Isilarazitako borrokak

Carmen Garcia – Alternatibaren Mahai Feministako kidea

Azaroaren 14an, Galiziako ‘Ve-la luz’ izeneko genero indarkeriaren biktimen elkarteko bost emakumek, urriaren 15ean hasitako gose greba bertan behera uztea erabaki zuten.  Tamalez, erabakia ez zen hartu garaipen sozial bat lortu izanagatik, ezta osasun arrazoiengatik ere. Arrazoi nagusia isiltasun hotza izan zen. Indarkeria matxistaren aurka borrokan diharduten elkarte eta emakume askorengan samintasuna sortu duen isiltasun mediatiko, politiko eta soziala, hain zuzen.

Erabateko isiltasun honi aurre eginez, Alternatibako mahai feministatik elkartasun mezu hau helarazi nahi dizuegu, zuei, zuen bizitzak arriskuan jarriz, zuen seme-alabei indarkeriarik gabeko bizitza bat eskaintzeko asmoz borrokatu duzuen emakumeei. Zuen greba jarraitu dugu eta gaur, aldarrikapen justu honekin jarraitzeko duzuen asmoa babesten dugu. 

Jakin badakigu indarkeria matxista gure bizitzetan oso errotuta dagoela eta modu ezberdinetan azaleratzen dela. Azken hamarkadan estatu espainolean izan diren 700 erail baino gehiagok, gertatzen denaren larritasuna irudikatzen dute. Edonola ere, indarkeria patriarkala da kopuru ikaragarri honek behar bezalako garrantzia ez jasotzearen erreduna edota ‘Ve-la luz’ elkarteko hamar emakumeek hasitakoak bezalako ekintza ausartek oihartzun handiagoa ez izatea ahalbidetzen duena.

Izugarria eta onartezina da salatzen dituzuen egoerak gertatzea eta horregatik, tratu txarrak eragin dituen guraso bati seme-alaba bat ematera behartzen duen lege bat indarrean egotea, emakumeen aurkako indarkeria instituzionalaren alde bihozgabeenetariko bat dela deritzogu.

Legebiltzar Galiziarrean ordezkatutako alderdi guztien jarrera lotsagarria da. Bat gatoz zuen ikuspuntuarekin; Izan ere, zuek esan bezala, ‘politikoki zuzenak diren diskurtso koldar eta nahasiak’ tresna bat besterik ez dira aldarrikapenaren funtsean dagoena ez salatzeko:   emakumeak eta euren seme-alabak guztiz babesteko bermea, hain zuzen. Hala ere, ahotsa eta botoa izango duzuelarik ikerketa batzorde horretan parte hartzeaz pozten gara, eta bertan izango duzuen ibilbidea jarraituko dugu.

Horregatik, gutun honen bitartez Alternatibako mahai feministatik gure babesa eta elkartasuna helarazi nahi dizuegu, zuen aldarrikapena plazaratu eta erabateko isiltasun honekin amaitzeko asmoz. Izan ere, milaka berri  sentsazionalista hedabide eta sare sozialetatik zabaltzen diren bitartean, beste aldarrikapen batzuk ez dira elikatzen, gobernuek zein hedabideek ‘isilarazitako borroka’ batean bihurtzen direlarik.

Bizkaia prekarioa eraikiz

Ana Etxarte eta Asier Vega – Alternatiba

Aste osoan atsedenik gabe lan egitea, astelehenetik igandera; 12 lanorduko egunak; orduko 5 edo 6 euroko soldatak, noski, ordu estrarik gabe. Ez, ez da industria iraultzari buruzko Charles Dickens-en liburu bat; ezta 29ko krisiari buruzko analisia; ezta Estatu Batuetan kotoia biltzen zuten esklaboen lan baldintzen argazkia ere. Gurean gertatzen ari den zerbaiti buruz ari gara, munduko alkaterik onenaren hirian. Oraintxe gertatzen ari da, XXI. mendean, enpresen diru-gosearen ondorioz eta instituzio publikoen laguntzarekin.

Aipaturikoa San Mames Barriaren eraikuntza lanetan gertatzen ari denaren laburpen soil bat da. Bertan, hainbat enpresek horrelako lan baldintza lotsagarriak ezarri dituzte, sindikatuek azken hilabeteotan salatu dituztenak. Eta hauek ez dira gertakizun isolatuak. Izan ere, enpresek Eraikuntzaren Hitzarmenak behin eta berrito urratzen dituzte, bai obra pribatuetan zein publikoetan, eraikuntza enpresa handiek bere etekinak handitzeko beharrezkoa den guztia egiten dutela azaleratuz, baita lan eskubideak urratzea ere.

Egoera tamalgarria da. Baina oraindik lotsagarriagoa da diru publikoarekin finantzatutako lanetan onartzea, instituzio publikoek sustatutako obrak segurtasun eta lan baldintzei dagokionez eredugarriak izan ordez.

Baina errealitatea oso bestelakoa da; prekarietatea eta esklabotzatik gertuko lan-baldintzak. Langileriaren aurkako erasoa osatzen duten azken urteotako lan erreforma guztiak -PP, PNV eta PSEk babestutakoak- aski izango ez balira bezala. Orain instituzioen arduragabekeriaren bidez legea ekidin nahi dute, honek dakarren injustizia babestuz.

Horrela, eta San Mameseko lanak 2010eko ekainean hasi ziren arren, aurtengo irailera arte, 3 urte alegia, ez da ikuskapenik egin. Orain hilabeteetan salatu izan den errealitate bat azaleratu da; hau da, hainbat enpresa legez kanpo jokatzen ari direla, eta ez dutela Bizkaiko Eraikuntza eta Obra Publikoko Hitzarmena betetzen, lan baldintzak murrizten dituzten bestelako itunak baizik.

Gauza bera gertatuko al da Deustuko Kanala irekitzeko lanekin? Bilboko Udalak neurriak hartuko al ditu hau ekiditeko? Hori nekez gertatuko dela dirudi, oraingoz ez baita ezer egin. Are gehiago, San Mames Barrian gertatu dena jakinda ere, Udalak alde batera uzten du instituzioek langileen eskubideak babesteko duten betebeharra. Kanala zabaltzeko lizitazioaren baldintza pleguetan klausula sozialak sartzeko aukera galdu zuen, zeinen arabera, enpresa adjudikaziodunek, kontratek eta azpikontratatuek Bizkaiko Eraikuntzaren Hitzarmena derrigorrez bete beharko zuten. Baina Udalean klausula sozial hauek ezartzea guztiz ezeztatu du PNVk, eta azken osoko bilkuran Hirigintza Zinegotziak baieztatu bezala, marko legalaren arabera, ezin omen da inor derrigortu hitzarmen hau betetzera.

Berriro, eskubideak ukatu eta urratzeko ohiturari jarraiki, PNVk Bizkaiko Batzar Nagusietan ere, obra publikoen kontratazio baldintzen pleguetan enpresa adjudikaziodunek Bizkaiko Eraikuntza Hitzarmen Kolektiboa betetzeko derrigortasuna sartzea eskatzen zuen EHBilduren mozio bat baztertu du, betebehar hau bermatzen zuten neurriak zehazten zituenak, hain zuzen. Jeltzaleentzat, inoiz ez da une egokia behekoen alde jokatzeko.

Edonola ere, errealitateak erakutsi du posiblea dela langileen eskubideen alde egitea. Izan ere, Gipuzkoako Batzar Nagusiek uztailaren 17ko 4/2013 Foru Araua onartu dute, zeinaren arabera lan eta soldata baldintzei buruzko klausulak kontuan hartzea edota hitzarmen kolektiboak obra publikoetan aplikatzea posiblea izango den. Honek frogatzen du egingarria eta guztiz legala dela.

Eta ez badute egiten nahi ez dutelako da. Ez diote hainbat enpresen diru-goseari mugarik jarri nahi. Eta bien bitartean prekarietatearen hazkundearen ondorioz hiltzen den langile kopurua, azpikontratazioa, aldi baterakortasuna eta segurtasun neurrien eskasia handituz doaz. Azken buruan, hiltzen badira hala nahi dutelako da.

Espainiako Gobernuak 430 udalerri desagertarazi nahi dituela salatu dugu Gobernu Delegaritzetan

Hego Euskal Herriko hainbat alkatek Espainiako Gobernuak “Udalen aurkako Legearekin” egin nahi duena salatu dute gaurkoan. Iruñean eta Gasteizen Espainiako Gobernuaren ordezkari diren Carmen Alba eta Carlos Urquijori bitun bana eman zaie. Gutun hori artikulu honetan atxikituta duzuena da.

Download this file (gutuna-eae-eu.pdf)Urquijori gutuna Urquijori emandako gutuna 45 kB
Download this file (gutuna-nafarroa-eu.pdf)Carmen Albari gutuna Carmen Albari emandako gutuna 46 kB

 

Iruñea Gasteiz

Inkisizio espainiarraren metodoak

Jonathan Martínez – Alternatiba

Indarkeria beti dator uniformez jantzita. Ordu txikitan eta bokatxaz bidea zabaltzen, polizia nazionalak Luis Goñi Nabarreria plazatik atera du, Madrilgo epaitegi politiko bati entregatu eta sei urtez espetxe batean lurperatzeko. Bere delitua gaztea eta euskal herritarra izatea da, eta menpekotasuna txalotzen duen bitartean asaldura armekin zapaltzen duen erregimen ustel bati aurre egiteko konpromiso politikoa erakusteko ausardia izatea. Bere delitua inkomunikazioaren ziegan erortzea izan da, buruan jartzen dizuten poltsaren ohitura poliziala ezagutzea, eta aurretik hilabeteak idatzita zeraman erruztapena indarrez sinatzea. Horrelakoak dira inkisizio espainiarraren metodoak, gaur goizean berrogei gazte euskaldun aktibista epaitzen dituenak euren urterik onenak baldintzapeko espetxe zigorrekin lapurtu ondoren.

 

Goñi sei hilabetez ezkutatua egon da, atxiloketa aginduari erantzunez, euren etxeak aterpe moduan eskaini dizkioten pertsona anonimoek babestuta, atzo arratsaldean Iruñeko bihotzean agertu zen arte, herri harresi jendetsu baten babespean. Donostia eta Ondarroako kemena oraindik gogoan izanda, ehunka pertsona polizia itxoitera eseri dira, beste behin ere gobernuaren beso armatuaren zartakoak jasotzeko prest.

Gaur gobernu hori bera “gorabeherarik gabeko” esku-hartze polizial batez harrotzen da, gure zaurituen zerrenda ez delako euren estatistika itsuetan sartzen. Gaur ospitalera buruan odola dariela heldu diren gazteak, ezkutatu ezin duten egi deseroso bat direlako, guztiok poltsikoan kamera bat daramagun mundu batean bizi garen heinean.

Gaur Goñi galdu dugu baina berriz ere irabazi egin dugu eta ez dira konturatu ere egin. Desobedientzia odolarekin ordaintzen da, baina duintasunak ez du preziorik.

 

Argazkiak eta bideoa Xabier Soto, Alternatibako kidearenak dira, herri harresian egon zena polizia heldu eta Goñi bortizkeriaz atxilotu zuen arte.

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-frc1/1381838_738798286137490_2099684588_n.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/1390652_738796272804358_1035782041_n.jpg

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-frc3/1374986_738796279471024_1830073554_n.jpg

https://scontent-b-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/1384060_738796369471015_401706501_n.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-prn2/1380108_739328146084504_2034413250_n.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-frc3/1383033_739328136084505_280087075_n.jpg

https://scontent-a-mad.xx.fbcdn.net/hphotos-ash3/1379558_739328152751170_176310088_n.jpg

Estatuaren indarkeriaren aurrean, Herriraren elkartasun itsasoa

Oskar Matute – Alternatibako bozeramailea

Euskal Herrian, antzinatik jarduera errepresiboen laborategi izan den honetan, egun Estatu espainiarraren estrategia bikoitzaren eraginpean bizi gara gaur. Batetik, nolabaiteko erosotasun egoera irudikatu nahi dute, indarkeriaren desagerpenaren ondorio, soilik ETArena aipatzen dutela. Bestetik, estatuaren eta bere politika antidemokratikoen aurrean antolatutako erresistentzia eta mobilizazio egitura guztien aurkako errepresio etengabea erabiltzen jarraitzen dute.

Hala, bake prozesu erreal bat eraikitzeko beharra defendatzen dugunok, inplikatutako eragileak, ETA barne, animatzen jarraitzeko prest gaudenok, aldebakarrekotasunaren bidean aurrera egin nahi dugunok, ETAren jarduera armatua desagertu ostean gatazka amaitutzat ematen dutenen irakurketa politikoarekin topo egiten dugu.

Eta nahiz eta gobernu, salbuespen auzitegi eta talde mediatikoen itxura hartzen duten botere-baliabideak erabili; nahiz eta gure herriaren kultura eta historiaren ukapena, errepresioa eta bere kontakizunaren zein zoru etikoaren inposaketa, edota herritar guztiengan eragin nahi duten narkolepsia bezalako tresnak erabili, askok Euskal Herrian oraindik ez dela inolako bake prozesurik ezta honi lotutako adiskidetze testuingururik osatu baieztatzen dugu.

Estatu espainiarrak denborak markatzen ditu, komeni zaionaren arabera errepresioa eta paralisia erabiliz, gutxienez bi helburu lortzeko: lehenik indarkeria bakarra ETArena zela eta horren atzean ez zegoela inolako gatazka politikorik sinestaraztea; eta bigarrenik, Guardia Zibila bezalako indar errepresiboen bitartez, PNVren gobernu morroiak gidatutako Ertzaintzaren laguntzarekin batera, espainiarren irudimen kolektiboan gaitz guztien arrazoia ETAren existentzia eta iraunkortasunaren mehatxua dela berrezartzea.

Une historiko honetan, gaizki izendatutako trantsizio demokratikotik -faxista hutsak demokrata petoetan eraldatu zituenak- sortutako erregimenak porrot egin duenean, arreta desbideratu behar dute, eta gainera, barruan dagoen etsai baten aurka egiteko batasuna aldarrikatzeko aukera izan behar dute.  

Baina euren demokrazia, estatu autoritarioa normaltasunez janzteko erabiltzen duten estalkia besterik ez da. Estatu honetan inolako hauteskundeetara aurkeztu ez diren eliteak dira nagusi; gizartearen sektore gutxietsienei duintasunarekin eta giza zein lan eskubideekin bat datorren erantzun bat eskaini ezin diotenak, edo eskaini nahi ez diotenak, Troika ez haserrarazteko asmoz. Kudeaketa publikoaren etika eza dela eta, herritarrek euren zilegitasuna zalantzan jartzen dute eta gainera herri kataluniarraren ausardiaren aurrean erabilitako jazarpen metodoak agerian gelditu dira, Estatu espainiarra herrien espetxe bat dela eta larriki zauritua dagoela agerian geldituz.

Eta larriki zauritua dago, existitzeko eta bere buruari nazio deitu ahal izateko, Euskal Herria bezalako beste herri batzuen zapalkuntza behar duelako. Eta hona hemen diferentzia garrantzitsu bat; guk ez baitugu Espainia behar gure burua nazio gisa aitortzeko.

Horregatik ez dute bake prozesurik ezta irtenbide demokratikorik nahi: Euren lotsa estaltzeagatik, euren ezintasun eta interes ezkutuak estaltzeagatik. Baina Euskal Herrian oso argi daukagu jarduera armatua bertan behera uzteko ETAk hartutako erabakiak ez duela atzera bueltarik eta bere egitura militarrak desegiteko eman beharreko pausuak ematen jarraitzeko asmoa sendoa dela.

Hori jakin badakite egun gure herria oraindik desagertu ez den indarkeriaren kiribilean sartu nahi dutenek, inoiz barkamenik eskatu ez dutenek, eragindako biktimez damutu ez direnak eta armak uzteko asmorik erakutsi ez dutenek: indarkeriaz jokatzen duten Estatuaren aparatuek.   

Irailaren 30ean, indarkeria honek Herrira, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mugimenduaren bihotzaren aurka jo zuten. Eta gure gizartearen zati handi bat erasotzen ari zela jakinda egin zuten. Herrira erakundeak presoen eskubideen defentsa oraindik hasteko dagoen bake prozesuaren oinarrizko zutabe bihurtu du eta euren jarduerak beti lehenetsi du eskubide guztien errespetua pertsona guztientzat.

Horregatik Herrira guztiok garela esatera ausartuko naiz. Laster beteko dira bi urte ETAk bere ekintza armatuarekin bukatuko zuela adierazi zuela. Garai berria, biktimen errespetutik eta egia bilatuz, pertsona guztiei, presoak barne, eta gure herriari, Euskal Herriari, eskubide guztiak itzuliko dizkien konponbide prozesu bati ekiteko baldintzak errazteko balio izatea nahi dugunak gehiengoa gara.

Horrela, Euskal Herrian garatutako prozesu oso bat behin eta berriz mindu nahi duen indarkeriaren aurrean, milaka pertsonek, tantaz tanta gure herrietako kaleak beteko ditugu, bahituta mantentzen gaituen uharka gainditu arte; iheslari edo pertsona preso bakoitzaren askatasun indibidualetik eta bere burujabetza berreskuratzeko bidean dagoen herri honen askatasun kolektibotik aldetzen gaituzten espetxeetako barrak  gainditu arte. Burujabetza hori aldaketa politiko eta sozial baten zerbitzura egongo da eta boterea esku egokietan utziko du, Euskal Herriko biztanleen eskuetan alegia, horietan besterik ez.

Honakoetan argitaratu da:

Astekari Digitala

Berria

Naiz

Ta zer ez da berdin

Xabier Soto – Alternatiba

Ez dira betiko garai onenak. Azken finean gizaki hutsak gara. Bai, aitortzen dut: izenburua eta testuaren hasiera abesti desberdinen letrarekin osatuta daude, biak ere Hertzainak taldearenak. Hitz egin dezagun bada Hertzainetaz, Herriaren zaindariak izan beharko liratekeen horietaz. Hitz egin dezagun Herriraren aurkako operazio politiko-militarraz.Izan ere, astelehen eta astearteko irudiek 80. hamarkadako garairik latzenetarikoetara itzularazi gaituzte bapatean, back to the future pelikularen euskal remake makabro bat ikusten ariko bagina bezala.

Hala ere, sinetsi nahi dut Espainiako katakunbetatik orkestatutako Herriraren aurkako operazioaren ondoren ezer ez dela berdina izango. ETAk bere ekintza armatuen amaiera iragarri zuenetik, bake prozesua -hau existitzen bada- bere egoerarik okerrenean dago #sindudarikgabe, baina honek ere badu irakurketa optimista bat: hemendik aurrera gauzek onera besterik ezin dute egin.

Astelehen gauean Hernanin (eta beste hainbat tokitan) Espainiako Guardia Zibilaren esanetara aritu ziren Ertzainen indarkeriazko jarrera kontuan hartuta, hainbat alorretan aldaketak saihestezinak izango direla deritzot. Alde batetik, EAJ eta Sorturen arteko erlazioak, bakegintzari dagokionean behintzat, ondo bideratu beharko dira; ez badugu haien arteko zubi-arteko hobiigaroezina eraikitzerik nahi. Beraien ardura izango da hau horrela izatea, eta honetan behintzat haiengan konfidantza badaukat.

Beste alde batetik, bai EHBilduk bai Eusko Jaurlaritzan agintean den EAJk berak hainbeste aldiz aipaturiko Ertzaintzaren birmoldaketa inoiz baino beharrezkoagoa dela erakusten dute Amalur Mendizabalen buruan oraindik itxi gabe dauden 8 puntuek. Honen harira, gogora ekarri nahi ditut duela 5 hilabete egunkari honetan bertan ERNE sindikatuko koordinatzaile Roberto Seijok desobedientziaz galdetuta esandako hitzak: “Orain esaten badidate ‘jo ezazu kazetari hau’… ‘Ez, ez, nik ezin dut hori egin. Zergatik joko dut ba?’ Eta ez dut agindua betetzen”. “Kazetari” ipintzen duen tokian “Senatari” ipini, eta hortxe izango duzue elkarrizketa gaurkotua esklusiban.

Badakit ordea, hasieran nioen bezala, azken finean gizaki hutsak garela eta hortaz, gauza bat dela desio duguna -kasu honetan, berbalizatua izan dena- eta beste gauza bat dela errealitatea -gure ekintzekin islatzen duguna-. Esan beharrik ez dago kasu honetan errealitatea desioari gailendu zaiola beste behin ere. Txoritxo batek esan zidan behin desioak errealitatera moldatu behar direla, eta inoiz ez alderantziz; baina guztiok ezagutzen dugu, eta gure esku daukagu, errealitatea gure desioetara moldatzeko tresna magiko bezain eraginkorra: DESOBEDIENTZIA.

Honengatik guztiagatik, artikulu hau esperantza islatzen duen aitormen batekin amaituko dut: ea laister denboran atzera bidaiatu eta irria ahoan dugula honakoa esan dezakegun: ezer ez da berdin.

Bihoakie besarkadarik beroenak 18 atxilotutakoei eta Amalur Mendizabali.

Herrirarekin izango ez dugun bilera

Minutu gutxi barru agendan genuen lotua Herrirako ordezkari batekin biltzea gure egoitzan. Atzoko sarraskiaren berri izan ez bagenu, periodikorik irakurri gabe, Josean atea jotzear dagoela pentsatuko genuke. Preso eta senideen eskubideen egoeraren berri eta, seguruenik, urtarrileko elkarretaratzeaz hitz egin behar zigun. Noski, jakin badakigu bilerara agertzerik ez duela izango, abisatzeko tarterik izan ez badu ere. Hala ere, lasai egon dadila; bera zein Herrira-ko gainerako kideak, zuen mezua, esan beharrekoa, elkartasuna eta giza eskubideen errespetuarena, ederki ikusi baitugu atzotik Euskal Herri osoko kaleetan. Ez dira hitz soilak, demostratu egingo diegu larunbatean, Bilboko kalean berriz ere leporaino betetzeko ez baitugu urtarrilera arte itxaron beharko. Guarko agendako hutsunea ere Arriaga plazan beteko dugu, zuekin beraz, urrunetik izan arren.

Elkartasuna ez da delitu, presoen eskubideekikoa ere ez. Atxilotuak askatu! Herrira Aurrera! Maite zaituztegu!

Sabin Arana Bilbao gogoran, agur eta ohore

Atzo jaso genuen Sabin Arana Bilbaoren heriotzaren (Sestao, 1944 – Gasteiz, 2013) berri; ezkerreko militante, euskaltzale eta Frankismoko errepresaliatua. Alternatibatik gure atsekabea azaldu nahi dugu, pertsona honen ibilbide luzea askorentzat eredugarria izan delako; batez ere, hamarkadaz hamarkada Sabin borrokan ibili den trintxera ugarietako askotan berarekin borroka egin dugunontzat. Ez alferrik, klandestinitatea, tortura eta kartzela ezagutu zituen, beti ere, bidegabekerien kontra, teorian eta praktikan, borroka eginez sozialismoaren norabideari jarraituz.

Bera galtzea deitoratzen badugu ere, agur esaterakoan erakutsitako duintasunari pozik egoteko modukoa deritzogu, gaixotasunarekin bidean topo egin arte frankismoaren aurkako konpromisoa mantendu zuelako; Sabin, Argentinan Frankismoaren kontra hasi zen auziaren aldeko plataformaren sustatzailea baitzen. Diktaduraren zigorgabetasunaren bukaera nahi zuen, horrenbestetan borrokatu zuena eta ondorioz zigortua izan zena; baina inoiz ez mendekuaren izenean, justiziarenean baizik.

Frankismoaren aurka azken hatsera arte Mikel Peruarena Ansa

Eta eguzkia ere bai

Juan Maria Sanchez eta Diana Urrea – Alternatibako Mahai Ekologista

Y también la lluvia izeneko filma Cochabambako uraren Gudaren testuinguruan gertatzen da, 2000. urtean, Bolivian. Orduan, euriaren ura jasotzeagatik ere kobratzeko asmoa zuten.  

Rajoyren gobernuak proposatutako autokontsumo elektrikoa arautzeko Errege Dekretuak asmo bera dauka: eguzki izpiak erabiltzeagatik kobratzea eta, gainera, autokontsumoarekin amaitzea, oligopolio elektrikoaren etekinak bermatuz eta norberaren indar elektrikoa ekoiztea hura erostea baino %27 garestiagoa izatea lortuz. Non da burujabetza energetikoa? 

Batetik, “babes-bidesaria” delakoa sortu da, energia propioa ekoizteagatik kobratzen dizuna ekoizten ez duzuna saretik kontsumitzen duzulako, eta horrek ordaindu beharreko kostu bat duela argudiatuta. Demagun zure letxuga propioak landatzeagatik ordaindu behar duzula, zuk ekoizten duzun hori baino gehiago behar izanez gero, dendara jo dezakezulako eta eskuragarritasun hori ordaindu behar duzulako.

Bestetik, fakturaren gastu finkoa, hau da kontratatutako potentziarena, %70 igo da, kontsumitutako argindarrarena %23 murriztu den bitartean. Ondorioz, tarifa finko bat sortu da, hain oinarri handia izanik fakturan kontsumoa murrizteko ahalegin guztiek eraginik izango ez dutela. Krisi deitutako iruzur honen eraginez energia kontsumoa jaitsi dela? Eraginkortasuna handitzen dugula kontsumo elektrikoa murrizteko? Ba fakturaren zati finkoagatik gehiago kobratzen dugu etekinak berdintzeko, aurrezteari trabak jarriz baina etekinak bermatuz. Kontsumo arduratsua?

Zeintzuk dira autokontsumo elektrikoa arautzen duten herrialdeak? Bada, Alemania, Italia, AEB, Belgika, Danimarka, Japonia, Mexiko; eta horietako batean ere ez dago babes-bidesaririk. Munduan ez dago antzeko zergarik, auto-kontsumitzaileek enpresa elektrikoen hanka-sartze estrategikoak ordaintzeko asmoarekin sortutakoa. Izan ere, enpresa hauek gasaren eta gas naturalak jasotzen dituen itzuli-beharrik gabeko diru laguntzen alde egin zuten; babes-teknologiatzat jotzen dena.

Nondik sortu da indarra garestitu eta bidesari hau sortzeko ideia? Kasualitatez, Gonzalo Saenz de Miera, Iberdrolako zuzendariaren proposamenak dira, 2012ko apirilaren 12an aurkeztutako “Autokontsumoari buruzko azterketa Espainiako sektore elektrikoan” izenekoan daudenak. Ondoren, Iberdrolaren logotipoa Espainiako Aldizkari Ofizialaren irudiagatik ordeztu, eta voila.

Komeni zaigu Iberdrolako akziodun nagusia Qatarko Fondo Burujabea dela jakitea, eta baita Qatarko Emirerria Espainiaren hirugarren gas hornitzaile handiena dela. 2005 eta 2012 bitartean gasa Iberdrolaren elektrizitate iturri nagusia izan da, %40 hain zuzen. Aitzitik, ziklo konbinatukoak, gasa erretzen dutenak alegia, %10eko erabilera tasa izan dute 2013ko lehen hiruhilabetekoan. 

Ez ditzagun ahaztu hain ondo koipeztatuta dauden ate birakariak. Acebes ministro ohia Iberdrolan mailaz igotzen doa, baina soldatapean ere Fernando Becker (PP), edota Manuel Marin eta Amparo Moraleda (PSOE) daude. Jose Mª Aznar Endesako aholkulari da, Felipe Gonzalez Gas Natural Fenosakoa. Soria ministroak merituak egiten ditu bere eserlekua lortzeko ministerioa uzten duenerako. Bada, nor harritzen da lege honengatik, gutxi balitz, bere instalazio berriztagarriak ixten dituzten enpresak ere sarituko dituena?

Iberdrolak aho txikiarekin protesta egiten du erreforma dela eta 170 milioi euro ordaindu behar izango dituelako; aitzitik ez du aipatzen zergetan 1.500 milioi aurreztuko dituela Montoro Ministroaren lege batek erraztuko dion kontabilitate-ingeniaritzari esker.   

Dekretuaren 19. artikuluaren arabera, autokontsumo era ezberdinen erabileraren ikuskaritza Estatuko Administrazio Orokorrak egingo du autonomia erkidegoekin elkarlanean. Jaurlaritzari puntu honetan desobedientziaren bidez zentzugabekeria honi aurre egiteko eskatzen diogu, kontrako jarrera azalduz eta elkarlanari uko eginez; jarrera araugilea har dezan, energetikoki menpekoa den herri batean autokontsumo elektrikoa sustatzeko eta babesteko asmoz. Burujabetza energetikoaren alde egiteko eskatzen dugu; herritarrei erantzukizuna eskatzen diegu, kutsakorrak ez diren eta enplegua sortuko duten energien aldeko apustua egin dezaten.

Boliviak, eskainitako zerbitzu eskasagatik Iberdrolaren menpeko enpresa nazionalizatu zuenean, Rajoyren gobernuak ziurgabetasun juridikoaz hitz egiten zuen. Lege honetan proposatutako aldaketek ekoizleak saritzen dituen sistemaren berraztertze sakona dakartzate. Fotovoltaikoan inbertitu duten sozietateek, ekoizpenari pizgarriak kobratzetik gobernuarentzat “arrazoizkoa” den errentagarritasuna -diotenez, %7,5- lortzera igarotzeak dakarren ziurgabetasun juridikoa salatu dute. Instalazioen antzinatasuna kontuan hartuko denez, ziurtzat jotzen da atzeraeraginezko efektua gertatuko dela, denbora gehien martxan daramaten instalazioak zigortuz. Berriztagarrietako inbertitzaile txikientzat, eta zehazki eguzki-ortuetan inbertitu duten aurreztaileentzat, galera handiak izan ahal dituzte.

Guzti hau salneurriaren defizitarekin amaitzeko aitzakia baino ez da, ate birakarian dauden politikariek eta oligopolioak herritarrak are gehiago espoliatzeko asmatutako mitoa. Salneurriaren defizitaren kontu-ikuskaritza serioa eskatzen dugu, datu errealak kontuan hartuta, ez oligopolioak asmatutakoak. Horregatik, dekretu honi desobedientziaren bidez aurre egitera deitzen dugu, autokontsumoaren alde eginez eta %100ean iturri berriztagarrietatik sortutako elektrizitatea saltzen duten Goiener bezalako kooperatiba elektrikoei erosiz.

Irudia: Manel F.

Sotanak eta arrosarioak Aste Nagusian

Ana Etxarte – Alternatibaren Bilboko Asanblada

Gizarte bat benetan berdintasunean oinarrituta dago, ez bakarrik berdintasuna erretorikaz defendatzen duenean; berdintasun hori efektibo egingo dituen jarduera politikoak, prozesuak eta ekimenak martxan jartzen dituenean baizik. Zoritxarrez, egun bizi dugun garai honetan, administrazio publiko askok berdintasunaren bermatzaileak izan beharrean, ez adituarena egin eta boteretsuen interesei men egiten diete.

Boteretsu hauen artean Eliza Katolikoa dago, bere doktrina beste doktrinen gainetik kokatzeko betiko gogo biziaz, erakunde publikoak bere estrategiaren parte-hartzaile zuzenak bihurtzen dituena. Horrela, eta gizarte laiko eta akonfesionalean bizi bagara ere, administrazio asko eta asko diraute erritu erlijiosoak, katolikoak gehien bat, bultzatzen eta hauetan parte hartzen, betiere, aurretik aipatutako akonfesionaltasun, laikotasun eta berdintasun oinarriak ezerezean utziz.

Honen adibide argia, behin eta berriro, Bilboko Udala dugu. Orain dela hilabete batzuk, harriduraz Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasuna aitortzeko EAJ eta PP kontserbadoreen – PSEren ez beharrezko abstentzioaz lagunduta – arteko hitzarmen baten lekuko izan ginen; Udalaren lokaletan eta eremu publikoetan hileta zibilak ospatzeko proposamena atzera botatzen zuten garai berdinean.

Zerrenda luze bateko bi adibide baino ez dira hauek, eskuinak konfesio erlijioso zehatz baten -katolikoa- interesekiko “egiten uzteko” ohitura agerian uzten duena, tradizio katolikoetatik geroz eta urrunago dagoen gizarte baten kontra eginez, sinesbide eta erlijio aniztasuna dagoen arren.

Preseski, sinesmen aniztasun honekiko errespetu kezkatsuak bakarrik, inolako lehentasunik gabekoa, ahalbidetuko luke berdintasunean, pluraltasunean eta baldintza berdinetako bizikidetzan oinarritutako gizarte bat. Laikotasunak, batzuek sinestarazi nahi digutenaren kontra, ez du erlijiozkotasuna gaitzesten, ez eta konfesio erlijioso baten aritzea eragozten, guztiz kontrakoa baizik; erlijio pluraltasuna bermatzen du, beti ere, praktika hau esparru pertsonal eta pribatura mugatzen bada.

Oraindik ere, Bilboko Udalak publikoa pribatuarekin nahastearen alde egiten du apustu, sinesmen batzuen nagusitasuna besteen gainetik jarriz eta ohitura katolikoak agerraldi publikoetan sartzeko erabaki konfesional hori mantenduz.

Honen adibide bikaina, Aste Nagusiko programa dugu, urtero bezala, ekitaldi eta ospakizunen artean hainbat egintza erlijioso barne hartu, eta hauetara Udalbatzari dei egiten duena. Zehazki, abuztuaren 15ean Begoñako basilikan eta abuztuaren 16an Pagasarri eta Artxandako ermitetan egingo diren mezaz ari gara.

Zergatik behar dute parte hartu kargu publikoek, herritar guztien ordezkari eta haien sinesmenak edozein direla eta, horrelako ekitaldi erlijiosoetan? Zergatik horrenbesteko burugogorkeria esparru publikoa eta pribatua, partikularra eta erlijiosoa denarekin nahasteko? Zergatik sartu Udala, guztiona den instituzio bat, gizartean geroz eta txikiagoa den sektore pribatu bakar baten ekitaldietan?

Dimentsio erlijiosoa lan instituzionaletik kanpo mantendu behar da eta edozein praktika erlijiosoren erabilera ezingo da inoiz eremu pribatutik atera. Hau da akonfesionaltasunaren oinarria bermatzeko bide bakarra. Guzti honengatik, eta benetan laikotasuna eta akonfesionaltasuna bermatu nahi badira, Udalak ezingo du hauetan parte-hartzera dei egin, eta kargu publikoek ezingo dute modu ofizialean, inolako konfesio motaren ekitaldi erlijiosoetan parte hartu.

Noiz hartu behar du Bilboko Udalak, instituzio publiko bat den heinean, praktikan jarri beharko lukeen akonfesionaltasun hori serio? Noiz arte babestuko ditu ekitaldi erlijiosoak eta jarraitu behar du Aste Nagusiko ospakizunen parte bezala mezak antolatzen? Bilbotarrok Aste Nagusia herrikoia, dibertigarria, alaia eta parte-hartzailea nahi dugu, sinesmenekin eta pertsona guztien eskubideekin adeitsua dena, eta ez batzuen morala, besteon moralaren gainetik gailentzen duen Aste Nagusia.

X