Fatuarte: «Gero eta gehiago gara argi ikusten dugunok bi abiadurako hezkuntza sistema egonkortzen ari dela»

Azken urteotan Indize Sozioekonomiko-Kultural edo ISEC baxua duten ikasleen multzokatzea areagotzen ari da etengabe Bilboko hainbat ikastetxeetan. Aipatutakoa segregazioa areagotzen ari da hainbat eskolatan. Gaia gaurko Osoko Bilkurara eraman dugu eta bertan egoeraren diagnostikoa jasotzeaz gain, arazoari aurre egiteko neurri zehatzak eskatu ditugu. Ez da posible izan, Bilbon gertatzen ari den eskola segregazioaren auziari heltzeari uko egin diote EAJk eta PSOEk.

Alba Fatuarteren hitzak:

Gero eta gehiago gara argi ikusten dugunok bi abiadurako hezkuntza sistema egonkortzen ari dela. Izan ere, krisiak, pobreziak, desberdintasun sozial, ekonomiko eta kulturalen ondorioz gizartean ireki den arrakala, hezkuntza sisteman ere gertatzen ari da; nahiz eta eskolak, berez, funtzio berdintzailea eta orekatzailea bete behar duen.

Zoritxarrez, azkenaldian garatu diren politiken eta garai berriei egokitzeko zailtasunen ondorioz, hezkuntza klasifikatua, mailakatua, segregatua dugu, baita Bilbon ere: alde batetik zuriak eta maila sozial ekonomiko batekoak; bestetik maila ekonomiko – sozial kultural baxuagokoak. Migrazioa ere, maila ekonomikoaren arabera banatzen da.

Beraz, segregazioaz hitz egiten dugunean, zertaz ari gara? ez gara ari soilik jatorriaren araberako segregazioaz, gure mozioan aipatu bezala, indize sozioekonomiko-kulturalaz baizik. Eta era berean, ez gara ari soilik publiko eta pribatuaren arteko segregazioaz; sare publikoaren baitan ere ematen baita, eta baita itunpekoan ere.

Eskola segregazioa beraz, erpin anitzetako gaia da eta ezin diogu soilik hezkuntzatik aurre egin; orotariko politika publikoak mahai gaineratzea eskatzen du: politika sozialak, inklusio politikak, hirigintza, enplegu politikak, eta abar luze bat. Edozein kasutan, argi dagoena da oraindik ere erronkari ez zaiola behar bezala heldu, eta ez dela lortu erantzun bateratu eta adostu bat ematea hezkuntza komunitatearekin elkarlanean. Horregatik guztiagatik aurkeztu dugu EHBildu udal taldetik proposamen hau.

EH Bildu Bilbo

Indarkeria matxistaren aurkako benetako konpromisoak

Emakumeen aurkako Indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren harira bigarren urtez jarraian adostutako adierazpen instituzionala ezagutarazteko EH Bildu, UdalBerri – Bilbao en Común eta Goazen Bilbao udal taldeetako emakume guztiek agerraldia egin dute. Bertan, indarkeria matxistaren aurkako borrokan eta berdintasun legeak sustatzerako orduan Udal Gobernuaren benetako konpromiso falta salatu dute.

 

 

Indarkeria matxista lehen mailako arazo soziala da; Bilbon ere, gutxitzetik urrun hazten doana: urtarril eta abuztu artean, 2016ko datuekin alderatuta, %30eko igoera izan du, hain zuzen.

Kasu hauen aurrean erakundeen erantzuna adierazpen instituzionalak egitera, edota kasu larrienetan, Udaletxeko eskaileretan elkarretaratzeak egitera mugatzen da. Baina, EH Bildu, Udalberri eta Goazen Bilbao udal taldeetatik uste da beharrezkoa  dela salaketa hutsetik harago doazen urratsak egitea. Erakunde guztiek indarkeria matxistaren jatorriez jardun behar dute. Horrek, konpromiso politiko zehatzak eskatzen ditu, gaur egun urri diren baliabide teknikoak eta ekonomikoak handituz. Horrela, posible litzateke euren agenda politikoan eta ekinbide instituzionalean emakumeak aske sentituko diren indarkeriarik gabeko lurraldeen eraikuntza lehenestea.

Azaroaren 25a bezalako egunetan, instituzioek euren gain hartzen dituzte kontzeptu feministak, edukirik gabe uzteko. Berdintasun politikek pisu gutxi duten aurrekotuen proiektua aurkeztu eta egun batzuk geroago ikusten dugu nola adierazpen hutsak konpromiso errealak hartu barik egiten diren.

Egoera honen aurrean, hiru talde politikoek adierazi dute ez dutela benetako konpromezurik ez duen adierazpenik sinatuko. Hori dela eta, Bilbo feminista, justu eta zuzen baten alde egiten duen baterako proposamena aurkeztu dute, bide horri ekiteko hainbat  konpromezu bereganatuz.

Irakurri hemen aurkeztu dugu adierazpen proposamena:

a25_erakunde_adierazpena-eus-2017

EH Bildu Bilbo

Fatuarte: «Konpartsak Bilboko sare sozio-kulturalaren isla dira, hiri honetan dagoen aniztasunaren ispilu»

Gure kide Alba Fatuarteren hitzak Bilboko azken udalbatzan jai ereduaren inguruan:

Hau esanda, gaurko gaiari dagokionez, berretsi egiten dut proposamen honek ezjakintasun handia erakusten duela Aste Nagusiaren sorrerari buruz; ez naiz hasiko hemen historia kontuekin, beraz, gomendatzen dizuet esaterako “Amets Nagusia” dokumentala ikustea zalantzarik izanez gero. Bilboko Konpartsek Areatzan izan dute euren lekua historikoki, gaur egun indarrean dagoen eredu mixtoa sortu aurretik ere. Hori lehenik.

Bigarrenik, Bilboko konpartsen “ustezko monopolio” horri buruz: berriz ere erakusten duzue ez dakizuela, edo hobeto esanda, ez duzuela onartu nahi zer den Bilboko Konpartsen Federazioa eta nola funtzionatzen duen. Konpartsak Bilboko sare sozio-kulturalaren isla dira, hiri honetan dagoen aniztasunaren ispilu argia, eta garrantzitsua da esatea ez dela Federazio itxi bat, aitzitik eragile bizia da, eta aldakorra; hau da, konpartsa batzuk, tamalez desagertu egiten egiten dira, baina zorionez berriak ere sortzen dira; hortxe ditugu azken urteotan eratu diren hainbat konpartsa berri, esate baterako, Trikimailu, aisialdia eta heziketa ez formalaren ingurutik sortua; edota Munduko Jendeak, kultura aniztasuna ardatz duena, eta era berean beste 36 elkartek osatzen dutena. Beraz, argi dago Bilboko sare soziokulturala aldakorra den heinean, Bilboko Konpartsak eta beraz Aste Nagusian Areatzan agertzen zaigun paisaia hori ere aldakorra, anitza eta irekia dela.

Beraz, elkarte bat Areatzan egoteko ez du arazorik; elkarteen zerrendan erroldatuta dagoen edozeinek egin diezaioke Bilboko Konpartsei Federazioan sartzeko eskaera, eta bi urtez ekintzetan parte hartu ezkero, hau da Aratusteetan, Santo Tomasen, San Juanen eta Konpartsek lantzen dituzten ekimenetan parte hartu ostean, txosna Areatzan jartzeko aukera izango du.

Kontua da zuek, alderdi popularreko jaun andreek guzti hau badakizuela, baina hasieran esan dudan bezala, zuen arazoa da ez duzuela gustuko Bilboko Aste Nagusiaren eredua, eta horregatik saiatzen zarete behin eta berriro eredua erasotzen. EHBildutik espero dugu gaur, irailean bezala, jarrera horretan bakarrik gelditzea. Guk uste dugu gaur Bilbotar guztion aurrean Aste Nagusiko jai ereduaren aldeko jarrera berresteko modurik hoberena, proposamen honi ezezko bozka ematea dela, eta hala egingo dugu guk.

EH Bildu Bilbo

X