Murrizketen eta politika sozialen deuseztapenaren aurrekontuak dira EAJk eta PPk Bizkairako eskaintzen dizkigutenak

PPk eta EAJk akordioa lortu dute Gasteizko Udaleko aurrekontuen inguruan eta bi alderdi horiek akordioa Araba eta Bizkaiara hedatzea adosten ari dira. Hau da, Bizkaiko aurrekontuen eztabaidaren bezperan, PPrekin kromo trukaketa egingo dute jeltzaleek, eta azken orduan eta berandu bada ere, Bizkaian aurrekontuak aurrera ateratzea lortuko du EAJk Raxoiren alderdiaren laguntzarekin. Ez edozein preziotara, murrizketa antisozialetan Europako errege den alderdiarekin adostuko baitituzte aurrekontuak.

Kontrakoa sinestarazi nahi diguten arren, alternatiba egon badago. Eta alternatiba hori eraikitzeko gure borondatea erakusten dugu; pertsonen, herri mugimenduen eta sindikatuen alde lan egiten duten eragileen ekarpenetan oinarritutako alternatiba, hain zuzen.

EH Bilduren ustean, aspalditik sumatzen genuena baieztatu egin da: Beste arlo batean burutzen ari zela negoziazioa saldu nahi izan digute, baina bai Ortuzarrek eta bai Basagoitik erreparorik gabe onartu dute kromo aldaketa zela negoziatzen ari zirena, interes partidisten mesedeetara eta ez bizkaitarron beharrei erantzuteko.

 

 

Gasteizko Udaleko akordioa lortu aurretik, atzo bertan, kromo aldaketa ukatu zuen Ortuzarrek, negoziaketarako denbora luzea hartzen ari zirela argudiatuz.

EAJren eta PPren arteko negoziazioen ikuskizun mediatiko tamalgarria salatu genuen, eta orain herritarren egiazko eguneroko arazoei erreparatzen ez dien adostutako ituna agerian gelditu da.

Murrizketen eta politika sozialen deuseztapenaren aurrekontuak dira EAJk eta PPk eskaintzen dizkigutenak. Lortu duten akordioa ez da zerotik sortzen, azken baten, EAJk proposatu duen aurrekontua eskuinekoa da eta, beraz, eskuineko beste alderdi batek arazorik gabe defenda dezake. Horren eredu da, Bizkaiko Foru Aldundian gizarte gaietara bideratzen den dirua aurrekontuaren %38a izatea, Gipuzkoan %48a den bitartean. Gizarte eredu bera partekatzen dute EAJk eta PPk, eta hori agerian geratu da aurrekontuen edukien negoziazioan aritu beharrean, kromo trukaketa nola egin izan delako negoziazioen ardatza. Bizkaitarren beharrak asetzen ez dituen eta oinarrizko giza eskubideekiko onartezinak diren murrizketak planteatzen dituzten aurrekontuak dira.

Porlanaren eta azpiegituren aurrekontuak dira EAJk eta PPk proposatuko dizkigutenak. Berdin zaio Jose Luis Bilbaori alderdikide duen Urkullu lehendakariak berak aitortutakoa, herritarrei begirako politikaren garaia dela esatean. Berdin zaie bai batari eta bai besteari, ez dutelako benetan mezu horretan sinesten eta ez dutelako inoiz praktikan jarri. Pertsonen aldeko politikak egiteko garaia da bai, ez da momentua porlana eta azpiegituren aldeko egitasmoak mantentzeko edo helburu sozialik gabeko proiektu berriak martxan jartzeko.

Bizkaiak azken urtean jasan dituen erregulazio espedienteen kopuruaren hazkundeak, kontrolatzen duten Kutxabankek ekiditen ez dituen etxegabetzeenak, bazterketa sozialaren igoerak… EAJk gauzatu dituen politiken datu adierazgarriak ematen dizkigute. Beste politika bat egitea ezinbestekoa da eta EAJk eta PPk proposatzen dizkiguten aurrekontuek amildegira garamatzate.

Baina egunotan egiaztatu duguna ondokoa da: botere kuotak dira banatzen ari direna eta EAJ, bere burua kudeaketaren eta akordioaren txapeldun nagusitzat agertzen duen alderdiak, ez dauka akordioetara iristeko eta kudeaketarako gaitasunik, baldin eta botere kuota nahikorik ez badauka banatzeko.

Eta behin akordioren bat lortuz gero, murrizketen bidez herritarren eskubideak zapaltzen ari denarekin egingo du, ustelkeria ikuskizun tamalgarria ematen ari den alderdiarekin, bizkaitarron eskubide sozial eta laboralak oraindik eta gehiago ondoratuz eta prekarizazio mailan oraindik eta gehiago sakonduz. Madriletik inposatzen dizkiguten murrizketei aurre egiteko inposaketaren ardura duen alderdiarekin adostu egiten du Bizkaiko aurrekontua Jose Luis Bilbaok, hori da bere bidea, eta EH Bilduren ustez bide okerra da.

Dei zuzena egin nahi dio EH Bilduk EAJri, joka dezala benetako erantzukizunez, eguneroko arazo larriak aintzat izanda eta horiei soluzioak bilatuta, eta ez bestelako interesei begiratuta. Premisa horiekin jokatuz gero, eta gizarte ekintzan murriztu beharrean indartu egiten dituen aurrekontuak eta enplegua sortzeko helburua dutena aurrera ateratzeko prestutasuna izanez gero, EH Bildu elkarlanerako prest egongo da.

Alternatibak euskal gazteriaren eskubide zibil eta politikoen alde larunbatean egingo den manifestaziora deitu du

Alternatiba Gazteak-eko bozeramaile Diana Urreak herritar guztiei dei egin die euskal gazteriaren eskubideen alde kalera ateratzera, Eleak mugimenduak hurrengo larunbaterako, hilak 19, Donostian egingo duen manifestaziorekin bat eginda. Era berean, aldarrikapen berdinarekin gaur eta bihar Hego Euskal Herriko gainerako hiriburuetan antolatutako kontzentrazioekin bat egitera deitu du. “Euskal Gazteria. Libre eta Legala” lemapean, larunbateko manifestazioa eguerdiko 12.30etan Boulevardetik abiatuko da eta hiriburuko kaleak zeharkatuko ditu Euskal Herriko Gazteriaren eskubide zibilak zein politikoak aldarrikatuz.

Urreak, alderdi ezkertiarreko gazteen taldeko kide eta Gasteizko ganberako legebiltzarkide gazteena, bizi dugun egoera ulertezina salatu du: “Euskal herriarentzat bakea eta normaltasun politikoa lortzear gauden garai itxaropentsu hauetan, onartezina da oraindik ere gazte jazarriak, atxilotuak, epaituak, kondenatuak eta iheslariak egotea politikan aritze hutsagatik”. Horrez gain, Espainia eta Frantziako gobernuei leporatu die “behin eta berriro pertsonen oinarrizko eskubideak, eskubide zibil zein politikoak neurri zapaltzaileekin urratzea”.

Bestaldetik, Alternatiba Gazteak larunbateko manifestazioan gizarte osoaren mezu bateratu bat bidaltzearen garrantzia azpimarratu nahi izan du, eta “norbaiten etxean indarraren bitartez sartzean, gure etxea ere inbaditzen ari direla” gogorazita. Gazteek bizi duten errepresio egoera honen aurrean, babesgabetasun egoeran bizi direnentzat zubiak eraikitzera eta laguntza luzatzera deitu du.

Diana Urrea bera izango da Alternatibaren ordezkaritzaren baitan Donostiako manifestazioan eta, besteak beste, Gipuzkoako Koordinatzailea Xabier Soto ere izango da bertan harkein batera.

EHBilduk herritarrak zoriondu ditu bakea eta giza eskbideen aldeko manifestazio kolosalagatik

Lehenik eta behin, atzokoan Bilboko kaleak lepo bete zituzten hamarna milaka lagunak zoriondu nahi ditugu. Zalantzarik gabe, atzokoa giza eskubideen, konponbidearen eta bakearen aldeko herri mobilizazio erraldoia burutu zen.

Baina guztiaren gainetik, aldarrikapen eta mandatu argi bat utzi digu atzoko mobilizazioak: euskal gizarteak dispertsioarekin amaitzeko eskatzen du, salbuespenezko espetxe politikarekin amaitzeko, euskal presoei dagozkien eskubideak errespetatzeko.

Euskal jendarteak argi adierazi zuen atzo: Amaitu da blokeo eta aitzakien garaia. Aski da; espetxe politikak eta eskubide urraketak konponbidearen aurkako tresna izateari utzi behar diote.

Eta atzokoan ere argi eta ozen adierazi zen: euskal jendartearen borondatea ezin du mespretxatua izan. Izan ere, jakin badakigu Bilboko kaleetan entzun zen aldarrikapenak Herrira mugimenduaren deia babestu genuen indar politikoen siglen askoz ere haratago doa eta gehiengoa zabalaren babesa du.

PP eta Espainiako gobernua soluzioaren aurkako planteamenduan murgilduta dabiltza. Baina argi eta garbi dugu: ezin dugu PPren blokeoaren azpian kokatu. Ezbairik gabe, ezarri nahi diguten ukazioaren harresia gainditu eta konponbidearen eta bakearen bidea urratu behar dugu.

Ziur gaude helburu horren garapenean euskal jendartea eta nazioarteko komunitatea erabakitzaileak izango direla eta horretarako borondatea eta kemenaz gain, tresna eta bide-orria ere badugula: Aieteko Adierazpena.

Horrela bada, datozen hilabeteetan Aieteko Adierazpena bazter guztietara zabaldu behar dugu eta bere edukien garapenean indarra egin.

Gatazkaren konponbiderako eta bakearen eraikuntzarako aukera probestu beharra dago, justizian eta eskubide guztien oinarrituko bakean. Horretarako, herri honek oinarrizko kontsentsua erdietsi behar du euskal herritarren eskubideen inguruan, norbanakoak eta kolektiboak; eta euskal jendartearen borondate demokratikoa errespetatua izango denaren konpromisoa.

Eta nola ez, ibilbide horretan ezinbestekoa eta urgentziazkoa da atzoko Bilboko kaleetako herri deiadarrari eustea eta euskal presoei ezartzen zaien salbuespenezko espetxe politikarekin behin betiko amaitzea. Horretarako erabateko konpromisoa adierazi nahi du, berriro ere, Euskal Herria Bilduk.

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-prn1/19287_582287598455227_867300429_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/385328_582287671788553_344639840_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/530800_582287688455218_1039671418_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/196702_582287685121885_1884272127_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-snc6/230686_582287728455214_1578899230_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/398077_582287381788582_390746065_n.jpg

Alternatibak presoen eskubideen alde kalera ateratzera deitu du, “ideologia eta alderdikerien gainetik”

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Euskal Herriko herritar guztiei dei egin die larunbat honetan euskal presoen eskubideen alde Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestazio nazionalean parte hartzeko, Giza eskubideak, irtenbidea, bakea. Euskal presoak Euskal Herrira lemapean. Matutek azpaimarratu izan duenez, “gure herrian bakea eta normalizazio politikoa lortu nahi badugu, giza eskubideen defentsa ideologia eta alderdikerietatik haratago joan behar dugula” eta, horregatik, pertsona guztien eskubide guztiak babesteko indarrak batzera deitu du.

Iaz bezala, EH Bildu taldeko parlamentariak larunbatekoa deialdi historikoa izango dela aurreikusi du: “Milaka pertsona eta eragilek dira manifestazioari atxikimendua erakutsi diotenak eta dagoeneko inork ez du aitzakiarik mendekuan oinarritutako espetxe politika babesteko”. Guzti honengatik, Alternatibak “Paris eta Madrilgo gobernuei sakabanaketa bezalako neurri zigortzaileekin amaitzeko eta, eskubiderik oinarrizkoenak beteta, gaixotasun larriak dituzten presoak berehala askatzeko” eskatu die.

Bukatzeko, talde ezkertiarreko bozeramaileak esan du “bihar, milaka eta milaka lagunek Bilboko kaleetatik salbuespen politikak behin betiko bukatu behar direla exijituko” dutela,” seguruenik manifestaziora deitu ez duten eragileetako jarraitzaileak barne”.

EH Bilduk elkartasuna adierazi die Gernikan pikete batean parte hartzeagatik gaur epaitutako 18 lagunei

EH Bilduk bere elkartasun eta babes osoa adierazi die 2011ko urtarrilaren 27ko greba orokorraren egunean Gernikan pikete informatibo batean parte hartzeagatik gaur bertan epaituak izango diren 18 lagunei, eta Eusko Legebiltzarrak ere berdin egin dezala nahi du koalizioak. Horretarako, legez besteko proposamena aurkeztu du gaur Gasteizko Ganbaran.

Rebeka Ubera legebiltzarkideak gogora ekarri duenez, fiskalak 3 urte eta 9 hilabeteko kartzela-zigorra eta 6.000 euroko isuna eskatu ditu auzipetu bakoitzarentzat, “gehiegikeria izugarria”, bere iritziz, eta “are gehiago kontuan hartzen badugu pertsona horiek jada kondenatuta daudela, Madriletik bideratutako neurrien ondorioz prekarietatea pairatzera, hain zuzen ere”.

EH Bilduk “greba eskubidea herritar zein langile ororen oinarrizko eskubidea” dela nabarmendu du eta, horren harira erantsi duenez, “une honetan gainera herritar, sindikatu eta eragileen mobilizazioa behar-beharrezkoa da lan eta gizarte eskubideak defendatzeko eta murrizketei aurre egiteko, horiek geldierazi eta egoera sozioekonomikoa aldatze aldera”.

Ildo horri jarraituz, gaur aurkeztutako proposamenaren bitartez koalizioak eskatzen du Legebiltzarrak espainiar Gobernuak inposatutako murrizketak arbuia ditzala eta Jaurlaritzak murrizketa horiei aurre egin eta EAEn aplikatzeari uko egin diezaiola, “prekarietatea eta langabezia sustatzea besterik ez dakartelako”.

U12: Herrien arteko samurtasuna

Pablo Fernandez – Alternatibaren Bilboko Asanblada

Duela urtebete, Bilboko kaleak zeharkatu zituen euskal preso politikoen aldeko manifestazio erraldoian, Espainiar estatuko leku desberdinetatik etorritako adiskide eta ezagun kopuru handi eta adierazgarria ikusteko aukera izan genuen. Euskal herritarren eta gaztelarren, andaluziarren, extremadurarren eta gainerakoen arteko ohiko elkartasun bideekin batera, azkenaldian sortutako gazte ekintzaile berriak dauzkagu, politikagintzaren kezka M15, 29S Rodea el Congreso, Marea Verde eta  Marea Blanca (Madrilen hezkuntza eta osasungintza publikoaren aldeko mugimenduak hurrenez hurren) eta Euskal Herriko errealitateari “bestelako begiradarekin” begiratzen diotenak.

Bi dira aldaketa horren atzean dauden eragileak. Batetik, gero eta jende gehiago ari dela kalera ateratzen eta literalki ari da nozitzen bere buruan espainiar demokraziak bildu eta manifestatzeko eskubideez duen irakurketa bitxia. Hor dira elkarretaratzeetan egote hutsagatik jarritako isun ugariak edota munduari bira egin dion irudia, modu baketsuan bunker bilakatutako parlamentua inguratzen duten gizon eta emakumeena, Gobernuarekiko eta, ondorioz, Estatuaren bitarteko zapaltzaileekiko talka irudikatzen duena, azken 30 urteetan ikusi ez den moduan.

Euskal Herrian, tamalez, protesta sozialaren errepresioa eta salbuespen politikak etengabekoak izan dira azken hamarkadatan: jazarpena, frogarik gabeko salaketak, zentsura, inkomunikazioa, salbuespeneko atxiloketak, sakabanaketa, babesgabetasuna… Guztia terrorismo sezesionistaren aurka dena zilegi dela betiereko aitzakiapean, kanpora ederki eta erraz esportatzen dena.

Euskal gatazkaren berrirakurketa eragin duten aldagaiekin bueltan, gero eta argiagoa dirudi Euskal Herrian ireki den egoera berriak Madriletik altxatu duten ke hesia euskal herritarren eta gainerakoen artean, dagoeneko, ez duela ezertarako balio. Ez du balio azken hamarkadetako diskurtsoak, gauzak aldatu egin dira eta Ebrotik bestalderako sentsibilitate demokratikoenekiko komunikazio bideak nabarmen hobeto dira.

Gauzak horrela, espainiar estatuko herritarrei dei egin nahi diegu, urtarrilaren 12an gurekin egon daitezela Bilboko kaleak, berriz ere, presoen eskubideen aldeko aldarri herritar eta demokratikoa izan daitezen, eritasun larriak dituztenen askatasuna eskatu, sakabanaketa eta bere ondorioak zein zigorren luzatze bidegabea salatu eta tortura ororen amaiera exijitzeko.

Vallecasko Ateneo Errepublikarreko lagunak, Chamberiko gazte komunistak, Orcasitaseko irrati libreen ekintzaileak, Aragoiko nazionalistak, Andaluziako SAT sindikatuko kideak, Madrilgo Complutense unibertsitateko ikasle errepresaliatuak, “hau ezagutzen duten” katalanak, Segoviako Correoseko langile anonimoak, Burgosko gaztelanistak, Extremadurako IUko adiskideak, haien alderdiak Euskal Herriarekiko izan duen jarrera betidanik kritikatu dutenak, arrazakeriaren aurkako mugimendu asturiarreko ekintzaileak, Chuecako LGTB kolektiboetako kideak, eta oharkabean pasatzea nahiago izan zuen zinemagintzako jendea… lagun guzti horiek izan ziren gurekin iaz eta espero dugu larunbatean berriz izango ditugula gure artean Autonomia kalea lepo betetzen.

Batzuek ez dute beren burua espainiartzat jotzen, beste batzuek, aldiz, bai, herrien eskubide demokratikoekiko errespetua duten arren. Bakoitzaren izaeratik haratago, guretzat garrantzitsuena da elkartasuna herrien arteko samurtasuna dela dioen printzipio internazionalista zuenganatu egiten duzuela. Horrexegatik, Euskal Herritik ere Alfonso Fernandez, Alfon, aska dezatela eskatzearekin bat egiten dugu, FIES erregimena ezarrita azaroaren 14an Vallecasko grebalariekin bat egitera zihoala atxilotu eta ordudanik kartzelan mantentzen dutena.

Alfonen ama, Elena Ortegak, honakoa adierazi die komunikabideei: “Auzoko gazteak gehiegi izugarri estutzen ari dira. Irteerarik ez dute eta orain manifestatzea ere debekatu nahi diete”. Gazte horiek gure parte dira eta sentitzen dugu, gero eta biziago, hemen borroka egiten dugunok haien parte ere bagarela. Urtarrilaren 12an, denok Bilbora! Euskal Presoak Euskal Herrira!

http://alternatiba.net/old-files/Bilbo.jpg

Alternatibak “Jaiotza” antolatu du eliza katolikoaren emakumeen eskubideen aurkako erasoak salatzeko

Alternatibako militante feministek pasa den abenduaren 22an “Mariak Gabonak abortatu ditu” izeneko kale ekintza egin zuten Bilboko Santiago Katedralaren aurrean, eliza katolikoaren eta bere ideologiaren aurkako salaketa egiteko asmoz. Bere izate guztian emakumeen eskubideak “hutseratu eta zapaldu” izana leporatu diote eliza katolikoari, bereziki eguberri egun hauetan, noiz eliza katoliko kupularen musika inoiz baino ozenago entzuten dugun, behin eta berriro, emakumeen abortatzeko eskubidearen kontra eginez. Azken batean, “gure gorputzen gaineko erabakiak hartzeko eskubidearen kontra egiten duen kanpai musika entzuten da, jainko katoliko baten morroi izan behar garela justifikatzen duen hotsa, alegia”. Gabonetan da, hain zuzen, Andre Mariak bere gorputzari, plazer sexualari eta bere bizitza berari ere uko egiten dionean, jaungoikoaren semea erditzeko eta zaintzeko helburu bakarrekin.

Eguerdiko 13:00ak aldera, ehunka pertsona gabonetako erosketekin ari zirela, haietariko askok jakinguraz gidatuta performancea ikustera gelditu ziren. Ekintza, Ama Birjinaren ur botatzearekin hasten da, Josebaz lagunduta, jaungoikoari erditzeko indarra eta errukitasuna eskatzen dion bitartean. Orduan, “Angela” agertzen da, “Angela Davis” estatubatuar feminista famatua gogora ekarriz, Mariari feminismoaren ontasunak iragarriko dizkiona eta exorzismo baten bitartez, bere mina kenduko diona. Ondoren, bere gorputzaren gozamen erotikoa eta sexuala ezagutzera gonbidatu eta barruko erru katolikoa, arrosarioa eta biblia pisuduna aterako dizkio, momenturarte bere buruaren jabe izatea galarazten zizkiotenak. Kale antzerkiari amaiera emateko, koreografia batez lagundutako saio musikala egiten dute, eta horrela dio: “Feministak gara, antipatriarkalak, enpoderatuak eta erotizatuak”.

Ideas para recortar – Murrizteko ideiak

Aurten Olentzerok ez al dizue eskatutakoa ekarri? Lasai! Oparitzeko ideia berriekin gatoz, erregetarako. Baina aurten ez dira oparitzekoak izango…. MURRIZTEKOAK baizik! Bai, orain opariak eman beharrean kentzen dizkizute! hau luxua! Aurten murrizketa zoragarriak izango dituzu, bi baten truke! eskuetatik kenduko dizkigute murrizketa hauek! AHT bat nahi? eliza katoliko disiratsua eta boteretsua? ez dago problemarik! tankea eta guzti izan ditzakezu! Hori bai, osasun publikoa mantentzeko nahiko egongo den ez dakigu…eskatu hurrengo urtean Olentzerori ea zorterik dugun…

¿Que Olentzero no ha acertado con vuestro regalo este año? No hay problema! traemos nuevas ideas para regalar en lo reyes. Pero este año no van a ser para regalar… sino para RECORTAR! Sí, como lo oyes. Este año en vez de regalos, tendrás unos maravillosos recortes y todo 2×1. Nos lo quitan de las manos. Quieres un tren de alta velocidad, o una iglesia católica poderosa y reluciente? No hay problema! Podrás tener hasta un tanque! eso sí, para la sanidad pública de calidad no sabemos si llegará…pero siempre podemos perdírsela al Olentzero el año que viene…

http://alternatiba.net/old-files/ideaspararecortar-txiki.jpg

Alfon, baldartasuna azalerazten

Iagoba Itxaso – Alternatiba

Azken egunotan Alfonso Fernandez askatzearen aldeko elkartasun mezuak ugaritu direla ikusi dugu, A14an atxilotutakoen artean, Europako langileen borroka egunean, oraindik kartzelan dagoen pertsona bakarra.

Egoerak deja vu sentsazioa sortzen digu: jazarpena, segada, froga falta, inkomunikazioa, behin-behineko espetxealdiak, kartzela aldaketak, FIES erregimenak, babesgabetasuna… Deja vu bat baino, egoera berari buruz hitz egiteko faltan dugun gauza bakarra presoa ehunka kilometrora dagoen kartzela batera eramatea da.

Poliziaren baldartasunak eta botere politiko herdoildu, atzerakoi eta zapaltzaile baten menpe dagoen lege sistema espainiarrak, barrutik eta kanpotik desegiten ari den Espainia agerian uzten dute.

Zaila dirudi Espainia markarako preso politiko madrildar bat irenstea, baina boterean daudenek ez ezik, ingurukoek ere trakestasun larria azaltzen dute. PSOEk esaterako, batzuek argudiatutako epeltasunagatik baino, koherentziagatik egiten baitu; ez baita bakarrik zapalkuntza honen konplizea, ezarri ere egin izan du, eta horregatik isilik dago orain. Bakar batzuek hautsitako isiltasuna da, edonola ere, haiena, gutxiengoak ukabila altxatuta haserrera adierazten duelako, sozialismoaren arbasoek lotsaz ikusiko luketen jokabidearekin.

Baina baldartasunak gehiagorako ematen du, zenbait eragile eta norbanakoek Alfon preso politikoa dela deskubritu dutenean ezusteko gisa hartu dute, Palestinan edota Guantanamoko presondegian eman daitezkeen egoerak gogora ekarrita, baina ehunka euskal presoena zeharo ahaztuta. Beren burua “muturreko ezkertiar” gisa azaltzen duten eragileak dira, hedabide batzuek ere hala deitzen dieten arren, guztiek diote Alfon dela estatuko preso politiko bakarra.

Nire trakestasuna ere bada, hitzok aski dela eta mutil hau berehala askatu behar dutela esanda hasi behar nituelako, errugabetasuna aitortu behar diotela eta kartzela benetan merezi duenak bere bahiketan parte hartu zuen horiek direla. Hori egin beharrean, aldaratzeetan galdu eta Alfon babesten dutenei eraso egin diet.

Izan ere, Espainiaren euskotartzea deritzoten honetan sentimendu kontrajarriak sorrarazten zaizkigu. Guztiz ezinezkoa egiten baitzaigu preso politiko madrildarren inguruan hitz egitea ahaztuta Euskal Herriko preso gaixoak, sakabanaketa eta honek eragiten dituen heriotzak, zigorren luzamendu bidegabeak, iruzurrez beteriko epaiketak, torturak eta preso zein senideen kontrako erasoak.

Zorionez, Madrilen Amaiur ordezkatzen dutenak ez dira hain trakets ibili eta ederki asmatu dute Alfonen amarekin egoten eta, aldi berean, datorren hilabeteko mobilizazio garrantzitsuarekin bat egiten. 

Alfon askatu eta U12 Bilbora!

X