Gure eskubideak, noizko?

Ana Etxarte eta Diana Urrea – Alternatibako Mahai Feminista

Alderdi Popularraren gobernuak Espainiako Erresumara dakarren olatu neoliberal eta ultrakontserbadoreak, langile klasearen eskubideak zuzenean erasotzen ditu, bortizki eta gupidarik gabe. Baina badute emakumeen eskubideak bereziki erasotzeko beste arma bat, krudela, harroputza eta autoritarioa dena, paternalismo patriarkal eta eliztarraz betea. Nola ez, abortuaz ari gara. Edo bestela esanda, emakumeok gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubideaz. Ziurtzat jotzen dugun eskubidea bada ere, gure klase politikoari esker, indarrean dagoen gobernuaren arabera agertu eta desagertu egiten den aukera bat dela dirudi. Eta bai, urteak igaro dira eta bere horretan jarraitzen dugu, pankartak berreskuratzen, geroz eta ozenago garrasi eginez, eta eskubideak erosteko ahalmenaren araberakoak izango direla aurreikusiz (behar bezalako abortu bat ordaintzeko gai ez bazara, hemen edo Londresen, zureak egin du) eta berriz ere, jakin badakigu gure eskubide eta eskakizunak bigarren mailakoak direla eta gutako bakoitzaren gorputzaren, sexualitatearen eta izan nahi dugun haur kopuruaren gainean erabakitzeko ahalmen burujabea mugatzen digutela; dirudienez, ez dute bestelako eskubide eta burujabetza mota batzuek duten bezalako arreta merezi. Hau “emakumeen kontua” besterik ez da.

Alderdi politiko, gizarte erakunde eta sindikatuei galdetu nahi diegu: zer gertatzen da?, zer ari zarete egiten gure oinarrizko eskubideak lotsagabekeriaz zapaltzen dituzten bitartean? Ez al dugu ikusten estatuak eta eliza katoliko apostoliko erromatar sakro-santuak, gure autonomia eta erabakitzeko askatasunaren aurka eragindako eraso honek, langile klaseak pairatzen dituen murrizketa bortitzekin duen harremana?, ez al duzue ulertzen langile klasearen eskubideen murrizketak eta emakumeen menpekotasuna eskutik datozela? Nola ez, murrizketei kalean aurre egiteko larrialdiarekin eta beharrarekin bat gatoz, murrizketok Euskal Herrian ez ezartzea exijitzen dugula. Baina ez dugu ulertzen zergatik ez zaion sendotasun berdinarekin abortuaren lege berriari erantzuten, emakumeen eskubideen aurkako eraso bortitzenetariko bat izango denari, hain zuzen.

Urte hasieran PPk, Gallardonen bidez, Sexu eta Ugalketa Osasunaren Legea aldatuko zuela adierazi zuen, hauteskunde kanpainan agindutakoa, oraingoan bai, betez. Helburua, PSOEk duela bi urte lege txepel eta koldar baten bidez onartutako proposamen eskas horiek atzera botatzea da, urteetan mugimendu feministak egindako aldarrikapenak jasotzen ez zituenak eta emakumeon gorputzen gainean erabakitzeko erabateko ahalmena eta burujabetza bermatzen ez zuenak. Lege honek emakumeen sexu eta ugalketa eskubideen erabilera mugatu du; ez zuen sektore publikoan abortua praktikatzea bermatzen zuen neurri zehatz eta argirik zehazten; eta azkenik, ez zuen borondatezko abortua Zigor Kodetik ezabatzen. 

Orain PPk lege hau aldatu nahi du, eta udazkenerako iragarri den araudi berri honen edukia zehatz-mehatz ezagutu gabe ere, badakigu gure sexu eta ugalketa eskubideek inoiz izandako atzerakadarik handiena pairatuko dutela, eta baita gure gorputzaren gainean erabakitzeko eskubidearen urraketa ere.

Eta badakigu, Gallardon jaunak dagoeneko informazioa aurreratu duelako zunda-baloi moduan. Hasieran, aldaketak 1985eko arauak ezarritako sistemara bueltatzea suposatuko zuela zirudien. Hau da, emakumeak eta arreta ematen dieten osasungintzako langileak babesik gabe uzten zituen sistema bat, eta emakumeen erabakitzeko ahalmena inondik inora bermatzen ez zuena.

Geroago, Gallardonek iragarri zuen fetuaren malformazioa ez zela aurrerantzean abortatu ahal izateko balizkoetako bat, emakumeak haurdunaldiarekin jarraitzera behartuz, fetuak arazo fisiko eta psikiko larriak dituela jakin arren. Ideia zoragarri honekin batera, soberan duten moraltasun dosi bat ere oparitu ziguten, “ezinduek espainiar guztien eskubide berdinak izan behar dituztela” jakinaraziz, eta balizko hau legetik kanpo uztea eskubide hauek ez urratzeko modua zela azalduz. Horrelako berriek eragiten diguten lotsari, amorruari eta ikarari (oraindik harridurarako tarterik gelditzen bazaigu), ikuspuntu orokorra gehitu behar diogu, proposamena Menpekotasunaren Legea desegin asmo duen gobernu baten eskutik datorrelako. Eta honekin aski izango ez balitz, araudi berriak haurdunaldia eteteko balizko bakar bat onartuko duela aurreratu digu: emakumearen kalte psikikoa, beti ere medikuaren txosten batek hala baieztatzen badu. Honek esan nahi du emakume batek beti behar izango duela medikuaren txostena abortatzeko eskubidea izateko, bortxaketa baten edo fetuaren malformazioaren kasuetan ere.

Ez dakigu Gallardonek nor konbentzitu nahi duen honek “amatasuna laguntzen duela” esaten duenean. Manipulatzen saiatzen da eskubide batzuk besteen aurretik jarriz (emakumeenak, menpekotasun egoeran daudenenak; “jaio ez” direnenak); indarrean dagoen abortuaren legeak emakumeen amatasun eskubidearekin harreman zuzena daukala esanez; guk zer behar dugun beraiek bakarrik dakitela eta “bide txarretik aterako gaituen” lege bat egon behar dela saldu nahian. Izan ere, Gallardonek araudia aldatzeko duen arrazoiak ez dauka, berak dioenez, gure eskubideak bermatzearekin zerikusirik. Horretarako, gobernuak aski du emakume asko pobretzen dituen murrizketak egiteari uztea. Benetako arrazoiek, eliza katolikoaren eta Alderdi Popularraren hierarkiak emakumeen erabakitzeko ahalmenaren gainetik inposatu nahi dizkiguten balio erlijiosoekin zerikusia dute. Elizak eta bere sustatzaileek ez dutelako oraindik ulertu erlijioa esparru pribatura mugatu behar dela, eta euren sinesmenen gainetik estatuak herritar guztien eskubideak bermatu behar dituela; eta, batzuei ez gustatu ez arren, emakumeenak ere bai.

Emakumeok abortatzen jarraituko dugu hala erabakitzen badugu, eta lege berri honek ezkutuko abortuen areagotzea besterik ez du eragingo, eta honekin batera arrazoi ekonomikoengatik, beste estatu batzuetara abortatzera joateko aukerarik ez duten emakumeen heriotza tasaren igoera ekarriko du.

Alderdi Popularraren asmoak emakumeon autonomiaren eta gure gorputzen zein bizitzen gainean erabakitzeko eskubidearen aurkako eraso zuzena dira. Pairatzera behartu nahi gaituzten jazarpen hau itzelezko indarkeria patriarkalaren adibide garbia da. Gogor erantzun behar diogu esparru guztietatik, eta Euskal Herriko indar politiko, sozial eta sindikal guztien erantzukizuna da, gaur inoiz baino gehiago, abortu librea eta doakoa eskatzea, bestelako aldarrikapen asko egiten diren modu sutsuan. Edo akaso emakumeen eskubideek itxoin behar dute?

Irudia: @Transfeministas

Ez dugu sakrifiziorik onartzen

Asier Vega eta Amaia Agirresarobe – Alternatiba

Biblian jasotzen denez, Abrahamek bere seme Isaac sakrifikatzeko asmoa zuen, hari esan gabe Jaungoikoari eskaintzera zihoan sakrifizioa semea bera zela. Agindu jainkotiarra betetzeko prest zegoenean, aingerua agertu zitzaion, esanez: “Ez egin minik mutikoari, dagoeneko badakit Jainkoaren beldur zarela, ez baitiozu ezetzik izan zure seme bakarra niri emateari”. Tamalez, testu biblikoak asteotako egunkarietako azalekin antzekotasun gehiegi ditu.

Espainiako Erresumako Presidente Mariano Raxoik lepora zuzendutako labankada eman die herritarrei, murrizketa, BEZaren igoera eta kotizazio sozialen beherakada – langileen soldataren zati bat jaitsita- deitu arren. Erasoa justifikatzeko, Aznarren ondorengoak “sakrifizioa onartu eta zerbaiti uko egiteko” unea heldu dela ziurtatu zuen, bestela, “sakrifizioak alboratu eta guztiari uko egin” beharko litzaiokeelako. Banka ahalguztiduna odol eske ari da, eta ez du inongo aingerurik bidaliko Abrahamen eskua geldiarazteko. Herria da bere kateak eskatu beharko dituena, sakrifizioak orain onartzeak guztiari uko egitea ekarriko baitu.

Raxoik esan zuen Espainiari eman beharreko laguntzak inposatutako baldintzarik ez zuela izango. MoU deritzona (Ulermenerako memoranduma) ikusi ostean, PPko buruzagiak banan-banan jarraitu dituen eskakizun guztiak jasotzen direla egiazta daiteke; gezurretan ari ziren beraz, zigor bikoitzarekin gainera. Laguntza ez da Espainiarentzat, Alemaniako banku eta zordun diren banka pribatuko gainerakoentzat baizik. Gainera, ezarritako baldintza zorrotzek, gutxien dutenek are okerrago egon daitezela besterik ez dute eragingo, Espainiako Erresuma beste erreskate baten atarian jarrita zorra ordaintzerik ez duenean. Europako Banku Zentralaren, Europako Batzordearen eta Europako Banku Agintaritzaren eskutik etorriko da inposatutako baldintza guztiak zintzo betetzen diren ikuskatzea.

Greziaren finantzak kontrolatzen dituen troikak ez-bezala, zor pribatuaren zama arintzea proposatu berri duten NDFako ortodoxoak Europako Banku Agintaritzarekin ordezkatu dituzte, finantza sisteman egonkortasuna eta gardentasuna sustatzeko helburua omen duena baina Londresko City ilunean egoitza duena.

BEZaren igoera benetako labankada da, herritar guztiek modu berean ordaindu beharko dutelako haien gaitasun ekonomikoa edozein izanda ere. Nekazaritzan eta abeltzaintzan erabilitako lehengaiak, esaterako, %8tik %21era igoko dira. Montorok, tartean, errugabeek bekatariengatik ordaindu beharko dutela onartu du (BEZarekin iruzurrean ari direnak eta amnistia fiskala darabiltenak, edota Erresumako hiriburuko hamaikagarren saio olinpikoa babestearen truke kenkariak baliatuko dituztenak). Kotizazio sozialen beherapena ere dakar erasoak, pentsio sistema publikoari kalte egin eta langabezia saria seigarren hilabetetik aurrera murriztuta, existitzen ez den enpleguaren bilaketa sustatzeko aitzakiapean. Murrizketek 65.000 milioi euro aurreztea dute helburu, baina ahaztu egiten dute sozialki zein ingurumenari begira sostengaezinak diren obretan zein ejertzito, monarkia edo senatua bezalako eremuetan murriztea. Jaitsi egin dute, halaber, funtzionarioen soldata (parte bat bankari oparituta) eta aniztasuna zein kontrol politikoa ere kaltetuko dute, zinegotzien %30 murriztuta.

Pentsa zitekeen dagoeneko guztien kontra egin dutela baina, tamalez, seguru gaude murrizketak ez direla horretara mugatuko: pentsioak jaistea eta erretiro adinaren atzeratzea bizkortzea laster izango ditugu mahai gainean.

Maastrichteko Ituna, Lisboakoa eta ukiezina zirudien konstituzioaren erreforma defizit publikoari muga jartzeko. Guzti horiekin, urratsez urrats, Espainiako Erresumak politika ekonomikoa egiteko berezkoak zituen lanabesei uko egin die. MoU memorandumak Espainiako finantza sistemak bete beharreko 37 baldintza zehazten ditu; are gehiago, jaso gabeko edozein neurri hartzeko asmorik izango balu, gobernuak jagoleei ohartarazi beharko lieke. Burujabetza laga dutela erakusten dute Margallo ministroaren hitzek, “subiranotasun nazionalaz hitz egitea ergelkeria” zela esan zuenean, “partekatutako subiranotasunen munduan bizi garelako”.

Memorandumak, halaber, aurrezki kutxak bankuen gainean duten jabetza %50aren azpitik mugatzera behartzen ditu. Espainiak horretarako beharra ezarriko du legez, eta, hori gertatzen denean, euskal kutxek Kutxabank kontrolatzeari utziko diote eta gizarte ekintza galtzetik urrats txiki batera egongo gara. Horrela, agerian gelditu da Gipuzkoako erakunde sortzaileen pribatizazioa saihesteko asmoz negoziatutako mugak ez direla nahikoak izan, are mingarriagoa dena banka publikoa inoiz baino beharrezkoa denean.

Konponbidea, berriz ere, hartu izan diren neurrien kontrako norabidean doa. Zergatik bultzatu zituen Europak fusio berriak, aurretik zabaldutako kezka finantza erakundeen tamaina zenean eta, ziotenez, erortzen uzteko handiegiak zirenean? Banka pribatua erreskatatu aurretik aztertu beharko litzateke zergatik herritarren lepotik ordaindu behar den. Ackermannen banka alemaniarrak zor hori erosi zuenean, ez omen zekien ezinezkoa izango zela bueltatzea? Ikuskaritza egin beharra dugu, zorraren zein parte den zilegi erabakitzeko eta, horren arabera, zer ordaindu eta zer ez.

Etortzeke dauden politikek eta esku-hartzeek mozkinak eta finantza errenta jartzen duten beste ezeren gainetik. Austeritatea, eskubide murrizketak, pribatizazioak; guztiak dira gizarte desjabetze eta harraparitza politikak. Konponbidea errenta zein aberastasunaren eskutik etorriko da, eskubide sozialak indartzetik. Ez dugu sakrifiziorik  onartuko, ez jainkoaren ezta bankaren izenean ere ez.

Guztiona eta guztiontzat

Mireia Arginzoniz, Josu Aztiria, Karmele Aierbe eta Jokin Melida – EH Bilduko kideak

Diskurtso ofizialak eraginda, gizarteak ez du sinesten euskara desagertzeko arriskuan dagoenik. Gauza asko egin dugu denon artean eta hil-kanpaiak ez ditugu joko, baina errealitatea egoskorra da.

Behatokiaren urtez urteko txostenek erakusten dute euskaldunen hizkuntz eskubideek urratuta jarraitzen dutela Euskal Herri osoan, eta administrazio guztiek egunero urratzen dituztela; kale erabileraren neurketak eta inkesta soziolinguistikoak argi gorriak piztu dituzte. Agertutako datuek diote euskararen kale erabilera ez dela hazi azken hamabost urtean eta %13 eta %14 artean goia jo du. Hein horretan trabatuta dago, eta planto egin du. Soziolinguistikaren Klusterrak iradoki duen bezala, baldintzak aldatzen ez badira erabilerak ez du gora egingo, ez eta ez bada hiztun kopurua handitzen eta hiztunei euskara erabiltzeko aukera gehiago ez bazaie ematen.

Bestetik, euskaldunen kopuruak bost puntu egin du gora azken bi hamarkadetan Euskal Herrian, eta azken urteetan hazkunde hori apaldu egin da. Igoera hori batez ere gazteen artean gertatu da. Baina joera hori ez da islatu erabileran. Gazte elebidun gehiago egon arren, euskara gutxiago erabiltzen dute gaurko gazteek duela hogei urteko gazteek baino. Ez baitira euskaldun osoak; hobeto moldatzen dira erdaraz, eta euskaraz jarduteko zailtasunak dituzte; gune erdaldunetan bizi dira; euskararenganako atxikimendu apalagoa dute; eta pisu demografiko txikia dute, jaiotze tasak behera egin duenez.

Geldotze eta moteltze zantzuak sumatzen dira, beraz, euskararen normalizazioa galtze joeraren abiapuntu batean dago, eta ez badugu ezer egiten, galdu egingo dugu. Aurrera ez egitea atzera egitea da.

Bi estatu handien mehatxupean, euskarak mendeko estatus juridikoa du. Espainiako eta Frantziako Konstituzioek espainierari eta frantsesari balio hierarkizagarria ematen diete, estatuen baitan dauden gainerako hizkuntz komunitateak menderatu eta hizkuntza horietako herritarrak bigarren mailako bihurtzen dituzte. Asimetriak eta kanpo mugak nabarmenak dira: denok behartuta gaude erdara jakitera, baina ezin dugu inor behartu euskara jakitera. Euskal Autonomia Erkidegoaren Estatutuak eta Nafarroako Foru Hobekuntzak Espainiako Konstituzioak ezarritako erdaldunen elebakartasuna toleratzen dute eta euskaldunena eragozten.

Gaur egun euskara ez da ofiziala Euskal Herriko bere lurralde osoan. Eta euskararen estatusa, bi estatutan zatitua, bost eraentza juridikok arautzen dute. Ondorioz, euskal hiztunak eskubide desberdinak ditu bizi den edo dagoen tokiaren arabera; eta ofiziala ez den eremuetan euskaldunak ez du hizkuntz eskubiderik.

Bidegurutzean gaude: euskararen egungo politika eta egitura juridiko hauskorrean jarraitzea ala euskararen politika aldatzea eta beste marko normalizagarri bat eraikitzea. EH Bilduk euskararen politika zaurgarri honetatik ahal den azkarren irtetea eta euskararen beste marko normalizagarri bat eraiki nahi du.

Orain arteko hizkuntz politikek ez dute balio izan euskaldun eleaniztunez osatutako Euskal Herri euskalduna berreskuratu eta berrezartzeko. Kasurik onenean ere, intentsitate gutxiko politikak izan dira. Euskararen garapenak behar dituen minimoen azpitik. Eta, oro har, euskararen egoera minorizatuak ito egiten ditu ahalegin normalizagarri horiek, oztopoak bultzadak baino handiagoak direlako.

Horrenbestez, EH Bilduren ustez, hogeita hamar urteko mendeko politika partzialaren ondoren, euskararen garapen osoa azkartu eta lortzeko, beste hizkuntz politika bat, lehentasunezkoa eta burujabea, garatu eta gauzatu behar dugu. Euskarari estatus egokia ematea ezinbestekoa da, berezkoa, normalizatu beharrekoa, ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa izan dadin. Hizkuntz politika berriaren oinarriak honako hauek izan behar dute:

1.- Burujabea, kanpo esku-hartzerik gabekoa. Gaur egun dauden oztopoak eta debekuak gainditzeko eta politika eragingarria abian jartzeko.

2.- Estatus juridiko egokia duena. Euskara da Euskal Herriko berezko hizkuntza eta normalizatu beharrekoa, hizkuntza ofiziala, lehentasunezkoa eta jakin beharrekoa.

3.- Euskara erdigunean jarri eta baliabide nahikoak dituena: Euskararen normalizazioaren zentralitatea aldarrikatu eta praktikara eraman behar dugu. Euskara ardatz bai diskurtso eta praxi politikoan, eta baita administrazio publikoaren egituretan ere. Era berean, zentralitateak esan nahi du baliabide pertsonalak eta baliabide ekonomiko nahikoak bideratu behar direla euskararen normalizaziorako, pauso kuantitatibo eta kualitatibo nabarmena emanez.

4.- Zeharkakoa egin. Euskararen normalizazioa gizabanako eta eragile guztien bultzadatik eta auzolanaren eskutik etorriko da. Eragile guztien erantzukizun aktiborik ez bada, ez da normalizaziorik lortuko. Era berean, hizkuntz politika bateratua egiteko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroa Garaiarekin eta Iparraldearekin koordinatzeko; tokian tokiko errealitate bakoitzaren abiaburua, baldintzak eta erritmoak kontuan hartu behar dira.

Euskaraz bizitzea ahalbidetuko duten baldintza politikoak, juridikoak, sozialak, ekonomikoak eta kulturalak lortu behar ditugu. Euskararen erabilera irabazpidean jartzeko, beste hizkuntz politika bat egiteko, euskararen normalizazioan jauzi kualitatiboa emateko, euskara unibertsalizatzeko. Euskara denona eta denontzat izateko.

Iberdrola edo erruduna nola saritu

Bilboko Udalak, Azkuna alkatearen ekimenez, Bilbotar Ospetsu titulua eman zion iaz Iberdrola enpresari. Araudiaren arabera, hiriaren zein hiritarren irudi zein mesederako eginiko lan goraipagarria egin duten pertsona edo erakundeak bereizten ditu Udalak aipatu tituluarekin. Izendapena, azken batean, jokabide zibiko eta eredugarriaren aitortza da.

Esan daiteke nahiko modu arraroan ulertzen duela jokabide zibiko eredugarria gobernu taldeak: herritarrak energia nuklearraren arriskupean jartzea; bizkaitarron onurarako politika sozialak garatzea galarazten dituzten zerga kenkariak baliatzea; azpikontratatutako enpresetako langileen eskubideak urratzea eta, azken finean, Iberdrola ezartzen den leku orotan inpaktu sozial eta ekologiko lazgarria izatea, Latinoamerikan batez ere. Hau al da jokabide eredugarria haientzat?

Fukushiman gertatutakoa gertatua ere, Iberdrolak Garoñaren bizitza luzatzearen aldeko jarrera dauka. Herritar guztiak mehatxatzearen parekoa da hori, 40 urtetik gora duen zentral nuklearraz ari garenean. Argi dago mozkina dutela lehentasun, eta oso bigarren mailan, gu guztion segurtasuna.

Iberdrolak, halaber, Madrilgo Gobernu desberdinen lan erreformak baliatu izan ditu bere langileak zapaltzeko, azpikontraten bidez multinazionalarentzat lan egiten dutenak batez ere. KONEKTA da adibiderik argigarri eta, era berean, mingarriena. Izan ere, Iberdrolaren bezeroekiko arreta zerbitzua kudeatzen dutenetik 50 langile kaleratu dituzte. Jokabide benetan eredugarria bai.

Azkenik, multinazional guztiek bezala, irabaziak beste ezerren gainetik lehenesteko estrategiaren baitan, Iberdrolak ez du inolako eragozpenik beste herrialde batzuetako baliabideak ustiatzeko, bere diskurtso berdea zeharo ahaztuta eta bereziki Latinoamerikan aztarna beltza utzita: giza eskubideen alde nazioartean jasotzen diren eskubide sozial, politiko eta ekologikoak ezabatuta. Hala, eta herrialde jakin batzuek enpresa transnazionalekiko dituzten legedi eskuzabalak baliatuta, erabat ohikoak dituzte kaleratzeak, sindikatutako langileekiko mehatxuak, prezioen zein ordainketen gaineko iruzurra, lur desjabetze zein jende kanporatzeak haien proiektu energetikoen ondorioz, eta abarrekoak.

Saritzeko moduko portaerak al dira aipatutakoak? Eredugarria al da Latinoamerikan pertsona askoren bizitzaren lepotik ahal bezain beste mozkin lortzen jarraitzea? Gure segurtasuna kolokan jar dezaketen azpiegituren aldeko apustuari eustea da bilbotarrok eskertu behar duguna? Langabezia, pobrezia eta bazterkeria nagusi direnean urtero 9 milioi eurotik gorako saria duen Sanchez Galan presidentea goraipatzea?

Iberdrolaren ohiko jardueren zati bat besterik ez dugu birpasatu baina, non da zibismoa guzti honetan? Elkartasun, etika zein justizia gabezia baino ez dugu ikusten. Onartezina deritzogu halako jokabideak saritzeari. Guztiz lotsagarria da pertsonen aurkako hainbeste zapalkuntzen errudunei saria ematea eta, horregatik, Bilbotar Ospetsu titulua ken diezaiotela aldarrikatuko dugu behin eta berriro, gero eta ozenago.

Ana Etxarte – Alternatiba Bilbo

http://alternatiba.net/old-files/iberdrola.jpg

Emakumeak, etengabeko krisian

Ana Etxarte eta Carmen García – Alternatibako Mahai Feminista

Krisialdi ekonomikoaz edota finantza sistemaren eztandaz hitz egiteko ohitura hedatua dago, benetan bizi duguna zibilizazio krisia denean. Indarrean dagoen sistemaren oinarriei – sozial, ekologiko, klimatiko, elikadura, genero zein ekonomikoei- kalte egiten dieten krisia da beraz. Gainera ez zen 2007an jaio, urte hartan eztanda egin zuen baizik, askoz lehenago sortu bazen ere. Hala, zuhaitza, ematen duenaren itzalarekin nahastu egiten dugu. Finantzen aferek krisi anitz estaltzen dituzte, munduko biztanleen erdiak bizi duen etengabeko krisia bereziki, emakumeena.

Onartezina da krisiaren gaineko diagnosiek emakumeek pairatzen duten prekarietatea, zapalkuntza eta menpekotasunaren aurrean ageri duten itsukeria, eta nola diagnosi hauen arabera hartzen diren neurriek ez duten emakumeen gaineko eragina aztertzen ezta lehenesten. Guzti horren emaitza da gure krisia ez dela KRISIA, eta horren ondorioz menpekotasun logikak esponentzialki areagotzen dira.

Bereziki adierazgarria da ugalketa eta zaintza lanekiko mespretxua eta ikusezin bihurtzeko joera, ia bere osotasunean emakumeek garatutako lanak. Ez dezagun gure burua engainatu, ekonomia ospetsua – erreala zein finantzaria- izebergaren punta da, ugalketa lanean oinarritzen dena eta desagertzekotan sistema osoa ondoraraziko lukeena. Argi eta garbi esan behar dugu, emakumeok bizitza eta planeta daramagu gure sorbalden gainean, merkatua eta ekonomia ofiziala existitzen badira ugalketa lanari esker besterik ez da; noski, lan ordaindu gabea edo prekarioa.

Baina horrela izan arren, lan honi balioa eman beharrean, baztertu egiten da krisi errealaren parte izango ez bailitzan. Hala, logika honetan sakontzen duten erabakiak hartzen ari dira. Salatu behar dugu krisiaren aitzakiarekin eta eskubide murrizketen bitartez, etxean giltzapetu nahi gaituztela berriz, norberaren etxebizitzan zein hurkoarenean, baina gero eta baldintza prekarioagoetan.

Honen froga argiak dira Menpekotasun Legean ezarritako murrizketak, bere sorreratik guztiz eskasa zen legea, eta inondik inora zaintza zein ardura partekatuaren aitortza soziala konpondu ez zuena – kasu askotan, emakumeak etxeko lanetan iraunarazi zituen eta ezkutuko enplegua sustatu, eskubiderik gabeko lanetarako emakume etorkinak kontratatuz-. Baina, gutxienez, argitara eman zuen lan hauen errealitatea eta garrantzia, esan dugunez, emakumeek eginikoak.

Baina legea hobetu beharrean eta emakumeek historian pairatu duten zapalkuntzaren eta menpekotasunaren aitortzan aurrera egin beharrean, eskumak krisiaren aitzakiapean proposatzen duen gauza bakarra eginiko urrats tipiak kolpe batez deuseztatzea da. Hala iragarri zigun PPk duela hilabete batzuk: “Menpekotasun Legea ez da bideragarria eta ahal dena egingo da”. Eta ahal dena, dirudienez, murrizketak dira, eskubideak murriztu eta lan baldintzak okertzean datza, gero eta kontserbadoreagoa eta emakumeekin zapaltzaileagoa den sistema patriarkala indartuz.

Modu honetan adierazi digu Raxoiren gobernuak; lehenengo eta behin, autonomia erkidegoek askatasuna dutela aurretik jasotzen zen laguntza ekonomikoa, gutxienez, %15 murrizteko, batez bestez ematen zen 400 euroko kopurua gehiegikeria bailitzan. Bigarrenik, pertsona zaintzaileak, emakumeak batik bat, ez diote Segurantza Sozialari kotizatuko, berriro ere bigarren mailako lana bihurtuta; hirugarrenik, emakume zaintzaileak menpekotasuna duten pertsonekin bizi beharko dute laguntzak jaso ahal izateko, emakumea etxean beste inon baino hobeto dago. Eta laugarrenik, azken lotsagabekeria, laguntza eskaerak izapidetzeko gehienezko tartea sei hilabetetik bi urtera luzatzea onartu dute. Bai, bi urte. Adar jotzea dirudi baina, tamalez, benetako neurria da. Bankuentzat guztia, ekonomikoa produktiboarentzat gutxi eta zaintza lanentzat ezertxo ere ez. Emakumeentzat, aldiz, logika patriarkal higuingarrienak.

Gobernuak lotsagabekeriaz dio mota honetako neurriek lanpostuak sortuko dituztela, familiek, emakumeek hobe esanda, zerbitzu hauek kontratatuko dituztelakoan. Lumpen enplegua noski.

Ez al dira erakunde publikoak menpekotasun kasuetan eskubideak bermatu behar dituztenak? Errudunentzat erreskate eskuzabalak dauden bitartean, pertsona errugabeon eskubideak urratzen direla argi eta garbi erakusten dute. Ardura publikoak pribatizatzen dituzte, eta emakumeok gaur egun daramagun zama are astunagoa egiten dute.

Nahikoa da. Horregatik mobilizaziorako deia egiten dugu, sindikatuek, alderdi politikoek eta eragile sozialek aurre egin behar dietelako murrizketei. Lotsagarria da ikustea nola kapitalismoaren eta patriarkatuaren betiereko aliantza areagotzen den, emakumeak etengabeko krisialdira zigortuz, bazterkeria eta indarkeria gure gorputzen, erabakien, beharren, nahien eta, oro har, gure bizitzen gaineko kontrolari eusteko.

Gure bizitzak beste ezerren gainetik, murrizketarik ez menpekotasunean, kapitalismoari eta patriarkatuari ez.

X