Lan ikusezina borrokan
Amaia Agirresarobe eta Xabier Soto – Alternatiba
Badira ezertarako balio ez duten lanak. Badaude duin egin ordez, pertsonak okertzen dituzten lanak. Badaude beharrezkoak ez diren lan mota asko, gehiegi, ez dutelako ekarpenik egiten, jasangarriak ez direlako edo soilik egingarriak direlako beste pertsona batzuen esplotazioari esker. Bestalde, badaude ezinbestekoak diren lanak, baina aztarnarik uzten ez dutenak. Lan ikusezinak dira, ikusten ez ditugunak, nahiz eta gure bizitzen beharrizanak asetzeko oinarrizkoak diren eta gure aurrean egiten diren.
Bizitza zaintzeko lana ikusezina da, ez duelako prestazio sozialik sortzen; hain ikusezina da, soldata eta lan baldintzei dagokionez beti zigortuta dagoela; ikusezina da etxeetan gordeta dagoelako; ikusezina, lana izendatzea ere merezi ez duelako; ikusezina, emakumeek egiten dutelako. Hala, segurutzat jotzen da inork ez dituela zertan babestu, diruz lagundu edo aldarrikatu behar, pertsonen zaintza ez delako eskubide bat, ez delako guztion erantzukizuna eta edozelan ere, eta emakumeei esker, beti hor egongo direlako, mugagabeki zorrotz, ezin prekarioagoak, baina gure bizitzak aurrera jarraitu ahal izateko nahikoak.
Zaintzaren gizarte antolaketa bidegabea, etxeetan pribatizatua, ordaintzen ez den lan prekarioaren eskuetan eta administrazio publikoaren oso babes txikia duela, ez da ia inoiz eztabaida publikoan plazaratzen, eta egiten denean, zaintzak nahikoak ez direnean eta emakumeek eurengandik espero den lana betetzen ez dutelako da. Eztabaida, laburbilduz, emakumeei errua leporatzeko terminoetan gertatzen da eta inoiz ez haien eskubideen ikuspuntutik. Jasotzen diren zaintzak nahikoak al dira pertsona guztientzat? edo soilik gutxi batzuentzat, ordaindu ahal dutenentzat alegia, eta emakume gehienen prekarietatearen truke? Galdera hauek ez dute tarterik agenda politikoan ezta alderdi politiko gehienen kezken artean, hondoratzen ari den eredu bat babesten dutenak, bizirauteko emakumeen mendekotasuna eta esplotazioa behar duena hain zuzen.
Salbuespen moduan, ikusezintasun egoera iraunkorrean dagoen errealitate honen gutxiespena, azaleratu egin da Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politika Saila eta Adegiren arteko gatazkaren ondorioz. Bestelako administrazioek ez bezala, Gipuzkoako Aldundiak sektorearen lan-baldintzak hobetzearen aldeko pausua eman du, bizitza babesteko erantzukizuna kolektiboa dela oinarritzat hartuta, eta ez enpresa pribatuen negozio aukera berri gisa ikusita. Lehenengo aldiz, zaintzaileen eskubideak, orain arte ahaztuak eta enpresa pribatu baten barruan desberdintasun egoeran borrokatuak behar izan direnak, instituzio publiko baten kezka dira. Horrela, Aldundiaren eta patronalaren arteko gatazka, enpresen diru-gosearen aurkako borroka bat da, langileen lan baldintzen eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen kalitatearen gainetik euren etekinak lehenesten dituztenen aurkakoa, hain zuzen. Baina batez ere, gatazka honek herritarrak defendatzeko erantzukizun publikoaren aldarrikapena dakar, herritarren bizitzen zaintzaren alorrean mugarik gabe zabaltzen ari den logika pribatuari aurre eginez. Azken finean, aurrerapauso bat da guztiz beharrezkoa den apustu batean, zeinaren arabera politika publikoen erdigunean bizitzaren jasangarritasuna kokatzen den, kapitalaren interesen ordez.
Gatazka honen oinarrian dagoen eztabaidaren muina, zaintzaren erantzukizunean datza, nork eta nola hartuko duen eta zein den instituzio publikoen zeregina eredu hau gainditzeko, non gero eta zerbitzu gehiago pribatizatzen diren eta pertsona guztien zaintza eskubidea bermatzen ez den, ezta sektorearentzako lan baldintza duinak ere. Kolokan dagoena guztion eskubideak dira eta baita eredu bidegabe eta baztertzaile bat zalantzan jartzea ere, non enpresek mugarik gabe jardun izan duten, administrazio publikoarekin izandako harreman adeikorrari esker.
Beraz, ez gaitezen erratu; egun euren eskubideak defendatzeko kalera irtetea erabaki duten Gipuzkoako emakumeen borrokak, indarrean dagoen ereduari aurre egiten dio, eta honek min egiten die bere babesleei; zaintza ikusezinak mantendu nahi dituztenei; esku-hartze publikotik eta eztabaida publikoaren erdigunetik aldenduta, negozioa eta etekinak pertsona guztien gainetik lehenesten dituztenei. Emakume hauen borroka ere borroka feminista bat da, pertsona guztientzako zaintza duinaren aldeko borroka. Eta bere azaleratzea zein defentsa guztioi dagokigu!