Euskal subiranotasunaren aldeko mugimenduaren ordezkaritza, Bartzelonako manifestaziora

Aurreko larunbateko prentsaurrean iragarri bezala, Alternatibak, Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak manifestazio nazionalerako deia egin dugu. Zita hurrengo larunbatean izango da, uztailaren 10a, eta lema “Nazioa gara. Autodeterminazioa”.

Mobilizazioa deitu dugunok Auzitegi Konstituzionalak Catalunyako Estatutaren aurka egin duen epaiaren testuinguruan kokatzen dugu manifestazioa. Gure ustez, epaia Catalunyako herriaren subiranotasunaren kontrako eraso larria da eta Espainako Erresumaren gainetik bizirautea lortu duten herrien aspirazio nazionalei mugak jartzea du helburu. Dena den, Bartzelonako manifestazioak egingo duen aldarrikapenari babesa emateaz gain, hau da, Catalunyako gizartearen borondatea errespetatua izan dadin eskatzeaz gain, Donostiako manifestazioak nortasun propioa izan dezan nahi dugu. Horrela, euskal gizarteari Catalunyako biztanleriari babesa agertzeko aukera eskaintzeaz gain, bere helburu nazional propioak adierazteko bozgorailua emango diogu.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak bi gauza argi utzi ditu: lehenik eta behin Catalunyako herriaren borondatea eta nortasunari inolako errespeturik ez diola, eta frankismoaren oinordeko zuzena den 78ko Konstituzioa herrien nahia giltzapetzen duela, estatutuek egoera hori makilatu ere egiten ez dutela.

Hamabost urte igaro dira dagoeneko ELA sindikatuak Gernikako Estatutua hilda zegoela esan zuenetik. Ordutik, autogobernuan aurrera pausuak emateko ahalegin guztiek Espainia bakarraren ideia gaindiezinarekin egin dute topo.

Euskal gizarteak duen burujabetza nahiak ez du lekurik Espainiako Konstituzioan. Eta, garrantzitsuagoa dena, Estatu espainiarrak ez du euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea errespetatzeko inolako borondaterik.

Borondate falta hori dela eta Estatutaren helmuga Euskal Herrian sortu diren ekimen guztien berdina izan da. Prozesu luzea eta gero, ulergaiztasuna gailendu da. Aberri bakarra eta borondate bakarra baino aitortzen ez duen espainiar nazionalismoaren ulergaiztasuna.

Baina herritarren nahiari mugak jartzerik ez dago. Catalunyako herriak, euskal gizarteak bezala bere etorkizunaren jabe izateko borondate argia erakutsi du. Euskal Herriko eta Catalunyako gizarteek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubideari mugak jartzerik ez dago.

Espainiako nazionalismoa judizializatuak oztopatzen eta geldiarazten saiatuko da, bere demokrazia eza agerian uzten. Hala ere, libre eta demokratikoki adierazitako gizartearen nahiak berezkoa duen eskubidea errealitate bihurtzeko bideak aurkituko ditu.

Hiritarrek etorkizuna askatasunean erabakitzeko duten eskubidea da Catalunya eta Eskal Herriko gizartearen aldarrikapenaren oinarria. Herriaren borondateak ez digu beldurrik ematen. Izaera demokratikoa defendatu arren eza handiak erakusten dituzte pentsamendu bakarra inposatzen dutenek.

Horregatik deitu dugu Alternatibak, Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak larunbateko manifestazioa. Auzitegiaren epaiari kritika egiteaz haratago, interes alderdikoiak baino haratago, Catalunyako gizarteari elkartasuna eta sostengua adierazteko biderik zuzenena Euskal Herritik ere herri bezala dagozkigun eskubideen aldarrikapena egitea dela uste dugulako.

Euskal gizarteak deialdiari erantzun egokia emango dio. Ziur gaude hala izango dela, alderdi bakoitzaren interesen gainetik dagoen aldarrikapena sostengatzeko aukera izan duen bakoitzean erantzun egokia eman duelako.

Subiranotasunaren aldeko mugimenduaren militantzia, Alternatiba, Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasunaren militantzia Donostian izango da larunbatean. Eta han egongo da ere Bartzelonara zilegiak baina beste esparru batekoak diren borrokak laguntzera joango diren beste agente bazuen militantzia ere. Izan ere, Bartzelonako manifestazio babestu eta Donostikora agertuko ez diren batzuk beren base sozialaren aurrean konprometitzeko beldur direla dirudi.

Horixe baita Alternatiba, Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasunarentzat larunbateko zita: konpromisoa. Guztion helburua da Euskal Herriak eta bere gizarteak duten burujabetza eskubidearen bidean aurrera pausuak ematea, eta hori bideratuko duen subiranotasunaren aldeko mugimendua martxan jartzeko konpromisoa dugu larunbateko zitaren oinarrian.

Bartzelonan milaka lagunek “Som una nació. Nosaltres decidim” pankarta duen lemaren atzean martxa batean parte hartuko duten egunean guk Donostiako kaleetan “Nazioa gara. Autodeterminazioa” pankartaren atzean manifestazioa egingo dugu.

Euskal gizartea eta agente sozial, sindikal eta politikoei manifestazioan parte hartzeko deia egiteaz gain, subiranotasunaren aldeko euskal mugimenduaren ordezkaritza Bartzelonan izango dela iragartzen dizuegu. Donostian manifestazioa deitzen dugun alderdion ordezkaritza izango da eta Catalunyako herriak bere subiranotasuna defendatzeko egiten ari den borrokan Euskal Herriaren laguntza duela adieraziko du Bartzelonako manifestazioan parte hartuta.

http://alternatiba.net/old-files/donostia.JPG

Nazioa gara. Autodeterminazioa.

Kataluniako herritarrek onarturiko Estatut-aren aurka Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ebatzitako epaiak berriro ere agerian utzi du Espainiako Konstituzioa herrien eskubideen eta aspirazio demokratikoen ukazio tresna dela. Horren aurrean, Kataluniako herriak erabakitze eskubidea aldarrikatuko du uztailaren 10ean “Som una nació. Nosaltres decidim” lelopean manifestazioa burutuz.

Auzitegi Konstituzionala esparru juridiko eta politiko ukatzailearen tresna da. Herri borondatea giltzapetu nahi duen aparatu inposatzailea. Herritarren borondatea ezin da bahitu edo ezabatu gehiengoaren nahiarekiko arrotza den Konstituzio edo esparru juridikoaren eskutik.

Euskal Herria eta Catalunya erabakiak hartzeko subjektu propioa direla onartzeak eta eskubide ororen errespetuan oinarritutako esparru demokratikoak izan behar du kultura eta jarrera politiko guztien topalekua. Baina horren ordez, ukaziotik aitortzara pasatzeko jada sendotuta dauden baldintza sozio-politikoak neutralizatu nahi dira legediekin herritarren nahiak bortxatuz eta burujabetzaren aldeko ibilbide posiblerik ez dagoela irudikatuz.

Marko berria, Autodeterminazioa edo erabakitzeko eskubidea jasoko duena, ezinbestekoa da bere etorkizuna hautatu nahi duten herrientzat, bai Kataluniar Herrientzat, bai Euskal Herriarentzat. Horixe da Catalunya eta Euskal Herriko gizartearen gehiengoaren nahia eta horrela adierazi dute aukera izan duten guztietan. Duela gutxi Catalunyako hainbat udalerrietan egin diren independentziari buruzko kontsultak horren adierazle gertukoenak dira. Kataluniar herriak, euskal gizarteak bezala, erabakitze eskubidearen garatze efektiboaren aukera bide politiko, bakezale eta demokratikoak baino ez lagunduta egin nahi duela esan du.

Zentzu horretan, espainiar Estatuan ezinbestekoa da lurralde ereduan zein marko juridikoari dagokionean bigarren trantsizioa burutzea, hogeita hamar urte hauetako eredu asimilatzailea baztertu eta Kataluniar Herrien edota Euskal Herriaren izate nazionala eta dagokien erabakitze eskubidea aitortuko duen eredura pasatuz. Horretarako, bigarren transizioaz gain, Espainiar nazionalismoak garapen demokratikoaren ibilbidea egitea beharrezkoa da, gizartearen nahiak erantzuna izan dezan.

Bere burua zuzenbide estatu bezala izendatzen duen estatu batek ezin du onartu berau osatzen duten egiturek herritarrek erreferendum bitartez adierazitako borondatearen aurka azaltzea; alderantziz, herritarren borondatearen bermatzaile izan beharko lirateke.

Jendarteak soluzioak behar ditu, irtenbideak exijitzen ditu. Ukazioaren urteetako labirintotik atera nahi dugu, bai kataluniarrek, bai euskal herritarrok. Biak ala biak gure etorkizuna inolako eskusartzerik edota hipotekarik gabe erabaki nahi dugu. Bi nazioetako herritarrok demokrazian eta eskubideen aitortzan oinarritutako etorkizuna merezi dugu.

Europako ukatutako hainbat naziok beren burujabetza osoa dute helburu, eta bakoitzak bere identitate zeinu ororen osotasuna berreskuratzeari ekin dio: Eskoziak, Groenlandiak, Irlandak… Hori da jada Kataluniar Herrien eta Euskal Herriaren ibilbidea. Inguruko beste herri eta estatuetan naturaltasunez gertatzen ari dena guretzat ere nahi dugu eta Madrilek ezin izango du Europar Batasunaren bihotzean aitortzen diren eskubideak ukatzen jarraitu. Bide horretan gaude eta aurrera goaz, eta hurrengo topalekua Donostiako kaleak izango ditugu.

Katalanek bezala euskal herritarrok ere gure herri eskubideak ukatuak ditugula salatzeko eta gure herriak duen burujabetza beharra aldarrikatzeko, Eusko Alkartasuna-k, Ezker Abertzalea-k, Alternatiba-k eta Aralar-ek uztailaren 10erako “NAZIOA GARA. AUTODETERMINAZIOA” lelopean Donostian burutuko den manifestaldi nazionala deitzen dugu.

Herrialde Katalanetako zein Euskal Herriko jendarte zabalak beren etorkizuna libreki erabakitzeko zor zaien Autodeterminazio edo erabakitzeko eskubidea Estatu espainiarrari exijitzen dioten eguna bihurtuko da uztailaren 10a. Bi nazio oinarrizko eskubideen alde kalean, bi nazio ukazioaren zikloari amaiera emateko eta bakoitzaren aitortza Estatu espainiarrari exijitzen.

Bertan gauden alderdiok euskal herritar orori manifestaldian parte-hartzeko gonbidapena luzatzen diegu. Era berean, eragile sozial, sindikal zein politikoei deialdira atxikitzeko eta manifestazioan parte-hartzeko dei egiten diegu.

NAZIOA GARA.
AUTODETERMINAZIOA.
UZTAILAREN 10ean, DENOK DONOSTIARA!

http://www.youtube.com/watch?v=hP5m-wgeOQE

Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari

UZTAILAREN 17AN IZANGO DA, LARUNBATA, 17:30ean, BILBOKO LA CASILLA PLAZATIK IRTENDA

“Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari” izango da manifestazioaren leloa. La Casilla plazan hasiko da eta Bilboko udaletxe aurreko zabalgunean amaituko da ekitaldi labur batekin.

Gaur, ostirala, auzipetuetako asko batu dira deialdia egiteko. Beraiekin bat eginda agertu dira Bai Udalbiltzari Sareko hainbat kide. Herriz herriko sostengu sarea osotzen duten udal hautetsiak, hautetsi ohiak eta herrietako babes taldeen ordezkaritza egon dira bertan. Euskal Herriko politika, ekonomia, kultura eta kirol arloko kideak ere han izan dira, deialdiari euren sostengua emanez. Mailalen Lujanbio, José Luis Otamendi, Abelin Linazosoro, Xabier Amuriza, Txillardegi, Jesus Mari Irazu, beste askoren artean.

“Euskal Herrian jendartearen gehiengo zabala dago Udalbiltzaren kontra epaiketa bat egitea arbuiatzen duena. Udalbiltzaren jarduera instituzionala, publikoa eta gardena izan delako ezin da delitutzat hartu. Ordezkaritza demokratikoz sortutako instituzio baten jarduera guztiz legitimoa da eta askatasunez aurrera eramateko baldintzak behar dira zuzenbide estatu batean”.

Hori ez da bakarrik auzipetuon iritzia, Euskal Herriko gizartea ordezkatzen duten eragile gehienen iritzia ere horixe da. Horrela erakutsi dute azken asteotan, epaiketaren datak jakin zirenetik hona, egindako agerraldi publikoetan, elkarretaratzetan eta bestelako ekimenetan. Hainbat udalek ere, mozioen bidez, Udalbiltza auziaren bidegabekeria salatu dute. Nazioartean jaso dugun babesa ere aipagarria da gaurko honetan.

Guzti horren adibide dira, udal hautesti eta hautetsi ohien artean bildutako 2.000 sinaduratik gora, Euskal Herriko gehiengo politiko nabarmena osatzen duten alderdi politiko anitzen babesa, jada 55 gizarte eragiletik gora sinatu duten atxikimendu manifestua, Euskal Herriko gehiengo sindikalaren babesa, nazioarteko jardunaldietan sortu zen elkartasun adierazpenak jada bildu dituen hamarnaka atxikimendu, euskal diasporatik jasotzen ari garen elkartasun mezu kopuru itzela, egun eta aste hauetan oso babes zabala jasotzen ari diren udalerrietako mozioak, azkeneko ostiral hauetan hainbat eragileen aldetik jasotzen ari garen elkartasun beroa, hala nola, kirolari, idazle, bertsolari, politikari eta jende andana eta abar luze bat.

Ikusten denez askotariko pertsonak, taldeak eta erakunde publikoak daude, beraz, Udalbiltza aske izan behar dela esanez.

Horregatik, jendartera zabaltzeko garaia iritsi da, orain arteko bidean sakonduz, deialdi zabal, zabala egin nahi diogu euskal jendarte osoari, iritzi hori kalean erakus dezan.

Udalbiltzak beti berea izan duen filosofiari jarraituta, modu positiboan eta eraikitzailean, siglen gainetik, eskubide zibil eta politiko guztien defentsan, hitzordu garrantzitsua jarri dugu UZTAILAREN 17AN, BILBON, LA CASILLA PLAZATIK IRTENDA ARRATSALDEKO 17:30etan.

UDALBILTZA ASKE! BAI UDALBILTZARI. BAI EUSKAL HERRIARI

Perú, un año después de la matanza de Bagua

Amnistía InternacionalA un año de Bagua, consulta prometida pero verdad, justicia y reparación todavía una deuda pendiente

“Las normas internacionales de derechos humanos que protegen a los pueblos indígenas contra el despojo de sus tierras y recursos en nombre del desarrollo han surgido para poner fin a modelos históricos de toma de decisiones que se les han impuesto y a condiciones de vida que han amenazado su supervivencia.”

Israeli boikot

ISRAELEN AURKAKO BOIKOT KANPAINA EUSKAL HERRIAN

Sarrera

Irailaren 28an Palestinak bere 2. INTIFADA handiaren 6. urteurrena ospatu zuen. Palestinarrek fronte guztietan eta euren esku dauden bide eta bitarteko guztiekin egindako borrokaz ERRESISTITZEA lortu dute, inbasio, kolonialismo, estatu terrorismo eta lurren, etxeen, uraren eta airearen lapurretaren aurka; Mossad-ek, armada sionistak eta kolonoek – hiltzeko lizentzia daukatenak, administrazio sionistak eman dielako – egindako hilketa selektibo, prebentibo, aleatorio eta masiboen aurka.

Erresistentzia ez da bigarren Intifadako sei urtetara mugatzen. Palestina herria erresistitzen ari da 1947an NBEk Palestina estatu bitan zatitzea gomendatu zuenetik eta 1948an Israelek bere aldetik estatu judutarraren jaiotza aldarrikatu zuenetik, Palestinako estatua ukatu eta palestinarren aurkako sarraskia hasi zuenean. Beir Jasym hiriko sarraskiaren ondorioz, non 200 lagun baino gehiago hil ziren, 800.000 palestinar baino gehiagok alde egin behar izan zuen eta okupazioa, Palestinako herrien suntsiketa -500 baino gehiago Al Nakba delakoan- eta kolonizazioaren hasiera ekarri zituen.

Kolonizazioak eta okupazioak ehunka hildako, milaka erbesteratu eta 10.000 preso politiko baino gehiago eragin ditu. Gainera, okupazioa areagotu egin da estatu judutarrak eraikitzen diharduen harresi ilegala dela eta. Lotsaren harresi horrek Palestinako hiri nagusiak isolatu eta hazkunde demografikoa galarazten du, horrela Palestinako lurraldeak euren artean isolatuta dauden bantustan bihurtu ditu eta horrek Palestinako estatua sortzea eragozten du. Harresiak Palestinako errekurtsoak, ura eta airea kontrolatzea ahalbidetzen dio Estatu judutarrari; horrez gain, Palestina beste herri arabiarretatik isolatu eta estatu judutarraren erabakien menpeko egiten du.

Baina Palestinak ERRESISTITZEN jarraituko du (AEBetako armadaren atzetik) munduko armadarik boteretsu, moderno eta subentzionatuenaren aurka jardun arren. Teknologia berri hiltzailea, suntsipen handi eta selektiboko armak, ehunka eta ehunka bonba atomiko eta buru nukleardun misilak dauzkan armadaren aurka bada ere, Palestinak BIZIRIK DIRAU.

Metodo genozida horiek guztiek ezin izan dute palestinarren erresistentzia garaitu. Eta nazioarteko gizarte zibilak alde batera begiratzen du eta harrika ari diren umeen terrorismoari buruz eztabaidatzen du; palestinar erresistentzia indarrek soldadu israeldar bat bahitu izanagatik ikaratzen dira; israeldar on, kritiko eta aurrerakoien bat bilatzen dute gobernu eta armada sionistaren gehiegikeriak kritikatu ahal izateko eta EZER ERE EZ EGITEKO, EZER EZ ALDATZEKO.

Denok dakigu harriak dauzkaten ume palestinarrek ezin dutela tankeak dauzkan armada sionista garaitu, erresistentziak ezin duela misil nuklearrak dauzkan armada garaitu. Baina erresistitzen jarrai dezakete, eta batailaren bat ere irabaz dezakete, Hezbullah-k erakutsi bezala.

Hala ere, boteretsua -munduko elite kriminal eta terrorista- garaitu egin daiteke, borrokarako bide guztiak erabilita eta fronte guztietan borroka eginda.

Borroka fronte bat FRONTE INTERNAZIONALISTA da, borrokarako bide bat adierazpen israeldar-sionista guztiei BOIKOTA egitea da.
Hegoafrikan balio izan zuen eta Palestinan ere balio izango du.

ALDARRIKAPENA

Boikota Euskal Herrian adierazpen israeldar-sionista guztiei.

Ideologia sionistan oinarrituta dagoen PALESTINA herriko ZAPALKETA KOLONIALAK eta SARRASKIAK JARRAITU bitartean;

Sionistek eta euren erakundeek Nakban (1948ko inbasioa) eduki zuten erantzukizuna, ERREFUXIATEN afera sortu zuen GARBIKETA ETNIKOA eta LURRAK KENTZEKO PROZESUETAN daukaten erantzukizuna ukatu bitartean, Gazako eta Zisjordaniako KOLONIZAZIO ETA OKUPAZIO MILITARREKO (Jerusalem ekialdea barne) krimenak (NAZIOARTEKO LEGERIAREN eta NBEren erabakien AURKAKOAK) ukatu bitartean;

HARRESIA eta palestinarren aurkako DISKRIMINAZIO ETA SEGREGAZIO sistema oso bat mantendu bitartean;

Euren espetxeetan 10.000 PRESO POLITIKOAK mantendu bitartean, eta nazioarteko interbentzio guztiek porrot egin dutela ikusita…

Euskal internazionalistok geure egiten dugu ISRAELI BOIKOTA euskal ekimenaren bidez Palestinako 170 erakunde sozial, polítiko eta sindikalek baino gehiagok deitutako adierazpen israeldar-sionista guztiei boikot solidarioa egiteko deiarekin.
Hori dela eta, dei egiten diegu, dei egiten dizuegu, euskal gizarteari, erakunde publiko, pribatu, akademiko, kulturalei, finantza eta enpresa entitateei, kirol taldeei, alderdi politiko, sindikatu eta gizarte erakundeei, eta Euskal Herriko herritar guztiei erakunde israeldar-sionista guztiei esparru guztietan boikota egiteko, boikota baita euren konplizeei ere.

Boikot horrek hurrengoan oinarritu behar du:

*-Israeletik gure lurraldera etorritako edozein talde, erakunde, enpresa, kirol talde edo kultura elkarteren PRESENTZIAREN GAITZESPEN PUBLIKOA; haien presentzia NON GRATA izango da Euskal Herrian.

*-Estatu israeldar-sionistarekin harremanak dauzkaten Euskal Herriko edo bertan finkatuta dauden pertsona, entitate, enpresa edota elkarteen SALAKETA AKTIBOA, harreman horiek bertan behera utzi arte.

*-Israelgo jatorria daukaten edo Israelek ekoitzitako zein patrozinatutako kontsumo, kultura, entretenimendu edo bestelako PRODUKTUAK BAZTERTU.

*-Estatu israeldar-sionistak Euskal Herrian daukan presentziari buruzko INFORMAZIOA bildu eta sozializatu, edozein motatakoa dela ere; denok hartu behar dugu parte Israelek gure herrian daukan presentzia salatzeko, eta presentzia horri etekina ateratzen diotenak salatzeko ere bai.

Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da. EUSKAL HERRIAK erabakitzeko eskubidea daukala erakusteko garaia da eta Palestinaren aurka Israel egiten ari den genozidioaren konplize ez duela nahi izan erakusteko garaia da. Bide bakarra zapalketa sionistak beste iraungo duen Boikot kanpaina honetan gogotsu parte hartzea da.

X