Matute: «Egun zoriontsua da, baina Garoña eraitsi arte ez gara mehatxu nuklearretik salbu egongo»

Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduren diputatuak esker ona eta zorion mezua helarazi dizkie Garoñako zentrala ixteko eta eraisteko urteetan lanean eta etengabe mobilizatzen aritu diren euskal gizartearen gehiengoari.

“Gaur jakinarazitako erabakiarekin, zaharkituta dagoen zentralaren eta behin betirako desagertarazi behar den energia nuklearraren mehatxutik salbu egotetetik hurbilago dago Euskal Herria”, adierazi du Matutek. Dena dela, azpimarratu du Garoñako zentralaren eraispena iritsi bitartean ezingo dela esan energia nuklearraren mehatxutik salbu egongo garenik. “Horixe da orain exijitu behar duguna: Garoña berehala eraistea”.

Gure Ama Lurra logika suntsikor eta mozkin enpresalarialetara lotuta ez dela egon behar sinesten duten guztientzat zorion eguna dela gaurkoa esan du EH Bilduko diputatuak. “Baina egiazko trantsizio energetikoa egiteko bide oso luzea geratzen zaigu oraindik. Gure apustua da herri honek energia eredu jasangarria, ekologikoa eta burujabea izatea”.

EH Bildu

Kepa Olaiz: «Teknologiarik modernoena erabilita ere, erraustegia kaltegarria da»

Kepa Olaiz erraustegiaren kontrako mugimenduko bozeramaileak Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio onar dezala zenbait ikerketak erraustegia kaltegarritzat jotzen dutela ingurumen eta osasunarentzat.

Erraustegiko lanak inauguratzear direla, Kepa Olaiz erraustegiaren kontrako mugimenduko bozeramaileak ‘Faktoria‘n berretsi du azpiegiturak ondorio kaltegarriak izango dituela.

Olaizek Gipuzkoako Aldundiari eskatu dio onar dezala zenbait ikerketak erraustegia kaltegarritzat jotzen duela ingurumenarentzat eta osasunarentzat.

Euskadi Irratia

Matute: «Parlamentu honen gehiengoak ere esan du; beraz, mehatxu hau, Garoña, gure bizitzetatik ezabatu ezazue»

Kongresuak hiru puntu jasotzen dituen legez besteko proposamena onartu du gaur. Lehenak, zentral nuklearra berriz ez irekitzeko eskaria jasotzen du. Bigarrenik, segurtasun baldintzetan eta Segurtasun Nuklearreko Kontseiluaren begiradapean zentrala eraistea eskatzen dio Rajoyren gobernuari. Eta hirugarren puntuak kaltetutako eskualdearen berrindustrializaziorako plangintza alternatiboa martxan jartzeko eskaria jasotzen du.Testua hainbat talde parlamentariok adostu dute eta joan den otsailaren 22an industria batzordean onartutako berbera da.

Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak “gizartearen nahia” entzun eta betetzeko eskatu dio PPren gobernuari. “Euskal gizartearen gehiengoak esan dizu. Parlamentu honen gehiengoak ere gaur esan dizu, eta beraz mehatxu hau gure bizitzetatik ezabatu ezazue”, esan du diputatu subiranistak. Eta gehitu duenez, “zoritxarrik” ez izateko modurik onena “badaezpadako” neurriak hartzea da.

 

 

Albistea EITBn

Gauzak horrela, EH Bilduk egindako legez besteko proposamena onartu du Kongresuak. Oskar Matute EH Bilduko zinegotziak aurkeztutako proposamen horrek Fernando Marti Segurtasun Nuklearreko Kontseiluko presidentearen kargugabetzea aurreikusten zuen.

Dena dela, oposizioko alderdi guztien babesa izateko puntu hori alde batera uztea erabaki du EH Bilduk. Hala, beste talde parlamentarirekin batera adostu duen testuan industria batzordean onartutako eskari berdinak egin dituzte.

Matuteren esanetan, Endesak eta Ibredrolak ez dute zentral nuklear horren beharrik, eta etekinak pilatzeko interesa besterik ez dutelako ez dute Garoña itxi nahi.

Ildo horretatik, herritarren nahia entzun eta bete ditzan eskatu dio Matutek Espainiako Gobernuari. Halaber, Garoñako zentral nuklearraren etorkizunari buruz erabaki bat hartzeko orduan interes orokorra gailendu beharko litzatekeela azpimarratu du EH Bilduko diputatuak. Gauzak horrela, euskal gizartearen gehiengoak Garoña ixteko exijitu diola esan du.

Beste alde batetik, estortsioaren eta erailketaren aurrean neurri hori askoz hobea izango litzatekeela erantzun dio Guillermo Mariscal PPko diputatuak. Halaber, Garoñaren itxierak oposizioko talde guztiak PPren kontra batu egin izana deitoratu du.

EH Bildu

EHBilduk Bardeetako ariketa militarrei buruzko azalpenak eskatu dizkio Espainiako defentsa ministroari

Alternatibako kide eta EHBilduren diputatu Madrilen Oskar Matutek Pedro Morenesen urgentziazko agerraldia eskatu du joan den irailean Bardeetan izan ziren eta azken egun hauetan ere izaten ari diren ariketa militarrei buruzko azalpenak eman ditzan.
 
Koalizio subiranistak ez ditu ahaztu joan den irailean Espainiako indar militarrek Bardeetako tiro eremuan egin zituzten ariketak. “Jakin dugunez, azken egun hauetan ere mugimenduak izan dira bertan. Azalpenak nahi ditugu”, esan du Oskar Matute diputatuak.

Ildo horretan, diputatu subiranistak Espainiako gobernuari eskatu dio “tiro eremua desegin dezala behin betiko. Horrela, Nafarroak lur eremu hori guztia berreskuratuko luke eta gizartearentzat hobea den erabilpena emango lioke. Onuragarria litzateke gizartearentzat”.

Matutek gogoratu duenez, “urte gehiegi igaro dira Parke Naturala eta Biosfera Erreserba militarren mesedera erabiltzen dutenetik. Nafarroako herritarren interesen aurka erabiltzen ari dira beraz. Eta hori onartezina da”.

X