Kapitalaren mesederako eta gure hondamendirako

Joxe Iriarte, ‘Bikila’ – Alternatiba

Marx itzuli da liburuan, Daniel Bensaid-ek diosku Marxek eleberri beltza moduan idatzi zuela Das Kapital (Kapitala). Millennium eleberria bezala hiru tomoetan, hain zuzen. Izan ere, kapitalaren erresuman dirudiena inoiz ez da zinezko, itxurak mamia (naturaren ustiaketa eta pertsonaren esplotazioa) ezkutatzen du. Hori aski ez, beren morroiak, intelektual zein politikoek, oso iaioak desitxuratze hori bilgarri deigarriekin edo modu sofistikatuetan apaintzen, are mozorrotzen (edo ustelkeriaz dena kakazten) pista okerrak han eta hemen jartzen sistemaren labirintoetan gal gaitezen. Kapitala ez baita dirua edo ekonomia soil-soilik, sistema labirintikoa baizik. Kapitala ez da abstrakzio bat, botere sistema osatu bat baizik, zeina oso modu korapilatsuan egituratzen den. Badu merkatua deritzan sarea zeinerako produzitzen duen irabazien arabera; badu ordena zaintzarako prestaturiko polizia mota desberdinak eta Estatu eta internazional arloko nazio armadak; badu finantza egitura bat eta bertan ari diren exekutibo ondo baino hobetu sarituak, eta baita beren zeregina betetzen duten alderdi politiko eta politikari, hitz batez, kapitalaren krimenen zantzuak desitxuratzen eta ezkutatzen (erretolika aberkoi eta demokratikoarekin igurtziz) ari diren morroiak.

Hortik, gure gizartean sortzen diren desmasien aurrean derrigorrezkoa da geure buruari galdetzea ikertzaile batek hilketa baten aurrean egingo lukeen modura: zeini egiten dio mesede heriotza honek? Zeini egiten dion mesede natura hain modu zentzugabean ustiatzea? Zergatik diru publikoarekin banku pribatuen zuloak estali herritarren kaltetan? Edo aberatsei zerga zuzenak jaitsi eta denok ordaintzen ditugun zeharkakoak handitu? Eta batez ere, zergatik jasaten dugu hain egoera larria eztanda egin gabe?

Nire gaitasuna guzti horri buruz nahiko murritza denez eta batez ere orriotan ezina denez, politikoen jukutriaz arituko natzaizue, adibide batzuk jarriz.

Erabaki hori zeini egiten dio mesede? Berriro galdera. Aitzakiak direnak direla Troikak Europako Batasunaren mailan eta PPk Espainiar estatuan lau urteotan hartu dituzten erabaki guztiak kapitalaren aldekoak izan direla zalantza gutxi: PPk elektrika alorrean hartutako erabakiak oligopolioen mesederako izan direla herritarren eta energia berriztatzaileen kalterako zalantza gutxi. Gauza bera bankaren erreskatearekin. Alabaina, gurean, EAJ artista dugu igeri egin eta arropa zaintzen maisu, onura guztiak beren kargu hartzeko eta emaitza txarrak Estatuari, Europari edo ezkerreko muturreko joerari. Herria eta aberria hitzak ahoan baina kapitalisten, lagunen edo aipa ezinezkoen interesen alde, beti.

Bi adibide: atez atekoaren auzia inposaketa, kuxidadea zela eta herri galdeketa bandera (beraiek inoiz egin ez dutena) jo eta ke aritu ziren, (PSEren laguntzarekin) aurreko legegintzaldian, aferaren oinarrian zegoen Errauskailuaren auzia ezkutatuz. Zeina foru gobernua berreskuratu bezain pronto argira azaldu duen. Izan ere, Errauskailuak janaria behar du, erretzeko gaia, eta birziklapen tasa handituz, eta batez ere organikoaren bilketa aurrera joanez gero, Errauskailuak ez baitu zentzurik. Oso kutsagarria da eta aldaketa klimatikoaren eragilea ere, bere neurrian. Hor daude Zabalgarbiren gas (CO2) isurketaren emaitzak. Eusko Jaurlaritzaren hitzak eta pitzak iruzurra galanta bilakatzen dira halako egitasmoekin. Kontua da Errauskailua negozioa dela patrika batzuentzako. Nola sinatu zuten finantza erakundeekin ikusi besterik ez dago. Naomi Kleinek arrazoia du dioenean ezinezkoa izango zaigula naturaren hondamendiari aurre egitea kapitalisten eta beren morroiei aurre egiten ez badiegu. Ezin gera geldi besoak gurutzatuta Errauskailua eraikitzen hasten badira eta, Pasaian bezala, atez atekoa eraisten hasten badira. Bigarren gaia: zergaren harmonizazioaren aitzakia Gipuzkoan aberatsei zergak murrizteko. Gogoratzen zarete ditxosozko LOAPAz? Harmonizazioak esan nahi zuen autonomi erkide guztiak parekatzea: kafesnea denontzat. Egun gauza bera kontzertuarekin. Kasu horretan, EAJ, haserretu egin da bere kalterako baita kudeatzen duen “txiringitoak” galdu egingo bai luke. Zergatik ez dute harmonizatu Gipuzkoaren mailarekin? Jakina, kontua ez baitzen harmonizazioa, Gipuzkoan zergen demokratizazioaren aldeko aurrerapausotxoa (gehiago dutenei gehiago eskatu gutxi dutenen mesederako) bertan behera uztea baizik. Gauza bera egiten ari dira Gasteizen PPrekin batera. Dena kanpoko kapitala eta bertako kapitalisten inbertsioa erakarriko duelakoan…

Naomi Klein-ek Honek dena aldatzen du bere azken liburuan larrialdi klimatikoaz ohartarazten digu, eta horren erantzulea den Kapitalismoaren jarduerari azkar eta modu erradikalean aurre egin behar zaiola aldarrikatu. Ados nago iritsi horrekin. Eta nago ere, ezkerra, zoritxarrez, orain arte motel, ezgai, noraezean dabilela arazoari aurre nola egin ez dakiela, gehienetan defentsibak eta kapitalaren logikaren baitan. Horren adibidea litzateke VWek automobilen kutsadura-neurgailuekin egindako iruzurraren aurrean Nafarroako Gobernuak (Ezkerreko gobernua) eta sindikatuek ageri duten beldurra eta espantua multinazionalak Landabeneko lantokian egin behar dituen inbertsioak bertan behera ez ote diren geratuko. Ulergarria da gobernuak ondasunaren galeren eta langileek lanpostuen galtzeari beldur izatea, baina produkzio asmoak zein baldintzak egiten diren ezin ditugu ahaztu edo saihestu. Langileen lan-baldintzak hobetzeko edo kutsadura murrizteko inbertsioak balira, gaitz erdi; alabaina automobilen kopura gehitzeko bada? Eta hala da. Noiz arte lotu behar dugu lantegi baten iraupena ingurumenarekin talka egiten duen produkzio motarekin? Hauteskunde programak, sindikatuen kongresuetako programak, Alternatiba-Herria bezalako jai egunerako dira, soil soilik? Irabazia nora kapitala hara. Eta gu?

BERRIAn argitaratua

Preso larriki gaixoak: dira edo daude?

Joseba Barriola – Alternatiba

Igandean egon nintzen Kursaaletik Saguesera egin zen katean. Paparrean jarri nuen pegatina: «Larriki gaixorik dauden presoak, Etxera!». «Dauden» hitzari erreparatu nion. Gaixo daude. Egia da. Bainan izan, ez dira gaixoak. Izan, izatekotan, larriki gaixo dauden preso horiek, bizitzaren borrokalariak dira. Askatasunaren hautua, garai bakoitzean modu propioan eta ondo pentsatuan gauzatu behar dena, hastapeneko hautu hori tinko darrai gaixo dauden presoengan.

Hau ez da estrategia baten edo besten, aldeko edo kontrako, auzia. Zerbait sakonagoa da, estrategia guztien muinean egon beharko den zerbait. Duintasun pertsonalaren eta Herriaren duintasunaren agerpena. Hemen, presoekin dugun auzi etiko bakarra hauxe da: presoen bizitzaren alde gaude edo presoekin txantajea eginez etekin politikoa lortu nahi da.

Urkullu jaunak ez du eskubiderik auzi honetan etikaren izenean ezer exijitzeko, bere alderdian nagusi den etikaren barruan (Ardanza eta Arzallusen garaitik hona) dagoelako presoen dispertsioaren ezarpena eta erantzunkizuna. Argitu beharko luke PNVk dispertsioaren eta oro har politika «antiterroristaren» babesa nola negoziatu zen, eta babesaren truke, onura ekonomiko eta politikoak jaso ote zituen, eta jaso bazuen zeintzuk.
 
Duela gutxi Aitzoli buruz idatzitako bertso batzutan esaten nuen: Ez zera zu gaixoa/ ez daukazu gaitza/ Heriotzarekilan/ zure ahalegintza/ Bizirik irtetetzea/ iraun-esperantza/ Bizia bersortzea/ zain daukazun dantza.

Uste dut presoen askatasunari buruz hitzegiten dugunean beste tonu onuragarriago bat bilatu behar dugula. Ez penarena, ez ezintasunarena, ez etsipenarena.

Presoak etxean, gure esku dago! Bai? Bai.

Ez badira Erregimenaren botereak mugitzen (eta hori eskatzen gabiltza denbora luzez) bota beharko ditugu (eta hauxe da atarian izan dezakegun eginkizuna).

Ez badira Jaurlaritzakoak eta Nafarroako gobernukoak larritasunaz eta preso horien bizi-nahiaren edertasunaz konturatzen, ez badute sinisten «gure esku dagoela», bazterrean utzi beharko ditugu.

Eta gu geu baldin bagabiltza ezintasunez amorratuak, larritasunaz presatuak eta etsipenez kutsatuak? Gustokoak ditut Aitzolen ahoan jarri nituen azken bertsoaren ideiak: Ez nitaz euki pena/ ez egin negarrez/ Nire gogoz nabil ta/ ez ibili auspez/ Mundu berri bat daukat/ barnean saminez/ Hazi eder askoak/erditzeko minez.
 
Aitzol eta preso guztiak etxean izatea gure esku dagoela sinistuz. Aurrera bolie!

NAIZen argitaratua

Indarkeria matxistaz eta alardeaz

Alba Fatuarte  – Alternatiba

Argi hitz egin dezagun: Alarde parekideak – soilik parekideak- ezbairik zein baldintzarik gabe, eta publikoki babesten ez dituenak, bazterketari eta, ondorioz, indarkeria matxistari zilegitasuna ematen dio. Urkulluk, Olanok, Santanok eta Sagarzazuk, Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, eta Irun zein Hondarribiko Udalen izenean, indarkeria matxista babesten dute; lehenek entzungorrarena eginez, eta azkenek jarrera baztertzaileak inolako disimulurik gabe babestuz.

Harrigarria badirudi ere, hau guztia hemen eta orain gertatzen ari da; legeak baimenduta eta komunikabideen oniritziarekin. Baina batzuei aitzakiak bukatzen ari zaizkie; agenda arazoak, tentsiorik eragin nahi ez izatea, tradizioa, bakoitzak jaia “bere erara” bizitzeko eskubidearen aldarrikapena… oso bestelakoak izan dira azken 20 urteotan entzun ditugun argudioak; gero eta ulertezinagoak, gero eta ahulagoak, gero eta ustelagoak, gero eta hipokritagoak. Are gehiago ordezkari hauek, berdintasunaren aldeko kanpainetan parte hartzen dutenean, euren bulegoetako leihoetan puntu moreak jartzen dituztenean, edota hilketa matxistak salatzeko elkarretaratzeen lehen lerroan ageri direnean.

Ez dute ulertu, edo onartu, nahi, indarkeria matxista bera pairatzen dugun egiturazko desberdintasunaren ondorioa dela, alardeetako bazterkeria bezala. Milaka aurpegi dituen txanpon beraren aldeak baino ez dira, eta aurpegi guztiei aurre egin ezean, jai dugu. Baina are okerragoa da alardeen aferan bizi duguna, desberdintasunaren aurpegietako batzuk zuzenean babesten eta garbitzen dituztelako arduradun politiko horiek.

Batzuek diote irundar eta hondarribiarren artean konpondu beharreko auzia dela, ez dela tartean politika nahastu behar. Baina Carol Hanishek behin esandakoa gogora ekarriz, “auzi pertsonalak politikoak dira”, eta instituzioek arazoa konpontzeko gaitasuna eta betebeharra dute. Antzeko egoerak gainditu izan dira Donostia, Tolosa, Zumarraga edo Bera bezalako udalerrietan, borondate politikoa egon denean. Baina Bidasoaldean berdintasunaren alde erabaki irmoak hartu behar izan  direnean, arazoak sortu direnean, ezerezean gelditu dira diskurtsoak, kanpainak eta puntu moreak. Azalean gelditu dira guztiz kontrajarriak diren ereduak; lehena, PNV eta PSOErena, kalkulu elektoralen araberakoa, eta parez pare, EH Bildurena. Gure DNAn dugun konpromiso feministari eutsiz, Hondarribian botoak galduko genituela jakinda, epe motzeko emaitzari begiratu gabe, alarde parekidearen alde, eta soilik parekidearen aldeko apustua mantendu egin dugu urte hauetan guztietan.

Erabaki hura eta azken urteotan babestu dugun jarrera erradikala izan zela esango dute batzuek, baina feminismoa erradikala izan behar da halabeharrez; egun emakumeok, herritarren erdiak, beste erdiaren eskubide berberak izan behar ditugula defendatzea planteamendu erradikala baita oraindik ere.

Amb la CUP-CC: Herri boterea eta batasuna herriz herri eraikitzen

Oskar Matute – Alternatibaren Koordinakunde Nazionalaren izenean

Irailaren 27an Kataluniako herriak bozkatu beharko du. Ez dira ohiko hauteskundeak. Zalantzarik gabe, garrantzi berezia duen mugarria da estaturik gabeko nazio batek, Herrialde Katalanak, bere izatea eta erabakitzeko eskubidea ukatzen duen estuaren aurka duen gatazkan.

Horregatik, eta hauteskunde hauen izaeraz jakitun, Alternatibatik gure babes argia eta zuzena adierazi nahi diogu CUP-Crida Constituent hausturaren hautagaitzari. Izan ere, 27ko erronkaren aurrean ez da nahikoa urrunetik emaitza begiratzea edota elkartasuna adieraztea. CUP-CCk dituen helburuekin, agenda politikoarekin eta lanarekin bat gatozela ohartarazi nahi dugu, guk Euskal Herriarentzat nahi dugunaren parekoak direlako.

Egia da, halaber, hilaren 27an Katalunian gertatuko dena bere naziotik kanpo ere eragina izango duela. Nazioak, pertsonak eta herriak gatibu gaituen gordiar korapiloa askatzeko giltza izan daiteke, trantsizioak ezarritako egonkortasun eta elkar-ulertze faltsuaren aroarekin apurtu nahi dugunontzat irtenbidea.

Kataluniari haustura usaina dario, trantsizioaren gau amaiezinaren ostean, egunsentia dator. Aukera paregabea da kataluniarrentzat, baina baita estatu beraren menpe gauden herri, nazio eta pertsona ororentzat, harrapakeriak eta ankerkeriak usteldutako sistema bermatzen duen estatuaren menpe, elite aldaezinek bahitutako demokraziaren itzalean, ikuspegi ultra atzerakoiaz zipriztindua, jendearen ahalduntzerako proiektuak garatzeko eskubidea urratu egiten duena.

Guzti horregatik, CUP-CCren alde egiten dugu. Bere jende eta jokabidearengan Kataluniako gizarte kontzientziadunaren bultzada ikusten dugu, mundu justuagoa, askeagoa eta parekideagoa nahi duten jendearena. Bere borroka ereduan, kalean zein erakundeetan, Katalunia burujabe, independente eta aske batek behar dituen osagaiak daude. Herritarren nazioa eraikitzera doaz, eta ez enpresa handiena.

Haiek bezala, herri boterea indartu beharra dagoela, izaera nazionala eta soziala uztartu behar direla eta kapitalismoari aurre egin behar zaiola uste dugu. Emantzipazioa helburu eta kapitalaren aurkako ezkerreko borroka guztietatik abiatuta. Patriarkatuaren aurrean, mendetasunaren aurrean eta finantzen botereari aurre eginez, austerizidioaren eta murrizketen kontra. Naziorik ez baina eredu bera partekatzen dutenen aurrean, ideologiak amaitu direla baina bereari eusten diotenen aurrean. Ezker politikoak, emantzipazioa xede duten mugimenduek bezala, erreferenteak behar ditu, norbere buruaren isla ikusteko ispiluak, guk ere bai, eta CUP-CCrengan hala dakusagu.

Hiru urte dira Kataluniako parlamentura indartsu sartu zirenetik, Goliaten kontra borrokatzeko prest dagoen David txiki baten modura. Politika instituzionalak ez ditu garaitu, bere ordezkariek, ondoan dituzten milaka lagunek bezala, erakutsi egin digute gauzak beste modu batera egin daitezkeela, herriarekin eta herriarentzat.

Hala, etorkinek, feminismoak, ekologismoak, langileek eta bazterkeria pairatzen duen orok, borrokarako aukera aurkitu dute: azkarra, parte-hartzailea, bizia eta bere burua inongo borrokaren bozeramaile parlamentario gisa aurkezten ez duena. Borroka horien parte delako, askok isilarazi nahi dituzten borroka horiena. Horregatik botereak bortizki eraso egiten die, CUP-CCk bultzatzen duen herri ahalduntzea boteretsuen galera eragin dezakeelako.

Ozen hitz egiteko ordua da, ahots erreboltari eta menderaezinei lekua egitea. Izan ere, etorkizuneko Kataluniak, burujabeak, gutxien dutenentzat aukera izango da CUP-CC hautagaitzak herria eta bere instituzioak baldintzatzeko indarra lortzen duen heinean. Mundura zabalik dagoen Katalunia baina bere iraganaz harro dagoen herriaren ikuspegiak, orainaren jakitun eta etorkizunean itxaropena duena, sektore guzti horiek herria zuzentzeko aukera izan dezatela eragin dezake.

Duintasunak, proposamen politikoak eta erantzun kolektiboak saria merezi badu, konpromisoaren eredu diren eta gehiengoaren lubakian borrokatzen dutenentzat izan beharko da. Horregatik nahi dugu ahalik eta emaitzarik onena CUP-CC hautagaitzarentzat, eta Euskal Herritik bertoko zein hango herritarrei dei egiten diegun haien alde lan egin dezatela.

Argi-itzalak

Joxe Iriarte, ‘Bikila’ – Alternatiba

Uztailean bete behar izan banu orri hau, ezbairik gabe, Greziak bizi duen egoera deskribatzera mugatuko nintzakeen. Irailean balitz, agian, tragedia guztietako iheslarien hilobia bihurtu zaigun Mediterraneoari buruz idatziko nuke. Alabaina, abuztuan, nire gogoa Pirinioetako gailurretatik ezin jaitsiz dabil, eta altura horietan, ezin naiz zentratu gai bakar batean.

Esate baterako, begiak Grezian jartzen ditudanean, erreferendumaren osteko giro epikoa tragedia bihurtu izanak penatzen nau. Eta penagarria bada Grezian gertatutakoa, penagarriagoa, da ezker europarraren (eta gu horren parte gara) portaera: moralki solidarioa eta praktikoki alferrikakoa, lelotua, desmobilizatua, ezin ulertuzkoa da Greziako bataila. Espainiako Estatuan 1936koa bezala, dimentsio europarra eta historikoa duela.

Gurean, intentzio oneko lagun batzuen ezkerraren batasunaren aldeko aldarriak eman zidan pozak zer gutxi iraun duen zapuzten nau. Gaur gaurkoz ez omen daude sustraiak eta ondorengo zutabeak finkatuak. Noiz ohartuko gara ezker eraldatzailearen batasuna inoiz baino garrantzitsuago dugula?

Azken hauteskundeetan EH Bilduk Gipuzkoan izan duen atzerakada esplikatzeko, gauza batzuetan azkarregi joan omen garela azpimarratu egin da. Pedagogia kontua bada, ados. Baina aldi berean argi eta garbi adierazi behar da, gauza gehienetan motelegi goazela. Aldaketa klimatikoari aurre egiteko erabakiak hartzerakoan, esate baterako, Euskal Herria dugu biztanleriaren bataz besteko karbono dioxidoaren sortzaile handienetakoak.

Arazo horri aurre egiteko, Barack Obama behingoz prest omen dago karbono dioxidoa eragiten duten energia motak gutxitzeko, baina indar faktiko guztiak (sektore horren lobbiak) aurka azaldu zaizkio. Ezer gutxi, zoritxarrez. Arre (kapitalismoa sostengatu) eta so (energia kutsatzaileei aurre egitea) alde berean, ezinezkoa baita. Izan ere, Naomi Kleinek dioen bezala, aldaketa klimatikoaren errudun nagusia ez da karbono dioxido kopurua –hori ondorioa da– sistema kapitalista baizik. Eta ez dut zalantzarik bere kabuz ez duela aldatuko mundua amildegira daramatzan norabidea.

Eta guzti horren kontra egiteko beranduegi, agian ez, baina bai atzeratuegi gabiltzala ezkerraren birmoldaketan eta indar metaketan, bai gurean zein Europa osoan: “Denok hala inor ez, bakarka ezin da”.

Argia-n argitaratua

X