CAF: Inork ulertzen ez duen erregulazioa

Xabier Soto – Alternatibako Gipuzkoako Koordinatzailea

CAF enpresak beti izan du ezaugarri bere lantegian aritutako langile kopuru handia, eta baita produkzio lan baldintza gogorrak ere, gehienbat, merkantzia bagoien produkzioan oinarrituta dagoena. 50eko hamarkadan enpresak bere lantokien modernizazioari ekin eta beste lantegi batzuk ere eskuratzen ditu (Irun eta Zaragoza), Espainiako Erresumako tren industria indartuz. 70ko hamarkada bitartean, enpresak garapenean inbertitu eta modernizaziorako apustua egiten du. Hala ere, honek ez ditu 80ko hamarkadak ekarritako urte gogorrak arintzen eta konpainia egoera arriskutsuan kokatzen da. Orduan heldu zen langileen ordua, enpresak akzioak erostera animatu baitzituen konpainiaren parte sentiaraziz. Cartera Social deritzon funtsa jaiotzen da. 90ko hamarkadan nazioartean hedatzeko garaiari hasiera eman zitzaion, gaur egunera arte luzatu dena. 

Urte horietako oparoaldiak eskaerak handitu eta mozkinak igo mantendu zituen.  Baina diru-goseak erabaki ezmoral eta ulertezin batera eraman gaitu. Bizi dugun 2012ko urte honetan, enpresak “historikotzat” jo duen urtea alegia, Beasaingo lantokian enplegua erregulatzeko espedientea abian jarri dute, langileen %40tik gora langileri eragingo diena.

Urteotan, borroka, greba eta sufrimendu asko jasan da langileen bizitza kalitatean hobekuntzak lortzeko, inbidiagarria den lan politika eskuratu, aparteko orduak kendu, negoziazioetan baldintza sozialak hobetu (beharrezkoa izan denean soldatak ez eguneratzearen truke ere) eta banaketa justuago erdiesteko, enplegua sortzeko ahalbidetzeko balio izan dena. Langileen elkartasunaren adierazgarri da, halaber, inguruko enpresen borroka kolektiboekin bat egin izana, eta haiek CAFeko beharginekin egindako ere bai, lantegia eskualdeko beste hainbat enpresa ertain eta txikientzako pizgarria izan dela ahaztu gabe.

Zer esan haien izerdiaz eta esfortzuaz CAF gaur den enpresa izatea posible egin duten pertsona guztiei? Adibidez, aurten 100 milioi euro baino gehiago irabaztera doazela eta kopuru horren %2a ere ez dutela gastatu nahi erregulazioa saihesteko, alde batetik, lan zamak handitu eta erosteko ahalmena galtzea geldiarazteko (enpresaren mozkinak igotzen badira ere) eta bestetik, Goierrin eta Gipuzkoa osoan honek ekar ditzakeen ondorio ekonomiko negatiboak ere ekiditeko. Halako bidegurutzean kokatu ditu konpainiako zuzendaritzak bere langileak, industria osagarria eta, orokorrean, eskualde osoa. Ba al dauka  kontraesan honek sinesgarritasunik? Non dago orain beren Ardura Sozial Korporatibo ospetsua?

CAF ezohiko elkarte anonimoa dela gogoratu behar dugu ere. Zenbat laguntza publiko jaso ditu jada? Eta Cartera Social funtsa delakoa zer? Bi akziodun nagusiak Kutxabank eta Cartera Social funtsa bera badira ere, horrek ez du esan nahi bere kontrola langileen esku dagoenik. Eta hona hemen agertzen zaigula PNVk joka dezakeen papera. Kasualitatez, funts honen buruzagiak alderdi horren kide ezagunak dira. Langileok ez dute inoiz ez hitzik, ez botorik izan izendapen hauetan, ez eta eguneroko kudeaketan ere. Eta elkarteak ez badu erregulazio honen aurka altxatzeko intentziorik, agian bere kudeatzaileak aldatzeko garaia heldu delako izango da, horretarako CAFeko batzordea deitzea beharrezkoa bada ere.

Eta Kutxabank, zer esanik ez. Euskal kutxek enpresa salbatzen lagundu zuten, baina azken batean, mozkin gehien eman dien enpresa izan da ere. Orain, Kutxabankek  parte-hartze garrantzitsua dauka, eta nahi izanez gero, Cartera Social funtsarekin batera erregulazioa geldiarazi dezake. Kutxabankek mozkinen %2a eskuratzeko erakutsi duen diru-gosea nora joateko asmoa duen isla da. Horrela bakarrik ulertzen dugu PNV-PP-PSEren arteko ituna, besteak beste, bere administrazioa kontseilutik ordezkaritza jakin bat kanpo mantentzeko.

Batzordeak erregulazioa ekiditeko plan bideragarri asko aurkeztu dituen arren, zuzendaritzak ukatu ditu denak eta atzera egiterik ez dagoela berretsi du nagusikeriaz behin eta berriro. Nola azaldu hau Gipuzkoako herritarrei, CAF mozkin handiko enpresatzat dutenean? Herritarrak dira euren poltsikotik enpresaren dibisio batek azken 6 hilabeteetako lan falta ordainduko dutenak, are gehiago, enpresak inolako alternatibarik proposatzen ez duenean. Euskal gizarteak gehien duenari are gehiago ematea, eta ezer ez duenari kentzea onartuko duela uste dute? Zer pentsatuko du aspaldi langabezian dagoen pertsona batek?

Gipuzkoan inork ezin du ulertu etekin  handiak dituzten enpresek erregulazio dosierrak planteatzea. Bestalde, CAFentzat lan egiten duten beste enpresa txikiago batzuk ere egoeraren beldur dira, makina berri asko erostearen ondorioz zorpetu direlako eta, orain, ordaintzea zaila izango dute. Hori gutxi balitz, Pandoraren kutxa zabaldu dute, osasuntsu dauden beste enpresa batzuk erregulazio propioak eskatzera animatu daitezkeelako, CAFi kaudimen ekonomiko batekin aurrera egiten utzi bazaio, edonorentzat aukera ireki da orain.

Ziurgabetasunez beteriko testuinguru honetan hausnartuz, zer da ondorengoei utziko dieguna? Langile klase duina bat egongo al da etorkizunean? Gizarte oparo bat izango dugu, guztioi lanerako eta errealizazio pertsonalerako aukerak ematen dituena? Edo beharbada, merkatuen tirania eta desberdintasun sozialak inposatu eta mozkinaren logikaz esklabo bihurtuko gaituzten jauntxoak baino ez dira egongo?

Aniztasun funtzionalarena ere bai

Igor Nabarro eta Hector Prieto – Alternatiba

Abenduaren 3an, Euskal Herrian ospatzen ditugun beste hainbat data adierazgarriekin batera, aniztasun funtzionala duten pertsonen nazioarteko eguna ere gogoratzen dugu. Ez da, inondik inora, ospakizunetarako eguna, aldiz, ezintasunen bat dugunon aldarrikapenak inoiz baina ozenago entzunarazteko eguna izan behar da, gure eskubideen alde borrokatzen jarraitu behar dugulako, aukera berdintasuna eta eskubide guztien jabe diren herritar legez aitortuak izatea nahi dugula oihukatzeko.

Une honetan, ezinbestez, kolektibo honen kezkarik handiena sistema kapitalistaren krisiak aniztasun funtzionala dutenengan eragindako ondorioak dira, izan ere, egungo egoerak gizarte osoari kalte egiten dion arren, ohikoa denez, gizarte bazterkeria pairatzeko arriskurik handiena dutenei bereziki eragiten die.

Ukaezina da talde hau bazterkeria soziala pairatzeko aukera gehien dituenen artean dagoela, bazterkeriaren definiziorik onartuenetako bat aintzat hartuz gero, ardatz nagusi gisa ekoizpena, banaketa eta kontsumoa dituena, aniztasun funtzionalarekin bizi direnak modurik bortitzenean eta sakonean jasotzen dituzte sistemaren gainbehera eta bere ondorio sozioekonomikoak.

Urritasunen bat dutenentzat, krisiak dituen ondorio larriak esparru ugarietan azaltzen dira. Horietako bat da enplegurako sarbidea. Aniztasun funtzionala duten pertsonek beste inork baino zailtasun handiagoak dituzte lan merkatuan sartzeko, eta lortzen dutenean ere, besteek baino baldintza kaskarragoetan egiten dute. Gainera, kaleratzen dituzten aurrenetarikoak dira arazo ekonomikoak hasten direnean.

Sistema kapitalistarentzat, aniztasun funtzionalean daudenak ez dira guztiz baliagarriak, gainerako langileen moduan ekoiztu eta plusbalioa sortzeko gaitasunik ez dutelako. Horregatik, askotan oztopatu egiten zaie lan merkaturako sarrera eta, lortzekotan, prekarietatea nagusi duten baldintzetan.

2011n, ezintasunen bat duten pertsonen langabezia tasa %20koa zen, ezintasunik gabeko herritarren %22koa zen bitartean. Gainera, ezintasunen bat duten emakumeek are tasa okerragoak dituzte gizonezkoekiko, 10 puntu inguru okerragoak hain zuzen.

Era berean, erakunde publiko desberdinek eginiko erreforma eta murrizketek aniztasun funtzionala duten pertsonen barneratze sozialean atzerapauso larria ekarri dute, hainbeste urteetako aldarrikapenekin eta borrokaren bidez lortutako eskubideak galtzen ari baitira.

Urritasunen bat dutenek orain arte jasotzen zituzten prestazioak gogor murriztu dira. Adibidez, menpekotasunari lotutako laguntzen onuradun zirenek ikusi behar izan dute sistema finantzatzeko diru gutxiago bideratu denez, prestazioak gutxitu egin direla eta, horrez gain, gogorragoak da horiek eskuratzeko baldintzak.

Baina sektoreari lotutako murrizketa jakinak ez ezik, herritar guztiek pairatzen dituzten neurriek ere kalte egiten digute: BEZaren igoera, botiken eta protesien zein ortesien berrordaintzea edota langabezia saria murriztu izanak, bigarren mailako herritar bezala kokatzen gaituzte.

Bestetik, krisi anitz honen aitzakiarekin, administrazio desberdinek aniztasun funtzionala duten pertsonei lotutako elkarte eta erakundeen gaineko diru-laguntzak, hitzarmenak eta ekarpenak murriztu egiten dituzte.

Neurri hauek, halaber, kolektibo honen bizitza kalitateari eta gizarteratzeko aukerei kalte egiten die, hirugarren sektoreko erakunde hauek eskubide berdintasuna aldarrikatzeko bidea eta lan munduan zein gizartean barneratzeko aukera ematen dute.

Gure gizartean nagusi den ekoizpen sistema kapitalistak erabateko herritartasuna ukatzen die aniztasun funtzionala duten pertsonei, herritarren sasi produktu bilakatzen ditu. Sistema, alabaina, bere aukeren mugetatik haratago jo du dagoeneko, bere izaera bera kolokan jarrita.

Zalantzarik ez dago sistemaren suntsipen honetan kalterik handiena pairatuko dutenak kapitalismoak bazterkeriaren mugan kokatu dituen talde horiek izango direla.

Premiazkoa da herritar guztiek, aniztasun funtzionala izan edo ez, bat egitea egungo sistema ordezka dezagun, pertsona guztientzako justizia soziala eta aukera berdintasuna ardatz dituen beste sistema batekin ordezkatu. Eredu barneratzailea, adina, genero, aniztasun funtzionala zein bestelako aldagai guztiak kontuan izango dituena.

Irudia: Artgnosis

Israelgo gobernua, bakearen etsai

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

Israelgo Gobernuak joan den astean abiatutako ekintza bortitzen gorakadak dozenaka lagun erail ditu dagoeneko, palestinarrak batez ere, eta are okerragoa izateko arriskua ere badago ejertzito israeldarrak lurreko inbasioaren mehatxua gauzatuz gero. Egunetik egunera gauzagarriagoa dirudi erasoa, milaka erreserbista prestatzen ari baitira aukera horri begira. Horrela ez bada, 2008ko sarraskiak errepika daitezke, Berun Urtua operazioak 1.300 hildako eragin zituenean, bonbardaketa masiboak eta Gaza lurretik inbaditu zuen ejertzitoaren eskutik. Biktima horietatik, 10etik 8 Nazioarteko Zuzenbideak “babestutako pertsona” gisa definitzen dituen zibilak ziren.

Ugariak dira indarkeria sorta berri hau azaltzeko analistek eskaintzen dituzten arrazoiak, deskolonizazioaren garaitik historian luzatu eta konponbiderik gabekoa dirudien gatazkaren baitan. Esaten da, 2008an bezala, Israelen hauteskundeak hurbiltzean gobernu sionistek palestinar herritarren aurkako eraso berriak egiten dituztela, Israelgo herritarren defentsarekiko duten konpromisoa azpimarratu nahian. Hala, soziala eta zuzenbidekoa izateari utzi dion estatuaren norabide teokratikoarekin aspertuta dauden herritarren aurrean,  gobernuak indarkeria darabil gizartea diziplinatzeko. “Edo nirekin edo Israel suntsitu nahi dutenekin” diotela ematen du.

Horrez gain, gorakada berriaren beste arrazoietako bat Nazio Batuen Erakundeak Palestina estatu gisa aitortzeko aukera izan daitekeela aipatu izan da, Israel kontra duen egitasmoa. Era berean, eremu hartan sortzen ari den indar oreka berriarekin kezkatuta daude, Mubarakekin ez bezala, ez dirudielako egungo Egipto prest dagoenik israeldarren eta estatubatuarren interesei men egiteko.

Horrela, lehenengo eta behin, indarkeria eta gatazka areagotuz, bere herritarrak kontrolatzen ditu; bigarrenik, Palestina estatu burujabe gisa onartzeko prozesua hautsi nahi dute, haien okupazioarekin bateraezina delako eta erasotzaileak izan arren beren burua biktima gisa aurkezten dutelako; azkenik, indarra erakutsi nahi dute eskualde hartan, herri arabiarrak, Egipto bereziki, haien kokapena zehaztera behartuz.

Su etena emanda ere, inork ez du bermatzen datozen asteetan, edo hilabete gutxi barru, milaka lagun sakrifikatuko ez dituztenik gobernu ultraeskuindar baten interes geopolitikoak direla medio. Israelgo gobernuak ez du bakea nahi, ez du elkar ulermena bilatzen, gatazka behar du gatazkatik bizi delako, desberdinen arteko gatazka noski, bere burua indartzeko erabiltzen duena.

Baina guzti hau Nazioartearen babesarekin egiten du, eta hortik dator irtenbide gauzagarri bakarra. Erasotzailearen konplize izatetik, borrokan ari diren aurkarien aurrean balizko ikusle hutsaren papera antzeztu beharrean, nazioarteak onartu behar du porrot egin duen deskolonizazio prozesu baten aurrean gaudela; aldeetako bat bestea baino askoz indartsuagoa dela aitortu behar du, eta indar horrekin Palestinako herritarrak banan-banan hiltzen dituela, apartheid prozesu bortitza eta sistematikoa dela medio; nazioarteko legeak bete egin behar direla gogorarazi behar du, eta Israelek urratu egin dituela estatu gisa aldarrikatu zenetik, inolako zigorrik jaso gabe.

Horregatik, hitzetik ekintzetara pasa beharra dago, hala ez bada, konplize izaten jarraituko dugu. Israelgo inbertsio eta produktuen gaineko boikota ezarri beharra dago bakearekin konprometitu arte; nazioarteko legeak urratzen dituen estatuari zigorrak ezarri behar zaizkio; eta ekidin behar da, eskura dauden bitarteko guztiekin, Gazako lurraldearen kontrako erasoa.

Palestinan, bakeak eta demokraziak indarkeriari aurre egin behar diote. Noren alde kokatuko da oraingoan Nazioartea?

Guatemala: Militarrak, transnazionalak eta neoliberalak

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

2012ko Urriak 4, Totonicapan, Guatemala. Armadak zortzi pertsona erail ditu, beste bat desagertu da, eta balaz eta arma zuriaz 48 kantoietako hainbat emakume eta gizon zauritu ditu. Arrazoia: besteak beste, elektrizitatearen gehiegizko prezioak salatzeko eta kalitatezko hezkuntza publikoaren defentsan eginiko mobilizazio baketsuak.

2012ko Maiatzak 1, Santa Cruz de Barillas, Guatemala. Pertsona bat hil eta matxinada eta terrorismoa leporatuta beste 10 lagun espetxean diraute, 50 urteko zigorraldiei aurre eginda. Arrazoia: udalerriko komunitateen gehiengoaren jarrera zentral hidroelektriko bat eraikitzeko erabakiaren aurka, nazioarteko legeak urratzen dituena (OITren 169. hitzarmena), ez baitu herriak burututako kontsulta errespetatzen, gehiengoak proiektuaren kontra bozkatu baitzuen.

Hauek, Guatemalako sektore herritarrek pairatzen dituzten eraso anitzen adibide bi baino ez dira. Zoritxarrez, zerrenda luzea da eta erasoen aldizkotasuna iraunkorra: Polochic, San Juan Sacatepecez, Uspantan eta abar, kasu larrien adibideak baino ez dira. Honen aurrean, pentsa genezake gertaera isolatuak direla. Edo, agian, Guatemalako historiak iragan mendeko 60ko hamarkadatik hona bizi izan duen bortizkeriaren segida bailitzan ere har genezakeen.

Tamalez, ez dugu uste hala denik, kontrakoa baizik. Indarkeria politikoaren gorakada eredu sozial baztertzaile eta antidemokratiko baten entsegua dela uste dugu, non gobernu zibil-militar berriak ezartzeko aukerak egon daitezkeen. Hala, hauek izango lirateke zibilizazio krisi honetan proiektu neoliberala areagotzeko bide politiko bakarra. Zentzu honetan, gaur egungo gobernua, Perez Molinak zuzendutakoa (1960-1996 bitarteko gatazka armatuan gertatutako genozidioan parte hartu zuen militarra), militarismo neoliberalarentzako estrategian pauso bat gehiago litzateke.

Hona ailegatuta, garrantzitsua da azpimarratzea eredu berri honek ez dagokiola bakarrik Guatemalari, mundu osoan eragina baitu. Gauzak horrela, eta ez Guatemalan bakarrik, kapitalismoa eta demokrazia kontraesan sakonago batean ari dira murgiltzen, gaur egun intentsitate gutxiko demokrazia hegemonikoa dela dakigun arren. Bizi dugun krisialdiaren aurrean, eredu kapitalista irabaziak handitzeko edozer egiteko prest dago. Eta bere zilegitasun gabeziaren jakitun izan arren, sistema honen babesleek -enpresa transnazional eta bertako oligarkiak- progresiboki maskara demokratikoa kendu eta indarkeriara eta zapalkuntzara jotzen dute haien proiektu bidegabea garatzeko. Beti egin izan dute, hori jakin badakigu. Baina orain inoiz baino agerikoagoa da, eta ezkutatu gabe egiten dute gainera. Eta esperientzia frogagarriak behar dituzte horretarako: Guatemala horren adierazgarri da.

Hau litzateke beraz, Guatemalan egiten den proposamen politikoa: enpresa transnazionalak; merkatu globalekin bat egin duten oligarkiak; polizia eta armada errepresio orokorrarentzako elementu bezala; helburu eta demokrazia gutxiko gobernuak, boterea bidegabeki dutenen beharren zerbitzura.

Hala, herriak pairatzen duen bortizkeri politikoa, proiektu militarista neoliberal hau martxan jartzearen helburu bezala uler dezakegu. Horrela, eta gizartearen erantzuna eten nahian, indarkeriaz jositako bide batetik joko duen gobernua eraikitzen ari dira. Aurretik aipatutako kasuetara bueltatuz, Perez Molina militarraren gobernuak eta Espainiako Enbaxadak Barillas-eko zentral hidroelektrikoaren eraikuntza modu agerian babesten dute. Ez da arraroa, beraz, eraikuntza enpresa Galiziako Hidralia Energia izatea, Bankiaren kredituen laguntza jaso duena ere. Antza, eta komunitateko iturrien arabera, ustezko hiltzailea enpresa horren filialaren parte da, Hidro Santa Cruz, hain zuzen.

Horretaz aparte, Totonicapaneko armadak 8 pertsona akabatzearen arrazoiak ere hobeto ulertzen ditugu orain: argi elektrikoaren igoera itzelak sektorearen pribatizazioan -Fenosaren eskuetatik enpresa kolonbiar batera pasa dena- du jatorria. Ez da harritzekoa, beraz, bi enpresek argiaren prezioa igo zutela asmatzea, baina beti ere, komunitateekin negoziaziorik egin gabe.

Baina badago gehiago. Pobrezia gorrian bizi den herrialde honetan, eta guzti hau gertatzen zen bitartean, Guatemalako gobernuak radar bereziak dituzten sei hegazkin militar erosi ditu, antza, altxamenduak eragozteko asmoz. Erosketa honen ordainketa Brasilgo BNDES eta BBVAk eskainitako kreditu itzelekin egin da.

Hartara, alde batetik, Galiziako enpresak, espainiarrak, kolonbiarrak, armada, segurtasun pribatua, oligarkiak, Guatemalako gobernua eta enbaxadak ditugu. Bestetik, herritarrak eta gizarte sektoreak. Soka tenkatzen hasi da.

Hitz batez, asko dira Guatemalako egoeraren inguruan egin beharreko gogoetak: lehenik eta behin, kapitalismo basati hau geldiarazteko erantzun soziala gogorra, sendoa eta erabatekoa izan behar duela. Guatemalako mugimendu sozialak eta komunitarioak horretan ari dira. Hemendik gure esker ona. Bigarrenik, momentu honetan elkartasun internazionalistak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, egoera salatzeaz aparte Guatemalako proiektu kapitalistetan sartuta daudenei aurre egitea erabaki duelako. Halere, ardura globala eta partekatua izan behar duela aditzera eman du. Hirugarrenik, beste herrialdeetara, Europa barne, zabaldu daitekeen joera bat dela gogoratu nahi dugu. Orain arte neurri estrukturalak herrialde pobreetara bakarrik mugatzen zirela uste izan dugu, baina hara non, orain gainean ditugun, gu birrintzen.

Guatemala gure etorkizunaren isla izaterik nahi dugu? Geldiarazi dezagun orain, haiengatik, baina guregatik ere bai.

Ekin, salatu eta sor ditzagun aliantzak eta konfiantzak. Gure elkartasun osoa beraz, Guatemalako herriarekin dago. Eta horregatik, gogor salatzen ditugu Europako enpresa transnazionalak. Guztion etorkizuna delako, guztion borroka delako.

Bidegurutzean

Amaia Agirresarobe eta Ana Etxarte

Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak mugarri izango dira, euskal gizarteak asaldatze politikora egiten ari den bidean aukera direlako. Herritarrak mobilizatu, proposamen politiko eraldatzailea eta sistemarekin gero eta aspertuago dagoen gehiengo herritar eta sozialen zilegitasunean aurrera egiteko aukera da aurrean duguna. Hala, hauteskundeak ez dira berez helburua, Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko borroka luzearen etapa bat baizik.

Krisi sistemikoa pairatzen ari garela aurre egiten diegu hauteskundeei, munduan pobrezia eta desberdintasunak gero eta larriagoak direnean, merkatuek beren diktadura ezarri dutela eta planetaren muga fisikoak gainditzen ditugunean. Euskal Herria ez dago guzti honetatik salbu, herritarrek eskubide politiko, ekonomiko, kultural eta sozialen urraketa larriak jasaten baitituzte.

Kontrako norabidean doazen bi errepideen arteko gurutzebidea da hauteskunde prozesu hau: EHBilduk abiatu nahi duen bide berria eta gainerako alderdien galbidea; ñabardurak ñabardura, sistema sozioekonomiko berari eusteko apustu egiten baitute.

EHBilduren eredua aberastasunaren banaketa du helburu, zerga politika desberdinaren bidez eta honako lehentasunak ezarrita: politika sozialak sustatzea, ekonomiaren sektore estrategikoen kontrol publikoa, lan eskubideen bermea, ikuspegi feministatik gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna erdiestea, ingurumena errespetatzen duten azpiegiturak sustatzea, demokrazia zuzena eta parte-hartzailea, euskararen erabateko normalizazioa, elikadura subiranotasunaren aldeko apustua, eraikuntza nazionala Europaren baitan eta herritartasun unibertsalaren izaera barneratzailea babestea. Neurri guzti hauek eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren errotiko aldaketa bilatzen dute, eta agerian uzten dute programarik eta proiekturik ez dugula dioten ahotsen diskurtso faltsua.

Eta zein da PPk, PSEk eta PNVk eskaintzen duten herri proiektua? Esanak esan, Espainiako patronalak asetzen duena, enpresaburuen presidente Juan Rosellek berak hiru alderdi horien programak publikoki bedeinkatu baititu. Alegia, betikoa: desarautzea eta neoliberalismoa, gutxiren mesederako mega proiektuak, eskubideak murrizten dituzten lan erreformak, atzerapausoak emakumeen egoeran, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta prekarizazioa, gizarteko sektorerik ahulenen kriminalizazioa eta estatutuan oinarritutako formula agortuak.

Alternatibatik argi daukagu itzulerarik gabeko bidea dela hau, herri honetako gehiengo politiko eta soziala amildegira daramana eta, horregatik egunero lan egiten dugu gero eta jende gehiagok bultzatzen duen EHBilduren proiektuan, joera politiko desberdinak baina helburu komuna dutenen elkarlanean oinarritutakoa: eredu politiko, ekonomiko eta sozial bidegabe hau gainditu asmo duena.

Jakin badakigu bide luzea dugula aurretik, eragile desberdinen laguntza eskatuko duena eta eguneroko ekintzetan gauzatu beharko duguna, kalean zein instituzioetan. Azken eremu honetan, beharrezkoa deritzogu hainbat arloetan akordioak egiteari, burujabetza politikoa, bestelako zerga politika, herritarren parte-hartzea, parekidetasuna eta jasangarritasun ekologikoa lortzeko. Baina era berean, badakigu ezinezkoa dela sistema iraunaraztea beste helbururik ez duten alderdi politikoekin inolako gobernu akordiorik egitea.

Eman dezake formula hauek jauzi kuantitatiboak egiteko autobideak izan daitezkeela burujabetza edota politika sozialak bultzatzeko baina, benetan, kale itsuak besterik ez dira, politika ekonomiko neoliberalen bidesaria ordaintzeko prest dauden bidaideak dituztenak, murrizketa sozialak edo autodeterminazio eskubidea ukatzea. Laburbilduz, ezin dugu bazter utzi gure helburuarekiko koherentzia, ezta prozesu honetan gurekin aurrera egiteko prest dauden eta itxaropenez beteta dauden pertsona guztiak, horiek bai daudelako gure bidean laguntzeko prest.

Venezuela Hugo Chavezekin nahi dugu

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Mahai Internazionalista
 
Ondo da. Hugo Chavezen nortasunaz eztabaida dezakegu, lidergoan jarduteko modu bereziaz, batzuek gorroto dutena beste askok goraipatzen duten bitartean.

Ados, nazioartean egin dituen aliantza batzuei buruz ere hitz egin genezake, Estatuaren interesak ideologiaren gainetik jarri izan dituen horietan. Hau ez da mundu erraza, ezta gure zibilizazioak pairatzen duen krisiak eragindako une aztoratu bezain ezjakin hau ere.

Berriz ere ados nago, aurrerapausoak mantsoak direla esango duzue seguruenik, eta ez dagoela oso argi zer den XXI. Mendeko Sozialismo delakoa, ea non dauden egungo ezker alternatiboaren ezaugarrietako batzuk. Edonola ere, gogorrak eta nahasiak izaten dira burujabetzaren bideak, bertatik igarotzea erabakitzen dutenentzat.

Eta ondo da, beharbada Venezuelako eredua bere horretan beste lurralde batzuetara eramatea, eremu eta kultura bakoitzaren ezaugarri zehatzak aztertu gabe, ez da ezkerreko politika egiteko modurik egokiena, gaur egun.

Garrantzitsua da esatea, eztabaidatu ahal izateaz gain, beharrezkoa dela, baita kritikak egitea ere. Izan ere, Venezuela borborrean dagoen kontinente baten parte garrantzitsua da. Bertan hainbat saiakera egiten dira paradigma eta proposamen politiko berriekin; kontraesanez, mugaz, aurrera zein atzerapausoz beterikoak, baina batez ere, aberastasunez, aniztasunez eta politikaz beteak.

Prozesu europarrak, Euskal Herrikoa kasu, bestelako logiken arabera gertatzen dira, eta hori ondo dago, hala izan behar da. Baina ez dugu inoiz ahaztu behar ezkerra proiektu komun baten parte dela, eta beti begiratu behar diegula, zeharka bada ere, burujabetzari buruz teorizatu eta praktikatu egiten dutenei.

Horregatik nahi dugu Chavezek datozen hauteskundeak irabaztea, Venezuelarentzat ona delako, eta baita Euskal Herriarentzat ere, gure buruaren ispilu izan daitekeelako. Hala, eta aurretik esandako guztiaz eztabaidatu ahal badugu ere, gauza batzuk eztabaidaezinak dira guretzako, hemen asko baitugu haiengandik ikasteko. Lehenik, bere   izaera internazionalista argia, hasieratik ulertu baitu guztion etorkizunak elkarren artean menpeko direla, eta neoliberalismoa eta kapitalismoaren modernitatearenak ez diren bestelako oinarrien gainean eraikitako eskualde arteko eta nazioarteko integrazioaren alde ibili da buru-belarri. Hala, Venezuelak ezinbesteko lana bete du ALBA, UNASUR, CELAC, eta bestelako erakundeen eraketan, eta horrek inperioari aurre egiten dieten indarren metaketa sustatu du, bai eskualde zein nazioarte mailan, irabazi asmorik gabeko elkartasunetik, herriak elkarren artean ulertzeko gai direla eta beharra dutela erakutsiz.

Bestetik, prozesuak arinagoak edo mantsoagoak direla ere, sozialismoaren aldeko apustu garbia egiten du, etsaiak zuzenean nortzuk diren esaten du, aurre egiten die, izen eta abizenekin -ez soilik merkatuak aipatuz- eta demokratikoki kapitalismorik gabeko bizitza ahalbidetzen dituzten politikak bideratzen ditu, amildegira eraman gaituzten gauza guztietatik urrun.

Azkenik, helburu horiek ez dira diskurtso soilean gelditzen. Aitzitik, errealitateak dira: komunikabideen demokratizazioa; nekazaritza erreformaren eta elikadura subiranotasunaren aldeko politikak; lan araudi aurrerakoia; sektore eta enpresa estrategikoen nazionalizazioa; ekonomia solidarioaren eta EHak bere buruarentzat nahi izango lukeen herri partaidetza sistemaren sustapena.

Horregatik guztiagatik eta beste hamaika arrazoiengatik -aurrean duen eskuma kolpistaren aurpegiak ikusteak eragingo ligukeen pozaz gain- gure elkartasuna bidaltzen dizugu: Hugo, Venezuelagatik irabazi, Amerikagatik irabazi, Euskal Herriagatik irabazi.

Irudia: Matiz

Informatika herritarra herriarentzat

Iagoba Itxaso – Alternatibako Komunikazio Kritikorako Mahaia

Softwarea ezinbestekoa da gure egunerokotasunean. Erabiltzen dugun teknologiaren parte da, eta egiturazko osagaia da erakunde guztietan, enpresa publiko zein pribatuetan.

Banaketa ereduaren eta bakoitzaren izaeraren arabera, bi software mota existitzen dira: alde batetik software pribatiboa dugu, non Windows moduko sistema eragileak edota MS Office zein Photoshop bezalako aplikazio ezagunak kokatu daitezkeen; bestetik, software askea daukagu, GNU/Linux sistema eragilea ikur duena eta Open Office edo Firefox bezalako aplikazio arrakastatsuekin.

Zenbaitetan nahiko nahasia da bien arteko aldea, baina erraz uler daiteke desberdintasuna. Software askeak izen hori badauka, nahi duten guztiek hura erabili, kopiatu, aztertu, aldatu eta birbanatzeko askatasuna eskaintzen duelako da; software pribatiboan, aldiz, askatasun hauetako bat edo batzuk jabetza eskubidea dutenen esku galarazten dira. Alegia, askatasun horretarako mugak jartzen dizkigute.

Gure erakundeek software askea zein pribatiboa erabiltzen dute, inbertsioaren zatirik handiena bigarren horretara bideratzen badute ere. Bila daitezke software pribatiboa erabili eta defendatzeko argudioak, baina askea erabiltzearen aldeko arrazoiak, askoz garrantzitsuagoak izateaz gain, demokraziaren berme eta guztiz herritarrak dira.

Ezinbestekoa da erakunde publiko batek erabiltzen duen softwarearen gaineko kontrola izatea eta, zalantzarik gabe, gure sistema informatikoei dagokienez burujabetza ziurtatzeko modu bakarra software askearen aldeko hautua da. Aplikazio pribatiboen kodea itxia da eta, horrexegatik, inoiz ezin dugu jakin bere osotasunean zer dakarren. Software librea, aldiz, herritarren kontrolpean dago. Sistema eragile pribatiboa erabiliz gero, ba al dute herritar zein erakundeek beren sistemetatik pasatzen den guztiaren gaineko kontrola?

Beste alde batetik, gure softwarea sustatzearen inguruko eztabaida dago, noraino jo dezakegun bata edo bestea erabilita. Software askea badarabilgu, gero eta garatzaile gehiagok lan egin eta elkarlanean aritzea ahalbidetuko dugu, kode itxiaren jabeak ezarritako mugak gaindituta. Esaterako, erakunde publiko batetik aplikazio jakin bat garatzeko lehiaketa antolatuz gero, garapena bukatu ostean inork ez du galaraziko herritarrek aplikazioa hobetu edo aldatzea. Are gehiago, etorkizunean software hori gaurkotzeko lehiaketa berria egongo balitz, kode irekiak enpresa desberdinek aztertzea ahalbidetuko luke eta, horri esker, aurrekontu egokiagoa aurkezteko aukera izango lukete, jatorrizko aplikazioa diseinatu zuen enpresarekiko aukera berdintasunean.

Egia da administrazio baten sistemak software askera eraldatzeak baduela kostu bat. Baina egia da, halaber, software pribatiboak lizentziak ordaintzea eskatzen duela, askoz garestiagoa izan daitekeena. Instalazio edo mantentze kostuak, gainera, lehiaketara atera daitezke, tokiko hornitzaileek zerbitzu horiek emateko moduan egongo liratekeela. Alegia, lizentzietan diru publikoa gastatu beharrean, atzerriko enpresetan batik bat, bertoko enpresetan inbertituko genuke. Noski, bada beste aukera bat, beharrizan horiei aurre egiteko lanpostu publiko iraunkorrak sortzea, gure sistema informatikoarekiko burujabetza are gehiago indartuz, enplegu publikoa, egonkorra eta duinaren alde egiten dugun bitartean.

Software askearen kontzeptuak, gainera, badu lotura elkarlana bezalako eduki filosofikoekin: demokrazia, horizontaltasuna, aukera zein genero berdintasuna eta internazionalismoa. Guztiok babestu beharreko onura delako, erakundeetako sail guztietatik software askea sustatu beharko litzateke, eta bereziki hezkuntza eta industriatik. Ondo aztertuz gero, berehala konturatuko gara ezin dela lortu nazio burujabea, demokrazia erreala eta herritar askatasun erabatekoa gure instituzioek software askea erabiltzen ez badute.

Gure eskubideak, noizko?

Ana Etxarte eta Diana Urrea – Alternatibako Mahai Feminista

Alderdi Popularraren gobernuak Espainiako Erresumara dakarren olatu neoliberal eta ultrakontserbadoreak, langile klasearen eskubideak zuzenean erasotzen ditu, bortizki eta gupidarik gabe. Baina badute emakumeen eskubideak bereziki erasotzeko beste arma bat, krudela, harroputza eta autoritarioa dena, paternalismo patriarkal eta eliztarraz betea. Nola ez, abortuaz ari gara. Edo bestela esanda, emakumeok gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubideaz. Ziurtzat jotzen dugun eskubidea bada ere, gure klase politikoari esker, indarrean dagoen gobernuaren arabera agertu eta desagertu egiten den aukera bat dela dirudi. Eta bai, urteak igaro dira eta bere horretan jarraitzen dugu, pankartak berreskuratzen, geroz eta ozenago garrasi eginez, eta eskubideak erosteko ahalmenaren araberakoak izango direla aurreikusiz (behar bezalako abortu bat ordaintzeko gai ez bazara, hemen edo Londresen, zureak egin du) eta berriz ere, jakin badakigu gure eskubide eta eskakizunak bigarren mailakoak direla eta gutako bakoitzaren gorputzaren, sexualitatearen eta izan nahi dugun haur kopuruaren gainean erabakitzeko ahalmen burujabea mugatzen digutela; dirudienez, ez dute bestelako eskubide eta burujabetza mota batzuek duten bezalako arreta merezi. Hau “emakumeen kontua” besterik ez da.

Alderdi politiko, gizarte erakunde eta sindikatuei galdetu nahi diegu: zer gertatzen da?, zer ari zarete egiten gure oinarrizko eskubideak lotsagabekeriaz zapaltzen dituzten bitartean? Ez al dugu ikusten estatuak eta eliza katoliko apostoliko erromatar sakro-santuak, gure autonomia eta erabakitzeko askatasunaren aurka eragindako eraso honek, langile klaseak pairatzen dituen murrizketa bortitzekin duen harremana?, ez al duzue ulertzen langile klasearen eskubideen murrizketak eta emakumeen menpekotasuna eskutik datozela? Nola ez, murrizketei kalean aurre egiteko larrialdiarekin eta beharrarekin bat gatoz, murrizketok Euskal Herrian ez ezartzea exijitzen dugula. Baina ez dugu ulertzen zergatik ez zaion sendotasun berdinarekin abortuaren lege berriari erantzuten, emakumeen eskubideen aurkako eraso bortitzenetariko bat izango denari, hain zuzen.

Urte hasieran PPk, Gallardonen bidez, Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legea aldatuko zuela adierazi zuen, hauteskunde kanpainan agindutakoa, oraingoan bai, betez. Helburua, PSOEk duela bi urte lege txepel eta koldar baten bidez onartutako proposamen eskas horiek atzera botatzea da, urteetan mugimendu feministak egindako aldarrikapenak jasotzen ez zituenak eta emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko erabateko ahalmena eta burujabetza bermatzen ez zuenak. Lege honek emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen erabilera mugatu du; ez zuen sektore publikoan abortua praktikatzea bermatzen zuen neurri zehatz eta argirik zehazten; eta azkenik, ez zuen borondatezko abortua Zigor Kodetik ezabatzen. 

Orain PPk lege hau aldatu nahi du, eta udazkenerako iragarri den araudi berri honen edukia zehatz-mehatz ezagutu gabe ere, badakigu gure sexu eta ugalketa eskubideek inoiz izandako atzerakadarik handiena pairatuko dutela, eta baita gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidearen urraketa ere.

Eta badakigu, Gallardon jaunak dagoeneko informazioa aurreratu duelako zunda-baloi moduan. Hasieran, aldaketak 1985eko arauak ezarritako sistemara bueltatzea suposatuko zuela zirudien. Hau da, emakumeak eta arreta ematen dieten osasungintzako langileak babesik gabe uzten zituen sistema bat, eta emakumeen erabakitzeko ahalmena inondik inora bermatzen ez zuena.

Geroago, Gallardonek iragarri zuen fetuaren malformazioa ez zela aurrerantzean abortatu ahal izateko balizkoetako bat, emakumeak haurdunaldiarekin jarraitzera behartuz, fetuak arazo fisiko eta psikiko larriak dituela jakin arren. Ideia zoragarri honekin batera, soberan duten moraltasun dosi bat ere oparitu ziguten, “ezinduek espainiar guztien eskubide berdinak izan behar dituztela” jakinaraziz, eta balizko hau legetik kanpo uztea eskubide hauek ez urratzeko modua zela azalduz. Horrelako berriek eragiten diguten lotsari, amorruari eta ikarari (oraindik harridurarako tarterik gelditzen bazaigu), ikuspuntu orokorra gehitu behar diogu, proposamena Menpekotasunaren Legea desegin asmo duen gobernu baten eskutik datorrelako. Eta honekin aski izango ez balitz, araudi berriak haurdunaldia eteteko balizko bakar bat onartuko duela aurreratu digu: emakumearen kalte psikikoa, beti ere medikuaren txosten batek hala baieztatzen badu. Honek esan nahi du emakume batek beti behar izango duela medikuaren txostena abortatzeko eskubidea izateko, bortxaketa baten edo fetuaren malformazioaren kasuetan ere.

Ez dakigu Gallardonek nor konbentzitu nahi duen honek “amatasuna laguntzen duela” esaten duenean. Manipulatzen saiatzen da eskubide batzuk besteen aurretik jarriz (emakumeenak, menpekotasun egoeran daudenenak; “jaio ez” direnenak); indarrean dagoen abortuaren legeak emakumeen amatasun eskubidearekin harreman zuzena daukala esanez; guk zer behar dugun beraiek bakarrik dakitela eta “bide txarretik aterako gaituen” lege bat egon behar dela saldu nahian. Izan ere, Gallardonek araudia aldatzeko duen arrazoiak ez dauka, berak dioenez, gure eskubideak bermatzearekin zerikusirik. Horretarako, gobernuak aski du emakume asko pobretzen dituen murrizketak egiteari uztea. Benetako arrazoiek, eliza katolikoaren eta Alderdi Popularraren hierarkiak emakumeen erabakitzeko ahalmenaren gainetik inposatu nahi dizkiguten balio erlijiosoekin zerikusia dute. Elizak eta bere sustatzaileek ez dutelako oraindik ulertu erlijioa esparru pribatura mugatu behar dela, eta euren sinesmenen gainetik estatuak herritar guztien eskubideak bermatu behar dituela; eta, batzuei ez gustatu ez arren, emakumeenak ere bai.

Emakumeok abortatzen jarraituko dugu hala erabakitzen badugu, eta lege berri honek ezkutuko abortuen areagotzea besterik ez du eragingo, eta honekin batera arrazoi ekonomikoengatik, beste estatu batzuetara abortatzera joateko aukerarik ez duten emakumeen heriotza tasaren igoera ekarriko du.

Alderdi Popularraren asmoak emakumeon autonomiaren eta gure gorputzen zein bizitzen gainean erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso zuzena dira. Pairatzera behartu nahi gaituzten jazarpen hau itzelezko indarkeria patriarkalaren adibide garbia da. Gogor erantzun behar diogu esparru guztietatik, eta Euskal Herriko indar politiko, sozial eta sindikal guztien erantzukizuna da, gaur inoiz baino gehiago, abortu librea eta doakoa eskatzea, bestelako aldarrikapen asko egiten diren modu sutsuan. Edo akaso emakumeen eskubideek itxoin behar dute?

Irudia: @Transfeministas

Ez dugu sakrifiziorik onartzen

Asier Vega eta Amaia Agirresarobe – Alternatiba

Biblian jasotzen denez, Abrahamek bere seme Isaac sakrifikatzeko asmoa zuen, hari esan gabe Jaungoikoari eskaintzera zihoan sakrifizioa semea bera zela. Agindu jainkotiarra betetzeko prest zegoenean, aingerua agertu zitzaion, esanez: “Ez egin minik mutikoari, dagoeneko badakit Jainkoaren beldur zarela, ez baitiozu ezetzik izan zure seme bakarra niri emateari”. Tamalez, testu biblikoak asteotako egunkarietako azalekin antzekotasun gehiegi ditu.

Espainiako Erresumako Presidente Mariano Raxoik lepora zuzendutako labankada eman die herritarrei, murrizketa, BEZaren igoera eta kotizazio sozialen beherakada – langileen soldataren zati bat jaitsita- deitu arren. Erasoa justifikatzeko, Aznarren ondorengoak “sakrifizioa onartu eta zerbaiti uko egiteko” unea heldu dela ziurtatu zuen, bestela, “sakrifizioak alboratu eta guztiari uko egin” beharko litzaiokeelako. Banka ahalguztiduna odol eske ari da, eta ez du inongo aingerurik bidaliko Abrahamen eskua geldiarazteko. Herria da bere kateak eskatu beharko dituena, sakrifizioak orain onartzeak guztiari uko egitea ekarriko baitu.

Raxoik esan zuen Espainiari eman beharreko laguntzak inposatutako baldintzarik ez zuela izango. MoU deritzona (Ulermenerako memoranduma) ikusi ostean, PPko buruzagiak banan-banan jarraitu dituen eskakizun guztiak jasotzen direla egiazta daiteke; gezurretan ari ziren beraz, zigor bikoitzarekin gainera. Laguntza ez da Espainiarentzat, Alemaniako banku eta zordun diren banka pribatuko gainerakoentzat baizik. Gainera, ezarritako baldintza zorrotzek, gutxien dutenek are okerrago egon daitezela besterik ez dute eragingo, Espainiako Erresuma beste erreskate baten atarian jarrita zorra ordaintzerik ez duenean. Europako Banku Zentralaren, Europako Batzordearen eta Europako Banku Agintaritzaren eskutik etorriko da inposatutako baldintza guztiak zintzo betetzen diren ikuskatzea.

Greziaren finantzak kontrolatzen dituen troikak ez-bezala, zor pribatuaren zama arintzea proposatu berri duten NDFako ortodoxoak Europako Banku Agintaritzarekin ordezkatu dituzte, finantza sisteman egonkortasuna eta gardentasuna sustatzeko helburua omen duena baina Londresko City ilunean egoitza duena.

BEZaren igoera benetako labankada da, herritar guztiek modu berean ordaindu beharko dutelako haien gaitasun ekonomikoa edozein izanda ere. Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako lehengaiak, esaterako, %8tik %21era igoko dira. Montorok, tartean, errugabeek bekatariengatik ordaindu beharko dutela onartu du (BEZarekin iruzurrean ari direnak eta amnistia fiskala darabiltenak, edota Erresumako hiriburuko hamaikagarren saio olinpikoa babestearen truke kenkariak baliatuko dituztenak). Kotizazio sozialen beherapena ere dakar erasoak, pentsio sistema publikoari kalte egin eta langabezia saria seigarren hilabetetik aurrera murriztuta, existitzen ez den enpleguaren bilaketa sustatzeko aitzakiapean. Murrizketek 65.000 milioi euro aurreztea dute helburu, baina ahaztu egiten dute sozialki zein ingurumenari begira sostengaezinak diren obretan zein ejertzito, monarkia edo senatua bezalako eremuetan murriztea. Jaitsi egin dute, halaber, funtzionarioen soldata (parte bat bankari oparituta) eta aniztasuna zein kontrol politikoa ere kaltetuko dute, zinegotzien %30 murriztuta.

Pentsa zitekeen dagoeneko guztien kontra egin dutela baina, tamalez, seguru gaude murrizketak ez direla horretara mugatuko: pentsioak jaistea eta erretiro adinaren atzeratzea bizkortzea laster izango ditugu mahai gainean.

Maastrichteko Ituna, Lisboakoa eta ukiezina zirudien konstituzioaren erreforma defizit publikoari muga jartzeko. Guzti horiekin, urratsez urrats, Espainiako Erresumak politika ekonomikoa egiteko berezkoak zituen lanabesei uko egin die. MoU memorandumak Espainiako finantza sistemak bete beharreko 37 baldintza zehazten ditu; are gehiago, jaso gabeko edozein neurri hartzeko asmorik izango balu, gobernuak jagoleei ohartarazi beharko lieke. Burujabetza laga dutela erakusten dute Margallo ministroaren hitzek, “subiranotasun nazionalaz hitz egitea ergelkeria” zela esan zuenean, “partekatutako subiranotasunen munduan bizi garelako”.

Memorandumak, halaber, aurrezki kutxak bankuen gainean duten jabetza %50aren azpitik mugatzera behartzen ditu. Espainiak horretarako beharra ezarriko du legez, eta, hori gertatzen denean, euskal kutxek Kutxabank kontrolatzeari utziko diote eta gizarte ekintza galtzetik urrats txiki batera egongo gara. Horrela, agerian gelditu da Gipuzkoako erakunde sortzaileen pribatizazioa saihesteko asmoz negoziatutako mugak ez direla nahikoak izan, are mingarriagoa dena banka publikoa inoiz baino beharrezkoa denean.

Konponbidea, berriz ere, hartu izan diren neurrien kontrako norabidean doa. Zergatik bultzatu zituen Europak fusio berriak, aurretik zabaldutako kezka finantza erakundeen tamaina zenean eta, ziotenez, erortzen uzteko handiegiak zirenean? Banka pribatua erreskatatu aurretik aztertu beharko litzateke zergatik herritarren lepotik ordaindu behar den. Ackermannen banka alemaniarrak zor hori erosi zuenean, ez omen zekien ezinezkoa izango zela bueltatzea? Ikuskaritza egin beharra dugu, zorraren zein parte den zilegi erabakitzeko eta, horren arabera, zer ordaindu eta zer ez.

Etortzeke dauden politikek eta esku-hartzeek mozkinak eta finantza errenta jartzen duten beste ezeren gainetik. Austeritatea, eskubide murrizketak, pribatizazioak; guztiak dira gizarte desjabetze eta harraparitza politikak. Konponbidea errenta zein aberastasunaren eskutik etorriko da, eskubide sozialak indartzetik. Ez dugu sakrifiziorik  onartuko, ez jainkoaren ezta bankaren izenean ere ez.

Guztiona eta guztiontzat

Mireia Arginzoniz, Josu Aztiria, Karmele Aierbe eta Jokin Melida – EH Bilduko kideak

Diskurtso ofizialak eraginda, gizarteak ez du sinesten euskara desagertzeko arriskuan dagoenik. Gauza asko egin dugu denon artean eta hil-kanpaiak ez ditugu joko, baina errealitatea egoskorra da.

Behatokiaren urtez urteko txostenek erakusten dute euskaldunen hizkuntz eskubideek urratuta jarraitzen dutela Euskal Herri osoan, eta administrazio guztiek egunero urratzen dituztela; kale erabileraren neurketak eta inkesta soziolinguistikoak argi gorriak piztu dituzte. Agertutako datuek diote euskararen kale erabilera ez dela hazi azken hamabost urtean eta %13 eta %14 artean goia jo du. Hein horretan trabatuta dago, eta planto egin du. Soziolinguistikaren Klusterrak iradoki duen bezala, baldintzak aldatzen ez badira erabilerak ez du gora egingo, ez eta ez bada hiztun kopurua handitzen eta hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago ez bazaie ematen.

Bestetik, euskaldunen kopuruak bost puntu egin du gora azken bi hamarkadetan Euskal Herrian, eta azken urteetan hazkunde hori apaldu egin da. Igoera hori batez ere gazteen artean gertatu da. Baina joera hori ez da islatu erabileran. Gazte elebidun gehiago egon arren, euskara gutxiago erabiltzen dute gaurko gazteek duela hogei urteko gazteek baino. Ez baitira euskaldun osoak; hobeto moldatzen dira erdaraz, eta euskaraz jarduteko zailtasunak dituzte; gune erdaldunetan bizi dira; euskararenganako atxikimendu apalagoa dute; eta pisu demografiko txikia dute, jaiotze tasak behera egin duenez.

Geldotze eta moteltze zantzuak sumatzen dira, beraz, euskararen normalizazioa galtze joeraren abiapuntu batean dago, eta ez badugu ezer egiten, galdu egingo dugu. Aurrera ez egitea atzera egitea da.

Bi estatu handien mehatxupean, euskarak mendeko estatus juridikoa du. Espainiako eta Frantziako Konstituzioek espainierari eta frantsesari balio hierarkizagarria ematen diete, estatuen baitan dauden gainerako hizkuntz komunitateak menderatu eta hizkuntza horietako herritarrak bigarren mailako bihurtzen dituzte. Asimetriak eta kanpo mugak nabarmenak dira: denok behartuta gaude erdara jakitera, baina ezin dugu inor behartu euskara jakitera. Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak Espainiako Konstituzioak ezarritako erdaldunen elebakartasuna toleratzen dute eta euskaldunena eragozten.

Gaur egun euskara ez da ofiziala Euskal Herriko bere lurralde osoan. Eta euskararen estatusa, bi estatutan zatitua, bost eraentza juridikok arautzen dute. Ondorioz, euskal hiztunak eskubide desberdinak ditu bizi den edo dagoen tokiaren arabera; eta ofiziala ez den eremuetan euskaldunak ez du hizkuntz eskubiderik.

Bidegurutzean gaude: euskararen egungo politika eta egitura juridiko hauskorrean jarraitzea ala euskararen politika aldatzea eta beste marko normalizagarri bat eraikitzea. EH Bilduk euskararen politika zaurgarri honetatik ahal den azkarren irtetea eta euskararen beste marko normalizagarri bat eraiki nahi du.

Orain arteko hizkuntz politikek ez dute balio izan euskaldun eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna berreskuratu eta berrezartzeko. Kasurik onenean ere, intentsitate gutxiko politikak izan dira. Euskararen garapenak behar dituen minimoen azpitik. Eta, oro har, euskararen egoera minorizatuak ito egiten ditu ahalegin normalizagarri horiek, oztopoak bultzadak baino handiagoak direlako.

Horrenbestez, EH Bilduren ustez, hogeita hamar urteko mendeko politika partzialaren ondoren, euskararen garapen osoa azkartu eta lortzeko, beste hizkuntz politika bat, lehentasunezkoa eta burujabea, garatu eta gauzatu behar dugu. Euskarari estatus egokia ematea ezinbestekoa da, berezkoa, normalizatu beharrekoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa izan dadin. Hizkuntz politika berriaren oinarriak honako hauek izan behar dute:

1.- Burujabea, kanpo esku-hartzerik gabekoa. Gaur egun dauden oztopoak eta debekuak gainditzeko eta politika eragingarria abian jartzeko.

2.- Estatus juridiko egokia duena. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa, hizkuntza ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa.

3.- Euskara erdigunean jarri eta baliabide nahikoak dituena: Euskararen normalizazioaren zentralitatea aldarrikatu eta praktikara eraman behar dugu. Euskara ardatz bai diskurtso eta praxi politikoan, eta baita administrazio publikoaren egituretan ere. Era berean, zentralitateak esan nahi du baliabide pertsonalak eta baliabide ekonomiko nahikoak bideratu behar direla euskararen normalizaziorako, pauso kuantitatibo eta kualitatibo nabarmena emanez.

4.- Zeharkakoa egin. Euskararen normalizazioa gizabanako eta eragile guztien bultzadatik eta auzolanaren eskutik etorriko da. Eragile guztien erantzukizun aktiborik ez bada, ez da normalizaziorik lortuko. Era berean, hizkuntz politika bateratua egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroa Garaiarekin eta Iparraldearekin koordinatzeko; tokian tokiko errealitate bakoitzaren abiaburua, baldintzak eta erritmoak kontuan hartu behar dira.

Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar ditugu. Euskararen erabilera irabazpidean jartzeko, beste hizkuntz politika bat egiteko, euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko, euskara unibertsalizatzeko. Euskara denona eta denontzat izateko.

X