Sotanak eta arrosarioak Aste Nagusian

Ana Etxarte – Alternatibaren Bilboko Asanblada

Gizarte bat benetan berdintasunean oinarrituta dago, ez bakarrik berdintasuna erretorikaz defendatzen duenean; berdintasun hori efektibo egingo dituen jarduera politikoak, prozesuak eta ekimenak martxan jartzen dituenean baizik. Zoritxarrez, egun bizi dugun garai honetan, administrazio publiko askok berdintasunaren bermatzaileak izan beharrean, ez adituarena egin eta boteretsuen interesei men egiten diete.

Boteretsu hauen artean Eliza Katolikoa dago, bere doktrina beste doktrinen gainetik kokatzeko betiko gogo biziaz, erakunde publikoak bere estrategiaren parte-hartzaile zuzenak bihurtzen dituena. Horrela, eta gizarte laiko eta akonfesionalean bizi bagara ere, administrazio asko eta asko diraute erritu erlijiosoak, katolikoak gehien bat, bultzatzen eta hauetan parte hartzen, betiere, aurretik aipatutako akonfesionaltasun, laikotasun eta berdintasun oinarriak ezerezean utziz.

Honen adibide argia, behin eta berriro, Bilboko Udala dugu. Orain dela hilabete batzuk, harriduraz Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasuna aitortzeko EAJ eta PP kontserbadoreen – PSEren ez beharrezko abstentzioaz lagunduta – arteko hitzarmen baten lekuko izan ginen; Udalaren lokaletan eta eremu publikoetan hileta zibilak ospatzeko proposamena atzera botatzen zuten garai berdinean.

Zerrenda luze bateko bi adibide baino ez dira hauek, eskuinak konfesio erlijioso zehatz baten -katolikoa- interesekiko “egiten uzteko” ohitura agerian uzten duena, tradizio katolikoetatik geroz eta urrunago dagoen gizarte baten kontra eginez, sinesbide eta erlijio aniztasuna dagoen arren.

Preseski, sinesmen aniztasun honekiko errespetu kezkatsuak bakarrik, inolako lehentasunik gabekoa, ahalbidetuko luke berdintasunean, pluraltasunean eta baldintza berdinetako bizikidetzan oinarritutako gizarte bat. Laikotasunak, batzuek sinestarazi nahi digutenaren kontra, ez du erlijiozkotasuna gaitzesten, ez eta konfesio erlijioso baten aritzea eragozten, guztiz kontrakoa baizik; erlijio pluraltasuna bermatzen du, beti ere, praktika hau esparru pertsonal eta pribatura mugatzen bada.

Oraindik ere, Bilboko Udalak publikoa pribatuarekin nahastearen alde egiten du apustu, sinesmen batzuen nagusitasuna besteen gainetik jarriz eta ohitura katolikoak agerraldi publikoetan sartzeko erabaki konfesional hori mantenduz.

Honen adibide bikaina, Aste Nagusiko programa dugu, urtero bezala, ekitaldi eta ospakizunen artean hainbat egintza erlijioso barne hartu, eta hauetara Udalbatzari dei egiten duena. Zehazki, abuztuaren 15ean Begoñako basilikan eta abuztuaren 16an Pagasarri eta Artxandako ermitetan egingo diren mezaz ari gara.

Zergatik behar dute parte hartu kargu publikoek, herritar guztien ordezkari eta haien sinesmenak edozein direla eta, horrelako ekitaldi erlijiosoetan? Zergatik horrenbesteko burugogorkeria esparru publikoa eta pribatua, partikularra eta erlijiosoa denarekin nahasteko? Zergatik sartu Udala, guztiona den instituzio bat, gizartean geroz eta txikiagoa den sektore pribatu bakar baten ekitaldietan?

Dimentsio erlijiosoa lan instituzionaletik kanpo mantendu behar da eta edozein praktika erlijiosoren erabilera ezingo da inoiz eremu pribatutik atera. Hau da akonfesionaltasunaren oinarria bermatzeko bide bakarra. Guzti honengatik, eta benetan laikotasuna eta akonfesionaltasuna bermatu nahi badira, Udalak ezingo du hauetan parte-hartzera dei egin, eta kargu publikoek ezingo dute modu ofizialean, inolako konfesio motaren ekitaldi erlijiosoetan parte hartu.

Noiz hartu behar du Bilboko Udalak, instituzio publiko bat den heinean, praktikan jarri beharko lukeen akonfesionaltasun hori serio? Noiz arte babestuko ditu ekitaldi erlijiosoak eta jarraitu behar du Aste Nagusiko ospakizunen parte bezala mezak antolatzen? Bilbotarrok Aste Nagusia herrikoia, dibertigarria, alaia eta parte-hartzailea nahi dugu, sinesmenekin eta pertsona guztien eskubideekin adeitsua dena, eta ez batzuen morala, besteon moralaren gainetik gailentzen duen Aste Nagusia.

Euskal Herria 2017: “Globaliza dezagun borroka, globaliza dezagun itxaropena”

Arantzazu Santos – Gipuzkoako Foru Aldundiko Lankidetza zuzendaria

Ekainaren 6tik 13ra Via Campesinak bere IV. Biltzarra egin zuen Jakartan, Indonesian. Via Campesina nazioarteko mugimendu sozial bat da, egituratua, legitimoa, eta mundu osoko 200 milioi nekazaritik gora ordezkatzen dituena. Bost kontinenteetako nekazarien borrokak lotzen ditu eta bere xede nagusia da elikadura subiranotasuna defendatzea, enpresa transnazionalen eta horiek babesten dituzten gobernuen mehatxuei aurre eginez.

Mundu osoan 900 milioi pertsona baino gehiagok jasaten dituzte gosea eta desnutrizioa, eta hori ez da elikagai eskasiaren ondorio, baizik eta agronegozioaren gaiztotasunaren ondorio; hau da, nekazaritzan eredu neoliberala aplikatzearen ondorio. Elikagaiak merkantzia espekulagarritzat hartzen dira, haziak patentatu daitezkeen ondasun bilakatzen dira, eta lurrak mugarik gabe metatzen dira. Nekazaritza negozio bilakatzearen ondorioz, herrialdeek galdu egin dute beren herritarrak elikatzeko ahalmena, eta horrek egoera paradoxikoak eragin ditu, besteak beste: Mexikok, artoaren lurra izanik ere, AEBetatik inportatu behar du zereal hori; Gipuzkoan, berriz, baserrien kultura galtzen doa eta nekazaritzako eta abeltzaintzako ustiategiak desagertzen ari dira, baina, aldi berean, lurra lantzera itzuli nahi duten gazteek ez dute laborantzarako lurrik lortzen.

Nekazaritza eta garapenkeria kapitalisten aurrean, Via Campesina mugimenduak alternatiba teoriko-praktiko bat proposatzen du, «elikadura subirano- tasuna» izenaz ezagutzen dena. Elikadura subiranotasunak, kanibalismoa ez sustatzeaz gain, defendatzen du pertsona eta herri guztiek beren elikagaiak ekoizteko eskubidea dutela, eta nekazaritza, arrantza eta abeltzaintza politiken inguruan erabakitzeko eskubidea. Aldi berean, harreman sozial bidezkoa- goak proposatzen ditu, zapalketarik gabeak, non emakumeak eta gizonak berdintasunean biziko diren, eta gutxiengo, klase sozial eta belaunaldi guztien eskubideak errespetatuko diren.

Gipuzkoako Foru Aldundian Lankidetzarako 2013-2016 Plana onartu berri dugu; plan horretan, lehentasunezko ildoa da nazioarteko bi mugimendu sozial laguntzea: Emakumeen Mundu Martxa eta Via Campesina. Une honetan, Foru Aldundia da Via Campesina mugimendua finantzatzen duen erakunde nagusietako bat, eta seigarren biltzarrera gonbidatua izan da, erakunde aliatu gisa.

Lankidetzako zuzendari gisa parte hartu ahal izan dut Via Campesinak datozen 4 urteetarako prestatu duen ekintza plana diseinatzeko eztabaidetan eta hausnarketetan. Mugimendua indartu eta elikadura subiranotasunaren bidez eraldaketa soziala lortzeko helburuarekin, hainbat gairi heldu zitzaien, hala nola klima aldaketaren kontrako borroka eta kapitalismo berde gisa ezagutzen dena, lur metaketa, emakumeen kontrako indarkeria, merkataritza libreko tratatuen eragina, MMAren, EBren eta nazioarteko beste instantzien erabakiak, enpresa transnazionalak, hazi transgenikoak eta horien pribatizazioa,…

Jakartan hartu diren erabakietatik garrantzitsuenetako bat da hurrengo Biltzarra, zazpigarrena, Euskal Herrian egingo dela, 2017an. Lankidetza Zuzendaritzarentzat oso garrantzitsua da hori, Via Campesina bezalako eraldaketako subjektu estrategiko batekin lan egiteko aukera emango digulako, eta ez nazioartean bakarrik, baita tokiko mailan ere. Eta Gipuzkoatik elikadura subiranotasunaren alde lanean ari diren eragileekin artikulatu dezakegulako.

Baina VII. Biltzarra bereziki garrantzitsua izango da Euskal Herrian elikadura subiranotasunaren alde egiten duen mugimenduarentzat. Batetik, aitortza bat delako, urte luzez nekazaritza ekologikoaren alde eta baserritar kulturaren iraunkortasunaren alde egindako borrokaren aitortza, alegia; eta, bestetik, mugimendua indartzen eta egituratzen lagunduko duelako, eta espero delako horrek eragin positiboa izatea gure baserrien biziraupenean, eta azken buruan, agroekologian. Horri dagokionez, gogorarazi behar da, eredu agroindustriala, nekazariak arriskuan jartzen dituena, eta Europar Nekazaritza Politika Bateratuak babesten duena, nagusi dela Euskal Herrian ere.

2017an harrera egingo diegu mundu osoko nekazarien ordezkariei. Ordezkari horiek, Gipuzkoakoek bezalaxe, nekazaritza ekologikoa eta ezagutza tradizionalak defendatzen dituzte, zenbait enpresa eta gobernuren harrapakatze egarriari aurre eginez. Agroekologia gai da lurraldean bizi diren pertsonentzako elikagai osasuntsuak, askotarikoak eta nahikoak ekoiz- teko; baina horrez gain, agroekologiak biodibertsitatea babesten du, planeta hozten du, eta sistema kapitalista gainditzeko bidea irekitzen du, bizitzaren iraunkortasuna bermatzen duten elkarbizitza moduetarantz zuzenduz.

Osasungoa eta hizkuntzen galera

Aitor Montes Lasarte – Familia medikua

Euskara guneak irabaziz joan da azken hamarkadetan Hego Euskal Herrian, astiro baina irmoki. Egon badaude irratiak euskaraz, telebistak euskaraz, egunkariak euskaraz, euskal literatura oparoa. Herri-administrazioan aurrera egin du eta irakaskuntzan hil ala bizikoa zitzaion lekua hartu du. Baina ez da gune edo esparru guztietara heltzen, eta argi dago ez dela nahikoa. Gune horien artean garrantzitsuena, garrantzitsurik bada, osasungoa litzateke. Orain arte euskalzaleen lehentasunak beste arloetan kokatu dira, eta osasungintzan gerotik gerora gabiltza zoritxarrez.

Osasun arreta gazteleraz onartzerik bada? Gaur  egun, ezaguna da, erabilera gune gehienetan ingelesa da nagusi, baita medikuntza arloan ere. Lehen latina zena, delako lingua franca, orain ingelesa bilakatu zaigu. Medikuon hizkeran betidanik latinera eta grekera erabili izan ditugu (eritropoiesia, apoptosia, kakexia moduko hitzak), baina orain hitz teknikoak ingelesaren iturriak isurtzen ditu: by-pass, shunt, screening, etab. Goi-mailako argitalpenik garrantzitsuenak ingelesez daude, hala nola New England Journal of Medicine, Lancet, British Medical Journal, Pediatrics, etab. Eta medikuok hain maite ditugun kongresuak, maila internazionalekoak behintzat, ingelesez burutzen dira.

Beste hizkuntzak maldan behera doaz medikuntzan, alemaniera kasu. XIX. mende bukaeran eta XX. mendearen hasieran goren-gorenean zegoen alemaniera; ospe handikoak ziren alemaniar zientzilari eta mediku asko (Virchow, Langerhans, von Behring, Koch, Ehrlich besteak beste medikuntzaren historiari betiko lotutako izenak dira), eta alemanieraz argitaratzen zen testu zientifiko mordoa. Orain, ingelesak lekua kendu dio.

Baina eguneroko osasun lanari lotu gaitezen. Interesgarria litzateke oso osasun arreta zein hizkuntzatan eskaintzen den jakitea. Amerika osoan, nago bost direla bakarrik: ingelesa, frantsesera, gaztelera, portugesa eta agian nederlandera Guyanan.

Europa daukagu gertuago, eta hemen osasun arreta ofizialtasuna lortu duten hizkuntzetan soilik burutzen da; ez bilatu bretoiera lan-hizkuntza duen ospitalerik, ez duzu topatuko eta. Italian, italieraz; Frantzian, frantsesez; Erresuma Batuan, ingelesez.

Euskal Herria zatituta dago, eta euskarak ez du ofizialtasunik lurralde osoan. Baina EAEn ofiziala izan arren, ez du esparru hau eskuratu, erabilgune hau  gaztelerari dagokio bete-betean. Osasungoan, lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza gaztelera da. Osasun arreta gaixoen onerako dagoela ez dago ukatzerik; baina hizkuntzen bizi itxaropenean izan dezakeen eragina ez da behar bezala baloratu; aipatu ere ez da egiten. Osasun sistemak jatorrizko hizkuntzak maspiltzeko eta ezabatzeko tresna bilaka daitezke, oharkabean, ontasunaren mozorroaz. Gurera begira, eskola erdaraz legez, osasungoa erdara hutsean euskararen galbiderako da, eta errekara bidean goaz hau konpondu ezean. Egoera larria izan arren, gerotik gerora gabiltza.

Munduan zenbat hizkuntza dauden ez dago jakiterik. Gehienak, zoritxarrez, galzorian. Bizi garen mendean, orain arte ezagutu ez dugun hizkuntzen galeraren lekuko izango gara. Bioaniztasunak legez, aniztasun kulturalak hondamen izugarria pairatuko du.

Gauzak horrela, hizkuntzalariek ez dakite zeintzu diren salbatuko omen diren hizkuntzak. Baina nago osasun arretak gaixoekin harremana zuzena duen moduan, hizkuntzekin ere zerikusia duela. Osasungintza gure gizartearen zutabeetako bat baita, hurbil daukaguna. Osasun arretan erabiltzen diren hizkuntzek aurrera egingo dute, zalantza izpirik gabe. Beste guztiak arriskuan daude, euskara euren artean. Euskarak osasungintzaren jarduera esparrua bere egin behar du aldez edo moldez; osasungoa goitik behera euskaldundu behar dugu, euskara salbatuko bada. Denbora aurrera doa, ez dago gelditzerik; bizitza eta heriotza ez dira baratzen, baina ospitaleetan ibiltzen den hizkuntza ez da inoiz hilko.

Autodefentsa: eskubide legitimoa emakumeentzat

Laura Gomez – Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendaria

Uztailaren 11, osteguna. Oñatin nago, genero indarkeriari buruzko nazioarteko kongresuan. Whatsapp baten bidez jakin dut emakume batek Urumea ibaira jauzi egin duela bere bikotekidearen heriotza mehatxuetatik ihes egiteko. Larri dago, zainketa intentsiboetako unitatean. Beste emakume batek, Irunen, bere bikotekidearen erasoetatik babesteko labankada bat eman dio. Atxilotuta dago, eta bere aurkako eginbideak hasi dituzte genero indarkeriagatik.

Osasunaren Mundu Erakundeak indarkeria matxistaren izaera «epidemikoaz» hitz egiten du azken txostenean. Nik ikusten dudana da erabat prestatuta dagoen sistema bat, emakumeak gizonen mendean jartzeko, eta asmatutako diseinu hori hausten dutenen edo zalantzan jartzen dutenen jokabidea arautzeko pentsatuta dagoena. Izan ere, sistema patriarkala kultura, gizarte, lege, politika eta ekonomia erregulazio baten emaitza da, Gipuzkoan eta mundu osoan emakumeen denbora, gorputza, afektuak eta lana desjabetzeko eta gizonen zerbitzura jartzeko pentsatuta dagoena. Eta berdin dio beltzak, latinoamerikarrak, gazteak edo helduak, bankariak, supermerkatuko kutxazainak, sexu-langileak edo politikariak garen edo ez. Arrisku faktorea emakume izatea da.

Gaur egun hori zalantzan jartzen dutenek ez dituzte oraindik barneratu edo bereganatu sistema honek nola funtzionatzen duen zehatz-mehatz azaltzen duten hainbat eta hainbat ikerketa feminista. Edo oso ondo ulertu dute feministek erakutsi dutena dela hau guztia botere harremanekin eta gizonek bizitzaren esparru guztietan abantailak eta pribilegioak galtzearekin zuzenean lotuta dagoela. Eta, noski, aldaketen aurka egiten dute.

Goizeko hamabiak dira eta ezin dut kongresua jarraitu. Bi emakume horiek erasoen aurrean hartu duten ihesbidean eta horren ondorioan pentsatzen ari naiz: zainketa intentsiboetako unitatea eta atxiloketa.

Eta hauxe galdetzen diot nire buruari: zer irtenbide dugu emakumeok? Autodefentsa ez erabiltzea erabakitzen badugu, hil egiten gaituzte edo geure buruaz beste egitera bultzatzen gaituzte. Baina, geure burua defendatzen badugu, atxilotu egiten gaituzte. Bakarrik onartuko gaituzte biktima gisa defentsa legitimoa erabiltzen ez dugun bitartean?

Emakumeok eskubidea dugu indarkeriako egoera arinenei eta larrienei erantzuteko aukera emango diguten bitartekoak izateko, kriminalizatuak eta birbiktimizatuak (behin eta berriz biktimizatuak) izan gabe. Emakumeok defentsa legitimorako eskubidea dugu.

Eta, bereziki, erakunde publikoetatik ezin baditugu gerora gerta daitezkeen beste eraso batzuk saihestu edota ezin badiegu babesteko behar duten laguntza eman. Eta garbi dago ahaleginak egin arren hobetu egin behar direla ikuspuntuari, kalitateari eta kantitateari dagokionez prebentzio, detekzio eta arreta sistemak.

Indartu egin behar da osasun, polizia, epaitegi eta gizarte zerbitzuen esparruko langileen prestakuntza espezializatua, baita profesional horien lan baldintzak ere, arreta eta laguntza egokia ziurtatzearren. Salaketak izan behar du indarkeriatik ateratzeko ibilbidearen beste puntu bat. Ezin da ulertu laguntza ekonomikoetara iristeko sarrerako ate gisa. Emakumeak ez dira diru laguntzen onuradunak, eskubideen titularrak dira, eta eskubide horiek gauzatzeko aukera izan behar dute, salaketa jarri edo ez. Eta indarkeria matxistaren ofiziozko ikerketa judiziala bultzatu behar dugu. Ezin dugu onartu hainbat abusu larri egotea, indarkeria psikologikoa, esaterako, justiziaren bidez garbitu ezin direnak frogak falta direlako.

Badakigu bikote harremanetan emakumeek indarkeriatik ihes egitea oztopatzen duten elementuetako batzuk direla, besteak beste, prekarietate ekonomikoa, beldurra, lotsa, bakartasuna edo maitasuna. Bai, maitasuna, indarkeria matxistaren zurigarri gisa, amodio erromantiko hori. Emakumeok bikoteko maitasuna eskaintza, borroka, sakrifizio eta bizi-lorpen gisa ulertzen ikasi dugu. Eta maitasunaren ikusmolde hori mito arriskutsuena da. Bikoteko maitasuna zorion iturri bakarra bada, ahal dugun guztia egingo dugu horri eusteko, nahiz eta geure buruarekiko konfiantza eta egonkortasun emozionala hondatu, edota gure askatasun sexuala eta gure bizia arriskuan jarri. Hainbat eta hainbat emakumeri entzuten diogun «azken batean, maite nau» horrek modu errazean laburbiltzen du eraikitako mito hori.

Labur esanda, lan asko gelditzen zaigu egiteko heriotza eta atxiloketa izan ez daitezen emakumeek indarkeriatik ateratzeko irtenbide bakarrak. Baina, batez ere, lan asko egin behar dugu emakumeak baldintza duinetan, berdintasunezkoetan eta indarkeria matxista orotatik libre bizi ahal izan gaitezen. Jasanezina jasan behar izateari uzteko.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari naizenetik, egun bakar batean ere ez zait ahaztu hori dela hemen egotearen arrazoia eta zentzua.

Berrian argitaratua

Polizia ugari, soluzio gutxi

Ana Etxarte eta Amaia Agirresarobe – Alternatibako Mahai Feminista

Orain dela hilabete Mugimendu Feministak manifestazioa egin zuen Bilbon, instituzioek emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzun eta trataera eskasa salatzeko, Ada Otuya eta Jenny Rebolloren erailketen kasuan gertatu bezala. Salaketaren helburua, instituzioen ustez indarkeria sexistari aurre egiteko aukera bakarra emakumeen gaineko kontrol eta murrizketa handiagoa eragitea dela adieraztea zen eta gizarte parekide bat lortzeko konpromiso eta borondate politikoa eskatu zennon indarkeria sexistak lekurik izango ez duen, ez erabilerarik ezta justifikaziorik ere.

Salaketa ezerezean gelditu zen beste behin ere, eta Bilboko Udaleko osoko bilkura PNV, PSOE eta PPk eragiten duten ikusezintasunaren erakusleiho bihurtu zen, Bilbon azkenaldian gertatu diren emakumeen aurkako eraso eta erailketen harira. Hala, PNVk, PSOEren babesari esker, eta herritarren segurtasunaren alorrean administrazioen arteko elkarlana hobetzeko PPk aurkeztutako mozioari erantzunez, polizia guztiekin eta sistema judizialarekin elkarlanean aritzea eta koordinatzen jarraitzea onartu zuen.

Nola da posible Udalak eraso sexistei aurre egiteko segurtasunean oinarritutako soluzioak, hau da, kontrol eta polizia gehiago proposatzea? Gai honen erantzukizuna Segurtasun Sailari egozteak arazoa “polizializatzea” eta indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezko ikuspuntuan huts egitea dakar. Izan ere, Otuya eta Rebolloren hilketak indarkeria sexistaren ondorio dira, eta gizonek emakumeengan eragiten duten zapalkuntzan, esplotazioan eta dominazioan oinarritzen den eta indarkeria kontrolerako tresna moduan erabiltzen duen gizarte matxista honetan errotuta daude.  

Ezinezkoa da emakumeen aurkako indarkeria saihestea eta honi aurre egitea bere zergatia aztertu eta berdintasun politika eraldatzaileak martxan jarri gabe. Indarkeria guzti hauei aurre egiteko, erakunde eta sail ezberdinetatik bultzatutako politika eta neurrien koordinazioa ezinbestekoa da. Izan ere, helburua emakumeei autonomia eta burujabetza eskaintzea izan behar da, indarkeria sexistari aurre egin diezaioten.

Baina Udaleko gobernuan dagoen alderdiak dena modu berean konpontzen du, gaia edozein dela ere: lapurreta bada, polizia; auzokideen arteko gatazketarako, polizia; indarkeria matxistaren kasuan ere, polizia gehiago. Udal gobernuaren lotsagabekeria agerian gelditu zen Areso jaunak esan  zuenean “zaintza berezi bat eskainiko lukeela emakumeak prostituzioan diharduten zonaldeetan”. Aitzitik, beraiek izan ziren kalean prostituzioan aritutako emakumeak zigortzeko ordenantza onartu zutenak. Euren soluzioa al da bere lana egiteagatik isuna jartzen dieten pertsona horiek berberak izatea babesa eskainiko dietenak?

Lehenik eta behin, PNVk espazio publikoaren Ordenantza bertan behera utzi beharko luke, kalean prostituzioan diharduten emakumeen estigmatizazioa eta ikusezintasuna handitu baino ez duelako egiten. Bestalde, indarkeria matxistaren aurkako borroka lehentasun bihurtu beharko luke, apustu politiko erreala eginez. Aski da diskurtso hutsekin; gezurrezko konpromisoak baliabide ziztrinetan bihurtzen dira, soilik erantzun sinple eta herrenak emateko gai direnak eta emakumeen egoera aldatzeko gai ez direnak. 

Berebizikoa eta premiazkoa da indarkeria matxistari bere arrazoietatik eta ondorioetatik abiatuta aurre egitea, politika integral eta kolektiboetan oinarrituta, emakumeen jabekuntza sustatuz eta euren egoera maila guztietan hobetuz. Horretarako mugimendu feministarekin elkarlanean aritzeko espazioak baliatu behar dira, indarkeria matxistaren aurkako borrokan egin duten ibilbide luzea dela eta.

Horretarako baliabide ekonomiko eta langile nahikoak behar dira. Baina ez, Bilbon eraso sexisten kopurua gora egin arren, PNVko jaun-andreek berdintasun aurrekontua eta indarkeriaren aurkako programak murriztu egiten dituzte urterik urtera. Bitartean Alkateen Foroa bezalako ekitaldia antolatzen dute, herritarrik gabeko topaketa bat, enpresa handiek euren negozioak egin ahal izateko egina, eta 500.000 euroko kostua izan duena. Horretarako dirua egon badago; emakumeentzat ordea, ez.

X