Europako Parlamenturako Hautagaitzaren Manifestua “Herriek erabaki”

Europako Parlamenturako hauteskundeak sistema ekonomiko kapitalistaren krisi sakonak markatutako egoera batean egingo dira. Maiatzaren 25eko bozak testuinguru latz batean datoz: zerbitzu publikoak murrizten eta eskubide sozialak deuseztatzen ari dira etengabe; horren ondorioz, milioika pertsonak langabezia, etxe-desjabetzeak, prekarietatea, pobrezia eta bazterketa soziala pairatzen dituzte…

Halaxe dio “Herriek erabaki” koalizioaren manifestuaren hasierak, Euskal Herriko indar ezerkertiar eta subiranistok, EHBilduren baitan gaudenak alegia, estatuko bestelako lurraldeekin hitzartu dugun agiria: Puyalon de Cuchas (Aragoi), Bloque Nacionalista Galego (Galizia), Andecha Astur (Asturias), Unidad del Pueblo y Alternativa Nacionalista Canaria (Kanaria uharteak).

Indar zabala osatu dugu, klase herritarren ahotsa Europara eramateko helburua izango duena, botere finantzarien menpe dauden erakundeetara. Bi ardatz nagusi ditu: beren etorkizuna eraikitzea eraiki nahi duten herrien defentsa eta herritarrei bizkarra ematen dien Europako Batasunari errotiko kritika egitea, Troikaren inposaketak salatuz. Bankuak erreskatatu baina herritarrak desjabetu egiten dituen EBren aurrean, gure konpromisoa Herrien Europa da, pertsonen eskubideak lehenetsiko dituena gaur egun gertatzen denaren kontra, Europako erakundeeak korporazio kapitalistak baldintzatuak daudela.

Horrela, jarraipena ematen diogu Alternatibarentzat iazko irailaren 28an abiatutako bideari, Bilbon antolatutako Batzar Nazionalean, orduan erabaki baitzen Euskal Herria Bilduren baitan Europako Hauteskundeetara joatea.

Europako Parlamenturako Hautagaitzaren Manifestua “Herriek erabaki”

http://alternatiba.net/old-files/Herriek Erabaki_Europako Parlamenturako Hautagaitzaren Manifestua.pdf

Europako Hauteskundeetarako hautagaitza osatzeko Hitzarmen Politikoa sinatu dute EHBildu eta BNGk

Europako Hauteskundeetarako hautagaitza osatzeko Hitzarmen Politikoa sinatu dute EH Bildu eta BNGk. Hona hemen sinatutako dokumentua:

Honako agiri honen bidez, Euskal Herria Bildu koalizioak eta Bloque Nacionalista Galego alderdiak berariazko hautagaitza sustatzeko konpromisoa hartzen dugu 2014ko maiatzaren 25ean egitekoak diren Europako Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako. Hautagaitza horren osaketari dagozkion akordioak itxi bitartean, BNGk eta EHBilduk hitzematen dugu gure nazioetan, hau da, Galizian eta Euskal Herrian, hauteskunde-aliantza horren subjektu politiko nagusi gisa jokatuko dugula.

Bi taldeok espainiar Estatuko beste herri eta nazio batzuetan hautagaitza honetan parte hartzeko edo babesteko formulak ezartzeko prest agertzen gara, betiere hautagaitzaren oinarrian dauden ardatz politikoak indartzeko, hala nola, herrien erabakitze eskubidearen defentsa eta EBren ereduaren salaketa. Eredu hori demokraziaren aurkakoa da erabat, nazioei ahotsa ematen ez dielako, bere erabakiak herritarrek aukeratu ez dituzten organoetan hartzen dituelako eta bere estrategia politikoekin zilegitasuna ematen dielako Europako biztanleen lan eta gizarte eskubideak, bai eta zibilak eta politikoak ere, modu bortitzean murrizteari.

Europako Legebiltzarrerako hauteskundeak iristen dira eredu ekonomiko kapitalista krisi sakon batean murgilduta dagoenean, oinarrizko zerbitzu publikoen murrizketek eta gizarte-eskubideen urraketak ezaugarritzen duten testuinguru batean; hori dela eta, Europako milioika herritarrek aurre egin behar diete langabeziari, kaleratzeei, prekarietateari, pobretzeari eta gizarte-bazterkeriari.

EH Bilduk eta BNGk bat egiten dugu eta hauteskunde hauetan gure parte-hartzea borrokarako agertoki bilakatu nahi dugu, Troikaren planei eta, oro har, Europar Batasunak hartutako bideari aurre egiteko. Izan ere, Europar Batasunak finantza-erakundeak erreskatatzera eta enpresa-korporazio handien interesak babestera jotzen du zalantza izpirik izan gabe, pertsonen eskubideak urratzen dituen bitartean.

Bi taldeok indarrean dagoen eredu horren aurkako konfrontazio argia sustatzeko konpromisoa adierazten dugu, gure jarduera politikoaren bidez eta herri mobilizazioari babes aktiboa emanez, eredu horrek eskubideen murrizketa orokorra dakarrelako, jendartearen sektorerik ahulenak zigortzen dituelako eta gazteen etorkizuna hipotekatzen duelako. Konfrontazio horrek, amore eman gabe, baldintzak sortu behar ditu Europan eredu berri baten zutabeak jartzeko. Eredu bat Europako herrien arteko elkarlanean oinarrituta, pertsonak jarduera politiko komunaren erdigunean ipiniko dituena eta euren funtsezko eskubideak bermatuko dituena.

Hortaz, besteak beste, nazioek euren etorkizuna erabakitzeko duten eskubidea espresuki aldarrikatzen dugu, bai eta eraberritze demokratikoari heldu beharra ere, herritarren beharrak lehen planoan jartzeko.

Zentzu horretan, ezinbestekotzat jotzen dugu berehalako neurriak hartzea –oinarrizko errenta europarra ezartzea, esaterako– eta, halaber, beharrezkotzat jotzen dugu herriak euren etorkizunaren gainean duten hipotekatik erreskatatzea. Gure herriei beren baliabideen gaineko kontrola eta beren gaitasun produktiboak, alegia, aberastasuna, enplegua eta gizarte-ongizatea sortzen dituztenak, babesteko eta garatzeko eskubidea aitortu behar zaie, kanpoko injerentziarik gabe.

Horrek esan nahi du zorra, publikoa zein pribatua, ikuskatu beharra dagoela eta zilegitasunik gabeko zorra ez dela ordaindu behar. Halaber, finantza-erakundeen gaineko kontrol sistema eraginkorrak ezarri behar dira, bai eta transnazionalen boterea mugatzeko mekanismo eraginkorrak ere.

Inboluzio sozial eta demokratiko kezkagarriak ezaugarritzen duen testuinguru honetan, EH Bilduk eta BNGk demokrazia parte-hartzailearen eta erabakiak modu zuzenean hartzearen aldeko apustu argia egiten dugu. Ziur gaude gure nazioen burujabetza irmo sustatzea biderik seguruena dela herri eta gizarte eredu ireki, justu eta berdintasunezkoagoa lortzeko.

Gure hautagaitzak babesa adierazi nahi die Eskozian egitekoa den erreferendumari eta Kataluniako kontsultari, eta gure nazioek ere, Euskal Herriak zein Galiziak, beren etorkizuna demokratikoki eta kanpoko injerentziarik gabe erabaki nahi dutela aldarrikatuko dugu Europako Legebiltzarrean ez ezik, Europako eta nazioarteko bestelako erakunde eta organoetan ere.

Eraberritze demokratiko sakon baten beharra aldarrikatzen dugulako, eredu sozialaren eta ekonomikoaren errotiko eraldaketa krisi sistemikoa konpontzeko modu bakarra den uste osoa dugulako, hautagaitza bat osatzeko konpromisoa hartzen dugu, herrien ahotsa eta Troikaren politikek gehien zigortu dituzten sektoreen aldarrikapenak Europako Legebiltzarrera eramateko.

EHBildu

X