EHBilduk gehiengo sindikalak deitutako grebarekin bat egitera deitu du

<--break->EHBildu osatzen dugun gizon-emakumeok Euskal Herriko langile borrokaren historian bereziki adierazgarria izan den leku honetan agerraldia egiten dugu gaurkoan, datorren maiatzaren 30ean Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, euskal gehiengo sindikalak dozenaka eragile sozialekin batera deitutako Greba Orokorra gogotsu eta irmoki babesteko asmoz. Errespetuz eta umiltasunez egin nahi dugu gure ekarpena, deialdi hau erabat arrakastatsua eta gure herriko historian mugarri izan dadin.

Lan eskubide, justizia soziala eta batez ere demokrazia aldarrikatzeko eguna izango den arren, askoz ere gehiago izango da. Izan ere, Euskal herritarrek pairatzen dituzten eraso zuzenei aurre egingo dion mobilizazio eta herritarren burujabetza dinamika baten hasiera izan behar da. Eta eraso zuzenak direla diogu, gure bizitzak Gasteiz, Iruñea eta Madrildik gidatzeko asmoa duten gobernuek, aspaldian herritarrei bizkarra ematea erabaki dutelako, finantza botere handien aginduak betetzeko asmoz. Benetan demokratikoa den sistema batek ez ditu etxe-kaleratzeak gauzatzen; ez du pribatizatzen, eta ez du langabeziara ezta miseriara kondenatzen, gutxi batzuen etekinak mantentzen jarraitu ahal izateko.  

Eta ukatzen diguten demokrazia hau berreskuratu ahal izateko, euren jazarpen eta ustelkeriarekin zapaltzen dutena, Euskal Herriarentzat burujabetza exijitzen dugu. Herri hau osatzen duten gizon-emakumeak dira, indarrean dagoenarekiko gizarte eredu ezberdina garatzeko politikak erabaki eta martxan jarri behar dituztenak. Eta euskal herritarrek behin eta berriz adierazi dute, Troikak zuzendutako eta Madrildik inposatutako politiken aurka daudela, eta pertsonen duintasuna bere burua kale gorrian ez ikustearren prekarietatea onartzeko prest dauden langabetuen ejertzito batean bihurtzeko asmoz egindako murrizketa antisozialen eta lan erreformen aurka daudela.

Burujabetza behar dugu, gure beharrei erantzuteko eta pertsonen duintasuna bermatzeko gai ez den eredu zaharkitu hau eraldatzeko, finantza merkatuen krisiagatik ez ezik, beste hamaika arrazoien ondorioz hilzorian dagoen sistema aldatzeko. Izan ere, ez dezagun ahaztu populazioaren erdia jada krisian zegoela, eta jada zapaldua zegoela, edozein motako finantza burbuilak eztanda egin baino askoz lehenagotik. Eta orain, herria ordezkatzen ez duen klase politiko horrek, herriaren lekuan jartzea erabaki duena alegia, emakumeak etxean egotera kondenatu eta aitortu zein ordaindu gabeko lanean iraunarazi nahi ditu; era berean, gazteak prekarietatera eta langabeziara zigortzen ditu.

Gobernu zein patronalak mobilizazioetarako garaia ez dela esaten digute. Euskal Herria Bildun, ordea, ez gatoz bat. Eta murrizketak egiteko, prekarizatzeko, pribatizatzeko eta eskubide sozialen aurka egiteko garaia ez dela diogu. Zoritxarrez, Confebask, CEN eta CEOErentzat eta instituzioetan dauzkaten ordezkarientzat, hau da Urkullu, Barcina eta Rajoy-rentzat, beti da garai aproposa herritarrak zigortzeko, aste honetan erakutsi duten bezala, porrot egindako aurrekontu antisozialen proiektu batekin, kutxa publikoetan egindako lapurreten enegarren gertakariarekin, edota Espainiako presidenteak astero egiten dituen erreforma eta murrizketa iragarpenekin.   

235.000 arrazoi baino gehiago aipatu genitzake. Edozein laguntza sozial galdu duten milaka pertsonen izen-abizenak ere esan genitzake, Mario Fernandezen hitzetan asmo txarrez euren zorra mantentzen dutenak, eta gupidarik gabeko banka baten lukurreria ezin ordaintzeagatik, euren etxeetatik kaleratuak izan direnena. Baina errealitatean, arrazoi bakar bat behar dugu: Maiatzaren 30ean kalera aterako gara, Euskal Herria ezkerreko parametroetatik eraldatu nahi duen gehiengo soziala laguntzeko.

Horregatik, Hego Euskal Herritarrak, bertan erabakitzeko burujabetza exijitzen dugunon aliantza eta elkarlana indartzeko balio behar duen greba batera deitzen ditugu, guztion artean, gehiengoaren eskubide sozialak bermatuko dituen eta gutxiengo pribilegiatu baten eskubideak soilik defendatzen dituen ereduari aurre egingo dion eredu publiko bat eraikitzeko. 

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/p206x206/554721_640811362602850_1462706234_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/920695_640811399269513_2028434109_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/478759_640811492602837_1727398987_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/920465_640811555936164_2031078015_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/920916_640811592602827_915111060_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/914209_640811609269492_1974581908_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc1/913998_640811815936138_202156737_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/913630_640811945936125_1307919880_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/413610_640812025936117_1581216156_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/920670_640812035936116_2135443323_o.jpg

Aurrekontua: EAJren porrota agerikoa da, herri honen beharrei erantzuteko gai ez izateagatik

Jaurlaritzaren aurrekontuei buruzko eztabaida irekiz geroztik, EH Bilduk diru-sarreren atala handitu beharra nabarmendu du behin eta berriz. Besteak beste, espainiar Estatuak inposatutako defizit muga, EAJk ontzat eman duena, ez onartzea eta igotzea ezinbestekotzat jo du koalizioak, Jaurlaritzak euskal jendartearen beharrei modu egokian erantzuteko behar adina baliabide eskuratu ahal izateko. EAJk planteamendu hori errefusatu du etengabe, baina orain bere aurrekontu-proiektua bertan behera utziko duela iragartzen du, defizit muga igo behar dela onartuz, EH Bilduk eskatzen zioena, hain justu.

 

“Aurrekontu-proiektua bertan behera uztearekin EAJk bere porrota agerian utzi du, herri honen beharrei erantzuteko gai izan ez delako eta bere egitasmoa aurrera eramatearren behar zuen babes politikoa lortzeko gai izan ez delako”, Oskar Matutek eta Belen Arrondok adierazi dutenez. Defizit muga igotzearen aldeko koalizioaren apustua gogora ekarri du Matutek, eta salatu du Jaurlaritzatik zein Sabin Etxetik “utopikoak izatea eta errealitatetik kanpo bizitzea leporatu digutela horregatik; orain, aldiz, Urkulluk berak aitortzen du hori dela bidea eta, finean, guk arrazoia geneukala”.

Aurrekontu-proiektua erretiratzeak sortarazten duen egoeraren ardura osoa EAJri dagokiola azaldu du EH Bilduko legebiltzarkideak, eta hemendik aurrera ere jeltzaleen ardura izango da Jaurlaritzaren politika ekonomikoa norabide egokian jartzea. “Eztabaidari beste parametro batzuetatik heltzeko aukera dauka orain Jaurlaritzak, eredu sozioekonomiko berri baten alde, eskubide sozialak babesteko eta bizi baldintza duinak bermatzeko, baina orain arteko ereduari eusten baldin badio, Troikak, Bruselak eta merkatuek nahi duten ereduaren aldeko apustua egiten badu, aurrez aurre izango gaitu”, ohartarazi dute Matutek eta Arrondok. Ido horri jarraituz, EH Bilduk emergentzia plana eskatzen dio Urkulluri, krisiaren ondorioei eraginkortasunez erantzuteko plan hori ezinbestekoa delakoan; are gehiago, Gobernuaren aurrekontuak berak plan orokor horren tresna izan behar du.

Azaldu dutenez, aurrekontu-proiektuari egindako zuzenketa guztien bitartez EH Bilduk Jaurlaritzaren diskurtsoa gainditu du eta beste eredu bat egon badagoela argi utzi du, “posiblea dela diru publikoa beste modu batean erabiltzea, doktrina neoliberalarekin apurtuz eta erdian pertsonak jarriz, kalitatezko zerbitzu publikoak eta lan baldintza duinak bermatzeko eta ekonomia berpizteko”. Oskar Matuteren esanetan, “horixe da EAJk nahi ez duena, jendeak jakitea krisiari aurre egiteko beste modu bat dagoela; horregatik uko egin dio eztabaida horretan sartzeari, eta bere aurrekontua aukera posible bakarra balitz bezala aurkeztu du; akordioak bilatu beharrean, bere proiektua inposatu nahi izan du, azkenean bertan behera utzi behar izan duen arte”.

 

Oskar Matuteri elkarrizketa Radio Euskadin

EHBilduko legebiltzarkide Oskar Matuteri elkarrizketa Radio Euskadin. Matutek, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuaz, maiatzaren 30eko Greba Orokorraz, bake prozesuaz eta zabor bilketa sistema desberdinen inguruko polemikaz hitz egin du. 

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen ustez, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu proiektu “neoliberala eta atzeragarriak” “eskuinaren babesa” jasoko du, hau da, PPk eta UPyDk babestuko dute.

PPk osoko zuzenketa aurkeztuko badu ere, Antonio Basagoitiren alderdiak akordioa lortu arte horren “printzipioak aldatu” egingo dituela kritikatu du Matutek.

Legebiltzarkide abertzalearen esanetan, EAJk azaldu egin beharko du zergatik akordioa lortzeko “ahaleginak” PPri eta UPyDri zuzenduta dauden.

Matutek “muga gorriak” zeharkatu izana egotzi dio Jaurlaritzari, osasunaren, hezkuntzaren eta gizarte laguntzen arloetan murrizketak egin baititu. Hori dela eta, EH Bilduk “ezin du” proiektua babestu, eta PSE-EEk “nekez” egingo duela dirudiela gaineratu du.

Greba orokorra

Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak maiatzaren 30erako deitutako greba orokorra-ri dagokionez, Alternatibako buruak ukatu egin du “gutizia” dela, eta langileek soldataren parte bati uko egingo diotela gogorarazi du.

Matuteren aburuz, greba orokorra egitea herritarren desengainua adierazteko modu onena da, eta “hobe litzateke” gainerako sindikatuek ere bat egitea. CCOOk eta UGTk bat egiten ez badute ere, hori ezin dela greba egiteko “oztopo” izan iritzi dio.

Alternatibak Donostian erakutsitako “bidegabekeriaren aurkako erresistentzia, borroka eta duintasunaren eredua” txalotu du

Alternatibako bozeramaile nazional Oskar Matutek bere alderdiaren elkartasuna adierazi nahi izan die Ertzaintzak gaur goizean Donostian atxilotu dituen gazteei, gogorarazi duenez, “militantzia politiko hutsagatik kondenatu dituztelako”. Atxiloketen gainetik, alabaina, Matutek txalotu egin du ehunka lagunek erakutsitako “erresistentzia baketsua, herri duintasuna eta elkartasuna, egunak daramatzatelako kalean gazteak babesten”.

Alderdi ezkertiarreko bozeramailearen hitzetan, euskal gazteriak “elkartasun aktiboa eta ez-biolentziarekiko konpromisoa agertu dute erresistentzia zibilaren bitartez, eta auzi honetan bakoitzaren kokapena agerian utzita”. Hala, “deitoragarria” iritzi dio Iñigo Urkulluren Gobernuak erakutsitako jarrerari, “berriz ere jarri baitu Ertzaintza bakea zein normalizazio politikoa oztopatzeko asmoa besterik ez duen Espainiako Erresumako Gobernuaren borondatearen zerbitzura”.

Honen harira, bere ardura plazaratu du “polizi autonomikoak Askegunea husteko indarkeria erabili duelako eta eguneko ordu txikietatik aurrera dozenaka lagunek salatutako mehatxuak eta irainak ugariak izan direlako”. Horrela, jarraitu du esanez “onartezina da komunikazio hedabideei haien lana egitea galarazi izana, gaur goizeko gertakariez berri ematera hurbildu direnean”.

Matutek, Askegunea hustea lortu duten arren, “elkartasuna eta Euskal Herrian pertsona guztien eskubide guztiak berrezartzea helburu duen prozesua geldiarazterik ez dutela lortuko” ziurtatu du. Era berean, “Askeguneak luze iraungo” duela gaineratu du, “bidegabekeriaren aurkako borroka, duintasuna eta erresistentzia eredua bilakatu delako”. Azkenik, Alternatibatik gaur arratsalderako eta biharko deitutako elkartasun mobilizazioetan parte hartzera deitu dute.

Ezkerraren erronkak: Oskar Matuteren hitzaldia Trapagaranen

Oskar Matuteren hitzaldiaren bideoa Bildu Trapagaranek antolatutako ‘Eguneko ezkerraren erronkak’ hitzaldien harira. Bertan, Alternatibako bozeramailea Oskar Matute, LAB sindikatuako Toxmin Lorca, Sortuko Iker Casanova eta CCOOko Oskar Arenas izan dira. 

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/525290_636215566395763_1034452631_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/529075_636215523062434_1133448984_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/560059_636215609729092_463313777_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/547391_636215716395748_199820156_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/537370_636215939729059_216679640_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/547869_636215863062400_1335081905_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/155772_636215973062389_170295605_n.jpg

Cabacas auziko grabazioek mina egiteko borondatea erakutsi eta Ertzaintzako buruak nabarmen utzi dituzte

Gaur bertan bi hedabideri esker euskal jendarteak ezagutu duen grabazioak argi utzi du Ertzaintzako buruek mina egiteko borondatea zeukatela 2012ko apirilaren 5ean Iñigo Cabacasen heriotza eragin zuen agindua eman zutenean. Maria Diaz de Haro kalean zeuden agenteek istilurik ez zegoela eta egoera kontrolpean zegoela ziurtatu eta hala eta guztiz ere “dugun guztiarekin sartzeko” agintzea modu horretan soilik uler daiteke. “Grabazioak agerian utzi du Ertzaintzako buruek mina egitea bilatzen zutela eta herri honetako sektore sozial eta politiko baten kontra jotzeko erabaki politikoa ere bazegoela. Iñigoren heriotza borondate horren ondorio latza izan zen, eta gaur ezagutu dugun grabazioak argi utzi du hori ezin dela, inondik inora, istripu gisa hartu”, salatu du Marian Beitialarrangoitiak.

EH Bilduk Estefania Beltran de Heredia egungo Segurtasun sailburua; bere aurrekoa, Rodolfo Ares, eta egun hartako operatibo burua Legebiltzarrean berehala ager daitezela eskatu du, Jaurlaritzak auzi honetan emandako urratsak zehatz-mehatz argitzeko. Izan ere, dio Beitialarrangoitiak, “euskal jendarteak egia ezagutzea merezi du, eta Aresek eta Beltran de Herediak egia kontatzeko obligazioa dute. Batak zein besteak grabazio hau ezagutzen zuten eta horrek are argiago uzten du orain arte gezurretan aritu direla, ez dutela gertatutakoa argitu nahi izan. Beren helburua ez da ardurak garbitzea izan, Ertzaintzaren jarduna justifikatzea, estaltzea eta zuritzea baizik. Ez digute egia osoa kontatu; Ares gezurretan aritu zen hasieratik eta orain Beltran de Heredia ez da hobeto ari, onartezina baita gertatutakoa istripu gisa hartzea grabazioan mina egiteko gogoa agerikoa denean”.
Ildo horri jarraituz, EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzaren pasibotasuna salatu du, eta 2012ko apirilaren 5ean inolako arrazoirik gabe kargatzeko agindua eman zuen ertzainaren aurkako diziplinazko neurririk hartu ez izana egotzi dio Segurtasun Sailari.

Zentzu horretan, berehala kargutik kentzeko eskatu dio: “Agente hori identifikaturik dago, egon behar du, eta Iñigo Cabacasen heriotzaren erantzukizuna berari dagokio neurri handi batean, arduragabekeria baino erakusten ez duen agindu hura emateagatik. Horregatik, ulergaitza da ertzain horrek, bere aginduen ondorio larriak ikusita, oraindik orain bere postuan jarraitzea. Azalpen posible bakarra hasieratik salatu egin duguna da, Segurtasun Sailaren lehentasuna ez dela jazotakoa argitzea eta ardurak garbitzea, agente horien jokaera arduragabea estaltzea baizik”.

Gonzalez, Ares eta boteretsuen justizia

Jonathan Martinez – Alternatiba

Gaur jakin izan dugu Felipe Gonzalezen Gobernuak 25 milioi pezeta bideratu zituela Santi Brouard Euskal Herriko diputatua erailtzeko, 1984ko azaroaren 20an. Gonzalez ez da inoiz epaitua izan eta, gaur egun, urtero 126.500 euro irabazten ditu Gas Natural enpresako kontseilari gisa, escracheak direla eta moraltasun irakaspenak ematen dituen bitartean.

Gaur jakin dugu Rodolfo Aresen Ertzaintzak Iñigo Cabacasen hilketa diseinatu zuela, soldaduek “daukagun guztiarekin sartzeko, herrikon sartzeko” agindua jaso zutela arazorik ez zela jakinarazi arren. Ares ez da inoiz epaitua izan eta bizitza osorako soldata txukunarekin erretiroa hartu ahal izango du.

Baina ez ezazue pentsa justiziak ez duela ezer egiten: gaur goizean berton, guardia zibilak Sortuko buruzagi Iker Rodrigo atxilotu du, agintariek hainbat egunez ezkutatu duten hilotzaren herriratzearen ekitaldian ikusle izateagatik.

Justizia egon badago, noski; boteretsuek kudeatzen eta herri xeheko lagunok pairatzen duguna.

Alternatibak ke gortinak eraikitzea leporatu dio PPri, atxiloketekin giza eskubideak urratzen dituzten politikak ezkutatu nahi dituelako

Alternatibako bozeramaile Jonathan Martinezek gogor salatu du Sortuko Bizkaiko kide Iker Rodrigoren atxiloketa, gaur goizean Guardia Zibilaren eskutik eman dena, “agerikoa da atxiloketak helburu oso zehatzak dituela, Carlos Urquijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren kanpainaren baitan ematen baitira, atzo errepikatu baitzuen Sortu zein Bildu legez kanpo uzteko asmoa duela”.

Talde ezkertiarretik galdegin dute zergatik antolatzea leporatu dioten ekitaldian zeuden lagunetik Sortuko kidea bakarrik atxilotzea erabaki duten, eta azpimarratu egin dute Lopez Peñaren familiak berak gogorarazi duela ekitaldi pribatua izan zela, lagun eta hurkoek bakarrik eta inolako erakunderen laguntzarik gabe antolatu zutela. Honek Rodrigoren kontrako aitzakiak ezerezean uzten ditu.

Martinezek Espainiako Erresumako Gobernuak egindako mugimendu hau salatu du eta “Euskal Herriaren bake eta normalizazio politikoaren kontrako zentzugabekeriazko kanpaina horretan gorakada kualitatiboa” suposatu duela ere esan du, hau izanik Sortu alderdiko kide bat atxilotzen duten lehenbiziko aldia; guztiz legala den erakundea eta beren estatutuetan indarkeria ororen gaitzespena egiten duena.

Alternatibatik deitoratu dute Mariano Rajoyren gobernuak “atxiloketaz jantzitako ke gortinak erabiltzea giza eskubideak urratzen dituzten politikak estaltzeko ahaleginean, hala nola, ustelkeria eta elite finantzarioen mesederako zurikeria egitea, haien kabineteetatik agintzen dituzten neurriak betez. Aldi berean, historian inoiz emandako ospe-indize baxuena ematen diete inkestek, bai PP bezala zein Espainiako bipartidismoari”. Gainera, bitxia da oso, “hau guztia Santi Brouard erail zuenaren identitatea eta Iñigo Cabacasen heriotza ekarri zuen agindua nola burutu zen ezagutu dugun egun berean jakin dugu”. 

Azkenik, Martinezek bere alderdiaren elkartasuna adierazi dio bai Rodrigo eta bai Sorturi, eta gaur Erandion, arratsaldeko mobilizazioan parte hartzera deitu du atxilotuaren berehalako kaleratzea eskatzeko.

X