Indarkeria matxistaz eta alardeaz

Alba Fatuarte  – Alternatiba

Argi hitz egin dezagun: Alarde parekideak – soilik parekideak- ezbairik zein baldintzarik gabe, eta publikoki babesten ez dituenak, bazterketari eta, ondorioz, indarkeria matxistari zilegitasuna ematen dio. Urkulluk, Olanok, Santanok eta Sagarzazuk, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Irun zein Hondarribiko Udalen izenean, indarkeria matxista babesten dute; lehenek entzungorrarena eginez, eta azkenek jarrera baztertzaileak inolako disimulurik gabe babestuz.

Harrigarria badirudi ere, hau guztia hemen eta orain gertatzen ari da; legeak baimenduta eta komunikabideen oniritziarekin. Baina batzuei aitzakiak bukatzen ari zaizkie; agenda arazoak, tentsiorik eragin nahi ez izatea, tradizioa, bakoitzak jaia “bere erara” bizitzeko eskubidearen aldarrikapena… oso bestelakoak izan dira azken 20 urteotan entzun ditugun argudioak; gero eta ulertezinagoak, gero eta ahulagoak, gero eta ustelagoak, gero eta hipokritagoak. Are gehiago ordezkari hauek, berdintasunaren aldeko kanpainetan parte hartzen dutenean, euren bulegoetako leihoetan puntu moreak jartzen dituztenean, edota hilketa matxistak salatzeko elkarretaratzeen lehen lerroan ageri direnean.

Ez dute ulertu, edo onartu, nahi, indarkeria matxista bera pairatzen dugun egiturazko desberdintasunaren ondorioa dela, alardeetako bazterkeria bezala. Milaka aurpegi dituen txanpon beraren aldeak baino ez dira, eta aurpegi guztiei aurre egin ezean, jai dugu. Baina are okerragoa da alardeen aferan bizi duguna, desberdintasunaren aurpegietako batzuk zuzenean babesten eta garbitzen dituztelako arduradun politiko horiek.

Batzuek diote irundar eta hondarribiarren artean konpondu beharreko auzia dela, ez dela tartean politika nahastu behar. Baina Carol Hanishek behin esandakoa gogora ekarriz, “auzi pertsonalak politikoak dira”, eta instituzioek arazoa konpontzeko gaitasuna eta betebeharra dute. Antzeko egoerak gainditu izan dira Donostia, Tolosa, Zumarraga edo Bera bezalako udalerrietan, borondate politikoa egon denean. Baina Bidasoaldean berdintasunaren alde erabaki irmoak hartu behar izan  direnean, arazoak sortu direnean, ezerezean gelditu dira diskurtsoak, kanpainak eta puntu moreak. Azalean gelditu dira guztiz kontrajarriak diren ereduak; lehena, PNV eta PSOErena, kalkulu elektoralen araberakoa, eta parez pare, EH Bildurena. Gure DNAn dugun konpromiso feministari eutsiz, Hondarribian botoak galduko genituela jakinda, epe motzeko emaitzari begiratu gabe, alarde parekidearen alde, eta soilik parekidearen aldeko apustua mantendu egin dugu urte hauetan guztietan.

Erabaki hura eta azken urteotan babestu dugun jarrera erradikala izan zela esango dute batzuek, baina feminismoa erradikala izan behar da halabeharrez; egun emakumeok, herritarren erdiak, beste erdiaren eskubide berberak izan behar ditugula defendatzea planteamendu erradikala baita oraindik ere.

Amb la CUP-CC: Herri boterea eta batasuna herriz herri eraikitzen

Oskar Matute – Alternatibaren Koordinakunde Nazionalaren izenean

Irailaren 27an Kataluniako herriak bozkatu beharko du. Ez dira ohiko hauteskundeak. Zalantzarik gabe, garrantzi berezia duen mugarria da estaturik gabeko nazio batek, Herrialde Katalanak, bere izatea eta erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estuaren aurka duen gatazkan.

Horregatik, eta hauteskunde hauen izaeraz jakitun, Alternatibatik gure babes argia eta zuzena adierazi nahi diogu CUP-Crida Constituent hausturaren hautagaitzari. Izan ere, 27ko erronkaren aurrean ez da nahikoa urrunetik emaitza begiratzea edota elkartasuna adieraztea. CUP-CCk dituen helburuekin, agenda politikoarekin eta lanarekin bat gatozela ohartarazi nahi dugu, guk Euskal Herriarentzat nahi dugunaren parekoak direlako.

Egia da, halaber, hilaren 27an Katalunian gertatuko dena bere naziotik kanpo ere eragina izango duela. Nazioak, pertsonak eta herriak gatibu gaituen gordiar korapiloa askatzeko giltza izan daiteke, trantsizioak ezarritako egonkortasun eta elkar-ulertze faltsuaren aroarekin apurtu nahi dugunontzat irtenbidea.

Kataluniari haustura usaina dario, trantsizioaren gau amaiezinaren ostean, egunsentia dator. Aukera paregabea da kataluniarrentzat, baina baita estatu beraren menpe gauden herri, nazio eta pertsona ororentzat, harrapakeriak eta ankerkeriak usteldutako sistema bermatzen duen estatuaren menpe, elite aldaezinek bahitutako demokraziaren itzalean, ikuspegi ultra atzerakoiaz zipriztindua, jendearen ahalduntzerako proiektuak garatzeko eskubidea urratu egiten duena.

Guzti horregatik, CUP-CCren alde egiten dugu. Bere jende eta jokabidearengan Kataluniako gizarte kontzientziadunaren bultzada ikusten dugu, mundu justuagoa, askeagoa eta parekideagoa nahi duten jendearena. Bere borroka ereduan, kalean zein erakundeetan, Katalunia burujabe, independente eta aske batek behar dituen osagaiak daude. Herritarren nazioa eraikitzera doaz, eta ez enpresa handiena.

Haiek bezala, herri boterea indartu beharra dagoela, izaera nazionala eta soziala uztartu behar direla eta kapitalismoari aurre egin behar zaiola uste dugu. Emantzipazioa helburu eta kapitalaren aurkako ezkerreko borroka guztietatik abiatuta. Patriarkatuaren aurrean, mendetasunaren aurrean eta finantzen botereari aurre eginez, austerizidioaren eta murrizketen kontra. Naziorik ez baina eredu bera partekatzen dutenen aurrean, ideologiak amaitu direla baina bereari eusten diotenen aurrean. Ezker politikoak, emantzipazioa xede duten mugimenduek bezala, erreferenteak behar ditu, norbere buruaren isla ikusteko ispiluak, guk ere bai, eta CUP-CCrengan hala dakusagu.

Hiru urte dira Kataluniako parlamentura indartsu sartu zirenetik, Goliaten kontra borrokatzeko prest dagoen David txiki baten modura. Politika instituzionalak ez ditu garaitu, bere ordezkariek, ondoan dituzten milaka lagunek bezala, erakutsi egin digute gauzak beste modu batera egin daitezkeela, herriarekin eta herriarentzat.

Hala, etorkinek, feminismoak, ekologismoak, langileek eta bazterkeria pairatzen duen orok, borrokarako aukera aurkitu dute: azkarra, parte-hartzailea, bizia eta bere burua inongo borrokaren bozeramaile parlamentario gisa aurkezten ez duena. Borroka horien parte delako, askok isilarazi nahi dituzten borroka horiena. Horregatik botereak bortizki eraso egiten die, CUP-CCk bultzatzen duen herri ahalduntzea boteretsuen galera eragin dezakeelako.

Ozen hitz egiteko ordua da, ahots erreboltari eta menderaezinei lekua egitea. Izan ere, etorkizuneko Kataluniak, burujabeak, gutxien dutenentzat aukera izango da CUP-CC hautagaitzak herria eta bere instituzioak baldintzatzeko indarra lortzen duen heinean. Mundura zabalik dagoen Katalunia baina bere iraganaz harro dagoen herriaren ikuspegiak, orainaren jakitun eta etorkizunean itxaropena duena, sektore guzti horiek herria zuzentzeko aukera izan dezatela eragin dezake.

Duintasunak, proposamen politikoak eta erantzun kolektiboak saria merezi badu, konpromisoaren eredu diren eta gehiengoaren lubakian borrokatzen dutenentzat izan beharko da. Horregatik nahi dugu ahalik eta emaitzarik onena CUP-CC hautagaitzarentzat, eta Euskal Herritik bertoko zein hango herritarrei dei egiten diegun haien alde lan egin dezatela.

Argi-itzalak

Joxe Iriarte, ‘Bikila’ – Alternatiba

Uztailean bete behar izan banu orri hau, ezbairik gabe, Greziak bizi duen egoera deskribatzera mugatuko nintzakeen. Irailean balitz, agian, tragedia guztietako iheslarien hilobia bihurtu zaigun Mediterraneoari buruz idatziko nuke. Alabaina, abuztuan, nire gogoa Pirinioetako gailurretatik ezin jaitsiz dabil, eta altura horietan, ezin naiz zentratu gai bakar batean.

Esate baterako, begiak Grezian jartzen ditudanean, erreferendumaren osteko giro epikoa tragedia bihurtu izanak penatzen nau. Eta penagarria bada Grezian gertatutakoa, penagarriagoa, da ezker europarraren (eta gu horren parte gara) portaera: moralki solidarioa eta praktikoki alferrikakoa, lelotua, desmobilizatua, ezin ulertuzkoa da Greziako bataila. Espainiako Estatuan 1936koa bezala, dimentsio europarra eta historikoa duela.

Gurean, intentzio oneko lagun batzuen ezkerraren batasunaren aldeko aldarriak eman zidan pozak zer gutxi iraun duen zapuzten nau. Gaur gaurkoz ez omen daude sustraiak eta ondorengo zutabeak finkatuak. Noiz ohartuko gara ezker eraldatzailearen batasuna inoiz baino garrantzitsuago dugula?

Azken hauteskundeetan EH Bilduk Gipuzkoan izan duen atzerakada esplikatzeko, gauza batzuetan azkarregi joan omen garela azpimarratu egin da. Pedagogia kontua bada, ados. Baina aldi berean argi eta garbi adierazi behar da, gauza gehienetan motelegi goazela. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko erabakiak hartzerakoan, esate baterako, Euskal Herria dugu biztanleriaren bataz besteko karbono dioxidoaren sortzaile handienetakoak.

Arazo horri aurre egiteko, Barack Obama behingoz prest omen dago karbono dioxidoa eragiten duten energia motak gutxitzeko, baina indar faktiko guztiak (sektore horren lobbiak) aurka azaldu zaizkio. Ezer gutxi, zoritxarrez. Arre (kapitalismoa sostengatu) eta so (energia kutsatzaileei aurre egitea) alde berean, ezinezkoa baita. Izan ere, Naomi Kleinek dioen bezala, aldaketa klimatikoaren errudun nagusia ez da karbono dioxido kopurua –hori ondorioa da– sistema kapitalista baizik. Eta ez dut zalantzarik bere kabuz ez duela aldatuko mundua amildegira daramatzan norabidea.

Eta guzti horren kontra egiteko beranduegi, agian ez, baina bai atzeratuegi gabiltzala ezkerraren birmoldaketan eta indar metaketan, bai gurean zein Europa osoan: “Denok hala inor ez, bakarka ezin da”.

Argia-n argitaratua

Zer pasa da Grezian?

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Ez negar egin, eta ez irri: ulertu! Klasikoek horrelako gomendioak egin izan dituzte ziurtasun-ezarik gabeko unetarako, nahasmenak etsipenari ateak irekitzen zionean, amorru kontrolaezina edo negarrari; edo, aitzitik, gertaeren halabeharrezko amaiera aldez aurretik profetizatua zutenen irrifar inozo, arrokeriazko eta dogmatikoa.

Stathis Kouvelakis-ek (Syrizako Zuzendaritzako kidea eta Ezkerreko Plataformaren kide aipatua) hartzen duen jarrera arrazoitsua iruditzen zait: Dioenez, ez dator bat esaten dutenekin:“Grezian ikusi duguna ez gaitu harritzen; erreformismoaren historia zaharra da; langile klaseari eginiko traizioa… Ezer berririk ez, segi dezagun aurrera”.  Abiapuntu honek ez digu biderik ematen prozesu aski konplexu bat ulertzeko: oso borroka gogorrak Europa mailako indar harreman oso kontrako baten barnean, nahiz eta indar harremana bestelakoa izan Grezian bertan.

Kouvelakis-ek azaltzen duenez, “Syriza boterera iritsi zen herriaren agindu itxuraz nahiko argia eta sinple batekin: austeritate politikekin haustura eta zor eutsiezina eta injustotik libratu herria. Bere konpromezuaren barne zegoen, geure tradizioan, “trantsizio programa” izenez dizenda dezakeguna. Horixe zen Tesalonikako programa: helburu multzo bat austeritate politikarekin amaitzera zuzenduak (azken bost urtetako memorandumekin guztiz erasokor Grezian aplikatu dena). Estrategia honek bi zutabe zituen oinarrian. Alde batetik zorraren auzia eta austeritatearen auzia banantzea. Zorrari dagokionez, 1953an Alemaniako zorrarentzat Londoneko Konferentzian egin zen ereduaren gisan, bernegoziazioa, bainan baztertu gabe aldebakarreko neurriak negoziazioak porrotean amaitzen baziren”.

Bainan horretarako plan B bat garatu beharra zegoen (Syrizako ezkerrak eskatzen zuen bezala), negoziazioen balizko porrotaren kasurako. Aukera konplexu bat, eurotik irtetzea, bainan ezkerreko korrontearen eritziz “egingarria”. Ez da hori berez helburua, aldaketa sozialerako, burujabetzako eta hobekuntza ekonomikoarako baieztapen-prozesuaren lehen etapa baizik. Norabide hori litzateke estrategia orokor baten atal bat, produkzioaren norabide berri batean, inbertsioen sustapenean eta Estatu soziala eta justiziazkoaren berrantolaketa batean oinarritua.

Ezkerreko ekonomista adituek esan dute agintari greziarrek badutela modurik moneta elektroniko bat sortzeko herrialde barruko erabilpenerako. Gobernuak emiti ditzake ere paperezko tituluak IOY moduan (I owe you; zor dizut), zirkulazio bileten eskasiari aurre egiteko.

Alternatiben gaia izan da eta da argitzeko puntu zorrotzena, batez ere beste muturretik (mutur posibilistatik) esaten dutenak Tsipras egin zitekeen guztia egin duela eta lor zitekeen gehiena lortu duela (nahiz eta onartu gutxi dela amore eman behar izan denaren alboan. Izan ere euro taldea uzteko aukera ez bait zen kontuan hartzekoa.

Bat nator Eudardo Garzonekin aipatzen duenean “ Syrizaren gobernuak nahiago izan duela amore eman eta troikaren exijentziak onartu (aurreko zirriborroenak baina gogorragoak izanda ere) eurotik irtetzea jokoan jartzea baino”.

Amore emate hori are ulergaitzagoa da EZ-aren aldeko erreferemdumaren emaitaren ondoren. Herri grekoak ezustean hartu zuen Europa eta mundua gobernuaren deiari masiboki erantunez, eta gerra ondorengo edozein herrialde europearraren ohikoa den arabera aurrekaririk ez zuten baldintzetan eginez, kreditu emaileen proposamen estugarri eta umiliagarriei “ezezkoa”ren botoa emanez masiboki.

Gobernuak bere beldurrari kasu egin dio jendearen eritziari baino, eta herri kontsulta baliogabetu du. Eta guzti horrekin bere estrategia, eurotik atera gabe austeridadearen aurkako planaren defensa, porrota nabarmenean bukatu da.
Hala ere, oso zaila da defendatzea (ezinezkoa ez esatearren) gobernuak akordioari jarri dion sinadura. Izan ere erreferendumean hiritarrek gehiengoz errefuxatu zuten akordioa bainan kaltegarriagoa da sinatutakoa.

Ba omen dago eztabaida Eurotik irtetzearen inguruan: batzuk diote hasieratik planteatu beharreko helburua zela; beste batzuk, aldiz, baldintzak ondu arte itxaron egin behar zela diote. Bigarren eritziaren aldekoa naiz. Gobernuaren ibilbidearen hasieran ez zen bidezkoa horrelako aukera planteatzea greziarren gehiengoak ez bait zuen hori nahi eta urruntze arriskua handia zen. Herri grekoa troikaren txantaiaren aurrean postura hartzera behartua izan zen unetik (zertarako egin zen erreferemduma bestela?) eta ezezkoa botoa eman zuenetik, beste aukerarik ez zegoen: edo troikak baztertzen zituen bere exijentziak, edota irteera beharrezkoa zen. Beharrezkoa izanez gero, hauteskunde berriak proposatuz grexiten inguruan, aurreko hauteskundeetan egin gabeko planteamentua bait zen,  gehiengo berri bat lortzeko.

Erreakzio sozial handia esperatzekoa da eta itxaron dugu horrela Syrizako Batzorde Nagusiaren gehiengoa legitimatu eta indartuko dela eta gehiengo hori amore ematearen aurka dagoenez Tsipras eta bere aldekoak norabidez aldatzera edo dimisio aurkeztera behartuak sentituko direla. Ez litzateke egokia izango, berriro ere, líder karismatikoaren ezarpenaren historia tristea errepikatuko balitz. Horrela, etsaiaren aurka amore emate hori ixilarazten da eta modu antidemokratikoz eta zigortzailez imponitzen da liderraren jarrera berarekin ados ez dagoenaren aurka.

Grezian gertatzen ari dena kolpe handi bat da esker eraldatzaile europear osoarentzat, bai beraren hegal posibilistentzat ( Siryzako zuzendaritza edota Podemos-ena) nola erradikalagoentzat (eurozonatik irtetzeko aukera defenditzen aritu direnak), zeren onura gehien atera dezaketenak dira sektore ultranazionalista xenofoboak eta Europaren aurka duten ikuspuntu txobinista.

Horregatik premiazkoa da merkatariek eta bere agenteek duten egitasmo europearraren ez bezelako beste egitasmo bat planteatzea, bainan eskubitarren nazionalismorantza atzerapausoa izan gabe.

Birplanteatu behar da era berean instituzionalaren (borrokaren fronte bezala ulertua) eta  kontraboterearen arteko dialektika, gobernuak konkistatu ahal izateko eta gobernu horiei agindu herrikoia mantentzera behartzeko.la del contrapoder popular capaz de conquistar gobiernos, y de obligarles a mantener el mandato popular. Non eta gobernuak botere herrikoiaren onarpen eta horrekiko zerbitzuan egon daitezen (aginduz obeditu esango lukete zapatistak) eta kontrabotere horren indar metaketa askia antolatuz kapitalaren eta bere gobernuen instituzioen txantaiari amore ez emateko hainakoa.

Eta penagarria bada Grezian gertatutakoa, ez da gutxiago penagarriagoa, esker europearraren (horren parte gara) portaeraL: moralki solidarioa eta praktikoki alperrikakoa, lelotua, desmobilizatua eta ezin ulertuz Greziako batalla, Estatu Espainiarrean 36koa bezala, dimentsio europearra eta historikoa duela. 

Aitzol herrira orain

Joseba Barriola – Alternatiba

Gure gogoa da Aitzol Gogorza, errenteriarra, preso politikoa, gaixo larria: herrira orain.

Sufrimenduaren denbora eten nahi dugu. Bengantzaren denbora eten nahi dugu. Kalkulo politiko ziztriñaren denbora eten nahi dugu. Eten nahi dugu. Bizitzaren denbora erein nahi dugu.

Gure gogoa. Gure, Errenterian bizi garen 38.000 pertsona guztiena. Hauteskundetan, inork ez du Aitzol preso jarraitzearen aldeko hitz bat esan. Aitzitik, legea gordetzeko garrantzia aipatzen baduzu, Aitzol herrira orain legezkoa da; bakea aipatzen baduzu, Aitzol herrira orain bakea lantzea da; elkarbizitza aipatzen baduzu, Aitzol herrira orain elkarbizitzaren ereintza da; giza eskubideak aipatzen badituzu, Aitzol herrira orain esaten ari zara; zure bide politikoak “pertsona helburu” badu, Aitzol herrira orain zure helburua da; biktimen errekonozimenduaren alde bazaude, Aitzol herrira orain-aren alde zaude; etxekaleratzearen aurka bazaude, Aitzol herrira orain da etxe duina izateko bidea; osasungintza unibertsalaren alde bazaude, Aitzol herrira orain da horretarako medizinarik hoberena eta merkeena; seme-alabak badituzu, Aitzol herrira orain da bere gurasoentzat bizitzeko esperantza sakonena; herri libre batean bizi nahi baduzu, Aitzol herrira orain ezinbestekoa da; zure zeure bihotz berotasuna zaindu nahi baduzu, Aitzol herrira orain horren arragoa da. Herriko festak, magdalenak, mundialak izatea nahi baduzu, Aitzol Herrira Orain gabe ez dira mundialak izango.

Gure gogoak, 38.000 errenteriarren gogoak ahal du kartzelaren harresiak desegin eta Aitzol Herrira Orain ekarri. Kartzelako harresiak badu izena: bengantzaren politika eta kalkulo politiko ziztriña. Bengantza horren aurka eta kalkulo ziztriña horren aurka herritarren gogoak indarra du.

Horregatik Aitzol Herrira Orain gure geroa presente egitea da. Eta, jakitun behar dugu izan, hori ezean gero gazia izango zaigula.

Ekainaren 27an esango dugu: gaur gatoz giza-gatea egitea, gatibu duten Aitzol Herrira Orain gure esku dagoela aldarrikatzera, kaixo Aitzol kantatzera: haurrak eta gazteak, helduak eta aiton-amonak denok batera herri zoriontsuago eraikitzen. Musikarekin, dantzarekin eta muinean muinean gure gogoarekin. Esan didate 500 pertsona aski direla giza-katea egiteko. Esan didate gure herriak, Errenteria-Orereta bihotz beroagokoa dela, duen gogoak 1.000/2.000…herritar bilduko dituela. San Juanetako gau gorria-ri jarraituko dio Aitzol askatuaren goiz garbia. Zer diozu gutun hau honaiño irakurri/entzun duzun hori?

“Kaixo Aitzol /Kaixo aitzol
kaixo Etxerat/ kaixo Etxerat
Goazen guztiok Herrira.
Aitzol preso gaixoa eta
preso guztiak kalera”

Naiz-en argitaratua

Olano jauna: errauskailua, inposaketa ala herri kontsulta?

Joxe Iriarte “Bikila” – Alternatiba

Bilduk aldundia bere esku hartu eta handik gutxira  hitzaren inguruan gertatzen ari zenaz, hauxe idatzi nuen ‘Argia’ astekarian. «Duela gutxi arte, inposaketa hitza, ezker abertzalearen eta ezker muturrekoen hitz totemikoa genuen. Borrokarako akuilu. Arazoak arazo, gaiak gai, sistemak edo beren aldeko instituzioetatik inposatzen ziguten oro salatzeko erabiltzen genuen hitza. Alabaina (ez dakit noiz arte), nola aldatzen diren gauzak! Gipuzkoan inmobilisten ikur bihurtu da» Bitxia egiten zitzaida. «Agintearen makila eskuz aldatu delarik, hortik komeriak, eta herri galdaketaz entzun ere nahi ez zutenak, haserre bizian kontrako bidean aldarrika ikustea orain. Memoria interesatua baita. Nolabait, ahaztu egin dira AHTri buruzko herri galdeketak antolatzeagatik ezker abertzaleko zenbait alkate epaituak izan zirela PSOE agintean zegoelarik. Hots, inposaketa hitza, nork modu oso interesatuan erabiltzen du, beti bere ideologiaren arabera». Eta segitzen nuen. «Nik uste, mamiz eta formaz, ezkerrekook, demokrazia azken mugaraino bultzatu behar dugu. Inhabilitazioaren arriskuari aurre eginez AHTri buruzko galdeketak antolatu zuten alkate haiek bezala. Eta, edozein arrazoi delarik, herritar talde handi batek galdeketa antolatzea eskatzen badu, onartu ez ezik, gauzatzeko bidea abian jarri behar da… Ateratzen dena ateratzen dela, guztiek onartuko dutela aldez aurretik baieztatuz! Errauskailuarekin ez bezala (eraikita jai) Aldundiaren planak badu atzera bueltarik. Egungo oposizioak irabaziko balu bere esku legoke Hondakin Plan berria bertan behera uztea. Dena den, Katalunian 10 urtetan atzera bota duena (atez atekoa) udaletxe bakarra izan da».

Gipuzkoako atez-atearen aurkako alderdirik nagusiena izan dena, PNVk, agintea makila jada eskuen duela mehatxua bota du: errauskailua eraikiko dugu! Hots, Bilduren aurka erabilitako trikimailu guztiak, inposizioarenak barne, jada ez du zentzurik. AHTrekin egin duten bezala, arre eta so, atzera bueltarik ez duen errauskailua eraikiko du. Eta, esan bezla, hor dago diferentzi nabarmena, atez atekoak huts eginda, bazuen bueltarik. Errauskailua behin eraikita, ez!

EAJk utziko al digu gipuzkoarroi gure iritzia ematen, eta ateratzen denaren arabera jokatzen? Ez dut uste egingo duenik, ez berez eta gogoz, behintzat. Horregatik, Zero Zabor inguruan ibili direnak edo errauskailuaren aurkako plataformarenak, eta batez ere, bere garaian egitasmo horren aurka azaldu ziren sendagileei, mezu hau helarazi nahi diet. Berrio kalera! errauskailuren aurka, erreferenduma antolatu dezatela eskatuz. Eta aldundiak ez badu egiten, guk gure kabuz.

Naiz

Bakerako bidean, sakabanaketarekin amaitu

Xabier Soto – Alternatiba

Pasa den apirilaren 21ean, Deustuko unibertsitatera joan nintzen EH Bildu, PSE, EAJ eta PPren Donostiako alkatetzarako hautagaien arteko mahai-inguruan publiko bezala parte-hartzeko.

Nahiz eta antolatzaileen arauak urratu ahal izan nituen, ikasle ez izanda hitza hartzean, eta nire galderaren helburua alderdikoi bezala gaizki interpretatu zitekeen arren – El Mundok egin zuen moduan-, uste dut merezi izan zuela; izan ere, iruditzen zait presoen egoera gazteen artean ezagutarazteko, eta batez ere, gai honen inguruan alderdiek dituzten posizioak pentsa daitekeena baino hurbilago daudela erakusteko balio izan zuela.

Nire hitz-hartzean, Donostian eraildako ehun pertsona baino gehiago izan zirela aipatu, eta erailketak burutu, lesioak eragin edo kalte material hutsak sortu dituztenei eragindako minaren aitortza eskatu beharraz hitz egin ondoren; hautagaiei galdegin nien ea zer eskaintzen zieten 66 preso donostiarrei, zeintzuk sakabanatuak izan diren (Estrasburgoko Auzitegiaren epaiak urratuz); horietako bat konfinatua izan den (Espainiar Konstituzioan aipatzen den birgizarteratze helburua baztertuz); gutxienez zortzi Segiko kide izateagatik kartzelaratuak izan diren (Entzutegi Nazional beraren ondorengo sententziak urratuz, non inkomunikazio-aldian lortutako polizia-aitorpenetan soilik oinarrituta inor ezin dela kartzelaratu adierazten den); pertsona bat (Arkaitz Rodriguez) Bateragune kasuagatik kartzelaratua izan den, bere egoerara kartzelan egoteagatik pairatutako mugikortasun arazoak gehituz; eta beste bat (Carlos Trenor) Egin-eko Administrazio Kontseiluko kide izateagatik kartzelaratua izan den, kasu honetan 70 urte baino gehiago dituela kontuan hartuz eta beraz, egungo Zigor Kodea aplikatuz baldintzapeko askatasunean egon behar lukeela gehituz. Era berean, galdetu nuen ea zer eskainiko zuketen donostiar presoren batek gaixotasun larri eta sendaezin bat pairatuko balu, kasu honetan ere egungo legedia urratuko baitzen.

Eneko Goia (EAJ) eta Miren Albisturren (PP) erantzunei dagokienez, bat egiten ez dudan gauza  bakarra da nire ustez ETAren disolbatzea ezin dela sakabanaketa aplikatzeari uztea erabakitzerakoan kontuan hartu beharreko faktorea izan; besteak beste, 1989a baino lehen ETA ere existitzen baitzen (orain baino modu askoz aktiboagoan), eta urte hartara arte ez baitzen dispertsioa aplikatzen hasi, Felipe Gonzalezen gobernu sozialistaren erabaki politiko baten fruitu, eta Jose Antonio Ardanza buru zuen EAJ, PSE eta PPk osaturiko Ajuria Eneako itunaren oniritziarekin.

Sufrimendua eragin duten eta zorionez gaur egun ematen ez diren beste erabaki politikoekin gertatu den moduan, dispertsioa lehenbailehen amaitu behar da; eta berau aplikatzea erabaki politikoa izan zenez, politikatik ere bilatu behar da presoek eta haien senide eta lagunek pairatzen duten egoerari irtenbide bat ematea.

Presoen eskubideak errespetatuak izatera hurbiltzeko, beharrezkoa izango da elkarrizketan eta lanean jarraitzea beren egoeraren hobetzean lagunduko duten akordio zehatzak lortu ahal izateko; eta zintzoki, uste dut gehiengoaren nahia dela pausu horiek ematea, edo gutxienez geldirik mantentzearen edo atzera bueltatzearen borondatea ez dela nagusitzen. Beharrezkoa den bakarra gizarte zibiletik aldaketa hauek sustatzen jarraitzea da, alderdiak beren hatsa sentitu eta ibilian jarraitzera behartuz.

Zentzu honetan, niretzat helburua argi dago: pertsona guztiek beren eskubide guztiak errespetatuak izango dituzten eszenatoki batera iristea. Eszenatoki hau definitzeko, lehenik eta behin, beharrezkoa izango da guztion artean erabakitzea eskubide horiek zeintzuk izango diren, gutxienez bakean, eta beraz armek inongo norabidetan hartutako erabakiak baldintzatzen ez duten eszenatoki batean bizitzeko eskubidea; giza duintasunaren errespetua bermatzen duten eta birgizarteratze helburuarekin bat datozen presoen eskubideak; eta eragile ezberdinek sortutako biktimentzako egia, justizia eta erreparazioa lortzeko eskubideak jaso beharrez. Edonola ere, garrantzitsuena alde guztiek guztion artean definitutako eskubide horiek errespetatu eta errespetarazteko borondatea izatea dela deritzot.

Norabidea finkaturik dago, gure aurreko pausoek nondik gatozen gogorarazten digute; orain ibilian hastea besterik ez da falta, izan ere, Machadoren poemak zioen moduan: “ibilian dabilenarentzat bere oinatzak bidea besterik ez dira; ibilian dabilenarentzat ez dago biderik, ibilian egiten baita bidea.”

Honako hedabieetan argitaratu da: Ahotsa, Naiz

Saharako maratoian

Joxe iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Aurten berrogei urte bete dira, Espainiako Estatuaren konplizitateaz, Marokok Mendebaldeko Sahara okupatu eta kolonizatu zuenetik. Harrez geroztik, saharar herriaren zati bat errepresio zital eta bidegabearen menpean bizi da, eta bestea, Aljeriako hamadan edo basamortuan. Sahararrek, etsai edo arerio bati madarikazio bat bota nahi diotenean, honela  egiten dute: “Jainkoak eman diezazula hamadaren egarria”.

Duela hamabost urte, Sahara maratoia abian jarri zenetik, lagun baten eskaerari men eginez, hartu nuen parte lehen edizioan, maratoi erdia eginez. Harrez gero, maratoi osoa (2005), hamar kilometro (2010), eta bost kilometro (2015) egin ditut.

Denbora horretan saiatu naiz saharar herriaren egoeraz eta daraman gatazkaren nondik norakoaren jabe izaten. Zaharrak berri! Aurten ere, entzun ditugu gazteen ahotik gerra berpiztearen aldeko iritzi sutsuak.  Fronte Polisarioa ere Nazio Batuen Erakundeak apirilean zer erabakiko duen zain dagoela, zirt edo zart egiteko prest dagoela diote. Nire uste apalean, horrek denak lelotik gehiago du errealitatetik baino.

Munduan ez da giro sahararren alde. Sahara inoiz baino desagertuago dago gatazka konpontzeko agendatik. Maratoia bera jada ez da notizia. Oso nabarmena egin zait zenbat zorroztu diren segurtasun neurriak. Baina, ez borroka prestaketaren adierazle, infiltrazioen beldurrez baizik. Mundubateko hirukooperante bahitu zituztenetik marokoarren esku sartze edo sabotajeen beldur bizi dira sahararrak.

Aldaketarik handiena, kanpalekuen bizimoduan eta antolamenduan antzeman dut. Harritza, sugeak eta harea besterik ez dagoen tokian, kanpo laguntza behar ohi da bizi ahal izateko: janaria, arropa, eguzki plakak… Baina orain arte dena zen behin-behinekoa. Egun, hori horrela denik ezin ziurtatu. Errefuxiatu kanpalekuak asentamendu bilakatzen ari dira. Libanon bezala. Hots, argindar sarea antolatzen ari dira. Aljeriako Gobernuak halako inbertsioa egiteko, arazoa luzerako doan seinale.

Duela gutxi txiringito bakan batzuek osatzen zituzten eremuak, gaur egun, ia denetarik dagoen gune komertzial bilakatu dira, Carrefour komertzioak eta guzti. Jaimeetan ere nabari dira aldaketak. Telebistak, ia norbanako adina mugikorrak. Wilaya direlakoetan harrigarria da automobilen hazkundeak eta horrek sortu duen trafiko kaosa. Eta horrekin hauts itogarria!

Lehenengoetan, eguzkia desagertu bezain pronto izarreriari begira egon nintzen harri eta zur. Aurten berandu arte ez zen desagertzen zerua ezkutatzen zuen hauts txapela.

Argia-n irakurri

Duintasun martxen ondoren

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Iparraldetik hegoaldera, ekialdetik mendebaldera, martxari zutabeek osaturiko hiru eguneko ibilaldiekin bat eginez bostehun mila manifestari elkartu ginen Madrilen. Zoritxarrez, aurten ere, nik estimu dudan euskal hedabidetan ia aipamenik ez.  Ogia, lana eta etxebizitza, hiru aldarri horiek ardatz, beste aldarrikapen oihukatu genituen, horien artean, herri eta nazioen erabaki eskubidea ere. Eta jada Madrilen ginela euskararen aldeko gure korrika partikularra (petoak jantzita) ospatu genuen manifestarien txalo zaparrada artean.

Hots. Ez dut ulertzen Euskal Herriko zenbait eragile sozial eta politikoen hoztasuna edo urruntasuna ekimen honekiko. Madrilen bukatzen delako? Zorionez, EH-Bilduren sostenguaren berria heldu zitzaigunean egunduko poza azaltzeko parada izan genuen, eta baita bertako zenbait lagun ezkertiarrekin hitz egiteko berri horren inguruan. Internazionalismoa joan etorriko bidea da. Askotan aldarrikatu dugu gure borrokarekiko elkartasuna, egun hauetan gure halabeharra izan da gure aldetik gauza bera egitea. Azken finean, gure onurako delako.

Naiz-en argitaratutako artikulua

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/11078173_1064553943561921_988620055262098123_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/t31.0-8/10956364_1064554050228577_8404102232858473037_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/t31.0-8/10983333_1064553980228584_2220888043771268498_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xap1/t31.0-8/11082238_1064553883561927_9134500752825107942_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/1499022_1064554166895232_2934421128025160606_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xat1/t31.0-8/10321727_1064554160228566_6008856718584175125_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/11051755_1064554283561887_5842630250131554332_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfa1/t31.0-8/11001525_1064554163561899_998830781268763596_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpf1/t31.0-8/11080765_1064554173561898_2869360316667209399_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/11036221_1064554263561889_6384940687416844359_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/10007383_1064554273561888_8743945096126701856_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/10348669_1064554320228550_7808497337251707685_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/10560351_1064554406895208_1159487882580026210_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpa1/t31.0-8/10357648_1064554463561869_7217723867016145756_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-e-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/10448616_1064554476895201_847398597096277383_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-a-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/10847605_1064554576895191_3458824609047011289_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xaf1/t31.0-8/10854297_1064554716895177_866012369693151858_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xfa1/t31.0-8/11078081_1064554733561842_2526448045016102580_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/11036382_1064554900228492_154186851393669777_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/11080747_1064554903561825_6121897646886493198_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xtf1/t31.0-8/11050818_1064554950228487_8607210652498951581_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpf1/t31.0-8/10448724_1064555040228478_201908020162412761_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/t31.0-8/10987618_1064555113561804_4432409119667768093_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-h-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/t31.0-8/11051897_1064555120228470_3896336482779536906_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/11080571_1064555153561800_3157533015269509646_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpf1/t31.0-8/11018877_1064555173561798_243605099130059633_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xpf1/t31.0-8/11008583_1064555250228457_8372104493043942772_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpa1/t31.0-8/11079586_1064555253561790_8392169630205898627_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-d-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xfp1/t31.0-8/11036074_1064555300228452_3558723154175297190_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-xap1/t31.0-8/11078173_1064555256895123_6466630205604506913_o.jpg

https://scontent-lhr.xx.fbcdn.net/hphotos-xpf1/v/t1.0-9/10295663_1064555306895118_7909956737160410623_n.jpg?oh=978f7a19615be8031585057a89e20804&oe=55758E00

Berdintasunerako lehen foru araua: bideak, adostasun eta desadostasun politikoak

EHBilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak – Begoña Vesga, Lohitzune Txarola, Idoia Ormazabal eta Maite Sarasua

Gipuzkoa joeraren kontra dabil berriz ere. Gure inguruko testuinguru politiko eta instituzionalean lehentasuna ematen zaio zorra ordaintzeari, eta zor hori ordaintzearen aldeko apustua egin da, gastu soziala ikaragarri murriztuta. Horren eraginez, gero eta jende behartsu gehiago dago egoera larrian, batez ere emakumeak. Horrela, emakumeek, bizimodua ateratzeko, gero eta doako zaintza eta etxeko lan gehiago hartzen dute beren gain, eta, ondorioz, langabezia erritmo handiagoan hazten da eta soldata-pobrezia instituzionalizatzen duten enpleguak sortzen dira. Egoera horren eraginez, ordaindu ezin duten emakumeek ezin dute bizitzaren sostengua eta kanpoko lana uztartu eta, ondorioz, askok krisi egoerarako gordetako ekonomiara jotzen dute: lan sexuala edo etxeko lana. Beraz, gero eta zailagoa da emakumeentzat autonomo izatea eta, ondorioz, gero eta ahulagoak dira indarkeria matxistaren aurrean.

Hala ere, Gipuzkoan lehentasuna ematen zaio jendearen larrialdiei, hemen eta orain, erantzuna emateari, herritar guztiek, emakumeek eta gizonek, elkarrekin bizitzeko eredu berri baterantz joateko; gizarte osoari esker, ez bakarrik emakumeei esker, bizitza aurrera ateratzeko; eta jende guztiak, ez bakar batzuek besteen kaltean, bizimodu duina izateko. Ikusezin bihurtuta, feminizatuta eta prekarizatua dagoen lana, zaintza lana, gure ekonomiaren ardatz berrantolatzaile bihurtu nahi dugu, antolakunde sozialaren gure eredu, eta gizarte gisa izan behar dugun zentzu ona, bide hori baita emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko modu bakarra.

Horregatik izan da hain garrantzitsua Gipuzkoako Batzar Nagusiek, joan den martxoaren 4ko Batzordean, aho batez onartu izana Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen foru araua.

Berdintasunaren helburua lortzeko tresna juridikoa da, eta arau jakin batzuk ezartzen ditu foru administrazioaren esparruan; baliabide espezifikoak konprometitzen ditu, horiek betetzeko xedearekin; eta betetze maila ebaluatzeko mekanismoak zehazten ditu.

Araua egiteko orduan, kolektibo feministen laguntza izan dugu, eta baita Gipuzkoako teknikarien sarekoena ere; izan ere, beraien iritziz, arau multzo hori “Gipuzkoako Foru Aldundiaren berdintasunaren aldeko printzipio eta helburuak jasotzen dituen tresna garrantzitsu bat da”. Halaber, Emakundek hainbat proposamen egin zituen, gehienak onartuak izan direnak. Aldi berean, azpimarratu behar ditugu talde politikoekin izandako elkarrizketak eta eztabaidak, ezinbestekoak izan baitira analisiak partekatzeko, begiradak hurbiltzeko, eta akordioak lortzeko talde politiko guztiekin, betiere bakoitzaren diferentziak kontuan hartuta.

Arau honen onarpenean hartutako akordioei dagokienez, nabarmendu behar dugu, duen garrantziagatik, PSE alderdiarekin lortutako akordioa, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu arruntaren % 1a berdintasuneko politikak bultzatzera erabiltzea 6 urteko epearen barruan. Neurri horrek garrantzi izugarria du, berdintasun alorrean ez baitago legezko araurik berdintasun politikak horrela blindatzen dituenik, eta berdintasuneko politikak diskurtso edo politika estetika hutsak ez izateko neurriak jartzen dituenik.

Hala ere desadostasun garrantzitsu bat eduki dute talde politikoek 46 artikuluaren inguruan, Aldundiak daukan betebeharraz “…entitateek sustatuko dute laguntza instituzionala kentzea, dena delakoa ere, usadioa aitzakia gisa hartuta ala hartu gabe, emakumeak nolabait baztertzen dituzten aisia eta ospakizun eredu baztertzaileei” . Artikulu berean adierazten zen, aldi berean, erakundeak kultur, festa eta aisia berdinetarako ereduetarantz aldaketak bultzatzeko ardura duela, udalen bidaide izanez eta berdintasunaren defentsan diharduten taldeei babesa emanez edo, daudenetan, konponbide moldeetan parte hartuz gatazkak aurreikusteko.

Berriro ere agerian gelditu da Irun eta Hondarribiko alardeen inguruko gatazkak eragotzi duela 46 artikulu horren inguruan adostasunetara iristea. Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzatik ahaleginak egin dira jatorrizko erredakzioa aldatzeko 4/2005 Legeko 25 artikuluan xedatua bere osotasunean sartzea proposatuz, baina talde politiko ezberdinek ukatu egin dira erredakzio hau onartzera, nahiz eta legearen aginduak GFA horretara behartzen duen Emakumezko eta Gizonezkoen Berdintasunerako Foru Arau onartu berrian esplizituki jasoko ez balitz ere. Beste behin nabarmendu da ez dagoela baldintzarik adostasun politikoetara iristeko, zeren alardeen gatazka konpontzen ez dugun bitartean festei, aisiari eta ospakizunei dagokien guztia putzuratua geldituko da.

EH Bildutik tamalezkotzat jotzen dugu galera hau, izan ere bakoitzaren eginkizuna bere sexua, jatorria edo maila sozioekonomikoaren arabera definituko ez duten festa eta jai inklusiboak izango dituen agertokitik urrutiratzen gaituen gehiengo politikoak jarraitzen baitu. Eta pribatu bilakatuko ez diren, eta publikoak ordezkatzeko asmorik ez duten babes publikodun ereduetatik ez gaituzte urrutiratzen.

Arazoa konpontzeko gizarte agente, erakunde lokal, supralokal eta herritarren arteko elkarrizketarik eza nabarmen jartzen duen 20 urteko gizarte asperdura arren, uste dugu hori konpontzeko oinarri sendoak ezartzen ari garela GFAren eta Arartekoa eta Emakunderen gisako erakundeen lidergoarekin. Hala eskatzen dute gainera hondarribiar eta irundarren %70ak baino gehiagok Eusko Jaurlaritzak argitara emandako inkestek diotenez. Hainbeste denboran metatu diren sufrimendu eta minak sendatzeko ardura daukagu. Ez dugu Foru Arauan hori jasotzerik lortu baina gatazka konpontzeko abiatu dugun bidea geldiezina da.

X