Ander Rodríguez “Gipuzkoan zaintza lanetan dauden emakumeen lan baldintza eta soldata duinak bermatzea apustu estrategiakoa dugu”

Alternatibako kide eta Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatu Ander Rodríguezek, Mendekotasunaren Arretarako zuzendari Txelo Pérezekin emandako prentsaurrekoan, bere kezka azaldu du adinekoen egoitzetako lan hitzarmen berria sinatzeko dauden elkarrizketen egoeraren aurrean. Adegi eta Lares patronalek eta langileen ordezkaritzak joan den azaroaren 7an hasiera eman zioten Gipuzkoako adinekoen egoitzetako lan hitzarmenaren negoziazio mahaiaren bilerei, eta oraindik ez dute emaitzarik eman.

Gipuzkoako Foru Aldundiak konpromisoa hartu du 11 milioi euroko aurrekontua bideratzeko hiru urtetan, Lurralde Historikoan administrazioarekin hitzartutako plazak dituzten egoitzetako eta eguneko zentroetako 4.800 langileen lan baldintzen hobekuntza finantzatzeko. Modu horretan lortu nahi da gaur egun langileen ordezkarien eta patronalaren arteko negoziazioan dagoen atzera-aurrera gabeko egoera gainditzea.

Atzera-aurrera gabeko egoerak jarraitzen badu, probintziako hitzarmen bat sinatzeko bidea emango duen adostasunera ez iristeak lan gatazka bat eragin dezake, duela bi urte gertatutakoaren antzekoa, grebak eta lanuzteak eragin zituena, eta zentroetako erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzuan eragin zuzena izan zuena. Diputatuaren hitzetan “kezka handiz ikusten dugu egoera, zerbitzuaren kalitatea murriztuko litzatekeelako eta entitate kudeatzaileen langileengan ezegonkortasun handia sortuko lukeelako”.

Rodríguezek gogoratu du Gipuzkoako Lurralde Historikoak gaur egun adinekoentzako 7.044 plaza dituela egoitza eta eguneko zentrotan, eta horietako 5.932  foru sarekoak dira eta hitzartuta daude, prezio publikoa finkatuta; hau da, irabazi asmoko edo irabazi asmorik gabeko entitateek kudeatzen dituzte eta Foru Aldundiak finantzatzen ditu. Beraz, foru erakundearen ardura da Lurraldean eskaintzen diren plazen %84 finantzatzea eta alor horretako 4.800 langileren soldatak ordaintzea.

Rodríguezek baieztatu du Gipuzkoako Foru Aldundiaren ardura dela kalitatezko zerbitzua eskaintzea finantzatzen dituen eta herritarren eskura jartzen dituen hitzartutako plaza publikoetan. Halaber, Foru Aldundiak uste du aipatutako zerbitzuetan lan egiten duten langileen lan eskubideak betetzen direla zaintzeko betebeharra duela, baldintza horiek eskainitako zerbitzuaren kalitatearen mesederako baitira.

Horregatik, bi aldeek administrazioa interpelatu dutenez, Foru Gobernuak proposamen bat aurkeztu zien atzo patronalari eta sindikatuei, mahaia desblokeatzeko. “Oinarria argi eta garbi dago. Alorreko ezaugarriak kontuan hartuta, Foru Administrazioaren gastuaren mendekoa denez, Foru Aldundiak entitate kudeatzaileen aurrean konpromisoa hartzen du finantzazio nahikoa bermatzeko, langileen soldatak igo eta lan baldintzak hobetzearren”, adierazi du Rodríguezek.

Gipuzkoako emakume zaintzaileen lan eta soldata baldintzen hobekuntza gobernu honen apustu estrategiko bat da, hala, aurreko hitzarmenean langileen baldintzak hobetzeko 8 milioi euro bideratu zituen.

Txelo Pérez zuzendariak azaldu duenez, proposamenak bi urteko indarraldia izango du, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrerako atzera eraginarekin, salbu gehiagoko indarraldia duten artikuluen kasuan. Gipuzkoako Foru Aldundiak erabaki honen bidez hartutako konpromiso handienetakoa soldaten igoerari buruzkoa da.

PROPOSAMENA:

– Soldatak:

– 2015: soldata igoera kontzeptu guztietan (salbu antzinatasunean) % 2.

– 2016: soldata igoera kontzeptu guztietan (salbu antzinatasuna) KPIa gehi %2.

– Antzinatasunaren gehigarria:

– Hirurtekoak balio hauek izango ditu. 22 euro 2015ean, 24 euro 2016an, eta 26 euro 2017an.

– Atseden ordaindua:

– 20 minutuko atsedena hartzeko eskubidea izango dute lanaldi jarraitua edo zatitua izan eta egunean bost lanordu baino gehiago egiten dituzten langileek. 2015eko eta 2016ko urteetan, atsedenaldiaren % 25 ordaindua izango da, eta 2017an, % 50.

–  Igande eta jaiegunetako gehigarriak:

– 2016an, 30 euroko gehigarria emango da igande edo jaiegun bakoitzeko, kategoria guztietan.

– Gehigarri erreferentziala:

– 2017rako, hilean 180 euroko gehigarria emango zaie erizaintzako eta geriatriako laguntzaileei, baldin erreferentziazkoak, koordinatzaileak, arduradunak edo kargudunak badira.

Horrez gain, gai hauek hobetu egingo dira, edota adostu langileen gehiengo ordezkaritzarekin:

  • Lizentzia ordainduen erregimena eta soldatarik gabeko baimenak.
  • Ezintasun Iragankorreko osagarria.
  • Gaueko lanaren gehigarria.
  • Erreformaren kontrako artikuluak.
  • Enplegu prekarioa saihesteko hobekuntzak (lan poltsa, egutegiak, atsedenaldiak, lanaldi partzialeko langileak, eta abar).

Asier Vega: “Ezin da gizartearen aurrean justifikatu PNV, PSE eta PPren fundazioek diru laguntzak automatikoki jasotzea”

Bizkaiko Foru Aldundiak EAJ, PSE eta PPri lotutako fundazioei diru laguntza izendunik ez emateko eskatu du EH Bilduk. Koalizioak fundazio eta elkarte guztientzako “aukera berdintasuna” bermatze aldera aurkeztu du proposamena Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Asier Vega Alternatibako kide eta koalizioaren bozeramaileak adierazi duenez, Sabino Arana, Ramon Rubial eta Popular Estudios Vascos fundazioek diru laguntza zuzenak jasotzea “pribilegioa” da, elkarte gehienek diru laguntza deialdietara aurkeztu behar dute eta. EH Bilduren ekimenaren aurka agertu dira EAJ, PSE eta PP.

Sabino Arana eta Ramon Rubial fundazioek 560.000 euro jaso dituzte diru laguntza izendunetan, 2007 urteaz geroztik. Popular Estudios Vascosen kasuan, kopurua 375.000 eurokoa izan da.

Diru laguntza izendunak hainbat elkartek jaso ohi dituzte urtero Foru Aldundiaren partetik. Laguntzen deialdietara aurkeztu gabe diru publikoa jasotzeko arrazoia izaten da elkarte jakin interes orokorrekoa den jarduera garatzea eta jarduera hori beste inork ezin betetzea.

Asier Vegaren esanetan, alderdi politikoei lotutako fundazioen kasuan ez dago diru laguntza izendunak emateko justifikaziorik. “Alderdiei lotutako fundazioak diru laguntzen deialdietara aurkeztu daitezke. Horretarako aukera dute, beste elkarte batzuk ez bezala. Are gehiago, Sabino Arana fundazioa Kultura saileko diru laguntzen deialdietan izena eman du aurreko urteetan eta diru publikoa jaso du bide horretatik”.

EAJri lotutako fundazioak deialdi bidez jaso ditu laguntzak, “urteko jarduera” kontzeptupean. Eta kontzeptu berberarengatik jaso du diru publikoa laguntza izendunen bidez ere. Azken lau urteetan, 210.000 euro jaso ditu laguntza izendunetan eta 174.000 euro laguntza deialdietara aurkeztuta. Vegak “gehiegizko finantziazioa” salatu du fundazio horiekiko. “Ezin da gizartearen aurrean justifikatu fundazio hauek dirua automatikoki jasotzea. Are gehiago, gainontzeko elkarteek diru laguntzak jasoko dituzten ala ez jakin gabe haien jarduera baldintzatuta ikusten dutenean”.

EH Bilduk salatu egin du gainontzeko alderdien jarrera, EAJ, PSE eta PPri lotutako fundazioen “pribilegioak” ezabatzearen kontra agertu direlako.

“Xahuketarik ez!” aldarrikatu dugu AHTren aldeko jardunaldietan

Elkarretaratzea egin genuen atzo Bilbon, Euskalduna Jauregiaren aurrean, AHTaren alde egiten ari diren jardunaldiak direla eta. Aitziber Ibaibarriagak adierazpen hauek egin ditu bertan:

Herritarren poltsikoetatik ordaintzen ari da azpiegitura erraldoi hau, kalte sozial, ekonomiko eta ekologiko izugarriak sortzen ari dena.

AHTren defendatzaileek azpiegitura honen ustezko onurez jarduten dute. Guk, Euskalduna barruan diren agintariek ezkutatzen dutena salatu nahi dugu:

  • Hezkuntzan, osasungintzan, politika sozialetan sekulako murrizketak egiten ari diren bitartean diru publikoaren milioika milioi bideratzen ari direla obra honetarako.
  • Etorkizuneko inolako plangintzarik gabe egiten ari dela: ez mantenu kosteen inguruan, ez loturen inguruan, ez erabilpenen inguruan.
  • Eta azkenik, AHTren eraikuntzan PNV, PP zein PSOEk jartzen duten interes handiak obra bera ere susmopean jartzera garamatza: Azken urteotako obra zein proiektu publiko handiekin pasa bezala ( Hiriko, Bidegi, Karrantzako Minda…), lan hauek diru publiko kopuru izugarriak alderdi hauen inguruko enpresa sareak aberasteko erabiliko direnaren inguruko kezka adierazi nahi dugu.

Guzti horregatik, AHTren lanak geldiarazteko moratoria eta honen inguruko eztabaida sozial erreal bat burutzea exijitzen dugu.

Kontzentrazio honen leloak dioen moduan, mezu argi bat luzatu nahi diogu euskal jendarteari bai eta Euskalduna Jauregian bildu diren agintariei: AHT inondik inora ez. Xahuketarik ez.
 


 

Ander Rodriguez: “Gipuzkoan ez da murrizketarik Diputazioak bere poltsikotik jartzen duelako dirua besteen politika antisozialen ondorioak nabari ez daitezen”

Gizarte Politika eta ongizate kolektiboa foru hauteskundeetarako programako ardatz nagusi gisa kokatu ditu gaur EH Bilduk eta argi utzi du “Xabier Olano Aldundian izanda, Gipuzkoa gizarte murrizketarik gabeko Lurraldea izaten jarraituko” duela.

EH Bilduk hogeita hamar pertsonatik gora bildu dituen lan saio bat egin du sektore desberdinetako gizarte eragileekin –lankidetza, gizarteratzea, adin txikikoak, adinekoak, mendekotasuna duten pertsonak eta desgaitasuna dutenak-, Intxaurrondoko Kultur Etxean. Honen helburua Gizarte Politika alorreko hauteskunde programa modu partehartzailean egitea izan da.

Ander Rodríguez Alternatibatiko kide eta Gizarte Politikako diputatuak EH Bilduren lehentasun gisa nabarmendu ditu pobreziaren kontrako kanpaina, mendekotasun eta desgaitasuna duten pertsonei arreta eta gizarte zerbitzuetako langileen lan baldintzak hobetzea. Gainera, Lurraldeko gizarte zerbitzuetan “murrizketarik gabeko” politika mantentzen jarraitzeko konpromisoa hartu du Rodríguezek, alegia, Gipuzkoako Foru Aldundian legealdi honetan egiten ari den bezala jarraitzekoa.

Gizarte Politikako diputatuak azpimarratu duenez, “Gipuzkoak Espainiako Erreinuko gizarte zerbitzu sistema aurreratuena du, Diputazioak aplikatutako politikari esker, izan ere, gizarte babesa eta gastua handitu baititu eta, krisi garaian egin du, gipuzkoar ahulenak babesteko. Mendekotasuna, desgaitasuna, diru sarrera baxuak edo gizarteratze beharrak dituzten pertsonek badakite Gipuzkoan ez dela murrizketarik aplikatzen Diputazioak bere poltsikotik jartzen duelako dirua beste Administrazioen politika antisozialen ondorioak nabaritu ez daitezen, esaterako, Eusko Jaurlaritzak RGIarekin egindakoa edo Mendekotasun Legean Espainiako Gobernuak egindako murrizketak”.

“Espainiako Gobernuak Mendekotasun Legean murrizketa bortitza egin arren, Gipuzkoak, diru laguntza guztiak mantentzeaz gain, zabaldu egin ditu eta zabaltzen jarraitzeko asmoa du”, gogoratu du Rodríguezek. Konkretuki, Diputaziok diru laguntzak jasotzeko eskubidea uztailaren 1etik aurrera zabaldu egingo duela esan du. Orduan sartuko baitira sisteman I Graduko 1. Mailan baloratutako mendeko pertsonak, alegia, gradu arinena duenak, eta hilero 180 eta 300 euro bitarteko laguntzarako eskubidea izango dute.

EHBilduk Gipuzkoan pobreziari aurre egiteko eta baliabide gutxien dituzten pertsonei existentzia bermatuko dien errenta minimoa emateko duen apustu sendoa ere azpimarratu du.

Era berean, diputatuak gogoratu du EH Bilduk Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileen lan baldintzak duintzeko egiten duen apustu irmoa gogoratu du, eta baita gizarte zerbitzu publiko eta kalitatezko sarearen defentsa.

Gaur egindako lanketa kolektiboko saioa EH Bildu hauteskunde programa osatzeko egiten ari den partaidetza prozesuaren barruan kokatzen da. Orain arte sei lan saio egin dira eta ehunka hiritar eta sektore anitzetako hogeinaka agentek hartu dute parte. Prozesu honek aurrera jarraituko du hurrengo asteotan eta foru hauteskundeetarako behin betiko programaren aurkezpenarekin amaituko da, martxoan.

EHBilgu Gipuzkoa

Matute: “PNVren lagun espekulatzaileek, Cabieces Kutxabanken bezala, berea nahi dute, eta bakarrik lortuko dute PNV-PP-PSEk irabaziz gero”

Badakite berriz ere galduko dutela Gipuzkoan, herritarrek bizkarra ematen dietelako. Baina beren lagunek, botere finantzariek eta espekulatzaileek, Cabiecesek Kutxabanken bezala, berea jaso beharra dute. Eta bakarrik lortuko dute PNV, PP eta PSE tripartitoak boterea lortuz gero Gipuzkoan. Horregatik diote Errauskailua eraikiko dutela, edota aberatsei aplikatzen zaien zerga kenduko dutela.

PNV, PP edo PSE. Berdin dio siglen ordena. Ez bakarrik ia gauza guztietan ados daudelako. Arazoa da, asteotan ikusi dugunez, batzuek proposatu, beste batzuek eskua jarri eta, azkenean, beren burua herri honetako jabe gisa ikusten dutenek dirua banatzen dute adiskideka pozik egoteko. Eta noski, irregulartasun berri bat azaltzen den bakoitzean, hemen inork ez du inputatua ezagutzen. Karguan jarri zuten beraiek ere ez.

X