Kolonbiako herria lortzen ari den bezala, Euskal gizarteak behin betiko bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna irudikatzen du

Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak eta Diana Urrea EH Bildu zein Alternatibako kideak eta Kolonbiako nazioarteko bake foroko partaideak agerraldia egin dute Kolonbian lortu duten bakerako akordioaren irakurketa egiteko. Arraizek eta Urreak Kolonbiako herria zoriondu dute, bakea ekarriko duen oinarriak ezartzeko gai izan direlako.

Kolonbiar-euskalduna izanik, “hunkituta” dagoela adierazi du Urreak. “Zorionak eman behar dizkiot Kolonbiako herriari, baina, batez ere, nirea bezalako milaka eta milaka familiei, etorkizun hobeago baten bila Kolonbiatik joan behar izan zuten familiei. Urrunetik bada ere, gatazka armatua amaitzen ari dela eta justizia sozialean oinarritutako bakea eraikitzeko lehen urratsa eman dela ikusten ari dira”.

“Kontrako interes asko egon arren, Kolonbian erakutsi dute bakea lortzea posible dela”, esan du Urreak. “Zoragarria litzateke Kolonbian bizitzen ari diren momentu historiko hau, guk ere Euskal Herrian etorkizun hurbil batean bizi ahal izatea, eta lortuko dugu”.

Arraizek, bere aldetik, adierazi duenez, “aldi baterako justizia ezartzeko eta 6 hilabeteko epean bakea erdiesteko Kolonbiako Gobernuak eta FARCek nazioarteko begiradapean erdietsi duten akordioaren edukietan sartu barik, Kolonbia behin betirako bakerako bidean jartzeko eraman duten prozedura eta irmotasuna eredugarriak dira”.

https://pbs.twimg.com/media/CPrbWf-WoAAhPa5.jpg

“Lehendabizi, zeuden zauriei begiratu gabe, gai izan dira alde guztiak mahai baten bueltan esertzeko. Gero, bidean izan diren oztopo guztiak gainditzeko gai izan dira. Eta amaitzeko, bi aldeak gai izan dira eskuzabaltasun osoz jokatzeko helburu baten bila: bakea”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak.

“Inork ez du esaten gatazkak gainditzea erraza denik”, gaineratu du. “Jakitun gara bidean gaindiezinak diruditen mendiak aurkitzen direla, hangoek eta hemengoek prozesua zangotrabatzeko ahaleginak eta bi egingo dituztela… Euskal Herrian beste inon baino hobeto dakigu hori. Baina borondatea dagoenean, determinazio osoz jokatzen denean, eta alde guztiak eskuzabal jokatzeko heldutasuna dutenean, helburuak lortzen dira. Eta behin betiko bakea lortzen da”.

Bestalde, Espainiako Gobernuaren jarrera “hipokrita” salatu du Arraizek, Kolonbiako bake prozesua babesten duelako, Euskal Herriko “zapuztu nahian” ari den bitartean. “Kolonbiako ispiluan begiratu beharrean, Espainiako Gobernuak eta PPk nahiago izan dute Euskal Herriko gatazkari errendimendu politikoa eta elektorala atera. Baina Kolonbiako bidea eta eredua hain da argigarria nazioarte mailan, Madrilgo gobernuak jendaurrean babestu behar izan zuela Kolonbiako bake prozesua. Hau da, Kolonbiarako balio duenak eta ona denak, Euskal Herriarentzat ez du balio. Hipokresia handiagorik?”.

EH Bilduko bozeramailearen esanetan, “Euskal Herrian, Kolonbian egin duten bezala, gai izan behar gara bakea lortzeko erantzukizunak eskatzen duen mailan aritzeko. Erantzukizunez, tinkotasunez eta herri gisa jokatu behar dugu. Herri gisa dauden helburu guztiak bezala, bakea eta elkarbizitza egunero eraikitzen dira, egunero ematen ditugun urratsen bidez. Ondo dakigu hori Euskal Herrian, eta determinazio eta borondate osoz jarraitu behar dugu gure helburuaren bila. Bidean topatzen ditugun oztopo eta zangotraba guztien gainetik jauzi eginda”.

“Euskal gizarteak behin betiko bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna irudikatzen du, eta horra heldu nahi du. Kolonbiako herriak lortu duen bezala”, azpimarratu du.

Bakea eta elkarbizitza egunero hartzen diren erabakien bidez eraikitzen dela adierazi du, eta “herri gisa” jokatuz. Era horretara, urriaren 3an ‘Bakea, Erabakia’ lelopean egingo den manifestazioa horretarako aukera paregabea dela agertu du. “Bakean bizi nahi duen eta elkarbizitza eraiki nahi duen herri oso bat dagoela erakutsi behar dugu, erantzukizun eta determinazio osoz jokatzen duena. Horrela bakarrik lortuko dugu bidean aurkitzen ari garen oztopo guztiak gainditzea eta gure helburua erdiestea: bakea”.

EH Bildu

Hitzaldiak “Catalunya 27S: Burujabetza eraikitzen”

Irailaren 27an hauteskundeak baino askoz gehiago dago jokoan Katalunian. Burujabetzaren aldeko indarrek prozesu eratzaileari hasiera eman ahal diote, oraindik ere zalantza ugari dituen prozesua baina azken urte hauetan Katalunian sortutako herri olatuarentzat mugarri izan daitekeena.

Candidatura d’Unitat Popular CUP hautagaitzak proiektu bat eraikitzea lotu du, behetik eta udalgintzatik, non ikuspegi nazionala zein soziala, ezinbestez, batera jorratzen diren. Hala, asanbladaz asanblada eta desobedientzia bidaide, aurrera egitea lortu dute Kataluniako prozesuaren erreferentzia bilakatu arte.

Jaume Casals CUPeko militante eta 2011tik Navaseko (Bartzelona) alkatearekin batera, I27aren ondorengo egunaren inguruan hausnartu nahi dugu, oraindik ere eraikitzen ari den independentziarako prozesu atzeraezinaren norabideaz.

Harekin batera, burujabetzaren bidean eta Kataluniaren inguruan beren ikuspegia eskaintzeko prest izango dira Oskar Matute, Gasteiz eta Getxoko hitzaldietan, eta Joxe Iriarte ‘Bikila’, Errenteria-Oreretakoan.

Irailak 22,  asteartea:
Errenteria-Orereta
Mikelazulo (Beheko Kalea 4)

Irailak 23, asteazkena :
 Getxo
Aula de Kultura de Algorta (Villamonte A,8)

Irailak 24, osteguna:
Gasteiz
Aldabe (Portal de Arriaga, 1-A)

Herri katalanari eta bere prozesuari babesa adierazi diogu EH Bilduk, ezkerreko hainbat indar subiranistekin batera

Diada egunaren ospakizunekin kointzidituz, Estatuko nazio eta herri desberdinetako 8 erakunde politikok Katalunian irekitako prozesuarekiko babes posizio amankomuna topatzera begira bilkura bat ospatu zuten Bartzelonan. Galiza, Castilla, Mallorka, Valentzia, Euskal Herria, Aragoi eta Asturiako ordezkariek irailaren 27an Principateko herritarren hartutako erabakiekiko errespetua aldarrikatzen duen adierazpena onartu zuten. Erakunde hauek, gainera, Estatuak Kataluinaren aurka hartu ditzakeen balizko neurrien aurrean koordinatzeko konpromisoa agertu zuten. Eta modu orokorrago batean, bakoitzak bere herrian aldarrikapen soberanistak aurrera egin dezan ekimenak elkarbanatzean. Nazio ezberdinetako ordezkarien bilkura Ciemen-en (Centre Internacional Esquerra per a les Minories Etniques e les Nacions ) egoitzan ospatu zen, eta topaketa horren anfitrioi eta ikuskatzaile gisa CUP eta ERCko ordezkariak egon ziren.

Begirada irailaren 27an Principatean ospatuko diren hauteskundeetan jarrita, Galiza, Euskal Herria, Castilla, Asturias, Aragon eta Pais Valencia eta Mallorkako erakundeek, espreski onartzen dute hauteskude horien izaera “plebiszitario eta/edo konstituziogilea”.

Era berean, Principat-eko prozesua Estatuko nazio eta herri desberdinetan etorkizunean eman daitezkeen aldarrikapenen plasmazioarekin lotzen dute, ikur desberdinetakoak izan arren, amankomunean haustura demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea dituztenak.

Andecha Astur, Bloque Nacionalista Galego (BNG), Bloc Nacionalista Valencià (Bloc), Chunta Aragonesista ( CHA), Euskal Herria Bildu ( EH Bildu), Izquierda Castellana ( Izca), Mes per Mallorca (MES) eta Puyalón de Cuchas-ek argiki adierazten dute Catalunyako egoera eta nazioarteko komunitateak, Europar Batasunak eta Estatu espainiarrak egoerari aurre egingo dieten moduak “determinatuko dutela hein handi batean, gure nazioek euren etorkizunean eragingo duten erabakiak hartzeko errespetuzko marko bat bideratzeko aukerak”.

Era berean, manifestuaren sustatzaileek “borondate demokratikoaren errespetua eta herrien eskubideen errekonozimendua harreman justuago eta solidarioagoen marko baten oinarria izan behar dutela” ulertzen dute eta “justizia sozialean eta bizitze onean oinarrituta, herriak zorraren txantaiatik askatuko dituen eta oinarrizko eskubide sozialak eta askatasunak onartuko dituen Europa berri bat eraikitzeko” duten xedea adierazi dute.

Bilkuran parte hartu zuten erakundeak Katalunian irekitako prozesuaren inguruan interlokuzio iraunkorra izateko konpromisoa hartu zuten, bereziki “Estatutik mota guztietako ohartarazpen nahiz mehatxuak igortzen direnean”. Era berean, haustura demokratikoaren mesedetan “eztabaida eta kolaborazio” esparruak irekitzeko prestutasuna adierazi zuten; “aldaketa politikoa nazioetan eta hauen erabakitzeko eskubidean jokatzen dela” ulertzen baita.

EH Bildu

http://alternatiba.net/old-files/Herri katalandarraren askatasunen aldeko elkartasun adierazpena.pdf

Amb la CUP-CC: Herri boterea eta batasuna herriz herri eraikitzen

Oskar Matute – Alternatibaren Koordinakunde Nazionalaren izenean

Irailaren 27an Kataluniako herriak bozkatu beharko du. Ez dira ohiko hauteskundeak. Zalantzarik gabe, garrantzi berezia duen mugarria da estaturik gabeko nazio batek, Herrialde Katalanak, bere izatea eta erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estuaren aurka duen gatazkan.

Horregatik, eta hauteskunde hauen izaeraz jakitun, Alternatibatik gure babes argia eta zuzena adierazi nahi diogu CUP-Crida Constituent hausturaren hautagaitzari. Izan ere, 27ko erronkaren aurrean ez da nahikoa urrunetik emaitza begiratzea edota elkartasuna adieraztea. CUP-CCk dituen helburuekin, agenda politikoarekin eta lanarekin bat gatozela ohartarazi nahi dugu, guk Euskal Herriarentzat nahi dugunaren parekoak direlako.

Egia da, halaber, hilaren 27an Katalunian gertatuko dena bere naziotik kanpo ere eragina izango duela. Nazioak, pertsonak eta herriak gatibu gaituen gordiar korapiloa askatzeko giltza izan daiteke, trantsizioak ezarritako egonkortasun eta elkar-ulertze faltsuaren aroarekin apurtu nahi dugunontzat irtenbidea.

Kataluniari haustura usaina dario, trantsizioaren gau amaiezinaren ostean, egunsentia dator. Aukera paregabea da kataluniarrentzat, baina baita estatu beraren menpe gauden herri, nazio eta pertsona ororentzat, harrapakeriak eta ankerkeriak usteldutako sistema bermatzen duen estatuaren menpe, elite aldaezinek bahitutako demokraziaren itzalean, ikuspegi ultra atzerakoiaz zipriztindua, jendearen ahalduntzerako proiektuak garatzeko eskubidea urratu egiten duena.

Guzti horregatik, CUP-CCren alde egiten dugu. Bere jende eta jokabidearengan Kataluniako gizarte kontzientziadunaren bultzada ikusten dugu, mundu justuagoa, askeagoa eta parekideagoa nahi duten jendearena. Bere borroka ereduan, kalean zein erakundeetan, Katalunia burujabe, independente eta aske batek behar dituen osagaiak daude. Herritarren nazioa eraikitzera doaz, eta ez enpresa handiena.

Haiek bezala, herri boterea indartu beharra dagoela, izaera nazionala eta soziala uztartu behar direla eta kapitalismoari aurre egin behar zaiola uste dugu. Emantzipazioa helburu eta kapitalaren aurkako ezkerreko borroka guztietatik abiatuta. Patriarkatuaren aurrean, mendetasunaren aurrean eta finantzen botereari aurre eginez, austerizidioaren eta murrizketen kontra. Naziorik ez baina eredu bera partekatzen dutenen aurrean, ideologiak amaitu direla baina bereari eusten diotenen aurrean. Ezker politikoak, emantzipazioa xede duten mugimenduek bezala, erreferenteak behar ditu, norbere buruaren isla ikusteko ispiluak, guk ere bai, eta CUP-CCrengan hala dakusagu.

Hiru urte dira Kataluniako parlamentura indartsu sartu zirenetik, Goliaten kontra borrokatzeko prest dagoen David txiki baten modura. Politika instituzionalak ez ditu garaitu, bere ordezkariek, ondoan dituzten milaka lagunek bezala, erakutsi egin digute gauzak beste modu batera egin daitezkeela, herriarekin eta herriarentzat.

Hala, etorkinek, feminismoak, ekologismoak, langileek eta bazterkeria pairatzen duen orok, borrokarako aukera aurkitu dute: azkarra, parte-hartzailea, bizia eta bere burua inongo borrokaren bozeramaile parlamentario gisa aurkezten ez duena. Borroka horien parte delako, askok isilarazi nahi dituzten borroka horiena. Horregatik botereak bortizki eraso egiten die, CUP-CCk bultzatzen duen herri ahalduntzea boteretsuen galera eragin dezakeelako.

Ozen hitz egiteko ordua da, ahots erreboltari eta menderaezinei lekua egitea. Izan ere, etorkizuneko Kataluniak, burujabeak, gutxien dutenentzat aukera izango da CUP-CC hautagaitzak herria eta bere instituzioak baldintzatzeko indarra lortzen duen heinean. Mundura zabalik dagoen Katalunia baina bere iraganaz harro dagoen herriaren ikuspegiak, orainaren jakitun eta etorkizunean itxaropena duena, sektore guzti horiek herria zuzentzeko aukera izan dezatela eragin dezake.

Duintasunak, proposamen politikoak eta erantzun kolektiboak saria merezi badu, konpromisoaren eredu diren eta gehiengoaren lubakian borrokatzen dutenentzat izan beharko da. Horregatik nahi dugu ahalik eta emaitzarik onena CUP-CC hautagaitzarentzat, eta Euskal Herritik bertoko zein hango herritarrei dei egiten diegun haien alde lan egin dezatela.

Alternatibak Guatemalako herria zoriondu du Perez Molina genozidak kargua utzi izanagatik

Otto Perez Molina presidente ohia, irmo jokatu behar zuena, burua eta bihotza erabili, ez zenuen baina irmotasunik azaldu iruzurrarekin amaitzeko. Are gehiago, iruzurraren jaun eta jabe egin zara, Horregatik, Zigorgabetasunaren Kontrako Guatemalako Batzordeak (CIGIC), Estatuko fiskaltzak eta Guatemalako Diputatuen Kongresuak hala ikusi dute eta, horregatik, aduenetako zergetan iruzur masiboan parte hartzeagatik zu inputatzeko zantzuak daudela erabaki dute.

Baina hein handi batean, Guatemalako herrian izan da, etengabeko mobilizazioaren bitartez eta borrokaren bidez, usteldutako instituzioak horretara bultzatu duena. Ez dute beste aukerarik izan eta orain arte Guatemalako presidentea izandakoa atxilotzeko agindua eman dute.

Berri honek poztu egiten gaitu, eta Guatemalako herria zoriondu nahi dugu, bere borrokarengatik, eta garaipen partzial hau ospatzen dugu, militar kaibil honen kargugabetzeagatik, bihotzik gabeko genozida eta lapurra delako Perez Molina.

Bestetik, ziurgabetasuneko egunak dira hauek Guatemalako ezkerrarentzat, izan ere, irailaren 6an hauteskundean egin behar zituzten. Mobilizazioetan aritzen direnen zati handi batek bozak atzeratu beharra ikusten dute, berme demokratiko nahikorik ez delakoan, horregatik, egitekotan, abstentzio arduratsua eskatuko dute. Ezkerraren beste talde batek, aldiz, parte-hartzeko beharra ikusten du, eskura dezaketen ordezkaritza gal ez dadila.

Emaitza edozein izanda ere, Alternatibatik herri honetako herritarren kemena nabarmendu nahi dugu eta arretaz jarraituko dugu beren etorkizuna.

X