Joan den astean ETB1 katean emititu zuten Ur Handitan saioa beste hizkuntzetan eskuragarri jartzeko ekimenaren ondorioz, dagoeneko ondorengo hizkuntzetara itzuli du jendeak: gaztelaniara, frantsesera, katalanera, asturierara, galizierara eta ingelesera. Guztiz gomendagarria “Motxiladun umeek” pairatzen dituzten sakabanaketaren ondorioei buruzko saioa ikusi eta zabaltzea.
Euskal herritarrek aukera izango dute bihar, berriz ere, bakearen alde eta ondorio lazgarriak utzi dituen gatazka politikoa gainditzearen aldeko ekarpena egiteko. Tamalez, borroka armatua utzi zenetik urteak pasa diren arren, gatazkak biktima berriak sortzen ditu gaur egun ere. Izan ere, biktimak dira salbuespeneko politikak, krudel eta mendeku zaleak, pairatzen dituzten presoak. Honen ondorio larriak espetxe politika arrunta ezartzearekin batera amaituko lirateke.
Biktimak dira, halaber, presoen senide eta adiskideak tartean azkenaldian motxiladun ume gisa ezagunak ditugun adingabeak. Guztiak dira sakabanaketaren biktimak. Milaka eta milaka kilometro egin behar dituzte bere familiakoekin edo lagunekin minutu gutxi batzuk egon ahal izateko. Askotan istripuak dira honen ondorioa, eta zenbaitetan heriotza topatzen dute bidaiariek, azken hamarkadetan 16 lagun zendu dira errepideetan.
Ez dago aitzakiarik, milaka eta milaka lagunekin batera, Casilla plazatik Bilboko udaletxeraino doan bidearekin bat ez egiteko mendekuaren amaiera galdegiteko, esan dugunez, biktima berriak sortzen dituelako eta, beraz, bakea nagusi izango duen etorkizuna gero eta zailagoa bilakatuko du. Ez dago aitzakiarik oinarrizko giza eskubideak ez babesteko; eta aitzakiarik dagoela dioenak alderdikerietan ari da. Izan ere, logika zakar eta mendeku zalearen emaitza da Espainiako estatuan eskubideak zapaltzeak botoak ematen dituela.
Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek salatu egin du bere alderdiak Gasteizko Los Herran kalean duen egoitzaren kontra bart gauean emandako eraso faxista. Kanpoaldeko kristalak apurtu dituzte eta ‘Victor Lainez, presente’ dioten pintadak egin dituzte bertan, Zaragozan hildako falangistaren izena. Horrez gain, Falange espainiarraren propagandadun pegatinak ere jarri dituzte, haien web orria jasotzen dutenak.
Matuteren hitzetan, ez da kasualitatea “eraso faxista” hau, orain dela egun batzuk “Falange Vasconavarra deritzonaren sare sozialetatik bisita egingo zigutelaren mehatxua” eman ostean gertatu izana. Are gehiago, azken asteetan hiriko beste eragile sozialen lokalen kontrako erasoak eman dira, Hala Bedi, Zapateneo edo Txapelarri tabernaren aurka, kasu. Guzti horiei Alternatibako militante guztien “babesa eta elkartasuna” agertu nahi izan die.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak iragarri du gertatutakoa Ertzaintzaren aurrean salatuko dutela “ekintza faxistak zigorrik gabe uzterik ez dagoelako”. Era berean, azpimarratu egin du garrantzitsua dela “alderdi politiko eta erakunde publikoe guztiek halako erasoak irmotasunez salatzea, muturreko eskuinaren gorakadaren aurrean entzungor azaltzeari utzita”.
Azkenik, jasandako erasoak arbuiatu ez ezik “Espainiako estatuan faxismoak duen zigorgabetasuna salatzeko” deia egin du Matutek.
‘Urkulluren gobernuak “benetan eskertu” dio PPri 2018ko aurrekontuei emandako babesa’ Lehendakariak ez omen daki amodioa dagoenean eskertu beharrik ez dagoela. Hauxe da PNV, PP eta PSEren arteko amodioaren doinua.
Alternatibako bozeramaile Maria del Riok gaur Gasteizen eginiko bileraren harira, Kataluniako egoerari buruzko hausnarketa bateratua egiteko asmoz, eginiko adierazpenen bideoa.
Alternatibatik adi begiratzen diogu joan den urriaren 1eko galdeketaren ostean Katalunian gertatutakoari. Zalantzarik gabe, Kataluniako prozesua izan da 78ko erregimena kolokan jarri duen gertaera bakarra. Honen sustatzaileen erreakzioa eragin du eta azken 40 urteetan Euskal Herrian bakarrik ezagutu izan dugun errepresioari ateak ireki zaizkio.
Egoera honek gauzak argitu ditu, guztion jarrerak azaleraziz. Bereziki larria da estatuko ezkerra noraezean ikustea, lehenengo eta behin beren buruzagiek errepresioaren aurrean ageri duten jarrera urrunagatik eta, bestetik, Kataluniako herriaren ordezkari legitimoak atxilotzen dituen estatuaren gehiegikeriak isiltasunarekin onartzen dituztelako. Zorionez, militanteak kalean egon dira, zapalkuntza eta faxismoa inolako kontrolik gabe zabaltzen ari dela salatzeko.
Gertaera jakinen inguruko balorazioen gainetik, ezkerrak hautatu beharra dauka beste behin ere: demokratikoa izatetik urrun dagoen estatu sistema legitimatu, lurraldetasun batasunaren izenean, edo harekin hautsi, prozesu eratzaile desberdinei ateak irekitzeko. Erabakitzeko eskubidearen alde daudenek hautua egin behar dute: martxan jarri nahi dutenei errespetua ageri edo herrien kartzela den estatuan sakondu.
Ezin dira mugatu parlamentu bateko presidentea ziegan lo egitea zilegi den edo ez eztabaidatzera; ezin dute kritikatu 155. Artikulua beren alderdian aplikatzen duten bitartean. Ezin beren burua ezkertiartzat jo Rajoy Katalunian egiten ari dena normalizatu egiten duten bitartean. Egoera honek argi azaltzen baitu esaldi famatu hura, bidegabakeriaren aurrean ezer ez egiteari zapaltzailearen alde kokatzen zaituela dioena.
Guzti horregatik, errepresioaren aurkako indar demokratiko guztien batasuna beharrezkoa dela uste dugu, hemendik, Euskal Herritik hasita. Ez da independentismoaren alde egitea, gutxieneko oinarri demokratikoak babestea baizik.