Ander Rodriguezi elkarrizketa BERRIAN: «Adegik ez ditu bete bere helburu politikoak; horregatik salatu gaitu»

Adinekoek kalitatezko zaintza jasotzeko, zahar etxeetan lan egiten duten langileek lan baldintza duina izan behar dituztela uste du Ander Rodriguezek. (Donostia, 1982). Balorazio positiboa egin du diputatu moduan daramatzan bi urtez.

Adegi patronalak zure aurkako salaketa jarri du, zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresei mehatxu egitea egotzita. Nola hartu duzu?

Adegik jarria zuen salaketa Gipuzkoako Foru Aldundiaren kontra, lan gatazka beragatik. Salaketa horrek bere bidea jarraituko du. Baina guk beti adierazi dugu gure jarduna ditugun eskumenen barruan egin dugula, eta helburu jakin bat izan duela: erabiltzaileei kalitatezko zaintza bat bermatzea. Horretarako, behar-beharrezkoa da zahar etxeetako eta eguneko zentroetako langileek lan baldintza duinak izatea. Nire kontrako salaketak helburu politiko garbiak ditu. Beldurtu egin nahi naute, eta aurreko baldintzetara bueltatu: ordaindu, isildu eta baldintzarik ez jartzea zahar etxe pribatuetan aldundiak itunduta dituen lekuetan. Hori da Adegik duen helburua. Baina gobernu honek orain arteko bideari jarraituko dio. Feminizatua dagoen sektore horren baldintzak hobetu nahi ditugu. 

Aurretik Adegik aldundiaren kontra egin zuen. Negoziazio orokorrean esku hartzea egotzi zizueten. Nola erantzungo diozue horri?

Adegik salaketa jarri zuen, eta guk helegitea jarri genuen eskatzen zituen behin-behineko neurriak indarrean ez jartzeko. Epaileak arrazoia eman zigun. Iruditzen zitzaigun auzia ezin zela epaitu Gipuzkoako Probintzia Auzitegian, baizik eta EAEko Auzitegi Nagusian. Zain gaude. Baina berriro esango dut: gure eskumenen barruan jardun dugu. Arazoa da Adegik ez dituela bete bere helburu politikoak, eta horregatik jarri ditu salaketak.

Bestelako neurri edo ekinbiderik espero duzue Adegiren aldetik?

Ez dakigu. Baina departamentuan argi ikusten dugu Adegik galdu egin duela. Ez ditu gipuzkoarren interesak defendatzen eta errespetatzen. Ez ditu ordezkatzen zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresen interesak ere. Hasieratik itxi zuten negoziaziorako bidea. Ez dute borondaterik izan hau konpontzeko. Ez dira bateragarriak nire kontrako salaketa jartzea eta adostasuna lortu nahi izatea. Badakite zein ondorio dituzten hartzen dituzten neurriek.

Leku askotan, dena den, akordioak lortu dira enpresen eta langileen artean. Nolakoa da zuen harremana enpresekin?

Harremanak onak eta positiboak dira. Duela hilabete batzuk konturatu ginen lan hitzarmenaren negoziazioa blokeatuta zegoela. Patronalek egoera blokeatuta zuten, mozkinak bermatzeko langileen eskubideen kontra. Orduan enpresekin bilerak egiten hasi ginen, eta gure hausnarketa planteatu genien. Lan horren emaitza izan dira lortu diren akordioak. Sektoreko langileen %90ek lan baldintza duinak dituzte. 

Zer esango zenieke oraindik akordioa lortu ez duten hiru zahar etxeetako langile eta enpresei? Gertu ikusten duzue akordioa?

ELAk salatu du zahar etxe horietako langileek presioak eta mehatxuak jaso dituztela. Gure ustez, egoera oso larria da, eta behar-beharrezkoa da akordioa lortzea. Datozen asteetan zahar etxe horiek kudeatzen dituzten enpresekin bilduko gara, gure kezka eta ardura azaltzeko. Ezin da horrelako gaztaka bat modu horretan kudeatu. Gatazka hau hasi zenetik mehatxu bat egon zen: uztailaren 7a [lan hitzarmenak iraungi ziren eguna]. Egun horretatik aurrera, arriskua zegoen langileei soldata 400-500 euro jaisteko eta lan jarduna handitzeko. Mehatxua erreala izan da, gainera. Hori saihestu nahian, modu batera jardun dugu. Pausoak gardentasunez eman ditugu. Enpresei, langileei, erabiltzaileei eta Gipuzkoako gizarte osoari unean uneko informazioa eman diegu. 

Iragarri duzue neurriak hartuko dituzuela langileei soldatak jaisten dizkieten enpresen aurka. Besteak beste, tarifak jaistea aurreikusten duzue. 

Bai. Norbaitek uste badu lan erreforma aplikatuz, soldatak jaitsiz eta zaintza prekarizatuz dirua irabaziko duela, gaizki dabil. Hori ez da gertatuko. Hori egiten duten enpresei jaitsi egingo zaie Aldunditik jasotzen duten tarifa. Hitzez ez ezik, ekintzez ere defendatuko ditugu lan hitzarmenak.

Oposizioko alderdiek ere argibideak eskatu dizkizuete lan gatazka honetan izan duzuen jarreragatik. Haien aldetik ekinbide politikorik espero duzue? 

Bakoitzak jakin eta argitu beharko du gatazka honetan izan duen jarrera, eta noren alde jokatu duen. Gobernu honek eta EH Bilduk argi du noren alde egin duen: langileen eta erabiltzaileen alde.

Erabiltzaileei zer esango zenieke? Uste duzu ulertzen dutela gertatzen dena?Azken batean, horiek dira gatazkagatik kalte handiena jasaten ari direnak. 

Barkamena eskatzen diegu. Hainbat erabiltzailerekin harremana izan dugu. Zenbaitek taldeak sortu dituzte, eta unean uneko informazioa eman diegu. Grebak luze jo duen zahar etxeetakoekin hitz egin dugu, batez ere. Bestalde, buru-belarri aritu gara gutxieneko zerbitzuak betetzen zirela bermatzen.

Legegintzaldia amaitu aurretik, zein beste neurri bultzatu nahi dituzue zahar etxeetan?

Aldundian sartu aurretik argi eta garbi esan genuen gizarte zerbitzuetako langileen baldintzak hobetu egin behar zirela, batez ere bi sektoretan: zahar etxeetan eta adin txikikoen zentroetan. Gu gobernura iritsi ginenean konpromisoa hartu genuen sinatuta zegoen lan hitzarmena garatzeko, eta horretan aritu gara denbora honetan. Langile horien lan baldintzak hobetu egin dira, eta soldatak igo egin dira. Dirua jarri dugu horretarako. Horrekin batera, gure helburua da Espainiako Gobernuaren lan erreforma ez aplikatzea. Etorkizunari begira, berriz, ikusi beharko da ratioen inguruko eztabaida mahai gainean jar daitekeen. Guk argi dugu horri buruz hitz egin behar dela. Alde guztien ekarpenak jaso nahiko genituzke. Beraz, gure asmoa da eztabaida pixkanaka-pixkanaka zabalduz joatea. Alde horretatik, zail ikusten dugu eztabaida legegintzaldia amaitu aurretik bukatzea.

Dagoeneko pasatu da legegintzaldi erdia. Zein balorazio egiten duzu bi urte hauetaz? 

Oso balorazio positiboa egiten dugu. Gipuzkoarrek dituzten eskubide sozial guztiak bermatu ditugu, eta beste administrazioek egindako murrizketei aurre egin diegu. Adibidez, gutxieneko diru sarrerak bermatzeko errenta eta Mendekotasun Legeari lotutako laguntzak bermatu egin ditugu, eta kasu batzuetan, handitu. Milioi euro dezente erabili ditugu horretarako. 

Egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, horri eustea posible izango dela uste duzu?

Hori izan da hasieratik gobernu honen konpromisoa, eta eutsi egingo diogu. Gobernu honen politikak elkarlanean egiten dira. Adibidez, Mendekotasun Legearen laguntzei eustea eta zerga erreforma egitea lotuta daudela uste dugu. Zergatik planteatzen ditugu zerga erreformak? Zerga sistema justuago bat izateko, diru sarrera gehiago lortzeko eta dauden gizarte beharrei erantzuteko. Mendekotasun Legeari dagokionez, gainera, uste dugu akordio bat lortu behar dugula hemen mendekotasun sistema propio bat eraikitzeko. Larrialdi laguntzekin geratzen ari dena ere kezkaz ikusten dugu. Ezin da esan lehentasunak pertsonak direla, eta gero nahikoa baliabide ez jartzea laguntzetarako. Ezin da esan ez dagoela dirua laguntzetarako, eta prest egon dirua aurreratzeko abiadura handiko trena eraikitzeko.

BERRIA 2013-08-15

EHBilduk eskatu die Arabako Instituzioei langileen lan baldintza duinak zain ditzaten zuzeneko zein zeharkako kontratazioetan

EHBilduk eskatu die Arabako Instituzioei langileen lan baldintza duinak zain ditzaten zuzeneko zein zeharkako kontratazioetan. Izan ere, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak zerbitzuak ditu kontratatuak Etra Norte enpresarekin. Azken bi asteotan beste 150 bat enpresetan gertatu den bezala, enpresa horretan lan hitzarmenen iraun epea bete eta ultra aktibitatea kendu zaie. “Gure ustez, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bere erantzukizuna izan behar dute eta frenoa jarri behar diete lan erreformak izango dituen ondorio latzei. EHBilduren aburuz, Erakunde Publikoak eredugarriak izan behar dira eta bere herritarrak lan baldintza duinetan egotea defendatu behar dute”, esan dute David Pinak eta Luis Salgadok.

Azaldu dutenez, ETRA Nortek Tuvisaren GPSen, informazio-zutoien eta kantzeladoreen mantentze-lanetarako du kontratatua. Baina uztailaren 4an zuzendaritzak langileei helarazi zien gutun bat azalduz “uztailaren 7tik aurrera Estatu espainolean indarrean dagoen Lan Hitzarmena aplikatuko zaiela”. Horren ondorioz, besteak beste, oinarrizko soldata 600 euro ingurukoa izatera pasako da. Hau ikusita, langileak greban daude baina kasu honetan egoera larriagoa da enpresak txantaila egin dielako langileei exijituz greba alde batera utzi behar dutela egun dituzten lan baldintzak errespetatzeko lan hitzarmen berria sinatu arte. Arabako Foru Aldundiak Etra Norterekin ere du sinatuta kontratua errepide sarearen argibide panelen mantentze lanetarako.

EHBilduren ustez, instituzioek ezin dute beste alde batera begira kontratatuta duten enpresa batean Raxoiren lan erreforma aplikatzen badute. Horregatik, EHBilduk uste du langile horien lan baldintzen defentsan aritu behar direla sinatuta dituzten kontratuetan aurreikusten direlako errekurtso batzuk langileen soldatarako ez enpresa pribatu baten etekin ekonomikoak handitzeko. Gauzak horrela, kontratu horiek berrikusi behar direla defendatu du EHBilduk.

Baina horrez gain, Foru Arau berri bat aurkeztuko du EHBilduk klausula sozialak bermatzeko kontratazio publikoan. Hauek izango dira oinarriak: kontratua exekutatu bitartean aplikatzekoa den lan arloko legeditik edota indarrean dauden hitzarmen kolektiboetatik ondorioztatzen diren betebeharrak eta lan baldintzak errespetatzea; azpikontratazio kasuan dituen betebeharrak ezartzea izaera sozialeko kontratuzko klausula gisa; lan arloko arauak ez betetzearen ondorioz ezohiko beherapenak egiten dituzten eskaintzak baztertzeko aukera erraztea; kontratazio agirietan lan bizitza eta familia bizitza bateratzea ahalbidetzeko eta gizonen eta emakumeen aukera berdintasuna sustatzeko neurri zehatzak sartzea eta ezgaitasuna duten langileen ehuneko jakin bat duten enpresen eskaintzak lehenetsiko dira eskaintzarik mesedegarrienak berdintzen dituztenean.

Bestalde, Gasteizko Udaletxean hurrengo osoko bilkuran eztabaidatuko da EHBilduren mozio bat lan erreforma “guztiz deitoratzeko”. Mozio beran, Udal Gobernuari eskatzen zaio bere eta bere enpresen kontratazio publiko guztietan lan erreformaren alderik bortitzenak aplikatuz lan baldintzak kaskartzen dituzten enpresekin ez dezala kontraturik egin eta daudenak eten ditzala. Horrez gain, Udal Gobernuari eskatzen zaio hemendik aurrera bere eta bere enpresen kontratazio publiko guztietan lan erreformaren alderik bortitzenak ez aplikatzea bermatuko duten klausulak

Ander Rodriguez: “Ez dugu onartuko enpresek diru publikoarekin aberastea lan erreforma aplikatuta”

Zaharren egoitzak eta eguneko zentroak kudeatzen dituzten enpresa eta erakundeei zazpi eguneko epea eman die Gipuzkoako Foru Aldundiak, Gizarte Politikako Departamentuari jakinaraz diezaioten zein baldintza aplikatuko dizkieten langileei uztailaren 7tik aurrera, egun horretan jarri baitzen indarrean Espainiako lan erreforma. Informazio hori eskuratuta, foru administrazioak egokitu egingo ditu enpresei ordaintzen dizkien tarifak, lantoki bakoitzean aplikatzen den marko laboralaren arabera.

Gizarte Politikako diputatu Ander Rodriguezek –prentsa aurreko batean– deitoratu egin du Espainiako lan erreforma, bere ustez «langile klasearentzat inoiz izan den eskubide galera handienetako bat» baita. Poza agertu du, hala ere, Gipuzkoako zaharren egoitza eta eguneko zentro gehienetako langileek prekarietateari ihes egiteko aukera izan dutelako, lan hitzarmen propioak edota Aldundiak egindako adostasun proposamenaren araberakoak sinatu baitzituzten, erreformaren aurkako klausulekin, lansariak KPIren arabera igota eta Aldundiaren 9,2 milioi euroko ekarpenaren babesean.

Zehazki, sektorearen % 90 dago langileen eskubideak urratzen ez dituzten lan hitzarmenak izenpetuta. «Oso garrantzizkoa da halako egonkortasun lasai bat ematea sektore honi, Gipuzkoan 4.200 langile hartzen baititu, horietatik % 97 emakumeak. Horrek erakusten du Gizarte Politikako Departamentuak hilabete luzetan egin duen bitartekaritza lanak bere emaitzak ekarri dituela», adierazi du.

Hala eta guztiz ere, oraindik hor gelditzen dira zaharren egoitza eta eguneko zentroen % 10 inolako akordiorik izenpetu gabe, eta horietatik sei, gaur gaurkoz greban dira. Foru erakundearen ordezkariaren iritziz, «Aldundiak zehazki jakin behar du zein baldintza laboral ari diren aplikatzen bere finantzaketa jasotzen duten zentroetan. Egoitza gehienek, Aldundiaren proposamenaren arabera, langileen lansariak KPIren neurrian igoko dituzte. Ondorioz, Gizarte Politikako Departamentuak neurri horretan goratuko ditu tarifak. Aldiz, oraingoz ez dakigu zein lansari baldintza izango diren gatazkan trabatuta dauden enpresa horietan.  Espainiako lan erreforma aplikatzen badute, soldatak 400 euro beheratu eta lanorduak 200 orduz handitu daitezke urtean. Horrela baldin bada, Aldundiak neurri berean murriztuko ditu tarifak, foru gobernuak ez baitu lagako enpresa bat aberastea diru publikoz Espainiako lan erreforma aplikatuta».

Ondorioz, Gizarte Politikako Departamentuak gutun bat bidali die zaharren egoitzak kudeatzen dituzten erakunde eta enpresei, «zazpi eguneko epean, jakinaraz dezan administrazio honekin kontratatutako edo hitzartutako zentroan edo zerbitzuan lan egiten duten enpresa horretako langileei zein lan hitzarmen edo akordio aplikatzen zaien».

Idatziak azaltzen duenez, «dirubide publikoen erabilera eraginkorrak arau izan behar du administrazio jardueran guztietan; beraz, administrazioak jasotzen dituen zerbitzuak eta haien trukean ordaintzen dituen prezioak egokituta egon behar dira, baita ere komenioz edo hitzarmenez zenbait entitaterekin adostutako zerbitzuetan».

Bestalde, sei egoitzatan greban diren langileen aurka auzibide bat jartzeko Adegik egindako mehatxua aipatu du diputatuak, zenbait hedabidetan agertu diren albisteen harira: «Lehenik, gure elkartasuna adierazi nahi diegu langileei, era horretako mehatxuen aurrean. Gertakari larri bat da, inoiz gertatu gabea. Gipuzkoan greba eskubidea bertan behera utzi nahi izatea da hori. Adegik ez dauka mugarik. Aldundia auzibidean jartzeko gauza izateaz gain, orain epaitegira eraman nahi ditu gure zaharrak zaintzen dituzten langileak, lanean duintasuna eskatzeagatik. Gizarte zerbitzuen aurka ari dira erasoka, patronala oldarraldi gordin bat ari da gauzatzen mendeko pertsonen zaintza ziurtatzen duten zerbitzu publikoen aurka, baina Aldundiak aurre egingo dio, zerbitzu horien babesean».

Gainera, diputatuak argitu du Aldundia ez dela nor greba baimendu edo gaitzesteko, ez baita hori bere eskumena. Departamentuaren erantzukizuna da bermatzea Eusko Jaurlaritzaren Lan Ikuskaritzak ezartzen dituen gutxieneko zerbitzuen bitartez artapen egokia eskaintzen dela. Atzo, grebaren jarraipen bilera bat izan zen, baina gobernuak ez zigun inolako aldaketaren berri eman. Hortaz, orain arteko neurriak ezartzen jarraituko dugu:

–  Greban diren zentroetan ikuskapenak egingo ditugu.

–   Ez ditugu aldi baterako egonaldiak bidaliko.

–   Ez dugu gomendatuko behin betiko egonaldiak egitea.

–   Tarifatik kenduko dugu greban diren langileen soldatetan enpresek ordaintzen ez duten soldataren zatia.

Patronalak ez du esku sartzerik onartzen

Begoña Vesga eta Luis Salgado – Alternatiba

Gipuzkoako erresidentzien borrokak zaintzaren sektoreari, gehien bat lan baldintza prekarioetan eta ikusezintasunean lan egiten duten emakumeek osatutakoari, aurpegia eta ahotsa jartzea ahalbidetu du. Eta ugazabak, nola ez, ia beti gizonezkoak dira, bizitzaren zaintzan etekinak lortzeko diru-iturri amaigabe bat aurkitu dutenak, hain zuzen. Zahar egoitzen borrokak, halaber, bi gobernu eredu kontrajarriak daudela erakutsi du: langileentzat soluzioak bilatzen dituen eredua batetik, eta bestetik -zoritxarrez hegemonikoa dena- langileen duintasunaren lepotik enpresarien etekinak biderkatzen saiatzen dena.

Gipuzkoako Aldundiak Rajoyren lan erreforma buruz behera jartzen duen proposamen bat aurkeztu du, zortzi milioi euro eskaintzen dituelarik langileen soldata eta lan baldintzak bermatu ahal izateko. Baina Bilduren eredua ez dirudi PNV eta PPren gustukoa denik. Azken hauek, Bizkaian eta Araban erresidentzietako patronalarekin bilera pribatuetan negoziatzea erabaki dute, beste behin ere sektorearen lan baldintzak murrizteko. 

Izan ere, uztailaren 8tik aurrera, hitzarmen kolektiboak bertan behera gelditu direla eta lan garaipen guztiak galdu egingo dira ez badira dagoeneko gutxieneko duintasun egoeran dauden hitzarmen berriak sinatzen. Okerrenean, euren lan baldintzak Langileen Estatutuak zehazten dituen gutxieneko ziztrinetara mugatuko dira. Zahar egoitza eta eguneko zentroetako langileentzat, lege-degradazio honek urtean 200 ordu gehiago lan egitea eta hileroko soldatan 400 euroko murrizketa pairatzea ekar dezake. Lan erreformak ere bi hilabeteetan bederatzi egunez lanera joan ez den edozein pertsona kaleratzea ahalbidetzen du, zaintzaileak gaixorik egonda ere, zerbitzuaren erabiltzaileak zaintzen jarraitzera behartuz, honek izan dezakeen arriskua kontuan hartu gabe.

Gehiegikeria honen aurrean, Lares patronalak adierazi du lan erreforma begi onez ikusten ez duela, baina ez die etekinei uko egiten. Antza, ez dute ulertzen zaintza zerbitzuen kalitatea soilik PNV eta PPk defendatutako eredutik kanpo bermatu daitekeela, hau da, mugarik gabeko etekinen eredutik kanpo.  

Logika horretatik abiatuta, PPk Arabako Aldundia erabiltzen du sektoreko enpresariei gomendioak emateko eta lan erreforma eskuan hartuta, euren langileen poltsikoak garbitzen irakasteko. Aitzitik, lagun arteko harreman hau ez da harritzekoa. Izan ere, SEA Arabako patronalaren idazkari nagusi ohiak, Jose Zuritak, orain Sustapen Ekonomiko Ahaldunaren jesarleku erosotik sektorearen interes korporatiboak defendatzen ditu, Javier de Andresen esanetara. Horregatik patronal arabarrak enplegua erregulatzeko espedienterik eraginkorrenak gauzatu nahi dituzten enpresarien aholkularitzari foru diru-laguntzak zuzentzen dizkio.

Politikarien bulegoen eta erresidentzien ugazaben artean dauden joan-etorriko ate horiek, Bizkaian ere funtzionatzen dute, non Josu Bergara Ahaldun Nagusi izatetik Nostem Erresidentzien Aholkulari izatera pasa zen, PNVk erakusten dituen ohiko prestidigitazio joko horietako baten ondorioz. Nola ez, Nostem Erresidentziak Bizkaiko Aldundiarentzat lan egiten du, inor bateraezintasunei buruz ezer esatera ausartu gabe.  Antza, Jose Luis Bilbaoren Aldundiak ere ezkutuan negoziatzen du lan erreforma berria erresidentzietako langileei ezartzea, bere pribatizazio estrategiari jarraiki. Estrategia hori bera da  Gizarte Laguntzen Foru Institutuaren aurrekontua 2009tik bere horretan utzi duena, Gizarte Ekintzako aurrekontua “asistentzia-zerbitzuetako prestazioa” azpikontratatzera desbideratzen duen bitartean.

Erresidentzietako patronalak hainbeste ohitu dira gure gobernu-buruen poltsikoak hustera, ez dutela ulertzen eta ez dutela ulertu nahi lehen aldiz Gipuzkoan agertu diren justizia soziala defendatzen dituzten politikak. Horregatik Adegi patronalak Bilduren foru gobernua epaitegietan salatu du “hitzarmen kolektiboen negoziazioan eskua sartzea” leporatuta. Zeren eta patronalak onartzen duen esku sartze bakarra –guztiek jakin dezatela- gorbatadunen arteko bostekoak eta diru publikoarekin ordaindutako menu garestiak dira, hainbeste urteetan PNV eta PPk ohitu duen bezala.  

Matute: “AHTren obretan xahutzen ari den dirua oinarrizko gizarte beharretarako erabiltzeko garaia da”

BERRIA egunkariak galdetegi bat bidali die Eusko Legebiltzarreko eta Nafarroako Parlamentuko alderdiei, abiadura handiko trenaren (AHT) inguruan izan diren azken albisteen inguruan. EHBildu koaliziotik Oskar Matutek erantzun ditu:

1.Ipar eta Hego, badirudi abiadura handiko trena (AHT) loturarik gabeko tren bat izango dela. Nola hartu dituzue AHTaren inguruan izan diren azken albisteak?

Azken albisteek agerian uzten dute EH Bildu aspaldi esaten ari dena: proiektu hau oinarritzen da makroazpiegituren eraikuntza ardatz zuen desarrollismo zaharkitu batean. Sekula ez da onuragarria izan, ingurumen kaltearengatik eta barruko eskualdeen desegituratzeagatik. Eraso ekonomiko, ekologiko eta sozial hau aurrera eramateko zeukaten argudio nagusia —Madril eta Parisekin lotura azkar bat izatea— ez dela benetakoa ikusten ari gara. Kapitalismoaren erasotik babesteko beharrezkoa den diru publikoa alferrik galtzen ari gara enpresa handi batzuen behar ekonomikoei erantzuteko.

2.Planteatu beharko litzateke berriro obra honen etorkizuna, edo aurrera jarraitu beharko litzateke bukatu arte?

Obrak gelditzeko unea da, eta xahutzen ari den dirua oinarrizko gizarte beharretarako erabiltzeko. Aldi berean, behar dugun mugikortasun eta garraio ereduari buruzko gizarte eztabaida bat zabaldu behar da. Eztabaida horrekin ikusiko dugu zer egin hasierako egoerara itzuli ezin den horrekin, nahiz eta guretzat desiragarria litzatekeen egin diren zementuzko orbain guztiak zuzentzea.

3.Zer egiteko asmo dauka zure alderdiak egoera honen inguruan?

EH Bildun jarraituko dugu ahalegintzen azpiegiturak izan daitezen gizartearen gehiengoaren beharren araberakoak, eta ez euren lagun enpresariak gogobete nahi duten ikuspegi motzeko buru batzuen apeta. AHTa geratzea zentzuaren eta Ama Lurraren errespetuaren bidera itzultzea da, sekula galdu behar ez genuen bidera. EH Bilduk ekonomia ekologizatu nahi du. Baina badira hiru alderdi ohartu behar direnak AHTa hiru hiriburu batuko dituen tranbia bat besterik ez dela, onura sozialik gabea. Alegia, proiektu honi etengabe diru itzela ematen dioten EAJ, PSE eta PP. Kostako da, baina benetan herritarrengan pentsatzen badute, haiek ere ohartuko dira ez dugula tren hau behar.

Artikulua osorik BERRIAn

X