Zabalgarbik bizkaitarren osasuna arriskuan ipini duela salatu du EH Bilduk eta erantzukizunak argitzeko exijituko duela iragarri du

Zabalgarbik Ingurumen araudia urratu izana “arduragabekeria larria” dela ziurtatu du EH Bilduk, erraustegiak bizkaitarren osasuna arriskuan ipini duela iritzita. Ekologistak Martxan taldeak joan den astean jakitera eman zituen datuen harira egin ditu adierazpenak EH Bilduk. Talde ekologistak Eusko Jaurlaritzaren datuak hartu ditu oinarri, Ingurumen Zaintzarako Programan jasotzen direnak eta joan den astean jakitera eman zuenez, 2012 urtean Zabalgarbik lau aldiz gainditu zuen hainbat gai kutsakorren gehienezko isuria. Halako egoera bat gertatzen denean, Zabalgarbiren jarduna etetera behartzen du araudiak, isuritako gai toxikoen mailak behera egin dezan baina Zabalgarbik ez zuen bere jarduna eten, gehienezko muga gainditu zuen lau aldietatik hirutan.

Irune Soto batzarkidearen hitzetan, “arduragabekeria itzela” da Zabalgarbik ingurumen araudia urratu izana. “Oso gertakari larriez ari gara hizketan. Bizkaitarron osasunaz ari gara. Datuek argi eta garbi adierazten dute Zabalgarbik ez dituela gutxieneko kontrol neurriak bete eta, beraz, arriskuan jarri du inguruko biztanleriaren osasuna”.

Asier Vega, Irune Soto eta Aitziber Ibaibarriaga

Datuak joan den astean publiko egin ziren arren, Bizkaiko Aldundiak “hitz erdirik ez esan izanak” are gehiago kezkatzen ditu koalizioko kideak. “Aldundiaren isiltasuna oso nabarmenegia gertatzen ari da” adierazi du Sotok.

EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkie araudi urraketaren arduradunei eta zentzu horretan, Iosu Madariaga Aldundiko Ingurumen diputatuaren presazko batzorderatzea eskatuko du. Madariaga diputatu izateaz gain, Zabalgarbiko Administrazio Kontseiluko presidentea da baita ere. Dena den, koalizioak aurreratu duenez, “azalpenak ez dira nahikoa izango”. “Gertakari larriok, ondorio argiak izan behar dituzte arduragabekeria honen erantzuleentzako. Halakorik ezin da onartu eta ezinbestekoa da neurriak hartzea berriz gertatu ez dadin” adierazi du batzarkide taldeko bozeramaileak.

Bilboko udal taldetik ere Zabalgarbiren urraketak salatu dituzte EH Bilduko ordezkariek. Aitziber Ibaibarriagak adierazi duenez, Zorrotza, Deustu eta San Inazioko auzokideen osasuna da bereziki arriskuan jarri dena, “100.000 pertsonatik gora bizi dira auzo horietan” argitu du. Hala, EH Bilduk biztanleriaren osasuna kaltetua izan den argitzeko ikerketa eskatuko du Bilboko Udalean eta zinegotzi delegatuari beharrezko azalpenak eman ditzala eskatuko dio.

Ibaibarriagak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak araudi urraketaren berri zuela 2012. urtetik baina ez duela inolako neurririk hartu. “Guztiz onartezina da. Kanpaina elektoraletarako “pertsonak lehenengo” direla esaten dutenek, ez dituzte osasun berme oinarrizkoenak betearazten”.

Bestalde, Zabalgarbiren errendimendu energetiko baxuari erreparatu dio Ibaibarriagak. Eusko Jaurlaritzak jaso dituen datuen arabera, Zabalgarbik ozta-ozta betetzen du “balorizazio energetikorako azpiegitura” izendatzeko gutxieneko errendimendua. Aldiz, Ekologistak Martxanek errendimendua kalkulatzeko metodologia akatsak salatu ditu eta Zabalgarbiren jarduera “hondakinen ezabatzeari” dagokiola ziurtatu du, eta ez “balorizazio energetikoari”. Baieztapen hori frogatuko balitz, Bizkaiak ez luke hondakin kudeaketarako araudi europarra beteko eta Bizkaiko hondakin sistema legez kanpokoa litzateke.

Horrez gain, Zabalgarbiren bideragarritasuna ere oso zalantzazkoa utzi dute agerian datuek. Zabalgarbi ezohiko diru laguntza publikoei esker da bideragarri baina EH Bilduk ohartarazi duenez, litekeena da Espainiako Gobernuak laguntza horiek ezabatzea. “Hala gertatuko balitz, zein litzateke Zabalgarbiren etorkizuna? Aldundiak emango lizkioke laguntzak? Isurtzen dituen gai toxikoak arnasteaz gain, bizkaitarrok gure poltsikotik ordaindu beharko genuke azpiegitura defizitario hori?” galdetu du Ibaibarriagak.

EH Bildutik azpimarratu dute Zabalgarbi dela Bizkaiko Foru Aldundiaren hondakin kudeaketarako ardatza. Ibaibarriagaren hitzetan, “EAJk sortu duen munstroa nola-hala elikatu behar duela erabaki du Aldundiak. Berdin dio bizkaitarron osasuna arriskuan jartzen bada, berdin dio errendimendu baxuko azpiegitura bada eta Europako araudia urratzeko arriskuan bagaude, eta berdin dio bideragarria ez bada. Zabalgarbi gabe, Aldundiak ez du hondakin kudeaketarako politikarik”.

EHBildu Bizkaia

EH Bilduk kontzentrazioa egin du Durangon, EAJk ingurumenaren aurka egiten duen politika suntsitzailea salatzeko

Eusko Jaurlaritzaren eta Durangoko udaletxeko agintariek, Berdeago, iraunkortasunaren aldeko azoka inauguratu dute gaur Durangon. EH Bilduren zinegotziak bizikletaz heldu dira hitzordura eta azoka atean pankarta baten atzean kontzentrazioa egin dute. “Urkullu, iruzurrik ez, porlana ez da berdea!” zioen idatziarekin Jaurlaritzak eta EAJk egiten duen ingurumenarekiko politika suntsitzailea salatu gura izan dute.

Eider Uribe zinegotziak eta Oskar Matute legebiltzarkideak adierazpenak egin dituzte komunikabideen aurrean. Herritarrei argi eta garbi azaldu gura izan diote ez EAJk, ez Urkulluk eta ezta Jaurlaritzak ez dutela inondik inora politika iraunkorra bultzatzen. “Egiten duten politika erabat errespetugabea da ingurumenarekiko. Euskal Herria orbanez betetzen dute Abiadura Handiko Trena eraikitzen, eta gure inguru naturala suntsitzearen aldeko apustua egiten dute fracking-aren bitartez”, adierazi dute. “EAJren jarrera horrek eta euren marketing berdeak ez du gizartearen etorkizuna iraunkorragoa bilakatuko”, gaineratu dute.

“Iraunkortasuna, ingurumenarekiko errespetua, ez dago euren lehentasunen artean. Iraunkortasunaren kontzeptua erabili egiten dute, empresa pribatuekiko duten morroitza estaltzeko. Iraunkortasuna asteburu bateko pegatina legez erabiltzen dute, baina berez, gainetik jartzen dituzte ingurumenaren bizkarrera mozkina bilatzen duten enpresen interesak”, salatu dute.

EHBildu

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/t31/1531633_446959645432768_1070647761_o.jpg

AHTren neurrigabeko gainkostuen aurrean obrak geratzeko erabakia hartuko duen erantzungo du Urkulluk

EH Bilduk Iñigo Urkullu lehendakariari egin beharreko interpelazioa aurkeztu du, AHTren obretan izaten ari diren neurrigabeko gainkostuen harira. Aurreikuspen berrien arabera, Abiadura Handiko Trena bukatzen denean, gutxienez, hasieran aurreikusitakoa baino bikoitza xahutuko dute erakunde publikoek. “Hori arrazoi nahikoa da azpiegitura horren etorkizuna berriro aztertzeko, izan ere, inoiz Euskal Herrian egin den obrarik erraldoiena eta ingurumenarentzat kaltegarriena da”. Oskar Matute legebiltzarkideak egingo dio Urkulluri interpelazioa, eta adierazi duenez, “lehendakariak ardura dauka, gutxienez, gardena izateko eta mahai gainean jartzeko xahutuko ditugun euro guztien inguruko informazioa. Zenbat eta zertarako gastatuko den jakiteko eskubidea daukate herritarrek”.

Izan ere, koaliziokideak adierazi duenez oraindik aldagai asko kontua izan behar dira kostu erreala kalkulatzeko: “azken kopuruari gaineratu behar zaizkio geltokiak eraikitzen egingo den gastua, baita segurtasun neurriak ezartzearena, katenariarena, seinalizazioa, etabar. Horrek agerian uzten du AHTren kostua hasieran esandakoaren bikoitza izango dela gutxienez. Eta aurrekontua ez da iruzur bakarra: badira beste zenbait argudio erori egin zaizkienak, hala nola, merkantziak garraiatuko dituela edo Europarekin konektatuko gaituela”. Horren aurrean, Matuteren iritziz bi aukera ditu lehendakarak: “lehenengoa, datu eta aurreikuspen guztiak eguneratzea, eta zehaztasunez azaltzea zenbat kostatuko zaion herritar bakoitzari eta zertarako erabiliko duen AHTa; eta beste aukera da obrak geratzea eta bere etorkizuna berriro aztertzea. Azken aukera horrek diru aurrezpena ekarriko luke ziur. Aukera bat edo beste egin beharko luke, baina ez diezaiola gehiago iruzur egin gizarteari”.

“Baina errealitatean Jaurlaritzaren bozeramaileek iruzurrarekin jarraitu nahi dutela uste dugu, eta AHTren gainkostuak ordaintzen eroso sentitzen direla. Hala uste dugu, egiten dituzten adierazpenetan ez dutelako autokritika minimorik ere egiten. Izatez, Ana Oregi Ingurumen sailburuak gainkostuen harira elkarrizketa batean esan zuen gauza bakarra izan zen, hasierako estimazioak “borondate onez’ egin zirela. Horrek agerian uzten du EAJri ez zaiola axola herritarren poltsikoetatik ateratzen diren gainkostuak ordaintzea. Baina EAJk badaki gainkostuak exijitu eta kobratzearen praktika erabiltzen duten enpresak kontratatzea ze ondorio negatiko duen”, esan du Matutek. “Egia bada aurreikuspen ekonomikoak egiterako orduan borondate ona besterik egon ez zela, gaur egun azpiegitura hori defendatzen duten agintariek berehala dimititu beharko lukete”, gaineratu du.

Urkulluri interpelazioaz gain, Oregi sailburuak hiru galdera erantzun beharko ditu ere gainkostuen, merkantzien ustezko garraioaren eta obrarekin jarraitzeko arrazoien inguruan.

EHBildu

Eta eguzkia ere bai

Juan Maria Sanchez eta Diana Urrea – Alternatibako Mahai Ekologista

Y también la lluvia izeneko filma Cochabambako uraren Gudaren testuinguruan gertatzen da, 2000. urtean, Bolivian. Orduan, euriaren ura jasotzeagatik ere kobratzeko asmoa zuten.  

Rajoyren gobernuak proposatutako autokontsumo elektrikoa arautzeko Errege Dekretuak asmo bera dauka: eguzki izpiak erabiltzeagatik kobratzea eta, gainera, autokontsumoarekin amaitzea, oligopolio elektrikoaren etekinak bermatuz eta norberaren indar elektrikoa ekoiztea hura erostea baino %27 garestiagoa izatea lortuz. Non da burujabetza energetikoa? 

Batetik, “babes-bidesaria” delakoa sortu da, energia propioa ekoizteagatik kobratzen dizuna ekoizten ez duzuna saretik kontsumitzen duzulako, eta horrek ordaindu beharreko kostu bat duela argudiatuta. Demagun zure letxuga propioak landatzeagatik ordaindu behar duzula, zuk ekoizten duzun hori baino gehiago behar izanez gero, dendara jo dezakezulako eta eskuragarritasun hori ordaindu behar duzulako.

Bestetik, fakturaren gastu finkoa, hau da kontratatutako potentziarena, %70 igo da, kontsumitutako argindarrarena %23 murriztu den bitartean. Ondorioz, tarifa finko bat sortu da, hain oinarri handia izanik fakturan kontsumoa murrizteko ahalegin guztiek eraginik izango ez dutela. Krisi deitutako iruzur honen eraginez energia kontsumoa jaitsi dela? Eraginkortasuna handitzen dugula kontsumo elektrikoa murrizteko? Ba fakturaren zati finkoagatik gehiago kobratzen dugu etekinak berdintzeko, aurrezteari trabak jarriz baina etekinak bermatuz. Kontsumo arduratsua?

Zeintzuk dira autokontsumo elektrikoa arautzen duten herrialdeak? Bada, Alemania, Italia, AEB, Belgika, Danimarka, Japonia, Mexiko; eta horietako batean ere ez dago babes-bidesaririk. Munduan ez dago antzeko zergarik, auto-kontsumitzaileek enpresa elektrikoen hanka-sartze estrategikoak ordaintzeko asmoarekin sortutakoa. Izan ere, enpresa hauek gasaren eta gas naturalak jasotzen dituen itzuli-beharrik gabeko diru laguntzen alde egin zuten; babes-teknologiatzat jotzen dena.

Nondik sortu da indarra garestitu eta bidesari hau sortzeko ideia? Kasualitatez, Gonzalo Saenz de Miera, Iberdrolako zuzendariaren proposamenak dira, 2012ko apirilaren 12an aurkeztutako “Autokontsumoari buruzko azterketa Espainiako sektore elektrikoan” izenekoan daudenak. Ondoren, Iberdrolaren logotipoa Espainiako Aldizkari Ofizialaren irudiagatik ordeztu, eta voila.

Komeni zaigu Iberdrolako akziodun nagusia Qatarko Fondo Burujabea dela jakitea, eta baita Qatarko Emirerria Espainiaren hirugarren gas hornitzaile handiena dela. 2005 eta 2012 bitartean gasa Iberdrolaren elektrizitate iturri nagusia izan da, %40 hain zuzen. Aitzitik, ziklo konbinatukoak, gasa erretzen dutenak alegia, %10eko erabilera tasa izan dute 2013ko lehen hiruhilabetekoan. 

Ez ditzagun ahaztu hain ondo koipeztatuta dauden ate birakariak. Acebes ministro ohia Iberdrolan mailaz igotzen doa, baina soldatapean ere Fernando Becker (PP), edota Manuel Marin eta Amparo Moraleda (PSOE) daude. Jose Mª Aznar Endesako aholkulari da, Felipe Gonzalez Gas Natural Fenosakoa. Soria ministroak merituak egiten ditu bere eserlekua lortzeko ministerioa uzten duenerako. Bada, nor harritzen da lege honengatik, gutxi balitz, bere instalazio berriztagarriak ixten dituzten enpresak ere sarituko dituena?

Iberdrolak aho txikiarekin protesta egiten du erreforma dela eta 170 milioi euro ordaindu behar izango dituelako; aitzitik ez du aipatzen zergetan 1.500 milioi aurreztuko dituela Montoro Ministroaren lege batek erraztuko dion kontabilitate-ingeniaritzari esker.   

Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, autokontsumo era ezberdinen erabileraren ikuskaritza Estatuko Administrazio Orokorrak egingo du autonomia erkidegoekin elkarlanean. Jaurlaritzari puntu honetan desobedientziaren bidez zentzugabekeria honi aurre egiteko eskatzen diogu, kontrako jarrera azalduz eta elkarlanari uko eginez; jarrera araugilea har dezan, energetikoki menpekoa den herri batean autokontsumo elektrikoa sustatzeko eta babesteko asmoz. Burujabetza energetikoaren alde egiteko eskatzen dugu; herritarrei erantzukizuna eskatzen diegu, kutsakorrak ez diren eta enplegua sortuko duten energien aldeko apustua egin dezaten.

Boliviak, eskainitako zerbitzu eskasagatik Iberdrolaren menpeko enpresa nazionalizatu zuenean, Rajoyren gobernuak ziurgabetasun juridikoaz hitz egiten zuen. Lege honetan proposatutako aldaketek ekoizleak saritzen dituen sistemaren berraztertze sakona dakartzate. Fotovoltaikoan inbertitu duten sozietateek, ekoizpenari pizgarriak kobratzetik gobernuarentzat “arrazoizkoa” den errentagarritasuna -diotenez, %7,5- lortzera igarotzeak dakarren ziurgabetasun juridikoa salatu dute. Instalazioen antzinatasuna kontuan hartuko denez, ziurtzat jotzen da atzeraeraginezko efektua gertatuko dela, denbora gehien martxan daramaten instalazioak zigortuz. Berriztagarrietako inbertitzaile txikientzat, eta zehazki eguzki-ortuetan inbertitu duten aurreztaileentzat, galera handiak izan ahal dituzte.

Guzti hau salneurriaren defizitarekin amaitzeko aitzakia baino ez da, ate birakarian dauden politikariek eta oligopolioak herritarrak are gehiago espoliatzeko asmatutako mitoa. Salneurriaren defizitaren kontu-ikuskaritza serioa eskatzen dugu, datu errealak kontuan hartuta, ez oligopolioak asmatutakoak. Horregatik, dekretu honi desobedientziaren bidez aurre egitera deitzen dugu, autokontsumoaren alde eginez eta %100ean iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitatea saltzen duten Goiener bezalako kooperatiba elektrikoei erosiz.

Irudia: Manel F.

PNVren ezkutuko interesak daude errauskailua eraikitzeko asmoen atzean

Jakina denez, Zubietako errauste plantaren proiektuak dituen irregulartasunak direla kausa, Eusko Jaurlaritzak jarritako ingurumen baldintzak ez dira betetzen. Horren ondorioz, errauste plantaren eraikuntza bertan behera uztea erabaki du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK). Horren aurrean bere posizioa eman nahi du jakitera EH Bilduk.

1.- Hasteko eta bat, errespetu instituzionala exijitu nahi diegu aurreko egunean bere iritzia plazaratu duten hainbat eragile eta komunikabideri. GHK ez da Bilduk “kontrolatzen duen” erakunde pribatu bat, baizik eta Gipuzkoako mankomunitateek eta udaletxek hondakinen kudeaketarako aspaldi eratu zuten Partzuergoa.  Legitimitate demokratikoa dauka, beraz. Herritarrek emandakoa. Hiri hondakinen azken tratamenduaren ardura du Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak. Hala, hari dagokio egitea, besteak beste, transferentzia plantak, konpostatze plantak, birziklatzeko azpiegiturak, planta biomekanikoak edo/eta errauste plantak. Herritarren bozka oinarri duen instituzioa izanik, Bilduk duen gehiengoa herri borondatearen fruitua da. Inori ez litzaioke burutik pasako PNV, PSE eta PP alderdiek Batzar Nagusiak “kontrolatzen dituztela” esatea; era berean, GHKren osaketa eta legitimitatea zalantzan jartzea ez dugu onartuko.

2.- Errauste plantaren gelditzeak arrazoi sendoak eta ardura zehatzak ditu oinarrian. Askotan esan dugu PNVk kosta ahal kosta egin nahi zuen proiektua zela, eta diseinuan zein lizitazioan salatutako irregulartasunak, osasunerako arriskuak, kontrakotasunari jaramonik ez egitea eta proiektuaren beraren kostu itzela ez dira nahikoak izan Zubietako errauste plana baztertzeko. Bestelako arrazoiak, ezkutatu ezinak, daude egungo egoeraren muinean: baimendutako proiektuaren zer-nolakoak ere ez zituzten errespetatu lehengo gestoreek. Funtsezko aldaketak eginda, hondakin solido kutsagarriak eta errauts toxikoak tratatzeko azpiegitura DESAGERTARAZI zituzten proiektutik. Gauzak horrela, baimendu ez diren baldintza hauetan, proiektua eraikitzea legea urratzea litzateke.

3.- Kontsortzioak informazio zabala eman du, beraz, ez dugu argudio tekniko eta ingurumen mailakoetan sakonduko. Gainera, errauste plantaren sustatzaileek ez dute datu bakar bat ere eman errealitate hori ukatzeko. Aurreko foru gobernuaren eta GHK-ko aurreko arduradunen kudeaketa negargarria azalarazi du errauste plantaren aferak. PNV eta bere ezkutuko interesak daude, beste behin ere, argipenak eta ikerketa eskatzen duten auzi baten atzean. Honenbestez esana dago, ardurak ezin dira hala-nola sakabanatu: auzi honetatik eratorritako kalte eta galera guztiak PNVren ardurapekoak dira, ez beste inorenak.

4.- Ostrukarena eginez, kontrakoa adierazi nahi dute. Izan ere, erabaki horren ondorioz GHK-ko hondamendi ekonomikoa etorriko dela, kalte ordainak eta han-hemenka dauden auziak direla eta. Ezkutatzen dute, nahita, PNVko arduradunek sinatu zituzten “swap” kredituak (finantza-produktu toxikoak) eta eraiki ezin daitekeen proiektu bat enpresekin sinatzea daudela Kontsortzioak duen zorraren atzean. Argiago esanez: haiek, ez beste inork, sortutako zuloak eta arduragabekeriak ondorengoei leporatuko nahi diete. Kopeta lodia behar da!

5.- Nolanahi ere, gure asmoa ez da batzuek horrenbeste maite duten enfrentamenduaren logika elikatzea. Aitzitik, Zubietako proiektuaren definizioaren eta garapenaren deskalabrua aintzat hartuta, kudeaketa zentzuduna eta arduratsua egiten jarraituko dugula adierazi nahi dugu. Alde batetik, gipuzkoarren interesak eta ondasunak edozeren gainetik defendatzen, enpresen eskariak entzungo ditugu. Bestetik, instituzioen iraupena eta eraginkortasunaren abiapuntutik, GHKren bideragarritasuna eta solbentzia osoa bermatuko dugula. Edozein kasuan, Zubietako proiektuaren gauzatzeko ezintasunak eszenatoki berri batean kokatzen gaituela onartu beharra dago, non hondakinen trataera integrala definitu eta azpiegiturez hornitzea denon erantzukizuna den. Hala gauzak, alderdi, eragile eta instituzioen arteko elkarrizketa eta elkar ulertzea ezinbestekoa delakoan, debatea ireki eta soluziobideak aurkitzeko dinamikak eta harremanak sustatuko ditugu hurrengo egun eta asteotan.

X