Fatuarte: «Gero eta gehiago gara argi ikusten dugunok bi abiadurako hezkuntza sistema egonkortzen ari dela»

Azken urteotan Indize Sozioekonomiko-Kultural edo ISEC baxua duten ikasleen multzokatzea areagotzen ari da etengabe Bilboko hainbat ikastetxeetan. Aipatutakoa segregazioa areagotzen ari da hainbat eskolatan. Gaia gaurko Osoko Bilkurara eraman dugu eta bertan egoeraren diagnostikoa jasotzeaz gain, arazoari aurre egiteko neurri zehatzak eskatu ditugu. Ez da posible izan, Bilbon gertatzen ari den eskola segregazioaren auziari heltzeari uko egin diote EAJk eta PSOEk.

Alba Fatuarteren hitzak:

Gero eta gehiago gara argi ikusten dugunok bi abiadurako hezkuntza sistema egonkortzen ari dela. Izan ere, krisiak, pobreziak, desberdintasun sozial, ekonomiko eta kulturalen ondorioz gizartean ireki den arrakala, hezkuntza sisteman ere gertatzen ari da; nahiz eta eskolak, berez, funtzio berdintzailea eta orekatzailea bete behar duen.

Zoritxarrez, azkenaldian garatu diren politiken eta garai berriei egokitzeko zailtasunen ondorioz, hezkuntza klasifikatua, mailakatua, segregatua dugu, baita Bilbon ere: alde batetik zuriak eta maila sozial ekonomiko batekoak; bestetik maila ekonomiko – sozial kultural baxuagokoak. Migrazioa ere, maila ekonomikoaren arabera banatzen da.

Beraz, segregazioaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? ez gara ari soilik jatorriaren araberako segregazioaz, gure mozioan aipatu bezala, indize sozioekonomiko-kulturalaz baizik. Eta era berean, ez gara ari soilik publiko eta pribatuaren arteko segregazioaz; sare publikoaren baitan ere ematen baita, eta baita itunpekoan ere.

Eskola segregazioa beraz, erpin anitzetako gaia da eta ezin diogu soilik hezkuntzatik aurre egin; orotariko politika publikoak mahai gaineratzea eskatzen du: politika sozialak, inklusio politikak, hirigintza, enplegu politikak, eta abar luze bat. Edozein kasutan, argi dagoena da oraindik ere erronkari ez zaiola behar bezala heldu, eta ez dela lortu erantzun bateratu eta adostu bat ematea hezkuntza komunitatearekin elkarlanean. Horregatik guztiagatik aurkeztu dugu EHBildu udal taldetik proposamen hau.

EH Bildu Bilbo

Indarkeria matxistaren aurkako benetako konpromisoak

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira bigarren urtez jarraian adostutako adierazpen instituzionala ezagutarazteko EH Bildu, UdalBerri – Bilbao en Común eta Goazen Bilbao udal taldeetako emakume guztiek agerraldia egin dute. Bertan, indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta berdintasun legeak sustatzerako orduan Udal Gobernuaren benetako konpromiso falta salatu dute.

 

 

Indarkeria matxista lehen mailako arazo soziala da; Bilbon ere, gutxitzetik urrun hazten doana: urtarril eta abuztu artean, 2016ko datuekin alderatuta, %30eko igoera izan du, hain zuzen.

Kasu hauen aurrean erakundeen erantzuna adierazpen instituzionalak egitera, edota kasu larrienetan, Udaletxeko eskaileretan elkarretaratzeak egitera mugatzen da. Baina, EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeetatik uste da beharrezkoa  dela salaketa hutsetik harago doazen urratsak egitea. Erakunde guztiek indarkeria matxistaren jatorriez jardun behar dute. Horrek, konpromiso politiko zehatzak eskatzen ditu, gaur egun urri diren baliabide teknikoak eta ekonomikoak handituz. Horrela, posible litzateke euren agenda politikoan eta ekinbide instituzionalean emakumeak aske sentituko diren indarkeriarik gabeko lurraldeen eraikuntza lehenestea.

Azaroaren 25a bezalako egunetan, instituzioek euren gain hartzen dituzte kontzeptu feministak, edukirik gabe uzteko. Berdintasun politikek pisu gutxi duten aurrekotuen proiektua aurkeztu eta egun batzuk geroago ikusten dugu nola adierazpen hutsak konpromiso errealak hartu barik egiten diren.

Egoera honen aurrean, hiru talde politikoek adierazi dute ez dutela benetako konpromezurik ez duen adierazpenik sinatuko. Hori dela eta, Bilbo feminista, justu eta zuzen baten alde egiten duen baterako proposamena aurkeztu dute, bide horri ekiteko hainbat  konpromezu bereganatuz.

Irakurri hemen aurkeztu dugu adierazpen proposamena:

a25_erakunde_adierazpena-eus-2017

EH Bildu Bilbo

Fatuarte: «Konpartsak Bilboko sare sozio-kulturalaren isla dira, hiri honetan dagoen aniztasunaren ispilu»

Gure kide Alba Fatuarteren hitzak Bilboko azken udalbatzan jai ereduaren inguruan:

Hau esanda, gaurko gaiari dagokionez, berretsi egiten dut proposamen honek ezjakintasun handia erakusten duela Aste Nagusiaren sorrerari buruz; ez naiz hasiko hemen historia kontuekin, beraz, gomendatzen dizuet esaterako “Amets Nagusia” dokumentala ikustea zalantzarik izanez gero. Bilboko Konpartsek Areatzan izan dute euren lekua historikoki, gaur egun indarrean dagoen eredu mixtoa sortu aurretik ere. Hori lehenik.

Bigarrenik, Bilboko konpartsen “ustezko monopolio” horri buruz: berriz ere erakusten duzue ez dakizuela, edo hobeto esanda, ez duzuela onartu nahi zer den Bilboko Konpartsen Federazioa eta nola funtzionatzen duen. Konpartsak Bilboko sare sozio-kulturalaren isla dira, hiri honetan dagoen aniztasunaren ispilu argia, eta garrantzitsua da esatea ez dela Federazio itxi bat, aitzitik eragile bizia da, eta aldakorra; hau da, konpartsa batzuk, tamalez desagertu egiten egiten dira, baina zorionez berriak ere sortzen dira; hortxe ditugu azken urteotan eratu diren hainbat konpartsa berri, esate baterako, Trikimailu, aisialdia eta heziketa ez formalaren ingurutik sortua; edota Munduko Jendeak, kultura aniztasuna ardatz duena, eta era berean beste 36 elkartek osatzen dutena. Beraz, argi dago Bilboko sare soziokulturala aldakorra den heinean, Bilboko Konpartsak eta beraz Aste Nagusian Areatzan agertzen zaigun paisaia hori ere aldakorra, anitza eta irekia dela.

Beraz, elkarte bat Areatzan egoteko ez du arazorik; elkarteen zerrendan erroldatuta dagoen edozeinek egin diezaioke Bilboko Konpartsei Federazioan sartzeko eskaera, eta bi urtez ekintzetan parte hartu ezkero, hau da Aratusteetan, Santo Tomasen, San Juanen eta Konpartsek lantzen dituzten ekimenetan parte hartu ostean, txosna Areatzan jartzeko aukera izango du.

Kontua da zuek, alderdi popularreko jaun andreek guzti hau badakizuela, baina hasieran esan dudan bezala, zuen arazoa da ez duzuela gustuko Bilboko Aste Nagusiaren eredua, eta horregatik saiatzen zarete behin eta berriro eredua erasotzen. EHBildutik espero dugu gaur, irailean bezala, jarrera horretan bakarrik gelditzea. Guk uste dugu gaur Bilbotar guztion aurrean Aste Nagusiko jai ereduaren aldeko jarrera berresteko modurik hoberena, proposamen honi ezezko bozka ematea dela, eta hala egingo dugu guk.

EH Bildu Bilbo

Bizkaiko erresidentzietako langileak zoriondu nahi ditugu, beren borroka luzearen arrakastarengatik

Bi urteko borrokaren ostean, azkenean, irabazi duzue. Nork dio grebak ez duela ezertarako balio? Emakume hauek, oztopoen gainetik eta instituzioen boikotaren gainetik, elkarrekin eta antolakuntzaren bidez, lan hitzarmen duina lortu dute. Zorionak guztiei, egin daitekeela frogatu duzuelako, baina batez ere kapitala eta bizitzaren arteko gatazka mahai gainean jarri duzuelako.

Baina ez dezaegun ahaztu arreta sistemaren gabeziak ez dira egun batetik bestera desagertuko, kudeaketa eredua aldatu ezean zaintzaren sektorea merkartuaren menpe jarritauko dutelako. Beraz, lorpenengatik pozik egon gaitezen eta indarrak har ditzagun zaintza duinak lortzeko borrokak luze iraungo duelako #ErresidentziakBorrokan

Testua gure kide Alba Fatuarterena da, hona hemen, gazteleraz, Oskar Matute Alternatibaren bozeramaileak eginiko bideoa.

Bilbao Bizkaia Museoak-eko Komunikazio lanpostua esleitzeko prozesua bertan behera uzteari uko egin diote EAJk eta PSOEk, iruzur zantzu handiak egon arren

“Frogak ditugu neurrira egindako prozesua izan dela. Hori ez da batere justua eskaintzara aurkeztu diren beste 126 pertsonekin”, esan du Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek. 

EH Bilduk oso mozio zuzena eraman du gaurko Osoko Bilkurara: Euskal Museoan komunikazio teknikaria aukeratzeko egindako prozesua errepikatzea. Iruzur zantzu handiak egon arren EAJk eta PSOEk prozesu errepikatzearen kontra bozkatu dute. Bilbao Bizkaia Museoak erakundeko komunikazio arloko pertsonal teknikoa kontratatzeko prozesuari buruz informa jasotzeko asmoz, EHBildu udal taldeak eskatuta, urriaren 5ean egindako agerraldian, hainbat gabezia azaleratu ziren, bai Bilbao Bizkaia Museoak erakundeko Administrazio Kontseiluak onartutako oinarriei dagokionez, zein Campo Ochandiano enpresak burututako aukeraketa prozesuari dagokionez ere.

Honen aurrean, eta kontuan izanda Bilbao Bizkaia Museoak sektore publikoan kokatzen dela, – menpekoak diren bi Administrazio Publikoek, hau da, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak eta Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Sailak, parte-hartze bera dute horietan-, EHBildu Udal taldeak eskatzen du aukeraketa prozesu hau errepikatu dadin, administrazio publikoan ezartzen diren irizpide berdinekin, publizitate, berdintasun, konkurrentzia, gardentasun eta diskriminazio eza bermatuz.

EH Bildu Bilbo

Alternatibak bere formakuntza politikorako eskola Emancipatibari berrekingo dio Juan Hernandezekin Internazionalismoa hizpide

Gogoratuko duzuenez, Alternatibaren eztabaida eta formakuntza politikorako eskola dugu Emancipatiba; militante eta zaleei begirako egitaraua da, feminismoa, ekologismoa, sozialismoa, errotiko demokrazia, internazionalismoa eta normalizazio politikoan ezagutza komunak eskaintzeko asmoa duena.

Saio honetan INTERNAZIONALISMOA jorratuko dugu eta, aurreneko hizlaria Juan Hernandez Zubizarreta EHUko irakasle, Herrien Auzitegi Irakunkorreko kide eta OMALeko ikertzailea izango dugu. Nazioarteko egungo testuinguruaz ariko da.

Hiruhileko honetan beste bi saio izango ditugu, internazionalismoaren oinarrizko edukietan sakontzeko eta, azkenik, kolektibo internazionalista desberdinen esperientziak aztertzeko. Momentuz, hilaren 29an, ostirala, izango gaituzue zain Alternatibaren Bilboko egoitzan (Casilla Plaza 6, behealdea). Etorriko zaretela baieztatzeko, admin@alternatiba.net helbidera idatzi.

Bilbao Bizkaia Museoko komunikazio-teknikaria aukeratzeko prozesuan gardentasun eza salatu du Fatuartek

EH Bilduk Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du azalpenak eman ditzan Bilboko Bilbao Bizkaia Museoko komunikazio teknikaria aukeratzeko prozesuaren inguruan. Bilboko Erreprodukzio Museoa eta Bilboko Euskal Museoa barnebiltzen dituen erakundea, hain zuzen ere.

Lan eskaintza prentsan argitaratu zuen, ekainean, Campo Ochandiano enpresak, zein erakunderentzat zela zehaztu gabe. “Bilbon dagoen izaera publikoko erakunde kulturala” zela bakarrik zehazten zen. Azken asteetan, EH Bilduk jakin ahal izan du Bilbao Bizkaia Museoak erakunderako zela; Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren Kultura sailen menpe dagoen erakundearentzat, hain zuzen ere.

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziak azpimarratu du “lanposturako eskakizunen artean komunikazio arloko unibertsitate titulazioa eskatzen dela ikusentzunezko komunikazio master batekin batera, nahiz eta ohikoena izan masterra meritotzat hartzea soilik. Era berean, lanposturako beharrezko euskara ezagutza eskatzen da, nahiz eta horrelako postuetarako erakunde publikoek C1 edo EGA eskatu”. Azkenik, “erakusketen komunikazioa eskarmentua” eskatzen da. Ohikoena izaten da antzeko lanpostuetan zenbait urtetako eskarmentua izatea.

Fatuartek salatu du deigarria dela “publikoki ez azaltzea zein erakundetarako den lan-eskaintza, euskara maila edo beharrezko esperientzia ez zehaztea eta bai azpimarratzea master zehatz bat behar dela. Elementu horiek argi uzten dute aukeraketa ez dela berme guztiekin egiten ari, erakunde publiko batean beharrezkoak diren diskriminazioa eza eta gardentasuna bermatuz”.

Agerraldi eskaera

Hori dela eta, EH Bilduk azalpenak eskatu zizkion Udaleko kultura arduradunari abuztuaren hasieran. Gaur egun, oraindik, informazio hori ez da eman. Beraz, EH Bilduk Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du hautatze-prozesu horren inguruko azalpenak eman ditzan.

EH Bildu Bilbo

Fatuarte: “Museorako doako sarrera mugatzearekin herritarrek kulturaz goza dezatela oztopatzea erabaki dute”

Alternatibako kide eta EH Bildu Bilboko zinegotzi Alba Fatuartek salatu du Bilboko Arte Ederretako museoan doako sarrera bilduma iraunkorrera mugatzea. Fatuarteren ustez, “herritarrek kulturaz gozatzeko oztopo bat da erabaki hori”.

Orain arte herritarrek asteazkenetan aukera zuten museoko bilduma guztiak dohainik bisitatzeko. Azken aldaketen ondorioz, bilduma iraunkorra bakarrik bisitatu ahal izango da arratsaldeko seietatik zortzietara.

“Deigarria da nola murriztu duten herritarrak kulturaz gozatzea ahalbidetzen zuen zerbitzu batean.Zalaparta handiz Guggenheim-erako sarrerak oparituko dituztela iragartzen dute baina, bien bitartean, zerbitzu hori kentzen dute. Argi utzi dute kultura sustatu beharrean, neurri populistak hartzen dituztela”, esan du Fatuartek.

EH Bilduk Juan Mari Aburtoren agerraldia eskatu du, izan ere gaur egun museoko patronatuaren presidenteordea da. EH Bilduren ustez, beharrezkoa da Aburtok azaltzea zeintzuk izan diren “horrelako murrizketa bat egiteko arrazoiak”.

Irakurri bilbo.ehbildu.eus

X