Ikasitako babesgabetasuna

Cristina Bereciartua – Alternatiba

Duela gutxi ikusi ahal izan nuen nola irakasle batek ikasitako babesgabetasuna zer den irakasten zien bere ikasleei. Ariketa honakoa zen: ikasleei hiru hitzez osatutako txartelak banatzen zizkien eta, hitz bakoitzaren hizkien ordena aldatuta, hitz berri bat osatu behar zuten (adibidez AULKI LAUKI bihurtu). Lehen hitzarekin hasi eta erantzuna aurkitu bezain laster besoa altxatu behar zuten ikasleek. Denbora aurrera joan ahala, erdiek eskua altxatu zuten, baina beste erdiak oraindik ez zuen erantzunik. Bigarren eta hirugarren hitzekin emaitza bera izan zen. Ariketa amaitu ostean azaleratu zen lehen bi hitzak ezberdinak zirela; txartel batzuetan erantzuna aurkitzea posiblea zen bitartean, beste txartela zutenek ezinezkoa zuten asmatzea. Azken hitza, baina, berdina zen txartel guztietan eta, hala ere, lehen bi hitzak ebazterik izan ez zutenak, ez ziren gai izan erantzuna asmatzeko. Hirugarren hizkira heltzen zirenerako, sentitzen zuten frustrazio eta konfiantza faltaren ondorioz blokeatu egiten ziren, emaitza asmatu ezinik.

Baina zer da ikasitako babesgabetasuna? Hitz tekniko honen arabera, gizaki edo abere batek modu pasiboan jokatzera ikasten du, etsita dagoela, erantzuten ez duenak, nahiz eta egoera aldatzeko aukera izan.   

Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte langileoi? Duela hamarkada batzuk sektore ezberdinetako langileriak bere eskubideak aldarrikatu, babestu eta hauen aldeko borroka egiten zuen. Zergatik? oinarrian, oso ondo ulertzen zutelako euren eskubideak zeintzuk ziren eta nola defendatu behar zituzten. Hainbesteraino izan da, non  langileak euren kabuz aurkeztea edo beste edonor ordezkari izendatzea onartzen duen bakarra jurisdikzio soziala dela, abokatu, prokuradore edota graduatu sozialen bitartekaritzarik gabe. Urteak aurrera joan ahala, lanbide zuzenbidea konplikatu egin da, opaku bihurtu da, teknizismoz josi dute, hizkera elitistaz, eta ondorioz, askok Langileen Estatutua irakurri eta ez dute deus ere ulertzen. Nola defendatuko dituzte orduan euren eskubideak? Langileria babesgabe utzi dute, eta egunero topatzen ditugun bidegabekerien aurrean ezer gutxi egin dezakegula uste dugu, gure eskubideak bete daitezela eskatzeko dauzkagun tresnak, soilik hauek ulertzen dituztenen esku daudelako. 

Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte emakumeoi? Txikitatik eta gure bizitza osoan, sexu erasoen biktima potentzialak garela esan digute. Hainbat ikerketen emaitzen arabera, emakumeok etengabe eta normaltasunez erabiltzen ditugu aurrepentsatutako beldur honi aurre egiteko tresnak. Hau da, onartu dugu bortxatuak izan gaitezkeela, baina ez gaituzte sexu eraso baten aurrean erantzuten irakasten. Beldurra izan dezagun hezten gaituzte, paralizatuta gelditzeko, ezer ez egiteko, gauez kalean bakarrik ez ibiltzeko, ezezagun batekin topo eginez gero pareko espaloira aldatzeko…

Ikasitako babesgabetasunera bultzatu al gaituzte, gizarte osoari oro har? Egunero zilegi ez diren arauak aplikatzen dizkigute, gehiengoak ulertu ezin duen hizkera batean aurkezten dizkigutela. Kalera protesta egitera irteten garenean, gure eskubideak aldarrikatzera goazenean, egurra ematen digute. Legeak diru jartzaile potentzialen nahiera aldatzen dituzte, guri legea legea dela eta aldatzea ia ezinezkoa dela esaten diguten bitartean. Adarra jotzen digute modu simulatu eta diferituan, osasungintzan, diru-laguntzetan, hezkuntzan, langile eskubideetan eta abarretan murrizketak egiten dituztenean. Politika higuingarria dela esaten digute, lotsagarria, alde batera utzi beharreko zerbait dela, baztergarria; baina benetan kolokan jarri behar duguna, buruzagien kasta da, eztabaida handiak irudikatzen dituzten bitartean, finantza botereak laguntzeko Konstituzioa ezkutuan aldatzen duten alderdiak, alegia. 

Baliteke ikasitako babesgabetasun honetara bultzatu gaituzten langileriaren zati handiena, emakumeak, herritarrak oro har eta beste talde asko, goizero ohetik atsekabe altxatzea, babesgabetasun sentipenarekin, gure eskubideak aldarrikatzeko tresnak izango ez bagenitu bezala, gure egonezina plazaratu ezinik… Baina berri onekin nator: hau ez da egia; aldaketa eragiteko gaitasuna badugulako, gure esku baitago kontrola berreskuratzeko eta boterea hartzeko tresnak sortzea. Egin behar dugun bakarra ikasitako babesgabetasuna ahanztea izan behar da, guganako konfiantza, harrotasuna eta duintasuna berreskuratuz. 

Egun ukatzen dizkiguten erabakitze esparruak berreskuratuz; borroka eta aldarrikapen sozialetan nahasiz; gure auzo eta hirietako mugimendu eta asanblada ezberdinetan modu aktiboan parte hartuz; greba, kontzentrazio, martxa, manifestazio, kartelada eta ekintza zuzenetan gure burua martxan jarriz; sistema justuago bat asmatuz eta antolatuz, bereizmenik eta matxismorik gabekoa, bizitzea merezi duten bizitzetara zuzendua; parte-hartzailea, jasangarria, ingurugiroa errespetatuko duena; gure eskubide indibidual eta kolektiboen defentsan ez etsiz, libreak, autogestionatuak eta antolatuak izateko bidea ematen dizkiguten eskubide berriak aldarrikatuz. Azken batean, politika betidanik hala izan behar baina izan ez den modura aldarrikatu behar dugu: geurea. Hortik aurrera, aldaketa gure esku egongo da. Aktibatu dezagun.

Artikulu hau BERRIAn argitaratu izan da

Euskal Herri feminista eraikitzeko konpromisoa

Diana Urrea, Barkatxo Ruiz, Eva Balnco eta Ainhoa Beola – EHBildu

Martxoaren 8a, Emakumeon Eguna. Urteetako borrokak aldarrikatzeko, gogoratzeko eta ospatzeko aukera, baina, batez ere, emakumeon egoeraren inguruko hausnarketak partekatu eta balantzea egiteko unea.

Krisiaren itzalpean harro dabilzkigu kapitala eta patriarkatua, lotsarik gabe. Bitartean, emakumeok lortutako askatasun eta eskubideak galtzen ari gara, atzeraka goaz. Baina inboluzio une batean bagaude ere, gure esku dago borroka feminista indartu eta, haizea alde ez izan arren, egoera aldatzea.

Emakumeon egungo egoera hitz gutxitan laburbildu beharko bagenu, honela jasoko genuke: lan-merkatuan gero eta biluziago, zaintzaren motxilan gero eta harri gehiago, umetokian bandera espainola ezarrita —Estatuaren lurralde bihurtuta— eta gorputza indarkeria sexistak moretuta. Hori guztia, emakumeon eta familia-eredu heterosexualaren hautua egiten ez dutenen kontrako eraso ideologikoarekin lagunduta.

Lan-merkatuan gero eta biluziago gaude emakumeok. Botere ekonomikoaren mesedetan arautzen ari da lan-mundua, lanerako gorputza, burua eta eskuak besterik ez ditugunok babesik gabe utziz. Haurdun dauden emakumeak kaleratzeko aukera legeztatu da, lan-baldintzak okertzen ari dira orokorrean eta emakumeak nagusi diren hirugarren sektorean bereziki, eta sektore feminizatuetan behin-behinekotasuna, ziurgabetasuna eta prekarietatea dira nagusi. Horrekin batera, lan-merkatutik kanpo uzten ditugun etxeko lanak eta zaintza-lanak emakumeen bizkar erortzen jarraitzen dute. Ez hori bakarrik; erakunde publikoak, pertsonen zaintza luxua dela baloratuta, horretarako dauden zerbitzuak eta laguntzak murrizten ari dira eta, ordainetan, emakumeon zaintzaren motxila kargatzen.

Biluzik gabiltzan arren, gure gorputza ere ez digute guretzat utzi nahi. Gure gorputza gurea dela ukatu nahi digute. Gure umetokia Estatu-arazoa dela diote, baina gaude beraientzat arazoa, azken finean, emakumeak garela. Abortatzeko eskubidea ukatzeko Espainiako Gobernuak aurkeztu duen kontrarreformarekin —motibazio ideologiko ultrari erantzuten dio— duela 40 urte oihukatutako aldarriak berriz etorri zaizkigu umetokietatik eztarrietara.

Abortuaren kontrarreformarekin batera, emakumeon askatasunaren eta aniztasunaren kontrako eraso gehiago datoz, emakumea emazte-ama fin, otzan eta menpeko bihurtzeko. Patriarkatuaren zutabea den familia-eredu tradizionala edo heteropatriarkala indartzeko neurriak dira. Ugalketa lagundurako eskubidea bikote heterosexualentzat soilik, haurdun geratzen den emakume oro haurra izatera behartu, norberaren gorputza eta desioak ezagutu eta garatzeko hezkuntza afektibo-sexuala murriztu edo LOMCErekin guztiz ezabatu, elizgizon esanguratsuen ahotik sexu bereko pertsonen arteko harremanak gaixotasun gisa aurkeztu nahi dizkigute, eta indarkeria sexistaren dimentsioa ezkutatu, garrantzia kenduz, datuak makillatuz (indarkeria sexista gisa kontabilizatuko direlako soilik eraildako emakumeak eta 24 ordutik gora ospitaleratutakoak) eta batzuetan justifikatuz. Erakunde publikoek eta hedabideek horretan duten ardura ez da txikia.

Emakume eta gizon askeak buru eta gorputz-jabeak izateko heziketa zeinen garrantzitsua den dakitenez, LOMCErekin hezkidetzaren bidean egindako lana ezabatu nahi du Espainiako Gobernuak. Berdintasunaren eta hezkidetzaren alde egindako lana alde batera utzi eta erlijio katolikoa jarri nahi du erdigunean. Elizak eta Estatuak eskua emanda sartu nahi dute eskoletan, haurren gogoak kolonizatzeko.

Hedabideetan ere atzerakada garrantzitsua atzematen dugu, eta bereziki larria iruditzen zaigu bertako hedabide publikoetan gertatzen ari dena. Aktualitateko arazoen inguruko eztabaida eta tertuliatan emakumeon presentzia anekdotikoa da. Ez dugu ahotsik. Ikusezinak gara. Horrez gain, hedabideetako edukiek eta publizitateak estereotipo, rol eta balio sexistak elikatzen eta indartzen dituzte.

Egoeraren irakurketak alarma guztiak piztera garamatza. Feministok urteetan aldarrikatutako eta borrokatutako helmuga gero eta urrunago dago eta inboluzio lazgarria sufritzen ari gara. Emakumeok subjektu politiko gisa, eskubide osoko herritar gisa onartzetik gero eta urrunago gaude. Egungo krisia emakumeon askatasunen eta berdintasunaren krisia ere bada. Ez orain arte helburuok lortu genituelako, baina bai atzerapauso nabarmenak ematen ari garelako. Ez halabeharrez, ordea; botere politikoek eta ekonomikoek norabide horretan eraman nahi gaituztelako baizik. Emakumeok berriro ere sistema heteropatriarkalaren kaiolara lotu nahi gaituzte.

Egoeraren irakurketak, etsipenean erortzeko baino gehiago, egoeraz jabetu eta erantzuna pizteko balio izatea nahiko genuke. Betaurreko eta lupa moreak jantzi, elkarri eskua eman eta atzerapausoak identifikatu eta horiei aurre egiteko prestatu behar dugu. Eta gure bidea egin, guk nahi duguna izateko, euskaldunak, askeak, zernahi. Jos ditzagun emakumeon arteko sare sendoak, eta zabal dezagun gure sarea eta lana esparru guztietan, esparru sozioekonomikoan, kultur arloan, esparru politikoan, erakundeetan. Eta elika ditzagun aliantzak eragile sozial, politiko eta sindikalekin, Euskal Herri euskalduna eta feminista ezkerretik eraikitzeko.

Martxoaren 8an, EH Bilduk Euskal Herri feministaren helburua bere egin eta borroka feminista indartzeko konpromisoa adierazten du. Gure zeregina da, mugimendu feministarekin batera, borrokak berpiztea, lortutzat genituen eskubideak uste baino errazago gal ditzakegulako, eta gure zeregina da mugimendu feministak irekitzen duen bidea jarraitzea.

Emakume eta gizon askeen Euskal Herria helburu, bide horretan lan egingo dugu erakunde publikoetan, elkarteetan, komunikabideetan eta kalean. Jakitun gara jendartea eraldatzeak geure buruak ere eraldatzea esan nahi duela, eta jakitun gara barne-mailan gauza asko ditugula oraindik lantzeko. Kanpora begira egingo dugun lanaz gain, etxe barruan ere eraldaketa feministaren bidean lan egiteko konpromisoa hartzen dugu.

Zuen lan-esku merkea abortatuko dugu

Ana Etxarte eta Carmen Garcia – Alternatibako Mahai Feminista

Inauterietako jaialdi ez ohikoa izango da Bilbon antolatutako nazioarteko goi bileran. Bertan  oso pertsonaia ezagunak desfilatuko dute, guztiak ardi larruz jantzita eta euren hitzaldietarako, egonkortasuna, hazkundea edota ekonomia bezalako  izen eufemistikoak erabiliko dituztenak. Hamaika hitz polit horiek, errealitate gordina ezkutatzen dute: gure bizitzei eta bizitzari berari,  inposatzen dioten pobrezia eta prekarietatea, hain zuzen.

Baina hitzaldi guztien izenburuetan bada hitz bat sarri errepikatzen dena: jasangarritasuna. Jakin badakigu goi bilera honek ardatz izango duen jasangarritasun bakarra, sistema kapitalista patriarkalarena izango dela. Gupida gabeko sistema hiltzaile bat, aspalditik planeta osoa eta bertan bizi diren gizon-emakumeen bizitzak eta duintasuna suntsitu dituena.

Izan ere, kapitalismoak betidanik patriarkatua erabili du emakumeak menperatzeko. Patriarkatuari esker kapitalismoak bere ongarria ustiatu dezake: lan indarra. Eta Bilbon bilduko diren pertsonaia ziztrin guzti horiek, beste behin ere, emakumeek egindako lan erreproduktiboa alfonbra gorriaren azpian estaliko dute. Gorbatadun lapur hauek nahi dutena, erreprodukzio horren kostua zeroren ingurukoa izatea da, gero eta gehiago aberastu eta euren kapital zikina biderkatzen jarraitu ahal izateko.

Baina zer behar dute aipatutako helburua lortzeko? Zer behar du kapitalismoak lan-esku merkearekin elikatzen jarraitzeko? Erantzuna da esaneko emakume menderatuak behar dituela. Patriarkatuaren indarra behar dute gu etxean mantentzeko, prekarietatean biziko diren eta lan baldintza ziztrinak onartzera behartuta egongo diren umeak erditzen.

Ondo dakigu betidanik eliza eta bere inkisizio santua guztiz ados egon direla mendeetan emakumeak menderatzeko asmoarekin. Eliza eta moral katolikoa; biak oso lagungarri izan dira sistemarentzat, adituak baitira kontrol soziala ezartzeko askotariko metodoetan; bortitzenetik hasita, emakumeak sutan erretzea esaterako, leunenetara, gure gorputz eta sexualitatearen gainean lotsa eta errua izatea inposatuz, adibidez. 

Eta hara non datozen NDF, Europako Batzordea, Europako Banku Zentrala, hainbat enpresa transnazional eta nola ez, Espainiako Gobernua bere erregea buru. Guztiei harrera ezin hobea egingo die Begoñako Amatxuren zale dugun  alkate txit agurgarriak, euren plan beldurgarria garatzen jarraitzeko, eliza katolikoak gure gorputzen inguruan erabaki duen horretan oinarrituz: “minez erdituko duzu”.

Menderatuta nahi gaituztelako, elizkoi nahi gaituzte, pobre nahi gaituzte, gose nahi gaituzte, errudun nahi gaituzte, ezjakin nahi gaituzte… Menderatuta egotea nahi dute, erditzen eta zaintzen, euren lan indarra erreproduzitzen jarrai dezagun. Horregatik ukatu nahi digute gure gorputzaren gainean erabakitzeko oinarrizko eskubidea, guztiz existitzeko oinarrizko eskubidea, gure buruaren gainean erabakitzea ahalbidetuko diguna, gure gorputzei eta gure bizitzei buruz ari direlako.

Ba beldurraren inauteriak jakin dezala, XXI. mendeko benetako sorginek, era guztietako feministek, zuen hipokresiaren monumentuaren atera oihu egitera joango garela, betiko legez, ez dugula agindua beteko eta abortatzen jarraituko dugula: Zuen lan-esku merkea abortatuko dugu!

Oraindik beharrezkoa den oihua: Intsumisioa

Diana Urrea eta Ayem Oskoz – Alternatiba

25 urte igaro dira antolatutako kontzientzia-eragozleek indarkeriarik gabeko desobedientzia zibila, edo bestela esanda, intsumisioa praktikatzen hasi zirenetik.

Zer gelditu da guzti hartaz? Zer ikas dezakegu bizipen haietaz? Egungo egoerari, bizitzen ari garenari, so eginez, bada ikasgai argi bat. Gure gizartearen zati handi baten pentsamendu kolektiboa finkatzen lagundu duen arrasto antimilitaristaz gain, intsumisioak oinarrizkoa den zerbait gogorarazten digu: Zilegia ez den lege edo egoera baten aurrean matxinatzeko eskubidea, ezetz esateko eskubidea, indarkeriarik gabeko desobedientzia zibila praktikatzeko eskubidea, hain zuzen.

Bere ibilbidea berrikusten badugu, gu geu, herritar arruntok, ezetz esaten ikasi dezakegula eta hala egin behar dugula ikusten dugu; aski dela esan dezakegu eta egin behar dugu, eragile aktiboak izan gaitezke eta horren alde egin behar dugu. Ezin gara ikusle soilak izan, elite politiko ekonomiko edota militarretatik hartzen diren erabakiak pairatzen dituztenak izaten konformatu. 

Izan ere, gu, beheko herritarrok, geure buruan sinesten badugu, eragile aktiboak izatea erabakitzen badugu gauzak aldatu ditzakegu, zilegi ez diren egoera edo legeekin amai dezakegu…

Mugimendu intsumisoak gainera, gogoratzen digu legala den guztia ez dela zertan zilegi izan behar, legala den guztia bidezkoa ez dela, legala den guztia demokratikoa ez dela… Eta horregatik, altxatzeko ahalmena eta betebeharra dugu, gure ahotsa entzunarazi, zilegi ez diren lege edo egoeren aurrean. Letra larriz idatzitako demokrazia berreskuratu, herriaren boterearen zentzua berreskuratu, baita parte-hartze konprometitua ere, ardurak eskatuz. Eta hori, aldi berean indarkeriarik gabeko desobedientzia zibiletik egin beharra dago, errotiko demokraziatik, horrek dakartzan ondorioak onartuz, sistemaren zilegitasun eza agerian uzteko biderik egokiena dela jakinda; bere kontraesanak ikustarazteko eta gehiengo sozialak apurka irabazteko.

Duela 25 urte, orduan indarrean zegoen kontzientzia-eragozpen eta derrigorrezko zerbitzu militarraren lege berriaren aurrean estrategia intsumisoa abian jartzea, erokeria zirudien. Ordezkaritza parlamentarioa zuten alderdien artean, inork ere, ezkerreko alderdi bat bera ere, ez zuen ideia honen alde egiten. Kontzientzia-eragozpenaren mugimendua soilik gizarte zibiletik babesten zen. Garai hartan desobedientzia estrategia honen alde egiten zuten gazteek zeukaten guztia, gizarte desmilitarizatu baten aldeko borroka gogoa zen, jazarpen eredu guztien aurkakoa, matxismoaren aurkakoa, mendekotasunaren aurkakoa, prebentzio-gerren aurkakoa, herrien jazarpen militarraren politikaren aurkakoa, gatazken konponbide armatu eta bortitzen aurkakoa, arma salerosketaren aurkakoa, industria eta gastu militarraren aurkakoa; armadek hain ongi irudikatzen duten guztiaren aurkakoa, momentu hartan soldaduzka zena, alegia. Eta modu baketsuan egiten zuten, bere ekintzen ondorioak onartuz, ezarritako zigorrak pairatuz, edo jasotako kolpeei ez erantzunez. Zapaltzaileak agerian utziz, epaitzen zituztenak, atxilotzen zituztenak, gizartearen gero eta zati handiago bat bere alde jarriz. Protesta eredu eraldatzaileak erabiliz, ezberdinak, ironiaz jositakoak, bizizaletasunez, eta ia beti umore onez. Hor ere bide ezberdin bat zabaldu zuten. 

Borroka eredu kolektiboa ere azpimarratzekoa da, moldeak hautsiz, erabakiak guztion artean eta era kolektibo batean hartzen direla argituz, baina zeri aurre egin behar genion kontuan izanda (atxiloketak, kartzela), norbanakoaren erabakiak ere errespetatu egin behar ziren. 

25 urte igaro dira, gure ingurua begiratzen dugu eta sistemaren krisi betean gaudela, armada gastuetan milaka eta milaka milioi euro xahutzen direla ikusten dugu, oinarrizko eskubideak murriztu edo ezabatzen direla; emakumeen eskubideak zapaltzen direla; ezberdina dena arerio moduan ikusten jarraitzen dela; ezberdina dena zapaltzen dela; gure planeta honetan ume bat jaiotzen denean 15 heriotz zigor jasotzen dituela (gure planeta birrintzeko armek duten gaitasuna, alegia) euren oinarrizko beharrizanak asetzeko, etxebizitza duin bat izateko, kultura eta hezkuntza izateko, eta pertsona moduan garatzeko eskubidea izan ordez.   

Horregatik, eta bide honetan aitzindari izan zirenak gogoan, uste dugu inoiz baino arrazoi gehiago daudela, edo betidanik izan ditugun arrazoi berberak badaudela oihukatzen jarraitzeko… INTSUMISIOA!

Iritzi artikulu hau Naiz eta Berria komunikabieetan argitaratua izan da ere.

Irakurri ere: Mariano Gómez: “La insumisión fue una locura maravillosa” (Herrikolore)

Troikako gaizkileak Bilbon

Ana Etxarte – Alternatiba

Alderdi Popularra, bere ohiko eskumako leloei jarraiki, herritarren segurtasun gabezian oinarrituta alarma soziala pizteko estrategia martxan jartzen saiatu da berriz ere, daukan garrantzia areagotuz, herritarren beldurrarekin jolastuz, eta poliziaren zein errepresioaren logikari bidea emanez. Ildo honetatik, mozio bat aurkeztu da balizko egoera honi aurre egiteko, Herritarren Segurtasunerako Plan Integral bat lehenbailehen Bilbon ezartzea proposatuz.

Esan beharra daukat, salbuespena izan arren, Alderdi Popularrarekin ados nagoela bere mozioan egiten dituen bi baieztapenekin: Lehenik, ziur nago Bilbon delituak egiten darabiltzaten banda antolatuak badaudela. Bestalde, egoera honi aurre egiteko guztiz aproposa deritzot giza segurtasun plan bat lantzeari.

Jakina, horraino soilik etortzen gara bat. Izan ere, PPren segurtasun kontzeptua eta bertan proposatutako giza segurtasun kontzeptua (Nazio Batuek onarturikoa) ezberdinak dira oso. Hala, giza segurtasunaren kontzeptuaren arabera, soilik norberaren bizimodua bermatzeko, oinarrizko beharrizanak asetzeko, norbere kasa moldatzeko eta komunitatean modu libre eta seguruan parte hartzeko gaitasuna bermatzen denean ematen da. 

Gauzak horrela ulertuta, gero eta ozenago aldarrikatzen da, baita Bilbon ere, herritarren segurtasun eza, antolatutako delinkuentzia boteretsuak gidatutako eta zilegitasunik gabeko sistema suizida batek sortutako giza segurtasun ezaren ondorioa dela. Hauek dira jazarri eta atxilotu beharko genituzkeen gaizkileak, hauengana zuzendu beharko genituzke gure arreta eta lehentasunak. Gorbata garestiak janzten dituzten lapurrak dira, atxilotuta egon beharrean, enpresa handiak zuzentzen dituztenak, gure eskubideekin espekulatzen eta gure bizitzak merkaturatzen ari direnak; publikoki gaitzetsiak edo baztertuak izan ordez, pertsona eredugarri moduan aurkezten dizkigutenak; instituzioetatik aurkaritza jaso ez ezik, hauen laguntza eta trikimainak eskuratzen dituztenak, jokabide morroi eta ipurgarbitzaile bati jarraiki.

Hauek dira segurtasun ezaren errudunak: politikari ustelak, kapitalista handiak eta euren morroiak. Azken finean, gehiengoen eskubideak alde batera utzita, euren etekinak biderkatzeko baliabide publikoak erabiltzen dituztenak. Eta hauei aurre egiteko Giza Segurtasunerako Plana abian jarri beharko litzake, egiten dutena, egiten uzten zaiena, guztion segurtasuna arriskuan jartzen duelako. 

Horregatik EHBildutik proposatu dugu Giza Segurtasunerako Plan horren lehen puntua Bilbon izango den Ekonomia Goi-bilera bertan behera uztea izan da. Izan ere, martxoaren 3an Udal Gobernuaren oniritziarekin egingo den ekitaldian, besteak beste Nazioarteko Diru Funtseko, Europako Batasuneko, Espainiako Ekonomia Ministerioko eta Telefonica, BBVA edota Iberdrola bezalako enpresa handietako ordezkariak bilduko dira. Jardunaldi hauen helburua krisialditik ateratzeko ikuspuntu berriak aztertzea dela badiote ere, ez utzi zuen buruari iruzurrik egiten, euren xede bakarra herritarrak ustiatzen jarraitzeko moduak aztertzea baita, gero eta estuago eta merkatuaz baliatuz, gure lepotik bizitzen jarrai dezaten.        

Dudarik gabe, horrelako ekitaldiek eta kasta honek, gure giza segurtasuna kolokan jartzen dute, eta horregatik ez ditugu Bilbon nahi. Argi daukat ere, antolatutako gaizkile asko bertan izango direla eta horregatik lehenbailehen erantzun behar dugu Udaletik. Gaizkileekin, batek daki… akaso hauek ez dituzte kalean diru-zorroak lapurtuko, baina adi ibili behar gara, zeren eta lapurtu, lapurtu egiten dute; baina handizka, lehen mailan egiten den bezala. 

Horregatik, gure bizitzengatik, gure segurtasunagatik, protesta egitera goaz eta ongi etorriak ez direla esatera goaz. Troika eta kapitalistak, alde hemendik!

http://alternatiba.net/old-files/Kartel pirata web.jpg

Frankismoaren aurkako militante eta iraultzaile historiko Miguel Romerori agurra

Atzo, militante antifrankista eta iraultzaile historiko Miguel Romerok utzi gintuen, Moro ezizenarekin ezagutua. Azken urteak minbiziaren kontra borrokan eman ditu, baina beti ere, bere konpromiso politikoari bizkarra eman gabe VientoSur aldizkariaren buru gisa; ezinbesteko eta erreferentziazko publikazio politikoa, mundua ezkerraren ezkerretik aldatzeko ametsa dugunontzat. Miguel Romero Euskal Herriaren lagun izan dugu, euskal gatazkaren bidezko konponbidea defendatu ez ezik, LKI-ko aspaldiko kideekin harremana estua mantendu zuelako. Eskerrik asko zure ausardia eta emandako ereduarengatik.  Agur eta ohore, Moro.

Pankarta, epaile eta ministroak

Asier Vega – Alternatiba

Beharbada ozenago esan daiteke, argiago ezinezkoa baita eta, ahots gehiago… etorriko dira. Urtarrilaren 11n Bilboko kaleak bete zituen bakearen eta giza eskubideen aldeko aldarrikapena gogoratzen dugun jendetsuena izan zen, deialdiaren arrakastaren meritua partekatua izan arren. Izan ere, salbuespen egoera baterantz doan erregimen politiko baten laguntza izan zuen, gizarte mugimenduek askotan amestu baina hamarkadotan lortu ez dutena erantzuna eragin duena: eskubideak eta duintasuna aldarrikatzeko gero eta jende gehiago kalera ateratzea; Euskal Herritik Herrialde Katalanetara, murrizketak eta gehiegikeriak salatzeko bete diren plazak ahaztu gabe.

Urtero, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak milaka lagun biltzen ditu kalean. Hala zen ETAk bere ekintza armatua bertan behera utzi baino lehen -bitxia orduan ez zirela manifestazio hauek legez kanpo uzten- eta gerora ere arrakastatsuak izan dira. Frankismoaren ondorengoen gezurretatik haratago, manifestazio hauek sinestarazi nahi izan dutena baino helburu sinpleagoa dute: presoen senide eta lagunak zigortu eta hitzen dituen dispertsioaren amaiera, gaixo larriak edo sendaezinak kartzelatik ateratzea, eta kondenak luzatzeko erabiltzen diren oinarri legalik gabeko neurrien amaiera eskatzea.  

Laburbilduz, gobernu espainiar desberdinek euskal presoei ezarritako espetxe politika,  zigorrean eta salbuespenean oinarritutakoa, behingoz amaitzea eskatzen da. Batzuek, sentitzen duten gorrotoa dela eta, biktimak edo minaren trafikanteak diren heinean ezberdina izango dena, justizia mendekuarekin nahasten jarraituko dute; baina ukaezina da euskal gizarteak eskubideen berrezarpena, gatazkaren behin betiko konponbidea eta bakea eskatzen duela. Euskal Herriak argi hitz egin du, solaskiderik ez badu ere.

Velasco epaileak larunbateko manifestazioa debekatzea erabaki zuenean, zalantzazko meritu bakar bat -erregimen espainolarentzat gutxienez- izan zuen: pankarta beraren atzean EHBilduk osatzen dugun alderdi politikoak, EAJ, ELA eta LAB sindikatuekin batera biltzea, hain zuzen ere. Bitxia da, baita barregarria ere, nola Espainiako Erresumako Gobernu guztiek bere balizko etsaiak indartzen dituzten.

Batzuek itun nazionalista bat segituan ikusi dute, eta bada beldurra dionik; baina beste ezerren gainetik, ardura ariketa bat besterik ez da izan, euskal herritarron oinarrizko eskubideen aurkako enegarren erasoa -besteak beste manifestazio eskubidearen aurkakoa- gelditzeko asmoz egina.

Sigla batuketa hau, erregimen espainiarrak herri honen bakearen eta normalizazio politikoaren aurka etengabe egiten duen boikotaren emaitza besterik ez da izan. Gatazkaren aldeetako baten indarkeria bertan behera gelditu ondorengo prozesuan, batetik, ez dute batere lagundu, eta bestetik, espetxe politikaren salbuespen egoerarekin amaitzeko pausu bat bera ere ez dute eman -Estrasburgok derrigortu duenean izan ezik-; eta gainera, presoen eskubideak defendatzea edo haiekin elkarrizketak izatea delitu bakarra duten gizon-emakumeak jazartzen, legez kanpo uzten eta espetxeratzen jarraitu ditu. Hor ditugu berriki gertatutako Herriraren  edota EPPKren abokatuen aurkako operazioak, justizia bere nahiera erabiltzen duen kasta buruzagi baten politika suizidan egindako urrats berriak, hain zuzen.  

Aparteko aipamena merezi du Francoren garaietatik barne ministrorik traketsena izan denak. Ez bakarrik manifestazioa Israeldik baloratzeko burutazioa izateagatik, mende erdian Europan izandako erakunde armatu guztiek batera baino hildako gehiago eragin dituen genozida bat omentzen zen bitartean; ezta “abortua ETArekin zerikusia duela” esan zuen ministroa izateagatik ere. Traketsa da espetxe politika ez dela aldatzen “manifestazio bat edo birengatik” esateagatik; esaldi honek, lehenik eta behin, euskal presoentzat ad hoc sortutako salbuespen politika dela berresten duelako. Honez gain, ez lukeelako ukatu behar haserratutako herri batek gauzak aldatzeko duen gaitasuna. Gamonalen adibidea dugu; inork ez duelako gogoratzen zenbat plaza protestaz bete ziren iraultza baten bezperan.

Euskal Herritik, bestak beste gure etorkizuna zein izango den erabakitzera eramango gaituen bidea eraikitzeko ahalmena izateko, pankarta bat eta epaile xelebre bat baino gehiago behar da. Euskal eskumari, ezin zaio eskatu soilik momentu zehatz batean hautua egitea: alegia, bere herriko gehiengo sozialarekin batera manifestazio batera joan edo Ertzaintza honen aurka bidaltzea -lehen aukeraren alde egin izana ospatu behar badugu ere-, askoz gehiago eskatu behar zaio. Adibidez, murrizketa eta erreformak onartzen ez jarraitzea -are gutxiago hauen alde jokatzea edo hauen soberakinekin negoziatzea-; ez onartzea bankuek inposatu eta Europako instituzioek ezartzen duten logika kapitalista barneratzen dutenek inposatzen diguten miseria kudeatzea; herria eraikitzea euskal banku publikoa defendatuz eta ez Kutxabank pribatizaziora eramanez; etekin sozialik ez duten azpiegitura erraldoien politika bertan behera uztea eta intsumiso azaltzea abortuarena bezalako erreformen aurrean, Eusko Jaurlaritzak egun dituen eskumenak erabiliz.

Edonola ere, urtarrilaren 11ak alderdikerien gainetik protagonista nagusi bat izan zuen: herria. Eta kontuz ibili daitezela ulertu nahi ez dutenek herriaren erabakiak gobernuek, poliziek ezta ejertzitoek ere gelditzerik ez dituztela. 

Iturrian irakurtzeko: www.enlucha.org

Kalatanez irakurtzeko: www.enlluita.org

Din, dan, don, karitate on

Cristina Bereciartua – Alternatibako kidea

Gabonak heldu dira; badaude argiak, apaingarriak, Olentzeroak leihoetan eta jendea opariak eta janaria etengabe erosten… Baina Gabonekin batera, kontsumismoaren sindromeaz gain, luxuzko elkartasuna ere heldu da: hirugarren munduko beltzen aitabitxi izan (gure artean bizitzera etorriko balira baztertuko genituzkeenak), GKEei diru gehiago ematen zaie, telebistan ongintzazko galak antolatzen dira proiekturen bat sustatzeko… Eskuzabaltasunaren izpiritua sustatzeko aukerak askotarikoak dira; munduan miseria handia dago eta ez dugu zertan urrundu behar hura aurrez aurre ikusteko.  

Hainbeste karitate erakutsi nahi izatea eta, urtero, egunotan egiten dugun kontzientzia garbiketa honek, gogaitu egiten nau. Hipokresia hutsa. Izan ere, gure auzoan norbaitek komunitatea ordaintzeari utziz gero, neurri juridikoak hartuko ditugulako dirua erreklamatzeko. Zorrari zergatik ezin dioten aurre egin, guri bost axola. Langabezian dagoela? Berdin dio; Stop-Kaleratzeak deitutako kontzentrazioren batera joango gara, baina auzokoak berea ordain dezala.  

Baina eguberriko itxurakeria honen oinarrian, bada zerbait benetan kezkagarria: gure seme-alabei helarazten dizkiegun baloreak, hain zuzen. Joan den astean, ohiko supermerkatuan erosketak egin ostean, 15 bat urteko neska irribarretsu bat gerturatu zitzaidan, bere eskolan antolatu duten egitasmo baten berri emanez; janaria jasotzen ari ziren elikagaien banku batera bideratzeko. Eta gaur bertan, errekaduak egiten nituela, irakasle batekin zihoan nerabe talde batekin egin dut topo, janari iragankorrez betetako kutxak aldean eramaten zituztela. Nola ez, ziurtzat hartu dut elikagaien bankuan entregatuko zituztela.

Beharbada, kontatu berri dizuedana, ez zaizue hain txarra irudituko; azken finean gure gaztetxoei elkartasuna erakusteko modu bat da. Baina hau ez da zuzena; izan ere, karitatiboak eta asistentzialistak izaten erakusten diegulako, limosna ematen. Ez al litzake interesgarriagoa izango eskubideak aldarrikatzen erakustea? Instituzio publikoetara hurbilduz, hauei dioten beldurra urrunduz, euren zerbitzura dauden tresnak direla irakatsiz eta ez menperatzen gaituzten erakundeak. Zilegi ez den zerbait aldatu nahi dutenean, nola eta nora zuzendu behar diren irakatsi behar diegu. Ekimen aldarrikatzaileak abian jarri ditzaketela erakutsi. Azken finean, haien burujabetzea sustatu. Horrela, benetako elkartasun eta konpromiso sozialean oinarritutako baloreak helarazi ahal izango dizkiegu.

Zilegi ez diren egoerei aurre egiteko, eskubideak aldarrikatzeko, gizarte justuago eta parekideago baten alde borrokatzeko prest dauden pertsonak hezi behar ditugu. Etorkizuneko belaunaldiengan balore eta kultura demokratikoak sustatu, politikoki aktiboak, konprometituak eta burujabeak diren subjektuetan bihurtzeko tresnak eta gaitasunak eskainiz. Euren eskubideak eta baita hauen erabilpen egokia aldarrikatzeko bideak ezagutuko dituzten pertsonak izango dira.  

Baina Gabonetan gaude eta ez da egokia miseriei, hipokresiari eta gure gizartearen kontraesanei buruz hitz egitea; ulergarria, horregatik, garrantzitsuak diren gauzei buruz arituko gara. Beraz, kontsumitu, xahutu, gastatu, beharrezkoak ez diren gauzak oparitu, janaria zaborrera bota, eta ahal duenak, otarrainxkaz goza dezala. Eta soberan izanez gero, Eguberrietarako karitate aholku bat emango dizuet: zaborrera bota itzazue; ziur inor kontainerrean miatzen ibiliko dela jateko zerbaiten bila; sinetsita nago eskertuko duela.

Petro ez doa inora

Oliver Gómez – Alternatibaren Mahai Internazionalista

Duela hilabete batzuk Kolonbian herri manifestazio handiak antolatzen ari dira herriak jasan beharreko egoera ekonomiko, sozial eta politiko txarrari irtenbideak eskatzeko. Lerro hauek idazten diren bitartean, Bogotan inoiz gogoratutako mobilizazio handienetako bat gertatzen ari da Gustavo Petro, zilegitasun osoz aukeratua izan zen alkatea babesteko. 

Bogotako alkatea, hiriburu bateko lehen agintari ezkertiarra izan da; 80ko hamarkadaz geroztik estatuan indarrean egon diren politika neoliberalei aurre egiteko neurriak martxan jarri  dituena. Zerbitzu publikoen despribatizazioa; osasun  eta hezkuntza publikoaren zabalkundea eta hobekuntza; herritarren segurtasun ezaren murrizketa; birziklatzea ogibide duten milaka familia lan merkatu formalera sartzea; drogekiko menpekotasuna duten pertsonei arreta egitea; ingurugiroaren defentsa, eta oro har beharrizan handiena duten pertsonei so egitea, alkate honek indarrean jarri dituen politiketako batzuk dira, estatuko elite ekonomiko zein politikoak bere aurka jartzea eragin dutenak, haientzat mehatxu arriskutsu bat izateagatik.

Bere aurkarien jardunaren ondorioz, nazioko prokuradore nagusiak epai bat argitaratu berri du Petro  kargutik kentzeko eta datozen hamabost urteetan herritarren bidez aukeratutako edozein kargutan egoteko gaitasunik gabe utziz. Oraingo honetan eskumak erabilitako aitzakia, alkateak hondakinen gaia ustez gaizki kudeatzea izan da. Epaiaren oinarriek, presidenteak berresten ez duen bitartean ondorio legalak zenbaterainokoak izango diren eta konstituzioan eragina izango duen jakin gabe,  agerian uzten dute Kolonbian sustatzen den edozein proiektu politiko alternatibo mehatxupean dagoela, beti hala izan baita. Atzo erregimenari aurre egiten ziotenak deuseztatzen baziren -izan ere, Union Patriotica alderdiko hiru mila militante baino gehiago erailak izan dira-, gaur egun oso susmagarriak diren trikimailu legalekin txikitzen dituzte.

Eraso honek demokraziaren eta herriaren nahiaren aurka bidaltzen duen mezua (alkatea boto demokratikoen bidez aukeratua izan zen eta inongo deliturik egotzi gabe kargutik kendu dute, eta gainera herriak ezin izango du datozen hamabost urteotan aukeratu), datozen lehendakaritza hauteskundeei begira eskumaren aurkari garrantzitsuenetako bat baztertzeaz gain, Kolonbian eremu demokratikotik oposizioa egiteko ezintasunaren ideia indartu egiten du.  Kolonbiako gobernuak eta FARC-EPk La Habanan jorratzen dituzten bake hizketaldien ardatzetako bat, insurjentziari armarik gabeko partaidetza politikorako espazioetan lekua eskaintzea da, eta beraz Petro gerrillari ohia kargutik kentzeak, partaidetza hori ezinezkoa dela argi utziko luke. 

Alternatibatik agintari kolonbiarrei herritarrek hauteskundeetan adierazitako nahia errespetatzea eta herriaren burujabetzari egindako lapurreta hau ez onartzea eskatzen diegu. Elkartasun internazionala deitu nahi dugu, kaleetan dagoen den herria babesteko; hain zuzen bidegabekeria hau salatzen eta demokratikoki aukeratua izan den alkateak bere karguan jarraitzea eskatzen ari den herria. Kolonbiako herriari demokrazia, justizia soziala, mobilizazioa eta borroka defendatzen jarraitzeko indarra eta kemena bidaltzen diogu.

Gora Herria!, Irabaziko dugu!

Alternatibak Igor Urrutikoetxea bezalako militante internazionalistaren galera deitoratzen du

LABeko Nazioarteko Harremanen idazkari Igor Urrutikoetxea Brasilen zendu berri dela jakin ostean, Alternatibatik uste dugu internazionalismoak dolu eguna duela gaurkoa, herrien duintasunaren eta elkartasun internazionalistaren aldeko borrokalari nekaezinaren galerarengatik. Dolu horrekin bat egiten dugu eta gure sostengua eta elkartasuna adierazi nahi diegu Igorren hurbilekoei zen bere sindikatuari, baita harekin batera munduko bazter eta borroka desberdinetan bat egin duten guztiei.

Ez da denbora asko igaro pankarta baten atzean ondoan izan genuenetik, Kolonbiako Bilboko kontsuletxearen aurrean izan zen, Paro Agrarioan borrokan ari ziren nekazari eta herritarrekin elkartasuna azaltzeko kontzentrazioan. Handik honako hitz hauek utzi zizkigun:

http://youtu.be/07HjNYaslLY?t=2m43s

Agur eta ohore,

Bilbon, 2013ko azaroaren 29an

X