Israelgo gobernua, bakearen etsai

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

Israelgo Gobernuak joan den astean abiatutako ekintza bortitzen gorakadak dozenaka lagun erail ditu dagoeneko, palestinarrak batez ere, eta are okerragoa izateko arriskua ere badago ejertzito israeldarrak lurreko inbasioaren mehatxua gauzatuz gero. Egunetik egunera gauzagarriagoa dirudi erasoa, milaka erreserbista prestatzen ari baitira aukera horri begira. Horrela ez bada, 2008ko sarraskiak errepika daitezke, Berun Urtua operazioak 1.300 hildako eragin zituenean, bonbardaketa masiboak eta Gaza lurretik inbaditu zuen ejertzitoaren eskutik. Biktima horietatik, 10etik 8 Nazioarteko Zuzenbideak “babestutako pertsona” gisa definitzen dituen zibilak ziren.

Ugariak dira indarkeria sorta berri hau azaltzeko analistek eskaintzen dituzten arrazoiak, deskolonizazioaren garaitik historian luzatu eta konponbiderik gabekoa dirudien gatazkaren baitan. Esaten da, 2008an bezala, Israelen hauteskundeak hurbiltzean gobernu sionistek palestinar herritarren aurkako eraso berriak egiten dituztela, Israelgo herritarren defentsarekiko duten konpromisoa azpimarratu nahian. Hala, soziala eta zuzenbidekoa izateari utzi dion estatuaren norabide teokratikoarekin aspertuta dauden herritarren aurrean,  gobernuak indarkeria darabil gizartea diziplinatzeko. “Edo nirekin edo Israel suntsitu nahi dutenekin” diotela ematen du.

Horrez gain, gorakada berriaren beste arrazoietako bat Nazio Batuen Erakundeak Palestina estatu gisa aitortzeko aukera izan daitekeela aipatu izan da, Israel kontra duen egitasmoa. Era berean, eremu hartan sortzen ari den indar oreka berriarekin kezkatuta daude, Mubarakekin ez bezala, ez dirudielako egungo Egipto prest dagoenik israeldarren eta estatubatuarren interesei men egiteko.

Horrela, lehenengo eta behin, indarkeria eta gatazka areagotuz, bere herritarrak kontrolatzen ditu; bigarrenik, Palestina estatu burujabe gisa onartzeko prozesua hautsi nahi dute, haien okupazioarekin bateraezina delako eta erasotzaileak izan arren beren burua biktima gisa aurkezten dutelako; azkenik, indarra erakutsi nahi dute eskualde hartan, herri arabiarrak, Egipto bereziki, haien kokapena zehaztera behartuz.

Su etena emanda ere, inork ez du bermatzen datozen asteetan, edo hilabete gutxi barru, milaka lagun sakrifikatuko ez dituztenik gobernu ultraeskuindar baten interes geopolitikoak direla medio. Israelgo gobernuak ez du bakea nahi, ez du elkar ulermena bilatzen, gatazka behar du gatazkatik bizi delako, desberdinen arteko gatazka noski, bere burua indartzeko erabiltzen duena.

Baina guzti hau Nazioartearen babesarekin egiten du, eta hortik dator irtenbide gauzagarri bakarra. Erasotzailearen konplize izatetik, borrokan ari diren aurkarien aurrean balizko ikusle hutsaren papera antzeztu beharrean, nazioarteak onartu behar du porrot egin duen deskolonizazio prozesu baten aurrean gaudela; aldeetako bat bestea baino askoz indartsuagoa dela aitortu behar du, eta indar horrekin Palestinako herritarrak banan-banan hiltzen dituela, apartheid prozesu bortitza eta sistematikoa dela medio; nazioarteko legeak bete egin behar direla gogorarazi behar du, eta Israelek urratu egin dituela estatu gisa aldarrikatu zenetik, inolako zigorrik jaso gabe.

Horregatik, hitzetik ekintzetara pasa beharra dago, hala ez bada, konplize izaten jarraituko dugu. Israelgo inbertsio eta produktuen gaineko boikota ezarri beharra dago bakearekin konprometitu arte; nazioarteko legeak urratzen dituen estatuari zigorrak ezarri behar zaizkio; eta ekidin behar da, eskura dauden bitarteko guztiekin, Gazako lurraldearen kontrako erasoa.

Palestinan, bakeak eta demokraziak indarkeriari aurre egin behar diote. Noren alde kokatuko da oraingoan Nazioartea?

Guatemala: Militarrak, transnazionalak eta neoliberalak

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista

2012ko Urriak 4, Totonicapan, Guatemala. Armadak zortzi pertsona erail ditu, beste bat desagertu da, eta balaz eta arma zuriaz 48 kantoietako hainbat emakume eta gizon zauritu ditu. Arrazoia: besteak beste, elektrizitatearen gehiegizko prezioak salatzeko eta kalitatezko hezkuntza publikoaren defentsan eginiko mobilizazio baketsuak.

2012ko Maiatzak 1, Santa Cruz de Barillas, Guatemala. Pertsona bat hil eta matxinada eta terrorismoa leporatuta beste 10 lagun espetxean diraute, 50 urteko zigorraldiei aurre eginda. Arrazoia: udalerriko komunitateen gehiengoaren jarrera zentral hidroelektriko bat eraikitzeko erabakiaren aurka, nazioarteko legeak urratzen dituena (OITren 169. hitzarmena), ez baitu herriak burututako kontsulta errespetatzen, gehiengoak proiektuaren kontra bozkatu baitzuen.

Hauek, Guatemalako sektore herritarrek pairatzen dituzten eraso anitzen adibide bi baino ez dira. Zoritxarrez, zerrenda luzea da eta erasoen aldizkotasuna iraunkorra: Polochic, San Juan Sacatepecez, Uspantan eta abar, kasu larrien adibideak baino ez dira. Honen aurrean, pentsa genezake gertaera isolatuak direla. Edo, agian, Guatemalako historiak iragan mendeko 60ko hamarkadatik hona bizi izan duen bortizkeriaren segida bailitzan ere har genezakeen.

Tamalez, ez dugu uste hala denik, kontrakoa baizik. Indarkeria politikoaren gorakada eredu sozial baztertzaile eta antidemokratiko baten entsegua dela uste dugu, non gobernu zibil-militar berriak ezartzeko aukerak egon daitezkeen. Hala, hauek izango lirateke zibilizazio krisi honetan proiektu neoliberala areagotzeko bide politiko bakarra. Zentzu honetan, gaur egungo gobernua, Perez Molinak zuzendutakoa (1960-1996 bitarteko gatazka armatuan gertatutako genozidioan parte hartu zuen militarra), militarismo neoliberalarentzako estrategian pauso bat gehiago litzateke.

Hona ailegatuta, garrantzitsua da azpimarratzea eredu berri honek ez dagokiola bakarrik Guatemalari, mundu osoan eragina baitu. Gauzak horrela, eta ez Guatemalan bakarrik, kapitalismoa eta demokrazia kontraesan sakonago batean ari dira murgiltzen, gaur egun intentsitate gutxiko demokrazia hegemonikoa dela dakigun arren. Bizi dugun krisialdiaren aurrean, eredu kapitalista irabaziak handitzeko edozer egiteko prest dago. Eta bere zilegitasun gabeziaren jakitun izan arren, sistema honen babesleek -enpresa transnazional eta bertako oligarkiak- progresiboki maskara demokratikoa kendu eta indarkeriara eta zapalkuntzara jotzen dute haien proiektu bidegabea garatzeko. Beti egin izan dute, hori jakin badakigu. Baina orain inoiz baino agerikoagoa da, eta ezkutatu gabe egiten dute gainera. Eta esperientzia frogagarriak behar dituzte horretarako: Guatemala horren adierazgarri da.

Hau litzateke beraz, Guatemalan egiten den proposamen politikoa: enpresa transnazionalak; merkatu globalekin bat egin duten oligarkiak; polizia eta armada errepresio orokorrarentzako elementu bezala; helburu eta demokrazia gutxiko gobernuak, boterea bidegabeki dutenen beharren zerbitzura.

Hala, herriak pairatzen duen bortizkeri politikoa, proiektu militarista neoliberal hau martxan jartzearen helburu bezala uler dezakegu. Horrela, eta gizartearen erantzuna eten nahian, indarkeriaz jositako bide batetik joko duen gobernua eraikitzen ari dira. Aurretik aipatutako kasuetara bueltatuz, Perez Molina militarraren gobernuak eta Espainiako Enbaxadak Barillas-eko zentral hidroelektrikoaren eraikuntza modu agerian babesten dute. Ez da arraroa, beraz, eraikuntza enpresa Galiziako Hidralia Energia izatea, Bankiaren kredituen laguntza jaso duena ere. Antza, eta komunitateko iturrien arabera, ustezko hiltzailea enpresa horren filialaren parte da, Hidro Santa Cruz, hain zuzen.

Horretaz aparte, Totonicapaneko armadak 8 pertsona akabatzearen arrazoiak ere hobeto ulertzen ditugu orain: argi elektrikoaren igoera itzelak sektorearen pribatizazioan -Fenosaren eskuetatik enpresa kolonbiar batera pasa dena- du jatorria. Ez da harritzekoa, beraz, bi enpresek argiaren prezioa igo zutela asmatzea, baina beti ere, komunitateekin negoziaziorik egin gabe.

Baina badago gehiago. Pobrezia gorrian bizi den herrialde honetan, eta guzti hau gertatzen zen bitartean, Guatemalako gobernuak radar bereziak dituzten sei hegazkin militar erosi ditu, antza, altxamenduak eragozteko asmoz. Erosketa honen ordainketa Brasilgo BNDES eta BBVAk eskainitako kreditu itzelekin egin da.

Hartara, alde batetik, Galiziako enpresak, espainiarrak, kolonbiarrak, armada, segurtasun pribatua, oligarkiak, Guatemalako gobernua eta enbaxadak ditugu. Bestetik, herritarrak eta gizarte sektoreak. Soka tenkatzen hasi da.

Hitz batez, asko dira Guatemalako egoeraren inguruan egin beharreko gogoetak: lehenik eta behin, kapitalismo basati hau geldiarazteko erantzun soziala gogorra, sendoa eta erabatekoa izan behar duela. Guatemalako mugimendu sozialak eta komunitarioak horretan ari dira. Hemendik gure esker ona. Bigarrenik, momentu honetan elkartasun internazionalistak duen garrantzia azpimarratu nahi dugu, egoera salatzeaz aparte Guatemalako proiektu kapitalistetan sartuta daudenei aurre egitea erabaki duelako. Halere, ardura globala eta partekatua izan behar duela aditzera eman du. Hirugarrenik, beste herrialdeetara, Europa barne, zabaldu daitekeen joera bat dela gogoratu nahi dugu. Orain arte neurri estrukturalak herrialde pobreetara bakarrik mugatzen zirela uste izan dugu, baina hara non, orain gainean ditugun, gu birrintzen.

Guatemala gure etorkizunaren isla izaterik nahi dugu? Geldiarazi dezagun orain, haiengatik, baina guregatik ere bai.

Ekin, salatu eta sor ditzagun aliantzak eta konfiantzak. Gure elkartasun osoa beraz, Guatemalako herriarekin dago. Eta horregatik, gogor salatzen ditugu Europako enpresa transnazionalak. Guztion etorkizuna delako, guztion borroka delako.

Bidegurutzean

Amaia Agirresarobe eta Ana Etxarte

Eusko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeak mugarri izango dira, euskal gizarteak asaldatze politikora egiten ari den bidean aukera direlako. Herritarrak mobilizatu, proposamen politiko eraldatzailea eta sistemarekin gero eta aspertuago dagoen gehiengo herritar eta sozialen zilegitasunean aurrera egiteko aukera da aurrean duguna. Hala, hauteskundeak ez dira berez helburua, Euskal Herri alternatiboa eraikitzeko borroka luzearen etapa bat baizik.

Krisi sistemikoa pairatzen ari garela aurre egiten diegu hauteskundeei, munduan pobrezia eta desberdintasunak gero eta larriagoak direnean, merkatuek beren diktadura ezarri dutela eta planetaren muga fisikoak gainditzen ditugunean. Euskal Herria ez dago guzti honetatik salbu, herritarrek eskubide politiko, ekonomiko, kultural eta sozialen urraketa larriak jasaten baitituzte.

Kontrako norabidean doazen bi errepideen arteko gurutzebidea da hauteskunde prozesu hau: EHBilduk abiatu nahi duen bide berria eta gainerako alderdien galbidea; ñabardurak ñabardura, sistema sozioekonomiko berari eusteko apustu egiten baitute.

EHBilduren eredua aberastasunaren banaketa du helburu, zerga politika desberdinaren bidez eta honako lehentasunak ezarrita: politika sozialak sustatzea, ekonomiaren sektore estrategikoen kontrol publikoa, lan eskubideen bermea, ikuspegi feministatik gizonen eta emakumeen arteko parekidetasuna erdiestea, ingurumena errespetatzen duten azpiegiturak sustatzea, demokrazia zuzena eta parte-hartzailea, euskararen erabateko normalizazioa, elikadura subiranotasunaren aldeko apustua, eraikuntza nazionala Europaren baitan eta herritartasun unibertsalaren izaera barneratzailea babestea. Neurri guzti hauek eredu politiko, sozial eta ekonomikoaren errotiko aldaketa bilatzen dute, eta agerian uzten dute programarik eta proiekturik ez dugula dioten ahotsen diskurtso faltsua.

Eta zein da PPk, PSEk eta PNVk eskaintzen duten herri proiektua? Esanak esan, Espainiako patronalak asetzen duena, enpresaburuen presidente Juan Rosellek berak hiru alderdi horien programak publikoki bedeinkatu baititu. Alegia, betikoa: desarautzea eta neoliberalismoa, gutxiren mesederako mega proiektuak, eskubideak murrizten dituzten lan erreformak, atzerapausoak emakumeen egoeran, zerbitzu publikoen pribatizazioa eta prekarizazioa, gizarteko sektorerik ahulenen kriminalizazioa eta estatutuan oinarritutako formula agortuak.

Alternatibatik argi daukagu itzulerarik gabeko bidea dela hau, herri honetako gehiengo politiko eta soziala amildegira daramana eta, horregatik egunero lan egiten dugu gero eta jende gehiagok bultzatzen duen EHBilduren proiektuan, joera politiko desberdinak baina helburu komuna dutenen elkarlanean oinarritutakoa: eredu politiko, ekonomiko eta sozial bidegabe hau gainditu asmo duena.

Jakin badakigu bide luzea dugula aurretik, eragile desberdinen laguntza eskatuko duena eta eguneroko ekintzetan gauzatu beharko duguna, kalean zein instituzioetan. Azken eremu honetan, beharrezkoa deritzogu hainbat arloetan akordioak egiteari, burujabetza politikoa, bestelako zerga politika, herritarren parte-hartzea, parekidetasuna eta jasangarritasun ekologikoa lortzeko. Baina era berean, badakigu ezinezkoa dela sistema iraunaraztea beste helbururik ez duten alderdi politikoekin inolako gobernu akordiorik egitea.

Eman dezake formula hauek jauzi kuantitatiboak egiteko autobideak izan daitezkeela burujabetza edota politika sozialak bultzatzeko baina, benetan, kale itsuak besterik ez dira, politika ekonomiko neoliberalen bidesaria ordaintzeko prest dauden bidaideak dituztenak, murrizketa sozialak edo autodeterminazio eskubidea ukatzea. Laburbilduz, ezin dugu bazter utzi gure helburuarekiko koherentzia, ezta prozesu honetan gurekin aurrera egiteko prest dauden eta itxaropenez beteta dauden pertsona guztiak, horiek bai daudelako gure bidean laguntzeko prest.

Venezuela Hugo Chavezekin nahi dugu

Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Mahai Internazionalista
 
Ondo da. Hugo Chavezen nortasunaz eztabaida dezakegu, lidergoan jarduteko modu bereziaz, batzuek gorroto dutena beste askok goraipatzen duten bitartean.

Ados, nazioartean egin dituen aliantza batzuei buruz ere hitz egin genezake, Estatuaren interesak ideologiaren gainetik jarri izan dituen horietan. Hau ez da mundu erraza, ezta gure zibilizazioak pairatzen duen krisiak eragindako une aztoratu bezain ezjakin hau ere.

Berriz ere ados nago, aurrerapausoak mantsoak direla esango duzue seguruenik, eta ez dagoela oso argi zer den XXI. Mendeko Sozialismo delakoa, ea non dauden egungo ezker alternatiboaren ezaugarrietako batzuk. Edonola ere, gogorrak eta nahasiak izaten dira burujabetzaren bideak, bertatik igarotzea erabakitzen dutenentzat.

Eta ondo da, beharbada Venezuelako eredua bere horretan beste lurralde batzuetara eramatea, eremu eta kultura bakoitzaren ezaugarri zehatzak aztertu gabe, ez da ezkerreko politika egiteko modurik egokiena, gaur egun.

Garrantzitsua da esatea, eztabaidatu ahal izateaz gain, beharrezkoa dela, baita kritikak egitea ere. Izan ere, Venezuela borborrean dagoen kontinente baten parte garrantzitsua da. Bertan hainbat saiakera egiten dira paradigma eta proposamen politiko berriekin; kontraesanez, mugaz, aurrera zein atzerapausoz beterikoak, baina batez ere, aberastasunez, aniztasunez eta politikaz beteak.

Prozesu europarrak, Euskal Herrikoa kasu, bestelako logiken arabera gertatzen dira, eta hori ondo dago, hala izan behar da. Baina ez dugu inoiz ahaztu behar ezkerra proiektu komun baten parte dela, eta beti begiratu behar diegula, zeharka bada ere, burujabetzari buruz teorizatu eta praktikatu egiten dutenei.

Horregatik nahi dugu Chavezek datozen hauteskundeak irabaztea, Venezuelarentzat ona delako, eta baita Euskal Herriarentzat ere, gure buruaren ispilu izan daitekeelako. Hala, eta aurretik esandako guztiaz eztabaidatu ahal badugu ere, gauza batzuk eztabaidaezinak dira guretzako, hemen asko baitugu haiengandik ikasteko. Lehenik, bere   izaera internazionalista argia, hasieratik ulertu baitu guztion etorkizunak elkarren artean menpeko direla, eta neoliberalismoa eta kapitalismoaren modernitatearenak ez diren bestelako oinarrien gainean eraikitako eskualde arteko eta nazioarteko integrazioaren alde ibili da buru-belarri. Hala, Venezuelak ezinbesteko lana bete du ALBA, UNASUR, CELAC, eta bestelako erakundeen eraketan, eta horrek inperioari aurre egiten dieten indarren metaketa sustatu du, bai eskualde zein nazioarte mailan, irabazi asmorik gabeko elkartasunetik, herriak elkarren artean ulertzeko gai direla eta beharra dutela erakutsiz.

Bestetik, prozesuak arinagoak edo mantsoagoak direla ere, sozialismoaren aldeko apustu garbia egiten du, etsaiak zuzenean nortzuk diren esaten du, aurre egiten die, izen eta abizenekin -ez soilik merkatuak aipatuz- eta demokratikoki kapitalismorik gabeko bizitza ahalbidetzen dituzten politikak bideratzen ditu, amildegira eraman gaituzten gauza guztietatik urrun.

Azkenik, helburu horiek ez dira diskurtso soilean gelditzen. Aitzitik, errealitateak dira: komunikabideen demokratizazioa; nekazaritza erreformaren eta elikadura subiranotasunaren aldeko politikak; lan araudi aurrerakoia; sektore eta enpresa estrategikoen nazionalizazioa; ekonomia solidarioaren eta EHak bere buruarentzat nahi izango lukeen herri partaidetza sistemaren sustapena.

Horregatik guztiagatik eta beste hamaika arrazoiengatik -aurrean duen eskuma kolpistaren aurpegiak ikusteak eragingo ligukeen pozaz gain- gure elkartasuna bidaltzen dizugu: Hugo, Venezuelagatik irabazi, Amerikagatik irabazi, Euskal Herriagatik irabazi.

Irudia: Matiz

Informatika herritarra herriarentzat

Iagoba Itxaso – Alternatibako Komunikazio Kritikorako Mahaia

Softwarea ezinbestekoa da gure egunerokotasunean. Erabiltzen dugun teknologiaren parte da, eta egiturazko osagaia da erakunde guztietan, enpresa publiko zein pribatuetan.

Banaketa ereduaren eta bakoitzaren izaeraren arabera, bi software mota existitzen dira: alde batetik software pribatiboa dugu, non Windows moduko sistema eragileak edota MS Office zein Photoshop bezalako aplikazio ezagunak kokatu daitezkeen; bestetik, software askea daukagu, GNU/Linux sistema eragilea ikur duena eta Open Office edo Firefox bezalako aplikazio arrakastatsuekin.

Zenbaitetan nahiko nahasia da bien arteko aldea, baina erraz uler daiteke desberdintasuna. Software askeak izen hori badauka, nahi duten guztiek hura erabili, kopiatu, aztertu, aldatu eta birbanatzeko askatasuna eskaintzen duelako da; software pribatiboan, aldiz, askatasun hauetako bat edo batzuk jabetza eskubidea dutenen esku galarazten dira. Alegia, askatasun horretarako mugak jartzen dizkigute.

Gure erakundeek software askea zein pribatiboa erabiltzen dute, inbertsioaren zatirik handiena bigarren horretara bideratzen badute ere. Bila daitezke software pribatiboa erabili eta defendatzeko argudioak, baina askea erabiltzearen aldeko arrazoiak, askoz garrantzitsuagoak izateaz gain, demokraziaren berme eta guztiz herritarrak dira.

Ezinbestekoa da erakunde publiko batek erabiltzen duen softwarearen gaineko kontrola izatea eta, zalantzarik gabe, gure sistema informatikoei dagokienez burujabetza ziurtatzeko modu bakarra software askearen aldeko hautua da. Aplikazio pribatiboen kodea itxia da eta, horrexegatik, inoiz ezin dugu jakin bere osotasunean zer dakarren. Software librea, aldiz, herritarren kontrolpean dago. Sistema eragile pribatiboa erabiliz gero, ba al dute herritar zein erakundeek beren sistemetatik pasatzen den guztiaren gaineko kontrola?

Beste alde batetik, gure softwarea sustatzearen inguruko eztabaida dago, noraino jo dezakegun bata edo bestea erabilita. Software askea badarabilgu, gero eta garatzaile gehiagok lan egin eta elkarlanean aritzea ahalbidetuko dugu, kode itxiaren jabeak ezarritako mugak gaindituta. Esaterako, erakunde publiko batetik aplikazio jakin bat garatzeko lehiaketa antolatuz gero, garapena bukatu ostean inork ez du galaraziko herritarrek aplikazioa hobetu edo aldatzea. Are gehiago, etorkizunean software hori gaurkotzeko lehiaketa berria egongo balitz, kode irekiak enpresa desberdinek aztertzea ahalbidetuko luke eta, horri esker, aurrekontu egokiagoa aurkezteko aukera izango lukete, jatorrizko aplikazioa diseinatu zuen enpresarekiko aukera berdintasunean.

Egia da administrazio baten sistemak software askera eraldatzeak baduela kostu bat. Baina egia da, halaber, software pribatiboak lizentziak ordaintzea eskatzen duela, askoz garestiagoa izan daitekeena. Instalazio edo mantentze kostuak, gainera, lehiaketara atera daitezke, tokiko hornitzaileek zerbitzu horiek emateko moduan egongo liratekeela. Alegia, lizentzietan diru publikoa gastatu beharrean, atzerriko enpresetan batik bat, bertoko enpresetan inbertituko genuke. Noski, bada beste aukera bat, beharrizan horiei aurre egiteko lanpostu publiko iraunkorrak sortzea, gure sistema informatikoarekiko burujabetza are gehiago indartuz, enplegu publikoa, egonkorra eta duinaren alde egiten dugun bitartean.

Software askearen kontzeptuak, gainera, badu lotura elkarlana bezalako eduki filosofikoekin: demokrazia, horizontaltasuna, aukera zein genero berdintasuna eta internazionalismoa. Guztiok babestu beharreko onura delako, erakundeetako sail guztietatik software askea sustatu beharko litzateke, eta bereziki hezkuntza eta industriatik. Ondo aztertuz gero, berehala konturatuko gara ezin dela lortu nazio burujabea, demokrazia erreala eta herritar askatasun erabatekoa gure instituzioek software askea erabiltzen ez badute.

X