Behar sozialei erantzuteko Aldundiaren ekimen falta salatu du EH Bilduk eta diru publikoa xahutzea leporatu dio Bilbaoren gobernuari

Prentsa agerraldia egin dute gaur Irune Soto eta Asier Vega batzarkideek (Alternatibako kidea ere bigarrena) Bizkaiko kurtso politikoaren balantzea egiteko.

Joan den astean izan genuen Batzar Nagusietan azken osoko bilkura eta horrekin batera amaitu da legegintzaldi honetako hirugarren urtea. Beraz, momentu egokia da Bizkaiko Aldundiaren jardunaren inguruko eta Bizkaiko egoerari buruzko balorazioa egiteko. Hala egin dugu EH Bilduko batzarkide taldeko kideok eta gaur zuekin konpartitu nahi dugu hausnarketa hori.

Lehenik eta behin, Jose Luis Bilbaoren eta EAJren ekimen faltaz hitz egin beharrean gaude. Iniziatiba gabezia oso nabarmena da eta Bizkaiko Aldundiaren gaitza bihurtu da. Hainbesterainokoa da EAJren utzikeria, ez dela bizkaitarron behar nagusiei inolako erantzunik eskaintzeko gai izan.

Jose Luis Bilbaok enpleguaren sustatzea finkatu zuen Aldundiaren lehentasun gisa. Eta zer ikusi dugu aurten, ez bada Bizkaiak 100.000 langabetu dituela? “Enplegu Plan Berezia”-rekin Bilbao jaunak ez du ezer berririk eskaini, ez du apusturik egin, EAJk ez du Bizkaian enplegua sortzeko estrategia eta norabiderik. Gainera, lan baldintzak kaskartzea helburu duten erasoen aurrean, Aldundiak ez du neurri bakar bat ere hartu, sindikatu eta langileekin batzeko trabak jarri ditu gatazka gehienetan eta obra publikoetan  publikoetako baldintza duinak ez ditu bermatu. Guztion diruaz finantzatu diren obretaz ari gara;  dela San Mames, dela Bilboko Portuko lanetan. Aldundiak ez du sekula iniziatibarik hartu egoera horiei aurre egiteko.

Era berean, Bilbaoren gobenuak ez du ahaleginik egin sektore publikoaren bultzadaz enplegu egonkorra sortzeko. EH Bildutik erabakiorra deritzogu egun pairatzen dugun egoerari aurre egiteko sektore publikoak jokatu behar duen papera. Zentzu horretan, inbertsio sozialaren aldeko apustu garbia egiten dugu. Batetik, behar sozialei erantzuna emateko bidea delako beharrak geroz eta handiagoak diren honetan. Eta bestetik, kalitatezko enplegua sortzeko ere balio duelako. Horri, jarduerak sortzen duen itzulera ekonomikoaren abantaila gehitu behar zaio. Aldundiak ez du urrats bakar bat eman norabide horretan.

Oinarrizko beste zenbait eskubide ere aurrez aurre kolpatzen dituzte Aldundiaren politikek. Adibidez, etxebizitza eskubidea. Zer egin du Bizkaiko Aldundiak herrialdean izan ditugun milaka etxegabetzeak ekiditeko? Zer egin dute Aldundiak eta EAJk BBKn dituzten ordezkariek etxegabetzeen kontra? Zergatik ez die Aldundiak familia kaltetuei guk proposatutako laguntza psikologiko eta juridikoa eman nahi izan? Zergatik ez ditu erraztu Aldundiak bere esku dituen etxe hutsak? Oraindik 88 etxe mantentzen ditu hutsik. Herritarrenganako konpromiso faltak gidatu du Aldundiaren eta EAJren jarduna gai honetan ere.

Bizkaian pobrezia tasak gora doazen honetan, gizarte laguntzetan murrizketak aplikatu ditu Bilbaoren gobernuak. Laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortu ditu. Politika prebentzionista bat bultzatu beharrean, arazoei aurre egiteko nahikoak ez diren partxeak jartzera mugatzen da.

Herritarren beharrekiko inplikazio faltak badu txanponaren kontrako aldea. Bizkaiko Aldundiak konpromiso oso sendoa agertu baitu, herritar guztion dirua xahutzen jarraitzeko. Horren erakusgarri, BECen kasua. BECen gestio txarrak eragiten duen zuloari buelta emateko gai izan ez, eta gainera, zorra itzultzeko atzerapenaren ondorioz, interes gehiago ordaindu beharko dugu bizkaitarrok. Supersurraren defizitak ere hazten jarraitzen du.

Bitartean, Kutxabank pribatizatzeko edo Bilbao Basket taldea bi aldiz erreskatatzeko zeru lurrak astintzeko gai direla erakutsi digute Aldundiak eta EAJk. Baina hatz bakar bat ere ez dute mugitu bankuak etxegabetzeak eten ditzan. Gogoratu behar da, Kutxabank dela Bizkaian etxegabetze gehien exekutatu dituen bankua.

Herritarren behar nagusienentzako ahaleginik ez du egiten Aldundiak baina Bilbao Basket erreskatatzeko 5 milioi euro baino gehiago berehala topatu zituen. Baita inolako bermerik eskatu gabe eman ere. Bestela, nola da posible sei hilabete beranduago, kluba kiebran egotea?

Bizkaiko Aldundiak hartzen dituen erabakiak ez dira gizartearen gehiengo zabalaren interesen aldekoak. Gutxi batzuei egiten die mesede eta gehiengoaren kontrakoak dira. Horregatik, Aldundi honen hirugarren ezaugarri nagusia, beharrezkoa zaiona, iluntasuna da.

Bilbaoren gobernuak zurruntasun osoz jokatzen du Bizkaiko gizartearekiko. Informazio partziala eskaintzen du, oinarrizko datuak ezkutatzen ditu eta oposizioaren lana oztopatzen saiatzen da ahalik eta gehien, Aldundiaren zenbait erabaki herritarrek ezagutu ez ditzaten.

Berezkoa du halaber, erabakiak bulego itxietan hartzea, gizarte eragileen parte hartzea ukatzea, eskakizunak dituzten herritar taldeekin ez biltzea. Finean, gizartearekiko urrun mantentzea. Ukiezina izatea.

EH Bildu osatzen dugunok bestelako gizarte bat dugu helburu. Egun daukagun ereduari buelta emateko aldaketa beharrezko ikusten dugu. Erakundeak gizarte beharrei erantzuteko daude eta norabide horretan jarri behar ditugu lanean. Guztion diruarekin kudeaketa arduratsua egin eta beti gizarte onuraren mesedetara bideratu behar dira guztion baliabideak. Horretarako, berme bakarra, erakundeen gardentasuna eta gizarte sektoreen parte hartzea dira.

EH Bilduk eta batzarkide talde honek, horretan jardungo du lanean eta norabide horretan jarraituko dugu Jose Luis Bilbaoren gobernuaren jarduna kontrolatzen. Bizkaian pairatzen dugun politika injustuak azaleratu eta gizarteratzen ahaleginduko gara indar eta ilusio guztiekin.

EH Bildu Bizkaia

Etxarte: “Udalari eskatu diogu ostrukaren politika baztertu, eta Deustuko Kanaleko obretan lan baldintza duinak berma ditzala”

EH Bildu Udal Taldeak gaur Bilboko Udalari eskatu dio herri lanen lan baldintzen inguruan darabilen “ostrukaren politika” baztertu dezala eta langileen duintasuna eta segurtasuna bermatzeko duen erantzukizunari aurre egin diezaiola.

Ana Etxarte Alternatibako kide eta EHBilduren zinegotziak adierazpen hauek egin ditu San Mamesen azpikontratatutako enpresa batek bere sei langileei lan-hitzarmenean adostutakoa baino gutxiago ordaindu izanagatik ordaindu dien kalte-ordaina ezagutu ostean. “Honela, sindikatuek hileetan zehar salatutakoa egiaztatuta gelditzen da. Era irregularrean jokatzen ari diren enpresak daude, Bizkaiko Eraikuntza Lan Hitzarmena betetzen ez dutenak”, salatu du.

Etxartek kezka agertu du lan baldintzak bermatzeko Bilboko Udalak duen inplikazio urriagatik, baita ere San Mameseko obretan eta Bilboko Portuko obretan gertatutako gehiegikeriak Deustuko Kanaleko obretan errepikatzeko arriskua dagoelako.

Adierazgarritzat jo du Deustuko Kanaleko obretan, San Mamesen gertatu zen bezala, obren aurrekontua lizitatutakoa baino merkeago esleitu izana. “Enpresa eraikitzaileek ez dituzte murriztuko haien mozkinak, ezta Administrazio Kontseiluetako kideek haien soldata ezmoralak ere. Beraz, argi dago: langileen soldatak murriztuko dituzte, lan hitzarmenetan adostutakoa baino gutxiago ordainduz, eta segurtasun neurrien kaltetan”, adierazi du.

Zinegotziak Bilboko Udalari eskatu dio, herri lanetan lan baldintzak ezartzeko gaitasuna duen erakundea denez gero, exijitu dezala Bizkaiko Eraikuntzako lan hitzarmena betetzea eta beharrezkoak diren segurtasun neurriak martxan jartzea kontratatutako eta azpikontratatutako enpresetan. Halaber, koalizio soberanistak udalari eskatu dio neurri zehatzak ezartzeko lan baldintza duinak eta seguruak bermatzeko.

EHBildu Bilbo

Karrantzako hiltegiaren etorkizuna bermatzeko Aldundiaren inplikazioa eskatu du EHBilduk baina EAJ kontra agertu da

Alternatibako kide eta EHBilduko Bizkaiko batzarkide Asier Vegak EHBildutik Karrantzako hiltegiak aurrera egin ahal izateko behar duen laguntza ekonomikoa eman dezatela eskatu die  Eusko Jaurlaritzari eta Bizkaiko Aldundiari.

Jaurlaritzaren osasun baldintzak betetzeko 76.000 euroko inbertsioa egin behar du hiltegiak eta Karrantzako Udalak ezin dio gastuari bere kabuz aurre egin, aurreko legealdiko gobernuaren kudeaketak bi milioi euroko zorra utzi baitu udal kontuetan.

EH Bilduk Batzar Nagusietara eraman du proposamena baina ez da onartua izan. EAJk kontra bozkatu du, Bizkaiko Aldundiaren eskumenak gainditzen dituela argudiatuta. PSEk aldeko boza eman du eta PP abstenitu egin da.

Asier Vega koalizioko batzarkidearen ustez, “ulertezina” da EAJk proposamenari ezezkoa ematea. “Aldundiaren eskumenak gainditzen direla dio EAJk baina ekimenak oso garbi esaten du bakoitza bere eskumenaren baitan aritzea proposatzen dugula. Inplikazioa eta elkarlana eskatzen dugu hiltegiaren etorkizuna bermatzeko, besterik ez” adierazi du Vegak. Batzarkideak gogorarazi du EAJk eskatzen denaren alde bozkatu zuela Eusko Legebiltzarrean eta, beraz, kontraesan nabarmenean erori dela.

Karrantzako hiltegiaKarrantzako abeltzainek, nekazaritza eta abeltzaintza sindikatuek eta sektoreari lotutako enpresek hiltegiaren garrantzia azpimarratzen dutela azaldu du EH Bilduk. Koalizioak larritzat jo du gainera, Irene Pardo Nekazaritza eta Abeltzaintza diputatua Karrantzakoa bertakoa izanik, azpiegituraren etorkizuna bermatzearen kontra agertu izana.

Karrantza Harana da Bizkaian abere buru gehien dituen eskualdea. Era berean, lehen sektorean lanpostu gehien mantentzen dituen zonaldea da, bai abeltzaintza jardueran, baita eraldatze industrian ere. Beraz, EH Bilduren esanetan, lehentasunezkoa da ekonomia jarduera horien garapena sustatzea eta horretarako ezinbesteko jotzen du erakunde desberdinen arteko elkarlana eta inplikazioa.

EH Bilduren ustez, hiltegia itxiko balitz, arriskuan jarriko lirateke abeltzainen jarduera eta ustiapenaren bideragarritasun ekonomikoa. Karrantzako hiltegia itxiko balitz, haraneko abeltzainek Karrantzatik kanpo hil beharko lituzkete abereak eta beraz, produkzioaren kostua garestituko litzateke abeltzainen kaltetan.

Eraso sexisten aurkako irizpide bilduma jasotzen duen liburuxka argitaratu dugu, Bilgune Feministarekin batera

Udalak plazaratutako ‘emakumeentzako segurtasun gomendioak’ jasotzen dituen liburuxkaren edukiari aurre egin nahi diogu horrela, emakumeen askatasuna murrizten duen beldurrean eta debekuan oinarritzen baita.

Bilboko EH Bilduk eta Bilgune Feministak eraso sexistei aurre egiteko irizpide bilduma jasotzen duen liburuxka eman dugu argitara, bi helbururekin: beldurrean eta debekuan oinarrituta, Udalak emakumeei zuzendutako segurtasun gomendioak salatzea batetik, eta eraso sexistei aurre egiteko Autodefentsa Feministan oinarritutako irizpideen berri ematea, bestetik. Ana Etxarte EH Bilduko zinegotziak eta Nora Aurrekoetxea eta Hegoa Ugalde Bilgune Feministako militanteek aurkeztu dute, gaur goizean, eragile biek elkarlanean egindako liburuxka. ‘Info Bilbao’ du izena Udalaren liburuxkak; eta ‘Info Bilbo feminista’ EH Bildu eta Bilgune Feministarenak. 5.000 ale atera ditugu auzoetako jaietan zein Aste Nagusian zabaltzeko.

 

Etxartek adierazi duenez, eraso sexistak errealitate dira gaur egun. “2013an, askatasun sexualaren aurkako 74 delitu gertatu ziren Bilbon, eta horiek zati bat baino ez dira, jakin baitakigu den-denak ez direla salatzen”. Etxarten hitzetan, “EH Bilduk kezka handiz ikusten ditu erasook, baina are preokupazio handiagoz bizi dugu horien aurrean Udalak harturiko jarrera”. Izan ere, beldurrean eta debekuan oinarrituriko ‘emakumeentzako gomendio bilduma’ jasotzen duen eskuorria kaleratu du Udalak berriki. “Eskuorri horretan emakumeei esaten zaigu arriskupean bizi garela, pertsona menpeko eta biktima garela, kalea eta gaua arriskutsuak direla guretzat, eta beraz, gauez kalean egotekotan, hobe dugula lagundurik egon”.

Etxartek irmo salatu du: “Mezu horien bidez, Udalak ez gaitu emakumeak babesten. Biktima bihurtzen gaituen beldurrezko giroa sustatu baizik ez du egten, eta erasoren bat jasatekotan, emakumeok egiten gaitu horren erantzule, arduragabe jokatu eta hartu beharreko neurriak hartu ez ditugulako”.

Eraso sexistei aurre egiteko erantzukizuna emakumeengan kokatzen du Udalak, pertsona guztiontzako segurua eta egokia izango den hiriaren antolamenduan instituzio horrek duen erantzukizuna saihestuz. “Besteak beste, argiztapen eta ikusgarritasun gutxi duten eremuak ekidin behar ditugula esaten digu Udalak, igogailuan pertsona ezezagunekin ez sartzeko eta autobusean edo jende pilaketak ematen diren tokietan ukituak jasanez gero, kalteturik aterako ez garen moduan jokatzeko”.

Etxartek galdera zehatzak egin dizkio Udalari: “Zein da egiazki Udalaren helburua gomendio bilduma horrekin? Zer bilatzen du, etxean gera gaitezen eta gauzak egiteari utz diezaiogun? Gure askatasanari uko egin diezaiogun? Ez gaitezen inortaz fio edozeinek eraso ahal digulako? Norbaitek ukituak eginez gero, isilik gera gaitezen badaezpada zerbait gertatuko zaigun?”

Etxarteren irudiko, “emakumeontzako segurua izango den hiria eraikitzeko duen erantzukizunari uko egiteaz gainera, urteetan mugimendu feministak eginiko lanari bizkarra eman dio Udalak”. “Eraso sexistak oso bestela interpretatu behar dira, eta oso bestela aurre egin behar zaie. Autofentsa Feministaren bitartez, hain zuzen”.

Aurrekoetxeak eta Ugaldek esplikatu dutenez, “Autodefentsa Feminista geure bizitza bizitzeko modu bat da, ahalduntze eta jabetze pertsonal zein kolektibotik. Bizitzako eremu guztietan sufritzen ditugun diskriminazioa eta bereizkeria prebenitu eta horiei aurre egiteko balio digu, baita eraso sexistei aurre egiteko ere”.

Bilgune Feministako kideen iritziz, “Udalak berrikusi egin behar du eraso sexistei aurre egiteko darabilen politika. Ezinbestekoa da emakumeak biktima eta pertsona menpekoak eta inseguruak bihurtzen gaituen diskurtsoa, beldurrean eta debekuan oinarriturikoa, gainditzea”.

Gaineratu dute: “Emakume guztiek jasan dezakegu eraso sexistaren bat, baina gure gaitasunaren zenbat eta jabeago izan, zenbat eta kontzientziatuago egon, orduan eta aukera eta indar handiagoa izango dugu eraso sexistei aurre egiteko. Eta Autodefentsa Feminista kontzientzia eta gaitasun hori lortzeko bitartekoa da, eraso sexistei aurre egiteko bitartekoa”.

EHBilduren webgunean irakurri

Bizkaia iruzurraren kontrako borrokan atzean geratzea deitoratu du EHBilduk

EH Bildu kezkatuta agertu da Bizkaia iruzurraren kontrako borrokan “atzean geratzen ari delako”. Koalizioak adierazi du Bizkaia dela EAEko lurraldeen artean proportzionalki iruzur gutxien azaleratu duena, 2013ko diru bilketen datuak alderatuz.

EH Bilduko batzarkide Irune Soto eta Asier Vegak azaldu dutenez, Bizkaiak iaz 467 milioi euro azaleratu bazituen, Gipuzkoak 397 milioi euroko iruzurra atzeman zuela. Irune Sotoren hitzetan, bi lurraldeen arteko alde proportzionala oso handia da. “Atentzioa ematen du Gipuzkoak 73 milioi euro gutxiago azaleratu izana bakarrik, 394 milioi zehazki. Proportzionalki oso alde handia dago, kontuan hartuta Bizkaiaren diru bilketa Gipuzkoaren ia bikoitza izaten dela urtero. Arabak, berriz, 123 milioi euroko iruzurra detektatu zuen eta kopuru horrek ere Bizkaiko datua gainditzen du proportzionalki.

Sotok azpimarratu du Bizkaia dela EAEn iruzurraren kontra datu kaxkarrenak dituen lurraldea. “Argi eta garbi geratzen da, Jose Luis Bilbaoren gobernuak eta EAJk bultzatu dituzten neurriak direla eraginkortasun gutxien lortu dutenak iruzurraren aurka eta bestelako neurriak bultzatzeko beharra dugula Bizkaian. Koalizioko ordezkarien esanetan, datuei erreparatuta, “are ulergaitzagoa” da Bizkaiko Aldundiak “iruzurraren kontra foru ogasunen arteko elkarlanari oztopoak jartzea”.

Aldundiaren partetik “jarrera aktiboagoa” beharrezkoagoa dela uste du Sotok. “EH Bilduk Gipuzkoako Aldundiaren bidez bultzatu dituen neurrien atzetik ikusi dugu, Gipuzkoa mugitu denean mugitu da EAJ, baina ez dugu Bizkaiko Aldundiaren ekimen propio esanguratsurik ezagutu iruzurraren kontrako borrokan”.

http://bizkaikobbnn.ehbildu.net/files/2014/05/Iruzur-fiskala-argazkia.jpg

Koalizioak iruzurraren kontrako proposamena erregistratu berri duela iragarri du Asier Vega batzarkideak. “Batetik, arrisku bereziko zergadunen errolda osatzeko eskatzen diogu Aldundiari, Foru Ogasunaren barne erabilerarako erreminta gisa. Eta, bestetik, Bizkaiko iruzurgile handien zerrenda publiko egiteko aukera legala aztertu dezala, iruzurgileen jarrera ez solidarioa agerian uzteko”. Vegak gogorarazi du azken ekimen hori ahobatez onartu zela Gipuzkoako Batzar Nagusietan eta Bizkaian ere “akordio zabala” lortzeko gai izatea espero du.

EH Bilduk ohartarazi du iruzur poltsa nagusienak enpresa handietan eta ondasun handietan kokatzen direla. Aldiz, koalizioaren arabera, “Bizkaiko Aldundiak eta EAJk ez dute iruzur poltsa handi horiek azaleratzeko ahalegin berezirik egiten eta bide horretan ekimenak bultzatzeko erresistentzia agertzen dute behin eta berriz”.

Ordezkari independentistek gaineratu dutenez, iruzur poltsa handi horietako bat Enpresen Sustapenerako Elkarteen erregimen berezian aurkitzen da. Hala ere, Bizkaiko Aldundiak ez du erregimen hori iruzurraren kontrako planean txertatu. EH Bilduk azaldu du Gipuzkoak 67,5 milioi euroko iruzurra atzeman duela erregimen berezi horretan eta logikak dio Bizkian kopuru horren handiagoa izan beharko lukeela.

EH bilduk Ondare Zergaren datuak ere aipatu ditu, Bizkaiko Aldundiak iruzurraren kontra lortu dituen datu kaxkarren isla. 2013an, Bizkaiak 76milioi euro bildu zituen zerga horren bidez eta 1,6 milioi euroko iruzurra azaleratu zuen. Gipuzkoak, berriz, 5 milioi euroko iruzurra atzeman zuen Ondasun Handien Gaineko Zergan, diru bilketa askoz apalagoarekin (49 milioi euro).

EHBildu Bizkaia

X