Alternatibaren irakurketa Emakumearen Egunaren inguruan

Martxoaren 8a den honetan, Alternatibatik adierazi nahi dugu kapitalismoaren erasoei aurre egiten jarraitzen dugula, krisialdia gainditzeko bide faltsuei eta ideologia fundamentalistei aurre egin behar diegula.

Emakumeok, tamalez, ez gaude eskubideak konkistatzeko unean; aitzitik, erresistentzia sutsua eskatzen digun garaia da bizi duguna, aurreko hamarkadetan lortu izan ditugu eskubide guztiei eutsi ahal izateko. Patriarkatuaren erantzuna gure eskubideak murriztera mugatzen da, laztasun neurriak aitzakia bezala jarrita. Aurrekontuak zerbitzu sozial guztietan murriztu dituzte; soldatak zein pentsioak jaitsi dira eta bizitzaren alderdi guztiak merkantzia bihurtzeko ahaleginetan daude. Guk, emakumeok, preziorik altuena ordaintzen dugu: kaleratuko dituzten lehenengoak gara eta, etxeko lanik ohikoenak guregan hartu ez ezik, zerbitzu sozialek aurretik eskaintzen zituzten funtzioei are aurre egin behar diegu. Halako neurriek etxean murgiltzera buelta gaitezela bilatzen dute.

Kapitalismoak prekarietatea besterik ez du eskaintzen eta az gara konformatuko lan merkatuan baldintzarik txarrenetan sartzearekin. Sistema bere osotasunean eraldatu beharra dago, guretzat ezinbestekoa den aldarrikapena da lanaren banaketarena, ordaindu gabeko lana zein soldatapekoa banatu beharra dago, lanaldiak murriztetik hasita.

Gainera, gustatuko litzaiguke gure elkartasuna adieraztea mundu osoan borrokan jarraitzen duten emakume guztiei, poliziari, zerbitzari publikoei ea justizia bidegabeari aurre egiten dieten horiei, eta indarkeria pairatzen duten guztiei.

Azkenik, esan nahi dugu patrirkatuaren eraso berrien aurrean kalean izango garela, erresistentzian, borrokan eta gure gizarteak beharrezkoak dituen egiturazko aldeketa guztietan sakontzen. Emakumeen asktasuna ez dugu lortuko egungo sistemaren erreformarekin, gainditu beharra dugu, gure emantzipaziorako helburu berriak bilatuta. Sistema honek hasieratik huts egin du, finantzen eztandaren aurretik ere. Herritar guztiei bizimodu duina eskaintzeko gaitasunaik ez duela erakutsi digu behin eta berriz. Oraignoan baina, gordintasun osoz frogatu digu.

Eredu sozioekonomikoaren ardatza, kapitalean baino bizitzan kokatzeko garaia heldu da; premiazkoa dugu alternatiba hau eraikitzea, eta horrek guztion parte-hartzea behar du.

http://alternatiba.net/old-files/trio pintada.jpg

Martxoak 8 Marzo: Gora emakumeon borroka eta kitto!

Aquí está la imagen que Alternatiba ha elegido para ilustrar los carteles y pegatinas de este 8 de Marzo. Este año el mensaje es tan corto como conciso: Gora emakumeon borroka eta Kitto! (Arriba la lucha de las mujeres y punto!).

Hona hemen aurtengo Martxoaren 8aren harira Alternatibak kaleratu duen irudi berria kartel zein pegatinetarako. Lelo laburra bezain argia aukeratu dugu oraingian: Gora emakumeon borroka, eta kitto!

Emakume Langileen Eguneko fartsak

Alternatibako Mahai Feministak aurtengo martxoaren 8an ere emakumeon borroka aldarrikatzen dugu. Horregatik, egun honetan egiten diren diskurtso antifeministekin eta patriarkalekin astoratuta gaudela esan nahi dugu. Hasieran diogun bezala “Zoritxarrez, bideo hau egiazko gertaeretan oinarrituta dago”. Gora emakumoen borroka!

Feminismoa, Antikapitalismoa eta Norvegia

Amaia Agirresarobe eta Carmen Garcia – Alternatibako Mahai Feminista

Datozen urteetan benetako hondamendia ezagutuko du Euskal Herriak gizarte arloari dagokionez. Hala, ezinbestekoa da herritarrek jakitea eman daitekeen asaldaketa ezarritako boterearen kontrako alternatiba sortu ahal izateko ordaindu beharreko salneurria izango dela. Benetako alternatibaz ari gara, ez botere txandakatzeaz. Egoera zail honetan, gai izango al dira indar ezkertiarrek alternatiba hura eraikitzeko? Alternatiba feminista izango al da edota traizio berri baten aurrean kokatuko gaitu, ezker klasikoaren eta feminismoaren arteko talka emanda, historian hainbestetan gertatu den bezala, emakumeen eta gizonen arteko parekidetasuna lortzeko borroka aldarrikapen zerrendaren amaieran kokatu denean? Zantzu guztien arabera, gatazka saihestezina izango da ezkerretik eztabaida politiko sakona eta lasaia egiteari ihes egiten badiote beren postulatuetan gizon eta emakumezkoen arteko berdintasuna benetan –eta ez formalki- txertatzearen inguruan. Hausnarketarako zenbait elementu proposatzera gatoz, egun premiazkoa dugun eztabaida euskal ezker desberdinen agenden azken orrietan ageri den arren.

Egungo zibilizazio krisia gainditzeko alternatibaren eraikuntza feminismo antikapitalistarentzat zailtasun handiko testuinguruan ematen ari da, gutxienez bi ahultasun handiek markatutakoa. Batetik, feminismoaren instituzionalizazioa eta, honi lotua, aukera berdintasunarekiko sinesmen itsua, sistema bere osotasunean zalantzan jartzea oztopatzen duen ikuspegia izanik. Pentsa liteke hegemonikoa bilakatu dela feminismoaren diskurtso zein jarduera liberal bat zeinek ez duen bestelako menpekotasun sistemekin – klasea, arraza, egoera ekonomikoa zein soziala- bat egiteko asmorik, eta azterketa estruktural eta sistemikoetan oinarritzen ez dena, egungo egoeran oinarrizkoak badira ere; patriarkatua, kapitalismoa, kolonialismoa, produktibismoa eta demokrazia formala bateragarriak eta beharrezkoak diren errealitateak direlako.

Bestetik, bere burua alternatibotzat duen ezkerraren erredikaltasun faltak, egun, sistemaren eraldaketa osoa proposatu eta exijitzen duen feminismoaren bultzada oztopatzen du. Hala, eremu politikoa eskumara mugitu da, eta ezkerrak ez dio horri ihes egin. Prozesu hau, gau neoliberal luzean garatutakoa, biluztu egin zen 2007ko eztanda finantzarioaren ostean. Globalizazio kapitalista 20 urtez nagusi izan ostean, bizi dugun egoeraren aurrean erantzuna eman nahi dugunean, konturatzen gara bere garaian etsai genituen horien proposamenak babesten ari garela! Liberal ohiek eskumako posizioetan kokatzen dira orain; sozialdemokrata ohiek liberalismoan; eta ezkertiar izandakoek… sozialdemokraziaren posizioetan kokatzen dira! Honetan, ezkerra, bere begirada emantzipatzailea klasetik haratagoko borroka esparruetara begiratu beharrean, joera erreformistari eusten dio.

Hala, eskuinerako joera orokor hau, feminismo liberalaren instituzionalizazioarekin batera, feminismo antikapitalistarako oztopo handi bilakatzen da. Ezkerrak sozialdemokraziara egin duen eraldaketa horren inguruko premiazko eztabaida dugu. Ongizate estatua al da azken helburua edota trantsizio emantzipatzailerako hasierako urratsa besterik ez? Norvegia al da helburua? Berregin daiteke Norvegiako esperientzia mundu osoan? Eta batez ere, ez al da Norvegia zapalkuntza eta dominazioa bere maila gehienetan ezinbestekoa duen gizartearen eredugarria? Ez al da garaia aurrerakoia denaren, kapitalismoaren eta demokrazia liberala eta ordezkatzailearen eremutik (Norvegiatik alegia) at gizarte eredu berriak proposatzen hasteko?

Krisialdia ez da baliatu sistemaren kontraesanak auzitan jartzeko aukera gisa, alternatiba erradikala eta integrala martxan jartzeko asmoz; aldiz, eta oro har, maila apalagoa eta sistemarekiko jarrera bateratzaileagoa duen agenda eragin du. Izan ere, egungo ezker hegemonikoak izan dezakeen aurkari nagusia ez da sistema kapitalista ezta, are gutxiago, kapitalismo patriarkala, finantzen kolapsoa baizik, gure bizitzengan eragina duten gaitz guztien sorburua. Ekonomia “finantzariaren” demonizazioaren aurrean, ezkerraren hautua ekonomia “erreala” muturreraino defendatzea izan da, alegia, “produktiboa”. Sistema kapitalista babesteari ekin dio, bere ildo produktibistan izan arren eta honen oinarriak goratuta: soldatapeko enplegua eta lana. Estrabismo produktibista honen eskutik datoz sozialdemokraziaren aldarrikapen nagusiak, estatu indartsua eta arautzailea, eta ongizate estatua berreskuratzea lehentasun nagusi gisa.

Proposamen politiko honek, agenda neoliberalari bakarrik aurre egiten diona, gainerako krisi estrukturalak (zaintzarena, ekologiarena, elikagaiena) laga edo besteen menpe jartzen ditu, borroka feminista berriz ere bigarren mailan jarrita, lehentasunetatik urrun. Hareazko gazteluen gainean eraikitako alternatiba proposatzen digute, baina, politika publiko industrial eta gizarte babeserako neurri guzti horiek martxan jartzeko behar beste baliabide ekoizteko benetako aukerarik al dago? 50 eta 60ko hamarkadetako hazkundea berregiterik dago? Eta egingarria izanda ere, desiragarria al da? Galdera guzti hauei erantzuteko eztabaida atzeraezina da! Ezin gara erresistentziara mugatu, egun existitzen ez den alternatiba hausnartu eta eraiki behar dugu.

X