Alternatibak dio merkatal gune handiak konponbidea izango balira Ezkerraldea ez litzatekeela izango EAEn langabe gehien duen eskualdea

Bizkaiko Alternatibaren bozeramaile Asier Vegak lurraldeko udalerri desberdinetan ireki daitezkeen Mercadona kateko saltokien inguruko informazio eta adierazpenen harira hitz egin du, “ongi etorria beroa ematen diote gure merkataritzari inolako mesederik egiten ez dionean, guztiz kontrakoa baizik: saltoki handiek gure herriak eta auzoak basamortu bihurtzen dituzte, saltoki txikietan lanpostuak suntsitu eta nekazalgoa pobretzen duen kultura industrializatuaren eredua defendatzen dute, maila lokalean zein nazioartean”.

Alderdi ezkertiarreko ordezkariak, merkatal gune erraldoien ugaltzeak Euskal Herriko eskualde desberdinetan eragindako inpaktua gogoratu du, Baionatik Iparraldean, “bizitza eta merkataritzarik gabeko kaleak izan ziren ondorioa”, Ezkerraldeko udalerriek sufritutako inpakturaino, non biztanle bakoitzarekiko eraikitako merkatal gune metro koadro tasa oso handia den. “Gune hauek aberastasuna eta lanpostuak ekarriko dituztenaren promesa egia balitz, hamarkada ugariz horrelako saltoki handiak sustatu ostean, Ezkerraldea ez litzateke oraindik EAEn langabezi handiena duen eskualdea izango”.

Alternatibatik gaitzetsi egin dute alkateen arduragabekeria hori, banaketa kate handi hauen promesak inolako lotsarik gabe zabaltzen dituztelako “berez, agerian geratzen diren gezurrak dira hauek, Mercadonak salduko dituen produktuak behar-beharrezkoak direlako, elikagaiak batez ere, eta hauek noski, dagoeneko erosi egiten dira. Saltoki txikiei bezeroak kenduko dizkiela baino ezin da ziurtatu, merkatal guneetako lanpostu bakoitzeko 5 langile baititu merkataritza mota honek eta, ziurrenik, lan baldintza duinagoekin”.

Vegak, azkenik, Mercadonaren izaera azpimarratu du, “nekazari txikien lepotik, prezioak kontrolatzea onarri duen eredu produktiboaren onuradun eta konplize da, elikadura burujabetzaren kontra doan ereduarena”. Jokabide honek Greenpeace erakundeak argitaratutako enpresa kaltegarrien zerrendan azaltzera eraman du, “lan baldintza prekarioak, ingurumenaren aurkako erasoak, nahita desinformatzea eta ardura sozial korporatiboari dagozkion bestelakoak” epaitzen dituen zerrenda, hain zuzen ere.

Alternatibak Mungian izandako terrorismo matxistaren biktima berria salatu du eta emakumeen kontra indarkeriaren aurka egitera deitu du

Alternatibaren Uribe Butroeko asanbladako bozeramaile eta Gasteizko legebiltzarkide Diana Urreak Mungian gertatutako emakume baten erailketa salatu du: “Indarkeria matxistaren ondorio bortitz eta agerikoena izan arren, inondik inora bakarra ez bada ere; edozein kasutan gaurtik haratago eta gizartearen eremu guztietan arbuiatu beharrekoa da, ez bakarrik gaur eta halako gertaeren harira”. Ildo honetatik, gogorarazi du “patriarkatua menpekotasun sistemarik zaharrena dela eta pobrezia, indarkeria edo bazterkeria ematen den leku guztietan, emakumeok modu bortitzagoan pairatzen dugula beti”.

Hala, Alternatibatik gogorarazi dute emakumeak erailtzea ez dela gertaera isolatua edota zorizkoa, aitzitik, “egiturazko desberdintasuna ezarri duen gizarte patriarkalaren ondorio zuzena da, non emakumeok askotariko bortizkeria formak pairatzen ditugun, askotan estamentu, komunikabide eta instituzio batzuek isilarazi eta justifikatu ere egiten dituztenak”. Erakunde publikoen harira, hain zuzen ere, parekidetasunaren aldeko benetako legeak eskatu ditu, propagandatik haratago. Izan ere, “kontraesana” iritzi dio Eudel bezalako erakunde batetik hilketa honen inguruan berdintasunaren alde lan egitera deitu izanari, bere lehendakariorde Jose Antonio Santanok, bitartean, “alkate den herrian, Irunen, urtero emakumeen kontrako bazterkeria publikoki sustatzen duela”, alardea gogorarazita.

Bestaldetik, eraildako emakumearen jatorria zehazteko eta azpimarratzeko hedabideek egiten dituzten saiakerak salatu ditu legebiltzarkideak, “emakumeen kontrako indarkeria etengabeak ez daki ez mugaz, ez nazionaltasunaz, berriki argitaratu den txostenak baieztatzen duen bezalaxe, Europako hiru emakumeetatik batek, 62 milioi emakume baino gehiagok alegia, bere bizitzan indarkeria fisikoa edo sexuala sufritu dutela berresten duena”.

Bukatzeko, alderdi ezkertiarraren Uribe Butroeko asanbladatik, gaur arratsaldeko 19:00etan Mungiako udaletxean egingo den elkarretaratze isilarekin bat egitera deitu dute “terrorismo matxista eta patriarkalaren enegarren biktimaren” heriotza salatzeko. Bertan, Diana Urrea bera eta Alternatibaren Bizkaiko bozeramaile Asier Vega izango dira, eskualdeko militanteekin batera.

EAJ, PP eta PSOEren parte-hartze ereduak herritarrek Udalbatzarretan hitza izateari uko egiten jarraituko du

EHBilduk Udalbatzaren araudia aldatzeko proposamena eraman du gaurko Osoko Bilkurara. Herritarrek Udalbatzarretan hitza izateko eta proposamenak aurkezteko eta defendatzeko aukera izatea zuen helburu EHBilduren proposamenak. EAJk, PPk eta PSOEk bat egin dute eta agerian utzi dute aipatutako hiru alderdien parte-hartze ereduan herritarren hitzak tokia ez duenik.

Bilbao eta Parte-hartzea hiritarrak protagonista Udalaren ekintzetan. Hau da udal politikan herritarren parte-hartzea sustatzeko Parte-hartze sailak argitaratu duen dokumentu baten goiburua.

Hori horrela izanda, argi esan behar dugu udalbatzarretan herritarren hitza ez dela entzuten, nahiz eta Udalbatzaren Araudi Organikoak bigarren artikuluan adierazi Udalbatza herritarren ordezkaritza politikorik handieneko organoa dela udal gobernuan.

Egoera hau iraultzea izan behar dugu helburu. Unea da araudia aldatzeko eta herritarren hitza eta proposamenak udalbatzarrean entzuten eta eztabaidatzen dela bermatzeko.

EHBildu Billbo

Troikako gaizkileak Bilbon

Ana Etxarte – Alternatiba

Alderdi Popularra, bere ohiko eskumako leloei jarraiki, herritarren segurtasun gabezian oinarrituta alarma soziala pizteko estrategia martxan jartzen saiatu da berriz ere, daukan garrantzia areagotuz, herritarren beldurrarekin jolastuz, eta poliziaren zein errepresioaren logikari bidea emanez. Ildo honetatik, mozio bat aurkeztu da balizko egoera honi aurre egiteko, Herritarren Segurtasunerako Plan Integral bat lehenbailehen Bilbon ezartzea proposatuz.

Esan beharra daukat, salbuespena izan arren, Alderdi Popularrarekin ados nagoela bere mozioan egiten dituen bi baieztapenekin: Lehenik, ziur nago Bilbon delituak egiten darabiltzaten banda antolatuak badaudela. Bestalde, egoera honi aurre egiteko guztiz aproposa deritzot giza segurtasun plan bat lantzeari.

Jakina, horraino soilik etortzen gara bat. Izan ere, PPren segurtasun kontzeptua eta bertan proposatutako giza segurtasun kontzeptua (Nazio Batuek onarturikoa) ezberdinak dira oso. Hala, giza segurtasunaren kontzeptuaren arabera, soilik norberaren bizimodua bermatzeko, oinarrizko beharrizanak asetzeko, norbere kasa moldatzeko eta komunitatean modu libre eta seguruan parte hartzeko gaitasuna bermatzen denean ematen da. 

Gauzak horrela ulertuta, gero eta ozenago aldarrikatzen da, baita Bilbon ere, herritarren segurtasun eza, antolatutako delinkuentzia boteretsuak gidatutako eta zilegitasunik gabeko sistema suizida batek sortutako giza segurtasun ezaren ondorioa dela. Hauek dira jazarri eta atxilotu beharko genituzkeen gaizkileak, hauengana zuzendu beharko genituzke gure arreta eta lehentasunak. Gorbata garestiak janzten dituzten lapurrak dira, atxilotuta egon beharrean, enpresa handiak zuzentzen dituztenak, gure eskubideekin espekulatzen eta gure bizitzak merkaturatzen ari direnak; publikoki gaitzetsiak edo baztertuak izan ordez, pertsona eredugarri moduan aurkezten dizkigutenak; instituzioetatik aurkaritza jaso ez ezik, hauen laguntza eta trikimainak eskuratzen dituztenak, jokabide morroi eta ipurgarbitzaile bati jarraiki.

Hauek dira segurtasun ezaren errudunak: politikari ustelak, kapitalista handiak eta euren morroiak. Azken finean, gehiengoen eskubideak alde batera utzita, euren etekinak biderkatzeko baliabide publikoak erabiltzen dituztenak. Eta hauei aurre egiteko Giza Segurtasunerako Plana abian jarri beharko litzake, egiten dutena, egiten uzten zaiena, guztion segurtasuna arriskuan jartzen duelako. 

Horregatik EHBildutik proposatu dugu Giza Segurtasunerako Plan horren lehen puntua Bilbon izango den Ekonomia Goi-bilera bertan behera uztea izan da. Izan ere, martxoaren 3an Udal Gobernuaren oniritziarekin egingo den ekitaldian, besteak beste Nazioarteko Diru Funtseko, Europako Batasuneko, Espainiako Ekonomia Ministerioko eta Telefonica, BBVA edota Iberdrola bezalako enpresa handietako ordezkariak bilduko dira. Jardunaldi hauen helburua krisialditik ateratzeko ikuspuntu berriak aztertzea dela badiote ere, ez utzi zuen buruari iruzurrik egiten, euren xede bakarra herritarrak ustiatzen jarraitzeko moduak aztertzea baita, gero eta estuago eta merkatuaz baliatuz, gure lepotik bizitzen jarrai dezaten.        

Dudarik gabe, horrelako ekitaldiek eta kasta honek, gure giza segurtasuna kolokan jartzen dute, eta horregatik ez ditugu Bilbon nahi. Argi daukat ere, antolatutako gaizkile asko bertan izango direla eta horregatik lehenbailehen erantzun behar dugu Udaletik. Gaizkileekin, batek daki… akaso hauek ez dituzte kalean diru-zorroak lapurtuko, baina adi ibili behar gara, zeren eta lapurtu, lapurtu egiten dute; baina handizka, lehen mailan egiten den bezala. 

Horregatik, gure bizitzengatik, gure segurtasunagatik, protesta egitera goaz eta ongi etorriak ez direla esatera goaz. Troika eta kapitalistak, alde hemendik!

http://alternatiba.net/old-files/Kartel pirata web.jpg

X