Auzitegi Nazionalaren epaiak protesta soziala zigortzeko asmoa besterik ez du

Euskal Herria Bildurentzat, AHTren aurkako ekintzaileei Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorrak, bat eta bi urte bitarteko kartzelaldira zigortzen dituenak, gehiegikeria juridiko larria da, eta agerian uztera dator organo judizial honek Frankismo garaiko Ordena Publikoaren Tribunalaren ondorengoa dela. EHBilduren ustez, gure ingurumena zein baliabide naturalak botere enpresarialen etekinerako desegiteko eragozpenik ez duen sistema neoliberalaren aurrean protesta egiten duten mugimendu sozialak eta pertsonak kriminalizatzea du helburu epai honek.

EHBildutik Abiadura Handiko Trenaren aurka gaudela berresten dugu, Euskal Herriaren etorkizuna hipotekatzen duen heinean, bai ekonomikoki, belaunaldi desberdinek ordaindu beharko duten zorrarekin zamatzen gaituelako, baina baita gure ama lurrean duen eragin atzeraezinarengatik, beste edozein azpiegiturak baino gehiago artifizialduko duelako gure lurra. Gainera, inondik inora beharrezkoa ez den proiektua da, Euskal Herria bide egokian egituratzen ez duena eta inolako eztabaida sozialik izan ez duena.

Eta makro-azpiegitura honen inposaketa salatzen dugun moduan, gure elkartasuna adierazi nahi diegu inora ez doan proiektua geldiarazteko borroka txalogarria egiten ari diren norbanako zein kolektiboei. Berriz ere, kriminalizazioa eta zigorra pairatzen duten pertsona eta taldeak dira, boteretsuen aurrean otzan eta herritar arruntekin zurrun azaltzen den sistemaren eskutik.

Azkenik, azpimarratu nahi dugu epaiaren indarrak kontrastatu egiten duela, lehenengo eta behin, nazioartean eman izan diren antzeko gertaerekin, absoluzioan edo isun txikien epaiak izan dituztenak; eta bigarrenik, iruzurrari lotutako pertsonak edo CAN bezalako kutxa publikoak desagerrarazi dituzten arduradun politikoak aske uzten dituzten epaiekin, edota zauri larriak, eta heriotzak erea, eragin izan dituzten segurtasun indarren operazioetan inolako deliturik ikusten ez dituztenak.

http://alternatiba.net/old-files/EstadoDeDerechas.jpg

Irregultartasunak salatu ditugu Hondurasko hauteskundeetan

HONDURASKO HAUTESKUNDEETAN LAGUNTZEKO GIZA ESKUBIDEAK IKUSKATZEKO EUROPAKO GIZARTE ZIBILEKO ERAKUNDEEN ADIERAZPENA, 2013KO AZAROAREN 25EAN

Hondurasko Hauteskundeetan Lagundu eta Giza Eskubideak Ikuskatzeko Europako Gizarte Zibileko erakundeen Ordezkaritzak (EHNE-Bizkaia, STEE-EILAS, VSF, Mundubat, Bizilur, Puentes no Muros, Alternatiba, EHBildu, COAG), Hondurasen garatutako hauteskunde prozesuaren gaineko kezka adierazi nahi du.

Azaroaren 24ko jardunaldian irregulartasunak antzeman ditugu eta, alderdi Nazionalaren balizko iruzur elektoralaren aurrean, behin betiko emaitzen aurrean tentuz ibili behar garela uste dugu.

Lehenengo eta behin, Hauteskunde Auzitegi Gorenak telematikoki iragarritako datuak ez dira Harrera Hauteskunde Mahaietako akta ofizialekin kontrastatu. Ordezkaritza honek antzemandako gorabeherak eta bozetan parte hartu duten alderdien (Partido Anti Corrupción PAC eta Partido Libertad y Refundación de Honduras LIBRE) zein boto emaileen salaketek, ezinbestekoa egiten dute tentuz aritzea Hauteskunde Auzitegi Gorenak jakinarazitako datuak aztertzeko orduan.

Bigarrenik, hauteskunde prozesua erakunde politiko anitzei modu desberdinetan kalte egin izan dien jazarpen testuinguru batek baldintzatua izan da, bozka egunera arte eman izan dena, nekazarien buruzagi bi erail dituztela.

Hirugarrenik, gure harridura azaldu nahi dugu zenbait Gobernuk eta Nazioarteko Begirale Ordezkaritzek arineketan eginiko adierazpenen aurrean Hauteskunde Auzitegi Gorenak igorritako emaitzak babesten dituztela esaten, Partido Nacional-ari garaipena ematen dizkiotenak.

Emandako arrazoiengatik, ezinbesteko deritzogu salatutako irregulartasun guztiak argitzeari behin betiko emaitzak eman aurretik. Gertatutakoa bereziki larria da Honduraseko herriak prozesu demokratikoa, justua eta baketsuarekin agertu duen konpromiso irmoa aintzat hartuta.

Ildo beretik, alderdi anitzeko hauteskunde prozesuan izandako goi mailako konpromisoa eta parte-hartzea nabarmendu nahi dugu, Honduraseko herriak  bere etorkizunari dagozkion erabaki politikoetan protagonista izateko borondatea eta gogoa duela aditzera ematen baitute.

Eskubide urraketa larri honen aurrean:

Nazioarteari deia egiten diogu, tentuz ibili dadila Hauteskunde Auzitegi Gorenak igorritako informazioak onartzeko orduan eta Honduraseko herriak adierazi duen borondatearekin bat egiten duen prozesu elektorala eman dela bermatzeko ahalegina egin dezala.

Hauteskunde Auzitegi Gorenari eskatzen diogu salatutako irregulartasun guztiak iker ditzala, hauteskundeen gaineko informazioa akten benetako datuetan eman dezala eta zenbaketa prozesu gardena egin dadila.

Hondurasko Estatuari exijitzen diogu hauteskunde prozesuan emandako Giza Eskubideen urraketa kasu guztien ikerketa, zigortzea eta konpontzea egin dezala.

Hondurasen “demokrazia berrezartzea” aldarrikatu du EHBilduk

Ana Etxarte Euskal Herria Bilduko ordezkaria eta Maite Elizondo Alternatibako Koordinakunde Nazionaleko kidea Tegucigalpan dira egunotan, bihar, igandea, Hondurasen egingo diren hauteskundeetan nazioartetik joandako begiraleen ordezkariekin batera. Hauteskunde “garbiak” izango direnaren itxaropena agertu du Etxartek; “hau da, herritarren borondatea errespetatua izatea eta kolpe militarra iraganeko kontua bihurtzea nahiko genuke”.

Manuel Zelaya presidentearen aurka 2009an kolpe militarra gertatu zenetik, “giza eskubideen urraketak eta herri mugimenduaren aurkako jazarpena onartezinak” bihurtu direla ohartarazi du koalizioak. “Hamarnaka pertsona erailak, espetxeratuak edo mehatxatuak izan dira demokrazia defendatzearren”, esan du Bilboko Udaleko EH Bilduko zinegotziak. Era berean, Xiomara Castrok gidatzen duen LIBRE hautagaitzak Honduraseko herri mugimenduari, hauteskundeetan lortutako gehiengoaren bitartez, txaropena” itzularaziko dionaren nahia agertu du.

EH Bilduk agertu duenez, hauteskunde hauek “aukera historikoa” dira Hego Amerikan aldaketa sozialaren alde ematen ari den aldaketan beste urrats bat emateko. “Horregatik, Hondurasen demokrazia berrezartzea adarrikatzen dugu eta, aldi berean, Amerikako kontinentearen aurka kapitala egiten ari den eraso genozidari aurre egingo dion herri burujabetzak jauzi erabakigarria ematea”.

Gipuzkoako ordezkariak desagertutako sahararren gorpuzkinak beren senideei itzultzeko ekitaldian

Alternatibako kideak, Gizarte Politikako Diputatu, Ander Rodriguez eta Donostiako Udaleko Kooperazio zinegotzi, Jon Albizu Mendebaldeko Saharara joan dira, pasa den ekainean bi hilobi komunetan aurkitutako zortzi saharar gorpuzkinak idetifikatu ostean, haien familiakideei bueltatzeko ekitaldian parte hartzera.

Bihar beren senitartekoei emango zaizkie identifikatutako gorpuak lurralde liberatuetan egingo den ekitaldi berezi batean. Senideek lurra emango diete erritu islamiarraren araberako ehorzketa batean. Jon Albizu bertan izango da, lurralde liberatuetan den euskal ordezkaritza baten kide gisa. Albizuren esanetan ezinbesteko urratsa da hori justizia egiteko: “Oroimen historikoaren prozesu guztietan ezinbesteko urratsa da hori justizia egiteko, batez ere, giza eskubideen urraketa etengabeak izan direnean, Mendebaldeko Saharan gertatu den bezala”.

Aranzadik eta Hegoak abiatutako ikerketa bati esker aurkitu zituzten hobi komunak. Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Euskal Fondoak diruz babestu dute proiektua eta liburu batean jaso da aurkikuntza, dozenaka lekukotza jasoaz: Meheris, izan litekeen itxaropena.

Paco Etxeberria Aranzadiko kide eta auzitegi medikua, Carlos Beristain Hegoako kide eta antropologoa eta hainbat agintari saharar izango dira biharko ekitaldian. Ander Rodríguez Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak ere parte hartuko du, nazioarteko babes taldeekin batera. Mendebaldeko Saharako Erreferendumerako Nazio Batuen Misioa ere gonbidatu dute senideek eta agintari sahararrek prozesuaren begirale izan dadin.

Gorpuzkiak senideei eman eta hilobiratzeko ekintza ofizialaren ondoren beste ekintza bat izango da, aurkitutako zortzi biktimei duintasuna eta oroitzapena aitortzekoa. Ondoren, Carlos M. Beristain eta Paco Etxeberriak Saharako fiskalarengana joko dute, aurkitutako hilobiei buruzko lekukotasuna eman eta gertaerei buruzko dokumentu ofizialak betetzeko pausuak emateko.

Jatorrizko testua irakurtzeko: Donostiako Udala 

Diana Urrea: “Pertsonak izan behar dute politika publikoen erdigune eta ez merkatuak”

Alternatibaren bozeramaile eta EHBilduren parlamentari Diana Urrearen interbentzioa UNICEF Euskal Herriko Batzordeko koordinatzaileek eskatutako komisioan, krisiak haurren populazioan duen eraginaren inguruan duten esperientzia azaltzeko. Urreak, hezkuntzan, osasunean, politika sozialetan, lan erreformetan… egindako murrizketek gizartearengan eragin handia izaten ari direla azpimarratzen du, umeak, eta hein handi batean, neskatilak direla kapitalismoaren ondorio latzenak jasaten dituztenak. 

Estrasburgoko epaia bakea eta elkarbizitza demokratikoa sendotzeko aukera dela dio EH Bilduk

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrinari buruz emandako epaia bake integralaren, elkarbizitza demokratikoaren eta giza eskubideen alde urratsak emateko aukera eta bultzada gisa hartu beharreko erabakia dela dio EH Bilduk, eta horren ildotik, irabazleen eta galtzaileen arteko dikotomia gainditzearen alde agertu da Legebiltzarrean. Pello Urizarrekin, Rebeka Uberarekin eta Oskar Matuterekin batera, Julen Arzuagak eskari zuzena egin dio horregatik espainiar Gobernuari, “mendeku eta errebantxa politikak baztertzeko eta presoekiko elkartasunaren kontra ez jotzeko”, alegia. Estatuak ere urratsak ematea behar-beharrezkoa dela adierazi eta gero, EH Bilduko legebiltzarkideak “Estrasburgoko Auzitegiaren epaia eta euskal gizartean aurkituko duen babesa mugitzeko” baliatu ditzala eskatu dio halaber Rajoyren Gobernuari, espetxe politika berria abiarazteko, baldintzak betetzen dituzten presoak kaleratzeko eta dispertsioa bertan behera uzteko.

Euskal herritarrek eta eragileek bakearen eta elkarbizitzaren alde erakutsitako jarrera eraikitzailea aintzat hartu du Arzuagak, eta horretan sakontzeko eskatzeaz gain, EH Bilduren eskua eskaini die norabide horretan urrats gehiago emateko. Horri jarraituz, Jaurlaritzak ere mugitu behar duela nabarmendu du, “olatua hartu eta arraunei elkarrekin ekiteko unea baita”, giza eskubide guztiak errespetatzea eta proiektu politiko guztiak gauzatzea ahalbidetuko duen eszenatoki batera iristeko.

Hala eta guztiz ere, legebiltzarkide abertzaleak ohartarazi du Estatuaren indarkeriak bere horretan jarraitzen duela, eta egunotan Madrilen egiten ari diren makroepaiketa politikoak ekarri ditu gogora horren harira. Hori dela eta, Arzuagaren iritziz, eragile politiko eta sozialek zein Jaurlaritzak aukera paregabea izango dute etzi Bilbon epaiketa horien kontra egingo den manifestazioan, eta horregatik dei orokorra egin du manifestazio horretan parte hartzera, “erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera” lelopean.

EHBildu

Alderdi, sindikatu eta eragile sozial ezberdinek Estrasburgoko Epaitegiak kaleratuko duen sententzia aldekoa izatea espero dute eta astelehenerako mobilizazioak deitzen dituzte

Alderdi, sindikatu eta eragile sozialen ordezkaritza bat bildu gara gaurko agerraldi publiko honetan, astelehen honetarako iragarrita dagoen Giza Eskubideen Europar Epaitegiaren ebazpenaren aurrean ekimen bateratuen berri emateko asmoz. 
 
Ezer baino lehen, berriro ere espainiar gobernuak Herrira mugimenduaren aurka buruturiko jokaera salatu nahi dugu, baita auziperaturiko 20 lagunek pairatzen dituzten giza eskubide, zibil eta politikoen urraketa ere. Haatik, urriaren 5eko manifestaldian adierazi genuen bezala, orain herri honen gehiengo soziala da euskal presoen giza eskubideen aldeko lana bere gain hartzen duena. 
 
Gure alderdi, sindikatu eta eragile sozialetatik Anaitasunan irailaren 14an buruturiko ekitaldian parte hartu genuen, eta bertan Euskal Herriarentzat bakerako aukera bat aldarrikatu genuen, baita 197/2006 Doktrinaren indargabetzea ere. 
 
Orduan esan bezala, Ines del Rioren kasuan jada epai bat badagoela uste dugu: Arlo juridikotik, 2012ko uztailean Estrasburgoko epaitegiak erabateko adostasunez harturikoa. Beste arlo sozial bat ere badu, irtenbideari eta bakeari lagunduko liokeen espetxe politika bat aldarrikatzen duen gehiengo sozial nagusi batena, alegia.
 
Beraz, Giza Eskubideen Europar Epaitegiak aurretiaz harturiko erabakia berretsiko duela espero dugu eta behin betikoz 197/2006 doktrina baliogabetu. Baina Areto Nagusiak dionaz harago, herri honen gehiengoaren nahiarengan konfiantza dugu, eta salbuespen neurriak gainditzeko gakoa guztion aktibazio sozialean oinarritzen dela azpimarratu nahi dugu.
 
Zentzu horretan, herritargoari epaiaren berri eman aurretiko egunetan kalera ateratzeko gonbitea egiten diogu giza eskubideei, irtenbideari eta bakeari modu ozenean baietz esateko, eta jada beraien zigorrak beteak dituzten preso guztien kaleratzea aldarrikatzeko. Aldi berdinean, astelehen goizerako Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean elkarretaratzeak eta asanbladak deitu ditugu, epaiaren kaleratzea itxaroteko. Eta arratsaldean 197/2006 doktrina ezarriak dituzten presoen herrietan zein beste hainbat lekutan, mobilizazioak burutuko dira.
 
Mobilizazioen zerrenda:
 
Astelehena 21, goizeko 11etatik 13etara bitartean:
– Bilboko Eliptika Enparantzan
– Gasteizko Ama Zuriaren Enparatzan
– Donostiako Boulebarrean
– Iruñeako Arrano Kultur Elkartean

http://alternatiba.net/old-files/Herriradialdia.jpg

Alternatibak salatu du udal erreformak demokraziari eta publikoa den orori eraso egiten diola enpresa pribatu handien mesederako

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek salatu egin ditu Espainiako Kongresuan gaur eztabaidatzen ari diren udal erreformaren eduki zein helburuak, izan ere, “Alderdi Popularrak publikoa den oro pribatizatzen jarraitzeko nahiari erantzuten dio, tokikoa pribatizatzeari oraingoan, enpresa pribatu handien mesederako, haiek baitira udal txikiei kenduko zaizkien eskumenak bereganatuko dituztenak”.

Matutek gaitzetsi du PPk udal erakundeei ezarri nahi dizkiela zeintzuk diren jorratu ahal dituzten eskumenak eta zeintzuk ez, “hezkuntza, zerbitzu sozialak eta etxebizitza kudeatzea galaraziko die, horretarako baliabide nahikoak izan arren”. Ildo beretik, defizitarioak direnean, Madrilek ezarritako egonkortasun irizpideen arabera, oinarrizko zerbitzuak pribatizatuko dira, gainerakoak itxita.

Ezkertiar alderditik onartezintzat jo dute legeak 5.000 bizilagun baino gutxiagoko udalerriak desagerrarazi nahi izatea, Hego Euskal Herrian bakarrik, 430 udalerriengan eragina izango duena. Baina oraindik ere harago doa, “eraso egiten dio demokrazia parte-hartzaileari, 100 bizilagun baino gutxiagoko herriek duten Udalbatza Irekiaren formularekin akabatzen duelako, udaletako azpi erakundeekin bukatzen duen bitartean”. Ez dira libratzen ere 20.000 pertsonarainoko udalerriak, legeak hauei eskumen guztiak kentzea ahalbidetzen duelako, beti ere Madrilek aproposa dela uste badu, enpresa pribatuaren mesedean. Horrela eskumenak enpresa handien eskuetan uzten dira, hauek izanik legeak finkatutakoa betetzeko gaitasuna duten bakarrak”. Matutek, erreforma udalek egiten duten lanaren kontrako eraso zuzena dela ziurtatu du, batez ere, zerbitzu sozialak, berdintasun politikak, haur-eskolak, uraren kudeaketa publikoa eta kooperazioaren garapena bezalako arlo garrantzitsuetan.

Bukatzeko, Alternatibaren bozeramaileak lege honen kontrako mobilizazio eta ekimen guztietara gehitzera deitu du, eta bide batez eskaini ditu ere “gastu publikoa arrazionalizatzeko irtenbide askoz demokratikoagoak, Rajoyk baieztatzen duen bezalaxe; diru publikoarekin mantendutakoen artean, monarkia adibiderik larriena dela; aldi berean, Hego Euskal Herrian ditugun gehiegizko polizia alboratu edota senatua bezalako instituzioa saihestu daitezkeen bezala”.

X