Getxoko Udala: Gardentasuna? Gobernu ona? Kudeaketa ona?

Kurtso berria dugu baina Getxoko udalean duguna ez da batere berria. Pasa den uztailaren 12ko Getxoberrin, Getxoko EAJren Gobernua, Udal honen eta bere Erakunde Autonomoen gardentasuna eta burutzen ari diren kudeaketa ona saltzen saiatu zen. Harro sentitzen zen, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiaren arabera (HKEE), Euskal Autonomi Erkidegoko lehen 25 Udalen barruan eta Bizkaiko 6garren udala izatea, zeinaren bere kontu publikoek ez duten hutsik aurkezten. Ba susmatu bezala, mitoa erori da. Aipatutako Epaitegiaren kontu-ikuskaritzak egindako behin behineko txostenek (2011ko ekitaldiei dagozkiena), argi erakutsi eta ziurtatzen dute gardentasuna opakutasunarekin nahasten dela eta gobernatze ona eta kontrolatua nahasmen hutsarekin.

Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak 2011ko ekitaldiei dagozkien txostenak aztertuz, honakoarekin topo egiten dugu.

 

1. PLANIFIKAZIO GABEKO ETA GUZTIZ PREKARIOA DEN PERTSONAL POLITIKA:

Aipatutako txostena aztertuz, aldi baterako lanaz abusatzen duen politika batekin topo egiten dugu, lan baldintzak ezegonkortzen dituena, ilegalitateetan erortzen dena, lan harremanak epaitegietan bukatzen dutenak,  eta langileari itxaropen faltsuak sortzen dizkiona.

Hainbat adibide:

a.- Udalean 20 langile mantentzen dira (15 gehiago Kultur Etxean, 45 Nagusien Udal Egoitzan eta 4 Musika Eskolan), aldi baterako obra kontratuekin  (batzuek 1999 aurretik), “finko mugagabe” bihurtu direnak eta gure ustez, eta indarrean dagoen legeari eutsiz, langile finko izan beharko liratekeenak. (txosteneko  II.1.3 atalean, 14. orrialdean)

b.- Udaleko Lanpostu- Zerrendan (LPZ) 19 lanpostu daude aurrekontuan diru-hornidurarik ez dutenak. (txosteneko  II.1.3 atalean, 14. orrialdean). zer egingo dute gure kudeatzaileek?, lanpostu hauek amortizatu eta Lan Eskaintza Publikora (LEP) zuzendu?

c.- Izendapen askeko lan-postu: 5 (nahi erara). Hauetako 3 Justizia Auzitegiak baliogabetuko ditu.  (txosteneko  II.1.3 atalean, 14. orrialdean). 

d.- Nagusien Udal Egoitzan, 188 lan kontratu egin ziren 13 langilerentzat 2002ko lan poltsak erabiliz, deialdietan publizitaterik gabe eta Funtzio Publikoan oinarri diren berdintasun, meritu eta gaitasun printzipioak baztertuz  (txosteneko  II.1.2 atalean, 9. orrialdean). 

e.- 2011. urtean Nagusien Udal Egoitzan 838 aldi-baterako lan kontratu egin ziren 73 langilerentzako eta erabili ziren lan poltsa batzuk 1999 urte aurretikoak ziren (txosteneko  A22 eranskinean, 9. orrialdean). Urte horretan Egoitzak 113 langile zituen eta haietatik 84 aldi-baterakoak ziren.

Nola justifikatuko dute nahasmen hau? Esanez zuzentzen ari direla 2010tik egiteke duten Lan Eskaintza Publikoarekin? EAJren Gobernu Taldeak oinarrizko lan eskubideak errespetatu beharko lituzke, langile guztien lan egoera erregularizatuz eta kalitatezko enplegu publikoa sortuz.

 

2. OBRA ETA ZERBITZUEN KONTRATUETAN GAIZKI EGINAK:  

HKEEk salatzen dituenak honakoak dira:  konkurrentzia eta publizitate printzipioak betetzen ez dituzten zerbitzu, obra eta azpikontraten kontratuak; %86raino bere prezioa igotzen duten zerbitzu eta obren esleipenak; gaizki kalifikatzen diren kontratuak eta beraz, euren kalifikazio eta iraupen legala betetzen ez dutenak; Osoko Bilkuretatik ebasten diren erabakiak; azpikontratazio ilegalak; zenbait kasutan eskaintza ekonomikoenak zigortzen dituzten esleipen sistemak, txarto aplikatutako fidantzak …  

HKEEk salatutako adibideak:

a.- Esleipen prezioa izugarri igotzen dituzten kontratuak, esleipen prezioa desitxuratzen eta beraz lizitazio bera ere bai. Adibidez: Getxo Antzokiko 2. Faseko obrak 2,9M €tik 3,773M €ra pasatzea (%30 baino gehiago), proiektu obraren zuzendaritza eta proiektuaren erredakzioa esleipenean 1,1 M€ izatetik 2,047 M€ izatera (%86 baino gehiago), Erromoko kolektorea berritzeko obra 902.982€tik 1,369 M€ra pasatzen da  (%51 baino gehiago). (txosteneko A.16.1 eranskinean, 60. orrialdean).  Zuzenean esleitutako 1,5 M eurokogastuak publizitatearekin negoziatutako prozedura erabiliz bideratu behar zirenak (txosteneko A.16.2 eranskinean, 63. orrialdean). 1,459 M€ko gastuak kontratu txiki modura bideratuak lizitaziora atera behar zirenak (txosteneko A.16.1 eranskinean, 60. orrialdean). 

b.- Publizitate barik eta negoziaketen bitartez esleitu zen Etxe Sorginduaren berritzearen kontratua 998.029 eurotan. Hemen ez zen frogatu esleipena jaso zuen enpresak bakarrik egin zezakeela. (txosteneko  II.1.1 atalean, 7. orrialdean). Geroago, legeria hautsiz, exekuzioa epez kanpo luzatu zen horretarako aurretiko luzatzea onartua izan gabe. (txosteneko  A.16.1 eranskinean, 60. orrialdean)

c.- 26,9 M eurotan esleitutako 9 kasutan kontratuak baloratzeko eta esleitzeko formula matematikek, eskaintza ekonomikoenak zigortzen ditu.  (txosteneko III.1.4 atalean, 15. orrialdean). Kultur Etxeari dagozkion kontratazio espediente guztietan, kontratazio mahaia behar bezala osatuta ez egoteagatik, hainbat hutsune atzematen dira administrazio agirien irekitzeari dagokionez , baita formula baten bidez kuantifikatu ezin diren irizpideei dagozkien agirietan (txosteneko III.2.2 atalean, 18. orrialdean).

d.- Hiri Garbiketa eta Zaborren Batzearen kontratuaren luzapena Gobernu Batzordeak onetsi zuen, onespen honen ardura Osoko Bilkurari zegokiolarik (txosteneko II.1.1 atalean, 7. orrialdean).

e.- Parke eta Lorategien mantenuaren kontratua 2006ko Ekainaren 20ean esleitu zen 1,8M eurotan 6 urterako iraupenarekin, administrazio kontratu berezi  modura, argi dagoenean zerbitzu-kontratu bat dela eta beraz, bere iraupen legalak ezin duela 4 urte baino gehiagokoa izan (txosteneko II.1.1 atalean, 7. orrialdean).

Epaitegiaren txostenean adibide gehiago agertzen dira baina ez dugu nahi gehiegi luzatu. Guretzat oso larria da herritarren dirua gaizki erabiltzea eta irregularrak diren kontratuak burutzea. Azken finean, kontratu hauek kontu ilunetaz eta faboreen kontratuetaz pentsatzera garamatzate. Kontratazioan gardentasuna beti exijituko dugu, are gehiago, herriaren ekonomia baldintzatzen duten proiektu handien kasuetan. 

 

3. JUSTIFIKATU GABEKO KOPURUAN ADOSTU ZEN PUNTA BEGOÑAKO HOTELAREN KONTRATUAREN APURKETA:

PUNTA BEGOÑAKO GALERIETAKO hotelaren kontratuaren amaieraz Epaitegiak adierazten du Udal Idazkariak kalte ordainaren kopurua negoziatu zuela, Udal Kontu-hartzailearen iritziaren aurka. Udal Kontu-hartzailearen iritziz aditu batek aztertu beharko lukeen Barceló enpresaren ospa egiteak Getxoko Udalean sortutako eragin ekonomikoa. Aditu horrek baloratu behar zuen Barcelók eman zuen dirua: 1,2M euro (jarritako fidantza 8,6M eurokoa zen) arrazoizko balioa ote zen kalte ordaina bezala. (txosteneko III.1.4 atalean, 16. orrialdean).  Udal Idazkariak, estatuko funtzionarioa eta bere eginkizunen artean udalean egiten diren gauzak legalak izatea zaindu behar duenak, Udal Kontu-hartzailearen gomendioen kontra NEGOZIATU ZUEN.

Jakin nahi dugu: zergatik ez zaio kasurik egin Kontu-hartzaileari? zein kaudimen edo formaltasun profesionalarekin negoziatu du Idazkariak? zeintzuk izan dira erabilitako irizpideak baloratu ahal izateko udalari eragindako kaltea? zer nahi dute jendeak pentsatzea arrazoitu gabeko 7,4 M euroko beherapenaz?

 

4. MUGARIK GABEKO AZPIKONTRATAZIOAK:

Zerbitzu kontratuei buruz Epaitegiak, besteak beste, ondoko irregulartasunak ikusi ditu:

a.- Udal Gobernuak 2010ko uztailaren 20ean bilketa kudeaketan zerbitzu osagarrientzako kontratua esleitu zuen 3,6 M eurotan eta 4 urteko iraupenarekin. Udalak aipaturiko kontratuan azaltzen diren zerbitzuen berrikusketa egin beharko du, zerbitzu horietako baten batek autoritate-ariketarik behar duenentz. Hala balitz, udaleko funtzionarioek soilik egin ahalko lukete lan hori.  (txosteneko III.1.4 atalean, 16. orrialdean). Guk argi dugu, autoritate-ariketa behar duela eta beraz ezin dela azpikontratatu. Bestalde, gogoratu behar dugu 2011ko ekitaldian, kobratu gabeko zergengatik 7,7 M€ hornitu zirela diruzaintzako soberakinetik. Honek argi erakusten du kontratatutako zerbitzuaren eraginkortasun eza.   

b.- Aztertutako obra espediente guztietan ez dago proiektua gainbegiratzen duenaren txostenik.  (txosteneko III.1.4 atalean, 15. orrialdean).

c.- Aztertutako kontratazio espediente guztietan, bai administrazio agirien irekieran baita formulen bidez kuantifikatu ezin daitezkeen agirietan, Kontratazio Legea betetzen ez duen Mahi Kontratazio ordezkatze bat dago (txosteneko III.1.4 atalean, 15. orrialdean).

Gobernu Taldeak zerbitzu publikoen azpikontratatzearen alde nabarmen egiten du, baita legeak onartzen ez dituen kasuetan ere. Horrez gain, ez du azpikontraten lanaren segimendurik egiten eta zerbitzu edo obraren kontrola enpresa beraien eskuetan uzten du.

 

5. UDAL BALANTZEETAN IBILGETUA ZENBATEKOA DEN EZAGUTZEKO EUSKARRIRIK EZ:

Txosteneko II.2 ataleko 11. orrialdean Epaitegiak esaten du ez dagoela euskarri egoki eta nahikorik Udaleko eta Erakunde Autonomoen balantzean jasotzen den ibilgetuaren kopurua ezagutzeko eta honegatik ezin da jakin erreala ote den Balantzean agertzen den 2011ko Abenduaren 31rainoko ondasun eta eskubideen egoera. Beraz, ibilgetua amortizatzeko, Galdu-Irabazien kontuetan jasotako diru kopurua egokia den ez dakigu eta ondorioz zalantzagarria da udal estatu finantzarioa (hau eta aurreko beste hainbat ohar, HKEEk 2003ko ekitaldiari zegozkion txostenetan aipatzen zituen). Bestaldetik, Epaitegiak Udalak Udal Lurzoru Ondarearen erregistrorik ez duela salatzen du (Txosteneko II.2 ataleko 11. orrialdean) .

Non gelditzen dira Ondarea, Egoera Finantzarioa eta Udalaren Emaitzen irudi leialaren printzipioak, kontabilitate ororen oinarrizko irizpide direnak?

 

ONDORIOA: HIRITARREN PARTE-HARTZE EZA

Aurreko atalean 35 ez-betetze baino gehiago aipa genitzake, baina hala ere uste dugu idazki honetan esandakoekin nahikoa dela argiro ikusteko Getxoko udal kudeaketan dagoen gardentasunik ezak dakartzan ondorio kaltegarriak. Izan ere, adierazi behar dugu edonorentzat eskuragarri jartzeko asmoa dugula idazki honetan aipatutako EHEEren txostenak.

Egia esan, GETXOko EHBILDUn ez genituen EHEEren txostenak behar ondorioztatzeko udal kudeaketa oso opakua eta irregularra dela. Egunez egun ikusten ditugu hiritarrentzat itxita dauden batzar informatiboak, datuen ostentze eta manipulatzea, erantzunen berandutzea, dokumentazioa lortzeko zailtasunak, zerbitzu publikoen pribatizaziorako obsesioa, etxebizitza publikoen politikarik ez izatea eta ekimen pribatuaren eskutan soilik uztea, laster datorren Udal Erregelamendu Organikoaren erreforman hiritarrei audientzia eta hitza emateko gure eskariari eman dioten ezetza. Honek guztiak opakutasunez, nagusikeriaz eta  ilunkeriaz  osatutako koktel bat dakar, udal bizitzan hiritarrek parterik ez hartzeak ahalbidetzen duena.

GURE PROPOSAMENA

Idazki honen helburua ez da soilik datuak, moduak eta udal gobernuak egiten duen kudeaketa txarra argitara ematea. Berez ez litzateke ezertarako erabilgarri, eskandalurako ez ezik, baina ez litzateke arazoaren irtenbide. EHBILDUren uste sendo eta konpromisoa da soilik demokrazia zuzena eta parte hartzailearen indartze eta bultzadak eta horrekiko hiritargoaren konpromisoak zuzendu ditzakeela salatutako moduko egoerak, udal mailan zein horretatik kanpo eskandaluz eskandalu gabiltza eta denon artean ordaintzen ditugu horien kostuak: prestazioen murrizketak (osasungintzan, pentsioetan, kulturan, hezkuntzan, babes eta elkartasun sozialean azken batean) eta askatasun zein eskubideen murrizketak.

Hiritargoari, era guztietako elkarteei (kulturalei, politikoei, sindikalei, etorkinenei, feministei, ekologistei, kirol arlokoei,…), PNVko eta gainerako partiduetako afiliatu eta boto-emaileei,  (PNV, PSOE eta PPko zinegotziak Udal Erregelamendu Organikoaren berrikuntzan hiritarrek udal organoetan parte hartzearen aurka azaldu baitira) dei egiten diegu gure herrian hiritargoak udal kudeaketan parte har dezan mugimendu bat sortzeko, kudeaketaren gardentasuna helburu, kontsultiboak soilik izango ez diren parte hartzerako guneak sortzeko, eta batez ere, udal gai estrategikoetan herri kontsulta egingarri bihurtuko duena.

Atxikitako dokumentoak:

Getxoko Udalaren 2011ko fiskalizazio lanaren ondorioak (Herri Kontuen Euskal Epaitegia)

Herri kontuen Euskal Epaitegiak Getxoko Udalaren 2011ko ekitaldi fiskaleko txostenean ageri dituen irregulartasunak

http://alternatiba.net/old-files/Ayto. de Getxo TVC P ejercicio 2011.pdf

Bizkaiko Batzar Nagusiek Gizarte Larrialdirako Laguntzak bermatzeko eskatu diote Jaurlaritzari EH Bilduren ekimenez

Bizkaiko Batzar Nagusiek Eusko Jaurlaritzari Gizarte Larrialdirako Laguntzak bermatzeko eskatu diote. EH Bilduk aurkeztutako ekimenak aurrera egin du eta Jaurlaritzari dei egiten dio “2013. urtean zehar jasoko diren Gizarte Larrialdietako Laguntzen eskaera guztiak asetzea berma dezala”. Horrez gain, “2014. urteko aurrekontu proiektuan, gutxienez, eskaera guztiak betetzeko diru-partida ziurta dezala” eskatzen dio.

Koalizioaren ekimenak PSEren babesa jaso du. EAJk eta PPk, ordea, ez dute neurriarekin bat egin eta abstenitu egin dira.

EH Bilduko batzarkide Amaia Agirresarobek “egindako hanka sartzea konpontzeko” eskatu dio EAJri eta Jaurlaritzak “dituen ardurak bere gain hartu” behar dituela nabarmendu du. “Orain udaletxeek euren poltsikotik jarri behar dute dirua gero zeta handiagoa den eskariari erantzun ahal izateko baina denek ezingo diete horri aurre egin”.

Gizarte Larrialdietarako laguntzak alokairua ordaintzeko, hipoteka ordaintzeko eta bizitzeko oinarrizkoak diren beharrak asetzeko zailtasunak dituztenei zuzentzen zaizkien laguntzak direla hartuta, Agirresarobek “arduragabekeria” gisa ezaugarritu du laguntzak eteteko Jaurlaritzaren erabakia. “Oraindik lau hilabete falta dira urtea amaitzeko eta laguntza eskatzen ari diren pertsonak ezin duten babesik gabe geratu”.

EH Bilduko batzarkideak EAJren jarrera salatu du “pobreziaren hazkundea eta gizarte bazterketa” sustatzen dutelako. Dena den, EAJren erabakiak ez du harritu “aukera izan duen bakoitzean murrizketei bide eman eta bultzatu dituelako”.

Koalizioaren eskariak PSEren babesa jaso du. Aldiz, EAJ eta PPk ez dute bat egin eta abstenitu egin dira.

Eskariak Jaurlaritzari dei egiten dio 2014ko aurrekontuetan laguntzak bermatzeko diru partida ziurtatzera.

EHBildu Bizkaia

Alternatibak bere Koordinakunde Nazionala berritu eta Europako hauteskundeetan EHBildurekin parte hartzea erabaki du

Batzarrak hartutako lehen erabaki garrantzitsua gure Koordinakunde Nazional berriaren aukeraketa izan da, egunez eguneko erabakiak hartzen dituen organo delegatua. Alternatibaren estatutuek zehaztutako 3 urteak igaro ostean berritzen dira. Aurkeztutako hautagaitza aho batez onartu da.

Bederatzi kideetatik bi baino ez dira aurreko taldean aritu; gainerako zazpiak lehenengo aldiz arituko dira Alternatibaren zuzendaritzan. Bost emakume eta lau gizon dira, beren lana eta militantzia emango dutenak erakundearen epe laburrerako erabakiak hartzeko. Taldeak genero, lurralde eta erakundearen talde lanketaren parte-hartzeari dagozkion irizpideak betetzen ditu. Hala, Alternatibaren Koordinakunde Naziona berria honako lagunek osatzen dute: Aitor Miguel Quintana, Alba Fatuarte, Ane Paguey, Ayem Oskoz, Cristina Bereciartua, Diana Urrea, Jon Lasa, Jorge Segoviano eta Maite Elizondo.

Bigarrenik, herritarrak aktibatzera deitu nahi dituen kanpaina aurkezten dugu gaurkoan, Jose Saramagok duela hamar urte erabili zuen esaldi batetik abiatzen dena, eta erasoen aurrean erantzutera bultzatu nahi duena: “Badira bi superpotentzia: Bata kapitalismoa da, bestea zu. Aktibatu”. Izan ere, hainbat urte pasa dira finantzen burbuila lehertu zenetik eta klase herritarren kontra emandako erasorik bortitzenen aitzakia bilakatu da.

Bi hilabete barru, abenduan, 5 urte beteko dira Alternatiba jaio zenetik. Menperatzen gaituzten dominazio sistema desberdinen kontrako borrokan aurrera egitetik urrun, etsipenaren biktima izateko arriskuan gaude, eskumak aipatzen duen gehiengo isilen parte izateko. Horregatik, datozen hilabeteetan dugun erronkarik handiena herritarrei erasoen aurrean geldirik ez gelditzearen beharra helaraztea da. Erasoen, murrizketen eta menpekotasunen aurrean aktibatzeko unea da; zapaltzen gaituztenen eta erabakitzeko eskubidea ukatzen digutenen aurrean aktibatzeko.

Bilbon gaur bildutako Batzar Nazionalaren baitan eztabaida luzea izan ondoren Alternatibak 2014 urteko maiatzean egingo diren Europako hauteskundeetan parte hartzea erabaki du, Euskal Herria Bildu koalizioaren barruan eta bere baitan adostutako, eta datozen hilabeteetan jakinaraziko direnak, Euskal Herritik haratago joan daitekeen koalizioaren osaketan eta ardatz programatikoetan.

Azkenik, Abortatzeko Eskubidearen Nazioarteko Egunaren harira, kalera ateratzera deitu nahi ditugu herritarrak, emakumeen oinarrizko eskubideen kontrako eraso berri baten aurrean gaudelako, emakumeon sexualitatearen eta amatasunaren gaineko erabakitzeko ahalmena urratu nahi duelako Gallardon ministroak Abortuaren Legearen erreformarekin, Zapateroren gobernuaren Epeen araberako legea baino atzerago doana. Ezarri nahi diguten zaintza, indarkeria patriarkalaren adibide larria da, eremu guztietatik erantzun beharrekoa.

Alternatibak Batzar Nazionala egingo du larunbatean Koordinakunde berria izendatu eta Europako bozen inguruan erabakitzeko

Alternatiban badakigu hasi berri dugun kurtso politikoa ez dela erraza izango, eta ez egoera ekonomikoarengatik, baizik eta gauzak aldatzeko gaitasuna dutenek, porrot egin duen eredua eraldatzeko asmorik ez dutelako. Hala, herritarrak pobretu, eskubideak murriztu eta elite ekonomikoen irabaziak bermatu dituzten politikak aplikatzera mugatu dira.

Jose Luis Bilbaok, berriz ere esan zuen atzo itxaropen izpiak ikusten dituela; PNVk bere egin nahi dituen izpiak. SuperSur bezalako azpiegitura erraldoiekin, beharrezkoak ez diren proiektuekin alegia, erabat hipotekatu gaituen alderdiaz ari gara, bizkaitarren hurrengo belaunaldiak ere zorpetu dituen alderdiari buruz. Enpleguaz hitz egiten dute, beren lanpostuengatik borrokan ari diren langileen kontra ertzainak bidaltzen dituzten bitartean; kirol talde pribatuei zergak barkatu egiten dizkien eskuma da, laguntza sozialak murrizten dituen berbera. Ezkerraldean langabezia tasa jasanezina egotearekin arazorik ez duen eskuma da ere, badakielako horrek lan baldintza prekarioak onartzeko prest egongo den jendetza sortzen duela, enpresariek atzo eskatu bezala, gutxieneko soldataren azpiko saria onartzeko prest dauden gazteak kasu.

Abenduan, 5 urte beteko dira Alternatiba abiatu genuenetik, eta larunbat honetako Batzarrean bere garaian aipatutako erronkei aurre egiten jarraitzeko erabaki garrantzitsuak hartuko ditugu. Tamalez, 2008an ezagunak genituen krisi eta menpekotasun desberdinak ditugu aurrean oraindik ere. Orduan esan genuen, ez ginela jaiotzen euskal politikari sigla berri bat ekartzeko, Euskal Herriko ezkerren arteko elkarlana sustatzeko baizik; ezker indartsua sortzeko, borroka sozialen eskutik ibiltzeko gai izango zena baina sistema eraldatzeko beharra erakundeetara ere eramango zuena; herri honetan eskuma osatzen duten PNVk, PPk, PSOEk eta UPNk ez dutelako arazorik gehien dutenen mesederako politikak onartzeko orduan.

Gure Batzarrak hartuko duen lehen erabaki nagusia Alternatibaren Koordinakunde Nazionala berritzea izango da. Unean uneko erabakiak hartzen dituen organo delegatua da, genero, lurralde eta erakundearen talde lanketaren parte-hartzeari dagozkion irizpide jakin batzuk bete behar dituena. 9 kide dira, erakundearen norabidea egunerokotasunean markatzeko lana eta militantzia eskainiko dutenak. Hiru urte bete dira egungo Koordinakunde Nazionala sortu zenetik eta, estatutuek, berritzeko unea dela zehazten dute, larunbatean itxiko dugun prozesuan. Horretarako, gutxienez hautagaitza bat izango dugu.

Eta une honetan, berriro ere, aurrera begiratu behar dugu datorren urteko Europako hauteskundeetan parte hartuko dugun erabakitzeko. Euskal Herrian ezker subiranista indartsua behar dugula diogun bezala, Gipuzkoako aldundia bezalako erakundeak gobernatu eta eraldatzen hasteko gai izan dena; Europa ere estrategikoa dela uste dugu; herrien burujabetza aldarrikatu ez ezik, ezker alternatiboaren aldeko apustua egiteko. Helburua ez baita indarrean dagoen sistema aldatzea, gainditzea baino. Herritar burujabeak behar ditugu, egungoarekin oso bestelakoa izango den Europa berria eraikitzeko. Hauek izango dira Alternatibaren parte-hartzeaz eztabaidatu eta erabakitzeko jorratuko ditugun ardatzak.

Gure azken erronka, Alternatibarentzat garrantzitsuena kurtso berriari begira, herritarrei dei egitea da erasoen aurrean geldi gera ez daitezela. Lan erreformaren, pentsioen murrizketen eta berzentralizazio frankista jarraitzen duten asmoen aurrean, jendeari aktibatzeko deia egiten diogu; kalera ateratzea ezinbestekoa da, laster egingo dugun bezala, ezarri nahi diguten abortuaren legearen aurka, emakumeen ugalketa eta sexu eskubideak iraganera bueltarazi nahi dituztelako. Eraso guzti horien eta bidean daudenen kontrako harresia altxatu behar dugu, etxean gelditzen diren gehiengo isilak aldarrikatzen dituztenen kontra; Herrialde Katalanetan egin bezala, erabakitzeko eskubidearen alde kalera atera diren ehunka milika herritarren ereduari jarraiki.

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1265159_727619143922071_620574825_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc3/1270509_727618870588765_1546285585_o.jpg

https://scontent-a-cdg.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/1378602_727618863922099_1681924343_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1262627_727618873922098_1890108951_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-frc3/1262859_727619033922082_1131297732_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/1040074_727619063922079_1938563950_o.jpg

https://scontent-b-cdg.xx.fbcdn.net/hphotos-ash3/1235973_727619057255413_96141940_n.jpg

Madriletik datorren erasoaren aurrean gure udalerrien defentsan indarrak biltzeko deia egiten du EHBilduk

PPren eskutik Madrilen tramitatzen ari den lege proiektua udalen autonomiari inoiz egin zaion erasorik sakonena izango da. Udalentzako ondorio larriak ekarriko ditu, eta egun biltzen dituen edukiekin aurrera ateratzen bada, udal txiki askoren desagerpena ekarriko du, Euskal Herriaren etorkizuna baldintzatuz.

Bi helburu nagusi aurreikusten ditugu tokiko administrazioen erreforma honetan: potere instituzionala zentralizatzea eta oinarrizko zerbitzu batzuen pribatizazioari ateak zabaltzea. Guzti honek lotura zuzena du azken hilabete hauetan Madriletik inposatzen ari zaizkigun neurri eta murrizketekin.

Udalen finantza baliabideak eta eskuduntzak murrizteko asmo argia dute lege horren bidez. Madrilek udalak eta tokiko erakundeak “de facto” interbenitu nahi ditu beren funtzionamendua kontrolatzeko.

Praktikan, helburua tokiko erakundeak hustea da; gaur egun erakunde horiek dituzten eskuduntza asko ere desagertuko lirateke, eta beste batzuk murriztuko dira aipatutako zerbitzu eta baliabideen pribatizazio prozesuak errazagoak izateko.

Madrilek finkatutako helburu ekonomiko eta finantzieroak betetzen ez diren kasuetan, erakunde horiek diputazioek edo erkidego autonomoek interbenitzeko bidea irekitzen zaio. Madriletik jarritako irizpideak bete ezean, zerbitzuak pribatizatzeko bidean jarri nahi dira.

Era berean, zerbitzuak eta helburuak partekatzeko beste tokiko erakundeekin elkarlanean aritzeko gaitasuna nabarmen murrizten da. Horrela, mankomunitateen, partzuergoen, kontzejuen edo antzeko erakundeen etorkizuna kolokan dago. Tokiko erakundeei antolatzeko eta garatzeko gaitasuna ukatuko zaie.

Herritarrak ere kaltetuak izango dira, zerbitzu publikoetan eta prestazio sozialetan eragin zuzenak izango bait ditu legeak, bai kalitatean baina zerbitzu horien estaldura mailan. Zerbitzu okerragoak izango ditugu eta gainera murrizketek eragin zuzena izango dute udal plantilletan eta zerbitzu horiek emateko azpikontratatutako pertsonetan.

Pribatizazioa izango da erreformaren ondorio zuzena ere, ondorio baino, bilatzen den helburua. Ur hornikuntza, hiri hondakinen tratamendua… azken finean zerbitzu publikoen kudeaketa negozio pribatua bihurtu nahi dute. Hainbeste borrokaren bitartez lortu den ongizate mailari eraso zuzena suposatzen du legeak.

Udalek gure sare instituzionaleko eta Euskal Herria eraikitzeko oinarria osatzen dute, hiritarrengandik hurbilen dauden erakundeak direlako, erabakiguneetan zuzenean parte hartzeko aukera eskaintzen zaielako herritarrei, proiektu, neurri eta politika propio eta hurbilak jada bultzatzeko eta garatzteko bidea zabaltzen dutelako… Lege honekin aukera guzti hauen ukazioa dator. gure sare instituzionala goitik behera aldatu nahi dute, gure herriko interesak, beharrak eta lehentasunak kontuan izan gabe. Gure sare instituzionalaren inguruko eztabaida hemen eman behar da, ez Madrilen.

-Berriro ere argiro azaltzen da etorkizunari begira herri honek bestelako eredu politiko, ekonomiko eta soziala behar duela. Erasoa larria da eta tamaina bereko erantzuna eman behar zaio, herri gisa erantzun behar da, gizartetik, esparru guztietatik, eragile politiko eta sozial guztietatik… Alderdikeriak eta norbanakoen interesak gainditu eta erantzun kolektibo eta orokorra eman behar zaio inposaketa berri honi.

Espainian eta Espainaren interesen arabera egindako legeak menpekotasunera kondenatzen gaitu… Egungo legedian oinarritzen diren bideak ez dute ibilbiderik. Gure bidean, herri honen borondatean izan behar du oinarria, herri honek duen erabakitzeko eskubidean. Eta udalen defentsan, udal politikan defentsan, aukera ona dugu norabide horretan urratsak emateko.

Beraz, Euskal Herri Bildutik dei zuzena egiten diegu lege honen ete bere ondorioen aurka dauden alderdi, sindikatu , eragile eta instituzioei indarrak bildu eta gure udalerriei egin nahi zaien erasoari aurre egiteko.

Sabin Arana Bilbao gogoran, agur eta ohore

Atzo jaso genuen Sabin Arana Bilbaoren heriotzaren (Sestao, 1944 – Gasteiz, 2013) berri; ezkerreko militante, euskaltzale eta Frankismoko errepresaliatua. Alternatibatik gure atsekabea azaldu nahi dugu, pertsona honen ibilbide luzea askorentzat eredugarria izan delako; batez ere, hamarkadaz hamarkada Sabin borrokan ibili den trintxera ugarietako askotan berarekin borroka egin dugunontzat. Ez alferrik, klandestinitatea, tortura eta kartzela ezagutu zituen, beti ere, bidegabekerien kontra, teorian eta praktikan, borroka eginez sozialismoaren norabideari jarraituz.

Bera galtzea deitoratzen badugu ere, agur esaterakoan erakutsitako duintasunari pozik egoteko modukoa deritzogu, gaixotasunarekin bidean topo egin arte frankismoaren aurkako konpromisoa mantendu zuelako; Sabin, Argentinan Frankismoaren kontra hasi zen auziaren aldeko plataformaren sustatzailea baitzen. Diktaduraren zigorgabetasunaren bukaera nahi zuen, horrenbestetan borrokatu zuena eta ondorioz zigortua izan zena; baina inoiz ez mendekuaren izenean, justiziarenean baizik.

Frankismoaren aurka azken hatsera arte Mikel Peruarena Ansa

Asier Vega: “Biktima guztiak, biktimak dira eta ezin dira sufritutako indarkeriaren arabera neurtu”

Alternatibako kide eta EHBilduren Bizkaiko batzarkide Asier Vegak, Alderdi Popularrak Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztutako Terrorismoaren biktimen aitortza eta erreparaziorako arauz besteko proposamenari erantzuten dio: “Biktima guztiak, biktimak dira eta ezin dira sufritutako bortizkeriaren arabera neurtu. Biktimak dira indarkeria edo eskubideen urraketa sufritu dutelako”.

Sotanak eta arrosarioak Aste Nagusian

Ana Etxarte – Alternatibaren Bilboko Asanblada

Gizarte bat benetan berdintasunean oinarrituta dago, ez bakarrik berdintasuna erretorikaz defendatzen duenean; berdintasun hori efektibo egingo dituen jarduera politikoak, prozesuak eta ekimenak martxan jartzen dituenean baizik. Zoritxarrez, egun bizi dugun garai honetan, administrazio publiko askok berdintasunaren bermatzaileak izan beharrean, ez adituarena egin eta boteretsuen interesei men egiten diete.

Boteretsu hauen artean Eliza Katolikoa dago, bere doktrina beste doktrinen gainetik kokatzeko betiko gogo biziaz, erakunde publikoak bere estrategiaren parte-hartzaile zuzenak bihurtzen dituena. Horrela, eta gizarte laiko eta akonfesionalean bizi bagara ere, administrazio asko eta asko diraute erritu erlijiosoak, katolikoak gehien bat, bultzatzen eta hauetan parte hartzen, betiere, aurretik aipatutako akonfesionaltasun, laikotasun eta berdintasun oinarriak ezerezean utziz.

Honen adibide argia, behin eta berriro, Bilboko Udala dugu. Orain dela hilabete batzuk, harriduraz Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasuna aitortzeko EAJ eta PP kontserbadoreen – PSEren ez beharrezko abstentzioaz lagunduta – arteko hitzarmen baten lekuko izan ginen; Udalaren lokaletan eta eremu publikoetan hileta zibilak ospatzeko proposamena atzera botatzen zuten garai berdinean.

Zerrenda luze bateko bi adibide baino ez dira hauek, eskuinak konfesio erlijioso zehatz baten -katolikoa- interesekiko “egiten uzteko” ohitura agerian uzten duena, tradizio katolikoetatik geroz eta urrunago dagoen gizarte baten kontra eginez, sinesbide eta erlijio aniztasuna dagoen arren.

Preseski, sinesmen aniztasun honekiko errespetu kezkatsuak bakarrik, inolako lehentasunik gabekoa, ahalbidetuko luke berdintasunean, pluraltasunean eta baldintza berdinetako bizikidetzan oinarritutako gizarte bat. Laikotasunak, batzuek sinestarazi nahi digutenaren kontra, ez du erlijiozkotasuna gaitzesten, ez eta konfesio erlijioso baten aritzea eragozten, guztiz kontrakoa baizik; erlijio pluraltasuna bermatzen du, beti ere, praktika hau esparru pertsonal eta pribatura mugatzen bada.

Oraindik ere, Bilboko Udalak publikoa pribatuarekin nahastearen alde egiten du apustu, sinesmen batzuen nagusitasuna besteen gainetik jarriz eta ohitura katolikoak agerraldi publikoetan sartzeko erabaki konfesional hori mantenduz.

Honen adibide bikaina, Aste Nagusiko programa dugu, urtero bezala, ekitaldi eta ospakizunen artean hainbat egintza erlijioso barne hartu, eta hauetara Udalbatzari dei egiten duena. Zehazki, abuztuaren 15ean Begoñako basilikan eta abuztuaren 16an Pagasarri eta Artxandako ermitetan egingo diren mezaz ari gara.

Zergatik behar dute parte hartu kargu publikoek, herritar guztien ordezkari eta haien sinesmenak edozein direla eta, horrelako ekitaldi erlijiosoetan? Zergatik horrenbesteko burugogorkeria esparru publikoa eta pribatua, partikularra eta erlijiosoa denarekin nahasteko? Zergatik sartu Udala, guztiona den instituzio bat, gizartean geroz eta txikiagoa den sektore pribatu bakar baten ekitaldietan?

Dimentsio erlijiosoa lan instituzionaletik kanpo mantendu behar da eta edozein praktika erlijiosoren erabilera ezingo da inoiz eremu pribatutik atera. Hau da akonfesionaltasunaren oinarria bermatzeko bide bakarra. Guzti honengatik, eta benetan laikotasuna eta akonfesionaltasuna bermatu nahi badira, Udalak ezingo du hauetan parte-hartzera dei egin, eta kargu publikoek ezingo dute modu ofizialean, inolako konfesio motaren ekitaldi erlijiosoetan parte hartu.

Noiz hartu behar du Bilboko Udalak, instituzio publiko bat den heinean, praktikan jarri beharko lukeen akonfesionaltasun hori serio? Noiz arte babestuko ditu ekitaldi erlijiosoak eta jarraitu behar du Aste Nagusiko ospakizunen parte bezala mezak antolatzen? Bilbotarrok Aste Nagusia herrikoia, dibertigarria, alaia eta parte-hartzailea nahi dugu, sinesmenekin eta pertsona guztien eskubideekin adeitsua dena, eta ez batzuen morala, besteon moralaren gainetik gailentzen duen Aste Nagusia.

Osasungoa eta hizkuntzen galera

Aitor Montes Lasarte – Familia medikua

Euskara guneak irabaziz joan da azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian, astiro baina irmoki. Egon badaude irratiak euskaraz, telebistak euskaraz, egunkariak euskaraz, euskal literatura oparoa. Herri-administrazioan aurrera egin du eta irakaskuntzan hil ala bizikoa zitzaion lekua hartu du. Baina ez da gune edo esparru guztietara heltzen, eta argi dago ez dela nahikoa. Gune horien artean garrantzitsuena, garrantzitsurik bada, osasungoa litzateke. Orain arte euskalzaleen lehentasunak beste arloetan kokatu dira, eta osasungintzan gerotik gerora gabiltza zoritxarrez.

Osasun arreta gazteleraz onartzerik bada? Gaur  egun, ezaguna da, erabilera gune gehienetan ingelesa da nagusi, baita medikuntza arloan ere. Lehen latina zena, delako lingua franca, orain ingelesa bilakatu zaigu. Medikuon hizkeran betidanik latinera eta grekera erabili izan ditugu (eritropoiesia, apoptosia, kakexia moduko hitzak), baina orain hitz teknikoak ingelesaren iturriak isurtzen ditu: by-pass, shunt, screening, etab. Goi-mailako argitalpenik garrantzitsuenak ingelesez daude, hala nola New England Journal of Medicine, Lancet, British Medical Journal, Pediatrics, etab. Eta medikuok hain maite ditugun kongresuak, maila internazionalekoak behintzat, ingelesez burutzen dira.

Beste hizkuntzak maldan behera doaz medikuntzan, alemaniera kasu. XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran goren-gorenean zegoen alemaniera; ospe handikoak ziren alemaniar zientzilari eta mediku asko (Virchow, Langerhans, von Behring, Koch, Ehrlich besteak beste medikuntzaren historiari betiko lotutako izenak dira), eta alemanieraz argitaratzen zen testu zientifiko mordoa. Orain, ingelesak lekua kendu dio.

Baina eguneroko osasun lanari lotu gaitezen. Interesgarria litzateke oso osasun arreta zein hizkuntzatan eskaintzen den jakitea. Amerika osoan, nago bost direla bakarrik: ingelesa, frantsesera, gaztelera, portugesa eta agian nederlandera Guyanan.

Europa daukagu gertuago, eta hemen osasun arreta ofizialtasuna lortu duten hizkuntzetan soilik burutzen da; ez bilatu bretoiera lan-hizkuntza duen ospitalerik, ez duzu topatuko eta. Italian, italieraz; Frantzian, frantsesez; Erresuma Batuan, ingelesez.

Euskal Herria zatituta dago, eta euskarak ez du ofizialtasunik lurralde osoan. Baina EAEn ofiziala izan arren, ez du esparru hau eskuratu, erabilgune hau  gaztelerari dagokio bete-betean. Osasungoan, lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza gaztelera da. Osasun arreta gaixoen onerako dagoela ez dago ukatzerik; baina hizkuntzen bizi itxaropenean izan dezakeen eragina ez da behar bezala baloratu; aipatu ere ez da egiten. Osasun sistemak jatorrizko hizkuntzak maspiltzeko eta ezabatzeko tresna bilaka daitezke, oharkabean, ontasunaren mozorroaz. Gurera begira, eskola erdaraz legez, osasungoa erdara hutsean euskararen galbiderako da, eta errekara bidean goaz hau konpondu ezean. Egoera larria izan arren, gerotik gerora gabiltza.

Munduan zenbat hizkuntza dauden ez dago jakiterik. Gehienak, zoritxarrez, galzorian. Bizi garen mendean, orain arte ezagutu ez dugun hizkuntzen galeraren lekuko izango gara. Bioaniztasunak legez, aniztasun kulturalak hondamen izugarria pairatuko du.

Gauzak horrela, hizkuntzalariek ez dakite zeintzu diren salbatuko omen diren hizkuntzak. Baina nago osasun arretak gaixoekin harremana zuzena duen moduan, hizkuntzekin ere zerikusia duela. Osasungintza gure gizartearen zutabeetako bat baita, hurbil daukaguna. Osasun arretan erabiltzen diren hizkuntzek aurrera egingo dute, zalantza izpirik gabe. Beste guztiak arriskuan daude, euskara euren artean. Euskarak osasungintzaren jarduera esparrua bere egin behar du aldez edo moldez; osasungoa goitik behera euskaldundu behar dugu, euskara salbatuko bada. Denbora aurrera doa, ez dago gelditzerik; bizitza eta heriotza ez dira baratzen, baina ospitaleetan ibiltzen den hizkuntza ez da inoiz hilko.

Bilbao Ria 2000ak Iberdrolari eginiko mesedea Udalak ordaintzea EAJk herritarrei eginiko lapurreta perfektua da

Dorrea eraikitzeagatik multinazionalak ordaindu beharko lituzkeen 25,5 milioi euro bere gain hartuko ditu Udalak, eta ohiz kanpoko udalbatzarra egingo du hilaren 16an, zorraren zati bat kitatzea onartzeko.

Udalbatzarra uda erdian eginda, jokaldi makur horren ondorioak isilpean eta inongo erantzukizunik onartu gabe kudeatu nahi izatea egotzi dio EH Bilduk EAJren udal gobernuari

Iberdrola dorrearen magalera etorri gara gaur, porrot egin duen politika egiteko modu baten erakusle baita eraikin hau. Herritarrei bizkarra eman eta enpresa handien mesedetan jarduteko politika molde baten adibide argigarria ere bada Iberdrola dorrearen eraikuntza. Herritarrei eginiko lapurreta perfektua.

Zergatik diogun hau?

Heldu den asteartean, ohiz kanpoko udalbatzarra egingo du Bilboko Udalak. Eta 12 milioi euroko diru atala onartuko du, Bilbao Ria 2000 sozietatearen baitan duen zorraren zati bat kitatzeko. Hau da, ingeniaritza finantzarioa eginez, dorrea eraikitzeko Iberdrolari emandako erraztasun guztiek Bilbao Ria 2000 sozietatean eragin zuten zuloaren zati bat estaltzeko.

Argi daukagu: ez da kasualitatea udan deitu izana horretarako aurrekontua onartzeko ohiz kanpoko udalbatzarra, noiz eta uztaileko bigarren hamabostaldian, Bilboko herritarren gehiengo handi bat oporretan edo kanpoan denean. Eginiko operazioa, zeinaren bidez Udala zorpetu duten multinazionalaren mesedetan, larria da oso, eta are larriagoa da orain hartu duten jarrera: isilpean kudeatu nahi dituzte jokaldi makur horretatik eratorritako ondorioak, inongo autokritikarik edota erantzukizunik onartu gabe, eta noski, egiten ari direnaren berri herritarrei azaldu gabe.

Eta eginikoa larria dela diogu, Bilboko herritarrentzat erabat kaltegarria den jokaldia egin baitzuen Udalak. Zeinen eta Iberdrolaren mesedetan, 2012an 2.800 milioiko irabaziak izan zituen multinazionalaren onuran.

Enpresa jakin batzuen alde politika egiteko modu hori, porlanean eta espekulazioan oinarritutakoa, ohikoa da batzuentzat. Urte luzaz jardun dira horrela, eta orain ari gara ikusten zeinen larriki kaltetu dituzten herritarren interesak eta udal kontuak.

Beste behin ere salatu behar dugu, Udalak 25 milioi zorra duela Bilbao Ria 2000 sozietatean (20 milioi + KPIa), Iberdrolak ordaindu beharko lukeen zenbateko bat bere gain hartu zuelako. Halaber, gaur-hemen salatu behar dugu Udal gobernuak harturiko bideak agerian utzi dituela Azkunak behin eta berriro esan dizkigun zenbait gezur.

EH Bilduk 20 milioiko zulo horren berri eman zuenean, Udalak esan zuen 20 milioi horiek aprobetxamenduko 9.000 unitateren trukean ordainduko zituela. Baina edo orduan sartu nahi izan zigun ziria edo orain sartu nahi digu, zeren sinatuko duen hitzarmenean argi uzten du 20 milioi euro ordainduko dizkiola Bilbao Ria 2000 sozietateari, eta 20 milioi euro horiek direla, hain justu, dorrea eraikitzeko orubea saltzean Iberdrolari oparitu egin zizkion 20 milioi euroak. Eta ez Iberdrolaren Gardoki kaleko lehengo egoitzako aprobetxamenduko 9.000 unitateren trukean ordaindurikoak.

Horregatik, 2005ean Iberdrola, Bilbao Ria 2000 eta Udalak izenpetutako hitzarmenaren bestelako interpretazio bat jasotzen duen txosten bat osatu du EH Bilduk. Hau da, hitzarmenean hitzez hitz jasotakoari segitzen badiogu, Udalak aprobetxamenduzko 9.000 unitateak erosteko konpromisoa hartu zuen bere gain, eta unitate horietako bakoitza 2.305 eurotan ordaintzekoa (eta 2.855 euro ere bai, KPIaren igoera kontuan hartuz gero). Baina Udalak ez zuen hitzartu 20 milioi (gehi KPIaren igoera) ordaintzea. Ez zuen horrelako eginkizunik izenpetu. Besteak beste, 2005ean jakiterik ez zegoelako hamar urteren buruan aprobetxamenduzko 9.000 unitate horiek salduak egongo ziren edo ez.

Eta zein da egungo egoera? Bada, Bilbao Ria 2000ak aprobetxamenduzko unitateetako batzuk saldu egin ditu hamar urte hauetan, baina 2005ean finkaturiko prezioaren azpitik. 1.457 eurotan, zehazki. Eta hori kontuan harturik EAJren udal gobernuak proposatzen du kalte ordainen zenbatekoari (12.583.214 euro) ezarritako prezioaren azpitik Bilbao Ria 2000ek RAGaren bidez urte hauetan saldutako unitateen diferentzia gehitzea. Hau da, 2005ean zehaztutako 2.855 euroko prezioaren eta gauzatutako 1.457 euroko salmentaren arteko diferentzia ere udalak ordaintzea, kalte ordain gisa. Hau da, herritar guztiek.

Baina modu horretan, saltzeko falta diren unitate horiek 3.869 euroan salduko lirateke, hitzarmenean zehaztutako salneurria baino %35 garestiago eta Udalak berak eta Anidak RAGaren orubeagatik aurten ordaindutako salneurria baino %165 garestiago. Horrez gain, udal gobernuak dio hitzarmenean jasotakoak hamar urte baino lehenago betetzeko betebeharra duela Udalak. Baina hori ez dago batere garbi, hitzarmenean ez baita aipatzen horrelakorik. Halaber, EAJren udal gobernuak konpentsazio batez hitz egiten du, unitateen prezioaren debaluazioagatik, baina hori ere ez da hitzarmenean jasotzen.

Gure ustez, Udalak 14.902.608 euro ordaindu beharko lizkioke Bilbao Ria 2000 sozietateari. Izan ere, saltzeko dauzkan 5.218 unitateetako bakoitzarengatik hitzarmenean jasotako 2.855 euro emango balizkio, 14.902.608 euro eman behar lizkioke. Ez gehiago. Eta, beraz, ez eman nahi dizkion 25 milioiak. Eta ezta ere 2015 urtea baino lehen.

Eta Udalak ulertzen badu merkatuaren prezioari gaina hartzen dion zenbatekoa kalte ordain gisa zenbatu eta gehitu behar dela, eta gainera BEZik ezarri behar ez zaiola, eragiketaren oinarriak hauxek izango lirateke:

Kalte ordaina= 14.902.608-7.606.867 = 7.295.741
Aprobetxamenduzko berrerosketa = 7.606.867
BEZa (7.606.867en %21) = 1.597.442

2005ean Iberdrola, Bilbao Ria 2000 eta Udalak izenpeturiko hitzarmena oinarri horietan konprenitu eta aplikatu beharko litzatekeelakoan gaude, eta horregatik azalpen horiek guztiak jasotzen dituen txostena emango diogu udalbatzako idazkariari, EAJren udal gobernuak egiten duen interpretazioa zuzena ez dela, eta Udalaren eta oro har herritar guztien interesen aurkakoa dela sinetsita baikaude.

EAJren udal gobernuak Iberdrolaren mesedetan jokatzea erabaki du. Eta esan beharrik ez dago, jokamolde hori ulertezina eta onartezina dela, goitik behera. Eta eman beharko dizkigu azalpenak herritar guztioi nolatan egin duen halakorik. Herritarren alde lan egin beharrean, multinazionalaren interes ekonomikoak lehenetsi ditu EAJren gobernuak, noiz eta krisiak inoizko gogorren kolpatu gaituenean. Eta zeinen alde, eta urtetik urtera gero eta irabazi handiagoak dituen Iberdrolaren mesedetan. Jokabide hau ezin daiteke inolaz ere zuritu, eta EAJren taldeak badaki oso bestela egin daitezkeela gauzak. Batzuen eta besteen interesen oreka bilatuz, Pablo Alzola kaleko klinikarekin berriki egin duen bezala.

Gisa horretako erabaki politikoak onartezinak dira beti, baina berriro diogu: are gaitzesgarriagoak eta ezin onartuzkoak dira egungo testuinguru ekonomikoan. 12 milioi euro xahutuko ditu Udalak Iberdrolaren mesedetan, eta herritarren kaltetan. 12 milioi euro xahutuko ditu sail eta zerbitzu askotan murrizketak egin ondoren.

Iberdrolari 12 milioi euro oparitzea nahiago izan du, diru hori gizarte laguntzak handitzeko edota enplegua sustatzeko ekinaldietara bideratu beharrean. Eta ahaztu du Bilbon dagoeneko 32.646 direla enplegurik ez duten herritarrak, eta 20.655 premiaz bizi arren inolako laguntzarik jasotzen ez dutenak.

EAJren gobernuak ahaztu du, halaber, anbulantzia zerbitzuetan eta autobus lineetan murrizketak egin dituela oraintsu, estu bizi diren herritar askoren bizimoduan areago estutuz, eta ahaztu du nonbait eskolan zailtasunak dauzkaten umeei laguntzeko eta euskara irakasteko programak ere kendu egin dituela berriki, horiek finantzatzeko dirurik ez zegoela arrazoituz. Ez gaitzatela engainatu! Dirua egon badago. Beste kontua bat da zertara bideratu nahi duen EAJk.

Eta gaur-hemen salatzen ari garen jokaldi honek argi erakusten du zertara nahiago duen bideratu dirua udal gobernuak. Zein diren bere egiazko interesak. Eta, horrenbestez, EH Bilduk gaur-hemen salatu nahi du Iberdrola eta Bilbao Ria 2000 xede dituen jokaldi honek galerak baino ez dizkiela ekarri herritarrei. Eta gainera argi utzi nahi dugu ekidin zitekeela. Hau da, udal gobernuak baditu beste bide batzuk 2005ean izenpetutako hitzarmena urratu gabe herritarren interesak egokiago defendatzeko. Zehazki, hiru aukera edo bide dauzka zuzen eta garbi jokatu, eta uneoro egin beharko lukeen bezala, herritarren zerbitzura jarduteko. Astearteko udalbatzarrean jakinaraziko ditugu hiru bide horiek.

Eta gauzak zer diren, behin eta berriz arrakastaz beterik aurkezten zaigun Bilbao Ria 2000 sozietatearen inguruan udal-ikuskatzaileak eginiko txostenean lehendabiziko aldiz onartu dute ofizialki guk aurrez behin baino gehiagotan esandakoa: hau da, Bilbao Ria 2000ek 50 milioiko zorra duela. Beraz, argi geratu da Udalak defizitik ez duela esaten zutenean gezurretan ari zitzaizkigula. Gezur handi bat zabaldu dutela ‘defizit zero’ kontu horrekin. 50 milioi horiei, gainera, gaur salatzen ari garen jokaldiaren ondoriozko 25,5 milioi euroak gehitu behar zaizkio.

Beraz, EH Bilduk azken hileotan azaleratutako datuek argiro erakusten dute ez direla azken urteetan asperduraraino errepikatu diguten bezain kudeatzaile onak, eta are gutxiago, gardenak eta zintzoak.

Hautsi egin dira EAJren inguruan eraikitako mitoak. Eta EH Bilduk argi dauka Bilborako bestelako eredu bat posiblea izateaz gain, premiazkoa ere badela. Horretan eman ditugu azken bi urteak, instituzioan zein kalean lanean. Eta horretan segituko dugu, ez izan zalantzarik.

Sinetsita gaudelako gehiengoa garela bestelako Bilbo bat nahi eta behar dugunak, pertsonak abiaburu eta helburu izango dituen hiria eraiki nahi dugunak. Horregatik, bestelako hiri eredu baten alde segituko dugu lanean. Zorpetu behar bada, pertsona guztien ongizatea ziurtatzeko zorpetuko den hiri baten alde, baina ez enpresa handien interes kapitalak babestuko dituen hiri baten alde.

X