M-30, legebiltzarretik kalera

Oskar Matute, Belen Arrondo, Arri Zulaika eta Dani Maeztu, EH Bilduko legebiltzarkideen iritzi artikulua

Ze burugogorrak diren aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialaren etsaiak! Ze itsuki defendatzen duten eurek sortu eta babestu duten ordezkaritza sistema! Ze erraztasun handia duten parlamentuetako lau hormen barruan geratzeko eta herritarren aldarrikapenen aurrean entzungor egiteko! Ba euren burugogortasunarekin eta itsutasunarekin legebiltzarreko lau hormen barruan geratuko dira ere maiatzaren 30ean, ostegunetako ohiko osoko bilkura egunez aldatu nahi izan ez duten alderdiak.

EH Bilduren 21 legebiltzarkideok ez dugu parte hartuko osteguneko bilkuran, hain zuzen, euskal gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorra egun berean egingo delako. Eta doala aurretik gure azalpena: gure helburua zen maiatzaren 30ean berdin-berdin errespetatzea lan egin nahi dutenen eskubideak eta greba egin nahi duten langileen eskubideak. Horretarako, eskaera bat aurkeztu genien EAJ, PSE eta PPri, osoko bilkura egunez aldatzeko; izan ere, ostegunetako osoko bilkurak eskatzen du legebiltzarkide guztien presentzia, bozketak egiten direlako. Egunez aldatuko balitz, hala nahiko lukeen legebiltzarkideak lan egin zezakeen, asteko gainontzeko egunetan egiten duen moduan; eta greba egin nahi dugunok aukera izango genuke greba egiteko.

Baina EAJ, PSE eta PPren bozek gure eskaera atzera bota zuten. Patronalaren eta kapitalaren diktadoreen konplize moduan jokatu zuten; izan ere, euren helburua da langileon mobilizazioen indarra eta ondorioak ahalik eta gehien apaltzea. Konplizeak izan ziren euren mezuan: «Greba orokorrak ez du ezertarako edo ia ezertarako balio»; eta konplizeak euren jarduera politikoan: «Ez da ezer berezia gertatuko ostegunean, eta, beraz, ez dago arrazoirik ohiko osoko bilkura atzeratzeko».

Baina legebiltzarreko pasilloek gordetzen duten historiak traizio egiten die. Baliteke greba orokorra ez izatea arrazoi nahikoa 75 legebiltzarkidetik 54rentzat, ohiko osoko bilkura bat egunez aldatzeko; ordea, garrantzi nahikoa izan zuten beste arrazoi batzuek, hala nola alderdi jakin batzuek kongresuak ospatzea, edo ordezkari jakinek osoko bilkuran ezin egon izatea. Horiek bai izan ziren taxuzko arrazoiak, bilkurak, esaterako, asteazken batera aldatzeko. Beraz, logikoena, justuena, duinena, eta baita egingarriena ere, Gasteizko osoko bilkuraren data aldatzea izango litzateke. Are gehiago, kontuan izanda Nafarroan euren alderdikideek izaten duten jarrera. Nafarroako parlamentuan ez da jarduerarik egongo ostegunean, Geroa Baik eta PSNk ere horren alde bozkatu ondoren. Zergatik Iruñean bai eta Gasteizen ez?

Aurrekariak ez dira nahikoa izan; ezta ere EAJri eta PSEri Nafarroako alderdikideek emandako lezioa. Gasteizko osoko bilkura ez da egunez aldatuko euren erabaki politikoaren ondorioz. Eta, hala ere, EH Bilduren 21 legebiltzarkideok erabakia hartua dugu: maiatzaren 30ean kalean izango gara, erakundea kaleengatik aldatuko dugu. Izan ere, uste dugu erakunde honek, legebiltzarrak, kalearen luzapena izan behar duela eta herritarren zerbitzura egon behar duela. Erakunde honetan politika jakin bati jarraituta egiten ditugun ekinbideek eta aldarrikapenek ez lukete inongo baliorik eta zentzurik izango, baldin eta lau horma hauetatik kanpo ez balego inor politika hori babestuko lukeenik.

Horregatik, jakin badakigu ostegunean gure jardunaren ordena aldatzea tokatzen zaigula. Legebiltzarra hustu egingo dugu, kalera ateratzeko eta herriaren aldarrikapenak entzuteko. Langileei eta pertsonei gure elkartasuna adieraziko diegu, langile klasearen parte izango gara, eta kalean borrokatuko gara aldaketa ekonomikoa, politikoa, soziala aldarrikatzen duzuenon ondoan. Botere ekonomiko eta finantzarioetatik autonomoa eta merkatu espekulatiboek agintzen ez duten sistema eraikitzearen alde borrokatzen segituko dugu.

EAJk, PSEk eta PPk saiakera egiten dute etsipenezko mezua gizarteratzeko. Euren estrategia politikoaren barruan dago esatea mobilizazioak ez duela ezertarako edo ia ezertarako balio. Kapitalarekiko independenteak izateko eta status-quo-a bukatzeko ezintasuna estaltzen saiatzen dira. Ez dute eredu aldaketa nahi. Baina borrokari esker lortu genuena ezin dezakegu utzi euren esku. Ezin gaitezke erori etsipenezko mezuan. EH Bilduren iritziz, protestak, borrokak, mobilizazioak balio du eskubide sozialik eta laboralik ez galtzeko. Kontuan izan behar dugu denbora gutxian urteetan zehar irabazitako langileon eskubideei eraso bortitza egin dietela. Zer uste dute, gure aurrekoek borrokaren bitartez lortu zutena borrokarik egin gabe galtzen utziko dugula?

Horregatik guztiarengatik, ostegun honetan aldaketaren aldeko alternatiba politikoa eta soziala kalean izango da. Era berean, gainontzeko egun askotan erakundean lanean izango gara alternatiba horrek indarra har dezan. Eta gure nahia da ostegun honetan aldaketarako gogo horrek fabrikak, zerbitzu publikoak eta erakundeak hustu ahal izatea. Ostegunetik aurrera, beste hainbat toki egongo dira erasoen aurka borrokatzen segitzeko.

http://alternatiba.net/old-files/M30 legebiltzarkideak.jpg

Greba sistemari

Oskar Matute eta Diana Urrea – Alternatiba

Soberan zaude Urkullu jauna. Gure legebiltzarkide batek hala zuzendu zitzaion murrizketa basatiak eta pertsonen duintasunaren aurkako erasoak onartzea beste aukerarik ez dagoela behin eta berriz errepikatzen duen lehendakariari. Izan ere, politika egingarri bakarrak troikak eta merkatuek agindutakoak badira, eskuma ari da esaten parlamentariak soberan daudela, ordezkari politikoak soberan daudela eta demokrazia bera soberan dagoela. Tamalez, inoizko fase suntsikorrenetako batean dagoen kapitalismo honen arauetako bat da hau honezkero.

Finantzen krisiak, asmo utopikoak isiltzen zituen ongizate estatu deiturikoa lurperatzeko balio izan duen aitzakia perfektu bihurtzetik bost urte baino gehiago igaro direla, aitzakia sorta galanta sortu du haien lana leialki bete nahi duten buruzagientzat: miseria kudeatzea, hain zuzen. Hala, hondamendia eragin duenak hondamendia gainditzeko bere burua aukera bakartzat aurkezten duen lotsagabekeriaz, sistemaren txotxongiloek, Rajoy, Barcina edo Urkulluk, ez dute haien politiken ondorioen erantzukizunik aitortzen. Brre egiten digute beste biderik ez dagoela sinestarazi nahi digutenean eta gerrikoa estutzeko leloa agortu ondoren isilik egotera gonbidatzen gaituzte, badakitelako gehiengoak gerrikoaren belarria ere eman behar izan duela.

Eta klase herrikoiak sistematikoki garbituak izan direnean, beren eskubide guztiak zapalduta ikusten dituztenean, ezinbestekoa da gizartearen erantzuna. Izan ere, demokrazia, eskumako alderdiei min egiten badie ere, askatasunen eta eskubide sozialen onarpenean eta lorpenean oinarritzen da. Ez baita demokrazia etxe-kaleratzeak gauzatzea, pribatizatzea, pertsonak lanetik kanporatzea eta prekarietatera kondenatzea.

Kapitalaren logikari men eginez, eskumak ezetz dio gehiengo sozial eta sindikalak maiatzaren 30erako deitutako greba orokorrari. PNV eta PPko ordezkariek, Aburto eta Cospedal hurrenez hurren, berriki bat egiten dute eragile sozial eta sindikalei esanda politika egin nahi badute hauteskundeetara aurkez daitezela. Bitxia da iradokizun hau bozen menpe inoiz egon ez diren erakunde ilunek agindutako politikak aplikatzen dizkigutenen eskutik etortzea. Horrexegatik, zilegi da euren bitartekaritza bertan behera uzteko eskatzea eta zuzenean patronala izatea hauteskundeetara aurkezten dena, Confebask zein CEOE, beren menpeko PNV, PP, PSOE eta UPNren ordez. Elizari ere eska dakioke zuzenean hauteskundeetan parte har dezan, behin eta berriz saiatzen baita hezkuntza edo emakumeen ugalketa eta sexu-eskubideen alorretan eragiten.

Euskal Herrian, zoritxarrez, greban parte hartzeko arrazoiak nahikoak eta soberan dauzkagu;  Hegoaldean, dagoeneko, 237.000 arrazoi baino gehiago, hain zuzen. Arrazoiak badauzkagu ere, hezkuntzan, osasungintzan eta mendekotasunean eginiko murrizketei aurre egiteko, beren lanaren bitartez, orain prekarizatuagoa, ikusezinagoa eta baliogabetuagoa, berriro bizitzaren zaintza emakumeen ardurapean uzten dituztenak. Gazteriaren erdiak ere, lana eta duintasuna alferrik bilatzen duten gazteek, grebara joateko arrazoiak ematen dizkigute. Hala egiten du ere, dagoeneko %11ra heldu den pobrezia tasak, edota hamar familietako batek bere kide guztiak langabezian izateak.

Uztailean lan erreformak dozenaka hitzarmen galaraztearen ondorioz milaka pertsonen lan baldintzak prekarizatzea ere, beste arrazoi garrantzitsu bat da kalera ateratzeko eta espoliatzaileei aski dela esateko. Gipuzkoan enpresarien gosea noraino hel daitekeen erakusten digun eredu garbia daukagu. 4.800 emakumeri eragiten dien zahar etxeetako langileen gatazkan, Aldundiko Gizarte Politika Sailak esku hartu du beren soldatak eta lanaldiak bermatzeko beharrezkoak diren baliabideak mahai gainean jarrita. Proposamen honi erantzuteko, Adegik foru gobernuari salaketa jartzea erabaki du, administrazioak lan eskubideen aldeko bitartekaritza lanak egitea ezohiko esku-hartzea dela uste duelako. Horixe da ezkerrak bete behar duen lana instituzioetan dagoenean.

Erkorekak dio greba honen alde egiten dugunok gure burua herri-hitzarmen batetik kanpo uzten dugula, eta Aburtok ziurtatu du lanuzte honek gizartearen aurka egiten duela. Gure buruari galdetzen diogu zein ote den aipatzen dituzten herri eta gizarte horiek. Gogorarazi behar diegu protesta egiteko eskubidea demokraziaren oinarrizko ezaugarria dela. Eskumak ezin du hau onartu, ez Aznarren garai frankistaz harro ageri den espainiarrak; ezta euskal eskumak ere, jeltzaleak gobernuan egotea agindu jainkotiarra dela uste duena; noski, Madrili enbarazu gehiegi egin gabe eta, batez ere, adiskide bankari eta eraikitzaileen onuran.

Egoera honek egiaztatzen du kapitalismoari demokraziak berak traba egiten diola. Horregatik, edozein erantzun edo desobedientzia ekintza indarkeriarekin lotzen dute. Baina zalantzarik ez izan benetako indarkeria euren etxeetatik, lanetatik edota herrietatik kaleratuak izaten direnak pairatzen dutela. Izan ere, EAEn 10.000 gazte baino gehiagok prekarietatetik eta lan eskasiatik ihes egin behar izan dute dagoeneko. Indarkeria da eskola publikoetan desnutrizioa onartzea eta etorkinak ospitale baten atarian hiltzen uztea. Manifestarien escracheek euren klase eta etxeetako bakea inbaditzen dutela salatzen dutenak dira indarkeriaz jokatzen dutenak.

Mugimendu herrikoien borrokak eta hein handi batean langile borroka dira azken mendean aberastasunaren birbanaketa hobea gauzatzea eskuratu duten lorpen sozialen benetako egileak. Baina une historiko honetan, guztia suntsitu dutenean, soilik mugimenduak berrartikulatuz eta ezkerreko eragile sozial, sindikal eta politikoek eratutako harresi sendoa sortuz posiblea izango da demokrazia deitu ahal izango dugun antzeko zerbait berreskuratzea.

Zentzu horretan, maiatzaren 30eko deialdiarekin batera, kapitalismoa lurperatzeko eta gure bizitza duinak euren kapitalaren aldeko apustuaren gainetik daudela aldarrikatzeko beharra kalera aterako dugun egunean, Euskal Herrirako Eskubide Sozialen Gutunean irudikatuko den alternatibaren etorreraren itxaropena daukagu. Aukera bikaina da, ez sistema berreraikitzeko, sistema bera gainditu eta errotik eraldatzeko baizik. Bihurtu dezagun prozesu hau azken hamarkadetako herritarren jabekuntzarako ariketarik indartsuenean, gobernu autoritario eta ustelei aurre eginez.

Hautsi da Bilboko kudeaketa onaren mitoa

Aitziber Ibaibarriaga, Asier Gómez, Carmen Garcia, Unai Delgado – Bilboko EH Bildu
 
Kultura edota komunitate baten sinesmenaren parte dira mitoak. Eta nahiz inoiz gertatu ez diren fantasiazko istorioak izan, egiazkotzat jotzen dituzte kultura horretako kideek, Wikipediak dioenez. Baina mitoen jatorria joandako garaietako balentrietan kokatzen den arren, egungo errealitate faltsuekin lotzeko joera izan dute batzuek. Are, errealitatearekin zerikusirik ez duten gertaeretan oinarrituz eraiki dituzte mitoak, hedabideen laguntza ezinbestekoarekin, eta diru publiko andana inbertituz.

Bilbo ez dute joera horretatik aparte utzi. Azken urteetan, kudeaketa bikainarekin lotu izan dute, behin eta berriro, Bilboren izena. Asperduraraino lotu ere, Iñaki Azkuna Munduko Alkaterik Onena izendatzeraino.

«Bilbo=kudeaketa ona» dioen XXI. mendeko mito horrek bidea arrakastaz egin ahal izateko, hainbat faktorek bat egin dute azken urteetan: oparoaldi ekonomikoari lotu zaizkion boom espekulatzaileak eta ondare publikoaren salmenta etengabeak batetik, eta sariak sustatzeko eta, kasu batzuetan, erosteko ere, abilezia izan duen propaganda politiko egoki eta trebe batean dirua inbertitzeak bestetik. Hala, ondo neurturiko eta hornituriko propaganda estrategia horren ondorioz, sari andana iritsi da Bilbora. Baina dudarik ez dago: Munduko Alkate Onenaren izendapenarekin estrategia hori gorenera eraman dute, eta ofizialtasun traza ere eman diote, nahiz fundazio pribatu elitista batek emaniko saria izan.

Gauzak zer diren: aurrez ustezko beste mito batzuk bezala, Azkuna gidari duen Bilboko kudeaketa onaren mitoa ere behera etorri da: agerian geratu da lehendik ere sumatu zitekeena, helduleku sendorik ez duen fantasia bat izan dela. EH Bilduren udal taldeak eginiko ikerketek erakutsi dute Azkunaren gobernuak bolo-bolo zabalduriko zero zorraren ideiak, hau da, udalak defizitik ez duela dioenak egiaren batere antzik ez duela. Are, gezur handi bat dela. Hastapenean baino ez gaude, eta dagoeneko 84,5 milioi euroko zorra dagoela jakin dugu. Kudeaketa eskas eta ustel samar baten ondorioz eratorritako zorra da.

Jakin dugunez, Iberdrolak ordaindu beharko lituzkeen 20 milioi ordaintzeko erantzukizuna bere gain hartu zuen udalak, tamaina horretako zuloa eraginez udal kontuetan. Iberdrolaren lehengo egoitzari, Gardoki kalekoari, luxuzko etxebizitzak egin ahal izateko izendapena aldatu zion udalak. Kromo aldaketa bat egin zuten: «Zuk dorrea eraikitzen didazu, eta nik 20 milioi euro oparitzen dizkizut». Zortzi urteren ondoren, kromo aldaketa horrek utzitako 20 milioiko zorrari KPIa gehitu behar zaio. Zuloa 25,5 milioi eurokoa da, horrenbestez. Zeinen, eta 2012an 2.841 milioi euro garbi irabazi zituen multinazionalaren alde jokatu zuen Azkunaren gobernuak. Legearen barruan arituta ere, etikaren muga guztietatik gaindi jokatu zuen udal gobernuak. Eta jokabide horrek kudeaketa eredu jakin batean ditu erroak, politika egiteko modu zehatz batean, hain justu Estatuko beste hainbat tokitan PPk sustaturiko horretan, zeina espekulazio finantzarioan oinarritzen den, eta egun nozitzen dugun krisiaren eragile nagusietako bat den.

84,5 milioi horiek, halaber, Bilbao Ria 2000 sozietate publikoaren desegitean dute jatorria. Hiriaren eraldaketaren ustezko bandera ontzi izandakoa zama lazgarri bihurtu da herritarrentzat. 195 milioi euroko zuloa du, eta denen artean ordaindu beharko dugu orain hark utzitako zorra, gure kasuan Bilboko Udalari dagokiona: 29 milioi, zehatz-mehatz.

Eta bihar Ibon Areso egitekoa den agerraldiaren zain, honako galderak asaldatzen gaitu: ezin zuen udalak Iberdrolarekin hitzarmen bat adostu, zeinetan Iberdrolak uko egingo zion Gardokiko lursailaren salmentak eragindako superabitari? Huraxe egitera behartu ditu udalak beste hainbat, Pablo Alzola kaleko etxebizitza bateko jabeak, adibidez. Baina, eta zergatik ez zuen berdin jokatu Iberdrolarekin? Hartara, ez legoke zorrik.

Bada gehiago: Deustuko kanala irekitzeko lanak ordaintzeko beste 30 milioiko zorra hartuko du bere gain udalak. Areago zorpetuko da, zertarako eta Bilbon enegarren megaproiektu espekulatzaileari bide emateko. Hau da, herritarren egungo beharrizanekin inongo zerikusirik ez duten lan batzuk egiteko. Eta, gainera, 30 milioi horietatik bost Udal Etxebizitzetarako gordetako diru sailetik hartuko ditu.

Baina kudeaketa onaren mitoa ez dute soilik arrazoi ekonomikoek hautsi. Urte hauetan guztietan, abiadura biko Bilbo bat sortu dute. Hirigunea eta auzoak bereizten dituen pitzadura gero eta handiagoa da, gero eta mingarriagoa. Hala, udalaren eskariz Ikerfel enpresak eginiko inkestaren emaitzek ez dute dudarako tarterik uzten: herritarren %32k soilik uste dute udalak egoki kudeatzen dituela auzoei dagozkien arazo eta gaiak. Horrekin batera, gizarte pitzadura ere nabarmena da. Langabeziak marka historiko guztiak hautsi ditu: 32.559 langabe daude egun Bilbon, 2007an baino %117 gehiago.

EAJren inguruan eraikitako kudeaketa onaren mitoak hondoa jo du. Azken datuek garbi erakusten dute: Azkunaren gobernuaren kudeaketa ez da izan horren eraginkorra, eta are gutxiago, gardena. Hala, bestelako Bilbo bat posible dela uste duten bilbotar guztiei deia egiten diegu: orain dugu aukera historikoa aldaketa gauzatzen hasteko, pertsonak abiaburu eta helburu izango dituen eredua abian jartzeko. Bilbo aldatu nahi dugu, eta alda dezakegu. Horretarako, herritar guztiei irekita dauden jardunaldiak egingo ditugu, bihartik larunbatera, La Bolsan eta Areatzan. Azken hamarkadetan Bilbon ezarri duten hiri ereduaz hausnartzeko eremua sortu nahi dugu, eztabaidarako eta gogoetarako. Beste Bilbo bat posible delako, beste Bilbo bat premiazkoa delako.

Lan ikusezina borrokan

Amaia Agirresarobe eta Xabier Soto – Alternatiba

Badira ezertarako balio ez duten lanak. Badaude duin egin ordez, pertsonak okertzen dituzten lanak. Badaude beharrezkoak ez diren lan mota asko, gehiegi, ez dutelako ekarpenik egiten, jasangarriak ez direlako edo soilik egingarriak direlako beste pertsona batzuen esplotazioari esker. Bestalde, badaude ezinbestekoak diren lanak, baina aztarnarik uzten ez dutenak. Lan ikusezinak dira, ikusten ez ditugunak, nahiz eta gure bizitzen beharrizanak asetzeko oinarrizkoak diren eta gure aurrean egiten diren.

Bizitza zaintzeko lana ikusezina da, ez duelako prestazio sozialik sortzen; hain ikusezina da, soldata eta lan baldintzei dagokionez beti zigortuta dagoela; ikusezina da etxeetan gordeta dagoelako; ikusezina, lana izendatzea ere merezi ez duelako; ikusezina, emakumeek egiten dutelako. Hala, segurutzat jotzen da inork ez dituela zertan babestu, diruz lagundu edo aldarrikatu behar, pertsonen zaintza ez delako eskubide bat, ez delako guztion erantzukizuna eta edozelan ere, eta emakumeei esker, beti hor egongo direlako, mugagabeki zorrotz, ezin prekarioagoak, baina gure bizitzak aurrera jarraitu ahal izateko nahikoak.

Zaintzaren gizarte antolaketa bidegabea, etxeetan pribatizatua, ordaintzen ez den lan prekarioaren eskuetan eta administrazio publikoaren oso babes txikia duela, ez da ia inoiz eztabaida publikoan plazaratzen, eta egiten denean, zaintzak nahikoak ez direnean eta emakumeek eurengandik espero den lana betetzen ez dutelako da. Eztabaida, laburbilduz, emakumeei errua leporatzeko terminoetan gertatzen da eta inoiz ez haien eskubideen ikuspuntutik. Jasotzen diren zaintzak nahikoak al dira pertsona guztientzat? edo soilik gutxi batzuentzat, ordaindu ahal dutenentzat alegia, eta emakume gehienen prekarietatearen truke? Galdera hauek ez dute tarterik agenda politikoan ezta alderdi politiko gehienen kezken artean, hondoratzen ari den eredu bat babesten dutenak, bizirauteko emakumeen mendekotasuna eta esplotazioa behar duena hain zuzen.

Salbuespen moduan, ikusezintasun egoera iraunkorrean dagoen errealitate honen gutxiespena, azaleratu egin da Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politika Saila eta Adegiren arteko gatazkaren ondorioz. Bestelako administrazioek ez bezala, Gipuzkoako Aldundiak sektorearen lan-baldintzak hobetzearen aldeko pausua eman du, bizitza babesteko erantzukizuna kolektiboa dela oinarritzat hartuta, eta ez enpresa pribatuen negozio aukera berri gisa ikusita. Lehenengo aldiz, zaintzaileen eskubideak, orain arte ahaztuak eta enpresa pribatu baten barruan desberdintasun egoeran borrokatuak behar izan direnak, instituzio publiko baten kezka dira. Horrela, Aldundiaren eta patronalaren arteko gatazka, enpresen diru-gosearen aurkako borroka bat da, langileen lan baldintzen eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen kalitatearen gainetik euren etekinak lehenesten dituztenen aurkakoa, hain zuzen. Baina batez ere, gatazka honek herritarrak defendatzeko erantzukizun publikoaren aldarrikapena dakar, herritarren bizitzen zaintzaren alorrean mugarik gabe zabaltzen ari den logika pribatuari aurre eginez. Azken finean, aurrerapauso bat da guztiz beharrezkoa den apustu batean, zeinaren arabera politika publikoen erdigunean bizitzaren jasangarritasuna kokatzen den, kapitalaren interesen ordez. 

Gatazka honen oinarrian dagoen eztabaidaren muina, zaintzaren erantzukizunean datza, nork eta nola hartuko duen eta zein den instituzio publikoen zeregina eredu hau gainditzeko, non gero eta zerbitzu gehiago pribatizatzen diren eta pertsona guztien zaintza eskubidea bermatzen ez den, ezta sektorearentzako lan baldintza duinak ere. Kolokan dagoena guztion eskubideak dira eta baita eredu bidegabe eta baztertzaile bat zalantzan jartzea ere, non enpresek mugarik gabe jardun izan duten, administrazio publikoarekin izandako harreman adeikorrari esker.

Beraz, ez gaitezen erratu; egun euren eskubideak defendatzeko kalera irtetea erabaki duten Gipuzkoako emakumeen borrokak, indarrean dagoen ereduari aurre egiten dio, eta honek min egiten die bere babesleei; zaintza ikusezinak mantendu nahi dituztenei; esku-hartze publikotik eta eztabaida publikoaren erdigunetik aldenduta, negozioa eta etekinak pertsona guztien gainetik lehenesten dituztenei. Emakume hauen borroka ere borroka feminista bat da, pertsona guztientzako zaintza duinaren aldeko borroka. Eta bere azaleratzea zein defentsa guztioi dagokigu!

San Fermin urakana

Josu Estarrona eta Cristina Bereciartua – Alternatiba Araba

Artikulu hau argitaratzen denerako, SEA Arabako Enpresariek hitzarmen kolektiboen ultraeraginkortasunaren amaierari buruz antolatutako mintegia amaituta izango da, hau da, data horren aurretik berritu izan ez diren hitzarmen kolektiboek ez dute aurrerantzean izaera arauemailerik izango.

Elkarte horri atxikimendua ematen dioten enpresariek uztailaren 7aren osteko egoerari buruz eztabaidatu omen dute. Une horretan, Arabako 49.851 lagunei eragiten dieten sektore-itun garrantzitsuen ultraeraginkortasunak azken arnasa emango du. “Iraungipena” delakoaren ondorioz, langile horiek gainetik dagoen hitzarmen baten baitan (Estatu mailako Hitzarmena) egongo dira edo zuzenean Langileen Estatutuaren berme legalaren babespean, hau da, 645,30 euroko hileko soldata eta urteroko 1.800 orduko lanaldiaren mehatxupean.

Arabako enpresariak oso kezkatuta omen daude langile hauek babesik gabe geldituko direlako, eta egungo lan baldintzak mantentzeko prest daudela ziurtatzen dute. Baieztapen honekin, ondorioztatu daiteke datorren uztailaren 8an itun kolektiboak ez betetzea “patuak agindutakoa” dela, enpresariek gertatzea nahi ez duten hondamendi natural bat izango balitz bezala, aurreikusterik eta gelditzerik ez dagoena. Baieztapen hau, gainera, errealitatetik urrun dago. Izan ere, Lan Erreformaren Legeak gutxieneko ildoa markatzen du, eta enpresei ez die inolaz ere eskatzen, ultraeraginkortasuna igaro ondoren indarrean dagoen maila altuagoko hitzarmena sistematikoki aplikatzeko.

Modu xeheago batean esanda, emakume batek, enpresa bateko langile moduan, uztailaren 7an 1.650 ordu lan egin behar bazuen, uztailaren 8an egutegi bera mantenduko du, bere nagusiak aldatzen ez duen bitartean; legeak eskubide hori ematen baitio, eta kasu horretan, lanaldiaren aldaketaren erantzukizuna soilik enpresariarena izango da. Gauza bera gertatzen da garraiorako, laneko arropak garbitzeko edota lan toxikoak egiteagatik litro bat esne jasotzeko eskubidearekin, eta baita hitzarmenek barne har ditzaketen bestelako adostasunekin ere. Ez dira iraungiko ezta jainkoak hala nahi duelako desagertuko ere, baizik eta enpresariek aldebakarrez hala erabaki dutelako, beti ere, Lege anker eta bihozgabe batek babestuta.

Arabako Alternatiban jakin badakigu azken urte honetan negoziazio kolektiboari dagokionez pairatu behar izan dugun enpresarien egoskorkeriaren helburu bakarra momentu eta egoera honetara heltzea zela. Orain langile arabarrek gaizki egon edo are okerrago egotearen artean aukeratu behar dute. Gaizki, enpresariek azkenaldian egindako lanaldi igoera, soldata jaitsiera eta lan baldintza kaxkarragoen eskaintza onartzen badute, eta txarrago, ultraeraginkortasunaren amaierarengatik eta itun kolektiboak bete ez izateagatik.

Ondo dago, eta demokratikoa da Arabako Enpresariek euren interesak defendatzea, gauza bera gertatzen da langileriak bereak defendatzeko eskubidearekin, baina gizarte arabarra ergeltzat hartzeko asmoa onartezina da. Ez Lan Erreforma, ezta ultraeraginkortasuna, ezta dirudienez gertatuko den itun kolektiboak ez betetzea, ez dira zerutik erori, erantzule argiak dauzkate, eta SEA Arabako Enpresarien elkarteak bere errua onartu beharko luke.

X