Marimutil itsusi eta parte-hartze politikoaz

Irantzu Varela – Alternatibaren Mahai Feminista

Gizon nagusi, itsusi eta fatxa batek bere burua zilegi jo du egunkari batean honakoa galdetzeko: “zergatik izan behar dira Bildu eta CUP-eko emakumeak hain itsusiak?”.

Orokorrean hitz egiten zuela alde batera utzita –jakin badakit gizon horrek ez dituela “emakume independentista” guztiak ezagutzen, ez behintzat Bildukoak-, haserrea eta kezka eragiten dit bere ausardia arraroa ezta harrigarria ez dela onartu behar izateak.

Gizon honek argitara eman du beste askok pribatuan –eta ez beti- pentsatu eta zabaldu egiten dutena: jaungoikoak (edo patriarkatuak) ezarritako irizpideak betetzen ez ditugun emakumeak ez direla atseginak.

Bizi dugun menpekotasun sistema patriarkal honek, emakumeoi askatasun limosna txikiak eman izan dizkigu urteak joan urteak etorri. Bozkatzeko, gidatzeko, lan egiteko, dibortziatzeko edo kontu korrontea izateko aukera eman digute denborarekin. Alabaina, erailak, bortxatuak eta baztertuak izaten jarraitzen dugu, gehiengoaren atsekabearen eta axolagabekeriaren aurrean. Hori bai, gero eta jende gehiagorentzat oso gauza gaitzesgarria da. Neurri zehatzak hartu edo jokabide matxistak emakumeek gizartean duten paperarekin zerikusia duela onartzeko, baina, inolako asmorik gabe.

Bada esklabutza mota bat zeinetik askatzeko aukera inoiz emango ez diguten, sistema bera haren gainean eraiki dutelako, gure lekuan egotearena, gure papera betetzearena, gugandik espero dena egitearena: besteen desirak eta beharrak asetzea alegia. Zaintzea eta apaingarri izatea.

Gure espazioa eremu pribatuarena da, gure betebeharra besteen gustukoa izatea eta besteen zerbitzura egotea; gai garrantzitsuak, berriz, gizonezkoentzat dira, jendearen erdia bakarrik diren arren.

Eta esklabutza horretatik at bizi nahi duen emakumea zigortua izango da. Hemen ez ditugu harrikatu, zehatu edo estaltzera behartuko. Hemen, eremu publikoan aritzera ausartzen garen emakumeoi -gure eskubidea balitz bezala-, gizen, itsusi, argal edo zaharrak garela esango digute. Gure orrazkera, gure janzkera eta gure gorputza bilakatzen da hizpide.

Izan ere, politikan aritzera ausartzen garen emakumeok desobeditu egiten dugu. Gizonezkoen sistema matxista honetan, inor harritzen ez delako ordezkaritza eta erabakitze guneetan gizonezkoak bakarrik ikusita; inoren harridura ez du eragiten alderdien zerrendetan gorbatak eta bizarrak bakarrik ikusteak, baina asaldagarria da emakumek batek egin beharko ez lukeena egitea: negoziatzea, protestatzea, edozein forotan hitz egitea, edozein gaiez iritzia ematea, bere ikuspegia defendatzea edota bere interesak besteen interesen paran jartzea.

Hori egiten duten emakumeak lekuz kanpo daude gehienentzat, desatseginak eta deserosoak dira. Horretan aritzen garen emakumeok, nahita edo nahi gabe, patriarkatuaren oinarriari desafioa egiten diogu: gizonezkoek agintzen dute eta beharrak dituzte, guk obeditu eta behar horiek asebete egiten ditugu.

Baldarra, zaharkitua eta gainditua dirudien arren, ez da hala. Azken mendeetan emakumeok gainditu izan ditugun esklabutza guztiek – errebelatu egin izan direnei esker beti ere- gure bizi baldintzak eta gizartean dugun lekua hobetu egin dituzte, baina ez dute ekarri, inondik inora, gure menpekotasunezko lekua lagatzea. Gure menpekotasuna haien asebetetzea baita.

Zaintzaile bezala eta ederrak izaten asebetetzea. Inposatzen diguten eremua pribatua da, bertan bete behar dugulako zaintzaren inposizioa. Eta edertasunaren baldintza ere inposatzen digute. Aurrez ezarritako edertasunaren kontzeptu, irreala, arbitrarioa eta bidegabea, eskuraezina delako. Ia inork ez dio erantzuten eredu horri, baina oso bestelakoa da kontzeptuarekin bat ez datorrena emakumea bada.

Hala, emakumea eremu politikoan murgiltzen denean, eremu pribatuan bakarrik aritzeko duen mandatuari desobeditu egiten dio, eta inork ez dio barkatuko edertasunaren mandatua ere ez obeditzea.

Beraz, emakumeak, politikan parte hartzearekin batera, ikusgai egin beharko ditu bere gorputza, aurpegia, sexualitatea, arropa eta orrazkera, ondasun publikoa izango balira bezala; inposatutako ereduak betetzen ez dituztenean guztien barre, iritzi eta umilazioak pairatu beharko balituzte bezala, trufatzen aritzen direnak eredu horietatik oso urrun egon arren.

Emakumeak, bidezkoa deritzonaren alde borrokatzeko eskubidea praktikan jartzearekin batera, onartu beharko du aurrean dituen gizonezkoak, eta ondoan dituenak ere, aurkari edo bigarren mailako aliatutzat joko duela; diskurtsoari baino bere bularrei arreta gehiago jarriko diola eta bere ileari dituen proposamenei baino garrantzi gehiago emango diola.

Arazoa da halako gauzak gizon nagusi, itsusi eta fatxa batek esaten dituenean, matxista erradikalenek bakarrik txalotzen dutela, Jule Goikoetxeak dioenez, eskasak eta aspergarriak direla. Zer egin, ordea, berdintasunetik eta kide gisa ikusi beharrean etsai eta lorontzi bezala ikusten gaituztenak gureak direnean…?

Berria

Betiko matxismoaren diskurtso berritua

Diana Urrea Alternatiba-EHBilduko kide / Lur Etxeberria EHBilduko legebiltzarkidea

Azaroaren 25arekin batera desagertu dira indarkeria matxistaren kontrako agintarien agerraldiak eta instituzioen manifestuak. Hain erraz desagertuko ez direnak, ordea, azkenaldian indarkeria matxistari buruz nagusitzen ari diren ideia ustel batzuk dira, indarkeria matxista justifikatzen dutenak edo, gutxienez, nahasmena sortzen dutenak, gaia behar bezala ulertzea zailtzeko eta, azken finean, indarkeriari iraunarazteko. Diskurtso mailan inor gutxik defendatuko du, gaur egun, emakumeen berezko lekua etxean dagoenik edo emakumeek gizonek baino gaitasun gutxiago dutenik enpresa, instituzio, alderdi edo sindikatu bat zuzentzeko. Garai bateko diskurtsoek zilegitasuna galdu dute. Diskurtsoak aldatu dira, baina zalantza daukagu ideologia matxista neurri berean higatu ote den. Egiaz, diskurtso matxista berritzen joan da, sofistikatu egin da, nolabait, eta Jaurlaritzaren Prospekzio Soziologikoen Kabineteak egindako inkestak diskurtso berri honen arrakasta jarri du agerian, besteak beste.

Salaketa faltsuena da ideologia matxista zabaltzen ari den ideia nagusietako bat. Gaur egun indarkeria matxista existitzen denik ukatu ezin duenez, emakumeek egiten dituzten salaketa asko faltsuak direla sinetsarazi nahi digu, emakumeei sinesgarritasuna kendu, edozein salaketaren aurrean zalantza sortzeko. Horrela, gaur egun justifika ezina dirudiena justifikatzen da. Indarkeria matxistaz hitz egiterakoan inor gutxi ausartuko da emakumeak horixe merezi zuenik esaten, ez eta etxeko kontu pribatua denik ere; baina ohikoa da emakumeen hitza zalantzan jartzea, indarkeria matxista benetan egon denik zalantzan jartzea. Salaketa faltsuen aldarrikapena asko entzuten da, esaterako, gurasoen banantze-kasuei buruz hitz egiterakoan. Emakumeei salaketa faltsuez baliatzea leporatzen zaie haurren zaintza, pentsioak edo etxebizitza lortzeko. Ideia horrek, bide batez, ideologia matxistak sortutako emakume gaizto, gezurti eta manipulatzailearen irudia indartzen du, emakumeenganako gorrotoa elikatuz. Mundua alderantziz aurkezten digu, biktima borrero bihurtuz, eta erasotzailea biktima. Baina datuak argiak dira. Izan ere, indarkeria guztiaren % 15 besterik ez da salatzen eta salaketa faltsuak ez dira % 0,1era iristen. Hortaz, indarkeriaren dimentsioa azaleratzen dena baino askoz handiagoa da eta ez alderantziz. Indarkeria matxista gehienak itzalean jarraitzen du oraindik ere.

Era berean, indarkeria ekintzak alkoholarekin, drogekin eta estresarekin lotzen jarraitzen dugu, beren buruaren kontrola galdu duten gizonen ekintzak balira bezala. Ideia horren arabera, gizon «normal» eta «sanoek» ez dute indarkeria matxistarik erabiltzen eta erasotzailea pertsona gaixoa da, desorekatua, biolentoa… gutarra ez dena, azken finean, arazoa gugandik kanpo kokatuz. Baina arazoa gure-gurea da, publikoa, politikoa. Gizon deskontrolatuen ekintza baino, emakumeen kontrola mantentzeko mekanismo sistematikoa da indarkeria.

Indarkeria matxistaren inguruan daukagun irudiak ere ez digu errazten horri aurre egitea. Izan ere, indarkeria matxista ukabilkadarekin eta begi morearekin erlazionatzen dugu, indarkeria fisiko zuzenarekin, alegia, eta horrek zaildu egiten du bestelako indarkeriak identifikatzea. Baina mugimendu feministak aldarrikatzen duen moduan, indarkeria matxistak baditu hamaika aurpegi. Nork ez du inoiz gizon-talde baten aurretik pasatzean komentariorik entzun behar izan? Nork ez du inoiz etxera gauez itzultzerakoan nondik, norekin eta nola joango den pentsatu behar izan? Nor ez da inoiz bilera batean gutxietsia sentitu? Nork ez du zaintza-lanen ardurarik? Eta nor ez doa lan-merkatura beste motxila horrekin? Nork ez du presiorik sentitzen dieta egiteko edo itxura jakin bat izateko? Izan ere, emakumeak besteentzat gara, besteentzako gorputzak, besteentzako bizitzak. Horra hor indarkeriaren oinarria. Horregatik, sekulako iraultza dakar gure bizitzak eta gorputzak gureak direla aldarrikatzeak.

Laburbilduz, salaketa faltsuen ideiak eta indarkeria matxistaren ikuspegi murritzak indarkeria matxista desitxuratzen eta iraunarazten laguntzen dute. Diskurtso berrituarekin dator betiko matxismoa. Hala ere, udazkenak zuhaitzak biluzten dituen bezala asmatuko ahal dugu ideia ustel hauek biluzten, eta etorriko ahal da azaroaren 25ik gabeko udaberria.

BERRIAn argitaratua

Mas ez da prozesua

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Nahiko haserre nabil, salbuespenak salbuespen, Kataluniarekiko Euskal Herriko elkartasun mugimendua zein eskasa den ikusita. Batez ere, Euskal Jaurlaritzaren eta Eusko Legebiltzarraren aldetikoa.

Egia da, aurreko urteetan Estatuko indar faktikoen erasoen aurrean Kataluniako burgesiaren alderdiek oso ustel jokatu zutela, konplize izan ez zirenean. Baina, hori ez da arrazoi, egun Espainiako estatua krisiaz jota dagoen garaiotan gu antzeko parezido jokatzeko. Kataluniaren askatasuna gurearekin lotua dago nahiz eta bakoitzak gure bidea egin. Inork ez dezala pentsa euskaldunok edo katalanak bakarka eta isolaturik Estatuari aurre egiteko gai izango garenik, batez ere honek errepresio bidea hartzen badu. Beraz, elkartasuna gure aldetik, lehenengo aldarria.

Alabaina, badugu gurean, estrategiaren inguruko eztabaida bat, zeina egun Kataluniari begira egiten dena, baina, bide batez gurearekikoa dena. Eskandalizatua nago gure tertuliakide, iritzi emaile eta Kataluniatik datozen zenbait iritziek zer nolako amorruarekin kritikatzen dute CUPen jarrera eta nola modu akritikoan zuritzen duten JPS-rena. Nik zalantzak ditut CUPen taktikaz, alabaina ziur nahiz arrazoi sakonak dituztela soka tenkatzeko eta JPS-koei gauzak zail jartzeko.  Egun bereko «Azaroko zazpi egun» iritzi artikuluan David Fernandezek argi azaltzen ditu beren arrazoiak: «Nola eta noiz. Nork ez da garrantzitsua». «Independentzia, pobreziarik ez, ustelkeriari ez». Hor datza gakoa.

Bistan da Mas oso azkarra izan dela Espainiar Gobernuaren gogortasunari zukua ateratzen, batez ere A9ko erreferendumaren ondorengoari. Une horretaraino hain eredugarri genuen gizarte zibilaren protagonismoari buelta eman zion eta prozesuaren buruaren buruan jarri zen agendaren edukia eta erritmoa berak markatuz. Ezin da ahaztu, Kataluniako Asanblada Nazionalak beste erreferendum mota nahi zuela eta partiduen arteko paktuak ere bai, eta Mas-ek maniobratu egin zuela urak bere errotara erakartzeko, ERC bigarren lerrora atzeratzeko, eta «ni hala ezer ez» mehatxupean CUP ere paretaren aurka jartzeko. CUPekoek ez dute ahaztu.

Garai zaharretan Jordi Pujol eta Katalunia parekatzen zutenek, gauza bera egin nahi dute Mas eta prozesuarekin. Eta ez da egia. Mas paper garrantzitsua jokatzen ari da, eta jokatuko du, alabaina, bera ez da prozesua. Berau, gizarte zibilaren baitan behar du egon, edo egon beharko luke. Jakina, Gobernu berriak garrantzi handia izango du instituzional arloan prozesua kudeatzen; bidenabar demostratu beharko du independentzia herritarren onerako izango dela, eta batez ere, krisiak gehien kaltetu dutenekiko. Nazio askatasuna eta justizia soziala, txanponaren bi alde banaezinak direla sinesten dugunok ezin dugu ulertu, lehenengo independentzia eta gero gerokoak. Aldiz, «Independentzia, pobreziarik ez, eta ustelkeriarik ez» uztartu behar ditugu David Fernandezek aldarrikatzen duen bezala. Ez da independentzia eta sozialismoa une berean bat egitea. Ez gaude horrelako tesitura batean. Baina bai bizimodu duinarekin lotzea. Nola arraio bestela bere burua espainiar duten sektore behartsuei konbentzitu Espainiatik alde egiteak onuragarria izango zaiela?

Hots. Gobernu garbi eta zuzena behar da, justizia soziala gauzatzeko eta independentzia lortzeko ere. Mas-ek klase ertain abertzalean lidergoa du, baina ez urte hauetan bultzatu duen politika neoliberala jasan dutenen artean.

Bukatzeko. Zergatik presio oro CUPen aurka eta ez JPS-eko ezkerrekoei? Zer egiten ari dira ERC eta independenteek irtenbide bat aurkitzeko?

Izan ere, Davidek oso modu egokian dioen bezala: «Hemezortzi hilabete barru irabazi egin behar baita etorkizuneko errepublikako erreferendum konstituzionala». Nola irabazi independentismoak alde soziala eta nazionala uztartzeko ez bada gai? Hots. Arazoa ez da, batzuk dioten bezala, ezkerkeria edo dogmakeria gaitza, prozesua nola kudeatu baizik. CUPekoak segur aski neurri batean amore eman beharko dute, ez baitute aski indarra bere tesiak gauzatzeko, eta ez dut uste prozesua usteltzen utziko dutenik, baina JPS-koak ere antzeko. Eta orain arte egin duten guztia itxurakeria izan da, ez benetako eskaintza. Eta Euskal Herriko ezkerreko independentistei nire iritzi apala. Arren, ez dezagun zama guztia CUPeri egotzi, baita ERCri eta JPS barruan Mas-en morroi bihurtu direnei ere.

Naiz-en eta Berria-n argitaraua

Batasuna, zergatik ez?

Aldaketa garaiak bizi ditugu. Sentsazio lausoa dago giroan, une historikoekin lotuta joan ohi den sentsazioa. Analisi arrazionala eginez gero ere, aldaketa garaian gaudela ondorioztatzen da. Sistema kapitalista astintzen ari den krisi globala oraindik eta ondorio sakonagoak eragiten ari da Europako Batasuneko zonalde periferikoetan (Grezian eta Espainiako estatuan, esaterako), hain zuzen, egitura ekonomikoak eta politikoak egonkortasun txikiagoa daukan inguruetan. Arlo politikoan eta ekonomikoan, bigarren maila batean geratu da periferia hori eta, horren ondorioz, herri klasearen eskubide sozialetan eta maila ekonomikoan ikaragarrizko atzerapausoa gertatu da.

Espainiako estatuan krisiak eta eman den atzerakada zentralista basatiak lurralde ereduaren porrota eragin du; Kataluniako prozesu subiranista da horren adibiderik garbiena. Bestalde, ustelkeriak eragin du herritarrek egitura politiko tradizionaletan —kasta terminoarekin ere bataiatu da— konfiantza galtzea. Krisiak, ustelkeriak eta 1978an indarrean jarritako eredu sistema politiko eta lurralde-eredua ahituta egoteak bultzatu du mugimendu berriak sortzera. Mugimendu berri horiek aldaketaren ilusioa ekarri dute mugiezina zirudien eszenatoki batean.

Inguruan parekorik ez zeukan mugimendu soziopolitikoaren protagonista izan den Euskal Herria, bien bitartean, impasse egoeran dagoela ematen du. Krisiak gogor jo du, baina Espainiako Estatuaren egoera negargarriarekin alderatzeak efektu kontserbadorea izan du, eta bertako kudeatzaileen irudia hobetu du. PPSOEk hondoa jotzeak kudeaketa eremu berriak ireki dizkio EAJri. Era horretara eta paradoxikoki, EAJ, kasta-ren euskal ordezkaria, indartuta atera da krisitik, nahiz eta porrot egin duen sistemaren zutabeetako bat izan; Erregimenari eusteko harresia bihurtu da, eta aukera eraldatzaileek aurrera egiteko galga da. Horregatik, polizia gaur menderakaitza den Convergencia alderdiaren egoitzetan sartzen denean bere izaera ustela agerian uzteko (horren inguruko zalantzarik ez dugu), sistema babesten duten komunikabideek estali egiten dute EAJren inguruan dagoen lagunkeria eta ustelkeria.

Dena dela, impasse egoera horretatik atera beharra dago. Euskal ezkerrak, ezkerrek, oraindik ere asko dute esateko. Oro har hartuta, ezker eraldatzaileko aukeren batuketak herri honetako lehen indarra bihurtuko litzateke. Gehiengo horren artikulazioaren ondorioak ondo baino hobeto ikusi dira Nafarroan.

Idatzi hau sinatzen dugun pertsonon helburua da austerizidio politikekin eta herritarren eskubide galerarekin apurtzea, langileriaren eta herritarren gehiengo handi baten interesen aldeko neurriak bultzatzea; azken finean, subjektu politiko gisa aitortzea, prozesu eratzailea irekitzeko eta, era horretara, egunerokoan euskal herritarroi eragiten diguten gai guztiez dagokigun erabakitzeko eskubidea egikaritzeko. Bidezko bake inklusiboa erdiesteko politikak egin nahi ditugu, irabazle eta galtzaile gabekoa, indarrean dauden salbuespenezko lege eta neurriak amaituko dituena; pertsona guztientzako giza eskubide guztien errespetutik eta biktima guztien eskubideak eta sufrimenduak aitortzetik eta errespetatzetik abiatuko den bakea.

Jakin badakigu helburu horiek lortzeko aldaketaren aldeko botoak baino gehiago behar ditugula, eta eskubide guztien defentsa egingo duen boterea eta herritarren unitateak sortu behar direla. Indarrak metatzeko abian den prozesua sustatu behar dugu, eta aldaketaren aldeko elkarketa dinamikak sorrarazi.

Era berean, aitortzen dugu prozesu honetan borroka feministaren aldarrikapenak lehen lerroan jarri behar direla, berdintasunean eta gainontzeko aurrerapausoen azpian jarri gabe, ezkerrak behin eta berriro egin duen akatsa ez errepikatzeko.

Batasun herritar hori eratzeko prozesuan aurrera egitea siglen batuketa artifiziala baino askoz gehiago izan behar da; behetik gora egin beharko da, kalean dagoen ilusioa eta herritarren parte-hartzea berpiztuta, herri batzar anitz eta demokratikoak toki orotan eginda.

Aurreko esperientziek erakusten digute konfiantza eta elkar ulertze berrietatik bakarrik aurrera egin ahal izango dugula; ekimen eta esperientzia bateratu eta arrakastatsuak partekatu behar ditugu, aldez aurretiko beharrezkoak diren eztabaida eta posizio argitze guztiekin. Indar, sentsibilitate eta tradizio ezberdinak tartean daudela kontuan izanda. Prozesu hau ezin da bideratu boluntarismotik, eta entsegu sozial eta politikoa behar du. Gainera, aitortu beharko da aldaketaren aldeko beste sentsibilitate batzuk daudela PSOEko, IUko, Equo-ko edo Errepublikarren zenbait sektoretan, eta baita ere egun gehiengo diren adierazpen politiko nagusietako (EH Bildu eta Podemos) sektore independenteetan, nahiz eta oraindik identifikatu ez. Hortxe daude, mugimendu sozialetan, mobilizazioetako beste esparru batzuetan, berrikuntza artistikoan, teknikoan edota zientifikoan? Aldaketaren, giza eskubideen eta ahalduntzearen inguruko proposamen eta horren artikulazio sozio politikoaren inguruko proposamen komunak dituzte.

Idatzi hau sinatzen dugun pertsonok uste dugu ibilbide honi ekin behar zaiola. Bai, posible da! Herritarren etorkizunerako bide berri horri oinarriak ezartzeko lan egiteko prest gaude, Batasun eta Botere herritarrak sortuz gure etxeko txoko guztietan.

Kepa Gonzalez (Orain Amurrio-ko zinegotzia), Luis Angel Sanchez de la China (Galdakao Orain-eko zinegotzia), Aitor Huarte (ikaslea), Eñaut Gracia (EH Bilduko zinegotzia Errenterian), Alba Fatuarte (Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzia Bilbon), Andoni Rojo (EH Bilduko kidea).

Berria-n eta Argia-n argitaratuta

Arramendi kaskoan Aitzoli galdezka

Joseba Barriola – Alternatiba

Iluna zegoen oraindik, Arramendiko kaskora igo nintzenean. Zeruko ertz batean “Hiru Erregeen” konstelazioa, beste ertzean “Hartza Handia”-rena. Bien artean bost puntakoa. Eta ehunaka izarren tartean, distiratsu, Ilargi txikitxoa eta Artizarra. Aiako Harria ilun, Jaizkibel aldean Papelerak hedatutako ke zuriaz egindako xingola herriko gauargiz argitua. Aitzolekin elkarrizketa enpatiko bat egitea bururatu zitzaidan. Enpatikoa esanez, bere gogoaren muinarekin lotura egiten saiatzea esan nahi dut. Nik egiten nizkion galderak eta bere gogo enpatikoak erantzun. Hauxe da gertatu zena:

Kaixo Aitzol. Nola zaude?

Ni zigortua nago. Preso nago. Eta gaixotasun larri batek harrapatua nago. Nagoen egoeran batzuetan heriotzaren beldur nago. Beldur daude ere kartzeletako agintariak. Izan ere, preso bat jarri dute nirekin zelda berean ni zelatatzeko. Ez dute funtzionario bat jarri, preso bat. Ez dute nire lagun presoren bat jarri, preso bat baizik. Baditut preso lagunak eta baita medizina eta psikologia ikasten ari direnak, bainan ez dute horiek nire ondoan jarri. Zergatik daude beldur? Segur aski konplikatu xamar egingo zitzaielako, hainbeste urtetan kartzelan egondako preso gaixo larri bat hiltzen bazaie. Egon, bada, holaxe nago. Gaixotasunarekin jokoan, bizitza duin baten aldera eraman nahian egoera.

Zergatik zaude horrela?

Erabaki bat hartu nuen gazteago nintzenean, ETAkide izateko erabakia. Espainiako Gobernuak, bere aldetik, erabaki zuen ETArekin ezin zela negoziatu ezer eta ETAko guztiak preso, atzerriratu edo hilak egon behar ginela. Eta harrapatu ninduten. Bainan ez da arrazoi bakarra. Ni baino askoz ere gaixotasun suabeagoak izan duten beste preso batzuk (Tejero edo Galindo adibidez), borroka armatua egiteagatik kondenatuak, aspaldian daude libre. Aldiz, niri presoaldi askoz luzeagoa eginarazi didate, eta gaixotasun askozaz ere larriagoa izanda ez naute askatzen. Bainan bada beste arrazoi bat. Espainiako justizia guztiz faltsua da. Esaten dute bakeagatik hartu gaituztela preso, bainan gerrak antolatu eta ordaindu duten presidenteak (Felipe Gonzalez, Aznar, Zapatero, Rajoy) libre daude eta ohore eta soldata handiekin bizi dira. Esaten dute borroka armatua ezin dela inongo helburu politikogatik ez praktikatu eta ez justifikatu, bainan beraiek gerra armatua (Jugoslavia, Irak, Afganistan…), eta kolpe militarrak (2002ko Chavez-en kontrakoa, Aznarrek eragindakoa eta Zapaterok urte batzuk geroago babestua) eragiten dute helburu politikoak eta ekonomikoak lortzearren. Espainiako justizia faltsua da eta hipokrita. Ez da justizia, baizik eta boteredunen interesen araberako justizia. Horri deitzen diote etika sakro-santua.

Zu, Aitzol, norbait zara. Preso dagoen norbait. Gaixotasunarekin hil ala biziko jokoan dagoen norbait. Arrazoi batzugatik egoera batean dagoen norbait zara. Hauxe da bada galdera: Nor zara zu?

Nire bizialdia bukatutakoan bakarrik esan nezake nor naizen. Bitartean, erantzun probisionala baizik ezin dut eman. Momentu honetan nor naizen, alegia. Eta esango dizut, pentsatzen jarrita, erabaki askoren emaitza naizela.

Lehenik nire aurrekoen erabakien, eta guztiz bereziki nire gurasoen erabakiaren emaitza naiz. Beraiek erabaki zuten ni mundura ekartzea. Ez zekiten zenbat poza eta zenbat sufrimendu etorriko ziren erabaki haren ondoren, bainan erabaki zuten. Mundura ekarri, zaindu, lagundu, nire ondoan egon beti, unerik gogorrenetan ere. Aitaren patxada maitekorra, amaren negar bizigarria. Hori da gurasoei eskertzen diedanaren muina. Ni naiz beraien erabakiaren emaitza bizia.

Gainera, nire bizitzan hartu ditudan erabakien emaitza naiz. Eta nagoen egoerarekin lotura zuzena duten bi erabaki berezien emaitza. Esan dut lehenago gazteago nintzenean ETAkide izateko erabakia hartu nuela. Erabaki zaila, zalantza asko gainditu ondoren hartua, erabaki neurri batean mingotsa ere, bainan adorez eta konbentzimenduz hartua. Gogo batek bultzatu nindun urratsa egitera: gure herriaren eta gure herriko jende bakoitza eta guztiaren askatasunaren alde egitea. Eta gogo hari eransten badiozu ezarrita zegoen sistema konstituzionalarekin askatasunerako ate guztiak itxiak ikusten nituela, ulertzekoa da gogoak hartu zuen borroka modua. Modua eztabaidagarria izan daiteke. Guk beti egon gara eztabaidan: Ondo analizatu ote genuen egoera eta gure ekintzen ondorioak. Hartutako bidea egokia ote zen edo ez, askatasunera iristeko. Egindako gauzen artean ondo eginak edo gaizki eginak egon ote ziren. Bide horretan gehiegi luzatu ote ginen edo ez. Eragindako sufrimendua (gure artean eta gure artekoak ez zirenen artean) merezi ote zuen. Hori dena eztabaidatua izan da, haserreak ere piztu dira, zatiketak, tentsioak. Eztabaidatu daiteke eta ari gara. Hortik ere ikasi dezakegu dugun gogoa (herritarren bizitza duina eta askea) indartu dadin.

Bigarren erabakia, berriz, amankomunean hartu duguna izan da. Borroka modua uztea, askatasun gogoari arnas eta indar gehiago emango diola ustetan. Berriro ere, geroak argituko digu, erabaki egokia izan den ala ez. Bainan, momentu honetan, eta argudio serioekin, horretan gaude eta nago. Hau izan da beste erabaki garrantzitsu bat. Eta aldaketa honen ondoren, hemen nago preso. Egunero erabakitzen dut bizitzari baietz esatea, eta bizitzari zukua ateratzea, zuku gozagarria, adimentsua niretzako eta nire herriko jende guztiarentzat. Aurrerago esanen dizut nolatan mugitzen naizen, zer ari naizen ikasten ahalegin, batzuetan gogor, batzuetan etsipenetik gertu, baina beti, jasotzen dudan maitasun, laguntasun, babes eta animoak eskertuz eta nire alea jarriz, ahalegin saiatu honetan.

Eta esan dezaket nire bizitzan hartutako erabaki guztien emaitza naizela, eta nire nor izatean aipaturiko bi erabaki horiek eragin berezia izan dutela, eta nire egoerarekin guztiz lotuak daudela. Guzti horren emaitza naizela ni. Erretorikoa badirudi ere, esango nuke bizitzeko eta bizitza aske izateko gogoak bultzaturiko erabakien emaitza naizela.

Zer eskatzen diozu herriari?

Hasteko esan nahi dizut ni ere herria naizela, herriaren zatitxo bat. Orduan nik herriari, herrikideei, ez diot ezer eskatzen. Nik eskertzen diet nire kartzelaldia bukatu dadin ahaleginak egiten ari diren herrikideei. Ni pozten naiz nigan dagoen herri biziaren ametsa (herri askea, euskarari atxikitua, feminista, pentsamendu librekoa, bakezalea, lurraren zaintzailea, etorkinei irekia, eta edozein zanpaketaren aurka altxatzen ahalegintzen dena…) aurrerapausoak ematen duenean. Nire bizitzeko gogoa elikatzen da gurasoen bisitekin, lagunen eskutitzekin, ezezagunek gurasoen bidez bidaltzen didaten besarkadekin, herrian egin zen giza-katearekin, hitz batez erakusten nauzuten maitasunarekin eta ematen didazuten babesarekin. Nik ez dut ezer eskatzen. Hori bai, nahi eta nahi ez, nire egoerak esaten du, eta hitz hori esatea zilegi bekit: ni preso nago, bainan ez gaitezen engaina, denok gaude herrien kartzela den sistema batean, denok gaude merkatuaren lege itogarrietan kateaturik. Aska gaitezen denok batera.

Izarrak ezabatzen ari dira. Aiako Harriaren atzekaldetik goiz-albako lehen zuritasunak marraztu dute mendiaren irudia. Elkarrizketa enpatikoa poltsikoan gorde dut. Herrira jaitsi naiz. Amatxin kafetxo bat hartu dut. Etxera abiatu naiz. Ordenagailuaren aurrean jarri naiz.

X