Alternatibak Kolonbiako bake prozesuaren oztopoak eta bilakaera aztertuko ditu Bilbon

Hurrengo asteazkenean, urtarrilak 23, Alternatibak hitzaldia egingo du Bilbon, Kolonbiako bake prozesuaren bidean izandako oztopoak eta bere bilakaera aztertzeko. Dagoeneko, bi urte baino gehiago igaro dira Cartagenan Gobernuak eta FARC-ek akordioa izenpetu zutenetik. Solasaldian bake elkarrizketetan parte hartu izan duten bi kidek hartuko dute hitza: Alberto Pinzon Sanchez eta Carlos Alberto Ruiz Socha. Aurkezle lanetan Diana Urrea Herrera Alternatibako Mahai Internazionalistako kidea arituko da.

Alberto Pinzon Sanchez, medikua eta antropologoa, 2001ko eta 2002ko  bake elkarrizketetarako batzordeetan aritu zen, non Kolonbiako gobernua eta FARC aurrez aurre egon ziren; bigarren aukeran ELN ere han izan zela. Carlos Alberto Ruiz Sochak, bestetik, akademikoa eta abokatua da, FARC-eko aholkularia izan zen duela bi urteko bake prozesuari begira eta egun zeregin berberetan dabil ELN-rentzat.

Hitzaldia bideratzeko ardura Diana Urrea Herrera Alternatibako kideak izango du. Kolonbian jaioa, legebiltzarkidea izan zen Gasteizen iragan legegintzaldian, eta Porto Alegreko (Brasil) Kolonbiako Bake Foroan parte hartu zuen 2013an.

Solasaldia urtarrilaren 23an izango da, arratsaldeko 18:30etatik aurrera Bilboko Hika Ateneoan (Ibeni kaia 1). Alternatibaren 10. urtemuga ospatzeko antolatutako hitzaldi sortaren baitan kokatua, sarrera askekoa izango da aretoa bete arte.

Borras «Kazetari guztiek autozentsuratzen dute bere burua, gutxi-asko»

Alternatibak Bilbon antolatutako hitzaldiaren harira Jordi Borras fotokazetariari BERRIAko kazetari Uxue Gutierrez Lozanok eginiko elkarrizketa.

Ofizioz fotokazetaria da Jordi Borras (Bartzelona, 1981), eta bokazio handiz bizi du ogibidea. Baita arriskuz ere. Izan ere, orain sei hilabete Espainiako polizia batek sudurra apurtu zion. Bosgarren liburua plazaratu berri du, Kataluniako erreferendum eguna ardatz hartuta: Dies que duraran anys. Alternatibak antolatuta, Bilbon eta Gasteizen izan da liburua aurkezten.

Zer aurki daiteke ‘Dies que duraran anys’ (Urteak iraungo duten egunak) liburuan?
Erreferenduma aitzakiatzat hartu, eta hiru hilabetez Katalunian bizitakoa laburbildu nahi izan dugu liburuan. 2017ko udazkenean Katalunian bizitakoaren irudi kronika bat da liburua, testuz lagunduta. Ikuspuntu independentistatik behatuta. Beste liburu bat ere posible litzateke: kontra zeuden espainolisten ihardespena. Hori aurreko liburu batean azaldu nuen, eta, orain, ez nien protagonismorik eman nahi. Liburua omenaldi bat da, erreferenduma posible egin zutenei eginikoa.

Kazetari gisa, nola bizi izan zenuen urriaren 1eko egun hura?
Hitz bakarrean laburbilduta: estresatuta. Ni lanean nenbilen, eta egun hura puntu gorena izan zen, baina nik ordurako bi egun neramatzan ia lorik egin gabe. Aurreko egunetik ari ziren herritarrak eskoletan lotan, eta hori ere kontatu nahi nuen.

Eta herritar modura?
Sentimenduak nahasten dira, noski: argazkilaria naiz, eta txikitatik naiz independentista. Egun hura ametsetako eguna zen niretzat. Zaila zen lan egin eta sentimenduak bereiztea. Une askotan konplikatua zen gainezka ez egitea. Dena batu zen: emozioak eta estresa.

Eta harrapatzea lortu ez zenuen irudirik ba al daukazu buruan?
Uste dut ezetz, baina askotan autozentsuratu dut neure burua. Izan ere, irudi batzuek ondorio oso larriak izan ditzakete beste pertsona batzuentzat. Argazki oinik ezean, irudi berak gauza oso ezberdinak helaraz ditzake. Gehiago ala gutxiago, baina kazetari guztiek autozentsuratzen dugu geure burua, eta pena da. Horrek badu zerikusirik herrialde bateko demokraziaren kalitatearekin. Zenbat eta autozentsura handiagoa, orduan eta kalitate gutxiago.

Liburuan irudiak dira nagusi, baina hitzez lagunduta doaz. Nola uztartzen dira biak kontakizunean?
Liburua kronika subjektibo bat da, beste edozein kronika bezala. Kapituluka banatuta dago, eta kapitulu bakoitzean idazle baten testu literario bat ageri da, lehen pertsonan idatzia. Bi munduak uztartzea da liburuaren gakoa, eta oso produktu berezia sortzen da horrela.

Berehalakotasunaren aroan liburu bat argitaratu duzu. Zertarako?
Liburuen bidez, aukera dut gaiak luze eta zabal lantzeko, baina lan egiteko bi erak uztargarriak dira: berehalakotasun sorta batek osatzen du liburu bat. Horren isla da Dies que duraran anys. Denera, 60.000 argazki atera nituen, hor badago istorio on bat kontatzeko materiala. Ezinezkoa da istorio bat kontatzea klikaren diktaduraren menpe.

Oraingoan ez, baina espainolismoaren eta eskuin muturraren berri ematen diharduzu 2007tik.
Espainolismoak eta eskuin muturrak sektore paraleloak izan beharko lukete, baina eskutik doaz maiz. Katalunian, eskuin muturra espainolismo erradikalenetik eratorria da. Eskuin muturraren mobilizazioetara joaten hasi nintzenean, gaiaren inguruan desertu informatibo itzela zegoen; ez zegoen prentsarik. Faxismoaren banalizazio ikaragarria dago bertan. Egun, edonor ibil daiteke bandera frankista batekin kalean, lasai-lasai.

Esan izan duzu zure argazkiek indarkeria irudikatzen dutela. Bada, zeri deritzozu indarkeria?
Indarkeria agertzen da argudiorik ez dagoenean. Indarkeria norbaiti min emateko indar nahikoarekin eginiko ekintza da, baina askotan hitz hau batzuentzat erabiltzen da, eta besteentzat ez. Poliziaren oldarraldi bat indarkeria da. Beste kontu bat da legezkoa izatea. Gomazko pilota batekin norbaiti begian jotzea indarkeria da. Zaborrontzi bat kale erdian gurutzatzea, ez.

Indarkeria zeure larruan jasan duzu: 2018ko uztailean, Espainiako polizia batek sudurra apurtu zizun.
Eraso horren ondorioz, polizia inputatu dute, baina baita neu ere. Kontakizunak zalantzarako tarterik ez du, eta eskerrak. Zirrikiturik ez dagoelako; bestela, Altsasukoak bezala egongo nintzateke: ziegan. Herritar baten hitzak ez du baliorik poliziaren hitzaren aurrean.

Holakoetan, beldurra sentitzen da?
Askotan. Ez naiz pertsona ausarta, zuhurra baizik. Ikaragarri gustatzen zait nire lana, eta balio batzuei jarraikiz egiten dut, baina ez naiz kamikaze bat. Aspalditik jasotzen ditut heriotza mehatxuak, eta oraindik bi hanka eta bi beso ditut. Orain ezagutzen naute, eta geroz eta zailagoa egiten zait nire lana egitea.

Alternatibak poza agertu du Mateo Gutierrez Leon Kolonbiako ikaslearen absoluzioa dela eta

Alternatibako Mahai Internazionalistak poztasun handiz hartu du Mateo Gutierrez Leon gazte kolonbiarraren absoluzioa. Ikasle honek ehunka egun eman ditu preso muntai judizial baten ondorioz, 2015eko irailean, Bogotan, lehergailu bat eztandarazi izana leporatuta, inolako frogarik ez bazuten ere, azkenean epaitegietan demostratu izan denez. Epaileak agerian utzi du horrela fiskaltzaren jarrera.

Aste honetan, hain zuzen ere, Alternatibak Bilbon hitzaldia antolatu du Aracely Leon Mateo Gutierrezen amarekin, Jorge Adolfo Freytter Romero Elkartearen eskutik Euskal Herritik hitzaldi eta bilera bira bat hasi berri duela. Bere asmoa, semeak pairatutakoaren berri eman ez ezik, Kolonbiako unibertsitate eremuan gertatzen den jazarpen polizial eta judiziala salatzea da.

Horregatik, Gutierrez gaztea aske gelditu izana ospatzeaz gain, Alternatibako Mahai Internazionalistak Kolonbian pentsaera kritikoaren kontra ematen den zapalkuntzaren amaiera eskatu eta unibertsitate eredu pribatizatu eta otzanaren inposaketa salatu dute.

Igor Meltxor kazetariaren ‘Gabriel Rufian, la voz de la calle’ liburuaren aurkezpena Iruñean

Datorren asteartean, otsailak 20, Kultur Alternatibak ‘Gabriel Rufian, la voz de la calle’ (‘Gabriel Rufian, kalearen ahotsa’) liburuaren aurkezpena eramango du Iruñeko Katakrak aretora. Bertan, Kazetari Kanaiako arduradunak ERC alderdiko diputatuari egindako elkarrizketa desberdinen emaitza jasotzen da, Kataluniako politikaren egungo egoera ulertzeko zenbait gako eskainita.

‘Gestión a la vasca: Chiringuitos, impunidad y soberbia’, ‘Caso Bidegi: ¿A dónde ha ido a parar el dinero?’ eta ‘Gestión a la vasca II: El oasis vasco’ ikerketa liburuen egileak, Kataluniako politikagintza du orain hizpide 168 orriko liburu argitaratu berrian.

Hitzaldia, sarrera askekoa, otsailaren 20an izango da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera Katakrak espazioan (Kale Nagusia 54, Iruñean). Meltxorren lan berria liburudendan salgai dago dagoeneko eta aurkezpenaren ostean ere eskuratu ahal izango da.

Martxoaren 4an Bolibarren egingo den egun internazionalista iragarri du Venezuela Aurrera plataformak

Jai eta elkartasun ekimen honek ezin du ahaztu Venezuelak pairatzen dituen eraso neokolonialistak etengabekoak direla. eraso hauek petroleoaren jeitsieragatik kolpatua izan den ekonomia baldintzatzea bilatzen dute era honetan uste bait dute venezuelako herriak bere Gobernuari bizkar emango diola.

Euskal Herritik zailtasun guztien gainetik, zutik mantentzen den herri chavistari babesa eman nahi diogu, aukera izan duten bakoitzean argi erakutsi bait digute oso sendoak direla haien oinarriak.Guzti honengatik, Hugo Chavezen bostgarren urteurrena ahaztu nahi ez dugulako eta Bilboko manifestazio jendetsuaren urte bat baino gutxiago igaro ondoren, data eta leku esanguratsu honetan elkartasun internazionalista berresteko ekitaldu hau antolatuko dugu.

Bertan Chavezen irudia eta Iraultza Bolibartarra aurrera eraman duen herriari omenaldi xumea egin nahi diogu Martxoaren 4an Bolibarren. Horretarako ekitaldi politikoa, herri bazkaria eta musika emanaldiak izango dira jai giroan. Horregatik Venezuelako herria gertu sentitzen duten guztiei luzatzen diegu gonbidapena.

Herri bazkarira apuntatzeko beharrezkoa da m4bazkaria@gmail.com helbide elektronikoan izen ematea.

Bilbotik abiatuko den autobusean joateko: m4autobusa@gmail.com helbidera idatzi behar da.

Eta esan nahi dugu berdin duela inperialismoak erabiltzen dituen tresnak, dela Europako Kontseilua, OEA edo Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Saila, hauen aurrean elkartasun internazionalista garaile aterako dela ziur gaude.
Venezuela aurrera!
Gora iaultza bolibartarra!

“Venezuela aurrera” Plataforma: Alternatiba, Aralar, Arbol Euskal Herria, Askapena, Asodemuc, Bachue (Kolonbiako Errefuxiatuak Euskal Herrian), Cine de Base, “La Puebla” Zirkulu Bolivartarra, Emigrados sin Fronteras, Ernai, Euskadi-Cuba elkartea, Ezker Anitza-Izquierda Unida, Gazte Komunistak, Gazte Komunisten Batasuna (GKB), Giltza, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza, Inti Kokone, IPES-GITE, LAB, Komite Internazionalistak, Marcha Patriótica Euskal Herrian (Colombia), Bakea eta Duintasuna / Paz con Dignidad, PCE-EPK, Resumen Latinoamericano, Revista “Encuentros”, SODePAz, Sortu.

X