortzen duen amorrua eta mina.

Mina eta ezintasunaren ondorioz, hain zuzen ere, negarrez hasi nintzen eztabaidaren erdian. Noski, niretzako ez zen samurra izan malkoei ezin eustea halako egoeran, baina bitxia bada ere, beste askorentzat are deserosoagoa izan zen gertaera. Botereaz ari garela, gizonezkoek diseinatutako erakundeetan lekuz kanpo daude ahultasuna adierazten omen duten jokabideak. Egia esan, oro har desatsegina zaie berezkoa ez duten oro. 

Esan bezala, benetan bitxia izan zen Udalbatzan emandakoa. Udal gobernuko kideek nire aurka lotsarik eta, batez ere, argudio eta daturik gabe gogor aritzeagatik ia inor ez zen arduratu (araua berretsi zuen salbuespena Amaia Arenal izan zen, eztabaidan ikusitako jarrera matxistak salatu baitzituen), baina aldiz, zinegotzi bat negarrez egotea ezinegona piztu zuen askorengan. 

Zorionez, udaletxetik atera eta jarraian gobernuz kanpoko erakundeen koordinakundearen urtemuga ekitaldira joan nintzen eta, han, Yayo Herrero ekintzaile ekofeministarekin hitz egiteko aukera izan nuen. Lasai egoteko esan zidan, gizonezkoak nagusi diren eremu politikoetan negar egitea ekintza eraldatzailea delako; feminismoa politikagintzara eramateko beste urrats txiki bat akaso? Ez dakit, baina argi dudana ahalduntzerako lehenengo urratsa zapalkuntzaren jakitun izatea dela. Gerora ere, pentsatu izan dut gizakiok komunikatzeko darabilgun lehen hizkuntza dela negarra. Eta irri egin dut.

Uriola-n argitaratua

Alternatibak eskuin-muturraren gorakadaren inguruko hitzaldia antolatuko du Bilbon

Bihar, abenduak 27, Alternatibak ‘Nork esnatzen du faxismoa? Ultraeskuinaren kontrako estrategiak’ hitzaldia egingo du bere Bilboko egoitzan, Europa osoan, eta azken boladan Euskal Herrian ere, ultraeskuineko taldeen agerizko gorakada eztabaidatzeko, eta honi aurre egingo dioten formula desberdinak aztertzeko.

Hizlari Elena Martinez, Izquierda Castellanako militante feminista eta antifaxista  eta Jordi Borras, hainbatetan eskuin-muturreko taldeek mehatxatutako ilustratzaile eta kazetari-argazkilaria izango dira gurekin. Biek borroka antifaxistan izandako bizipenaz arituko dira eta hauei modu antolatu batean aurre egiteko gakoak ematen saiatuko dira. Zentzu horretan, hitzaldia aurkezteko gure Alternatibako kide, txiolari eta idazle Jonathan Martinezen parte-hartzea izango dugu, bera ere, bere iritzi politikoak sareetan plazaratzeagatik hainbatetan eskuin-muturreko taldeek mehatxatutakoa.

Bilboko ekitaldia hilaren 27an, asteazkena, egingo da, alderdiaren egoitzan (Kasilla plaza 6.eko behealdean) arratsaldeko 18:30etatik aurrera. 

Fatuarte: «Ikusi dugu enpresa horietan nahierara kontratatzen dela, nahiz eta Udaletik diru publikoa jaso»

Diru publikoa jasotzen duten enpresetan Administrazio Publikoan egiten diren antzeko hautaketa prozesuak egitea eskatu dugu azken Osoko Bilkuran. Gure kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek adierazi du proposamen hori egin dela kontratazioetan gardentasuna bermatzeko.

“Azken hilabeteetan ikusi dugu enpresa horietan nahierara kontratatzen dela, nahiz eta Udaletik diru publikoa jaso. Gaur egungo sistema ez da batere gardena eta ez da justua lanpostu batera aurkezten den jendearekin. Izan ere, azken horiek ez daukate inolako aukerarik lanpostua lortzeko”.

EAJk eta PSOEk kontra bozkatu dute. Udalak %50ean parte hartzen duen Bilbao Bizkaia Museoak-en komunikazio teknikari bat aukeratzeko hautaketa prozesuak hainbat gabezi utzi zituen agerian; hautaketa prozesuaren oinarrietan zein enpresa pribatu batek egindako prozesuan izandako gabeziak, hain zuzen ere. Gabezi horiek lanpostu horretara aurkeztu ziren hautagaien artean kezka eta polemika sortu zuten, izan ere, hautaketa prozesuan berdintasun egoeran aurkezten zirela uste zuten.

Gertatutakoa ikusita, eta etorkizunean diru publikoa jasotzen duten enpresa eta erakundeetan egin daitezkeen hautaketa prozesuetan susmorik ez egoteko, beharrezkoa da neurriak hartzea. Beharrezkoa da, hain zuzen ere, prozesuan publizitatea, berdintasuna, diskriminazio eza, gardentasuna eta lehia bermatzea, administrazio publikoan gertatzen den bezala.

EH Bildu Bilbo

X