Zorrotzaurreko sheriffa

Jorge Segoviano eta Sandra Llano – Alternatibaren Bilboko Asanblada

Bilboko Zorrotzaurre auzoa erabat ahaztua izan dute erakunde publikoek azken 30 urteetan, bertako hiri paisaiaren apaltzearen lekuko izan eta bere burua hiribilduaren eraldatze industrialaren zabortegi bihurtzen ikusi duen bitartean. Azkenean, auzoak Udalaren eta eskutik lotuta daraman hirigintzarako elkarte ilunen begi instituzionalaren arreta bereganatu dituenean, 2000 urte inguruan, izaera faraonikoa duen berriztatze proiektu batekin etorri dira, Jose Luis Bilbaok eta PNVk ohiko duten joera megalomanoarekin bat datorrena.

Garai hartan aurkeztu zen plana monumentuzko obra planteatzen zuen eta, nola ez, nazioarteko arkitektura etxe esanguratsu bati egin zitzaion enkargua (badirudi EAJrentzat Bilbon denetarik dagoela bertoko arkitektoak izan ezik). Noski, egitasmo hau udalaren, aldundiaren, arkitektoaren eta bertan ezarri nahi ziren enpresa gutxi batzuen artean adostu zen bakarrik.

Geroztik, Zorrotzaurreko eta Deustuko Erriberaren berrantolaketa urbanistikoaren ‘megaplan’ honek hainbat zartada sufritu ditu: bertako bizilagunen ekintza bateratua etorkizuneko auzoaren planifikazioaren baitan hitza eta botoa izateko; lur kutsatuen aurkikuntza; krisiari egotzitako finantziazio falta, eta abar. 

Iñaki Azkunaren obra ospetsuak jasandako azken astindua, bertako pabilioi industrial abandonatuetan etxerik gabeko hainbat pertsonen, asko eta asko magrebtar etorkinak, etorrera izan da, berreskurapen planarekin batera poliki-poliki eremua uztera behartuta egon direnak. Bizilagunek zonaldean bizi zen segurtasun ezaren salaketaren ondorioz, eta Lakuako gobernu sozialistarekin megaplana aurrera ateratzeko bat-bateko hitzarmen aukera baten aurrean (pasa den abenduaren 11an adostutakoa), azaroaren hasieran udalak Zorrotzaurreko “okupa etorkinen” aferan esku hartzea erabaki zuen.

Azken emaitzak: bi makro-sarekada, indarkeriaren bitartezko 60 pertsonen joanarazia eta identifikazioa. Gutxienez horietako erdien atxiloketa eta beste askoren kanporatze prozesua martxan poliziaren eskuetan jartzearen ondorioz. Honen aurrean, Arartekoak poliziak hartutako neurri gogorrak eta baztertzaileak gaitzetsu ditu eta, GKE eta auzoko lan talde desberdinen kritika asko ere entzun dira. 

Ironiko xamarra da, Munduko Alkaterik Hoberena paperik gabeko pertsonak eta eskaleak jazartzen zituen bitartean, Zorrotzaurreko Euskaldunako Zubia auzo elkarteak, elkarbizitzarako hitzarmen batera ailegatzeko asmoz, pabilioietako bizilagunekin elkarrizketa prozesu bati bide ematea. Gainera, Lakuako gobernuak zonaldearen hirigintza plan definitiboa onetsi zuen egun berean, auzoko  bizilagunek, GKEek, lan taldeek eta pabilioietako pertsonek asanblada bati eman zioten hasiera, beti ere, Udaleko kale hezitzaileek parte hartu gabe (gonbidatuta bazeuden ere).     

Asanbladaren emaitzak oso positiboak izan dira: bizikidetza bakezale baterako konpromisoa eta elkarrenganako ezagutza asmoa dago orain (izan ere, auzoko Haceria erakunde kulturalak eragile  guztiei zuzendutako elkargunea prestatzen ari da), eta alde desberdinen arteko akordio batera ailegatu da zonaldean eman diren lapurreta eta erasoen arduradunak identifikatzeko. 

Bizilagunen adierazpenak nahiko argiak dira: “Arazorik larriena elkar ez ezagutzea zen. Gu haien beldur ginen lapurreten eta erasoen ondorioz, eta  haiek gure beldur ziren sarekaden arduradunak ginela uste zutelako”. Udal sarekadek egoera konpontzen lagundu beharrean, gatazka oztopatu baino ez zuten egin eta aurrerabiderik gabe utzi zuen egoera. Auzolanari esker bakarrik lortu zuten bidezko irtenbide baketsu batera ailegatzea.

Alternatibatik Euskaldunako Zubia elkartearen ekimena txalotzen dugu. Egun, zaila da arrazakeriazko diskurtso klasista saihestea eta ondorioz, etorkin baztertuak gure hiriko segurtasun ezaren arduradunak bezala ez ikustea. Oraindik ere zailagoa izaten da ekintza parte-hartzaileei, integratzaileei eta positiboei bide egitea; horregatik, haien jarrera eredugarritzat hartzen dugu, meskita, narko areto eta halakoen aurrean bakarrik manifestatzen dakiten bizilagun intolerante eta berekoiei aurre egiteko.

Aldi berean, kolektibo desberdinak eta GKEak ere eskualdean egindako lanarengatik zoriondu nahi ditugu, Udalak berak egin behar zuen lanaz arduratu direlako: akordio batera ailegatzeko beharrezkoak ziren tresnak ahalbidetzea eta prozesuaren bitartekari izatea, alegia.

Baina ez, Azkuna sheriffak polizia erabiltzea nahiago izan du, Kukutza husteko operaziotik nahiko landuta duten protokoloaren erabilera, hain zuzen. Zer inporta du Arartekoak gehiegizko neurriak direla badio ere, zer daki berak?. Garrantzitsuena telebistan ikusten dugun hori da, nola Azkunak eskaleez, gaizkilez eta kaleko-edan zaleez salbu mantentzen duen gure Botxoa. Ohi bezala.  

Azpimarratu nahi dugu ere administrazioak bete duen papera, antza arazoak beti kolpeka konpontzen dituelako: Zorrotzaurreko lan berrien aurretiko desurbanizatze prozesu kaotiko honek hamabi urteko iraupena izan du. Askok, eraikitzaileen faborean auzoa nahita hiltzen utzi dutela esaten dute, harritzekoa ez dena, etxeak berez jausten direlako eta mobilizazio gabezia agerikoa delako auzokideen artean.

Azkenik, Alternatibatik zentzugabekeriazko prozesu hau salatu eta Bilbon, Bizkaian eta Euskal Herri osoan eman diren beste prozesu askoren kopia dela azpimarratu nahi dugu, beti ere, kapitalaren esanetara eta PNV, PP eta PSE menpekoak diren komunikazio medioen laguntzaz. Hauek gure hiriak eta herriak haien jolastoki bihurtu dituzte, aberasteko haien monopoly pribatua. Gauzak horrela, Zorrotzaurreko sheriffa, peoi hutsa baino ez dela esan genezake, txirenea eta oldarra bai, baina peoia azken finean.

Sahara, ahanzturaren aurka memoria

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

Abenduaren 10ean, Giza eskubideen nazioarteko egunean, EHUko Hegoa Institutuak eta Euskal Fondoak Memoriaren Oasia aurkeztu zuten Donostian. Txosten honetan, azken urte eta erdian bildutako datu eta testigantzak jasotzen dira, ia lau hamarkadetan Marokoko Erreinuak herri sahararraren aurka gauzatutako indarkeria sistematikoaren inguruan. 

Dokumentua hiru oinarrizko ardatzen inguruan landu da: Lehena, txostenak berak kontuan hartzen duen denbora tartea da; hain zuzen, 1976ko Um Dreigako bonbardaketatik hasita -momentu hartan basamortutik ihes egindako biztanleek Algeriara ihes egin behar izan zuten betiko- eta 2010eko azaroan gertatutako Gdem Izikeko bonbardaketara bitartean. Ondorioz, ibilbide historiko osoa aztertzen du, orain arte inork egin izan ez duen bezala.

Azpimarratu beharreko bigarren alderdia, bai Algeriako kanpamentuetan zein okupatutako Mendebaldeko Saharan bizi den egoera latzean jasotako testigantza kopurua -260tik gora-  eta kalitatea da. Kopuru handi honek Marokok eragindako giza eskubideen zapalkuntza anitzen berri eman du. Hala, Txostenean bonbardaketak, hilketak, torturak, sexu indarkeria, lapurretak, derrigortutako desplazamenduak, atxiloketa bidegabeak, etab. salatzen dira.  

Zentzu honetan, zilegitasun osoz dagozkien justizia eta autodeterminazio eskubideak zapuzteko asmoz, Marokoren asmoa Saharako gizon eta emakumeen aurka ahalik eta indarkeria bortitzena erabiltzea dela argitzen da. Estrategia hau, hein batean aldatu bada ere, eta 1991ko su-etena gertatuta ere, oraindik ere indarrean dagoela zehazten da.

Azkenik, hirugarren oinarrizko ardatzari dagokionez, Memoriaren Oasia dokumentua nazioarteko estandarren arabera landuta dago eta beraz, tresna politiko eta juridiko moduan erabili daiteke eta erabili behar da, guztiok zekiten baina sistematizatzeke zegoen zerbait salatzeko, eta baita ahaztuta zirudien gatazka hau nazioarteko agendaren erdigunean kokatzeko, egun okupatzen duen eremu ahaztu eta konplize horretatik ateratzeko, alegia.

Eta hala da, dokumentu honek balio handia badu, Maroko eta Sahararen arteko gatazka, konpondu gabeko deskolonizazio prozesuetako bat dela -Palestinakoa bezala, adibidez- aitortzen duelako. Era berean, Memoriaren Oasia txostenak indarkeriaren erabilera sistematikoa egiaztatzen du, inolako zigorrik jaso gabe, eta delitua egiten dutenen eta biktimen arteko botere desoreka ikaragarrian oinarrituta.   

Horrela, eta txostenak aurkeztutako frogak ikusita, zigorgabetasun hau onartzen duten estatu eta estamentuek, haien erantzukizun historikoa bere gain hartzen ez dutenek, aurpegia eman beharko dute.

Zer esango du Espainiako Erresumak, duela 37 urte laga zuen herriak Marokorengandik pairatu beharreko indarkeria egiaztatzean, sahararren baliabide naturalen egarri den estatu boteretsu baten aurrean? Lehen indar kolonizatzaile moduan, ez al luke bere erantzukizuna onartu eta sahararren zilegi diren helburuei konponbide demokratiko bat eskaini behar?

Zer esango dute Frantziak eta Estatu Batuek, Marokoren aliatu historikoek, txostenak aurkeztutako frogei buruz? Dokumentuaren arabera desagertutakoen biztanle tasa, beste edozein gatazkarena baino handiagoa da -1.000ko 2tik gora- , eta izugarrikeria mota berriak asmatu izan dira, adibidez 15 urte baino luzaroago desagertu diren atxilotuen kasuan. Zer esango du nazioarteak oro har, txosten honek islatzen duen irudiaren aurrean?

Irtenbide demokratiko baten garaia heldu da. Gatazkaren irtenbidean nazioarteko komunitateak irmoki parte-hartzeko garaia da. Egindako kaltea onartzeko garaia da. Egiaren, justiziaren eta ordainaren garaia da. Biktimen duintasunaren garaia da. Eta batez ere, inoiz amore eman ez duen herri borrokalari baten duintasunaren garaia heldu da. Autodeterminazioa Sahararentzat, orain!

Alfon, baldartasuna azalerazten

Iagoba Itxaso – Alternatiba

Azken egunotan Alfonso Fernandez askatzearen aldeko elkartasun mezuak ugaritu direla ikusi dugu, A14an atxilotutakoen artean, Europako langileen borroka egunean, oraindik kartzelan dagoen pertsona bakarra.

Egoerak deja vu sentsazioa sortzen digu: jazarpena, segada, froga falta, inkomunikazioa, behin-behineko espetxealdiak, kartzela aldaketak, FIES erregimenak, babesgabetasuna… Deja vu bat baino, egoera berari buruz hitz egiteko faltan dugun gauza bakarra presoa ehunka kilometrora dagoen kartzela batera eramatea da.

Poliziaren baldartasunak eta botere politiko herdoildu, atzerakoi eta zapaltzaile baten menpe dagoen lege sistema espainiarrak, barrutik eta kanpotik desegiten ari den Espainia agerian uzten dute.

Zaila dirudi Espainia markarako preso politiko madrildar bat irenstea, baina boterean daudenek ez ezik, ingurukoek ere trakestasun larria azaltzen dute. PSOEk esaterako, batzuek argudiatutako epeltasunagatik baino, koherentziagatik egiten baitu; ez baita bakarrik zapalkuntza honen konplizea, ezarri ere egin izan du, eta horregatik isilik dago orain. Bakar batzuek hautsitako isiltasuna da, edonola ere, haiena, gutxiengoak ukabila altxatuta haserrera adierazten duelako, sozialismoaren arbasoek lotsaz ikusiko luketen jokabidearekin.

Baina baldartasunak gehiagorako ematen du, zenbait eragile eta norbanakoek Alfon preso politikoa dela deskubritu dutenean ezusteko gisa hartu dute, Palestinan edota Guantanamoko presondegian eman daitezkeen egoerak gogora ekarrita, baina ehunka euskal presoena zeharo ahaztuta. Beren burua “muturreko ezkertiar” gisa azaltzen duten eragileak dira, hedabide batzuek ere hala deitzen dieten arren, guztiek diote Alfon dela estatuko preso politiko bakarra.

Nire trakestasuna ere bada, hitzok aski dela eta mutil hau berehala askatu behar dutela esanda hasi behar nituelako, errugabetasuna aitortu behar diotela eta kartzela benetan merezi duenak bere bahiketan parte hartu zuen horiek direla. Hori egin beharrean, aldaratzeetan galdu eta Alfon babesten dutenei eraso egin diet.

Izan ere, Espainiaren euskotartzea deritzoten honetan sentimendu kontrajarriak sorrarazten zaizkigu. Guztiz ezinezkoa egiten baitzaigu preso politiko madrildarren inguruan hitz egitea ahaztuta Euskal Herriko preso gaixoak, sakabanaketa eta honek eragiten dituen heriotzak, zigorren luzamendu bidegabeak, iruzurrez beteriko epaiketak, torturak eta preso zein senideen kontrako erasoak.

Zorionez, Madrilen Amaiur ordezkatzen dutenak ez dira hain trakets ibili eta ederki asmatu dute Alfonen amarekin egoten eta, aldi berean, datorren hilabeteko mobilizazio garrantzitsuarekin bat egiten. 

Alfon askatu eta U12 Bilbora!

CAF: Inork ulertzen ez duen erregulazioa

Xabier Soto – Alternatibako Gipuzkoako Koordinatzailea

CAF enpresak beti izan du ezaugarri bere lantegian aritutako langile kopuru handia, eta baita produkzio lan baldintza gogorrak ere, gehienbat, merkantzia bagoien produkzioan oinarrituta dagoena. 50eko hamarkadan enpresak bere lantokien modernizazioari ekin eta beste lantegi batzuk ere eskuratzen ditu (Irun eta Zaragoza), Espainiako Erresumako tren industria indartuz. 70ko hamarkada bitartean, enpresak garapenean inbertitu eta modernizaziorako apustua egiten du. Hala ere, honek ez ditu 80ko hamarkadak ekarritako urte gogorrak arintzen eta konpainia egoera arriskutsuan kokatzen da. Orduan heldu zen langileen ordua, enpresak akzioak erostera animatu baitzituen konpainiaren parte sentiaraziz. Cartera Social deritzon funtsa jaiotzen da. 90ko hamarkadan nazioartean hedatzeko garaiari hasiera eman zitzaion, gaur egunera arte luzatu dena. 

Urte horietako oparoaldiak eskaerak handitu eta mozkinak igo mantendu zituen.  Baina diru-goseak erabaki ezmoral eta ulertezin batera eraman gaitu. Bizi dugun 2012ko urte honetan, enpresak “historikotzat” jo duen urtea alegia, Beasaingo lantokian enplegua erregulatzeko espedientea abian jarri dute, langileen %40tik gora langileri eragingo diena.

Urteotan, borroka, greba eta sufrimendu asko jasan da langileen bizitza kalitatean hobekuntzak lortzeko, inbidiagarria den lan politika eskuratu, aparteko orduak kendu, negoziazioetan baldintza sozialak hobetu (beharrezkoa izan denean soldatak ez eguneratzearen truke ere) eta banaketa justuago erdiesteko, enplegua sortzeko ahalbidetzeko balio izan dena. Langileen elkartasunaren adierazgarri da, halaber, inguruko enpresen borroka kolektiboekin bat egin izana, eta haiek CAFeko beharginekin egindako ere bai, lantegia eskualdeko beste hainbat enpresa ertain eta txikientzako pizgarria izan dela ahaztu gabe.

Zer esan haien izerdiaz eta esfortzuaz CAF gaur den enpresa izatea posible egin duten pertsona guztiei? Adibidez, aurten 100 milioi euro baino gehiago irabaztera doazela eta kopuru horren %2a ere ez dutela gastatu nahi erregulazioa saihesteko, alde batetik, lan zamak handitu eta erosteko ahalmena galtzea geldiarazteko (enpresaren mozkinak igotzen badira ere) eta bestetik, Goierrin eta Gipuzkoa osoan honek ekar ditzakeen ondorio ekonomiko negatiboak ere ekiditeko. Halako bidegurutzean kokatu ditu konpainiako zuzendaritzak bere langileak, industria osagarria eta, orokorrean, eskualde osoa. Ba al dauka  kontraesan honek sinesgarritasunik? Non dago orain beren Ardura Sozial Korporatibo ospetsua?

CAF ezohiko elkarte anonimoa dela gogoratu behar dugu ere. Zenbat laguntza publiko jaso ditu jada? Eta Cartera Social funtsa delakoa zer? Bi akziodun nagusiak Kutxabank eta Cartera Social funtsa bera badira ere, horrek ez du esan nahi bere kontrola langileen esku dagoenik. Eta hona hemen agertzen zaigula PNVk joka dezakeen papera. Kasualitatez, funts honen buruzagiak alderdi horren kide ezagunak dira. Langileok ez dute inoiz ez hitzik, ez botorik izan izendapen hauetan, ez eta eguneroko kudeaketan ere. Eta elkarteak ez badu erregulazio honen aurka altxatzeko intentziorik, agian bere kudeatzaileak aldatzeko garaia heldu delako izango da, horretarako CAFeko batzordea deitzea beharrezkoa bada ere.

Eta Kutxabank, zer esanik ez. Euskal kutxek enpresa salbatzen lagundu zuten, baina azken batean, mozkin gehien eman dien enpresa izan da ere. Orain, Kutxabankek  parte-hartze garrantzitsua dauka, eta nahi izanez gero, Cartera Social funtsarekin batera erregulazioa geldiarazi dezake. Kutxabankek mozkinen %2a eskuratzeko erakutsi duen diru-gosea nora joateko asmoa duen isla da. Horrela bakarrik ulertzen dugu PNV-PP-PSEren arteko ituna, besteak beste, bere administrazioa kontseilutik ordezkaritza jakin bat kanpo mantentzeko.

Batzordeak erregulazioa ekiditeko plan bideragarri asko aurkeztu dituen arren, zuzendaritzak ukatu ditu denak eta atzera egiterik ez dagoela berretsi du nagusikeriaz behin eta berriro. Nola azaldu hau Gipuzkoako herritarrei, CAF mozkin handiko enpresatzat dutenean? Herritarrak dira euren poltsikotik enpresaren dibisio batek azken 6 hilabeteetako lan falta ordainduko dutenak, are gehiago, enpresak inolako alternatibarik proposatzen ez duenean. Euskal gizarteak gehien duenari are gehiago ematea, eta ezer ez duenari kentzea onartuko duela uste dute? Zer pentsatuko du aspaldi langabezian dagoen pertsona batek?

Gipuzkoan inork ezin du ulertu etekin  handiak dituzten enpresek erregulazio dosierrak planteatzea. Bestalde, CAFentzat lan egiten duten beste enpresa txikiago batzuk ere egoeraren beldur dira, makina berri asko erostearen ondorioz zorpetu direlako eta, orain, ordaintzea zaila izango dute. Hori gutxi balitz, Pandoraren kutxa zabaldu dute, osasuntsu dauden beste enpresa batzuk erregulazio propioak eskatzera animatu daitezkeelako, CAFi kaudimen ekonomiko batekin aurrera egiten utzi bazaio, edonorentzat aukera ireki da orain.

Ziurgabetasunez beteriko testuinguru honetan hausnartuz, zer da ondorengoei utziko dieguna? Langile klase duina bat egongo al da etorkizunean? Gizarte oparo bat izango dugu, guztioi lanerako eta errealizazio pertsonalerako aukerak ematen dituena? Edo beharbada, merkatuen tirania eta desberdintasun sozialak inposatu eta mozkinaren logikaz esklabo bihurtuko gaituzten jauntxoak baino ez dira egongo?

Aniztasun funtzionalarena ere bai

Igor Nabarro eta Hector Prieto – Alternatiba

Abenduaren 3an, Euskal Herrian ospatzen ditugun beste hainbat data adierazgarriekin batera, aniztasun funtzionala duten pertsonen nazioarteko eguna ere gogoratzen dugu. Ez da, inondik inora, ospakizunetarako eguna, aldiz, ezintasunen bat dugunon aldarrikapenak inoiz baina ozenago entzunarazteko eguna izan behar da, gure eskubideen alde borrokatzen jarraitu behar dugulako, aukera berdintasuna eta eskubide guztien jabe diren herritar legez aitortuak izatea nahi dugula oihukatzeko.

Une honetan, ezinbestez, kolektibo honen kezkarik handiena sistema kapitalistaren krisiak aniztasun funtzionala dutenengan eragindako ondorioak dira, izan ere, egungo egoerak gizarte osoari kalte egiten dion arren, ohikoa denez, gizarte bazterkeria pairatzeko arriskurik handiena dutenei bereziki eragiten die.

Ukaezina da talde hau bazterkeria soziala pairatzeko aukera gehien dituenen artean dagoela, bazterkeriaren definiziorik onartuenetako bat aintzat hartuz gero, ardatz nagusi gisa ekoizpena, banaketa eta kontsumoa dituena, aniztasun funtzionalarekin bizi direnak modurik bortitzenean eta sakonean jasotzen dituzte sistemaren gainbehera eta bere ondorio sozioekonomikoak.

Urritasunen bat dutenentzat, krisiak dituen ondorio larriak esparru ugarietan azaltzen dira. Horietako bat da enplegurako sarbidea. Aniztasun funtzionala duten pertsonek beste inork baino zailtasun handiagoak dituzte lan merkatuan sartzeko, eta lortzen dutenean ere, besteek baino baldintza kaskarragoetan egiten dute. Gainera, kaleratzen dituzten aurrenetarikoak dira arazo ekonomikoak hasten direnean.

Sistema kapitalistarentzat, aniztasun funtzionalean daudenak ez dira guztiz baliagarriak, gainerako langileen moduan ekoiztu eta plusbalioa sortzeko gaitasunik ez dutelako. Horregatik, askotan oztopatu egiten zaie lan merkaturako sarrera eta, lortzekotan, prekarietatea nagusi duten baldintzetan.

2011n, ezintasunen bat duten pertsonen langabezia tasa %20koa zen, ezintasunik gabeko herritarren %22koa zen bitartean. Gainera, ezintasunen bat duten emakumeek are tasa okerragoak dituzte gizonezkoekiko, 10 puntu inguru okerragoak hain zuzen.

Era berean, erakunde publiko desberdinek eginiko erreforma eta murrizketek aniztasun funtzionala duten pertsonen barneratze sozialean atzerapauso larria ekarri dute, hainbeste urteetako aldarrikapenekin eta borrokaren bidez lortutako eskubideak galtzen ari baitira.

Urritasunen bat dutenek orain arte jasotzen zituzten prestazioak gogor murriztu dira. Adibidez, menpekotasunari lotutako laguntzen onuradun zirenek ikusi behar izan dute sistema finantzatzeko diru gutxiago bideratu denez, prestazioak gutxitu egin direla eta, horrez gain, gogorragoak da horiek eskuratzeko baldintzak.

Baina sektoreari lotutako murrizketa jakinak ez ezik, herritar guztiek pairatzen dituzten neurriek ere kalte egiten digute: BEZaren igoera, botiken eta protesien zein ortesien berrordaintzea edota langabezia saria murriztu izanak, bigarren mailako herritar bezala kokatzen gaituzte.

Bestetik, krisi anitz honen aitzakiarekin, administrazio desberdinek aniztasun funtzionala duten pertsonei lotutako elkarte eta erakundeen gaineko diru-laguntzak, hitzarmenak eta ekarpenak murriztu egiten dituzte.

Neurri hauek, halaber, kolektibo honen bizitza kalitateari eta gizarteratzeko aukerei kalte egiten die, hirugarren sektoreko erakunde hauek eskubide berdintasuna aldarrikatzeko bidea eta lan munduan zein gizartean barneratzeko aukera ematen dute.

Gure gizartean nagusi den ekoizpen sistema kapitalistak erabateko herritartasuna ukatzen die aniztasun funtzionala duten pertsonei, herritarren sasi produktu bilakatzen ditu. Sistema, alabaina, bere aukeren mugetatik haratago jo du dagoeneko, bere izaera bera kolokan jarrita.

Zalantzarik ez dago sistemaren suntsipen honetan kalterik handiena pairatuko dutenak kapitalismoak bazterkeriaren mugan kokatu dituen talde horiek izango direla.

Premiazkoa da herritar guztiek, aniztasun funtzionala izan edo ez, bat egitea egungo sistema ordezka dezagun, pertsona guztientzako justizia soziala eta aukera berdintasuna ardatz dituen beste sistema batekin ordezkatu. Eredu barneratzailea, adina, genero, aniztasun funtzionala zein bestelako aldagai guztiak kontuan izango dituena.

Irudia: Artgnosis

X