Alternatibak hitzaldia antolatu du Bilbon Ahoztar Zelaietarekin: “Kutxabank, el saqueo de Euskal Herria”

Martxoaren 2an, asteazkena, Alternatibak hitzaldia antolatu du Bilbon Ahoztar Zelaieta kazetari eta idazlearekin, bere ikerlan berriaren inguruan “Kutxabank, el saqueo de Euskal Herria“, euskal kutxen pribatizazio prozesuan sakondu egiten duena, interes politiko eta ekonomikoak tartean zirela. Hitzaldia irekia izango da, Alternatibaren Bilboko egoitzan 19:30etatik aurrera.

Hona hemen Zelaietari egunotan BERRIA egunkarian egin dioten elkarrizketa:

Ustelkeriaren kontra lanean dabilen Adi elkarteak gonbidatuta, Kutxabanken egoerari buruz hitzaldia eskaini zuen Ahoztar Zelaietak Gasteizen. Kutxabank: El saqueo de Euskal Herria (Kutxabank: Euskal Herriaren harrapaketa) liburua argitara eman du Zelaieta kazetari eta kriminologoak orain dela hilabete batzuk.

Azkenekotik hasteko. Non kokatzen duzu Cabieces auzia Kutxabanken egoera orokorrean?
Mario Fernandezen ustezko dimisioa eta Cabieces auzia benetako errealitatea ezkutatzen duten gertakariak dira. Egia da Cabiecesek jasotako ordaina ez zela legezkoa, baina zuhaitzek ez digute basoa ikusten utziko. Atzean dagoena askoz ere larriagoa da, eta ondorio gehiago izango ditu bankuaren etorkizunera begira.

Eta zer da atzean dagoen hori?
Gehiago arduratzen nau Mario Fernandezek esan zuena bankuaren etorkizunaz. Price Waterhouse Cooperrek (PWC) antolatu zuen ekitaldia eta Deustu Business Schoolek eszenatokia jarri zuen. Nahiago izan dut argitzea PWCk eta Deustuk nolako indarra duten Kutxabanken, EAJren gainetik erabaki hura hartzeko. EAJk baino gehiago agintzen dute herrialde honetan.

Zure liburuaren izenburua aski argigarria da. Non ematen ari da salatzen duzun Euskal Herriaren harrapaketa hori?
Kutxabank eta Euskal Herriko sare produktiboaren artean lotura bat dago. Bankuak 170 enpresatan zituen akzioak, eta kentzen ari da. Beraz, sare produktiboari babesa eman ordez, likidatzen ari da. Orain arte behi sakratuak ziren enpresa askotan ?euskal errotzea esaten zitzaiona? desinbertsioak egin dituzte. Sarea deslokalizatzen ari da, merke salduta. Elite ekonomiko, politiko eta finantzarioa ari da horretan. Botere horrentzat, Kutxabank ez da beharrezkoa.

Euskaltel aipatu duzu adibide gisa. Zergatik?
Enpresa estrategikoa izan da, eta Kutxabankek indar handia izan du hor. Garai batean Siemens ?orain Gamesa erostekotan dagoen Siemens bera? saiatu zen Euskaltel bereganatzen, eta orduan Jaurlaritzak eta aurrezki kutxek aurre egin zioten. Kutxabankekin gertatuko denaren aurrerapen gisa, burtsara atera da Euskaltel. EAJk jarritako kargudunek bonus handiak kobratu dituzte, Kutxabankek zeukan indar guztia galdu du, eta 30 funts putre sartu dira Euskaltelen.

Kutxabank sortu aurretik ere, aurrezki kutxak zeuden garaian, lehia politiko handia zegoen. Lehiak jarraitzen du?
Kutxabanki buruzko erabakiak elite ekonomikoarekin, fortuna handiak dituztenekin edota zerga iruzurgile nagusiekin adostu behar dituzte politikariek. Ez dago garbi bankuan aurreztaileen ordezkari direnak haiek defendatzen ari diren edo beste interes batzuen alde dauden. Abokatu bulego batzuek eta aholkularitza etxe batzuek ?fortuna handiko bezeroak dituztenak? euren bide orria dute bankuarentzako. BBVAko euskal oligarkiak beste interes batzuk ditu, era berean. Aurreztaileei baino kasu handiagoa egiten diote politikariek fortuna handien ordezkariei.

Nortzuk dira eliteen ordezkari horiek?
Familia aberatsen aholkularitza etxe nagusia da Consulnor. Hor Bergaretxe familia dago, Vocentorekin eta BBVArekin lotura duena. EAJri egurra eman diote, PPrekin eta EH Bildurekin aberatsen dirua apur bat gehiago fiskalizatzea erabaki zutelako. Consulnorrek Jose Luis Bilbaoren burua eskatu zuen, eta galarazi zion EAJri Bilbaok Senatuan edo EBBn aulki bat izatea.

Non ikusten dituzu beste interesen aldeko erabaki horiek?
Kutxabankek ahalegin itzela egin du Europan klaseko lehena izateko. Supermario Fernandezek kasu handia egin dio Supermario Draghiri, eta gerrikoa estutu du. Funts hornidura handiak egin dira, eta horretarako aurreztaileak ito ditu, eta enpresa txiki eta ertainei kreditu jarioa itxi zaie.

Aurrezki kutxek ez dute finantza erreskaterik izan. Sarritan aldarrikatzen den bezain ona izan da horien kudeaketa?
Badaude azterketak hori aipatzen dutenak, baita atzerrian egindakoak ere bai. Baina erradiografia zabala egin dut, eta ikusten da euskal aurrezki kutxek gainerakoen arazo berberak izan dituztela. Higiezinekin hipertrofia izan dute; hedapen arriskutsuak eta polemikoak egin dituzte, ustelkeriari lotuta, Andorrako bankua edo CajaSur erosita; Mediterraneora joan ziren negozioak egitera. Norentzat ari dira lanean hemengo politikariak?

Ez duzu uste Kutxabankeko arduradunak euskal aurreztaileen alde lanean ari direnik?
Xabier Sagredok [BBK-ko presidentea] eta Atutxa familiak enpresa sare bat dute, administrazio publikotik adjudikazio asko lortzen dituena. Horientzat ari dira lanean, ez gizarte interesaren alde. Interes kontrajarriak daudenean, noren alde egingo du Sagredok? Bera da Kutxabanken parte hartzeen etorkizuna erabakiko duen pertsona.

Jabetza eragile pribatuei saltzen ikusiko dugu Kutxabank?
Nik uste dut egitekoa zela, hala adostu zela EAJrekin. Baina Mario Fernandez aurreratu zen iragarpenarekin, PWC aholkularitzak eta Deustuk bultzatuta edo BBVAn kide izandakoak babestearren, eta hauteskundeen aurretik zenez, dimisioaren itxurak egin ziren. EAJk ez du nahi ezagutzea nolako ondorio sozial eta ekonomikoak izango dituen horrek. Azkenean, Euskaltelekin gertatu da, eta Tapia sailburuak esan du ona dela euskal enpresentzat burtsara ateratzea. Bidea egiten ari zaio, alfonbra gorria jarrita.

Matute: “Pentsio sistema propioa nahi duten indar politiko guztiei elkarlanean aritzeko deia egiten diegu”

Pentsioena bezalako gai garrantzitsuaren inguruan EH Bilduren eta EAJren proposamenak ezagutu ditugu aste honetan. Oskar Matute Alternatibako kide eta koalizioko bozeramaileak esan duenez, “pentsioen sistema euskal instituzioek kudeakatzeko EAJk egindako proposamena arretaz ybegiratzen dugu; izan ere, gure eta euskal pentsionisten kolektiboak duen aldarrikapen historiko bati erantzuten dio”.

“Euskal pentsionistei pentsio duinak izatea bermatuko dien sistema propioa izateko defentsa eta aldarrikapena erabatekoa da”, azpimarratu du. “Jakitun gara egungo pentsioak ez dituztela bermatzen bizi baldintza duinak”.

Matutek gogoratu du EH Bilduk hainbat aldiz horma baten kontra jo duela Madrilen Gizarte Segurantzaren eskuduntzen transferentzia eskatu duenenean. “Madrilen aldarrikapen horren defentsa bateratua egiteko prest gaude baina, bitartean, hemengo instituzioetatik ere hobetu ditzakegu euskal pentsiodunen bizi baldintzak eta, horretarako, hemengo instituzioek pentsioak 1.080 euro arte osatzeko eta bizi baldintza duinak eduki ahal izateko proposamena aurkeztuko dugu Legebiltzarrean”.

Era berean, euskal gizartearen interesak defendatzen dituzten indar politikoei Madrilen elkarrekin jarduteko proposamena egiten ari dela EH Bildu eta indar horiekin hitz egiten ari dela gogoratu du Matutek. “Hego Euskal Herriako pentsio sistema propioa aldarrikatzen duten indar politiko guztiei elkarlanean aritzea eskaintzen diegu. Pentsio sistema propioa behar dugu, Euskal Herritik kudeatua, egoera kaskarrean dauden milaka eta milaka pentsiodunen baldintzak hobetu ahal izateko”.

 “Euskal herritarren interesak defendatzen dituzten indar politikoen esku dago pentsio duinak bermatuko dituen euskal pentsio sistema propioaren alde borrokatzea. Aldarrikapen historiko hori lortzea posible da, baldin eta elkarrekin jarduten badugu”, esan du.

Baina ohartarazi duenez, euskal herritarren interesei erantzungo dien pentsio sistema propioa izatea ez da nahikoa. “Bideragarria izango den pentsio sistema propioa eduki ahal izateko, beharrezkoa da premia horiei erantzungo dien zerga eredua izatea. Eta egun indarrean dagoen eredu fiskalak porrot egin du. Diru-bilketa aurreikuspenak bete ez izana horren erakusle da”, agertu du Matutek. Zentzu horretan, sortzen den aberastasuna hobeto banatuko duen zerga sistema bidezkoa eta progresiboa ezartzearen premia azaldu du.

EH Bildu

Ander Rodriguez: «Desoreka sozialak errotik aldatuko lituzke oinarrizko errentak»

BERRIA egunkariko Oihan Vitoria kazetariak Ander Rodriguez Alternatibako kide eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuari eginiko elkarrizketa oinarrizko errenta unibertsalaren harira.

Ondasunak eta enplegua aintzat hartu gabe, «gizaki izate hutsagatik», herritar orok oinarrizko errenta baldintzarik gabe jaso beharko lukeela uste du Ander Rodriguezek (Arrasate, Gipuzkoa, 1982), Gipuzkoako Diputazioko Gizarte Politikako diputatu ohiak (2011-2015). Alternatibako eta EH Bilduko kideak gogorarazi du Gipuzkoan erabat bideragarria dela.

Desiragarritzat soilik ez, bideragarritzat ere baduzu oinarrizko errenta unibertsala. Zergatik?
Eztabaida bereizi beharko litzatekeela iruditzen zait: alde batetik, bideragarritasun teknikoari buruzkoa debatea dago; eta bestetik, desiragarritasunaren ingurukoa. Zergatik bideragarria? Ekonomikoki horrela frogatu delako ezarri den tokietan. Eta zergatik desiragarria? Arrazoi ugarirengatik. Oinarrizko errenta, oro har, tresna eraginkorra da pobreziaren aurkako borrokan, baldintzapeko laguntzekin konparatuta pobreziari aurrea hartzeko gai baita. Diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen hasi ahal izateko, lehenik eta behin pobrea izan behar zara denbora batez eta, horrez gainera, pobrea zarela ere frogatu behar duzu. Oinarrizko errenta unibertsala, aldiz, pobrezia egoerara ailegatu baino lehen eskuratzen duzu, inolako baldintzarik gabe. Abantailak ageri-agerikoak dira.

Diru sarrerak bermatzeko errentarekin nahasten da sarri askotan, eta badirudi bat edo bestea aukeratzea dela bide bakarra.
Bai, arrazoi historiko bat dauka horrek: garai batean diru sarrerak bermatzeko errentari oinarrizko errenta deitu zion Eusko Jaurlaritzak, herri ekinbide legegile bati bide eman ostean, eduki aldetik zerikusirik ez bazuen ere. Nahasketa eragiten du horrek, eta eztabaida bi errenten arteko lehia gisara planteatzeak ere traba franko jartzen dizkio proposamenari. Oinarrizko errentak esklusiboki pobreziarekin amaituko balu, erabat justifikatua egongo litzateke haren ezarpena, baina harago doa: hori baino askoz gehiago da.

Zehazki zein da errenta unibertsalaren jatorria? Eta helmuga?
Gizakion askatasuna bermatzeko teoriarekin lotuta dago: pertsona bat ez da aske askatasuna gauzatzeko oinarri materialak ez baldin baditu. Bizirik irauteko beste pertsonen mende egotera derrigortuta dagoena ez da librea, baldintzatuta bizi baita. Eta herritarron erabateko askatasuna bermatzeko oinarri materialak ziurtatu behar dira. Hain justu, hor kokatzen da oinarrizko errenta: unibertsala, independentea eta baldintzarik gabea, boto eta osasun eskubideen parekoa kasik. Oinarrizko beharrak betetzeko diru kopuru bat ziurtatuko luke hilero, aitortu gabe. Pertsona libreak eraikiko lituzke, eta emakumeei, bereziki, gaur egun baino autonomia ekonomiko handiagoa emango lieke ahalduntzeko. Gabezia nabarmenak daude oraino kontu horietan.

Eta nola finantzatuko litzateke?
Gipuzkoako Foru Aldundian simulazio bat egin genuen Kataluniako hainbat aditurekin batera, eta ondorioztatu genuen baietz: oinarrizko errenta banakakoa, unibertsala eta baldintzarik gabekoa aplika zitekeela lurralde osoan. 2011ko 450.000 errenta aitorpen oinarri hartuta, bizi maila hobetuko litzatekeela eta biztanleen %75ei mesede egingo liekeela frogatu genuen. Proposamena bezain inportantea da finantzaketa.

Baina nondik aterako zen dirua?
Bada txeke zuri gisa ulertzen duenik, baina oinarrizko errenta ezkerraldetik defendatzen dugun gehientsuenok uste dugu zerbitzu publikoetatik zentimorik atera gabe finantzatu beharko litzatekeela. Diru sarrera guztiei eutsi, aurrezkiak sortzen hasi eta PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zerga errotik erreformatuko genuke, hobari eta kuota murrizketei tokia eginda. Errenta jakin batzuetako zenbait puntu ere igotzea komeniko litzateke, kasu batzuetan tasa bakarra jartzeraino.

Eta zer gertatuko litzakete osasun eta hezkuntza zerbitzuekin?
Ezta ukitu ere! Gizarte zerbitzuak ere ez. Sozietateen gaineko zerga, BEZa edo ingurumen zergak egokitzea proposatzen dute hainbat adituk, eta argi geratu da bideragarria dela: adingabeen oinarrizko errenta, esate baterako, posible litzateke berehala aplikatzea.

Adingabeentzakoa bakarrik?
Nik irmo sinesten dut oinarrizko errenta unibertsalean, baina uler dezaket herritar batzuei bertigo apur bat ematea berehalako ezarpenak. Hurrenez hurrengo pausoak eman beharko lirateke: adingabeen errenta oinarrizko errenta unibertsala ezartzeko lehenbiziko urrats bezala ulertu behar da. Prekaritatearen eta pobreziaren argazkiek argi eta garbi islatzen dute joera hori: 65 urtetik gorako pertsonetatik hasi, eta gazteenak kolpatzen ditu. Horrexegatik, presazkoa da haur pobrezia gutxitzeko eta larrialdi egoera hori iraultzeko neurriak hartzea lehenbailehen. Pausoz pauso aplikatzearen aldekoa naiz, baina, nahi izatekotan, egun batetik bestera ezar liteke. Horretarako, hori bai, gehiengoak bilatu behar dira. Familia gazteei lagunduko lieke, batik bat.

Laguntzak eta pentsioak ordezkatuko lituzke errenta berriak?
Diru sarrerak bermatzeko errenta, adibidez, bai. Pentsio, beka eta bestelakoen osagarri izango litzateke, eta diferentziak jasoko lituzkete onuradunek, betiere kopuru handiagokoak baldin badira.

Ez litzateke erosotasuna gailenduko eta kotizazioa apalduko?
Ezagutzen al duzu diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzeko lana utzi duen pertsonarik? Nik, ez. Oinarrizko errentaren aurkakoek maiz darabilte argudio hori, baina ez da egia: ikerketa frankok bistaratu dute onuradunek ez luketela enplegua utziko, eta uztekotan ere, beste lan duinago bat topatzeko edo tarte batez formazioa jasotzeko izango litzatekeela. Bide batez, orobat, langileak ahalduntzeko balioko luke, enplegua eta bateragarritasuna sustatzen baititu: lanaldi murrizketak areagotu, orduak liberatu, eta kontziliazioa errazten du. Aurretiazko erresistentzia kutxa moduko bat da: koltxoi bat. Oinarri materialak ziurtatuta, nola onetsiko dugu eskaintzen diguten lehen lanpostua baldintzei erreparatu barik?

Nolatan ez ditu aldeko gehiago?
Arazo bat dugu gizarte gisa. Enplegu osoa utopia bat da, eta porrotak ez dira soilik bozetan gertatzen, ideologikoki ere gertatzen dira. Enpleguaren gizartea gara, ustez duintasunarena, baina sistemak merkantilizatutakoa bakarrik kontsideratzen du enplegu, eta errotua dugu ideia horixe: borondatezko lanak eta zaintza lanak, kasurako, ez dira enplegutzat jotzen. Ideia okerrak nagusitzea eragiten du horrek, baina lan egitea zabalagoa da. Gizartea ez du soilik jarduera produktiboak sostengatzen: zaintza lanik ezean, hondoratu egingo litzateke gizartea; ekoizteari lagako bagenio, ordea, ez litzateke kolapsatuko.

Mundu finitu batean ekonomia infinituki haztea ezinezkoa ei da.
Errenta, enplegua eta denbora injustuki banatuta daude, eta oinarrizko errentak hiru oinarri horiek birbanatzeko gaitasuna du. Paradoxikoa da: langileek ez dute aisialdirako astirik, eta langabeek denbora bai, baina diru askirik ez.

Desorekak hautsiko al lituzke?
Aldatu, behintzat, bai. Errotik. Ez luke eredu kapitalista gaindituko, baina, oinarrizko errentari esker, beste kapitalismo bat ezagutuko genuke: justuagoa, ezbairik gabe.

Berria

“Argiaren prezioa manipulatzeagatik zigortutako Iberdrolak Bilbotar Ospetsua izaten jarraituko du”

Alternatibako kide eta Euskal Herria Bildu koalizioko zinegotzi Alba Fatuarteren hitzartzea Bilboko azken udalbatzan zeinetan Iberdrolari bilbotar ospetsuaren titulua kentzeko eskatu duen, konpainiak energiaren prezioarekin iruzurra egin duela ezagutu ostean.

Lehiakortasunerako Batzordeak 25 milioi euroko isuna ezarri zion abenduan Iberdrola multinazionalari argiaren prezioa manipulatzeagatik. Batzorde horren arabera, Iberdrolak eskaintza murriztu zuen 2013. urteko gabonetan prezioak gora egin zezan. Jarrera hori multinazionalari Bilboko Udalak 2011n emandako Bilbotar Ospetsua titulua eta aipamena bertan behera uzteko nahikoa dela uste du EH Bilduk eta gaurko Osoko Bilkuran titulua bertan behera gelditzea eskatu dugu. EAJ, PSOE eta PP batu dira garestiago izateko argiaren prezioa manipulatzeagatik zigortutako Iberdrolari Bilbotar Ospetsua titulua ez kentzeko. Argigarria oso.

https://pbs.twimg.com/media/CZy-vxVW0AAV8rk.jpg

Abenduan prentsak jakinarazi duenez, lehiakortasunerako Batzordeak 25 milioi euroko isuna ezarri dio Iberdrola multinazionalari, argiaren prezioa manipulatzeagatik. Batzorde horren arabera, Iberdrolak argiaren eskaintza murriztu zuen 2013. urteko gabonetan prezioak gora egin zezan.

Jarrera hori Udalak 2008an multinazionalari emandako Bilbotar Ospetsua titulua eta aipamena bertan behera uzteko nahikoa da. Aipamen hori bilbotarren izenaren, irudiaren eta interesen alde agerian jokatu duen pertsona eta erakundeei ematen zaie, eta herritarrek ordaindu beharreko argiaren prezioa manipulatzea ez da batere eredugarria.

https://pbs.twimg.com/media/CZzC8ZAW0AEpkLt.jpg

Gainera, ez da lehen aldia Iberdrola enpresaren jokabidea eztabaidagarria dela. 2009 eta 2010 urteetan, pizgarri fiskalen aitzakipean, ez zuen Sozietateen Gainerko Zergarik ordaindu.

Dagozkion zergak ez ordaintzea, herritarrok ordaindu beharreko fakturetan prezioak manipulatzea edota legearen aurka kontzienteki jardutea. Hori da Iberdrolak egiten duena eta jarrera hori nahikoa da Udalak 2008an multinazionalari emandako Bilbotar Ospetsuaren titulua eta aipamena bertan behera uzteko.

Ohoreei, Merezimenduei eta Zeremonialari buruzko Araudiak edozein pertsona fisiko zein juridikoren aparteko merezimenduak, ohiz kanpoko zerbitzuak eta meritu nabarmenak saritzea du helburu. Aipamen hori bilbotarren izenaren, irudiaren eta interesen alde agerian jokatu duen pertsona eta erakundeei ematen zaie, eta herritarrek ordaindu beharreko argiaren prezioa manipulatzea ez da batere eredugarria. Iberdolaren jarduera mafiosoak ez du merezi bilbotarron adeitasuna eta esker ona eta ez du bat egiten Udalak ematen dituen tituluen filosofiarekin. Horregatik eskatzen dugu lehenbailehen bilbotar Ospetsuaren titulua eta aipamena erretiratzea Iberdrolari.

EH Bildu Bilbo

X