Ixtea debekatuta

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok egunean 18 orduz eta urtean 365 egunez irekita egongo den Opencor El Corte Ingleseko dendaren atzoko irekiera salatzen dugu. Jaiegunetan langileen deskantsurako eskubidearen kontrako erasotzat jotzen dugu aipatutakoa.

Denda berri honen irekierak helburu argia du: merkataritza handiak jaiegunetan zabaltzeko aukera “normaltasun” osoz izatea. Honek ondorio larriak izango ditu: merkataritzako langileen lan baldintzen prekarizazioa, merkataritza txikiaren kontrako kalte larria bat eta gutxi batzuen negozioa eta etekinak soilik lehenesten dituen eredu ekonomiko arrotz baten inposaketa.

Enpresaburu handiek mozorroa kendu eta helburu argia dute: jasotzen dituzten etekin handiak biderkatzea eta horretarako ezinbestekoa da lan-eskubideekin amaitzea eta lan baldintzen prekarizazioa.

Testuinguru horretan biderkatu dituzte jai egunetan lan ez-egitearen kontrako erasoak eta borroka horretan bidelagun fidelak topatu dituzte Bilbon: Opencor zabaltzeko baimena eman duten EAJ eta IU alderdiak. Hauek, berriro ere, merkataritza-interes handien alde egiten dute eta langile eta sindikatuen kontra. Larritzat jotzen dugu Azkunak, herritarrentzako adibide gisa agertu nahian, atzo egindako presazko bisita patetikoaren bidez hiri eredu arrotz honi emandako babesa.

Honekin, babesa eman die, argi eta garbi, lan baldintzen prekarizazioari (lanaldi amaiezinak eta atseden eskubiderik gabekoak), egun ezagutzen ditugun harreman sozial zein familiarren desagerpenari, auzoen desertizazioari eta onuradun bakarrak izango den eliteari.

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok langileen aldarrikapenak babesten ditugu eta protesta-ekintzekin bat egiten dugu (urtarrilaren 21erako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Bilboko Udaletxean deitutako kontzentrazioa), herritarrak horiekin bat egitera animatuz. Horrez gain, herritarrak horrelako dendetan ez kontsumitzera deitzen ditugu, dakarten merkataritza-, hiri- eta garapen sozial eta ekonomia- ereduaren zigortzeko.

Despotismo ilustratu bilbotarra

Astelehena 13an Hiri Kontseilua batzartuko da. Kontseiluaren osaketa elitistak eta ezparekideak zein batzarrean jorratuko diren gaiek argi adierazten dute batzorde honen funtzio propagandistikoa.

Argigarria da oso BBVAko kontseilari ohia izandako Pedro Luis Uriarte izatea Kontseiluaren interbentzio nagusia egingo duena, “El cambio de escenario global al que se enfrenta Bilbao”, alegia. Honek egungo Udal gobernuak lehenesten duen hiri eredua agerian uzten du, berriro ere.

EAJren eta IUren hiri ereduak hiriaren erdigunearen garapen espekulatiboa lehenesten du soilik, biztanleriaren gehiengoa bizi den auzoen kalteetan. Gero eta handiagoa da erdigunearen eta auzoen arteko tartea eta gaur da eguna, noiz behartsuentzako laguntza sozialak murrizten diren eta hainbat auzok oso komunikazio kaxkarrekin eta oinarrizko zerbitzurik gabe jarraitzen duten. Eta hori gertatzen den bitartean, erdigunerako zuzendutako milioidun inbertsioak biderkatzen dira.

Beste aldetik, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok azpimarratu nahi dugu Bilbok duen aniztasuna eta elkarteen oparotasuna ez dagoela ordezkatuta instituzioetako eta arlo enpresarialeko ordezkariek gehiengo nabarmena duen Kontseiluan. Honetaz gain, Bilboko eragile gehienak zein hiriko laugarren indarra den ezker abertzalea – azken Udal hauteskundeak IU-Aralar koalizioak baino bozka gehiago lortu zuena- baztertu dituztela salatzen dugu. Eta hau gutxi balitz, parekidetasuna ez da betetzen (Kontseilua osatzen duten 75 pertsonatik 13 bakarrik dira emakumeak, %13,33) eta gaztelania da bileren eta hortik sortzen den dokumentazio guztiaren hizkuntza bakarra, nahiz eta Bilbon 165.000 euskaldun edota ia euskaldun bizi.

Ezarri nahi diguten hiri eredu elitistaren aurrean, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok herritarren eta auzoen beharretan oinarritutako hiri eredu berri baten aldeko hautua egiten dugu.

Bestalde, salatu behar dugu Bilbok duen gabezietariko bat partaidetza eza dela. Nahiz eta aukerak egon, egungo organigrama instituzionala parte-hartzea galarazteko egina dago. 2008ko ekainaren 15ean Bilbon auzo elkarteek deitutako manifestazio jendetsuak zein aurten Espazio Publikoaren gaineko Ordenantzaren kontra sortutako herri ekimen zabalak argi adierazten dute Bilbon dagoen parte-hartze eza.

Hiri Kontseiluaren sorrera egun dagoen hutsunetik ateratzeko aukera izan daiteke. Hala ere, inolako debate sozialik gabe eratu izanak, hiriko sektore sozial zabal batzuk Kontseilutik kanpo utzi izanak eta sexuen arteko parekidetasuna bete ez izanak argi adierazten dute Kontseiluarekiko EAJk eta IUk duten begirune eza.

Bilbon herritarren partehartzerako dauden bitartekoak birplanteatzea guztiz beharrezkoa da. Udalak herritarren partehartzerako dituen tresnak –Barruti Kontseiluak, Arloko Kontseiluak eta Hiri Kontseiluak– gaur egun duten izaerarekin, ez dira herritarrok udal politikaren gaietan zein erabakietan partehartzeko tresna egokiak. Adibide gisa, udal aurrekontuaren proiektua berriki onartu da eta ez da egon ezein herritar elkarteren partehartzerik, nahiz eta aurrekontuak eraikitzen ari den hiri-ereduaren ildoak zehazten dituen.

Hiri Kontseiluak argi eta garbi erakusten du Bilboko udal gobernuaren eta Azkuna Alkatearen hautua: erabakiguneak herritarrengandik urrundu eta elite ekonomiko zein politikoetara eramatea, alde batetik, eta erabakitze-prozesu eta zeregin publikoen kudeaketaren teknifikazioa, bestetik. Azkunak, gainera, despotismo ilustratuaren garaietan bezala, gai publikoetan herritarren partehartzea murrizten du eta politikoen
eta funtzionarioen klasea kontrolatu beharko luketen herritar kontzienteak gutxiesten ditu.

Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak hurrengo zutabetan oinarritu behar den demokrazia erradikal eredua proposatzen dugu:

  • Udalaren kontrol herritarra: udal gaiei buruzko informazio-eskubidea bermatu behar da eta informazioa argia izan behar da.
  • Herritarren proposamen-eskubidea: Bilboko udal-batza herritarren proposamenei itxita dagoen batzarra bihurtu da eta eredua aldatu behar da.
  • Partehartze-eskubidea: dauden organoen egiturak eta erregelamenduak aldatu behar dira eta erakunde autonomiadunetan eta udal sozietateetan ere partehartzea bermatu behar da.
  • Herritarren kontsulta-eskubidea: hiriko gai estrategikoetan, edo herritarren zati esanguratsu bat eskatzen duenean, herritarrei kontsulta bermatu behar da.

Auzoak ahazten dituen Bilboko Aurrekontuei EZ!

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdien Bilboko Udal taldeek 2011rako Bilboko Udal Aurrekontuei ezetz esan diete gaur goizean Udaletxearen aurrean egindako kontzentrazioan. Hirurek herritarren eta auzoen beharretan oinarritutako aurrekontu sozialak eta parte-hartaileak eskatu dituzte.

Aurrekontuak elkarrekin aztertu dituzten aipatutako alderdiek EAJk eta IUk aurkeztutako zenbakiak azken urteetan egindakoaren jarraipen hutsa direla azpimarratu dute. Orain arteko hiri eredu bera jarraitzen dela adierazi dute, “Bilbo kontsumo objektu eta kontsumorako gune bezala”, hain zuzen.

Ekonomia, ingurugiro eta zaintza krisian murgildurik egon arren, EAJk eta IUk eraikuntza eta turismoaren alde soilik egiten duen eredu desarrollista lehenesten dutela salatu dute. San Mames Barrian, Alondegian, Deustuibarran eta ekitaldi handietan neurri gabeko gastua egingo dutela azpimarratu dute.

EAJk eta IUk bultzatzen duten turista eta kongresistentzako hiri ereduaren aurrean, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek “Bilbon bizi diren pertsonentzako hiria eraikitzeko apustu argia” egin dute.

Hirurek aurrekontuak inolako parte-hartzerik gabe egin direla azpimarratu nahi izan dute. “Auzoak ahazten dituen aurrekontu antisozialak dira parte-hartze ezaren ondorioaren isla”.

2007tik Aurrekontua 12 milioi eurotan handitu den bitartean, auzoetarako diru partidak, bai herri lanak egiteko bai kultura suspertzeko, ia %50 murriztu direla aipatu dute Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiek.

Era berean, salatu dute aurrekontuek ez dituztela lehenesten esklusioaren aurkako borroka ezta hiritargoan positiboki eragin dezaketen inbertsioak.

Bestalde, aurrekontuen inguruan eramandako dinamika bateratua ezagutzera eman dute. Jakitera eman dute aurreko astean sindikatu, alderdi politiko, auzo elkarte zein eragile sozialekin batzartu zirela eta horren ondorioz, alegazioak elkarrekin aurkeztea eta abendurako aurrekontu partehartzaileak eta sozialagoak aldarrikatzeko mobilizazio bateratu bat egitea adostu zuten.

Indarkeria sexistaren biktimen errekonozimenturako!

Iturria: Bizkaiko emakume asanblada

Haiengatik, gugatik, guztiongatik, ez dugu ahazten!!

Bizkaiko Emakumeon Asanbladatik eskaera bat egin nahi diogu Bilboko Udaletxeari, indarkeria sexista jasan duten biktimak aintzat hartuak eta errekonozituak izan daitezen. Botere publikoek, kasu honetan Bilboko Udaletxea lehenengoa izanik, indarkeria sexistaren biktimak diren emakumeek bizi izan duten ikusezintasunean eta utzieran erreparatzeko ordua dutela uste dugu.

Indarkeria sexista, emakumeak gizonengandik menpekotasun egoera batean mantentzeko tresna izan da eta oraindik ere bada. Erantzukizuna ez da bakarrik indarkeria jazartzen duenarena, baizik eta emakumeenganako indarkeria legitimatzen eta “ulertzen” duten estereotipoetan oinarritutako patroiak iraunarazten duenarena ere. Indarkeria mota honen desagerpena erakunde guztien, agente sozialen eta hiritarren ardura da. Emakumeok, historian zehar, egoera hau jasan dugu baina oinarrizko giza eskubideak ukatzen dizkigun antolaketa sistema honen kontra ere altxatu gara. Hala ere, ezberdintasunak eragin duen sufrimenduak edo berdintasunaren aldeko borroka baketsuak, ez batak ez besteak, ez dute botere publikoen partetik inolako errekonozimendurik jaso. Errekonozimendu honen egonezak edo ausentziak, indarkeria hau sistematikoki ematea erraztu du eta gure memorietatik at mantendu du. Ondorioaz, askok, emakumeenganako indarkeria faktore berria, baztertua eta ulertezina bezala antzematen dute euren dimentsio egituran. Memoria historikoaren erakuntza prozesuetan parte hartzeko, ezinbestekoa da SIGNIFIKAZIO, ERREKONOZIMENDU ETA KALTEORDAIN PROZESUETAN autoritatea eta presentzia irabaztea, sinboloak erreferentzia publikoa bezala IKUSTARAZIZ.

Sinboloak, edozein gizarte demokratikoaren oinarrizko giza eskubideak eta baloreak errekonozitzeko zein bertan gure buruak errekonozitzeko memoriaren lekuak dira.

Hori dela eta, emakumeenganako indarkeria inoiz ahaztua, erabilia edo legitimatua izan ez dadin, memoria kolektiboaren deialdi moduan, espazio publikoan indarkeria mota zehatz hau sinbolizatzea exijitzen dugu, NBEren hitzetan, GIZA ESKUBIDEEN BORTXAKETA HEDATUENA, IZKUTATUENA ETA ZIGORGABETUENA errepresentatzen baitu.

Indarkeria sexistaren kontrako borrokaren konplexutasunaz kontziente gara, baina ezinbestekoa da prebentzioa azpimarratzea, berdintasun baldintzetan, hiritar guztien eskuratzea ahalbidetzen duten balore ideologikoen aldaketa baten bitartez. Emakumeenganako indarkeria, emakumeoi hiritar bezala dagozkigun eskubideak eskuratzeko jasan behar dugun oztopo handienetarikoa izaten jarraitzen du. Hau guztiagatik isiltasuna apurtzea aldarrikatzen dugu, gure memoria sozialean lagunduko gaituen eta geroko belaunaldiak lagunduko dituen aztarna bat sortuz. Modu honetan, erasotzaileek askotan izan duten konplizitate sozialarekin apurtuko dugu eta biktimek merezi duten errekonozimendu sinbolikoa izango dute.

Ekintza honekin bilatzen dugu:
Biktimen errekonozimendua, FAMILIEK oroimenerako eta duelurako espazio publiko bat izatea eta berdintasunaren aldeko borroka feministaren adierazpen sinbolikoa izateaz gain, indarkeria sexistaren adierazpen mota guztiak gogoratzeko zein errefusatzeko memoria kolektiboaren aztarna bilakatzea.

Horretarako, San Vicente Plaza, AZAROAK 25EKO PLAZA deitzea eta Udaletxeak lehiaketa bat antolatzea eskatzen dugu, seinalatutako plaza honetan sinbolo bat altxatzeko helburuarekin, alde batetik biktimen errekonozimendurako eta bestetik euren existentzia propioaren jabe izateko, zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiteko borrokatu diren emakume guztien omenaldirako.

San Vicente Plaza egokiena dela uste dugu justizia arloetan signifikazio berezia eta sinbolikoa duelako, izan ere, auzitegiak bertan daude eta berdintasunaren aldeko emakumeen borrokarako espazio garrantzitsua bilakatu delako. Auzitegi hauetan, askotan bildu behar izan gara tratu txarren edo indarkeria sexualaren biktimak diren emakumeak laguntzera joan garelako, eskubideetara mugatzen ez diren sententzia judizialen aurka gure gaitzidura edo haserrea adierazi behar izan dugulako eta askotan, indarkeria sexistarik gabeko mundua aldarrikatzeko dugun eskubidea exijitzera joan garelako. Honez gain, plaza honek, Bilbo hirian lehentasunezko espazioa okupatzen duela uste dugu, Udaletxetik hurbil baitago eta aurkitzeko kokapen erraza du. Errekonozimendua edozein espaziotan ezin dela jardun kontsideratzen dugu eta nahiz eta Bilboko espazio guztiak garrantzitsuak izan, plaza hau gure eskaeretara hobeto moldatzen dena badela uste dugu.

Sinatu hemen

Argazkia: Brocco Lee

X