EHBilduk Fagorren erreskate publikoa eta kooperatiba berria sortzea eskatu du

Oskar Matutek inbertsio funtsa ere sortzeko eskatu dio Urkulluri, sektore estrategikoen bideragarritasuna bermatze aldera. Frantziar gobernua FagorBrandt salbatzeko neurriak hartzen ari dela gogora ekarri eta Jaurlaritzaren inakzioa salatu du, nora ezean dabilelako.

Fagor ixtearen ondorio larriez jabeturik, EH Bilduk Jaurlaritza busti dadila eta neurri zehatzak eta eraginkorrak har ditzala galdegin dio gaur lehendakariari, Fagorren egoera bideratzeari begira. Zehazki, Oskar Matutek Fagorren erreskate publikoa eskatu du, erakunde publikoek eta Kutxabankek, plan integral bati jarraituz, laguntza ekonomikoa eman dezatela, kooperatiba berri bat sortze aldera, lanpostuak eta Deba Goienako eta Basauriko etorkizuna bermatzearren. Izan ere, ohartarazi du, “ez da aski zaintza paliatiboak ematea, Jaurlaritzak egiten duen bezala, ehun industriala bertan behera erortzen ari den bitartean”.

Halaber, Kutxabankekin batera, elkarlanean, inbertsio funts publikoa sor dezala eskatu dio EH Bilduko legebiltzarkideak Jaurlaritzari, industria sektore estrategikoen bideragarritasuna ziurtatuko duen finantziazioa bermatzeko. Matutek dioenez, “marko legala aitzakiatzat hartzen dute ezer ez egiteko, baina marko legal horrexek Bankari 41.000 milioi euro ematea ahalbidetu du, eta %70a inoiz ez da berreskuratuko. Horregatik, ez Estatuaren aldetik, ez marko horren aldetik ezin dugulako ezer espero, ezinbestekoa da Jaurlaritzak lidergoa erakustea eta ausardiaz jokatzea”.

Matute, hala ere, kezkatuta agertu da, orain arte lehendakaria bera eta bere Gobernua nora ezean ibili direlako afera honetan, Fagorren arazoaren konponbidean modu erabakigarrian esku hartzeko ausardiarik gabe. Horren harira, EH Bilduren ordezkariak Jaurlaritzaren jokaera eta frantziar Gobernuarenarena kontrajarri ditu, Parisen neurri zehatzak hartzen ari baitira sektore publikotik FagorBrandt eta bertako lanpostuak salbatzeko. Hemen, ordea, “inakzioa nagusitu da Lakuako bulegoetan eta Gobernua nora ezean dabil, lidergorik eta estrategia argirik gabe, Fagorren egoera larriari nola heldu jakin gabe”.

EHBildu

EHBilduren ekimenez Legebiltzarrak ateak irekiko dizkio gazteriaren parte hartze zuzenari

Euskal gazteriak Legebiltzarreko jardun politikoan zuzenean parte hartzeko aukera izango du. Horretarako, ponentzia zehatza sortuko da Legebiltzarrean, gazteriaren arazo eta soluzioei buruz eztabaida egiteko. EH Bilduk eraman du proposamena ganberara. Diana Urrea legebiltzarkidearen iritziz, gazteek politikagintzan parte hartzeko beharrizana bistakoa den arren, errealitate bihurtzea iraultzailea ere litzateke. Ponentzia urtea bukatu baino lehen sortu da ganberako foro berri hori.

“Ulertzekoa da gazteek politikarekiko duten iritzi negatiboa. Izan ere, gazteen parte hartzea ezabatzeaz gain, klase politikoak neurri kapitalista eta patriarkalak hartzen dituenean, ez zaio rol aktiborik uzten. Gazteen aurka egiten da politika eta horrek eragin negatiboa du”, salatu du Urreak. Legebiltzarkideak eredu aldaketa bat aldarrikatu du, “justizia sozialean, gazteen parte hartze aktiboan, burujabetza eta genero ikuspegia barneratuko duena eta hartzen diren erabakiak loteslea izatea defendatzen dugu”. Izan ere, gaur egun eredu espainolaren menpe gaude, zeinak “euskal gazteen parte hartzea kriminalizatu egiten duen, Madrilgo salbuespeneko epaitegietara eramanez”, kritikatu du.

Urreak gazteen egoeraren diagnostiko sakona egin du eta bereziki azpimarratu du emakumeek pairatzen duten krisiaren kalte bikoitza. “Emakumeez ari bagara prekarietatea bikoitza da, murrizketa gehiago pairatzen dituzte eta egiten diren murrizketak kalte gehiago egiten die emakumeei. Gainera, langabezi tasa handiagoa dute”.

EH Bilduren iritziz, klase politikoren zati batek beldur handia dio gazteen enpoderamenduari, eta horregatik saiatzen deira parte hartze politikak oztopatzen. Ponentzia enpoderamendu horri lagunduko dio, “gazteek gazteentzat egindako hausnarketak izango dira, eta etorkizun politikoa diseinatzeko balio beharko du”.

EHBildu

Matute: “EHBildun behean dagoen jendearekin gehiago pentsatzen saiatzen gara”

EH Bildu legebiltzar-taldeak egindako legez besteko proposamena, Espainiako Gobernuak defizita malgutzeko hartutako erabakiaren ondorioz Jaurlaritzak izango duen baliabide ekonomiko gehigarriaren zertarakoari buruz. Eztabaida eta behin betiko ebazpena.

Oskar Matute bere eskuhartzean: “Eta zalantzarik gabe, EHBildutik behean dagoen jendearekin pentsatuko dugu. Hori da gure borondatea. Gustatuko litzaiguke beste talde guztiek horixe bera nahi izatea, horrela, gizartearen benetazko interes nagusiak ezagutuko genituzkelako: gizarteak dituen benetazko interesak eta behar duen eredu sozio-ekonomikoa, haien eskubideak defendatu eta garapen pertsonala bermatuko duena, epe motz, ertain eta luzean”

EHBilduk erakunde publikoen esku hartze integrala eskatu du Fagorren auziak arriskuan jartzen dituen lanpostuak erreskatatzeko

Erakundeei “irakurketa eta soluzio globala” eskatzeaz gain, Kutxabanki ere inplikazio eta konpromiso zehatzak eskatu dizkio, “baduelako zer egina industria sektorea indartu eta mantentzeko bidean”.

Gasteizen emandako prentsaurrekoan, EH Bilduk “esku hartze publiko zuzena eta serioa eskatu die administrazio guztiei, Fagorrek eta inguruko enpresetako lanpostu guztiak erreskatatzeko. “Epe laburreko eta arazoa bere osotasunean aztertzen ez dituzten iragarpenak ez dute sakoneko arazoa konpontzeko balio izango”, salatu dute. Horren haritik, “elkarlanean soluzio integralak bilatzeko” eskaria luzatu die erakunde ezberdinei, bereziki Eusko Jaurlaritzari, atzoko bilerara “itxiera zertifikatzeko borondatearekin soilik joan baitzen”.

Koalizioaren izenean Oskar Matute eta Marian Beitialarrangoitia legebiltzarkideek prentsaurrekoan oso kritiko agertu dira Jaurlaritza eta MMCrekin, prozesuan egiten ari diren kudeaketarekin. “Gobernuak ez dauka argi ze industri politika jarraitu eta bultzatu behar duen, herri honetako industriak eta sektore estrategikoek aurrera egin dezaten”, kritikatu dute. Gainera, Fagorren itxieraren prozesu osoan egon den “gardentasun eza” salatu dute. “Batzuk diskrezioaren beharra aldarrikatu dute, gardentasun falta ezkutatzeko, bereziki langile eta kaltetuekiko. Guk gardentasun falta atzeman dugu, ez diskrezioa”.

“Epe laburreko erabakietatik eta erabaki partzialetatik aldendu egin behar gara. Irakurketak eta azterketak globala izan behar du, eta erakundeei elkarlanean aritzeaz gain, Kutxabanki ere inplikazioa eta konpromiso zehatzak eskatzen dizkiogu, herri honen industria mantendu eta indartzeko prozesuan”, gaineratu dute.

EHBildu

X