Gaurkoan, Bilboko Areatzan kokatutako EHBilgune honetan elkartu gara, herriari hitza emateko garaia delako; Euskal Bidearen ordua delako. Esparru guztietara benetako demokrazia ekarriko duen bidea eraiki nahi duena, herritarren eskuetan eztabaidatzeko eta erabakiak hartzeko lana utzi nahi duena. Proposamena Irunen aurkeztu ostean, orain Euskal Herri osoan ehun mila kafe hartuko ditugu proposamen hau jendearekin partekatzeko eta azaltzeko. Gaur, hemen beste 50 kafe gehitu dizkiogu guri ekimenari.
Ekarpenei, proposamenei, adostasunei eta desadostasunei ere guzti irekita dagoen Euskal Bide honek, subiranotasunerantz aurrera egin ez ezik, Euskal Herri justuagoa eraiki nahi du; mafia ekonomiko eta politikorik gabekoa, Kutxabanken kasu larria iraganaren parte bihurtuko duena. Euskal Herri sozialagoa behar dugu, hemen bizi garen guztiok duintasunez bizitzeko aukera izan dezagun.
Azken batean, Euskal Bideak bere etorkizunaren jabe den herri bat altxatu nahi du, esparru guztien inguruan erabakitzeko eskubidea izango duena. Euskal Herria eremu guztietatik eraiki behar delako. Horregatik, herritarrak dira egin beharreko bidea adostu eta egin behar dutenak.
Norabide horretan aurrera egiteko, hurrengo martxoaren 7an guztiok hitzordua dugu Barakaldoko BEC-ean. Abiatutako bide honekin bat egin nahi duten guztiei irekita egongo den eguna; Euskal Herri osotik hartutako milaka kaferen ondoren jasotako ekarpen eta konpromiso guztien isla izango dena. Martxoaren 7an, Euskal Biderantz egindako lehen 10.000 urratsak aurkeztuko ditugu, eta han ere, benetako protagonista euskal gizartea izango da. Han ikusiko dugu elkar.
Larunbatean, euskal gizarteari bideratutako proposamena aurkeztu genizuen Ficoban EH Bilduk eta EH Baik. Gure gaurko helburua da proposamen horren edukiak eta esanahia gizartera heltzeko lehen ekimen zehatzaren berri ematea.
Ficoban aurkeztu genuen proposamenaren ezaugarriak:
EH Bilduk eta EH Baik aurkeztu genuen proposamenarekin herri hau bere etorkizunaren jabe bihurtzeko bide bat proposatzen dugu.
Gure helburua da herritarrak ahalduntzea. Gurea ez da soilik herri honetako eragile politikoei bideratutako proposamena. Gure eskaintza harago doa. Herritarrak izan behar dira bere erabakien jabe eta erantzule. Herritarrak izan behar dira gure herriaren etorkizuna erabakitzen dutenak. Herritarrak dira gure proposamenaren protagonistak. Herritarrak dira proposamenaren protagonistak. Herritarrak dira egin beharreko bidea adostu eta egin behar dutenak.
Bide bat egitea da EH Bilduk proposatzen duena. Euskal herritarrek eta euskal gizarteko eragileek bide bat egitea, erabakitzeko eskubidea praktikan jartzeko eta, era horretara, gure etorkizuna erabaki ahal izateko. Estatuak ezarritako kateetara lotuta nahi gaituzte, Espainiako Konstituzioaren atzaparretan harrapatuta. Baina posible da guk gure bide propioa egitea eta gure etorkizuna guk geuk erabakitzea. Herri oso baten borondate politikoa gelditzea ezinezkoa delako.
Asko daukagu irabazteko: herri eta norbanako bezala dagozkigun eskubideak errespetatzea, egunerokoan eragiten diguten erabakiak guk geuk hartzea… Herri eta herritar gisa gure etorkizuna eraiki eta erabakitzeari aukera irekitzen dio gure proposamenak. Horra iristeko bideari ekin behar diogu orain.
Gure proposamena errealista da, eta oinarrizko giza eskubide batean oinarritua dago: erabakitzeko eskubidean. Azken baten, gure proposamenaren helburua oinarrizko ariketa demokratiko bat praktikan jartzea da. Era horretara, gure proposamena ez da abertzaleei zuzendutako proposamena bakarrik; beren burua demokratatzat duten guztiei luzatzen diegu bidea elkarrekin adosteko eta egiteko eskaintza.
Eskubide demokratikoa den heinean, erabakitzeko eskubideari ezin zaizkio baldintzak jarri. Euskal Herria subjektu denaren aitortza oinarri gisa hartuta, eskubide hori aldarrikatzen eta defendatzen dugunoi dagokigu gizarte honen gehiengo demokratikoak eskatzen duenari bidea ematea, ariketa demokratiko bihurtzea eta errespetatzea.
Eskubide demokratiko baten ariketa demokratikoa den heinean, ezin du gizartearen zatiketarik eragin, aitzitik, herritarrak ahalduntzea gizartea kohesionatzen du. Gizartearen zatiketa eragiten du demokrazia ezak, herri baten izaera ukatzeak, herri bati eta herritarrei etorkizuna erabaki ahal izatea ukatzeak.
Sozializazio kanpaina
Gure proposamenaren oinarriak jendaurrean azaldu eta gero, gure helburua da proposatzen dugunaren edukia gizarteratzea, herritar ororengana iristea. Hori da gure helburua lehen fase honetan: elkarrizketak sortzea, eztabaida piztea eta zabaltzea, herritarren ekarpenak jasotzea…
Elkarrizketa, hitza, eztabaida, ekarpenak egitea… horiek dira gure proposamenaren oinarri filosofikoak. Kafe baten bueltan egiten diren solasaldiak ondo sinbolizatzen dute gure proposamenaren oinarriak.
Horregatik, gizartearekin, herritarrekin 100.000 kafe konpartitzera goaz, gure proposamena ezagutarazteko…
Erabakitzeko eskubidearen eztabaida ezin da lau hormen artean itxi. Protagonista gizartea da, pertsonak, erabakitzeko eskubidea pertsonala eta kolektiboa delako…
Kafe horiek kolektiboak eta “partikularrak” izatea proposatzen dugu: (bikoteka, taldeka, herrietan, eremu ezberdinetan, kolektibo profesional eta sozial ezberdinekin…)??-Kafe bat -solasaldi bat- kulturgintzako eragileekin, sindikalistekin, nekazaritza munduko langileekin, enpresari eta ekonomialariekin, … Eremu guztietatik eraiki behar baita Euskal Herria.
Elkarrizketa ariketa bat biderkatuta Euskal Herrian zehar, … Ez da bakarrik EH Bilduren ekimena izan behar,… ez dugu eztabaida hori “kontrolpean” izan nahi. Ariketa proposatu, ariketa bultzatu…
Geurea Euskal Herritik Euskal Herrira bideratzen dugun proposamena da, eta horrela izango da sozializaziorako planteatzen dugun dinamika.
Gaur goizean Euskal Herriko hamaika eragile politiko, sindikal eta sozial batu dira, Hassannaren Lagunak izenpean larunbatean Bilbon, arratsaldeko 17:00etan abiatuko den manifestaziorako deialdia egiteko. Agerraldian izan da Alternatibako Koordinakunde nazionaleko kide Alba Fatuarte, EHBilduko ordezkari Maribi Ugarteburu eta David Lopategirekin batera.
Hemen agerraldia irakurritako testua euskara:
Lehenik eta behin, bertaratu garen eragile sozial, politiko eta sindikalek, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diogu Hassanna Aaliari, gure adiskide eta sahararren aldeko borrokako aktibista.
Hassanna Mendebaldeko Saharan, Aaiun-en, jaio zen 1988. urtean. 17 urte zituela, bere militantzia politikoari ekin zion, giza eskubideen defentsan eta herri sahararraren autodeterminazio eskubidearen alde. Harez geroztik, eta herrialdetik azken aldiz atera arte, tratu txarrak, tortura eta atxiloketak pairatu ditu polizia-etxe marokoarretan.
2011ko martxoan, hilabete lehenago Dakarren (Senegal) izandako Munduko Foro Sozialean parte hartu ondoren, autonomia erkidego honetara etorri zen giza eskubide eta nazioarteko zuzenbide ikasketetan sakontzeko, okupatutako eremuko gazte sahararrei zuzendutako beka bati esker. Urte bereko maiatzean, hiru hilabetez ikasten egon ostean, Hassanna okupatutako Mendebaldeko Saharara itzuli zen, giza eskubideen aldeko konpromiso politiko eta borroka baketsuari eutsiz.
2011ko urrian, bigarrenez etorri zen autonomia erkidego hontara, bere formazioaren bigarren zatiarekin jarraitzeko. Handik hilabetera, telefono dei baten bitartez jakin zuen, Rabaten dagoen Epaitegi Militar Marokoarrak, beste 24 lagunekin batera sumario militar batean sartu zuela, Gdeim Izik-en Duintasun kanpamendu batean parte hartzeagatik.
Horregatik guztiagatik, 2012ko urtarrilean, Hassannak asilo politikoa eskatu zion Espainiako estatuari. Bien bitartean, giza eskubideen inguruko formazioarekin eta hainbat hitzaldi eta topaketetan parte hartzen jarraitu zuen herrialde osoan zehar.
2013ko otsailean, hemen zegoela, internet bidezko irrati baten bidez, guztiz erabaki bidegabe baten berri izan zuen: biziarteko kartzela zigorra ezarri zioten, Gdeim Izik-eko kanpamenduko gertakizunengatik. Epaia Rabateko Auzitegi Militarrak ezarri du, 25 zibil kondenatuz.
Nazioarteko hainbat erakundek publikoki eta aho batez salatu dute Auzitegi Militar honek abian jarritako prozedura ez dela bidezkoa, ez baititu gutxieneko bermerik betetzen: Dirudienez, akusatuen deklarazioak torturapean egin dituzte; gainera, ezin izan dituzte aurkeztu euren errugabetasuna baieztatzeko eskatutako frogak; eta azkenik, polizia akta faltsuak aurkitu dira.
Auzitegi honek Hassannaren aurkako akusazio faltsu batean oinarritu da. Ez du kontraesan eta defentsa printzipioa ere errespetatu, bera ez baitzen bertan izan hura gauzatzeko. Gainera, Auzitegi Militar honek emandako epaiari ezin izan zitzaion errekurtso arrunt bat ezarri.
Hauek dira epaiketan behatzaile lanak egindako erakundeetako batzuk: Giza Eskubideen Behatzaileen Nazioarteko Erakundea, Amnistia Internazionala, Human Rights Watch, hainbat eurodiputatu, Mendebaldeko Saharako Fundazioa, Europako Parlamentuko Atzerri Batzordea, Giza Eskubideen aldeko elkarte marokoarra, eta alderdi politiko ezberdinak.
Javier Canivell, Hassannaren abokatuak publikoki adierazi duenez, urtarrilaren 19an Barne Ministeriotik jakinarazi zitzaion, eskatutako nazioarteko babesa ukatua izan dela eta Hassanna estatutik 15 egunetan ateratzera behartzen duen agindua igorri zaiola.
Hassannari helarazi zaion ebazpenak onartu egiten du borroka sahararraren aldeko ekintzailea dela, Giza Eskubideen urraketa larrien Biktimen Elkarte Sahararreko kidea dela, eta bai Hassannak zein aipaturiko elkarteak, euren jarduna era baketsuan garatzen dutela. Era berean, onartu egiten da Hassannak 17 urte zituenetik atxiloketak, tratu txarrak eta torturak pairatu dituela polizia marokoarraren eskutik. Beraz, Hassannak errefuxiatu estatutua eskuratzeko ezarritako eskakizunak betetzen ditu. Aitzitik, Hassannari jakinarazitako erresoluzioak, oinarritzat hartzen du eta ez du zalantzan jartzen Rabateko Auzitegi Militarraren epaia, eta Estatu espainolean asilo eskubidea arautzen duen 12/2009 legean zehaztutako asilo eskubidea ukatu egiten dio.
Hassanna atxilotua izateko arrisku larrian dago; biziarteko kartzela zigorra betetzeko espetxeratua izan daiteke, berez tratu krudel eta iraingarritzat jo daitekeena.
UNHCR, Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak ere, Hassannaren babes eskaeraren alde agertu da, baina Estatu espainolak ez du aintzat hartu.
Honengatik guztiagatik, bertaratu garenok honakoa adierazi nahi dugu:
Espainiako Gobernuko Barne Ministerioari Hassanna Aalia-ri asilo politikoa ematea eskatzen diogu, egindako nazioarteko babes eskakizuna onartuz. Izan ere, bere herrira itzuliz gero, gogortasunez zigortua izango da agintari okupatzaile marokoarren eskutik eta bizitza osoan ez da berriz ere espetxetik aterako. Hassanna ekintzaile politiko bat delako, nazioartean aitortua, eta herri sahararren autodeterminazio eskubidearen alde era baketsuan borrokatzen duelako.
Horregatik guztiagatik, “Hassanna LIBRE, asilo politikoa orain!” lelopean, manifestazio nazionala deitzen dugu Bilbon larunbat honetan, urtarrilaren 31n, arratsaldeko 17:00etan. Manifestazioa Arriaga plazatik abiatuko da eta Gobernuaren Ordezkariordetzan amaituko da.
Eskubide zibil eta politikoen urraketa honi aurre egiteko, herritarrak larunbateko manifestazioan parte hartzera deitzen ditugu, guztion artean indarra egin dezagun, Hassannari asilo politikoa eman diezaioten.
Herri Eragileak:
-Euskadiko Gazteriaren Kontseilua (EGK) -Sahararen diaspora(DISABI) -Ahaztuak 1936-1977 -Tolosaldea Sahararekin -Ikasle Abertzaleak -Etawasol -EHE -Komite Internazionalistak -Leioako Sahararen aldeko elkartea FATH -ATFAL Getxo -Elkartzen -Asociación saharaui por la convivencia y la solidaridad en Euskadi(bizikidetza eta elkartasuna) -Bilgune Feminista -Hernaniko saharar herriaren lagunak -Ernai -Amigos y amigas del sahara (Ermua) -Askapena -Asociación Euskadi Sahara -GITE-IPES -Amigas y amigos de la RASD -Gazte Abertzaleak -Asociación mujeres del mundo BABEL -Berriotxoak -Marcha Patriotica -Red mujeres vascas en apoyo a la mujer saharaui -Constituyente de exiliad@s colombianos por la paz -CEAR -Gazte Komunistak -Asociación integral/cultural(AMAL) -Eleak, eskubide zibil eta politikoen aldeko mugimendua
Sindikatuak:
LAB ELA STEILAS EHNE Bizkaia ESK
Alderdi politikoak:
Ezker Anitza/Izquierda Unida EH BILDU PCE-EPK EAJ-PNV
Voltairek idatzi omen zuen Euskal Herria dela Pirinioen bi aldeetan abesten eta dantzatzen duen Herria. Azken asteetan ez dugu abesteko eta dantzatzeko arrazoi gehiegi izan, espainiar Estatuak berriro ere bere alderik ilunena agertu zigulako. Hala eta guztiz ere, esan nahi dugu gure Herriak, zailtasun guztien gainetik eta sasi guztien azpitik, abesten, dantzatzen eta jarduera politikoan alternatibak eraikitzen jarraitzen duela.
Gaur EH Baik eta EH Bilduk, Herri zaharraren bi zuhaitz-adaska gazteok, proposamena dakargu plazara. Gaurkoan arnas luzeko proposamena dakargu, burujabetza osoa eta justizia soziala jasoko dituen Euskal Estatua eraikitzeko ibilbide-orria, hain zuzen ere.
Euskal herritarren esku utzi nahi dugu proposamen hau, beraiek baitira bere hartzaile nagusiak. Honakoa ez da abertzaleentzako proposamena, ezta gurekin bat egiten duten ezkerreko soberanistentzat ere. Gure proposamena da Euskal Herri osoko herritarrentzat. Zuei, euskal herritar guztioi, erabakitzeko eskubidea oinarri duen prozesu eratzailea gurekin batera eraikitzera gonbidatu nahi zaituztegu.
Europa osoan zehar mamu bat dabil: ez da komunismoa, duela 100 urte bezala, aldaketa politikoa baizik. Hala ere, neoliberalismoa oso urduri jarri da. Badago aukera baino gehiago Europako hegoaldean alternatiba anti-neoliberal bat gobernura iristeko eta merkatu bihozgabeak dardarka hasi dira. Horregatik gaur, hauteskunde egunaren bezperan, zorte onena opa diegu. Greziako borrokalari guztiei eta bereziki Greziako fronte zabala den Syrizako lagunei besarkada handi bana bidaltzen diegu Euskal Herriko plaza honetatik. Justizia sozialaren bidean egiten duten nazio burujabetzaren defentsan, erabat identifikatuta sentitzen gara. Bihar Greziatik kanpo ere denok gara Syriza. Aupa Syriza!
Aldaketa politikoaren mamua Europa osoan zehar badabil ere, ez dakigu espainiar eta frantziar Estatuetara iritsiko ote den. Momentuz espainiar eta frantziar estatuek ez gaituzte nazio gisa aitortzen, ezta aitortuko ere. Ez dituzte gure eskubideak errespetatzen eta ukatzen jarraitzeko asmo guztia daukate. Gainera, bi Estatuen bidez Euskal Herrian inposatzen dituzte politika neoliberalak, euskal herritarrei gero eta eskubide gehiago murrizten dizkieten politikak. Eta ez dirudi horretan gauzak epe laburrean aldatuko direnik.
Hala ere, batzuk espainiar Estatuan ere gauzak aldatuko direla diote. Aldaketak etor daitezke, baliteke gurea ez den Konstituzioan ere aldaketaren bat egitea, baina aldaketak aldaketa, kontu bat argi eta garbi daukagu: ez da gobernuen kontua, baizik eta Estatu auzia. Espainiar Estatuak inork ez digu gure etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala erabakitzeko eskubidea emango, guk geuk eskuratu beharko dugu. Nola? Euskal Bidea eginez, erabakien bidea urratuz.
Euskal Bidea da eraldaketa eta autoeraketa prozesua. Ez da protesta edo eskakizun hutsa. Euskal Bidea da euskal herritarren erabakiekin urratsez urrats Euskal Herri berria, Europan Estatu berria, eraikitzeko prozesua. Ondorioz, erabakitzeko eskubidea ez da helmuga, bidea bera baizik.
Gaur egun oraindik Euskal Herrian, eta duela astebete berriro pairatu izan genuen, espainiar Estatuak bere alderik ilunenetakoa erakutsi zuen eskubide zibil eta politikoek mehatxupean jarraitzen dutela gogorarazteko. Oinarrizko askatasun zibil eta politikoek –biltzeko eskubidea, jarduera politiko eta sozialerako eskubidea, besteak beste- arriskuan segitzen dute. Espainiar Estatuak urteetan sortutako amaraun juridiko-legalak Herri hau itotzen du. Oinarrizko eskubide eta askatasun guztiak bermatuko dituen eredu juridiko propioa behar dugu. Bitartean, euskal herritar guztientzat eskubide zibil eta politiko guztiak jasoko dituen Hitzarmen berria adostu nahi dugu.
“Eskubide guztiak herritar guztientzat” Hitzarmena euskal eragile politiko eta sozial guztiei proposatu nahi diegu. Konpromiso zehatzak hartuz, eragile horiek dauden gune eta esparruetan eskubide horiek bermatzeko asmoz. Noski, horietako bat izan behar du gune eta esparru guztietan Erabakitzeko eskubidearen aldeko gehiengoak eratzea.
Horrela Euskal Herriko instituzioetan Erabakitzeko eskubidearen alde eratuko ditugun gehiengoek Euskal Estatua eraikitzeko prozesua etengabe bultzatuko dute.
Neoliberalismoak herritarren eskubideak murrizten ditu, espainiar eta frantziar Estatuek Euskal Herriaren nazio eskubideak ukatzen jarraitzen dute. Bataren eta besteen aurrean EH Baik eta EH Bilduk demokraziaren aldeko apustu erradikala egiten dugu. Eta demokraziari izen-abizenak jartzen dizkiogu: erabakitzeko eskubidea. Hori da Euskal Estatua sortzea helburu, abian jarri nahi dugun prozesu eratzailearen oinarria. Prozesu honek euskal herritar guztiak beraien etorkizunaren jabe egingo ditu eta prozesu honek euskal herritar guztiak orainaldiaren protagonista egiten ditu.
Euskal herritar gisa bizitzeko eta euskal herritar gisa nola bizi nahi dugun hautatzeko erabakitzeko eskubidea behar dugu. Dena erabaki nahi dugulako, dena hemen, Euskal Herrian, erabaki nahi dugulako.
Queremos el derecho a decidir, porque queremos decidirlo todo. Y todo lo queremos decidir aquí, en Euskal Herria. No solo queremos decidir para poder vivir como ciudadanos y ciudadanas de nuestro País. Queremos el derecho a decidir para elegir cómo queremos vivir, para que nadie decida por nosotras políticas de desigualdad social. Queremos el derecho a decidir para acabar con el sometimiento de la mayoría a costa de los privilegios de unos pocos. Queremos el derecho a decidir para elegir y construir justicia social para todos y, sobre todo, para todas.
Ez dago aitzakiarik. Euskal herritarren belaunaldi askok une honekin amets egin du. Ametsetan besterik ez dute ikusi. Gu, aldiz, bizitzen ari gara. Gure momentua da. Burujabetza osoa eta justizia soziala jasoko dituen Euskal Estatua sortzea gure esku dago.
Horretarako euskal jendarteak, euskal herritar bakoitzak, prozesu honen protagonista bilakatu behar du. Prozesu hau garrantzitsuegia da alderdi politikoen eta erakundeen baitan sortzen diren indar harremanen esku uzteko. Abagune honek guztiok behar gaitu. Batzuk herri mugimenduan taupada emanez, beste batzuk erakundeetan bultzatuz, baina guztiok batera elkarri autonomia errespetatuz, herri botere dinamiko eta sortzaile bakarra osatzen.
Noski, gaur egun dauzkagun erakundeak eta sortu behar direnak, beraien tresna eta baliabide guztiak, gure etorkizun politiko, ekonomiko, sozial eta kulturala gaurdanik erabakitzen hasteko baliatu behar ditugu. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidea ez baita egun miragarri batean gauzatuko, ez baita bozketa bakarra Euskal Herri osoan aldi berean izango. Urratsez urrats egin beharreko bidea izango da.
Garai batean autodeterminazio eskubideari ekiteko aldez aurretik lurraldetasunaren afera konpondu behar genuela genion. Orain, ordea, diogu erabakitzeko eskubidea lurraldetasunaren afera konpontzeko ere baliatu behar dugula. Nola? Euskal Herriko eremu juridiko-administratibo bakoitzeko herritarrei hitza eta erabakia emanez.
Prozesu eratzaileak Euskal Herriko egoera juridiko-administratibo desberdinak abiapuntu hartzen ditu. Horregatik hiru prozesu barnebilduko dituen prozesu bateratzaileaz ari gara. Hiru abiapuntu desberdin, hiru erritmo eta abiadura berezitu, etapa eta prozedura propioak, kontsulta eta galdera desberdinak, baina helburu bakarra: euskal herritar guzti-guztiak Euskal Herriaren etorkizun politikoaren jabe egitea.
Abiadura eta molde desberdinetan bada ere, Euskal Herria gaur egun banatuta dagoen hiru eremu juridiko-administratibotan hiru urrats egitea ezinbestekoa da: autoafirmazioa, autoeraketa eta autodeterminazioa. Aldarrikatu, eraiki, erabaki.
Guk , Lapurdi, Behe Nafarroan eta Zuberoan, guk Nafarroa Garaian, guk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, gure buruari eta bakarrik gure buruari, Euskal Herriaren etorkizuna, gure etorkizuna, erabakitzeko gaitasuna ematea honezkero erabaki dugu. Horri autoafirmazioa deritzogu, ezinbesteko abiapuntua Euskal Estatua helburu duen prozesua abian jartzeko.
Autoeraketa da guk gure buruari, gehiengo sozial berriak sortuz eta akordio politiko berriak eginez, errealitatea eraldatzeko ematen diogun gaitasuna. Gauzak horrela, menpekotasunaren mesedetan sortutako erakundeak eta gainontzeko baliabide guztiak euskal lurraldeen arteko harreman berriak sortzeko erabili nahi ditugu. Hiru eremu juridiko-administratibotako euskal herritarrok elkarrekin bizi izateak ere herri borondatean oinarritutako erabakia izan behar duelako. Bide horretan eremu juridiko-politiko desberdinetako erakundeen arteko elkarlana ere sare berriak eta sendoagoak josteko orratza izango dugu. Autoeraketaren bidez, lurralde batasunaren bidean euskal lurraldeen arteko lotune demokratiko berriak sortuko ditugu, euskal subjektua osatu arte.
Barne eta kanpo autodeterminazioa nahi ditugu. Barne mailakoa, euskal lurraldeen arteko harremana erabakitzeko izango da. Kanpo mailakoa, espainiar eta frantziar Estatuekiko harremana erabakitzekoa da. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaiaren kasuan, Espainiar estatuarekiko harremana erabaki aurretik Autonomi- Erkidegoko eta Foru Komunitateko herritarrek euren arteko harremana erabakitzea lehenesten dugu, beti ere herritarren borondatea errespetatuz, Hego Euskal Herri mailako lurralde batasunaren bila. Lapurdi, Behe Nafarroa eta Zuberoaren kasuan, instituzionalizazio prozesuaren bidez autoafirmazioa eta autoeraketa burutzea nahi dugu, ondoren bertako herritarrek frantziar Estatuarekiko eta gainontzeko euskal lurraldeekiko harremana erabaki dezaten.
Ez dugu proposamen hau hauteskundeen emaitzen mesedetan egiten, baina argi eta garbi daukagu Erabakitzeko eskubidearen aldeko indar politikoen hauteskunde emaitza onek bidea bizkorrago egiten lagundu behar dutela, konpromiso sendoetan oinarritzen badira, noski.
Gaur egun Hego Euskal Herriko bi eremu juridiko-administratiboetan prozesu eratzailea errazteko eta azkartzeko erronka zehatzak ditugu:
-Nafarroa Garaian aldaketa politikorako aukera paregabea daukagu. Nafar guztien askatasuna mugatu eta gutxi batzuen pribilegioak ahalbidetu dituen erregimena bertan behera uzteko alternatiba eraikitzeaz ari gara. Nafarroa bakarrik nafarrek nahi dutena izan dadin.
-Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Autonomi- Erkidegoak estatus politiko berria behar du. Estatus politiko berri horren oinarria arabar, bizkaitar eta gipzuzkoarren erabakitzeko eskubidea izango da. Muga bakarra, beraz, herri borondatea.
Euskal Herria nazioa izatea errealitate ukaezina da, badaukagu hizkuntza, badaukagu kultura, lurraldea…Baina bakarrik Estatu bilakatuko gara herri borondatearen arabera. Halaber, ez dago bere ibilera herri borondatean oinarritzen duen Herria geldituko duenik.
EH Bai eta EH Bilduk euskal jendarteak eragiten dioten auzi guztiei buruz erabakitzea nahi dugu. Euskal jendartea erabakien bidean gero eta urrats gehiago egitea nahi dugu, herritar bakoitza etorkizunaren jabe eta orainaldiaren protagonista bilakatuz. Euskal Harria badabil, beraz, ez kezkatu, goroldiorik ez.
Lehen aipatu dut eta ez naiz inoiz nekatuko. Euskal herritar belaunaldi askok gu bizitzen ari garen momentuarekin amets egin dute. Haietatik askok dena eman zuen, askatasunari dena eman behar zaiolako, gu orain abagune honetan egoteko. Gu hemen gaude, gure bizitza da. Ez da txikira jokatzeko momentua. Nork bere onena, eta guztiok Herri gisa neurria emateko unea da. Beste batzuk ametsetan ikusi zutena biziko dugu. Goazen haien ametsa borobiltzera, askatasun osoa eta justizia sozial guztia nahi ditugun euskal herritarrak gara.. Hankak lurrean, burua hodeietan, goazen ametsak errealitate egitera. Animo eta aurrera, Euskal Herria dugu irabazteko!
Syrizak Grezian izandako garaipena ospatzen dugu Alternatibatik, hauteskundeetako garaipen arrunt batetik haratago doalako. Greziako herriaren garaipena da hau, Europako Banku Zentralaren, Europako Batzordearen eta Nazioarteko Diru Funtsaren aurrean, herritarrei bizkarra emanda botere finantzariek sortutako erakunde ilunen aurrean. Troikaren boterearen kontra altxatzen den ezkerraren lorpena da, eliteen menpe dauden alderdiak gainditu dituena.
Atzoko emaitzek ezkerreko fronte zabal bat jarriko dute gobernuan, demokraziaren eta herriaren burujabetzaren alde, Greziaren alde, egiten duen blokearena. Herritarren duintasuna eta bestelako eredu sozioekonomiko baterako bidea egin nahi duen apustua da, benetan bidezkoa eta jasangarria izango dena.
Syrizak Troikaren presioen gainetik irabazi du, Berlin eta Bruselatik jaurti duten propaganda beldurgarriaren gainetik. Oker uste zuten austerizidioaren bidez dagoeneko pobreziara kondenatu duten herria are gehiago pobretzera kondenatzearekin mehatxatu zezaketenik. Merkatuek ez dute kontuan izan ezer galtzerik ez duenak inolako beldurrik ez duela.
Garaipena lortu duten arren, Greziako herriaren bidea leuna izango ez dela badakigu; kontraesanez eta oztopoz josita egongo da. Baina hala eta guztiz ere, barneko amorruari beldurrari eta etsipenari aurre egingo dion ilusioaren eta itxaropenaren bidea ere izanen da. Euskal Herriko emakume zein gizon ezkertiarrok barneratu beharreko ikasbidea da hau, ezkerretik burujabetza osoaren eta aldaketa politiko eta sozialaren alde apustu egin nahi dugunontzat ikasbidea.
Atzo Donostiako kaleak bete genituen, eskubideak aldarrikatuz eta konponbide eske, hainbat eragilek, Alternatibak barne, deitutako mobilizazioan. Alderdiko militanteen artean ordezkari ugari izan genituen Antiguotik abiatutako martxan: Oskar Matute eta Diana Urrea legebiltzarkideak, Ander Rodriguez Politika Sozialeko diputatua, Asier Vega batzarkidea eta Maite Elizondo, Alba Fatuarte eta Aitor Miguel Quintanta Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kideak, besteak beste.
Oskar Matuteren adierazpenak:
Gaur, berriz ere, euskal gizarteak, kaleak hartuko ditu errespetua exijitzeko, gure herriarentzat eskubideak eta demokrazia aldarrikatzeko. Demokratikoa den estatu batek, ez ditu abokatuak atxilotzen, ez ditu presoak mendekurako erabiltzen. Zuzenbide estatu batek, ez du herritarrek bildutako dirua lapurtzen; ez du elkartasuna zigortzen. Baina Espainiako estatua ez da, ez demokratikoa, ezta justua.
Horregatik da hain garrantzitsua kaleak hartzea, joan den astean eta gaurkoan bezala. Argi utzi behar diegu, bakea nahi dugula, Euskal Herria askea eta solidarioa nahi dugula. Eta ez dago operazio politikorik helburu horretan geldituko gaituena. Eraiki nahi dugun herriak ez du haien beharrik. Mehatxuen gainetik gure etorkizuna eraikiko dugu.
Operazio polizial gisa mozorrotutako gaurko operazio politikoaren harira, Euskal Herriko udalerri desberdinetan 16 atxiloketa ekarri dituena, Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kide Ayem Oskozek salatu nahi izan du “herri honen normalizazio politikoaren eta herritarren eskubideen aurkako enegarren erasoa”. Esan duenez, operazioak “berriz ere egin du zuzenbide estatu batean ukiezina izan beharko litzatekeen defentsarako eskubidearen kontra, hain zuzen ere, justiziaren gainetik eta mendekurako zein eskubideak urratzeko ad hoc sortutako legeei aurre egin behar dieten abokatuak direlako atxilotutakoak”.
Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du “muntaiak” Madrilen gaur hastekoa zen eta bertan behera gelditu den makro epaiketaren hasierarekin bat egin duela, “ezker abertzaleko 35 lagunen ekintza erabat politikoa zigortu nahi duena”, hauen abokatuetako batzuk ere atxilotutakoen artean daudenean. Horren ildotik, salatu egin du fiskaltzak auzia ireki nahi izana auzipetuek konfiantzako babes legalik gabe egon arren.
Alternatibatik fartsa politiko-polizial guztiekin bukatzea exijitu dute, “Espainiako Erresumaren usteltze demokratikoaren inguruan ke lainoak” altxatu ez ezik, “bakea oztopatzea eta pertsona ororen eskubide guztiak bermatuko dituen Euskal Herri burujabea eraikitzeko bideari trabak ipintzea” bilatzen dutelako bakarrik. Horregatik, Oskozek gizarte osoari zein eragile sozial, sindikal eta politikoei dei egin die, bakearen eta eskubideen alde gaur eta hurrengo egunetan egingo diren mobilizazio guztiekin bat egin dezatela, “gaurko atxilotuen askatasuna eta frankismoaren oinordeko diren auzitegietako makro-epaiketa ororen amaiera” aldarrikatzeko.
Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegaren partehartzea pasa den abenduaren 26an Zeanurin, Alkartasuna Fundazioak antolatutako herrien burujabetzaren inguruko eztabaidan.
Alternatibako bozeramaile Asier Vegak bihar Bilboko kaleetan euskal preso politikoen eskubideak aldarrikatuko dituen manifestazioarekin bat egitera deitu du; beste behin ere, “sakabanaketaren bitartez presoen eta haien familia kideen eskubide oinarrizkoenak urratzen dituzten” Estatu espainiarraren “mendeku” politikak salatuko dituena.
Zentzu horretan, Vegak “edozein motatako giza eskubideen urraketari muzin egiten dion pertsona ororen aldarrikapen basikoa” dela azpimarratu du. Hortaz, “eskakizun hau herritarrei dagokiola” nabarmendu nahi izan du ere, “eskubideen urraketa hori betikotzen eta Euskal Herriaren bake prozesuaren eta normalizazio politikoaren aurrera pausoak oztopatzen dituzten erabakiak politikoak diren arren”.
Bukatzeko, alderdi ezkertiarretik “Argi dugu. Now Euskal Herrira. Now Bilbora” lemapean17:30tan abiatukoa den martxarekin bat egitera dei egin dute, denon artean “herritarren borondateaz eginiko harresia eraiki ez ezik, gatazkaren konponbidearen, normalizazioaren eta eskubide guztiak berrezartzearen alde egiteko, eskubide zibil, sozial eta politikoa guztiak euskal herritar ororentzat bermatuz”.
Alternatibaren ordezkari eta EHBilduren parlamentari Oskar Matuteren partehartzea osoko bilkuran EAEko 2014. urteko Aurrekontu Orokorren eztabaida eta ebazpenaren harira. Matutek PNVren aurrekontuen aurrean bere kezka plazaratu du, gizarteak bizi duen egoera larriari erantzun beharrean, murrizketetan oinarritutako aurrekontuak onartu dituelako EHBilduren proposamenari kasu egin gabe.