Berdintasunerako lehen foru araua: bideak, adostasun eta desadostasun politikoak

EHBilduren Gipuzkoako Batzar Nagusietako ordezkariak – Begoña Vesga, Lohitzune Txarola, Idoia Ormazabal eta Maite Sarasua

Gipuzkoa joeraren kontra dabil berriz ere. Gure inguruko testuinguru politiko eta instituzionalean lehentasuna ematen zaio zorra ordaintzeari, eta zor hori ordaintzearen aldeko apustua egin da, gastu soziala ikaragarri murriztuta. Horren eraginez, gero eta jende behartsu gehiago dago egoera larrian, batez ere emakumeak. Horrela, emakumeek, bizimodua ateratzeko, gero eta doako zaintza eta etxeko lan gehiago hartzen dute beren gain, eta, ondorioz, langabezia erritmo handiagoan hazten da eta soldata-pobrezia instituzionalizatzen duten enpleguak sortzen dira. Egoera horren eraginez, ordaindu ezin duten emakumeek ezin dute bizitzaren sostengua eta kanpoko lana uztartu eta, ondorioz, askok krisi egoerarako gordetako ekonomiara jotzen dute: lan sexuala edo etxeko lana. Beraz, gero eta zailagoa da emakumeentzat autonomo izatea eta, ondorioz, gero eta ahulagoak dira indarkeria matxistaren aurrean.

Hala ere, Gipuzkoan lehentasuna ematen zaio jendearen larrialdiei, hemen eta orain, erantzuna emateari, herritar guztiek, emakumeek eta gizonek, elkarrekin bizitzeko eredu berri baterantz joateko; gizarte osoari esker, ez bakarrik emakumeei esker, bizitza aurrera ateratzeko; eta jende guztiak, ez bakar batzuek besteen kaltean, bizimodu duina izateko. Ikusezin bihurtuta, feminizatuta eta prekarizatua dagoen lana, zaintza lana, gure ekonomiaren ardatz berrantolatzaile bihurtu nahi dugu, antolakunde sozialaren gure eredu, eta gizarte gisa izan behar dugun zentzu ona, bide hori baita emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko modu bakarra.

Horregatik izan da hain garrantzitsua Gipuzkoako Batzar Nagusiek, joan den martxoaren 4ko Batzordean, aho batez onartu izana Emakumeen eta gizonen berdintasunerako lehen foru araua.

Berdintasunaren helburua lortzeko tresna juridikoa da, eta arau jakin batzuk ezartzen ditu foru administrazioaren esparruan; baliabide espezifikoak konprometitzen ditu, horiek betetzeko xedearekin; eta betetze maila ebaluatzeko mekanismoak zehazten ditu.

Araua egiteko orduan, kolektibo feministen laguntza izan dugu, eta baita Gipuzkoako teknikarien sarekoena ere; izan ere, beraien iritziz, arau multzo hori “Gipuzkoako Foru Aldundiaren berdintasunaren aldeko printzipio eta helburuak jasotzen dituen tresna garrantzitsu bat da”. Halaber, Emakundek hainbat proposamen egin zituen, gehienak onartuak izan direnak. Aldi berean, azpimarratu behar ditugu talde politikoekin izandako elkarrizketak eta eztabaidak, ezinbestekoak izan baitira analisiak partekatzeko, begiradak hurbiltzeko, eta akordioak lortzeko talde politiko guztiekin, betiere bakoitzaren diferentziak kontuan hartuta.

Arau honen onarpenean hartutako akordioei dagokienez, nabarmendu behar dugu, duen garrantziagatik, PSE alderdiarekin lortutako akordioa, hau da, Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrekontu arruntaren % 1a berdintasuneko politikak bultzatzera erabiltzea 6 urteko epearen barruan. Neurri horrek garrantzi izugarria du, berdintasun alorrean ez baitago legezko araurik berdintasun politikak horrela blindatzen dituenik, eta berdintasuneko politikak diskurtso edo politika estetika hutsak ez izateko neurriak jartzen dituenik.

Hala ere desadostasun garrantzitsu bat eduki dute talde politikoek 46 artikuluaren inguruan, Aldundiak daukan betebeharraz “…entitateek sustatuko dute laguntza instituzionala kentzea, dena delakoa ere, usadioa aitzakia gisa hartuta ala hartu gabe, emakumeak nolabait baztertzen dituzten aisia eta ospakizun eredu baztertzaileei” . Artikulu berean adierazten zen, aldi berean, erakundeak kultur, festa eta aisia berdinetarako ereduetarantz aldaketak bultzatzeko ardura duela, udalen bidaide izanez eta berdintasunaren defentsan diharduten taldeei babesa emanez edo, daudenetan, konponbide moldeetan parte hartuz gatazkak aurreikusteko.

Berriro ere agerian gelditu da Irun eta Hondarribiko alardeen inguruko gatazkak eragotzi duela 46 artikulu horren inguruan adostasunetara iristea. Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzatik ahaleginak egin dira jatorrizko erredakzioa aldatzeko 4/2005 Legeko 25 artikuluan xedatua bere osotasunean sartzea proposatuz, baina talde politiko ezberdinek ukatu egin dira erredakzio hau onartzera, nahiz eta legearen aginduak GFA horretara behartzen duen Emakumezko eta Gizonezkoen Berdintasunerako Foru Arau onartu berrian esplizituki jasoko ez balitz ere. Beste behin nabarmendu da ez dagoela baldintzarik adostasun politikoetara iristeko, zeren alardeen gatazka konpontzen ez dugun bitartean festei, aisiari eta ospakizunei dagokien guztia putzuratua geldituko da.

EH Bildutik tamalezkotzat jotzen dugu galera hau, izan ere bakoitzaren eginkizuna bere sexua, jatorria edo maila sozioekonomikoaren arabera definituko ez duten festa eta jai inklusiboak izango dituen agertokitik urrutiratzen gaituen gehiengo politikoak jarraitzen baitu. Eta pribatu bilakatuko ez diren, eta publikoak ordezkatzeko asmorik ez duten babes publikodun ereduetatik ez gaituzte urrutiratzen.

Arazoa konpontzeko gizarte agente, erakunde lokal, supralokal eta herritarren arteko elkarrizketarik eza nabarmen jartzen duen 20 urteko gizarte asperdura arren, uste dugu hori konpontzeko oinarri sendoak ezartzen ari garela GFAren eta Arartekoa eta Emakunderen gisako erakundeen lidergoarekin. Hala eskatzen dute gainera hondarribiar eta irundarren %70ak baino gehiagok Eusko Jaurlaritzak argitara emandako inkestek diotenez. Hainbeste denboran metatu diren sufrimendu eta minak sendatzeko ardura daukagu. Ez dugu Foru Arauan hori jasotzerik lortu baina gatazka konpontzeko abiatu dugun bidea geldiezina da.

Berdintasun legea, zer ospatu gutxi

Diana Urrea, Lur Etxeberria eta Dani Maeztu – EH Bilduko legebiltzarkideak 
 
Badaude, batetik, letra larriz idatzitako legeak eta badaude, bestetik, paperean geratzen direnak. Tamalez, Berdintasunerako Legean jasotako arauak eta neurriak betetzea borondate kontua izaten ari da. Lege batena baino gomendio-sorta baten antz handiagoa du. Berdintasunerako Legeak aldaketa batzuk ekarri dituela ukatu gabe, askoz gehiago dira paperean geratzen ari diren arau eta neurriak.

Legeak aldaketarik inon eragin badu, erakunde publikoen barne-antolaketan izan da, Udaletan, Aldundietan eta Jaurlaritzan. Lehenago ez-ohikoak ziren berdintasun-sailak eta -unitateak orokortu egin dira, gero eta hobeto prestatutako pertsonez osatu, koordinazio-guneak eta elkarlanerako sareak ugaritu eta modu planifikatuan lan egiten ari dira gero eta gehiago. Neurri horiek ezinbesteko baldintza dira erakunde publikoen jardueran genero-ikuspegia txertatzeko, emakumeen eta gizonen arazoak, beharrak eta interesak kontuan hartzeko, alegia; baita berdintasun-politikak egiteko ere. Ezinbesteko baldintzak dira, baina ez dira nahikoak. Izan ere, ahizpa pobrea izaten jarraitzen du berdintasunak, eta berdintasun-sailen eta programen finantzaketa beti da gutxiegi, beti da eskasa, eta erabat mugatzen du behar besteko indarrez eragiteko ahalmena. Emakumeen eta gizonen berdintasuna gerorako utz daitekeen helburutzat hartzen da, bigarren mailakoa, zer esanik ez krisi garaian. Laburbilduz, lehentasunik ez ematea, baliabide mugatuak eta finantzaketa eskasa porroterako osagai ezin hobeak dira, eta inertziak aldaketarako aukerak jaten ditu.

Legeak aldaketarako potentzial handiko elementuak proposatzen ditu, politika publikoak egiterakoan genero-eragina ebaluatzeko azterketak egiteko betebeharra kasu. Hau da, edozein politika publiko egin aurretik, politika zehatz horrek emakumeen eta gizonen bizitzen gain izango lukeen eragina aztertu beharko litzateke eta, behar izanez gero, neurri zuzentzaileak ezarri. Potentzial handiko neurria baina, hamar urteren ondoren, garatzeke dagoena.

Erakunde publikoak ez ezik, hedabideak eta publizitatea ere interpelatzen ditu Berdintasunerako Legeak, baina gehienek horietako asko balio eta estereotipo sexisten habia izaten jarraitzen dute, Legeari bizkar emanda. Legeak debekatu egiten die pertsonak sexu-objektu gisa aurkeztea, eta sexu bien presentzia orekatua eta irudi anitza bermatzeko betebeharra ezarri, edertasun-kanonetatik eta estereotipo sexistetatik aparte. Irizpide interesgarriak, inondik inora, baina errealitatetik baino desioen mundutik gertuago daudenak oraingoz. Edozein modutan, gure ustez larriena da: Euskal Irrati Telebista publikoa behar lukeenak ere ez dituela irizpide hauek jarraitzen. Legearen ahulezia nabarmena da esparru honetan. Hedabideak eta publizitatea ez dira interpelatuta sentitzen, baina Jaurlaritzak interpelatzen al ditu?

Erabakigune eta botereguneei dagokienez, emakumeen eta gizonen parte-hartzeak parekidea behar duela izan jasotzen du Berdintasunerako Legeak. Emakumeek, baina, erabakigune nagusietatik baztertuta jarraitzen dute. Apartheid egoera da araua eta parekidetasuna salbuespena. Erakundeetako ordezkari politikoei dagokienez, emakumeen eta gizonen presentzia orekatu samarra da posturik ikusgarrienetan, Jaurlaritzako kontseilarien eta Aldundietako diputatuen kasuan, esaterako. Baina egoera oso desorekatua da gainontzeko postuetan, kontseilari-orde, idazkari eta zuzendaritzatan. Emakume alkateak ere gutxiengoa dira, eta zer esanik ez sindikatuen eta patronalen zuzendaritzetan eta enpresa handien administrazio-kontseiluetan, gizonei erreserbatutako guneak oraindik ere.

Emakumeen bizi-baldintzak hobetzea ezinbestekoa da berdintasuna benetakoa izan dadin; baina bizi-baldintzak hobetzerik ere ez du ekarri Legeak. Ezer gutxi egin du Jaurlaritzak gizonak eta erakunde publikoak pertsonen zaintzan inplikatzeko. Ezer gutxi egin da, era berean, emakumeen lan-merkatuko lan-baldintzak hobetzeko. Alderantziz, Jaurlaritza bera enplegu publikoa suntsitzen ari da, emakume askoren enpleguak, Osakidetzan eta Hezkuntzan kasu. Emaitza: emakumeek galtzen jarraitzen dute, lanaren banaketa desorekatua sufritzen, lan-merkatuan bigarren mailako enplegatu eta etxeko zaintzaile nagusi. Paradoxikoa dirudien arren, emakumeek, bizitzaren eta ongizatearen arduradun nagusiak, ez dute bizitzaz eta ongizateaz gozatzeko eskubiderik.

Berdintasunerako Legeak beharrezko arau eta neurriak jasotzen ditu gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun egoera batetik parekideagoa izango den egoera baterantz pausoak emateko; berdintasun formaletik berdintasun errealera igarotzeko tresna baliagarria izan liteke; baina ez da tresna eraginkorra izaten ari, batez ere Legea gauzatzeko borondate politikoa falta delako. Urteetan gerorako, biharko, utzi da eginkizun hau; baina bihar iritsi da, eta bihar orain da.

Garai erabakigarriak

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Garai biziki interesgarriak dira hauek, zapalkuntzaren egituretan pitzadurak irekitzen ari baitira. Baina, aldi berean, ziurgabetasun garaiak ere badira bidean jarriko dizkiguten trabak (errepresio areagotua barne) gainditzeko egin beharreko ahalegin itzelaren aurrean.

Horregatik, irekitzen diren aukerez gain (Grezia lehen katebegia da) geure ahuldadeak ere kontuan eduki behar ditugu, horiek gainditu ahal izateko.

Aurreko garaietan indartsuagoak ginen kalean instituzioetan baino. Horregatik saiatzen nintzen orduan azpimarratzen borroka soziala, indartsua izanik ere, eremu politiko instituzionalean islatu beharra zegoela. Gogoeta berezia behar da egoera iraultzaile gisa definitutakoetan, instituzio zaharrak desegiten ari direnean eta gizarte iraultzailean indarrean dagoen boterea aldarazteko asmoz kontrabotere-erakundeak sortzen direnean.

Gaur egun, balantza beste aldera makurtzen da. Europa osoan mobilizazioen beherakada ematen ari da, baina, paradoxikoki, estatu gobernuak kudeatzeko posibilitatea duten ezkerreko aukerak sortzen ari dira.

Antzeko zerbait gertatu zen PT brasildarraren garaipenarekin. Partidu hau saiatu zen boterera iristen mobilizazio indartsuen bultzadaz eta ez zuen lortu; baina mobilizazioak behera egin zuen denboran irabazi zituen hauteskundeak. Horrek erakarri zuen PTren eskubiratze bat. Partidu bat ez da eskuinera mugitzen bere eliteen ustelkeria hutsagatik. Mugimendu sozialen ahuldadeak zer ikusteko handia du bilakaera horietan, bereziki langile mugimenduarenak. Mobilizazio horiek baitira ezkerreko omen den gobernu bat bere lekuan jar dezaketenak.

Jaime Pastorrekin bat nator esaten duenean Espainiako Estatuan Podemos efektua-ren eragin positiboa dela «kasta botatzen ahal dela» konbentzimendua zabaltzen ari delako; baina aldi berean dio arriskutsua dela gehiengo sozial sumindua 2015eko zikloan gehiengo elektorala bihurtzearen aldeko diskurtsoa ez bada azpimarratzen haustura-iruditeria baten inguruan loturiko aldez aurreko mobilizazioa, autoorganizazioa eta burujabetza.

Horrela bada, gobernu programa eta estrategiak lantzearekin batera zehaztu behar dira helburuak (zorra ilegitimoaren ukazioa, publikoaren defentsa, murrizketa eta kontrarreforma guztien derogazioa, ekonomia eko-sozial baten zerbitzurako banku publikoa, herri gisa erabakitzeko eskubidea, herritarren demokrazia modu horren sakonduz); eta, aldi berean, praktikara eramanez borroka modu berriak, desobedientzia zibila bezalakoak, kaleak okupatuz, greba orokor gisako modu klasikoagoetan sakonduz eta hobetuz…

Europari dagokionez, han hartzen baitira benetan eta sakon eragiten diguten neurriak, uste dut premiazkoa dela, Euskal Herritik, herri desberdinen eta klase langileen arteko zeharkako aliantza zabala sendotzen ahalegintzea, interes komunetan oinarritua: estatu kapitalista oligarkiko eta antidemokratikoekin amaitzea, baita nazioarteko kapitalaren defentsarako eraiki den Europako Batasuneko gaur egungo ereduarekin ere. Zentzu horretan doa Tsiprasen azalpena: «Grezian irabaziko bagenu ere, eta ezkerreko gobernua lortuko bagenu ere, ez badugu esperimentatzen botere banaketan eta indar harremanetan pausoz pauso aldaketak egitea, gobernu hori geratuko zen sinpleki herrixka galiar bat bezala, isolatua».

Euskal nazioari eta Espainiako estatuari dagokionez. Mendetasunik ez marko estatalarekiko (adibidez, esaten denean Katalunia aske izango dela Espainia bera aske denean), eta hauxe da Podemosek CUPi emandako erantzunaren ondorioa; eta etsai beraren aurrean, kapitalaren eta bere estatuaren botere oligarkikoaren aurrean, ezin gara aritu elkar ezagutu gabe edo bizkar emanez. Benetan, ez dago independentziarik (aldebarkatasunez aldarrikatua edo adostua) helburu horren aldeko gehiengo organizatu eta mobilizaturik gabe. Baina zailtasunak handiagoak izango dira (gauza bera presoen askatzeari edota bake prozesuari buruz) ez bada lortzen Espainiako Estatuko beste nazioetan babes herrikoi bat, edo gutxienez, estatuaren ukazio eta errepresio saioekiko kontrako jarrera praktikoa.

Euskal Bidearekin hasitako bultzada konstituziegilea nolabait erlazionatu beharko genuke estatu espainiarrean gertatzen diren aldaketekin irekitzen diren aukerekin. Ezin gara mugatu gertakari greziarrak eta hark sortzen dituen itxaropenak agurtzera, eta menpean gaituen estatuan gertatzen ari diren aldaketekiko (mobilizazio andaluziarrak, mareak eta abar…) eta batez ere Podemosen balizko garaipenak ekarriko lukeen bira kopernikarrarekiko urrun eta axolagabe izan.

Berria egunkarian argitaratu izan da

Energia-pobreziatik miseria moralera

Juan Maria Sanchez eta Asier Vega – Alternatibaren Ekologia Mahaia

Energia-kartelak, Iberdrola buru duelarik, Enplegu Erregulazioen sindikatuek eta ate birakarien politikari gutun-azal zaleek, gu guztiok inguruan pobrezia mota berri bat ikustea eta ezagutzea lortu dute; “energia-pobrezia” delakoa hain zuzen ere. Soldata eta pentsio baxuengatik, gauzak birritan ordaindu behar izateagatik eta energiaren prezio altuarengatik heldu gara egoera honetara, non herritar askok bizpahiru mantekin hotzaz babestu behar diren, janaria auzokoaren etxean berotu, edota zein botika erosi eta zein ez aukeratu behar izaten duten.  

Bada, oraingoan, protagonista berdinen eskutik, enpresarien “miseria morala” ezagutu behar izaten dugu, euren enpresek milaka milioi euroko mozkinak lortzen dituzten bitartean, milaka langile kaleratzen dituztenak, eta euren negozio eredua iraunarazteko asmoz, gobernuak erosten dituztenak. Politikariek ere jarrera hau erakusten dute, portzentaje txiki baten truke, beste alde batera begiratzen dutenak; energia-pobreziak sortzen dituen arazoei irtenbidea aurkitzeko limosna eta karitatea lehenesten dutenak, oinarrian dauden gaitzei aurre egin ordez.  Ahalik eta mozkin handiena lortu nahi dute, pertsonen eta ingurumenaren lepotik.  

Hazkundea da mantra berria. Geroz eta energia gehiago kontsumitzea, hazten jarraitzeko. Ez daukagun zein energia iturri erabilita?

Petrolioari dagokionez, inportaturikoa, urteak dira “peakoil” delakora heldu zela.

Gasa, inportaturikoa, beste batzuen mesederako politikoki ezegonkorrak diren herrietatik dator. Fracking-a, ingurumenaren suntsiketaren truke erabiltzen da. Mozkinak biltzen dituzte eta bertan bizitzeko egokia ez den herri bat uzten digute.

Zaborrak erretzea, gasa erabiliz airea kutsatzen jarraitzeko eta oso kutsagarriak diren sarra arriskutsuak sortzeko.

Nuklearra, Garoña, gure Fukushima. Nork gordeko ditu hondakin nuklearrak datozen mila urteotan? Urteak funtzionatu gabe egon arren, sistemak aurrera jarraitzeak, zentrala beharrezkoa ez dela erakusten du, argi eta garbi.  

Hauxe da PP, UPN eta PNV-k proposatzen diguten energiaren panorama. Aurrera begirako ihesaldia, kutsaduraz, jasangarritasun ezaz eta administrazio kontseiluetan betetzen diren besaulkiez osatua. Ez dago epe luzera begirako energia planik, energia berriztagarrien aldeko apustu argia egingo ez duenik. Baieztapen honekin ados daudela diote, nola ez; kontrakoa esatea ez baita herritarren gustukoa. Horregatik, PNV, UPN eta PP Fracking-aren gasarekin zeharo txoratuta daude. PNV-k Madrilen Iberdrolak agindutako Errege Dekretu baten alde bozkatu zuen, energia berriztagarriak eta autokontsumo elektrikoa suntsitzen dituena. Orain badakigu jeltzaleek herritarrak saldu dituztela, euskal industriari bidesari elektrikoetan beherapen bat egitearen truke. Euskadi gasaren alde dagoela lau haizetara zabaldu ostean, txoratuta daude ziklo konbinatuekin, Boroarekin eta Zabalgarbin zaborra gasarekin erretzearekin; eta herritarrentzat, zer? Kutsadura, energia-menpekotasuna, energia-pobrezia eta karitatea.  

Horregatik irmotasunez energia-eredu ezberdin baten alde egiten dugu, non guztiok energiarengarrantziaz jakitun izango garen; energia jasangarria, energia berriztagarrietan oinarritutakoa, ezinbestean kontsumitzen dugun energia kopurua murriztera eramango gaituena, aurreztean eta efizientzian oinarritua, deszentralizatua eta herritarren eskuetan egongo dena. 

Nafarroa: haustura edo erregimena berregitea?

Oskar Matute – Alternatibako bozeramaile nazionala

 

Langabezia, etxegabetzeak, murrizketak osasungintzan, hezkuntzan eta laguntza sozialetan; prekarietatea lan merkatuan, bideragarriak diren enpresak desagertzea, publikoa den ororen lapurreta, eredu ekonomikoaren eta produktiboaren gabezia, gazteak eta hain gazteak ez direnak deserrira zigortzea … Horixe da Euskal Herri osoari, Hego Europako gainerako herriei bezala, kalte egiten dion krisialdiaren ondorioz Nafarroako herritarren zati handi batek pairatzen duen egoera.

Jakin badakigu, ordea, krisia ez dela naturaren gaindiko arrazoiengatik sortzen eta, Nafarroan, besteak beste, beren agintarien arduragatik ematen dela, estatu espainiarrean txandakatzen diren gobernuen ezinbesteko laguntzarekin. 78ko erregimenaren sortzaileak pozik bizi dira Hegoaldea bitan zatitu izanarekin, herritarren arteko talka ere eraginda. Estatuaren baliabide guztiak eta hedabideak alde zituztela, izaera nafarra espainiartasunaren ardatz bilakatzen zuen kontsentsua eraiki zuten eta, bitartean, euskara eta euskal kulturarekin zerikusia zuen oro baztertu eta zokoratu egiten zen. Izan ere, esaera zahar bilakatuak dioenez: “Nafarroa, estatu auzia da”.

Estatuko egitura berreginez, 78ko erregimenak aldizkako gobernua babestu zuen ere Nafarroarako, beren elite ekonomikoen eskutik. Urteotan, PSN izan da gobernuan eta, 1991tik, UPN. Biek izan dute harremana ustelkeriarekin. Lapurreta eskandalagarriak eta kudeaketa ezin txarragoak tartean, Nafarroako kutxaren lapurreta da mingarriena eta ezagunena. Kontuz elkarteak salatu duenez, “arduradun politiko eta zuzendarien ikuskizun iraingarria bizi behar izan dugu, Nafarroaren tresna finantzari nagusia, CAN, desagerrarazi duena. Pasarte onartezinetako asko ezagunak ditugu: dietak, erlojuak, inbertsioak, helikoptero bidaiak …”.

Herritarren artean haserrea nagusi denean agintari hauen kudeaketa traketsarengatik, aldaketarako bide itxaropentsua ireki da. Nafarroan bada demokrazia aldarrikatzen duen ehun sozial anitz bat, herritarrei eragiten dien gauza guztien gaineko erabakitzeko eskubidea eskatzen duena: eredu sozial eta ekonomikoaren zein lurralde antolaketaren gainean.

Maiatzean egingo diren hauteskundeetan asko dago jokoan. Batetik, UPN 1991. urtetik lehenengo aldiz agintetik kentzeko aukera gauzatzea; baina horren gainetik, erabakitzeko eskubidearen eta erregimenarekin apurtzearen alde dauden lurralde honetako indar politiko ugariren koalizio zabal bat presidentziara eramateko aukera dago jokoan. Kataluniako bidegurutzeari, Nafarroaren egoera gehitu ahal zaio Espainiako estatuari, izan ere, lurralde honi egotzi zioten euskal independentismoa geldiarazteko tresna izatea erkidego autonomoen egituraren diseinuan. Beraz,  hurrengo bozetan erabakiko dena ez da bakarrik balizko gobernu aldaketa soil bat baizik eta 78ko erregimenaren ardatz nagusietako bat eraistea. Aldaketaren aldeko apustua egiten duten indarren artean gutxieneko adostasunak sortzeko aukera paregabea dago mahai gainean.

Yolanda Barcina, Foru Erkidegoko egungo presidenteak, zerrendaburua izateari uko egin diola iragarri zuen. Batek baino gehiagok uste du ezinbestekoa dutela bera alde batera gelditzea UPN-PSN-PP aliantza gauzatuko bada, egungo egoerari jarraipena eman ahal izateko.

Kasualitate ederra dirudi Auzitegi Nazionalak CAN auzia berrireki izana Barcinaren agurraren ostean. Eskandalua azkarregi itxi omen zen eta bitxia bada ere, egungo presidentea UPNren hautagaia izateari utzi zion hurrengo egunean sinatu zen auzia berraztertzea agintzen zuen autoa. Zerikusirik al du batak bestarekin?

Bestetik, haserrearen emaitzak jaso dezaketen IUN edo Podemos bezalako indarrek, ohiko dilemari aurre egin beharko diote. Zalantzarik gabe, EH Bildurekiko balizko itunek beren hautagaitza estataletan izan ditzaketen ondorioei begira ibiliko dira. Eta oso albiste txarra izango litzateke hori Nafarroan hausturaren aldeko apustua egiten duten guztientzat, izan ere, badirudi EH Bilduk eta Podemosek jasotako botoen artean gobernu aldaketa eta aurreko guztia gainditzea egingarria dela. 78ko erregimenaren apurketa itxaropentsua ikusi ahal izango dugu? Edo kontsentsu zaharrak berregituratuko dira, aldaketa oztopatuz eta herritarren gehiengoari traizio eginez?

Ahotsa, Ozenki, Naiz eta Berria-n argitaratua

Ezt(e)i-bidaiak

Lur Etxeberria EHBilduren talde feministaren izenean

Eztei-bidaia esaten zaio ezkontzaren ondoren egiten den bidaiari ez ezik gizonezkoak emakumeari eraso egin ondoren etorri ohi den damutze uneari ere, eztitik gutxi duena, indarkeriaren zirkulua ixten baitu berriz ere hasteko. Indarkeria matxistarekin hazi eta bizi bagara ere, ezer gutxi dakigu indarkeria-mota horren inguruan, nola funtzionatzen duen, zergatik erabiltzen den eta, batez ere, nola gaindi dezakegun

Hasteko, benetako zailtasunak ditugu indarkeria matxista identifikatzeko. Erasorik ikusgarrienak eta dramatikoenak ikus ditzakegu, baina ez gure egunerokotasunean ohikoagoak diren indarkeria sotilagoak (kontrola, umiliazioa, desakreditazioa, jarrera paternalistak…). Erakundeen politika publikoek ere hala egiten dute, eta eraso agerikoenetara bideratzen dira, eraso horiek eusten dieten indarkeria bigunagoen aurrean itsu.

Bigarrenik, ez dira indarkeria matxistaren jatorrira jotzen duten politikak egiten. Indarkeria eta eraso matxistak ez dira gertaera isolatuak, ez dira salbuespena eta bai, ordea, gizon eta emakumeen arteko botere-harremanen adierazpen larriena, icebergaren punta, egiturazko arazoa. Indarkeria matxista sistemaren errore bat ez den neurrian, ordena soziala mantentzeko beharrezko mekanismoa den neurrian, ordena soziala bera zalantzan jartzea eskatzen du. Politika publiko gehienak, ordea, ez dira ausartzen zutabe horiek zalantzan jartzen, emakumeen gaizki-izateak beste batzuen pribilegioei eusten dielako agian.

Hirugarrenik, diskurtso zurien lurraldea bilakatu da indarkeriarena. Erakunde publiko eta alderdi gehienei erraza eta merkea zaie muturreko erasoak salatzeko argazkiak eta adierazpenak egitea, baldin eta ez badie haien lehentasunak aldatzea ekarriko. Beste egoera batean geundeke indarkeria matxista gainditzeko Abiadura Handiko Planean inbertituko balute. Izan ere, berdintasunari buruz asko hitz egiten da, baina ez da hainbeste praktikatzen. Politika isolatuak egiten dira, intentsitate gutxikoak; eta txapa moreak parekidetasunaren aldeko labela lortzeko baliatzen dira, parekidetasuna oztopatzen duten politikak egiten jarraitu ahal izateko.

Laugarrenik, emakumeen kontrako indarkeria eremu askotatik dator. Testuinguru orokorra emakumeen kontrako indarkeriarena da, eta horrek baldintza ezin hobeak sortzen ditu gizonek emakumeen kontra indarkeria erabil dezaten. Publizitateak kontsumorako produktu gisa aurkezten ditu emakumeak, nahi erara erabil daitekeen merkantzia gisa. Hedabideen eduki askori sexismoa darie, estereotipoz gainezka, eta emakumeak ezkutatzea edo gutxiestea ohikoa da. Bankuek emakume bakarrez osatutako familiak etxegabetzen dituzte, eta kapitalak emakumeei erreserbatzen dizkie ordaindu gabeko zaintza-lanak. Hala ere, ez da publizitate eta hedabideen edukiak arautzeko neurri eraginkorrik ezartzen, ezta emakumeen autonomia ekonomikoa sustatzeko neurri berezirik ere, batzuk aipatzearren.

Egoerak politika integralak eskatzen ditu, prebentzioan oinarrituko direnak. Beharrezkoa da gizonengan gehiago erreparatzea, gizon izateko eredu alternatiboak sortzen laguntzea, maskulinitate-eredu hegemonikoa (oldarkorra, bere burua kontrolatzeko gai ez dena) gainditzea. Beharrezkoa da, besteak beste, maitasun erromantikoaren ideologia zalantzan jartzea eta emakume indartsuak eta askeak sortzen laguntzea.

Indarkeria matxista gainditzeak pertsonen esplotazioan oinarrituko ez den sistema bat sortzea eskatzen du, harreman horizontalak arau orokor izango direna eta ez salbuespena. Orduan, bai, egingo ditugu guztiok ezt(e)i-bidaiak.

EHBildu

Zinismoa, kondenak eta hiletak indarkeria matxistaren aurrean

Ainhoa Beola, Amaia Agirresarobe, Arri Zulaika eta Lur Etxeberria – Grupo Feminista de EH Bildu

Feminismoak erakutsi zigun gauza pertsonalak politiko ere izan daitezkeela, eta errealitate bat izendatzeak ikusgai bihurtzen duela; hori guztia ikasi dugunetik, gizonek emakumeak erailtzen eta erasotzen dituzten kasuak ez dira anonimotasunean geratzen, ez dira pasiozko krimentzat hartzen, ez dira bikote-dinamika kaltegarrien ondorio naturaltzat jotzen, edo ez dira gizonezko buru gaixoen ekintzen emaitza. Emakumeen borrokari esker, gizartea indarkeria matxistaren larritasunaz jabetu da, baita erantzule politiko askoren geldotasunaz ere; horrela, bada, indarkeria matxistaren aurkako borroka erakunde publikoek gainditu beharreko erronka nagusietako bat izatea lortu da. Eta, horrez gain, abiapuntu sinple bezain iraultzaile batean oinarrituta lortu da hori guztia: indarkeria horren jatorria emakumeen eta gizonen egiturazko desberdintasunak sortzen duela.

Alabaina, ez dago borondate politikorik premisa horrekiko koherentziaz jokatzeko eta, beraz, desberdintasunak eragiten dituen sistema aldatzen ez den bitartean, indarkeria ez da amaituko. Krisialdi ekonomikoan murgilduta gaudenez, egun batean bai eta hurrengoan ere bai ikusten ari gara herritarren gehiengoa pobretzen eta baldintza txarretan bizitzen ari dela eta, bereziki, emakumeak. Azken batean, gero eta zailagoa da emakumeentzat autonomo izatea eta, hortaz, indarkeria matxistaren aurrean egoera ahulagoan daude, zaurgarriagoak dira.

Testuinguru horretan, ustez indarkeria matxistaren aurka dauden erantzule politiko askok azalpenak ematea nahi dugu, berdintasunaren aldeko adierazpenak egiten baitituzte baina, aldi berean, gizarte-arloko eta genero-arloko desberdintasunak areagotzen dituzten politikei ematen diete lehentasuna, emakumeei libre eta ez hain kaltebera izatea ahalbidetuko lieketen baldintza materialak lortzea bermatuko dieten politiken kaltetan.

Jakin badakigu baldintza materialak hobetzea ez dela nahikoa indarkeria matxista desagerrarazteko, baina aurrerapen handia da. Badakigu ahalmen handiko zenbait gizarteratze-mekanismoren –hala nola, hezkuntza-erakundeen, komunikabideen, familiaren, erlijioen– eraginagatik, baita maitasun-kultura jakin batengatik ere –bereizketak eta desberdintasunak areagotzen dituena– emakume askok beren burua ukatzen dutela, gustura ez dauden harremanak onartzen dituztela, besteak baino gutxiago direla sinesten dutela bikotekiderik ez badute, edo bikotekiderik ez izatea baino, hobe dela bikotekide kaltegarria izatea.

Berriro ere azalpenak eskatzen dizkizuegu: zergatik ez duzue neurririk hartzen eskoletako eta unibertsitateko curriculumean emakumeen aurkako indarkeria eta desberdintasunak ez erreproduzitzeko, betiere ikuspegi kritiko eta erantzunkideetatik begiratuta? Azal iezaguzue, mesedez, komunikabide publikoetan zergatik ez den pedagogiarik egiten eta zergatik ez den hezten hobe egingo gaituen kultura-esparru batean oinarrituta. Azal iezaguzue, eliza katolikoa zergatik den, oraindik ere, agente ekonomiko pribilegiatua eta zergatik duen agenda publikoan modu misoginoan eragiteko gaitasuna, ustez laikoa den esparruan. Eta azaldu zergatik egiten dituzuen murrizketa bortitzak berdintasun-politiketara eta indarkeria matxistaren aurkako politiketara bideratutako baliabideetan.

Ikuspegi integraletik begiratuta, eztabaida zabalari ekin beharko genioke berehala: indarkeria matxistari nola deitu, nork egiten ote dion aurre, nola, eta indarkeria hori zer nolako espaziotan agertzen den. Emakumeek etxean, kalean eta lanean egin behar izaten diote aurre indarkeriari, beren bikotekide, aita, nagusi, irakasle, lankide edo ezezagun diren gizonen indarkeriari, baina egitura biologikoarekin eta sexu-portaerarekin gauzen ordenari erronka jotzen dioten gorputzek (transexualek, lesbianek, homosexualek) ere pairatzen dute. Gure gizartean, indarkeria zigor izaten da, gizon edo emakume izatea zer den zalantzan jartzen ausartzen denari ezartzen zaion zigor, gizonezkoen dominazioa zilegi bihurtzen duen ordenari erronka jotzeagatik.

Eta horrek guztiak, hainbeste kalte eta samin konpontzeko eta egoera horietan laguntzeko esku-hartzeen ikuspegia eta arretaren eredua berraztertzera behartzen gaitu. Egun, arreta-eredu nagusian bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriari arreta handia ematen zaio; larrialdiaren aurrean erantzun hobea ematen da; salaketa bitartekotzat baino gehiago, esku-hartzearen helburutzat hartzen da; eta baliabideak emakumeei laguntzeko arreta indibidualetara bideratuta daude, pairatzen duten indarkeria hori indarkeria bera eragiten duen gizarte-errealitatearekin lotu gabe. Azken batean, ezinbestez berraztertu egin beharko liratekeen eredu batetik esku-hartzen da.

PPren gobernuak, botoak eskuratzeko ahaleginean, 35 urte egin zuen atzera abortatzeko eskubideari dagokionez. Berriz ere isilarazi egin nahi gintuen eta mendeko bihurrarazi. Eta, horren bitartez, eskubide sozialen alde eta gutxiengo baten pribilegioen aurkako borroketatik deskonektatu. Guk lortu dugu eskubide hori ez galtzea, kalera atera gara berriro, eta herritar izateko borroka eguneratu. Ez gaitu etsiak hartuko, adore eta zintzotasun handiagoa eskatzen dugu indarkeria matxistari aurre egiteko, eta ez hainbeste zinismo, ez hainbeste kondena-erretorika autokonplaziente eta ez hainbeste estatu-hileta. Bitartean, borrokan jarraituko dugu.

EHBildu

Ardura soziala zerga-politikan

Helena Franco, Ander Rodriguez – Gipuzkoako Ogasun diputatua eta Gizarte Politikarako diputatua

Juan Mari Aburtok, Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuak, «zerga gainkargua» edo «zerga espezifiko» berri bat proposatu du mendekotasunaren beharrei erantzuteko. Lehendakariak berak ere galdetu du «egungo zergekin bermatu ote daitezkeen dauden gizarte zerbitzuak, egun dauzkagunak eta berriak». Galdera oker eginez gero, nekez izango da zuzena erantzuna, eta hala da kasu honetan ere. Ez da galdetu behar zein zerga-sistema behar dugun mendekotasuneko gastuari eusteko, baizik eta zein zerga-sistema den beharrezko politika publiko guztiei batera eusteko. Zaintza duin eta unibertsaletan egindako inbertsioak desorekatzen ote ditu, bada, diru-kontu publikoak? Euskal administrazioen gastu osoari egindako panoramiko batek ezezkoa adierazten digu. Euskadin gizarte zerbitzuetara zuzenduriko gastua %10,7koa da (Eustat).

Nola finantzatzen dira, egun, politika publikoak? PFEZaren eta, gehienetan, herri xehearen bizkar joaten diren zeharkako zergen bidez bildutakoaz. Gipuzkoan, zehazki, zerga-bilketa osoaren %37 PFEZetik dator (bere bilketaren %80 lan errentei dagokie) eta beste %50 BEZ eta zerga berezien bitartez jasotzen da.

Beraz, mendekotasunak ez ditu oro har administrazioak kinka larrian jartzen; eta finantzaketak ere ez du zertan etorri lehen ere euskal administrazio publikoen jardueraren zatirik handienari eusten dioten zergen gaineko gainkargu berri baten bidez. Hala ere, aski al da egungo inbertsioa herritar guztien eskubide sozialak bermatzeko? Ez, inola ere ez. Gizarte zerbitzuen euskal sistemak diru gehiago behar du.

Beharrezko diren baliabide horiek euskal sisteman txertatu ahal izateko, administrazioek beren gastua zorroztasun handiagoz kudeatu behar dute eta beren lehentasunak hurrenkera egokian jarri. Gipuzkoako Foru Aldundian, esaterako, argi daukagu zaintzen sare publikoa eta mendekotasuna duten pertsonen arretarako prestazio eta zerbitzuak direla gure lehentasun. Oso argi daukagu politika ekonomikorik hoberena gastu sozialeko inbertsioa dela, horrela ongizate kolektiboa lagundu, ekonomia aktibatu eta enplegua sortzen baita. Horrexegatik, beste administrazioen —Eusko Jaurlaritza edo gobernu espainiarraren— murrizketa sozialen aurrean Gipuzkoan, urtez urte, gizarte gastua handitzen ari gara.

Egia da mendekotasuna duten pertsonen arretarako gastuak gora egiten jarraitu behar duela, eta horren zati batek zerga-bilketa sistema aldatzetik eratorri behar duela. Hala ere, zergatik jarraitu zerga-sistema herri xehearen bizkar kargatzen? Zergatik ez egin hori enpresa handien mozkin eta fortuna handien bidez? Gipuzkoan erakutsi dugu nola egin daitekeen.

Ez da kasualitatea Ogasuneko diputatuak eta Gizarte Politikako diputatuak artikulu hau elkarrekin sinatzea. Zergatik? Gipuzkoan Ogasun Departamentuaren jarduna eta Gizarte Politikako Departamentuarena berezi ezinak direlako. Gure zerga politika ardura sozialaz landua dago. Txanpon beraren bi aldeak dira biak eta koherentziari eusten diogu zeinek bere politiketan. Ez da serioa beste gobernu batzuetan bezala alor fiskaletik zerga beherapenak proposatzea, eta aldi berean gizarte esparrutik fondo gehiagoren erreklamazioa egotea.

BERRIAn argitaratua

Alfonbra gorria muturreko eskuinari

Toni Ramos – Alternatiba

Kapitalismoak eragindako krisiaren ondorioz, gehien kaltetutako klaseak miseriara kondenatuta daude, bankuen, multinazionalen eta oligopolio energetikoen mesedetan. Testuinguru honetan, ulergarriena litzateke langileek ezkerreko indar alternatiboen alde egitea, eta honek militantzia eta bozka gehiago irabaztea, alderdi politiko klasikoen gainbeheraren aurrean. Eta hala gertatzen ari den arren, bestelako aukera batek ere gero eta jarraitzaile gehiago irabazten ditu azkenaldian.

Murrizketa sozialak, ustelkeria eta gizarte gehienak klase politikoarekiko garatu duen desilusioa baliatuz, muturreko eskuina eta faxismo berria azaleratzen dira. Eta diskurtso populista, erraz eta xume batekin egiten dute, inongo arrazoibiderik gabe, defendatzerik ez duen etsaiaren aurka gorrotoa erabilita eta gezur bat etengabe errepikatuz egi bihurtzearen arauari jarraiki. Izan ere, arrazakeria eta xenofobia oinarritzat hartuta, neofaxismoa krisiaren aurkako diskurtsoa entzuteko prest dagoen orori irtenbide erraz bat eskainiz elikatzen da: egoera honen errudunak etorkinak dira.

Baina faxismoaren eta muturreko eskuinaren etorrera ez da ustekabekoa; diskurtso mota hau bozak lortzeko tresna modura ikusi duten alderdi politiko tradizionalei egotzi behar genieke zalantzazko meritu hori. Hona hemen adibide batzuk:

Herri eskandinaviarretan, Norvegiako Alderdi Aurrerakoia edo Suediako Demokratak bezalako muturreko eskuineko alderdien diskurtso arrazistak gero eta indartsuagoak dira. Alderdi kontserbadoreak, arrazakeria eta xenofobiaren aurka agertu beharrean, gauza bera egiten hasi ziren, ultraeskuindarren presioak eraginda, etorkinen kriminalizazioa sustatzen zuten politikak abian jarriz. Guzti honen ondorioa muturrera heldu zen 2011 urtean gertatutako Utoyako sarraskian.

Frantzian ere antzera gertatu da. Le Pen xenofobia erabiltzen hasi zen herriaren arazoen errua ahulenei egotziz. Sarkozy kontserbadorea ere bozka errazaren trenera igo zen eta Errumaniatik etorritako ijitoak Frantziatik kaleratzen hasi zen, herritar musulmanen erlijio askatasun eskubidea urratzen zuen bitartean. Hollandek ere ez du egoera zuzendu. Politika hauen jarraikortasuna sustatzearen ondorioz, Fronte Nazional alderdi neofaxista Europako azken hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zen. Gaur egun, Marine Le Pen, muturreko eskuineko alderdiaren sortzailearen alabak, bere burua Frantziako Lehen Ministro gisa ikusten du.  

Antzeko adibideak daude Herbehereetan, Erresuma Batuan edo Italian, eta Euskal Herria ere ez dago fenomeno honetatik aske. Gurean bizi diren sona politiko handiko pertsonaiek, beren burura defendatu ezin duten etorkinak, boto eskubiderik ere ez dutenak, kriminalizatzen dituen diskurtso hau aspaldi erabiltzen dute.

Hauteskundeetan bozak lortzeko, babesgabe daudenak erruduntzen dituzte, eta ez PPk ezta PNVk ere, ez dute botere gehiago eskuratzeko aukera galtzeko asmorik. Berdin zaie bere diskurtsoak ez gutxiengo horri bakarrik baizik eta gizarte osoari kalte egiten badie. Europari besterik ez diogu begiratu behar, muturreko eskuina gure herrian ezartzeari bidea zabaltzen diotela ikusteko. 

Araba eta Bizkaiko Foru Aldundietatik, eta Sestao edo Gasteiz bezalako Udaletatik, etorkinen kolektiboaren aurkako salaketa faltsuak egin dira, orain arte ezkutuan mantendu den neofaxismoari alfonbra gorria jarriz, muturreko eskumaren iritziak bereganatuz eta politika naziak ezarriz. Kezkagarria da ikustea nola Gasteizen baliabiderik gabeko pertsonek saltoki sare jakin batean eta soilik berdez markatutako produktu zehatz batzuk erosteko baimena duten. Elikagaien errazionamendua gertuko enpresen onurako erabiltzea Francoren diktadurako garai ilunen ohiko zerbait izan zen, eta Javier Marotoren eskutik itzuli da.

Josu Begara, Jose Luis Bilbao, Javier de Andres eta Maroto bezalako politika munduko pertsona ezagunak iritzi arrazistak publikoki azaleratzeko gai badira, nork aurpegiratuko dio Democracia Nacional-i gauza bera egitea? Sasi-erakunde nazi hau Gasteiz inguruan etorkinen aurkako kartelak pegatzen hasi da dagoeneko. 

PP eta PNVko buruzagiei gogorarazi behar izango genieke, higiezinen eztandaren garaian, lanik falta ez zenean, Espainiako Erresumaren BPGaren hazkundearen ia erdia etorkinen ekarpenaren ondorioa zela. Akaso kontuan izan beharko lukete pertsona hauek Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutela; Euskal Herrian jaten eta erosten dutela, eta ondorioz zerga zuzen eta zeharkakoak ordaintzen dituztela, beste edozein euskal herritar bezala. Agian ere kontuan izan beharko lukete kultur aniztasunak ematen digun aberastasuna. Eta batez ere, gogorarazi beharko genieke gure gizartearen zati oso handi bat (militante jeltzale asko tartean) euskal jatorrikoak ez diren etorkinek edo beren ondorengoek osatzen dutela. 

Etorkin katalan batek sinatuta, edozein etorkin marokoar edota zortzi euskal abizen dauzkan edozein bezain euskalduna.

Hedabideez eta estereotipo matxistez

Lur Etxeberria Iradi eta Diana Urrea Herrera – EH Bildu

Udazkeneko hego haizeak iraileko kresal usaina dakarkigunean, oraindik gogora dezakegu irailaren 14ko igandea: Kontxako estropada eta emakume arraunlarien ahalegina, poza, urtetako lana agerian geratu zenekoa. Zirrara berezia eragin zigun hainbeste oztoporen gainetik kirolari lotuta jarraitzen duten emakumeak ikusteak, Kontxako estropada ez ezik, emakumeek arrotz zaizkien uretan lehiatu behar dutelako egunero eta kirolean nabarmen. Garaipen txiki bat zela sentitu genuen, emakume arraunlari guztien garaipena, emakume kirolari guztiena, emakume guztiena eta jendarte osoarena. Udazkeneko hego haizeak dakarren kresal usainarekin egun hura gogoratzean, irribarrea sortzen zaigu ia oharkabean.

Irailaren 14ak argi-ilunak izan zituen, ordea. Egunean bertan eta biharamunean kezkaz ikusi genuen hedabide batzuentzat emakumeen estropada ez zela existitu ere egin, edo beste batzuk gizonen estropadaren “telonero” gisa tratatu zituztela. Are gehiago, gure hedabide publikoa denak, EiTBk, titularretan gizonen estropadaz soilik hitz egin izanak eta emakumeen estropadari bazterreko lekua emateak. Are gehiago, Hego Euskal Herrian gehien saltzen den prentsa gehienak emakumeen estropada ezkutatu izanak. Egia da hedabideek kirolean emakumeak baztertzea edo ezkutatzea ez dela kontu berria, baina bai larria. “Normala da”, “beti horrela izan da” eta antzeko argudioek ez gaituzte asebetetzen. Atzo normaltzat ematen genuena ez da gaur normaltzat daukaguna.

Kirola, eta bereziki lehiaketara bideratutako kirola, gizonen espazioa dela adierazten digute etengabe. Hedabideetako titularrak eta irudiak gizonenak dira, gizonak jokalari titularrak, gizonen partida da kirolarena eta emakumeak aulkian geratzea tokatzen zaie; ikusle gisa edo ikusiak izateko gisan, azafata, animatzaile edo bikotekide-ederraren paperean, ikuskizunari glamourra ematen. Lehenago ezagutuko dugu futbolari izar baten bikotekidea, emakume futbolari puntako bat baino. Ez al da hala? Esaera batek dioen bezala, denok jolastu ezean, baloia zulatuko dugu, eta agian iritsi da ordua. Hemen ez dugu denok jolasten eta, are gutxiago, antzeko baldintzatan.

Kezkaz begiratzen diogu kirolari, ikusita osasungarri eta gozagarri izan daitekeena nola bihurtu den patriarkatuaren gotorleku, hedabide nagusien konplizitatearekin. Kirola eta hedabideak balio, rol eta estereotipo sexisten sorburu inportantea dira gaur egun. Gizon kirolariak izar eta heroi bihurtzen dituzte, mutikoentzat erreferente eta eredu bakarra sortuz, mutikoek ondo ikas ditzaten gizon arrakastatsu izateko behar dituzten ezaugarri eta jokabideak. Neskek, berriz, segituan ikasten dute mezua: “kirola ez dela neskentzat”, nahiz eta ezkon daitezkeen kirol izar batekin, eta Hello Kyttiren mundua daukatela zain.  Bestelako erreferenterik ez daukate apenas.

Kezkatuta gaude kirol-ikuskizun handiek eta hedabideek, kirolaren aitzakian, zabaltzen dituzten mezu eta irudiekin, erreferente eta eredu matxistak sortzen eta indartzen etengabe. Munduko saskibaloi txapelketa Bizkaitik pasa berri zaigu eta esatari baten komentario matxista dela eta ez dela zalaparta sortu da, ikuskizun arranditsu hori erabat matxista zela aipatu gabe, protagonistak gizonak zirela ahaztuz eta emakumeek animatzaile edo azafata gisa parte-hartzea beste aukerarik ez zutela. Horregatik, uste dugu urgentea dela erakunde publikoek esparru honetan parekidetasunaren alde egitea. Gaiari heldu behar diogu udako kresal usaina neguko ipar haizeak izoztu baino lehen. Ez gaude prest gure seme-alabak sexismoan hezteko; ez dugu haientzat jendarte sexistarik nahi. Pertsona aske nahi ditugu.

Ordezkari politikook eta bereziki erakunde publikoek badugu ardura eta gaitasuna egoera hau iraultzen laguntzeko. Horretan saiatuko gara guretik. Hasteko, gure kezka helaraziko diogu Emakunderi eta ekimenak abiatuko ditugu Gasteizko legebiltzarrean. Eduki matxistak zabaltzen dituzten hedabideak diru publikoz lagundu behar dira, publizitate instituzionala emanez?Balio eta estereotipo sexistak indartzen dituzten kirol-ikuskizun handiak diru publikoz lagundu behar dira? Galdera hauexek egiten dizkiogu Jaurlaritzari eta eskatu diru publikoa 0 izan dadila hedabide eta kirol-ikuskizun hauentzat. Alferrikakoa da emakumeen kontrako eraso agerikoenen aurrean txapa morea jartzea, eraso horien oinarrian dauden desberdintasunak gainditzeko ezer egiten ez badugu. Has gaitezen serio jokatzen.

Naiz-en argitaratua

X