EH Bilduk “baliabide propio eta burujabeak” lantzeko aurrekontuak defendatu ditu, “larrialdi egoerari benetan aurre egiteko”

Jaurlaritzako sailburuek asteazkenean bukatu zuten 2014rako gobernuaren aurrekontu proposamena azaltzeko txanda. Azalpenak entzun ostean, prentsaurrekoa eman du gaur EH Bilduk. Dani Maeztu eta Oskar Matute legebiltzarkideak irmo adierazi dute koalizioaren iritzia: “beharrezkoak dira eta posible dira beste aurrekontu batzuk”. EH Bilduren iritziz, aurrekontuak beste tresna bat izan behar dira eskubide sozialak eta babes soziala bermatzeko eta zabaltzeko, eta gure industria ehunaren etorkizuna bermatzeko”. Azken helburu hori lortzeko, “ikuspuntu globalarekin egindako plana behar dugu, eta ez dago horrelakorik Jaurlaritzaren aurrekontuetan”.

Maeztuk eta Matutek larrialdi egoera deskribatu dute prentsaurrekoak: “185.000 langabetu, euretako erdia prestaziorik jaso gabe; 60.000 familia baino gehiago bere kide guztiekin langabezian; 350.000 pertsona bazterketa sozialeko arriskuan; eta gure gazteak kanpora atera behar dute lana topatzeko. Egoera larri horri aurre egiteko eta pertsonen duintasuna bermatzeko, aurrekontuek balio behar dute gure baliabide propio eta burujabeak sortzeko bidea egiteko”, azaldu dute. Horrez gain, adierazi dute aurrekontuetan beste gabezia nabarmena atzeman dutela: “ezinbestekoa da aurrekontuek enpleguaren eta industriaren etorkizunaren ikuspegi estrategikoa izatea, beti ere, eskualdeak oinarri hartuta. Uste dugu erakunde publikoek esku hartu behar dutela gure ekonomian oinarrizkoak diren sektoreen bideragarritasuna bermatze aldera”.

Ildo horretatik, koalizioak datorren astean aurkeztuko ditu proposamen zehatzak, “burujabetzaren ikuspuntutik egindakoak eta euskal gizartearen larrialdi egoerari benetan, eta ez paperean, aurre egiteko pentsatu direnak”. Aurreratu dutenaren arabera, estabilitate legeaz, kupoaz eta zor publikoaz hitz egingo dute proposamenok, hala nola, gure herriaren aurkako erasoak (LOMCE, udal-erreforma, pentsioen erreforma, kutxen bankarizazioa) ekiditeko ze neurri hartu ditzakegun aztertuko dute. “Azken finean –laburbildu dute-, bi ereduak elkarren aurrean jartzea izango da helburua. EH Bilduk defendatzen duen ereduan, behintzat, ez da lehentasuna bankuei zorra ordaintzea, AHTn dirua xahutzea edo arlo sozialetan (hezkuntza, osasuna eta enplegua) murrizketak egitea”.

#Aktibatu Bideoa

Ez dut geldirik egon nahi, ez naiz geldirik egon behar eta ezin naiz geldirik egon. Konpromisoa agertzen duen pertsona aktibo, erantzule eta solidarioa naizelako; baina batez ere pertsona librea naizen heinean, nire ideien arabera jarduten dut; mugimenduan dauden ideiak, ideia biziak, horiek aldatzeko beldurrik gabe. Nire ideiek naizen hori eraikitzen dutelako, pertsona osoa sentiarazten naute; beraiekin beti izango naiz ni neu, eta ez dut inoiz pentsamendu librea jarduten utziko.

Hainbeste errepresio eta injustiziaren aurrean mobilizatu behar gara, aktibatu behar gara, iraultza norberak hasten duelako, baina batez ere, horixe delako ni naizena eta izango naizena. Ideiak, mugimenduan dauden ideiak, nire burua eraikitzen dutenak; ideia horiek beste batzuekin batera, ez dute inoiz amore emango mundu hobeago bat asmatzen. Aktiba zaitez! Aktibatu!
 
www.aktibatu.net

Diana Urrea: “Pertsonak izan behar dute politika publikoen erdigune eta ez merkatuak”

Alternatibaren bozeramaile eta EHBilduren parlamentari Diana Urrearen interbentzioa UNICEF Euskal Herriko Batzordeko koordinatzaileek eskatutako komisioan, krisiak haurren populazioan duen eraginaren inguruan duten esperientzia azaltzeko. Urreak, hezkuntzan, osasunean, politika sozialetan, lan erreformetan… egindako murrizketek gizartearengan eragin handia izaten ari direla azpimarratzen du, umeak, eta hein handi batean, neskatilak direla kapitalismoaren ondorio latzenak jasaten dituztenak. 

Estrasburgoko epaia bakea eta elkarbizitza demokratikoa sendotzeko aukera dela dio EH Bilduk

Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Parot Doktrinari buruz emandako epaia bake integralaren, elkarbizitza demokratikoaren eta giza eskubideen alde urratsak emateko aukera eta bultzada gisa hartu beharreko erabakia dela dio EH Bilduk, eta horren ildotik, irabazleen eta galtzaileen arteko dikotomia gainditzearen alde agertu da Legebiltzarrean. Pello Urizarrekin, Rebeka Uberarekin eta Oskar Matuterekin batera, Julen Arzuagak eskari zuzena egin dio horregatik espainiar Gobernuari, “mendeku eta errebantxa politikak baztertzeko eta presoekiko elkartasunaren kontra ez jotzeko”, alegia. Estatuak ere urratsak ematea behar-beharrezkoa dela adierazi eta gero, EH Bilduko legebiltzarkideak “Estrasburgoko Auzitegiaren epaia eta euskal gizartean aurkituko duen babesa mugitzeko” baliatu ditzala eskatu dio halaber Rajoyren Gobernuari, espetxe politika berria abiarazteko, baldintzak betetzen dituzten presoak kaleratzeko eta dispertsioa bertan behera uzteko.

Euskal herritarrek eta eragileek bakearen eta elkarbizitzaren alde erakutsitako jarrera eraikitzailea aintzat hartu du Arzuagak, eta horretan sakontzeko eskatzeaz gain, EH Bilduren eskua eskaini die norabide horretan urrats gehiago emateko. Horri jarraituz, Jaurlaritzak ere mugitu behar duela nabarmendu du, “olatua hartu eta arraunei elkarrekin ekiteko unea baita”, giza eskubide guztiak errespetatzea eta proiektu politiko guztiak gauzatzea ahalbidetuko duen eszenatoki batera iristeko.

Hala eta guztiz ere, legebiltzarkide abertzaleak ohartarazi du Estatuaren indarkeriak bere horretan jarraitzen duela, eta egunotan Madrilen egiten ari diren makroepaiketa politikoak ekarri ditu gogora horren harira. Hori dela eta, Arzuagaren iritziz, eragile politiko eta sozialek zein Jaurlaritzak aukera paregabea izango dute etzi Bilbon epaiketa horien kontra egingo den manifestazioan, eta horregatik dei orokorra egin du manifestazio horretan parte hartzera, “erasoen gainetik, Euskal Herria aurrera” lelopean.

EHBildu

EH Bilduren iritziz, HKEEk berretsi du AHTren irregulartasunak urtero errepikatzen direla

EH Bilduk eskatuta, Herri Kontuen Euskal Epaitegiko presidenteak agerraldia egin du Legebiltzarrean, 2011 urtean argitara eman zuen txostenaren nondik norakoak azaltzeko. Txosten hartan, agerian geratu zen AHTren obretan irregulartasun ugari atzeman zirela. Oskar Matute legebiltzarkideak agerraldiaren ostean adierazi duenez, “HKEEren presidenteak berretsi du irregulartasun horiek urtero errepikatzen direla”. “Egoera larri horren aurrean, Jaurlaritzak ez du ezer egiten, lehentasuna ematen dio obrak bukatzearen premiari, langileen segurtasun eta osasunaren kalte”, salatu du Matutek.

Herri Kontuen Euskal Epaitegiak onartu du irregulartasunak behin eta berriz ematen ari direla eta Gobernuak hauek konpontzeko ez duela ezer egiten” salatu du legebiltzarkideak. Matutek gogorarazi du irregulartasun azpimagarrienak, alde batetik, obren esleipenetan dagoen subjetibotasun portzentai altua (%80) dela,”Gobernuak nahi duen enpresari esleitzeko aukera ematen duena”. Egoera horrek bidea ireki die, Matuteren iritziz, Barcenas kasuan zerikusia izan duten enpresa handiei. Beste alde batetik, “obrak hasten direnean ez da onartua egoten osasun eta segurtasun plana, beharrezkoa izan behar litzatekeena. “Hori oso kezkagarria da, kontuan izanda obra horrek siniestralitate handia duela eta jada 6 hildako egon direla”, gaineratu du.

EHBildu

AHTren obrak gelditu eta inora ez doan azpiegituraren gaineko eztabaida soziala irekitzeko exijitu du EHBilduk

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkorekak sektore publikoko langileei hirugarren uztez jarraian soldatak izoztuko zitzaizkiela iragarri zuen egun berean, prest azaldu zen Abiadura Handiko Trenaren Bizkaiko zatiaren obrak egin ahal izateko dirua aurreratzeko, berez zati hori egitea eta kudeatzea Madrilgo gobernuari baitagokio.

Euskal Herriko obra foraoniko handiena zein tamainako zentzugabekeria den ondo baino hobeto islatzen duen argazkia da hori, zalantzarik gabe. Gaurko egunez, txosten bat bera ere ez dago obra horren kostuen eta onuren arteko alde baikorrik agertzen duenik.

2006. urtean, 4.178 milioi euroko aurrekontua jarri zitzaion obra erraldoi horri. Hala ere, eta Sustapen Ministerioak emandako datuen arabera, aurrekontu hori 4.615 milioi eurokoa da jada; eta oraindik trenbide azpiegituraren erdia ere ez dago egin. Horri gaineratu behar zaio hiriburuetako sarbideak egiteak edota Iparraldearekin lotura egiteko azpiegiturak (katenariak, nasa, komunikazioetara instalazioak, etab.) izango duten kostua, horiek ez baitira aurrekontu horretan jasotzen.

Ondo entzun duzue, bai. 4.675 milioi euro. Ideia bat egiteko: Fagor enpresaren zorra, 1.600 lanpostu baino gehiago kolokan jartzen dituena, 800 milioi eurokoa da. Zor horren boskoitza balio du AHT egiteak, alegia.

Inondik inora eta ezer lotzen ez duen azpiegitura erraldoia egin nahi dute diru publiko kopuru handiak xahutuz. Izan ere, Iparraldearekin egin beharreko lotura albo batera utzia du Frantziako Gobernuak. Horrek guztiak agerian uzten du bai edo bai inpostu zaigun obra horren plangintza falta.

Baina, gainera, obra horietan ari diren langileak sasi-esklabutza bezala defini daitezkeen baldintzetan ari dira. Hala erakusten dute izan diren 6 langile hildakoak. Kasu horietako batzuk ikertzen ari dira epaitegietan, gutxieneko segurtasun arauak ere bete ez zirelakoan. Hori nahikoa ez, eta obren adjudikazioetan edo lagapenetan irregulartasunak eguneroko ogia izan dira. 2011. urteko kontratuak aztertu ondoren, EAEko Kontuen Epaitegiak 5 irregulartasun behintzat aurkitu ditu.

Egoera hori ikusita, asteazken honetan agerraldia egingo du Legebiltzarrean EAEko Kontuen Epaitegiko presidenteak, EHBIlduk eskatuta, izan diren irregulartasun horiek azaltzeko. Edozein kontratu publikotan zehaztasun handiz jokatu behar da, baina edozein herritar arrunt zorabiatzeko diru kopuruak tartean daudenean exijentzia oraindik eta handiagoa izan behar da.

Horrenbestez, eta bizi dugun egoera sozioekonomiko latza kontuan izanda, diru publikoko euro bat bera gehiago ez xahutzeko eta herri honen garapen ekonomikoa oraindik eta gehiago ez hipotekatzeko, EH Bildutik obrak gelditzea exijitzen dugu. Beharrezkoa da eztabaida sozial eta teknikoa gauzatzea obren egoeraren eta dauden aukeren bideragarritasunaren inguruan.

Obrak geratzea eta eztabaida soziala, horixe izan behar da bide-orria Euskal Herriaren garapen ekonomikoa behin betiko ez hipotekatzeko.

EHBilduk Hegoaldeko hiriburuak betetzera deitu du pentsioen sistema propioa aldarrikatzeko

Euskal Herria Bilduk, Gunea osatzen duten sindikatuek eta eragile sozialek biharko deitutako manifestazioak masiboki bultzatzera deitu du gaur, “Pentsioen murrizketarik ez!” lemapean Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñako kaleak zeharkatuko dituztenak, pentsiodunak are gehiago pobretuko dituen enegarren erreforma salatu eta Euskal Herriarentzat pentsioen sistema propioa aldarrikatzeko.

EHBildutik benetako aldaketa sozioekonomikoa gauzatzeko beharrezkoak diren tresna guztiak lortzeko beharra azpimarratu dute, zerbitzu publikoak eta aberastasunaren birbanaketa oinarrizko ardatz hartuta, gizartearen eraldaketa ahalbidetuko duena. Zentzu horretan, “oinarrizkoa” da pentsiodunen bizi baldintzak eta duintasuna bermatuko dituen pentsioen sistema publiko bat eraikitzea, murrizketen eta Madrildik datozkigun eraso etengabeei aurre egingo diona.

Pentsioek, koaliziotik ohartarazi dutenez, eraso ugari pairatu dituzte dagoeneko, erretiroaren adina atzeratzea, kobratutako kopuruen murrizketa kalkulatzeko oinarriak aldatuta, erosteko ahalmenaren galera prezioekiko lotura desagerraraztearen ondorioz eta bestelako neurriak ahulenei kalte egiten dizkietenak finantza sektorearen mesederako, izan ere, bankuak dira pentsioen pribatizazioaren atzean daudenak, haien negozioa zabaltzeko asmoz.

Hau guztia dela eta, EHBilduren ordezkariek Hegoaldeko lau hiriburuetako mobilizazioekin bat egingo dute, pentsioen sistemaren gaineko murrizketen kontra egin eta eredu propioa aldarrikatzeko.

Alderdi, sindikatu eta eragile sozial ezberdinek Estrasburgoko Epaitegiak kaleratuko duen sententzia aldekoa izatea espero dute eta astelehenerako mobilizazioak deitzen dituzte

Alderdi, sindikatu eta eragile sozialen ordezkaritza bat bildu gara gaurko agerraldi publiko honetan, astelehen honetarako iragarrita dagoen Giza Eskubideen Europar Epaitegiaren ebazpenaren aurrean ekimen bateratuen berri emateko asmoz. 
 
Ezer baino lehen, berriro ere espainiar gobernuak Herrira mugimenduaren aurka buruturiko jokaera salatu nahi dugu, baita auziperaturiko 20 lagunek pairatzen dituzten giza eskubide, zibil eta politikoen urraketa ere. Haatik, urriaren 5eko manifestaldian adierazi genuen bezala, orain herri honen gehiengo soziala da euskal presoen giza eskubideen aldeko lana bere gain hartzen duena. 
 
Gure alderdi, sindikatu eta eragile sozialetatik Anaitasunan irailaren 14an buruturiko ekitaldian parte hartu genuen, eta bertan Euskal Herriarentzat bakerako aukera bat aldarrikatu genuen, baita 197/2006 Doktrinaren indargabetzea ere. 
 
Orduan esan bezala, Ines del Rioren kasuan jada epai bat badagoela uste dugu: Arlo juridikotik, 2012ko uztailean Estrasburgoko epaitegiak erabateko adostasunez harturikoa. Beste arlo sozial bat ere badu, irtenbideari eta bakeari lagunduko liokeen espetxe politika bat aldarrikatzen duen gehiengo sozial nagusi batena, alegia.
 
Beraz, Giza Eskubideen Europar Epaitegiak aurretiaz harturiko erabakia berretsiko duela espero dugu eta behin betikoz 197/2006 doktrina baliogabetu. Baina Areto Nagusiak dionaz harago, herri honen gehiengoaren nahiarengan konfiantza dugu, eta salbuespen neurriak gainditzeko gakoa guztion aktibazio sozialean oinarritzen dela azpimarratu nahi dugu.
 
Zentzu horretan, herritargoari epaiaren berri eman aurretiko egunetan kalera ateratzeko gonbitea egiten diogu giza eskubideei, irtenbideari eta bakeari modu ozenean baietz esateko, eta jada beraien zigorrak beteak dituzten preso guztien kaleratzea aldarrikatzeko. Aldi berdinean, astelehen goizerako Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñean elkarretaratzeak eta asanbladak deitu ditugu, epaiaren kaleratzea itxaroteko. Eta arratsaldean 197/2006 doktrina ezarriak dituzten presoen herrietan zein beste hainbat lekutan, mobilizazioak burutuko dira.
 
Mobilizazioen zerrenda:
 
Astelehena 21, goizeko 11etatik 13etara bitartean:
– Bilboko Eliptika Enparantzan
– Gasteizko Ama Zuriaren Enparatzan
– Donostiako Boulebarrean
– Iruñeako Arrano Kultur Elkartean

http://alternatiba.net/old-files/Herriradialdia.jpg

X