Alternatibaren rola 2011ko udal eta foru aldundi hauteskundeetan

Alternatiba izeneko proiektu ilusiogarri honi ekin genionean herri honetan ezkerra egiteko modu berri bat behar zelakoan geunden, eta oraindik ere berdin gaude. Bazterketa eta abangoardia gabeko ezkerra; esparruanitza den ezkerra, herri mugimenduen eskaerak bere egingo dituena -ezker tradizionalenak beraietaz baliatu nahian egin duenaren aurkako bidetik-; beste borroka askatzaileak baztertu gabe, herria sortuko duen ezkerra; erroko demokrazia eta feminismoa barne mailako egituraketa ikur izango dituen ezkerra;… Herri honek behar eta nahi duen erroko ezkerraren bilgunean laguntzeko asmoz jaio ginen eta horretan dihardugu oraindik.   

Bidebarrietako abenduaren 13 hartatik hona ia bi urte igaro dira, lanaren lanaz nortasun bereziko proiektua gauzatu ahal izan dugu. Taldekako sortze mahaien bitartez, erakundeari betikotasunik ez duen gorputz teoriko bat eman diogu, Alternatiba osatzen dugunok erronka berrien aurrean geure iritzia definiarazten diguna. Egindako bidean, harro gaude erakunde garden, zabal, demokratiko, atsegin eta bere kide guztien kalitatezko parte hartzea funtsezkotzat jotzen duena osatu izanaz.  

Ezin da, noski, dena hain positiboki aztertu. Baditugu, bistan da, gauza asko hobetzeke, gabezia eta muga ugari. Baina, ezin ditugu ahaztu lortu ditugunak; eta lortzeke ditugunak erronkatzat hartu behar ditugu, gure etengabeko sorreran den proiektua garatzen jarraitzeko. Egiteko bide honetan datorkigu Alternatiba osatzen dugunoi erronka berria: 2011ko udal eta foru aldundi hauteskundeak, eta hauen inguruan Alternatibak hartuko duen jarrera.  

Esku artean dugun erabakia, beraz, deialdi honetan parte hartuko dugun edo hauteskunde lehiatik at geratuko gareneko erabakia da. Kontua ez da soilik baiezkoa ala ezezkoa ematea; lehena aukeratzen badugu nola, zergatik eta zertarako parte hartu zehaztu beharko genuke. Bestela gure nortasunari uko egingo diogu, hauteskundeak tresnatzat baititugu, ez helburu. 

Beraz, erabakiak badu garrantzia. Jarrera honen seme-alaba izango da hurrengo hilabeteetako egitaraua zehaztuko duen bidea, eta horregatik da Biltzar honen gai nagusienetakoa, eta horrexegatik izan da Alternatibako beste egituren mintzagai.  

Hauteskundeek ezin dute besterik gabe estrategia izan, baizik eta gizarteari geure proiektua helarazteko eta Euskal Herriko gizartean duen onarpena neurtzeko tresna izan behar dute. Honaxe da eztabaidaren muina den galdera: Ba al dugu Alternatiban gizarteari aurkezteko moduko proiektua, ala aurkezteak jadanik konplexua den ezkerreko hautes-mapari sigla berriak gehitu besterik ez luke egingo?  

Hau izan da eztabaidaren mamia azken hilabeteotan, eta gizarte zein antolaketa politikorako eredu alternatiboa badugula eta hurrengo hauteskundeetan parte hartu behar dugula ondorioztatu dugu. Beti ere geure izaera indartzeko bada, hots, EHko ezker erradikalari paradigma berriaren osaketan parte hartzea, euskal ezkerren bilgunean parte harturik.   

Honako arrazoiak dakuskigu Alternatibak hauteskundeetan esku har dezan: 

  1. Tokian tokiko esparrua arlo estrategikoa da Alternatibak nahitaezko ikusten duen herri osaketarako, erroko demokrazia eta ikuspegi alternatiboetatik herria eraikitzeko. Geure ustez botere kontzeptua aldatzeko garaia iritsia da, gizarteari erabakiak hartzeko gaitasuna emateko eta benetako eta kalitatezko parte hartzea bermatzeko unea da. Hiritarren ezkutuan egiten den ordezkaritza bidezko kudeaketa baten aurrean, demokrazia zuzena -erreferendumak- eta parte hartze demokrazia – kontseiluak- aurrera eramateko gune eta politikak garatu behar dira. Beraz, tokian tokiko esparrua Alternatibarentzat eremu funtsezkoa da, eta aukera hori probestu behar da eskubide guztiak eztabaida politikoan jartzeko.  

 

  1. Hauteskundeetan egindako parte hartze taktiko honek geure proiektua eta izaera indar litzake. Hauteskundeek geure proiektuari funtsa galaraztea saihestu behar dugu -horretarako baldintza batzuk jarri beharko ditugu-, baina parte hartze ezak ekar lezakeen garrantzia eza ere saihestu behar dugu, beste proposamenekiko lehia publikoari uko ez egitearren. Hauteskundeak taktiko ulertuta, beraz, proiektuaren izaera zeinuei eutsi behar diegu, hauteskundeak herri babesa eta militante kopurua zabaltzeko erabilita. 

 

  1. Sistema krisiaren aurreko erantzun murritz garai honetan erroko ezker erantzunak mahai gaineratu behar dira. Alternatibak hauteskundeetan parte hartzeak ilusio , berritasun, erradikalitate eta ikuspegianiztasun airea ekar ditzake euskal eskenatokira, indar eta ikuspegi ezberdinak biltzeko bultzada gutxiko garai honetan.

 

Laburbilduz, gizarteari aurkezteko proiektua badugulakoan gaudenez, eta hauteskunde zein batzar nagusietako esparruekin bat egiten dugula uste dugunez, hurrengo hauteskundeetan parte hartzeari beharrezko deritzogu.  

Hau guztia esanda ere, ezin ahaztu esan moduan hauteskundeek ezin dutela berez helburu bakarra izan. Hots, zerrendak osatzea eta balizko kargu publikoak lortzea ezin da lehentasuna bihurtu. Ez luke ezertarako balioko zenbakiei erreparatuzko balizko arrakasta batek geure proiektua interes horri begira soilik saldu behar badugu. Izaera propioa dugu eta horri eusten datza geure balioa, hauteskundekeria hutsean murgilduz gero, zer geratuko litzateke proiektutik?  

Aurrebaldintza batzuk ezarri behar ditugu, beraz, hauteskunde parte hartze hau bideratzeko:   

  1. Lehentasuna proiektuaren izaera da, zalantzarik gabe. Ekimen guztiek hau indartzera jo behar dute, ez indarra galarazi edo bere izaera bihurritzera.

 

  1. EHko beste politika eta gizarte mugimenduekin aliantzak egitearen alde egongo gara, geure helmuga den indar metatze horri begira. Geure azken erabakiak beste indarrekiko akordioak lehenetsiko ditu sigla atomizazioari aurre egin nahian.

 

  1. Balizko hautes aliantzak zein erakundeetan hartuko dugun jarrera beti ere programa akordioen arabera hitzartuko dira, proiektuaren nortasun ikurrei eutsita: demokrazia zuzenaren aldeko apustua; feminismoa; ekonomia eredu alternatiboa; subiranismoa. Hau da, eskubide guztiak pertsona eta herri guztientzat, hiritartasun osoa programaren ardatzean.

 

  1. Alternatibaren tokian tokiko egoera ezberdinekin koordinaturik eta proiektuaren izaerari eutsita, ez zaio babesik emango egungo indarreko sistemaren irizpideen arabera diharduen eta kritika sakonik egiten ez dien inolako udal edo aldundi gobernuri. Ezker alternatiboko politiken osatzean aurrerapausoa izango diren aliantzak lehenetsiko dira.

 

  1. Bozka igoera bera ez de helburua izango bere horretan, eta ez da zerrendarik aurkeztuko Alternatibaren presentzia errealik ez den tokian.

 

  1. Alternatibaren tokian tokiko estrategia indartzean jarriko dira indarrak hurrengo hilabeteetan.

Brian Currin> Bakea Euskal Herrian> Lander Arbelaitz (Argia)

Argia” Euskal Herrira bakea ekartzen laguntzen badut, nazioarteari diogun zorraren zati bat kitatuko dut”

“Arrazoi onak daude baikor izateko. Uste dut ezker abertzaleak heldutasunera pausoa eman duela. Badakite euren estrategia politiko berriak emaitzak eman ditzakeela. Sinesten dut bide horri eutsiko diotela eta ez dutela atzera egingo. Aurrera bultzatuko dute, ETAren buruzagitzak jarrera hori babestu arte”

 

Argazkia: Lander Arbelaitz

Gaindegiak 2009. txostena kaleratu du

Gaindegiak, Euskal Herriko Ekonomia eta Gizarte Garapenerako Behategiak 2009. urteko txostena kaleratu du. Lan horretan biltzen dira iazkoak gurean eman zituen adierazle nagusiak: lan mundua, enpresak, I+G… Garrantzi berezia eman diote Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako egoerari –joan den astean aldizkari honek berak bazekarren horren berri–, baita EBko erregioei ere. Eta zifretatik harago, hainbat adituren analisiak ere bildu dituzte txosten honetan. Ez da urte erraza izan 2009a, Xabier Isasi Gaindegiako lehendakariak sarreran aitatu duenez: krisiaren astindua, Euskal Herriko Laborantza Ganberaren aurkako ekimen judiziala edo Rafa Diez sindikalistaren atxilotzea medio.

 

Behategiak kaleratutako txostena hurrengo webgunean ikusi daiteke: http://www.gaindegia.org/eu/gtxostena09

 

 

Euskal subiranotasunaren aldeko mugimenduaren ordezkaritza, Bartzelonako manifestaziora

Aurreko larunbateko prentsaurrean iragarri bezala, Alternatibak, Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak manifestazio nazionalerako deia egin dugu. Zita hurrengo larunbatean izango da, uztailaren 10a, eta lema “Nazioa gara. Autodeterminazioa”.

Mobilizazioa deitu dugunok Auzitegi Konstituzionalak Catalunyako Estatutaren aurka egin duen epaiaren testuinguruan kokatzen dugu manifestazioa. Gure ustez, epaia Catalunyako herriaren subiranotasunaren kontrako eraso larria da eta Espainako Erresumaren gainetik bizirautea lortu duten herrien aspirazio nazionalei mugak jartzea du helburu. Dena den, Bartzelonako manifestazioak egingo duen aldarrikapenari babesa emateaz gain, hau da, Catalunyako gizartearen borondatea errespetatua izan dadin eskatzeaz gain, Donostiako manifestazioak nortasun propioa izan dezan nahi dugu. Horrela, euskal gizarteari Catalunyako biztanleriari babesa agertzeko aukera eskaintzeaz gain, bere helburu nazional propioak adierazteko bozgorailua emango diogu.

Auzitegi Konstituzionalaren erabakiak bi gauza argi utzi ditu: lehenik eta behin Catalunyako herriaren borondatea eta nortasunari inolako errespeturik ez diola, eta frankismoaren oinordeko zuzena den 78ko Konstituzioa herrien nahia giltzapetzen duela, estatutuek egoera hori makilatu ere egiten ez dutela.

Hamabost urte igaro dira dagoeneko ELA sindikatuak Gernikako Estatutua hilda zegoela esan zuenetik. Ordutik, autogobernuan aurrera pausuak emateko ahalegin guztiek Espainia bakarraren ideia gaindiezinarekin egin dute topo.

Euskal gizarteak duen burujabetza nahiak ez du lekurik Espainiako Konstituzioan. Eta, garrantzitsuagoa dena, Estatu espainiarrak ez du euskal gizarteak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea errespetatzeko inolako borondaterik.

Borondate falta hori dela eta Estatutaren helmuga Euskal Herrian sortu diren ekimen guztien berdina izan da. Prozesu luzea eta gero, ulergaiztasuna gailendu da. Aberri bakarra eta borondate bakarra baino aitortzen ez duen espainiar nazionalismoaren ulergaiztasuna.

Baina herritarren nahiari mugak jartzerik ez dago. Catalunyako herriak, euskal gizarteak bezala bere etorkizunaren jabe izateko borondate argia erakutsi du. Euskal Herriko eta Catalunyako gizarteek beren etorkizuna erabakitzeko duten eskubideari mugak jartzerik ez dago.

Espainiako nazionalismoa judizializatuak oztopatzen eta geldiarazten saiatuko da, bere demokrazia eza agerian uzten. Hala ere, libre eta demokratikoki adierazitako gizartearen nahiak berezkoa duen eskubidea errealitate bihurtzeko bideak aurkituko ditu.

Hiritarrek etorkizuna askatasunean erabakitzeko duten eskubidea da Catalunya eta Eskal Herriko gizartearen aldarrikapenaren oinarria. Herriaren borondateak ez digu beldurrik ematen. Izaera demokratikoa defendatu arren eza handiak erakusten dituzte pentsamendu bakarra inposatzen dutenek.

Horregatik deitu dugu Alternatibak, Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak larunbateko manifestazioa. Auzitegiaren epaiari kritika egiteaz haratago, interes alderdikoiak baino haratago, Catalunyako gizarteari elkartasuna eta sostengua adierazteko biderik zuzenena Euskal Herritik ere herri bezala dagozkigun eskubideen aldarrikapena egitea dela uste dugulako.

Euskal gizarteak deialdiari erantzun egokia emango dio. Ziur gaude hala izango dela, alderdi bakoitzaren interesen gainetik dagoen aldarrikapena sostengatzeko aukera izan duen bakoitzean erantzun egokia eman duelako.

Subiranotasunaren aldeko mugimenduaren militantzia, Alternatiba, Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasunaren militantzia Donostian izango da larunbatean. Eta han egongo da ere Bartzelonara zilegiak baina beste esparru batekoak diren borrokak laguntzera joango diren beste agente bazuen militantzia ere. Izan ere, Bartzelonako manifestazio babestu eta Donostikora agertuko ez diren batzuk beren base sozialaren aurrean konprometitzeko beldur direla dirudi.

Horixe baita Alternatiba, Ezker Abertzalea eta Eusko Alkartasunarentzat larunbateko zita: konpromisoa. Guztion helburua da Euskal Herriak eta bere gizarteak duten burujabetza eskubidearen bidean aurrera pausuak ematea, eta hori bideratuko duen subiranotasunaren aldeko mugimendua martxan jartzeko konpromisoa dugu larunbateko zitaren oinarrian.

Bartzelonan milaka lagunek “Som una nació. Nosaltres decidim” pankarta duen lemaren atzean martxa batean parte hartuko duten egunean guk Donostiako kaleetan “Nazioa gara. Autodeterminazioa” pankartaren atzean manifestazioa egingo dugu.

Euskal gizartea eta agente sozial, sindikal eta politikoei manifestazioan parte hartzeko deia egiteaz gain, subiranotasunaren aldeko euskal mugimenduaren ordezkaritza Bartzelonan izango dela iragartzen dizuegu. Donostian manifestazioa deitzen dugun alderdion ordezkaritza izango da eta Catalunyako herriak bere subiranotasuna defendatzeko egiten ari den borrokan Euskal Herriaren laguntza duela adieraziko du Bartzelonako manifestazioan parte hartuta.

http://alternatiba.net/old-files/donostia.JPG

X