Bilduk aldarrikatu du politika soziala errotik aldatu nahi duela
Agerraldi honen helburua Bilbon eta Bizkaian egiten diren politika sozialak errotik aldatzearen aldeko apustu irmoa egingo dugula jakinaraztea da.
Guretzat, ezkerreko gizon-emakumeak, bizkaitarren eskubideak ez dira negoziatzen, ezta jolasten ere, ezin dira krisi edo hazkunde garaien arabera gauzatu.
Egun pairatzen dugun krisialdia da, hain zuzen ere, Bizkaiko eskuindarrak agerian utzi dituena: PP, PSOE eta PNV azalerazi dituena. Klase herritarrek instituzioen konpromisoa inoiz baino gehiago behar dutenean, langileen eskubideak inoiz baino gehiago babestu behar direnean, alderdi eskuindarrek maskara kendu dute eta merkatuen, bankaren eta transnazionalen alde egitea erabaki dute.
Krisia sortu zutenei babesa eman eta gehien pairatzen dutenak baztertzeko joera horretan, ez dute inolako oztoporik proiektua erraldoiak finanziatzeko. Laguntza sozialak, bitartean, murriztu egin dituzte, justizia sozialerako ezinbestekoak diren laguntzak; beraz, Udalak eta Bizkaiko Aldundiak pribilejioak eta gutxiengo aberatsen etekinak lehenetsi dituzte, herritarren gehiengoaren eskubideen aurretik.
Politika sozialak murriztearekin nahikoa izango ez balitz, herritarren artean zalantzaren hazia erein nahi izan dute ere, laguntza sozialak jasotzen dituztenak kriminalizatuz, hauen kudeaketa osoa iruzurra delaren zurrumurrua zabalduta. Benetako errudunak haiek direla ezkutatu nahi izan dute horrela, ondorioak beste batzuk ordain ditzatela nahi duten arren.
Gainera, jendearen eskubideetan sinesten ez dutenez, politika sozialetan sinesten ez dutenez, hauek finantziatzeko dirua murriztu egiten dute, aberatsak finantzatzeko, hain zuzen ere. Baina ez dira horrekin konformatzen eta logika kapitalista politika sozialetan uztartzen dute, lanaren prekarizazioaren eta subkontratazioaren bitartez.
Horrela, sektore publikoak ez ditu politika hauek zuzentzen, hainbat enpresa azpikontratatzen dituzte, haien gaineko zuzendaritza politikoa galtzen dela; beste aldetik, azpikontratazioak lan sozialen eta zaintzaren prekarizazioa dakar, askotan baldintza penagarrietan egiten direnak eta, gehienetan, emakumeen esku.
Laburbilduz, PNV, PSE eta PP ados daude politika sozialak murrizteko, beren eskubideak defendatzeagatik herritarrak kriminalizatzeko, publikoa pribatizatzeko eta gizon-emakumeak prekarietatera zigortzeko.
Guzti honen aurrean, Bilduk eredu alternatiboa eta erradikala eskaintzen du, hiru zutabe ukaezinetan oinarrituta:
1. Zaintza politika sozialen ardatza izango da, eta Bizkaiko Batzar Nagusietako zein Udaleko lehentasun nagusia. Pertsona guztiek behar dituzte zaintzak, batzuk besteek baino gehiago, eta hau elkartasuna indartzeko leloa izan behar du erakundeetatik.
2. Zerbitzuetarako sarbidea eta laguntza sozialak unibertsalak dira. Txiroak eta etorkinak kriminalizatzeari utzi behar zaio, aski da. Gizarte ireki baten aldeko apustua egiten dugu, hiritartarsun inklusiboaren aldekoa, non pertsona guztiak eskubide berberen jabe diren.
3. Politika sozialak publikoak eta kalitatezkoak izango dira: Bilduk azpikontratazioekin pixkanaka amaitzeko apustua egiten du, enplegu publikoa lan baldintzarik onenetan sortzeko. BAI, zaintzan eta politika sozialetan enplegua behar dugu, EZ ditugu behar proiektu erraldoiak, arazo ekologikoak, sozialak eta ekonomikoak areagotzen dituztenak. Ez dugu kopagorik nahi, BAI, ordea, erakundeek politika sozialetarako beharrezkoak diren baliabideak izatea.
Azkenik, IFAES eta Etxeko Arretako Zerbitzuko langileen borrokari gure babesa adierazi nahi diegu, PNVren kudeaketa sistemak ekarri duen prekarizazioaren eta aurrekontu murrizketen biktima direlako.