Diana Urrea: “Erantzunkidetasuna eta haurren zaintza partekatua haurrak jaiotzen diren unetik jarri behar ditugu praktikan”

Alternatiko ordezkari eta EH Bilduko legebiltzarkide Diana Urrearen parte-hartzea Gasteizko Parlamentuan Zaintza Partekatuaren lege berriaren inguruan. Orain dela pare bat aste lege hau PNV, PP eta UPDren botoekin onartu zen EAEn:

Legebiltzarrean eginiko hitzartzea:

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako guraso bananduen elkarteak, Kidetzak, ekarri du eztabaida gurera, gurasoak banantzean eta haurren zaintzaren inguruan ados jartzen ez direnean erabaki judizialak gidatzen dituen legea aldatzea proposatuz. Zaintza partekatuaren aldeko ekimen gisa aurkeztu dute lege-aldaketa, gizon-emakumeen arteko erantzunkidetasuna sustatuko lukeena, emakumeentzat askatzailea, nolabait. Sozialki, diskurtso-mailan, oso onartuta dauden kontzeptuak erabili dituzte, azken finean.

Berdintasunaren inguruan asko predikatzen da baina ez da hainbeste praktikatzen, ordea. Gaur egun haurren zaintza partekatua gehiago da helburu desiragarri bat errealitatea baino. Etxeko lanek eta haurren zaintzak emakumeen ardura izaten jarraitzen dute nagusiki; emakumeak dira haurrak zaintzeko lanaldia murrizten dutenak (%93) eta eszedentziak hartzen dituztenak (%95). Gehienok, hortaz, ondo ikasi dugu berdintasunaren aldeko diskurtsoa baina praktikak ez ditugu hainbeste aldatu. Haurren zaintza partekatua helburu bat da guretzat; hala izatea nahi dugu haurrak jaiotzen diren unetik; eta horrek aldaketa sakonak eskatzen dizkigu. Lagunduko luke gurasotasun-baimenak parekatzeak eta gizonen lanaldi-murrizketak eta eszedentziak sustatzeak, besteak beste.

Eskuartean daukagun lege-aldaketa honetan, ordea, ez da honelako neurriez hitz egiten, gurasoen banantze-unean jartzen baita arreta. Eta arazoa da gurasoak banantzen diren unea ez dela abiapuntua. Erantzunkidetasuna eta haurren zaintza partekatua haurrak jaiotzen diren unetik jarri behar ditugu praktikan.

Zaintza partekatuaren banderapean aurkeztu diguten legea aldatzeko proposamena ez da, hortaz, gizon-emakumeen erantzunkidetasuna sustatzeko lege bat; baina ¿hala izan beharko luke? Guk argi dugu gurasoak banantzen direnean eta haien artean haurren zaintzarekin nola jarraitu adosten ez dutenean, epaitegietan gailendu beharreko irizpideak haurren ongizatea babestea behar duela izan.

Zaintza-mota edozein delarik ere, zaintza arduratsua bermatu behar da, haurrak ondo zainduta egongo direla ziurtatu. Horregatik, lege honek babestu behar duena haurren ongizatea eta interes gorena delako, lege hau ezin da ulertu berdintasun-politika bat bezala. Horretarako bestelako politikak egin behar dira, lehen aipatu bezala, sakoneko aldaketa sozialak ekar ditzaketenak.

Existitzen al da konponbide idealik? Guk uste dugu ezetz. Haurren ongizatea babestu behar bada, ezin da zaintza-mota bat besteen gainetik jarri, konponbide indibidualizatuak bilatzea eskatzen duelako. Aukera guztiak jarri behar dira mahai gainean, kasu bakoitza aztertu eta haur bakoitzarentzat egokiena izango den konponbidearen alde egin. Kasu batzuetan izango da zaintza partekatua eta beste batzuetan ez.

Zaintza partekatuaren izenburupean aurkeztutako proposamen honek pertsona ezagun askoren babesa jaso du baita milaka herritarren sinadurak ere. Proposamena aurkeztu dutelako ez den gauza bat bezala: haurren zaintza partekatuaren aldeko proposamena, gizon-emakumeen erantzunkidetasuna bultzatuko duena. Proposamena mozorrotu dute sozialki desiragarria zaigun aldarrikapen batekin. Bestetik, proposamenaren oinarrian dagoen ideologia oso barneratuta daukagu eta onarpen sozial zabala dauka oraindik ere: emakumeak banantze-prozesuen onuradun gisa ikusten ditugu, pobrezia-datuek kontrakoa adierazten badute ere, gizonaren ondoan irabazle ateratzen direnak, gizonak “larrutzen” dituztenak eta, gizonak, berriz, emakumeen gezurren eta manipulazioen biktimak.

Patriarkatuaren ideologiari erantzuten dio, azken finean, eta gizon-emakumeen arteko botere-harremanak ukatzeaz gainera, mundua alderantziz aurkezten digu, emakumeak onuradunak balira bezala.

LGTBI kolektiboaren eskubideak arautzeko euskal lege baten beharra aztertzeko jardunaldi bat EH Bilduk aurkeztuta

Euskal Herria Bilduk Eugeni Rodriguezekin (Katalunian bazterkeriaren aurkako eta LGTBI kolektiboaren eskubideak bermatzeko legearen sustatzailearekin) eztabaida-tailerra antolatu du Bilbon larunbat honetarako, uztailak 4.

Topaketa honen helburua da, hain zuzen ere, LGTBI-ren eskubideak eta askatasunak bermatuko dituen euskal legea garatzearen garrantzia azpimarratzea. Horretarako, Katalunia eta Extremadurako adibideak izango ditugu hizpide, eremu honetan abangoardian dauden legeak baitituzte, guretzako gako direnak legegintzaldi honetan lege proiektu propioa aurrera ateratzeko.

Hala, guztion artean indarrean dauden legeak ezagutu eta LGTBIren eskubideak guztiz bermatuko dituen –eta urraketak zigortuko dituen- euskal legea nola garatu hausnartu eta aztertzeko.Saio irekia izango da.

DATA: Uztailak 4, larunbata.

NON: Bilbon. Casilla Plaza 6, behealdea

ORDUA: 10etatik 14ak arte

https://pbs.twimg.com/media/CIqWZDqWIAAMQ59.png

Diana Urrea: “Zaintza partekatuaren legea ez da berdintasun politiketan sartzen”

BERRIA egunkariak Diana Urrea Alternatibako kide eta EH Bilduko legebiltzarkideari eginiko elkarrizketa zaintza partekatuaren lege berriaren harira:

Eusko Legebiltzarrak gaur onartuko du zaintza partekatuaren legea, EAJ, PP eta UPDren babesarekin. PSE-EEk ez du aurreratu zer bozkatuko duen. EH Bildu da aurka bozkatuko duela jakinarazi duen bakarra. Diana Urrea Herrerak (Kolonbia, 1987) aurkako jarreraren arrazoiak eman ditu.

Legeak atzera begirako eragina izateko akordioa lortu dute. Zer ondorio ditu horrek?

Familien eremuan lan egiten duten legelari batzuek erabaki horren larritasunaz ohartarazi dute. Legea onartu aurretiko edozein kasu berrikus daiteke; hortaz, atzera begirako eraginak hutsetik hastea ekarriko du hainbatetan.

Zein zentzutan?

Aurretik zaintza partekatua eskatu ez zuen norbaitek eskatu ahalko du orain. Horrek adingabeen orekan eragingo du, lehenik; hutsetik hasi, eta egoera ezatsegin batean jarriko dituzte, berriz. Bigarrenik, auzitegietan baliabide falta egongo da lan horretarako.

Onartuko den testuari hamaika aldaketa egin dizkiozue legebiltzar taldeek. Zertan hobetu da?

Lehenik eta behin, komeni da testuingurua argitzea. Herri ekinbide legegilea 85.000 sinaduren babesarekin heldu zen; zaintza partekatuari buruz hitz egitean, burura datorkigun lehen gauza erantzukidetasuna da. Egoera ideal batean, nor ez legoke alde? Ordea, egoera ez da ideala. Esango nuke sinatu zuten gehienek ez zutela testua ezagutzen.

Zer proposatzen zuen Kidetzaren hasierako testuak?

Gurasoen interes ekonomikoak agerikoak ziren, seme-alaben interes gorenen gainetik: banatzean etxea saldu, pentsio konpentsatzaileetarako trabak… Indarkeria matxistagatiko salaketak tartean egonda ere zaintza partekatua ematea proposatu zuten, argudio gaizto eta faltsuetan oinarrituta. Hain zen gogorra eskatzen zutena, ezen legea babestuko duten alderdiek ere proposamen gehienak kendu baitzituzten.

Zaintza partekatua lehenesteaz ere hitz egiten zuen jatorrizko testuak. Hori aldatu den arren, arau orokor gisa agertuko da. Zer eragin du horrek?

Lege agindua izango da. Legea aldatu arren, emaitza bertsua da. Belarriarentzat atseginagoa den terminologia erabili dute, baina emaitza bertsua da. Legeak dio gurasoen arteko harreman txarra edo bietako bat ados ez egotea ez dela arrazoi nahikoa zaintza partekatua ukatzeko.

Bitartekaritzari buruzko neurriak ere kritikatu zenituen irizpena onartu zen batzordean.

Bitartekaritza derrigorrezkoa izango da. Zerbitzu horrek emaitza onak ditu, oinarriari eusten diolako: borondatezkoa da. Besteak beste, gogorarazi behar da indarkeria matxistako kasuen %15 baino ez direla salatzen. Hau da, indarkeriaren biktima den emakume bat erasotzailearekin negoziatzera behartuko dugu.

Nola tratatzen ditu legeak genero indarkeriaren biktimak?

Aurretik aipatutako puntua kendu da; hau da, epaileak indarkeria zantzurik ikusten badu, zaintza partekatua baztertu dezake. Orain kontuan hartuko da.

Bestalde, nola bermatzen du legeak adingabeak bi gurasoekin harremana edukitzea?

Adingabeek bi gurasoen zaintza jasotzeko eskubidea dutela dio, eta hori gakoetako bat da, gure ustez. Umeak ez du eskubide hori banatzen direnetik; jaiotzatik bertatik du. Abiapuntua oso erraza da. Zaintza izateko eskatu behar da, eta, gaur egun, emakumeek eskatzen dute gehien, haiek arduratzen baitira gehien seme-alaben zaintzaz.

Alegia, gizartean erantzukidetasunak gora egin ahala epaileek agindutako zaintza partekatuak gora egingo luketela diozu?

Emakundek azaldu du zaintza partekatuak hazi direla aitek eskatutako lanaldi murrizketak eta baimenak hazi diren hein berean. Banaketa kasuetan zaintzarako aukera bat besteak baino hobea dela zehaztu du, eta hori ez da egia. Lege hau ez da berdintasun politiketan sartzen.

Emakunde legearen aurka dago, baina Jaurlaritzan den alderdiak onartuko du. Zer iritzi duzu?

Emakundek Eusko Jaurlaritzan duen zilegitasun eskasaren erakusle da. Erkidego honetako berdintasun politiken buru den erakundeak bere jarreraren berri emanda ere, EAJk ez dio kasurik egin. Zer zilegitasun ematen diote? Larria iruditzen zaigu.

Berria

EH Bilduk Sexu askatasunaren aldeko nazioarteko eguneko manifestazioekin bat egitera deitu du pertsona librez osatutako Euskal Herria askea aldarrikatzeko

Igande honetan, ekainak 28, mundu osoko kaleetan, Euskal Herrikoak ere bai, kolorez eta aldarrikapenez jantziko dira LGBT kolektiboaren hamarkadatako borroka nabarmentzeko. EH Bildutik, pertsona librez osatutako herri askea eraiki nahi duen koalizioa izanik, igande honetan Euskal Herriko herri eta hiri desberdinetan antolatutako mobilizazioekin bat egitera deitzen dugu.

Europan zabaltzen ari diren haize ultraeskuindarrak, Afrikako hainbat herrialdeetan emandako errepresio bortitzak eragindako exodoa, ISISek LGBT pertsonekiko burutzen diharduen sarraskia eta Errusia bezalako herrietan zein Europako Batasuneko kide diren bestelakoetan, Kroazia kasu, sexu bereko pertsonen arteko ezkontzen kontrako aldaketa konstituzionalen lekuko izan gara.  Oinarrizkoenak diren askatasunaren kontrako jardunbide hauek izan dute ordea kontrako norabidea Irlandan izan berri den erreferendumaren emaitzekin. Errealitate hauen aurrean, EH Bildutik pertsona guztien eskubideak eta askatasuna aldarrikatzen jarraitzeko garaia dela argi dugu, edozein izanda ere haien izaera, genero identitatea edo sexu joera.

Baina tamalez, Euskal Herrian ere ematen dira oraindik erasoak eta inposizioak matxismoa, transfobia, lesbofobia eta homofobia darabilten jarreretatik. Horrexegatik, EH Bildutik elkartasuna ardatz izango duen kontzientzia aldarrikatzen dugu, jarrerak aldarazi eta LGBT kolektiboarekiko aurreiritziak eta fobiak desagerraraziko dituenak, alor guztietan ezinbestekoak diren lege eta jendarte aldaketak eginda: hezkuntzan, osasungintzan, komunikabideetan edota herritar askatasunetan.

Eta herri libreak pertsona librez eraikitzen direnez, Euskal Herria Bildutik, dei egiten dugu igandeko mobilizazioetan parte hartzera.

EH Bildu

Diana Urrea: “Zaintza partekatua lege berri honek ez ditu sustatuko ez gizon-emakumeen erantzunkidetasuna, ez berdintasuna”

“Gurasoak banantzean zaintza partekatua legez lehenetsi ordez, banan-banako konponbideak bilatu behar dira, betiere haurren interes gorena babesteko”, dio Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduko legeitzarkideak. “Lege honek ez ditu sustatuko ez gizon-emakumeen erantzunkidetasuna, ez berdintasuna”, ohartarazi du.

EH Bilduk zaintza partekatuari buruzko legearen aurkako bozka eman du gaur, EAJk, PPk eta UPyDk adostutako proiektuak zaintza partekatua lehentasunezko arau nagusi gisa ezartzen duelako gurasoak banandu eta seme-alaben zaintzaren inguruan ados jartzen ez direnean. Diana Urreak azaldu duenez, “lege horrekin epaileek zaintza partekatua lehenetsi beharko dute gurasoen arteko desadostasuna dagoenean; EH Bilduk, ordea, uste du legeak ez duela zaintza mota bat besteen gainetik ipini behar, kasu bakoitza aztertu eta banan-banako konponbideak bilatu behar direlako, betiere haurren ongizatea bermatzeko, horixe baita legeak babestu behar duen interes gorena”.

Seme-alaben zaintza eta etxeko lanak oraindik emakumeen ardura dira nagusiki, gogorarazi du Urreak, eta horren haritik argitu du EH Bildurentzat ere zaintza partekatua lortu beharreko helburua dela, “baina haurrak jaiotzen diren unetik bertatik. Gaur onartu den legeak, aldiz, ez du neurri bat ere planteatzen helburu hori gauzatzeko, arreta osoa gurasoen banantze-unean jartzen baitu, eta hori ez da abiapuntua; erantzunkidetasuna eta zaintza partekatua haurrak jaiotzen diren unetik jarri behar ditugu praktikan, eta ez bakarrik gurasoen banantze-unean”. Beraz, ondorioztatu du, “lege honek ez ditu sustatuko ez gizon-emakumeen erantzunkidetasuna, ez berdintasuna. Berdintasuna ez da zaintza partekatua sustatzearen bidetik lortuko; berdintasuna izango da haurrak jaiotzen diren unetik bertatik aurrera zaintzan eta arretan erantzunkidetasuna baldin badago”.

EH Bilduko legebiltzarkideak gaur onartutako lege proposamenaren oinarrian dagoen ideologia kritikatu du, “emakumeak banantze-prozesuetan onuradun gisa hartzen dituelako, gizonen ondoan irabazle ateratzen direla iradokitzen baita”. Horrek, Diana Urrearen iritziz, “patriarkatuaren ideologiari erantzuten dio eta, azken finean, gizon-emakumeen arteko botere harremanak ukatzeaz gainera, mundua alderantziz aurkezten digu, emakumeak onuradunak balira bezala”.

EH Bildu

X