Tentsio altuko linea proiektua bertan behera uzteko eskatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Gipuzkoako Foru Aldundiak Dikaztelu eta Ezkio-Itsaso eta Castejon-Muruarte arteko 400.000 voltioko lineen proiektua bertan behera uzteko eskatu du. Izan ere, Foru Aldundiak dioenez, Red Electrica Española enpresak sustatu nahi duen egitasmoa ez dago estatu energia elektrikoaren gaur egungo garraio sarearen plangintzan, eta, horrekin lotuta, 13/2012 Errege Lege Dekretuak honako hau dio hitzez hitz: “Ministroen Kontseiluak energia elektrikoa garraiatzeko sarearen plangintza berririk onartu arte, ezingo da Estatuko Administrazio Orokorraren eskumenekoak diren garraio-instalazioetarako administrazio baimen gehiagorik eman”. Beraz, Dikaztelu eta Ezkio-Itsaso eta Castejon-Muruarte arteko lineen proiektua gaur egungo plangintzan ez dagoenez, eta ezin denez, plangintza berririk onartu ezean, baimen gehiagorik eman, administrazio eskudunek bertan behera utzi beharko lukete proiektua. “Bestela, ez litzateke araudia beteko”, adierazi du Foru Aldundiko Ingurumen eta Lurralde Antolaketako Departamentuak.

Gogoan izan bi linea hauek 120 kilometro hartuko lituzketela, guztira, eta haietatik, hamalauk Gipuzkoa zeharkatuko luketela. Linea, hain zuzen ere, Gipuzkoako Partzuergotik barrena sartuko litzateke lurraldean, eta ondorengo udalerrietan izango luke eragina: Idiazabal, Zegama, Segura, Zerain, Mutiloa eta Gabiria. Linea altzairuzko dorre sorta batek osatuta legoke (Gipuzkoan 28 jarriko lirateke): dorreek 80 metroko altuera ere izango lukete, eta haien arteko batez besteko tartea 400 edo 500 metrokoa litzateke. Linea hau babesteko, 40 metroko zabalerako korridore bat egin beharko litzateke, non murrizketak ezarriko litzazkiekeen zuhaitzei. Lanak egiteko eta dorreen mantenimendua bermatzeko, 5,3 kilometroko bide berriak egin beharko lirateke Gipuzkoan.

Gipuzkoako Foru Aldundiak hainbat helegite aurkeztu dizkio tentsio altuko linea proiektuaz egindako ingurumen txostenari. Nagusia, lehen esandakoa. Horrez gain, Aldundiak dioenez, “gai honi buruz aurkeztu den informazioa ez da aski ezarri nahi diren instalazio horien benetako premia objektiboa justifikatzeko. Oinarrizko eta funtsezko gabezia horrek behartu beharko luke benetan eta seriotasunez hausnartzera proiektua aurrera eramatea komeni den ala ez”.

Are gehiago, Foru Aldundiak azaldu duenez, energia elektrikoaren eskari gordina nabarmen gutxitu da Estatu mailan azken sei urteetan, eta aurrerantzean ere joera bera izatea espero da. Horregatik, “eskariaren jaitsierari buruzko datuek adierazten dute ez dagoela elektrizitatea sortzeko eta garraiatzeko instalazio berririk egin beharrik, eta jasangarritasunaren ikuspegitik egin beharko litzatekeena energia aurreztea eta eraginkortasuna bultzatzea dela”. Ildo horretatik, proiektuan, ez dago daturik linearen beharra justifikatuko luketen energia planta berriez, ezta Estatuko gaur egungo lineen balizko saturazioaz ere.

Ingurumen eragina ere ez da behar bezala baloratu, Aldundiak dioenez. Ez dezagun ahaztu, esaterako, tentsio altuko lineak Natura 2000 Sarean babestutako hainbat eremutan izango lukeela eragin zuzena, eta hainbat espezierentzat –hegaztiak, batik bat- kaltegarria izan litekeela. Proiektuak herritarren artean kezka eta aurkako jarrera eragin duela ere gogorarazi du Aldundiak.

“Begien bistakoa da makroproiektu honek gabezia eta hutsune nabarmenak dituela: sustatzaileek ez dute haren beharra justifikatu; ingurumen azterketa ez da behar bezala egin, nahiz eta ingurumenean eta babestutako eremuetan eta espezien artean izugarrizko eragina izango lukeen; herritarren artean kontrako jarrera garbia eragin du, eta araudia bera ere ez luke beteko. Beraz, baimenik ez emateko eta bertan behera uzteko eskatu diogu Espainiako Gobernuari”, adierazi du Iñaki Errazkin Ingurumeneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak.

GFA

Matute: “AHTren obretan xahutzen ari den dirua oinarrizko gizarte beharretarako erabiltzeko garaia da”

BERRIA egunkariak galdetegi bat bidali die Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko alderdiei, abiadura handiko trenaren (AHT) inguruan izan diren azken albisteen inguruan. EHBildu koaliziotik Oskar Matutek erantzun ditu:

1.Ipar eta Hego, badirudi abiadura handiko trena (AHT) loturarik gabeko tren bat izango dela. Nola hartu dituzue AHTaren inguruan izan diren azken albisteak?

Azken albisteek agerian uzten dute EH Bildu aspaldi esaten ari dena: proiektu hau oinarritzen da makroazpiegituren eraikuntza ardatz zuen desarrollismo zaharkitu batean. Sekula ez da onuragarria izan, ingurumen kaltearengatik eta barruko eskualdeen desegituratzeagatik. Eraso ekonomiko, ekologiko eta sozial hau aurrera eramateko zeukaten argudio nagusia —Madril eta Parisekin lotura azkar bat izatea— ez dela benetakoa ikusten ari gara. Kapitalismoaren erasotik babesteko beharrezkoa den diru publikoa alferrik galtzen ari gara enpresa handi batzuen behar ekonomikoei erantzuteko.

2.Planteatu beharko litzateke berriro obra honen etorkizuna, edo aurrera jarraitu beharko litzateke bukatu arte?

Obrak gelditzeko unea da, eta xahutzen ari den dirua oinarrizko gizarte beharretarako erabiltzeko. Aldi berean, behar dugun mugikortasun eta garraio ereduari buruzko gizarte eztabaida bat zabaldu behar da. Eztabaida horrekin ikusiko dugu zer egin hasierako egoerara itzuli ezin den horrekin, nahiz eta guretzat desiragarria litzatekeen egin diren zementuzko orbain guztiak zuzentzea.

3.Zer egiteko asmo dauka zure alderdiak egoera honen inguruan?

EH Bildun jarraituko dugu ahalegintzen azpiegiturak izan daitezen gizartearen gehiengoaren beharren araberakoak, eta ez euren lagun enpresariak gogobete nahi duten ikuspegi motzeko buru batzuen apeta. AHTa geratzea zentzuaren eta Ama Lurraren errespetuaren bidera itzultzea da, sekula galdu behar ez genuen bidera. EH Bilduk ekonomia ekologizatu nahi du. Baina badira hiru alderdi ohartu behar direnak AHTa hiru hiriburu batuko dituen tranbia bat besterik ez dela, onura sozialik gabea. Alegia, proiektu honi etengabe diru itzela ematen dioten EAJ, PSE eta PP. Kostako da, baina benetan herritarrengan pentsatzen badute, haiek ere ohartuko dira ez dugula tren hau behar.

Artikulua osorik BERRIAn

EHBilduk Garoñaren eraispena exijitu du behin betiko itxiera bermatzeko

EHBilduk Garoñaren eraispen prozesua berehala has dezan exijitu dio Madrilgo Gobernuari. PPren Gobernuak Santa Maria zentral nuklearraren itxiera sinatu ostean egin du eskaera EHBilduk Gasteizen emandako agerraldi batean. Bertan, Xabier Mikel Errekondok eta Rafa Larreinak (Madrilgo Kongresuan EH Bilduren ordezkariak) ez dela nahikoa azpimarratu dute. Horiekin batera, Belen Arrondo, Igor López de Munain, Luis Salgado eta Ane Aristi egon dira.

“Madrilgo gobernuak orain sinatu du dekretu hori baina Arabak urteak eta urtean daramatza hori eskatzen baina zoritxarren Alderdi Popularrak zuen azken hitza. Hori bai, azken urteotan bizi izan garen anabasan, berehalako eta behin betiko itxiera aldarrikatzen dugu eta gure ustez dekretu hau ez da nahikoa, ez gara fidatzen eta horretarako arrazoi ugari ditugu”, iragarri dute.

Horregatik eraispen prozesua berehala hastea da, EHBilduren ustez, behin betiko itxieraren berme bakarra. Iaz, EHBilduk proposamen zehatz bat aurkeztu zuen eta ondoren instituzio guztietan onartu zen. Bertan, instituzioen arteko batzorde bat osatzea eskatzen zen segurtasuna bermatu ahal izateko prozesu guztian. Orain, batzorde hori premiaz osatzea eskatu du EHBilduk.

EH Bilduk Zizurkilen iruzurra egiten harrapatutako EAJko kideen dimisioa eskatu du

Pasa den asteburuan Tolosaldea Txukun plataformak Zizurkilen antolatu berri duen herri kontsultan gertatutakoaren aurrean Gipuzkoako EH Bilduk gogor salatu nahi du Zizurkilen iruzur politikoa gertatu dela.

Lehenik eta behin, nabarmendu nahi dugu Tolosaldea Txukunen asteburuko kontsultan Zizurkilen 750 pertsonek parte hartu zutela. Jende asko, baino zentsoaren heren bat bakarrik. Zizurkilgo jendartearen gehiengoak bizkarra eman zion kontsultari, udalak eskatu bezala.

Gero, denok ikusi dugu nola datuak puztu egin dira, beste 300 bozka delegatuak omen zeudelako, eta hala eta guztiz ere ez dira iritsi %45ra. Edozein kasuetan, herri kontsulta honetan parte hartu dutenak aurreko hauteskundetan EAJ, PP eta PSEko bozka eman dutenak izan dira, gutxi gora behera. Beraz, udalaren legitimitatea zalantzan jarri nahi zutenek porrot egin dute.

Herritarren borondatearen isla den neurrian herri kontsulta bati erabateko errespetua zor zaio beti. Baina asteburuan Zizurkilen gertatutakoak erakusten du EH Bilduren proiektu politikoa desgastatzeko EAJ prest dagoela horrelako iruzurrak ere egiteko. EAJrentzat herri borondatea aitzakia hutsa da, unean uneko bitartekoa bere helburuak betetzeko eta aurkari politikoen proiektuak kaltetzeko. Jeltzaleek aspaldi erakutsi dute herritarren borondatea, herri kontsulta zer den beraientzat: gauerdiko ahuntzaren eztula. Txisteratik atera dituzten boto horiek dira jendartearen zerbitzura daudenen eta jendartearen gainetik pasa nahi dutenen arteko diferentzia.

Medio jakin batzuek ezkutatzen duten arren ikusitako bi dokumentu grafikoek argi eta garbi erakusten dute botu delegatuaren inguruan iruzurra nola egin den, kontsultaren emaitzak gizentzeko fartsa nola burutzen den, demokraziaren urrezko araua, pertsona bat botu bat zein lotsagabeki apurtzen duten. Iruzur demokratikotzat jotzen dugu, gertakari oso larritzat jotzen dugu faltsukeria hau.

Baina ozen esan nahi dugu bi dokumentu grafiko horiek argi eta garbi erakusten dutela ere iruzurra nortzuk egiten duten.

Ustezko herri plataforma independente horren atzean EAJren eskua dago. Bozeramaile lanak egiten ari den Egoitz Sorozabal, Zizurkilgo zinegotzi jeltzalea da, eta Marian Lazkano, gaur egun zinegotzia da ere, eta aurreko legegintzaldia alkate. Eta Zorione Etxezarraga EAJko batzarkidea bertan dago ere. Bideoetan hirurak dira protagonista, hirurak dira iruzurgile. Ardura politikoak betetzen dituzte Zizurkilen eta Gipuzkoan. Eta ozen diogu iruzurgileek ez dutela tokirik gure herrietan ezta batzar nagusietan ere. Tranpa egiten dutenak, iruzurrak egiten dituztenak, herri borondateari errespetu minimoa ez diotenak ez dute tokirik ez politikagintzan, are gutxiago herrigintzan. Egoitz Sorozabalek, Zorione Etxezarragak eta Marian Lazkanok lotsatuta egon beharko lukete egindakoaz, lotsa apurra balute dimititu egin beharko lukete. EH Bilduk hiru pertsona hauen dimisioa eskatzen du, herri ordezkari izateko zilegitasun guztia galdu dutelako.

Zer ez dute egingo kontsulta batean eskua sartzeko prest dauden iruzurgileek? Zer egingo lukete hiru tranpati hauek gobernu ardurak balituzte? Kameren aurrean lotsagabeko herritarren borondatea bihurritzeko prest dagoenak zer ez luke egingo herritarron diruekin, herritarron proiektuekin, herritarron interesekin?

Bestetik, EAJri exijitzen diogu argi dezala herritarren borondatearekin jolasean aritu diren bi zinegotzi horiek tokirik ote duten PNVn, eta horrela ez bada zein neurri hartuko duen haien kontra.

Hurrengo asteburuan deituta dauden herri kontsultak direla eta, Irura, Anoeta eta Ordiziako herritarrek pasa den asteburuan Zizurkilen gertatukoa kontuan hartuko dutela espero dugu. Berriro ere EAJk deitutako herri kontsulta iruzurti horiei bizkarra emango dietela espero dugu.

Bukatzeko, esan behar dugu Zizurkilen erabili den herri kontsultaren eredua ez dela gure eredua, inondik inora, iruzurrari bidea irekitzen diolako. Gu herritarren parte hartzearen alde gaude eta bultzatu egiten dugu, baina ez hondakinen kontuan bakarrik, beste gai batzuetan ere bai.

EHBildu Gipuzkoa

Oskar Matute: “Pertsonak lehenbiziko gauza badira, zergatik ez dugu AHTa gelditzen?”

Oskar Matuteren hitzartzea Eusko Legebiltzarrean azpiegitura handien inguruan. Matutek, diru publikoaren erabilera desegokitzat AHTaren kasua jartzen du, gutxi batzuentzat eraikitako trena den heinean. Aldi berean, galdera zehatza botatzen dio ganbarari: Pertsonak lehenbiziko gauza badira, zergatik ez dugu AHTa gelditzen?

Bigarren bideoan Matutek beste talde parlamentarioei erantzuten die, baina batez ere, Semper jaunari (PP).

X