Diana Urrea: “Euskal gizarteak, lehen eta orain, sahararren borrokari erakutsi dion atxekimendua txalogarria da”

Diana Urrea Alternatibako kide eta EHBilduren Kongresurako Bizkaiko hautagaiak “euskal gizarteak, lehen eta orain, sahararren borrokari erakutsi dion atxekimendua txalotu du”.

Urreak, Fronte POLISARIOa bere XIV.garren kongresua egiten ari den Dakhlako errefuxiatu eremutik “euskal gizartearen jarrera” nabarmendu eta Mendebaldeko Sahararen aldeko Legebiltzarreko lan taldearen ekimena nabarmendu ditu.  

Hala ere, legebiltzarkide subiranistak herri sahararraren autodeterminazio borrokarekiko elkartasuna areagotzera deitu ditu euskal erakundeak.

Era berean, Urreak Espainiako gobernuak joan den urriko uholdeek errefuxiatu eremuetan sortutako larrialdi egoeraren aurrean erakutsitako jarrera salatu du.

Atsekabea eta gaitzespena Frantziako estatua Sirian egiten ari den bonbardaketen aurrean

EH Bilduk irmo salatu nahi ditu Frantziako estatuko armada Sirian egiten ari den bonbardaketak; era berean, horrek guztiak populazio zibilean eragingo dituen ondorioen aurrean bere atsekabea azaldu nahi du. Sirian egindako eraso masiboak ez dira konponbidea, arazoa dira; izan ere, eraso horietan gatazkarekin ezelango zerikusirik ez duen populazio zibila hilko da. Eraso masibo horiek mina areagotzea eta gatazka gordintzea baino ez dute eragiten: Kobane, Beirut, Palestina eta munduko beste leku pairatzen ari direnak hainbat inperialismoren ondorioa dira. Guzti-guztiak salatzen ditugu salbuespenik gabe, eta herrien eta herritarren eskubideetan oinarritutako eskubideetan oinarritutako konponbide politikoak aldarrikatzen ditugu.

Mendebaldeko herrialde nagusiek aitortu dute talde ezberdinak finantzatu eta elikatu dituztela hainbat interesei jarraituta. EH Bildutik azpimarratu nahi dugu arazoa bere osotasunean ulertu behar dela: erantzukizunak argiak dira, Mendebaldean ere bai.

Ekintza eta jarrera bortitz horiek giza eskubideen urraketak eragiten ari dira Sirian eta inguruetan, herri horretako pertsonak beren etxeak eta herria uztera behartuta daudelako. EH Bildu drama hori bizitzen ari diren pertsonekin dago eta egon da. Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentaria Errefuxiatuen Bidea egiten ari da Balkanetan, eta duela aste batzuk Jordaniako errefuxiatu zelai handiena bisitatu zuen. Ikusten ari dena kontatzen da: tratu txarrak, sufrimendu asko… Eta badirudi Europan ez inon ez dagoela inor prest horren gaineko erantzukizuna bere gain hartzeko. Beharrezkoa da errefuxiatuei laguntza humanitarioa eskaintzea eta gure herrietan jasotzea. Baina benetan beharrezkoa dena da pertsona horiek guztiak drama batekin aurkitzea beste drama batetik ihes egiten ari direnean.

EH Bilduren adierazpena Pariseko erasoen aurrean

Atzo Parisen gertatutako eraso latzen aurrean EH Bilduk adierazpen hau helarazi nahi dio gizarteari eta iritzi publikoari:

-Lehenik eta behin gure samina adierazi nahi diegu Pariseko erasoetan  hilik edo zauriturik izan diren herritarrei eta haien familiei. Horrekin batera gure babes eta elkartasun osoa adierazi nahi diegu Frantziako estatuko herritarrei une larri hauetan.

– Giza eskubideetan eta demokrazian oinarritutako gizarte ereduan sinesten du EH Bilduk, eta horren alde lan egiten du eta borrokatzen du egunero, Euskal Herrian eta mundu zabalean harremanak dituen herrialde guztietan. Mundu osoan gertatutako giza eskubideen eta oinarrizko printzipio demokratikoen aurkako eraso guztiak salatzen ditugu.

-Zentzu horretan, Parisen gertatutako erasoaren erantzuna giza eskubideetan eta oinarrizko irizpide demokratikoetan oinarritu behar dela aldarrikatzen dugu. Populazio zibilak modu bidegabean pairatu duen eraso ankerraren erantzuna ezin da inola izan neurri eta izaera berekoa. Eskubideen murrizketan oinarritutako salbuespen legeek demokrazia ahultzen dute eta ez dute inoren segurtasuna bermatzen.

– Parisen bizi den sufrimendua ez da mundu osoan bizi diren gatazketan bizi denarekiko ezberdina. Horregatik, aldarrikatzen jarraitzen dugu inork ez dezala indarkeria erabili errugabeen aurka, inork ez ditzala armak saldu bere etekinak handitzeko, eta inoren Nazioarteko politikak ez ditzala gatazka gehiago eragin. Herri eta pertsona guztien askatasunak baino ez du lortuko mundu osoan ditugun gatazka lazgarri guztiak gainditzea.

EH Bildu

“Venezuela Aurrera” Iraultza Bolivartarrarekiko Euskal Elkartasun Plataformarekin bat egin dugu

Venezuelako parlamenturako hauteskundeak atarian izanik, abenduaren 6an, Venezuelako demokraziarekin elkartasunean eta desinformazio eta desegonkortze eta injerentzia kanpainaren etengabearen aurrean, 26 kolektibo, sindikatu eta alderdi politiko euskaldunek “Venezuela Aurrera” plataforma osatu dugu, Iraultza Bolivartarrarekiko Euskal Elkartasun Plataforma.

“Venezuela Aurrera”k bere lehen komunikatuan Venezuelako herriarena den prozesu demokratikoa mantentzeko ahaleginekin bat egin nahi du, eta martxan dagoen hauteskunde prozesu eta emaitzenganako errespetu zorrotza exijitzen du. Eskuineko oposizioak uko egin dio emango diren emaitzenganako errespetu konpromezua sinatzera, eta honek, lehenago gertatu den bezala, desegonkortze eta indarkeria eszenatoki batera eraman dezake Venezuelako herria.

Honako hauek dira Iraultza Bolivartarrarekiko Euskal Elkartasun Plataforma den “Venezuela Aurrera” osatzen duten eragileak: Alternatiba, Aralar, Arbol Euskal Herria, Askapena, Asodemuc, Bachue (Kolonbiako Errefuxiatuak Euskal Herrian), Cine de Base, “La Puebla” Zirkulu Bolivartarra, Ernai, Euskadi-Cuba elkartea, Ezker Anitza-Izquierda Unida, Gazte Komunistak, Gazte Komunisten Batasuna (GKB), Giltza, Ikasle Abertzaleak, Ikasle Ekintza, IPES-GITE, LAB, Komite Internazionalistak, Marcha Patriótica Euskal Herrian (Colombia), Bakea eta Duintasuna, PCE-EPK, Resumen Latinoamericano, Revista “Encuentros”, Sortu eta Emigrados sin Fronteras.

Venezuelako herrialdean garatutako Iraultza Bolivartarra geopolitikoki berebiziko garrantzia duen elementu bilakatu da eta arrazoi honek AEB zein EBren inperialismoaren jo puntu estrategiko bihurtu du bertako gobernu iraultzailea, gure plataformatik bi botere inperialista hauek Venezuelan garatzen saiatzen diren edozein esku sartzea salatuko dugu.

Bere etorkizuna berdintasunez eta justiziaz eraikitzeko bidezkoa den eskubidea  da Venezuelan jokoan dagoena, aski ezagunak diren errezeta neoliberalak baztertuz, Latinamerikako herriei hainbeste baztertze sozial eta desberdintasun ekonomikoa ekarri dieten errezetak hain zuzen ere.

Urteak dira herrialde hartan gertatzen ari den desegonkortze eta “kolpe leun” operazio sistematiko baten lekuko garela, eta operazio honen helburua Nicolas Maduroren gobernua indarraren bitartez kanporatzea baino ez da.

Nazioarteko Gerra mediatiko bizia saiakera golpistak legitimatzen saiatzen da, eta hedabideek aldakuntza prozesua babesten duen gehiengo sozialari ezikusia egiten dioten bitartean, gizartearen gutxiengo bat “Venezuelako herria” bezala aurkezten dute. Eta noski, gehiengo sozialak bultzatuko gobernuaren lorpenak ez dituzte ezta aipatzen, esateko baterako petrolio errentaren inbertsio sozialari esker 15 urteko epean pobrezia erdira murriztea lortu dutela.

“Kolpe leuna”k oso bizia den gerra ekonomiko, politiko eta informatiboa dakar barne, kanpora begira “kaos ekonomiko” eta “errepresio” mezuak zabaltzeko helburuarekin.

Gure euskal lurretatik Venezuelako herri borrokalariarekin, bere mugimendu herrikoiekin eta demokratikoki hautatutako gobernuarekin elkartasun aktibo eta etengabekoaz aurrera egiteko deialdia luzatzen dugu.

EH Bilduk palestinar herriarekiko elkartasuna areagotzeko deia egiten du

Ekialde Hurbileko gatazkaren areagotzea kezka arrazoia da eta bakearen aldeko jarrera aktiboa eskatzen du.

Urriaren lehenengo hamabostaldian 30 palestinar baino gehiago hil dira eta ehundaka zauritu -horietako hainbat larriki-, eta 10 israeldar izan dira era berean, bizitza galdu dutenak.

Akzio-erreakzioan oinarritutako eskalada berri eta arriskutsu batean aurrean gaude berriro ere, eta beti bezala, biktimen gehiengoa zibilak dira.

Al-Aqsa Mezkitara sartzeko sarrera eta ordutegi mugek, Gazako erasoek, lurraldeen kolonizazio iraunkor eta itogarriak eta kolonoak eta soldaduak herritar palestinarren aurka darabilten inpunitateak geroz eta eszenatoki lehergarriagoa sortzen ari dira.

Nazio Batuen Erakundeak (NBE) berak onartzen duenez, 2020. urtean Gaza ez da bizitzeko moduko lurraldea izango. Urteetako setio eta blokeoaren ostean, ordea, dagoeneko egoera arnastezina ez ote den galdetu behar da. Hala, gehiago itxaron gabe,  gazako herritarrek bizi duten dramari lehenbailehen irtenbidea eman behar zaio.

Ezinbestekoa da distentsioa bilatzea eta nazioarteko legediaren betetzea. Era berean, aurrez egina dugu gisan, EH Bilduk ezinbestekotzat jotzen du Estatu Palestinarra onartzea, jakinda errekonozimendu horrek ondorio erangikorrak izan ditzan ezinbestekoa dela nazioarteko komunitateak okupazioaren amaiera behartzea.

Okupazioa, espetxea, erbestea, atxiloketak, bortxazko kanporatzeak, tortura eta beste hainbat opresio moduk denbora gehiegi iraun dute dagoeneko Palestinan, ia 70 urte. NBE ren fundaziotik gaur egun arte agendan iraun duen auzi bakarra dela gogoratzearekin nahikoa da.

Marwam Bargoutik, espetxetik, duela gutxi ongi esan zuen gisan “Palestinarrei esan zitzaien bitarteko baketsuez eta bide diplomatikoez baliatuz gero okupazioari amaiera jartzeko nazioarteko komunitatearen babesa jasoko zutela. Eta aldiz, nazioarteko komunitatea ez da gai izan nazioarteko zuzenbidea eta NBE ren ebazpenak aplikatzeko nazioarteko egitura bat abiarazteko; ezta kontuen eskatzea posible egiten duten neurri eraginkorrak aplikatzeko ere.”

Era berean, Marwan Bargoutik “okupazioaren azken eguna bakearen lehenengoa” izango dela adierazi zuen.

EH Bildu gisa bakearen bila irrikaz dihardutenak, Palestinan gisan Euskal Herrian, okupazioaren amaiera eta Estatu Palestinarra errealitate egiteko premisa hori bete dadin gure konpromisoa indartu behar dugu

EH Bilduk Palestinarekiko elkartasuna areagotzeko konpromisoa berresten du, Estatu Palestinarraren errekonozimenduaren aldeko esfortzuei eta nazioarteko araudia betetzeko ekarpena egiteko.

Justizia auzia delako, Ekialde Hurbilean bake justua eta iraunkorra lortzea horren baitan dagoelako: Zisjordaniaren okupazioari berehala amaiera ematea eta Gazaren blokeoa altxatzea aldarrikatzen ditugu.

EH Bildu

TTIParen aurkako mozioak aurkeztuko ditugu eta mosaiko herritarrak osatuko ditugu

TTIP, CETAeta TISAri ez! Multinazionalek boterea hartzeari ez!
Euskal Herriko jendarte zibileko erakundeak, alderdiak eta sindikatuak TTIP, CETA eta TISAren kontra gaude. Merkataritza itun hauen proposamenak gure demokraziarentzat, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunak ondasun eta baliabideetara hetzeko handiagotzen dituztelako, eta baita ere zerbitzu publikoentzat, jendarte arauentzat eta ingurumenarentzat, izugarrizko mehatxua direlako, arriskuan jartzen dutelako gure kalitatezko nekazaritza, baserritar txikien iraupena, elikadura arauak, arau farmazeutikoak, ezinbesteko trantsizio energetikoa eta, aipatutako guztien gain baita ere gure eskubideak eta jendartea hobetzeko gaitasuna. Arestian aipatutako itunen onuradunak multinazional handiak direlako beti.

Europar herri-ekimaren arrakasta ospatzeko, badugu arrazoi handi bat gaurko egunean 2.950.862 sinaduraren bilketa, gure aldarrikapenak indartuz doaz eta kalera aterako gara. Urriaren 10ean Iruñean, Gasteizen, Donostian eta Bilbon. Elkarretaratzeetan parte hartzeko deia luzatzen dizuegu. Aurpegi biko mosaikoak eraikiko ditugu, aurpegi batean TTIP, CETA eta TISA errefusatzen ditugula erakutsiko da eta beste aurpegian Euskal Herriko herritarrak jendarte justuago baten alde, demokratiko baten alde, eta solidario baten alde daramatzagun borroka guztien islada izango da, pertsonak zentro diren jendartea nahi dugulako eta ez kapitala zentro den jerdartea.

Azken hamarkadetan, sektore publikoen agintetik interes pribatuen eskuetara  transferentzi handia egiten ari dela ikusten dugu, liberalizazio ekonomikoari eta finantzieroari bultzada emanez. Honegatik guztiagatik, desberdintasunak, pobrezia eta ingurumenaren hondamena areagotuz doaz. TTIParen, CETAren eta TISAren helburuak aipatutakoak areagotzea dituzte, eta era berean atzera bueltarik gabekoak bilakatu. Itun edo hitzamen hauek galaraztean datza gure borroka, eta borroka honek austeritatearen kontra, klimaren alde eta justizia sozialaren aldeko jendarte mugimenduekin bat egiten du. Milaka eta milaka herritarrek parte hartuko dute urriaren 1etik 15era Europa osoan, denak elkartuz Bruselan, austeritateari ez, pobreziari ez eta TTIPari ez, esateko. Egunetik egunera langabezia pairatzen duten herritar kopurua gorantz doa, etxe-bizitzaren eskubideen galera, osasun zerbitzuen kalitaearen jeitsiera, berdintasunean oinarritutako hezkuntza zerbitzuen murrizketak edota duinak ez diren pentsiodunen kopurua handiagotzen doa, Europar Batasuna deritzon honetan. Finantza krisia deiturikoa, kapitalismo globalizatuaren atxaki perfektua bilakatu da, herritarrean eskubideak murrizteko eta herrien subirautza demokratikoa deseuzteko.

Herritarrei juztizian oinarritutako gure borraka hontara, gehitzeko dei egiten dugu. Ildoari jarraituz, udaletako eta aldundietako Mozioen kanpaina ere, aurkezten dugu,  gure ordezkari politikoei eskatuz,udalerriek eta Lurralde historikoek TTIP, CETA eta TISA ezartzearen kontrako Deklarazioa onar dezaten. Kanpainan parte hartzen duten alderdiek, Irabazik (Equok), Podemos Ahal Duguk eta EHbilduk, ikusirik itunen berri eman beharko luketenen ez jakintasuna,axolagabekeria eta balizko konplizitatea, gaur atxikitzen dugun mozioa aurkeztuko dute eta udaletako eta aldundietako korporazioei itun hauen eztabaida jendartean zabaltzeko eskatuz, argi adieraziz hauek dakartzatena, udalerriak eta lurralde historikoak TTIP, CETA eta TISAri insumizioa adierazteko asmoz.

Uste dugulako demokrazian gauzak ez direla konpontzen fede onaz soilik, ezta, eztabaida izkutatuz. Jendarte heldu batek arrazoizko iritzia izateko nahiataezkoa du herritarrak kritikoak eta informatuak izatea.

Herritarrentzako onuragarria den merkataritzari bai, baina multinazionalen onuragarria denari ez! TTIP, CETA eta TISAari ez! Multinazionalek boterea hartzeari ez!

‘TTIPari ez! Mosaiko herritarrak’: urriak 10, larunbatean, 12:30ean
IRUÑEA: Sarasate Pasealekuan
GASTEIZ: Andra Mari Zurian
DONOSTIA: Zurriolan
BILBO: Arriagan

Euskal Herrian TTIPari ez!

www.ttipez.eus

Eragileak: CCOO Euskadi, LSB-USO, UGT, LAB, ELA, ESK, EHNE, STEE-EILAS, CNT, CGT, EH Bildu, Ezker Anitza-IU, Podemos-ahal dugu, EQUO Euskadi, Ezkerra-Berdeak, M+J, Cumbre Social Vasca, Federación Republicanos RPS, Gure Energi­a, Ekologistak Martxan, ATTAC, AHT Gelditu Elkarlana, Auditoria Ciudadana de la Deuda Bizkaina, Desazkundea, Askapena, Asamblea de mujeres de Bizkaia, Basherriak, Fracking Ez, P.A.H., Antikapitalistak, Komite Intenacionalistak, Coordinadora ONG, Economistas sin Fronteras, M15M, REAS Euskadi, EBC Euskadi (Economía del Bien Común), SETEM HEGO HAIZEA, Coordinadora de ONGD de Euskadi-Euskadiko GGKEen Koordinakundea.

“Alterkaria” Alternatibaren paperezko aldizkariaren 5. zenbakia kalean da

Alterkariaren udazkeneko alea kalean da. Alternatibaren paperezko aldizkaria duzue, astero bidaltzen dugun boletin digitalaren osagarri. Oraingo honetan, Katalunia eraman dugu azalera, Jaume Casals CUPeko militantea elkarrizketatzeko aukera izan dugulako Euskal Herrian hainbat hitzaldu eskaintzera ekarri dugula baliatuta. Bestelako gaiak ere jorratu ditugu, hala nola errefuxiatuen afera, Greziako azken hauteskundeen osteko panorama, burujabetzaren garrantziaz edota indarkeria matxistaren inguruan. Aldizkaria zure etxean jaso nahi izanez gero, idatzi prentsa (a bildua)  alternatiba.net helbidera.

 

http://alternatiba.net/old-files/Alterkari_05_0.pdf

Kolonbiako herria lortzen ari den bezala, Euskal gizarteak behin betiko bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna irudikatzen du

Hasier Arraiz EH Bilduko bozeramaileak eta Diana Urrea EH Bildu zein Alternatibako kideak eta Kolonbiako nazioarteko bake foroko partaideak agerraldia egin dute Kolonbian lortu duten bakerako akordioaren irakurketa egiteko. Arraizek eta Urreak Kolonbiako herria zoriondu dute, bakea ekarriko duen oinarriak ezartzeko gai izan direlako.

Kolonbiar-euskalduna izanik, “hunkituta” dagoela adierazi du Urreak. “Zorionak eman behar dizkiot Kolonbiako herriari, baina, batez ere, nirea bezalako milaka eta milaka familiei, etorkizun hobeago baten bila Kolonbiatik joan behar izan zuten familiei. Urrunetik bada ere, gatazka armatua amaitzen ari dela eta justizia sozialean oinarritutako bakea eraikitzeko lehen urratsa eman dela ikusten ari dira”.

“Kontrako interes asko egon arren, Kolonbian erakutsi dute bakea lortzea posible dela”, esan du Urreak. “Zoragarria litzateke Kolonbian bizitzen ari diren momentu historiko hau, guk ere Euskal Herrian etorkizun hurbil batean bizi ahal izatea, eta lortuko dugu”.

Arraizek, bere aldetik, adierazi duenez, “aldi baterako justizia ezartzeko eta 6 hilabeteko epean bakea erdiesteko Kolonbiako Gobernuak eta FARCek nazioarteko begiradapean erdietsi duten akordioaren edukietan sartu barik, Kolonbia behin betirako bakerako bidean jartzeko eraman duten prozedura eta irmotasuna eredugarriak dira”.

https://pbs.twimg.com/media/CPrbWf-WoAAhPa5.jpg

“Lehendabizi, zeuden zauriei begiratu gabe, gai izan dira alde guztiak mahai baten bueltan esertzeko. Gero, bidean izan diren oztopo guztiak gainditzeko gai izan dira. Eta amaitzeko, bi aldeak gai izan dira eskuzabaltasun osoz jokatzeko helburu baten bila: bakea”, nabarmendu du EH Bilduko bozeramaileak.

“Inork ez du esaten gatazkak gainditzea erraza denik”, gaineratu du. “Jakitun gara bidean gaindiezinak diruditen mendiak aurkitzen direla, hangoek eta hemengoek prozesua zangotrabatzeko ahaleginak eta bi egingo dituztela… Euskal Herrian beste inon baino hobeto dakigu hori. Baina borondatea dagoenean, determinazio osoz jokatzen denean, eta alde guztiak eskuzabal jokatzeko heldutasuna dutenean, helburuak lortzen dira. Eta behin betiko bakea lortzen da”.

Bestalde, Espainiako Gobernuaren jarrera “hipokrita” salatu du Arraizek, Kolonbiako bake prozesua babesten duelako, Euskal Herriko “zapuztu nahian” ari den bitartean. “Kolonbiako ispiluan begiratu beharrean, Espainiako Gobernuak eta PPk nahiago izan dute Euskal Herriko gatazkari errendimendu politikoa eta elektorala atera. Baina Kolonbiako bidea eta eredua hain da argigarria nazioarte mailan, Madrilgo gobernuak jendaurrean babestu behar izan zuela Kolonbiako bake prozesua. Hau da, Kolonbiarako balio duenak eta ona denak, Euskal Herriarentzat ez du balio. Hipokresia handiagorik?”.

EH Bilduko bozeramailearen esanetan, “Euskal Herrian, Kolonbian egin duten bezala, gai izan behar gara bakea lortzeko erantzukizunak eskatzen duen mailan aritzeko. Erantzukizunez, tinkotasunez eta herri gisa jokatu behar dugu. Herri gisa dauden helburu guztiak bezala, bakea eta elkarbizitza egunero eraikitzen dira, egunero ematen ditugun urratsen bidez. Ondo dakigu hori Euskal Herrian, eta determinazio eta borondate osoz jarraitu behar dugu gure helburuaren bila. Bidean topatzen ditugun oztopo eta zangotraba guztien gainetik jauzi eginda”.

“Euskal gizarteak behin betiko bakean eta elkarbizitzan oinarritutako etorkizuna irudikatzen du, eta horra heldu nahi du. Kolonbiako herriak lortu duen bezala”, azpimarratu du.

Bakea eta elkarbizitza egunero hartzen diren erabakien bidez eraikitzen dela adierazi du, eta “herri gisa” jokatuz. Era horretara, urriaren 3an ‘Bakea, Erabakia’ lelopean egingo den manifestazioa horretarako aukera paregabea dela agertu du. “Bakean bizi nahi duen eta elkarbizitza eraiki nahi duen herri oso bat dagoela erakutsi behar dugu, erantzukizun eta determinazio osoz jokatzen duena. Horrela bakarrik lortuko dugu bidean aurkitzen ari garen oztopo guztiak gainditzea eta gure helburua erdiestea: bakea”.

EH Bildu

Hitzaldiak “Catalunya 27S: Burujabetza eraikitzen”

Irailaren 27an hauteskundeak baino askoz gehiago dago jokoan Katalunian. Burujabetzaren aldeko indarrek prozesu eratzaileari hasiera eman ahal diote, oraindik ere zalantza ugari dituen prozesua baina azken urte hauetan Katalunian sortutako herri olatuarentzat mugarri izan daitekeena.

Candidatura d’Unitat Popular CUP hautagaitzak proiektu bat eraikitzea lotu du, behetik eta udalgintzatik, non ikuspegi nazionala zein soziala, ezinbestez, batera jorratzen diren. Hala, asanbladaz asanblada eta desobedientzia bidaide, aurrera egitea lortu dute Kataluniako prozesuaren erreferentzia bilakatu arte.

Jaume Casals CUPeko militante eta 2011tik Navaseko (Bartzelona) alkatearekin batera, I27aren ondorengo egunaren inguruan hausnartu nahi dugu, oraindik ere eraikitzen ari den independentziarako prozesu atzeraezinaren norabideaz.

Harekin batera, burujabetzaren bidean eta Kataluniaren inguruan beren ikuspegia eskaintzeko prest izango dira Oskar Matute, Gasteiz eta Getxoko hitzaldietan, eta Joxe Iriarte ‘Bikila’, Errenteria-Oreretakoan.

Irailak 22,  asteartea:
Errenteria-Orereta
Mikelazulo (Beheko Kalea 4)

Irailak 23, asteazkena :
 Getxo
Aula de Kultura de Algorta (Villamonte A,8)

Irailak 24, osteguna:
Gasteiz
Aldabe (Portal de Arriaga, 1-A)

Herri katalanari eta bere prozesuari babesa adierazi diogu EH Bilduk, ezkerreko hainbat indar subiranistekin batera

Diada egunaren ospakizunekin kointzidituz, Estatuko nazio eta herri desberdinetako 8 erakunde politikok Katalunian irekitako prozesuarekiko babes posizio amankomuna topatzera begira bilkura bat ospatu zuten Bartzelonan. Galiza, Castilla, Mallorka, Valentzia, Euskal Herria, Aragoi eta Asturiako ordezkariek irailaren 27an Principateko herritarren hartutako erabakiekiko errespetua aldarrikatzen duen adierazpena onartu zuten. Erakunde hauek, gainera, Estatuak Kataluinaren aurka hartu ditzakeen balizko neurrien aurrean koordinatzeko konpromisoa agertu zuten. Eta modu orokorrago batean, bakoitzak bere herrian aldarrikapen soberanistak aurrera egin dezan ekimenak elkarbanatzean. Nazio ezberdinetako ordezkarien bilkura Ciemen-en (Centre Internacional Esquerra per a les Minories Etniques e les Nacions ) egoitzan ospatu zen, eta topaketa horren anfitrioi eta ikuskatzaile gisa CUP eta ERCko ordezkariak egon ziren.

Begirada irailaren 27an Principatean ospatuko diren hauteskundeetan jarrita, Galiza, Euskal Herria, Castilla, Asturias, Aragon eta Pais Valencia eta Mallorkako erakundeek, espreski onartzen dute hauteskude horien izaera “plebiszitario eta/edo konstituziogilea”.

Era berean, Principat-eko prozesua Estatuko nazio eta herri desberdinetan etorkizunean eman daitezkeen aldarrikapenen plasmazioarekin lotzen dute, ikur desberdinetakoak izan arren, amankomunean haustura demokratikoa eta erabakitzeko eskubidea dituztenak.

Andecha Astur, Bloque Nacionalista Galego (BNG), Bloc Nacionalista Valencià (Bloc), Chunta Aragonesista ( CHA), Euskal Herria Bildu ( EH Bildu), Izquierda Castellana ( Izca), Mes per Mallorca (MES) eta Puyalón de Cuchas-ek argiki adierazten dute Catalunyako egoera eta nazioarteko komunitateak, Europar Batasunak eta Estatu espainiarrak egoerari aurre egingo dieten moduak “determinatuko dutela hein handi batean, gure nazioek euren etorkizunean eragingo duten erabakiak hartzeko errespetuzko marko bat bideratzeko aukerak”.

Era berean, manifestuaren sustatzaileek “borondate demokratikoaren errespetua eta herrien eskubideen errekonozimendua harreman justuago eta solidarioagoen marko baten oinarria izan behar dutela” ulertzen dute eta “justizia sozialean eta bizitze onean oinarrituta, herriak zorraren txantaiatik askatuko dituen eta oinarrizko eskubide sozialak eta askatasunak onartuko dituen Europa berri bat eraikitzeko” duten xedea adierazi dute.

Bilkuran parte hartu zuten erakundeak Katalunian irekitako prozesuaren inguruan interlokuzio iraunkorra izateko konpromisoa hartu zuten, bereziki “Estatutik mota guztietako ohartarazpen nahiz mehatxuak igortzen direnean”. Era berean, haustura demokratikoaren mesedetan “eztabaida eta kolaborazio” esparruak irekitzeko prestutasuna adierazi zuten; “aldaketa politikoa nazioetan eta hauen erabakitzeko eskubidean jokatzen dela” ulertzen baita.

EH Bildu

http://alternatiba.net/old-files/Herri katalandarraren askatasunen aldeko elkartasun adierazpena.pdf

Amb la CUP-CC: Herri boterea eta batasuna herriz herri eraikitzen

Oskar Matute – Alternatibaren Koordinakunde Nazionalaren izenean

Irailaren 27an Kataluniako herriak bozkatu beharko du. Ez dira ohiko hauteskundeak. Zalantzarik gabe, garrantzi berezia duen mugarria da estaturik gabeko nazio batek, Herrialde Katalanak, bere izatea eta erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estuaren aurka duen gatazkan.

Horregatik, eta hauteskunde hauen izaeraz jakitun, Alternatibatik gure babes argia eta zuzena adierazi nahi diogu CUP-Crida Constituent hausturaren hautagaitzari. Izan ere, 27ko erronkaren aurrean ez da nahikoa urrunetik emaitza begiratzea edota elkartasuna adieraztea. CUP-CCk dituen helburuekin, agenda politikoarekin eta lanarekin bat gatozela ohartarazi nahi dugu, guk Euskal Herriarentzat nahi dugunaren parekoak direlako.

Egia da, halaber, hilaren 27an Katalunian gertatuko dena bere naziotik kanpo ere eragina izango duela. Nazioak, pertsonak eta herriak gatibu gaituen gordiar korapiloa askatzeko giltza izan daiteke, trantsizioak ezarritako egonkortasun eta elkar-ulertze faltsuaren aroarekin apurtu nahi dugunontzat irtenbidea.

Kataluniari haustura usaina dario, trantsizioaren gau amaiezinaren ostean, egunsentia dator. Aukera paregabea da kataluniarrentzat, baina baita estatu beraren menpe gauden herri, nazio eta pertsona ororentzat, harrapakeriak eta ankerkeriak usteldutako sistema bermatzen duen estatuaren menpe, elite aldaezinek bahitutako demokraziaren itzalean, ikuspegi ultra atzerakoiaz zipriztindua, jendearen ahalduntzerako proiektuak garatzeko eskubidea urratu egiten duena.

Guzti horregatik, CUP-CCren alde egiten dugu. Bere jende eta jokabidearengan Kataluniako gizarte kontzientziadunaren bultzada ikusten dugu, mundu justuagoa, askeagoa eta parekideagoa nahi duten jendearena. Bere borroka ereduan, kalean zein erakundeetan, Katalunia burujabe, independente eta aske batek behar dituen osagaiak daude. Herritarren nazioa eraikitzera doaz, eta ez enpresa handiena.

Haiek bezala, herri boterea indartu beharra dagoela, izaera nazionala eta soziala uztartu behar direla eta kapitalismoari aurre egin behar zaiola uste dugu. Emantzipazioa helburu eta kapitalaren aurkako ezkerreko borroka guztietatik abiatuta. Patriarkatuaren aurrean, mendetasunaren aurrean eta finantzen botereari aurre eginez, austerizidioaren eta murrizketen kontra. Naziorik ez baina eredu bera partekatzen dutenen aurrean, ideologiak amaitu direla baina bereari eusten diotenen aurrean. Ezker politikoak, emantzipazioa xede duten mugimenduek bezala, erreferenteak behar ditu, norbere buruaren isla ikusteko ispiluak, guk ere bai, eta CUP-CCrengan hala dakusagu.

Hiru urte dira Kataluniako parlamentura indartsu sartu zirenetik, Goliaten kontra borrokatzeko prest dagoen David txiki baten modura. Politika instituzionalak ez ditu garaitu, bere ordezkariek, ondoan dituzten milaka lagunek bezala, erakutsi egin digute gauzak beste modu batera egin daitezkeela, herriarekin eta herriarentzat.

Hala, etorkinek, feminismoak, ekologismoak, langileek eta bazterkeria pairatzen duen orok, borrokarako aukera aurkitu dute: azkarra, parte-hartzailea, bizia eta bere burua inongo borrokaren bozeramaile parlamentario gisa aurkezten ez duena. Borroka horien parte delako, askok isilarazi nahi dituzten borroka horiena. Horregatik botereak bortizki eraso egiten die, CUP-CCk bultzatzen duen herri ahalduntzea boteretsuen galera eragin dezakeelako.

Ozen hitz egiteko ordua da, ahots erreboltari eta menderaezinei lekua egitea. Izan ere, etorkizuneko Kataluniak, burujabeak, gutxien dutenentzat aukera izango da CUP-CC hautagaitzak herria eta bere instituzioak baldintzatzeko indarra lortzen duen heinean. Mundura zabalik dagoen Katalunia baina bere iraganaz harro dagoen herriaren ikuspegiak, orainaren jakitun eta etorkizunean itxaropena duena, sektore guzti horiek herria zuzentzeko aukera izan dezatela eragin dezake.

Duintasunak, proposamen politikoak eta erantzun kolektiboak saria merezi badu, konpromisoaren eredu diren eta gehiengoaren lubakian borrokatzen dutenentzat izan beharko da. Horregatik nahi dugu ahalik eta emaitzarik onena CUP-CC hautagaitzarentzat, eta Euskal Herritik bertoko zein hango herritarrei dei egiten diegun haien alde lan egin dezatela.

X