Palestinarekiko elkartasuna aldarrikatzeko Elizondoko Palestina Eguna aurkeztu dute Euskal Herriko BDS sareak

Euskal Herria Palestina sarea duela hiru urte sortu zen, hain zuzen, Palestinako ehunka eragilek eskaturikoari jarraituz, Euskal Herrian ere, nazioarteko BDZ (Boikot,Desinbertsio eta Zigor) ekimena indartu asmoz. Honela, Palestinarekin elkartasuna sustatu eta palestinarren eskubideak bermatu artean, Israel presionatzea du xede egitasmoak.  

Etengabeko auzolan honetan, bertan batzen garen eragile, alderdi eta sindikatuek, aurtengoan, Maiatzeko Nakba egun adierazgarriaren baitan, aste osoa iraungo duten ekimen eta agerraldiez gain, Palestina Euskal Herria egunaren berri ematera gatozkizue. Gaurkoan, atzerritik helduko zaizkigun lagunen ordezkari gisan, Ilian Pape, historialaria eta Israelgo apartheid erregimenaren aurkako mugimenduaren erreferente garrantzitsua dago gurekin.

Honela beraz, euskal jendarteari dei egiten diogu aste osoan egingo diren ekimenetan parte hartzera eta palestinarren eskubideen alde lan egitera bdz kanpainarekin bat eginez.

Komite internazionalistak, Askapena, Mewando sarea, LAB, Iruñeako gerraren aurkako plataforma, Ernai, Ikasle Abertzaleak, Aralar, Sortu, Alternatiba eta Eusko Alkartasuna.

Maiatzak 18, Larunbata:
Palestina EH eguna Elizondon
. Egun osoan zehar hainbat tailer., erakusketa euskal eta palestinar dantzak, eta haurren txokoa izango da. Honetaz gain, 11:00etan James Petras eta Adel Abou Salem ek solasaldia egingo dute. 12:00etan Herrirarekin batera elkarretaratzea egingo da herriko plazan, “Preso Palestinarrak Etxera, Gi za eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean. 12:30etan ekitaldia izango da Sarearen eskutik. Ondoren bazkaria izango da eta Fermin Valencia kantaldia eskainiko du.

20:00etan Maysa Daw ren kantaldia izango da eta 22:00etan Kontzertuak izango dira Palestinian Unit (Gaza), La Jodedera (EH-Kuba), Kasu (Iruñea), Tirry & Tery taldeen eskutik.

Urkulluk aitortu behar du gaur arteko neurri eta politikek porrot egin dutela

Egoera honetatik ateratzeko politika aldaketa sakonak behar dira. Eta horrela azaldu dugu izan garen eremu guztietan. Aldaketa horiek lau zutabe nagusitan kokatzen ditugu:

-Ezinbestekoa da politika fiskal berri bat, justizia sozialean oinarrituta
-Bitartean, zorpetze publikoa erabili behar da
-Murrizketa sozialen inposizioa moztu eta alternatibak bideratu
-Bestelako eredu sozioekonomikoa eraikitzeko eta enplegua sortzeko plan integrala

Honen aurrean PNVren erantzuna ezkorra izan da beti, eta hori oso kezkagarria da, ezetzarekin batera betiko errezetekin jarraitzea erabaki dutelako. Politikak eta ereduak aldatzeko borondaterik ez dutela adierazi dute behin eta berriro Madrilekiko duten menpekotasuna azalaraziz.

Horrekin argi adierazten dute ere burujabetza ariketa minimo bat egiteko asmorik ez dutela ere eta horren ondoriak gizarteak ordainduko ditu, ez baita garapen sozial eta ekonomikorako alternatibarik eskaintzen. ¿Non dago gure politikak eta etorkizuna erabakitzeko eskubidea?

Egun hauetan zorpetzearen balizko gehikuntza baten inguruan ematen ari den eztabaida salatu behar dugu: Zergatik erabaki behar du Bruselak edo Madrilek gure zor publikoa? Nola aplikatu dakioke gure herriari Valentziari aplikatzen zaion lege bera? Eztabaida hau ekiditen ari da Urkullu, ihes egiten ari da sakoneko arazoari aurre ez egiteko: burujabetza falta.

Bigarrenik, eta edonola ere, gehiago zorpetzeko aukera egongo bada, guk argi eta garbi esaten dugu prest gaudela gehiago zorpetzeko eta horren inguruan akordio bat bilatzeko. Hori bai, une honetan Urkulluren gobernua planteatzen ari dena, bai edukietan bai formetan, erabat okerra dela uste dugu.

Edukiei dagokionez, Urkulluk aitortu behar du gaur arteko neurri eta politikek porrot egin dutela. Norabide berdinean, baina diru gutxiagorekin, aurrera egin nahi izateak herri hau hondamendira daramatza. Herri honetan bestelako eredu sozial baterantz urratsak emango dituen plana egin behar da eta beraz, egon daitekeen dirua edo zorpetzerako aukera norabide berri horretan jarri behar da eta ez atzeratua dauden obrak nola amaitu daitezkeen bermatzeko. Beste norabide batean eraikitzeko, enplegu duina sortzeko eta eredu berri baterantz abiatzeko bestelako inbertsioak egin behar dira, hasieran planteatu ditugun lau zutabeen arabera.

Eta formei dagokionez, argi esan nahi dugu eztabaida hau ezin dela geratu lau hormen artean eta lau instituzioetako ordezkarien artean. Instituzioetako plenoek izan behar dute hitza, alderdiek ere bai, eta nola ez, eragile sozial eta sindikalek. Ezin zaio eztabaida gizarteari lapurtu!

Ondorioz, eta egoera ekonomikoaren larritasuna ikusirik, Urkulluri deia luzatzen diogu eragile politiko, sozial eta sindikalen arteko hausnarketa zabaldu dezala batetik, eta era berean ez dezala ekidin gai hauen inguruan hiru baztar nagusietan eta Gasteizko parlamentuan eman behar den ezinbesteko eztabaida, hausnarketa eta erabakia. Eragileekin egon eta gero bertan erabaki behar baita zer eta nola erabili zorpetze berria.

Azkenik, esaten dugu zorpetze hori alperrikakoa izango dela ez badugu sakoneko politika fiskalaren berrikuspena egiten eta bestelako eredu sozial alternatibo baterantz lehen urratsak ematen.

Alternatibak dio Ondarroa herri duintasunaren eredugarri bilakatu dela gaur mundu osoarentzat

Alternatibaren Bilboko bozeramaile Asier Vegak Askegune berrian, Ondarroako Zumardian, erakutsitako herri duintasun eredua txalotu du, zeinetan ehunka lagunek “delitu ezagun bakartzat militantzia politikoa duen gazte bat” babesten eguneko 24 orduak eman dituzten. Baina atxiloketaren gainetik ere, Alternatibatik nabarmendu dute Donostiako Boulevarden gertatu bezala, “Ondarroa erresistentzia bakezalearen, herritar duintasunaren eta elkartasunaren eredu bilakatu dela mundu osoaren aurrean”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du Alkortaren aitortza torturapean lortu zutela, berak salatu zuenez, eta Nazioarteko Amnistia bezalako erakunde batek Espainiako Erresuman “tortura estatuaren egiturazko arazoa” dela esan berri duela; horri gehituta nazioarteko epaitegi ugarik diotela tratu txarren eta irainen salaketak ez direla behar bezala ikertzen. Era berean, Arartekoak berak eskatu zituen atxiloketa honi buruzko agiriak, “inoiz lortu ez zituen arren”.

Bestaldetik, Vegak bertan egon diren pertsonak zoriondu ditu: “haien elkartasun aktiboa eta bortizkeriarik gabeko herri erresistentziarekiko konpromisoa erakutsi dutelako, herri honetan soluzioaren eta bakearen alde nor dagoen eta nor ez dagoen agerian utziz”. Aldi berean, Iñigo Urkulluren gobernuaren eta polizia agintarien jarrera deitoratu du, berriro ere, beharrezkoa ez zen bortizkeria erabili duten eragileen ikuskizun tamalgarriak errepikatzea ahalbidetu dutelako; “gure koalizioko kide Maribi Ugarteburu mehatxatu badute honek legebiltzarkide txartela erakutsi arren, zer ez zuten egingo bertan zeuden pertsonen kontra”.

Bukatzeko, Alternatibatik azpimarratu dute “euskal gizartearen gehiengoa Euskal Herriko pertsona guztien eskubide osoak berreskuratuko dituen prozesu ekonomikoaren alde” dagoela eta horren harira, gaurko deitutako elkartasun manifestazioetan parte hartzera deitu dute.

Osasun arreta euskaraz

Aitor Montes Lasarte – Familia medikua

Euskararen aldeko aldarrikapenen artean, edo euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko eskakizunen artean, osasun arreta euskaraz eskatu izan da aspalditik. Baina argi daukagu zer den benetako osasun arreta euskaraz? Zer da euskararen normalkuntza? Hizkuntza baten benetako normaltasun egoera zein den badakigu?

Osasun arretak, osasun sisteman paziente edo gaixoarekiko harreman eta prozedura guztiak bere baitan hartzen dituela esan genezake. Helburua hortaz, harreman hauek guztiak euskaraz izatea izan beharko litzateke. Kontuan hartu behar dugu, baina, harreman hauek konplexuak direla, maila ezberdinetan burutzen baitira, eremu ezberdinetan, jende askorekin, era ezberdinetan.

Gaur egun, zoritxarrez, erabiltzaileen hizkuntz eskubideak ez dira bermatzen; ez da osasun arreta euskaraz eskaintzen Euskal Herrian. Eta honek euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatzen du, eta euskaldunak bigarren mailako hiritarrak. Eskubideen hierarkia ezartzen da. Osasungoa egungo gizartearen ardatzetako bat da jakina, zutabe bat; EAJk adibidez bere hauteskunde programan ere ondo adierazi zuen: “las políticas de salud y nuestro sistema de salud son pilares fundamentales de la calidad de vida y del bienestar de nuestra sociedad”. EH Bilduk hauxe zioen bere programan: “osasun eskubidea, hezkuntza eskubidearekin eta Euskal Herrian bizi garenon gizarte babeserako eskubidearekin batera, Ongizate Estatuaren oinarrizko euskarria da.” Bat datoz. Baina behar bada ez gara ohartzen osasun arreta ardatz bat izanik, erdara hutsean burutzen den artean ez dugula euskararen normalkuntzarik lortuko. Euskal Herria euskalduna ez dago lortzerik osasungoa euskalduntzen den arte. Ez dira hizkuntz eskubideak bermatuko sekula. Hala ere, osasungoa erdaraz onartzen dugu, normaltzat hartzen dugularik  euskararen bazterketa esparru horretan. Ohituta gaude.

Egia da osasungoan arretari ematen zaiola lehentasuna; kalitatezko arreta da hemen garrantzitsuena, eta euskarak ez omen du hainbesteko garrantzirik. Edo, beste era batera esanda, pazientea da garrantzitsuena, ez euskara. Aukeran, euskaltzale amorratuenak ere segurtasuna nahiago du. Gaixoak ez dira ospitalera joango eskubideen eske, osasun arreta eskatzera baizik; hiltzeko beldurrez dagoenak ez du “euskaraz mesedez” esango.  Eta bere goganbeharrak, kezkak, bere ahuldade eta menpekotasun egoeraz aprobetxatuz, gazteleraz egitera behartua izango da, behartuko dugu. Ez gara konturatzen hori ez dela benetako kalitatezko osasun arreta, izan ere ez baitu  kode deontologikoa ere errespetatzen. Ez genuke ahaztu behar euskara eta kalitatea banaezinak direla. Azken batean, kalitatezko osasun arreta pazientearen hizkuntzan burutzen dena da. Gaur egun gure herrian egiten ez dena, hain zuzen.

Euskal Herrian kalitatezko osasun arreta euskaraz izan behar da, paziente euskaldunentzat behintzat. Eta osasun arreta euskaraz, benetakoa, bere osotasunean, ahoz eta idatziz izan beharko litzateke. Bere osotasunean, hau da, maila eta esparru guztietan; kontsultategi, osasun-zentro edo ospitaleetan; familiako mediku zein espezialistekin, erizainekin edo administrariekin; edonon, edonorentzat. Idatzizkoa esaten dudanean, ez naiz ari Osasun Zerbitzuak banatzen dituen paper, ohar, aholku edo karteldegiari buruz bakarrik, baizik eta pazienteak jasotzen dituen idatzizko guztiei buruz, hau da, osasun txostenak edo txosten klinikoak, proba osagarrien informeak, proba horien eskakizunak edo bolanteak, kontsulta-arteko dokumentuak edo zerbitzuen arteko bideratzeak, etab. Eta hemen, erabateko garrantzia duena, historia klinikoa da. Funtsean, pazienteen osasun arretaren erregistroa, euren bilakaera jasotzen duena. Osasun arreta euskaraz aldarrikatzeko orduan, ez genuke ahozko harremanetara mugatu behar, hori ez baita egoera normala. Historia klinikoa euskaraz eskatu eta garatu behar dugu, osasungoa euskaraz izan dadin bere osotasunean. Hemen dago gakoa.

Hori lortzeko tresnak, baliabideak, eta gaitasuna badauzkagu; borondatea da falta zaiguna. 

Diana Urrea: “PPko bozeramaileek herritarrak tontolapiko hutsak garela uste dute”

Alternatibako kide eta EHBilduko parlamentari Diana Urreak hitza hartu du Legebiltzarrean PPk Europari aurkeztutako “gazteen ihesaldiaren” inguruko eztabaidan parte hartzeko. Bere agerraldian Urreak, PPk gazteak hemen mantentzeko planteatutako neurriak tamalgarritzat jo ditu. Gainera, “esplotatzailearen pagotxa” bezala deskribatu ditu, hemendik aurrera enpresaburuek formakuntza kontratuak praktiketako kontratuekin josteko aukera izango dutelako, gazteak betiereko prekarietatean mantenduz. 

EH Bilduk Urkulluri exijitu dio zer nolako herri eredua nahi duen eta norekin eraikitzeko prest dagoen argitu dezala

Egoera ekonomiko, sozial eta politiko kezkagarria bizi dugu; politikagintzari erabaki argiak, eraginkorrak eta premiazkoak eskatzen dizkion egoera. Une larri honi aurre egiteko, sakoneko neurriak behar ditugu, amildegira garamatzan eta porrot egin duten eredu zein politikak atzean utzita.

Baina aurrean duguna, gobernu ahula da, bere ardurak saihesteko denbora irabaztea bakarrik bilatzen duena; promesak egin baina bakar bat ere betetzen ez duena; irabazi ez duen lidergoa irudikatu nahi duena eta bere geldotasunaren errua besteei leporatu nahi diena.

Aurrekontuen negoziatzeko prozesuak, erabateko porrota izan dena, agerian utzi du PNVk gidatutako gobernu honen gaitasun eta borondate gabezia. Negoziazioa baino, Urkulluk taularatu duena antzezpena izan da, gobernuak berak eragin duen blokeoaren errua oposizioarena dela sinestarazi nahian. Norabiderik gabeko gobernua da hau, proposamenik gabekoa eta marketina besterik eskaintzen ez duena; asmo onak eta promesa antzuak.

Orain, antzerki-lan honen atal berria dirudien honetan, Urkulluk bi mahai osatzeko proposamena plazaratzen digu, egonkortasunerako ituna egin eta zoru ekonomiko komuna lortzeko. Guzti hau Legebiltzarreko bigarren indarra, EHBildu, aurretik edozein akordiotik baztertuta.

Urkulluk fiskalitateaz hitz egin du, beste esparru batzuetatik PNVk honetan aurrera egiteko ahalegin guztiak oztopatzen dituen bitartean. Enpresen finantzaketaz aritzen da, eta aldi berean Kutxabank-ek ehun industrial eta sozialarekin duen ardurari ihes egitea onartzen du. Enplegua sortu behar dela dio, baina zer nolako lanpostu zein baldintzak aipatu gabe. Herriaz aritzen da, baina gure erabakitzeko eskubidea eta herria bera ukatzen dutenekin akordioak nahi ditu.

Bada ordua Urkulluk bere maskara kendu eta zer nolako herria eraiki nahi duen zehaztu dezala, zer nolako eredu sozial eta ekonomikoarekin, eta guzti hori norekin egin nahi duen. Hori da bere ardura eta erabakia. Eta herritarrek argi eta garbi ezagutzeko eskubidea dute.

Orain arte, Urkullu PP limurtu nahian ibili da, negozio ilunetan eta ustelkerian murgilduta dabilen alderdi zentral eskuindar baten ordezkaritzarekin. Eta hala ere, badirudi ez lukeela inolako arazorik izango halako bidelagunekin akordioetara heltzeko.

Seguruenik, laster ikusiko dugu PSEren atea ere jotzen; PPrekin liskarretan dabilela antzeztuta prozesu honetan bere burua indartu nahi duen alderdia, orain dela gutxira arte bazkideak ziren arren herri honetako errealitate soziopolitikoa ordezkatzen ez zuen gobernuan.

Herri honen egonkortasun politikoa baino, badirudi PNVren kezka nagusia bere gobernuaren jarraikortasuna dela, gutxiengoan bada ere.

Egoera honetan, EHBilduk arduraz jokatuko du eta Urkulluren deialdian izango da; baino ez dugu gizartearen aurrean itxaropen faltsuekin engainutan aritzeko inolako asmorik. Gure hautua guztiz agerikoa da eta berretsi egiten dugu: Ezinbestekoa da eredua zein politikak aldatzea.

Gizarteak eskatzen ari denaren ildotik, akordiorako borondatearekin baina proposamen argiarekin joango gara; Urkulluk, gizartearen gehiengoak kontrakoa eskatzen badio ere, PP eta PSEren babesa bilatzen ari da, eta krisi honetara ekarri gaituzten, eta porrot egin duten politiketan ari da bere proposamenak oinarritzen, ezagutu eta pairatu ditugun neurrietan.

Gure apustua eta proposamena oso argiak dira, prozesu honetan hasieratik jarri ditugu mahai gainean.

– EHBilduk austeritatearen eta murrizketen logikari aurre egiteko herri akordioa proposatzen du, hondamendi ekonomikora eta sozialera eramaten gaituzten politikak geldiarazteko, gure interes eta lehentasunei erantzuten ez dizkietelako. Europatik agindu eta Madriletik inposatutako politika injustuei aurre egiteko.

– Herritarren beharrei erantzungo dien akordioa, bizi dugun egoeraren araberako babes sozialerako politikak garatu, eta kalitatezko zerbitzu publikoak bermatuko dituena.

– Justizia sozialean oinarrituta, zerga politika eraldatzea ahalbidetuko duen akordioa, iruzur fiskalari neurri eraginkorrekin aurre egingo diena eta ustelkeriaren aurkako neurri argiak izango dituena.

– Burujabetza bilatuko duen herri akordioa, herritarren neurri eta borondatearen araberako politikak egitea ahalbidetuko duena, eta eredu politiko, ekonomiko eta sozial berrirako oinarriak ezarriko dituena.

Hori da gizarteari eskaintzen diogun eta Urkulluri galdegiten diogun akordioa.

Alternatibak dio adierazpena Madril eta Parisen “bakearen aldeko asmo gabeziaren” adierazgarri dela

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek Gara egunkariak gaur argitaratutako ETAren adierazpenaren edukia Paris eta Madrilgo gobernuek gatazkaren konponbidean urratsak egiteko asmo gabeziarekin lotu du, “kezkagarria da gatazkaren parte diren eragile nagusienetako batzuek inolako pausorik ez ematea”. Edozelan ere, edukiari dagokionez, erakundearen presoen kontrako mendeku politiken amaiera eskatzen duena, nabarmendu nahi izan du “behin betiko konponbidearen aldeko jarreran inolako aldaketarik ez dagoela, oraingo honetan aipatzen dituzten oztopo horien gainetik ere”.

Matutek premiazkotzat jo du Aieteko adierazpenak zehaztutako urratsak egiten hastea, Madrilgo gobernuetatik egiten ari direnaren kontra, egunotan ezagutu dugun Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordearen txostenak ondo islatzen duenez; izan ere, Guardia Zibilak ikuskatzaileen lana oztopatu ere egin zuela edota Beatriz Etxebarria gazte bilbotarrak duela bi urte eskas pairatu eta salatu zituen torturak benetan eman zirela egiaztatu du batzordeak. Horregatik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak exijitu du “behin betirako desagerrarazi behar dituztela salbuespen legeak eta zigortzeko neurriak, are gehiago, gatazkan ematen ziren indarkerietako bat guztiz amaitu dela baieztatu denean”.

Guztiaren gainetik, Matutek bakegintzan, normalizazio politikoan eta gatazka betiko gainditzeko bidean herritarrek izan behar duten protagonismoa azpimarratu du, horretarako, baina, “ezinbestekoa izango da kalean pertsona guztien eskubide guztientzako errespetua aldarrikatzen jarraitzea”.

Alternatibak “lan eskubideak, justizia soziala eta demokrazia” aldarrikatzera deitu du maiatzaren lehen honetan

Alternatibako bozeramaile nazional Amaia Agirresarobek Maiatzaren Lehenaz aritu da gaurkoan, bihar ospatuko den eguna “lan eskubideak, justizia soziala eta, batez ere, demokrazia, aldarrikatzeko eguna izango dela” nabarmenduta, “ez baita demokratikoa pertsonak etxegabetzea, zerbitzu publikoak pribatizatzea edota herritarrak langabeziara, miseriara eta prekarietatera kondenatzea”. Horregatik, Euskal Herriko kaleak zeharkatuko dituzten sindikatuen elkarretaratze desberdinetan parte hartzeko deia egin du.

Alternatibatik uste dute “ezinbestekoa eta premiazkoa” dela borroka sozialerako esparrua sortzea: “Iruñeko, Gasteizko eta Madrilgo gobernuen eskutik eraso forma duten erreforma zitalak eta murrizketa izugarriak, zein botere finantzarioek diseinatutako Barcina, Urkullu eta Rajoyren zurikeriazko politikak pairatzen dituzten herritarrak jabetu behar dira”. Agirresarobek, era berean, gogorarazi nahi izan du kapitalismoaren eta bere ondorioen kontrako borrokan ez dela aski  ongizate sistema delakoa berresartzea, izan ere “ez dezagun ahaztu herritarren erdiek, emakumeok, finantzen sistemak estanda egin askoz lehengatik ere bizi baldintza duinarik ez zutela. Eta orain, sistema berreraikitzeko emakumeak etxeko lanetara kondenatu nahi dituzte berriz, haien gorputzaren gainean erabakitzeko gaitasunaere kendu nahi diete eta aitortza zein soldatarik gabeko lanak egitera mugatu nahi dituzte”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, bukatzeko, honen beharra azpimarratu du: “botere finantzarioen, enpresaburu handien eta hauekin kidetasuna duten alderdi politikoen arteko hitzarmen irmoarekin bukatuko duen harresi soziala eraiki behar dugu”.  Adibide bezala Gipuzkoan gertatutakoa aipatu du Adegi patronalak Politika Sozialeko Sailaren kontra jarritako salaketaren harira, lurraldeko zahar-etxeetako eta eguneko zentroetako langileen eskubideak bermatuko dituen proposamena aurkeztu ostean; “aipagarria da, eta gatazkaren adierazgarri ezin hobea ere, patronala berak aitortu izana lehenengo aldiz instituzio batek langileen alde egiteko esku hartu duela”. 

Urkulluk PSE eta PP nahi ditu bidelagun, eredu sozioekonomiko berbera defendatzen dutelako

Urkullu lehendakariak argi utzi du gaur goizean zein den EAJk eta bere gobernuak euskal herritarrei eskaintzen dieten etorkizuna, egungo egoera larri honetara ekarri gaituzten politiketan sakontzea eta hori PSEren eta PPren eskutik egitea, hain zuzen ere. Bere aurrekontu-proiektua bertan behera utzi ondoren, Urkulluk EH Bildurekiko akordioak lortzeko edozein aukera baztertu du, eta adostasuna PSErekin eta PPrekin soilik bilatuko duela aitortu du.

Marian Beitialarrangoitiak eta Oskar Matutek adierazi dutenez, “lehendakariak argi utzi du PSE eta PP direla politika egiteko berak nahi dituen bidelagunak eta modu horretan agerian utzi du zein den Jaurlaritzaren jardueraren norabidea”. EH Bilduko legebiltzarkideen iritziz, “Urkulluk bide horren aldeko apustua egin du EAJk, PSEk eta PPk eredu sozioekonomiko berbera defendatzen dutelako, eta jakin badakielako PSEren eta PPren eskutik ez dela sakoneko aldaketarik bultzatuko. Lehendakariak krisialdi honetara ekarri gaituzten politiken inguruan sortu nahi ditu gehiengoak, ez besterik, behar-beharrezkoa den sakoneko aldaketa saihesteko, eta horregatik uzten du albora EH Bildu”.

Beitialarrangoitiak eta Matutek iruzur egitea eta ardurak saihestea leporatu diote Urkulluri, “akordiorik nahi ez duena EH Bildu dela irudikatzen saiatzen ari baita”. Horren harira, koalizioa akordioetarako prest dagoela berretsi dute, betiere euskal herritarren lan eta gizarte eskubideak eta etorkizun duina bermatzeko. Horretarako ezinbestekotzat jo dute eredu sozioekonomiko berri baten aldeko apustua egitea, gizartearen gehiengoak eskatzen duen sakoneko aldaketa gauzatzeko, “EAJk, PSEk eta PPk kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, gauzak egiteko modu bakarra ez dagoelako, bestelako bideak ere posible eta beharrezkoak direlako. Hori da gure konpromisoa euskal gizartearekiko, beste eredu baten alde lan egitea”.

Makiaveloren handikiak

Diana Urrea eta Xabier Soto – Alternatiba

“Errepublika orotan daude kontrajarritako bi joera: handikienaeta herriarena”. Makiavelo izan zen esaldi honekin, duela bost mende, gizarte orok izango zuen interes gatazka aurreikusi zuena. Politika-ekonomia eliteak ezarritako jabetza pribatuak eta lege hauek amildegia ireki dute hierarkikoki oso bananduak dauden bi klaseen artean: Jabeek osatutako klasea, boteretsuen eta buruzagien klasea, jabetzarik ez duen klasearekin, pobreen eta langileen klasearekin kontrajarrita. Gutxi batzuen pribilegioak, ororen ongiaren kontra; herrian sortutako presioa alde batetik, eta handikiena bestetik.

Aurtengo, maiatzaren lehenarekin batera, eta maiatzaren 30erako deitutako greba orokorraren atarian egonda, Gipuzkoa, duela hainbat mende iragarritakoklase borroka horren adibide bikainaren ikusle bihurtu da. Baina oraingo honetan, ñabardura desberdin bat dago. Zerbait aldatu da. Boteretsuek antzeman dute jada, eta urduri daude.

Lurraldeko hirugarren adinekoen egoitza guztietan lan egiten duten 4.800 pertsonak, lan hitzarmenaren negoziaketan haien eskubideak ez galtzeko borrokan ari dira. Borroka, langileek eskura dituzten arma bakarrekin egiten dute: kartelak, txilibituak, lemak, pankartak… Baina armak eskuan prest dituen erraldoi baten kontra ari dira. Makiaveloren handikiak, Adegi patronala kasu honetan, haien botere politiko, ekonomiko eta mediatiko osoarekin eraso egiten diote langileriari (sektoreko gehienak emakumeak izatea ez da kasualitatea).

Komunikazio talde boteretsuaz eta EAJ eta PP bezalako alderdiaz babestuta, Adegik probetxua hartu ez ezik, Madrileko konplizeek haien zerbitzura jarritako arma baliagarriena eta gaiztoena ere dute eskuragarri: Espainiako lan kontra-erreforma. Erreforma betez, eta Euskal Herriko dozenaka lan itunekin gertatu behar den bezala, bi aldeen arteko hitzarmena lortzen ez bada, uztailaren 7an sektoreari dagokion estatu hitzarmena indarrean sartuko da eta milaka dozena langilek dituzten lan baldintzak larri kaltetuak izango dira. Gipuzkoako zahar-etxeetako langileek patronalaren baldintzak onartzen ez badituzte, bi hilabeteren buruan hau izango da haien egoera: 400 eurotako soldata jaitsiera eta 200 lanordutako igoera urteko.

Borroka ezin da desorekatuagoa izan. Txilibituak arrazoi osoarekin hots eginda ere, ezin dute botere politiko eta ekonomikoen artilleria astunaz jositako aliantzen kontra ezer egin. Lehenengo aldiz, ostera, zerbait ari da aldatzen. Gipuzkoako herritarrek erabaki dute, klaseen borroka horretan, botere instituzionala herriaren alde daudenek izan behar dutela. Eta EAJko gobernuarekin hamarkada luzez hitzarmenak egin ostean, orainhandikiek haien Gipuzkoako konplizea galdu dute. Bilduren Foru Gobernuak zerbitzu publikoen aldeko bandera goratzea eta lurraldeko zahar-etxeetan zein eguneko zentroetan lan egiten duten emakumeak babestea erabaki du. Argi eta ozen esan du: “Emakumeak babestuko ditugu”.

Espainiako lan erreformaren aurka eta herri honetako edozein langilek lortutako eskubideak kentzearen kontra dagoela aditzera eman dio mundu guztiari. Konpromiso hori ixteko eta langileen soldata igoerari eusteko, mahai gainean 8,2 milioi euro jarri ditu, langile hauen lan duina bermatzea, herritarrei kalitatezko zerbitzu duinak eskaintzearekin lotuta dagoelako.

Adegiren suminduraz beteriko erantzuna Aldundiaren kontrako auzia jartzea izan da: “negoziaketa kolektiboan aurrekaririk gabeko esku sartzea” salatzeko. Hor dago koska: “aurrekaririk gabekoa”. Harrituta, patronalaren handikiek Aldundiari auzia jartzera behartuta sentitu diren historian lehenengo aldia dela ziurtatu dute. Txundituta esaten dute, norabidea galduta botere politikoaren eta enpresarien arteko ohiko adostasun hori galdu dutenean. Urteak eman dituzte Aldundian paseatzen, bostekoak elkarri ematen, diru publikoarekin tripa-festa ederrak egiten eta gorbatadun gizon boteretsuekin bilkurak ospatzen. Baina orain, epaimahaien babesa eskatu dute Foru Gobernuak haien poltsikoak betetzen jarraitzeari uko egin diolako.

Makiaveloren handikiak urduri daude. Bilduren Gobernuaren jarrera hain da ezohikoa, legez kanpokoa ere iruditzen zaiela. Orain arte, publikoaren eta langileriaren duintasunaren alde egiten duen Gobernu baten berririk ez zuten. Zaintza lanen, dagoeneko kolokan dagoen sektore feminizatuaren lan baldintzak okertzeko prest ez dagoen botere politikoa zegoenik ez zekiten. Lan ezegonkortasunaren biktima diren emakumeen eskubideak defendatzen dituen instituziorik dagoenik ez zekiten. Ez eta, enplegu prekarioa dutenen, zaintzaren ezkutuko ekonomian bizi direnen eta familia aurrera ateratzeko aldi baterako kontratuak dituzten ezkutuko langileen defentsan inor zegoenik.  

Horregatik, Alternatibatik Aldundiaren Politika Soziala Sailaren eta bere ordezkari – militantzian kide dugun- Ander Rodriguezen jarrera txalotzen ditugu, baita bere lan-talde osoarena ere. Aldi berean, Gipuzkoako Aldundiak langileekiko berretsitako konpromisoa txalotzen dugu, diru publikoarekin ordaindutako obretan lan baldintzak eta hitzarmenak betetzen ez dituzten enpresei zigorra ezarriko diela jakinarazi berri baitu.

Gaur lehenengo aldiz, emakumeek, langile klaseek eta sektore zapalduek aliatu bat dute Gobernuan. Klase borroka su gabe diraki, Gipuzkoan zein Euskal Herrian.

X